☉ Galdakao
Programa / Uztailaren 13tik 15era ospatuko dira Bengoetxeko jaiak
Besteak beste, tailerrak, erromeriak eta mozorro eta paella txapelketak antolatu ditu auzo elkarteak, baita Miss eta Mister Bengoetxe aukeratzekoa ere.

Uztailaren 13an hasiko dira Bengoetxeko jaiak eta igandera arte luzatuko dira. Besteak beste, tailerrak, bingo herrikoia, erromeriak, mozorro lehiaketa eta paella txapelketa antolatu ditu auzo elkarteak. Era berean, aurreko urteetan bezala aurten ere Miss eta Mister Bengoetxe aukeratuko dituzte.
Bengoetxeko jaiak 2018 – Egitaraua
Uztailak 13, ostirala
19:00 Pregoia eta txupinazoa
19:30 Sardina-jan herrikoia
20:00 Zumba erakustaldia
21:30 Erromeria: Jokaldi
23:30 Bingo herrikoia
00:30 Berbena: Jokaldi
Uztailak 14, larunbata
12:30 Txanpi-potea txosnan
13:00 Kontzertua: Galdakaoko Da Capo Musika Banda
16:30 Mus eta Briska txapelketak
17:30 Umeentzako tailerrak
18:30 Batukada: Samba and Roll
19:30 Nagusientzako ileapaindegi tailerrak
20:00 Rally Poteoa
22:00 Erromeria: Jokaldi
23:30 Bingo herrikoia
00:30 Berbena: Jokaldi
00:30 Miss eta Mister Bengoetxe 2018
Uztailak 15, igandea
10:30 Paella txapelketa
11:00 Meza nagusia
11:30 Umeentzako IX. Igoera Bengoetxeko urtegira
12:30 Apar festa
14:30 Herri bazkaria eta paella txapelketaren sari banaketa
17:30 Mozorro lehiaketa
18:30 Herri Kirolak
20:30 Jaien amaiera
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk ez du 2026ko aurrekontua negoziatuko, “2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”
Aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute alderdi sozialistako ordezkariek

Galdakaoko Udalak oraindik ez du 2026ko aurrekontua onartu, baina PSEk dagoeneko aurreratu du ez duela negoziaziorik egingo gobernu taldearekin.
Arrazoia, honakoa: “Udal Talde Sozialistaren aldetik ezinbestekotzat jotzen dugu, 2026ko aurrekontuari buruzko edozein elkarrizketa eduki baino lehen, gobernu taldeak 2025eko aurrekontuan sartzea onartu zituen gure taldearen proposamenen egoeraren buruzko informazioa ematea”, diote talde sozialistatik.
“Ez zaigu oso serioa iruditzen 2026ko aurrekonturako proposamen berriei buruzko eztabaida hasteko planteamendua bultzatzea, 2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”, diote.
Eta adibideak eman dituzte: “Galdabusari buruzko edo negoziazioa azterlana, Ibaizabalen inguruko jarduketak, Maximo Moreno parkea eraberritu eta egokitzea edo Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua”.
“Beraz, jakinarazi nahi dugu ez dugula aurrekontu-negoziaziorik egingo Gobernuarekin, aurrez aipatutako gaiak konpontzen ez diren bitartean”, diote.
Negoziazioa ez, emendakinak bai
Alderdi sozialistako zinegotziek aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute.
“Bidezkotzat jotzen ditugun enmendakinak ohiko bideetatik erregistratuko ditugu, udalerriaren onerako zuzenketa horiek herritarrei ekar diezazkiekeen onuren arabera baloratuko direlakoan, eta ez jarrera errebantxisten, interes alderdikoien edo kontakizun politikoaren beharren arabera”, diote.
☉ Galdakao
Eskailera margoketa egingo dute gaur Galdakaon, Euskal Selekzioren eta Palestinaren arteko partidaren atarian
Ekintza Zizpa Gazte Konpartsak antolatu du: irekia da eta Iturrondo plazan izango da

Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida jokatuko da bihar, azaroak 15, San Mamesen.
Eta, partida horren atarian, Galdakaon, elkartasun ekitalkia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak gaur, azaroak 14, ostiralez.
Eskailera margoketa irekia antolatu dute Iturrondo plazan 17:00etatik aurrera.
“Herrialde askeen aldeko elkartasun keinua egin nahi dugu. Bi herri, borroka bakarra”, diote.
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.
☉ Galdakao
Galdakaoko Bengoetxe auzoan etxebizitzak egitea adostu dute aho batez: % 40a babes publikokoak izango dira
Eremu komertzial izatetik bizitegi izatera igaroko da, eta etxebizitzen %40a babes publikokoak izango dira

Galdakaoko udalbatzarrak ostiral goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran puntu bakar bat eztabaidatu eta onartu zuen: Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena egitea.
Eremu hori, orain arte komertzial gisa izendatua egon den arren, bizitegi eremu bihurtuko da aurrerantzean. Horrela, Galdakaoko Udalak Durruti XXI, Saema, Zeletxe 2005 eta Zuatzaurre enpresekin hitzarmena sinatuko du, etxebizitza libreak eta babes publikokoak eraikitzeko. Egingo diren etxebizitzen % 40a etxebizitza babestuak izango dira.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “helburua da UEBE-2 egikaritze unitateko eremu komertziala bizitegi eremu lez kalifikatzea, herritarren etxebizitza beharrizanei erantzuteko eta bizigune berriak sortzeko”. Egiraunek nabarmendu du, gainera, metroaren etorrerak bultzada eman diola egitasmoari, mugikortasun eta irisgarritasun behar berriak sortuko direlako.
Udalak adierazi du proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuta dagoela, urbanizazioaren eta eraldaketa urbanistikoaren kostu guztiak enpresek bere gain hartuko dituztelako. Horrez gain, lanen garapenarekin batera sortuko diren plusbaliak direla eta, 2,8 milioi euro inguru jasoko ditu Udalak, eta diru hori beste proiektu publiko batzuetan inbertituko du.
Egiraunek gogorarazi du neurriak udal gobernuak bultzatzen duen etxebizitza politikarekin bat egiten duela: “Gure helburua da Galdakaon babes publikoko etxebizitza gehiago sortzea eta gazteei zein familiei bizitzeko aukera errealak eskaintzea”.
Osoko bilkuran ez da kontrako iritzirik jaso, eta talde guztiek adostasuna adierazi dute. Koldo Goioagak, EAJko zinegotziak, egitasmoaren garrantzia nabarmendu du, eta etxebizitza politiketan denok “bultza” egiteko beharra azpimarratu du.







