☉ Basauri
190.000 euro eman ditu dohaintzan Javi Conderen Maratoi Solidarioak
29. Maratoia Rio de Janeiron burutu ostean, 2032. urtera arteko etenaldia egingo du Maratoi Solidarioen erronkak. Aurten abenduan erronka berezia egingo du.

29. Maratoia Rio de Janeiron burutu ostean, 2032. urtera arteko etenaldia egingo du Maratoi Solidarioen erronkak
Javi Conde basauriarra munduko lehen atleta bilakatu da Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak hartu dituzten 29 hirietan maratoia egin eta amaitu ostean. Azkenengoa ekainaren 18an burutu zuen Rio de Janiron. Erronak solidario honi hasiera eman zioten 2010ean: “Zazpi urte luzez aritu naiz proiektuan eta egindako lanari esker 192.000 eurotik gora helarazi dizkiegu irabazi asmorik gabeko 120 erakunderi“, dio Javi Conde atletak.
Basauriko Udalak urtero dohaintzak egin dizkio proiektuari. Besteak beste, Berritxuak Elkartea, Caritas Basauri eta Iñaki Larrea San Migeleko misioilari xabiertarra lagundu dituzte. Larrea Kolonbian dago, Buenaventura barrutian, diskriminazioa pairatzen duten emakume afrokubatarrentzako programa soziokulturala abiarazten San Miguel de Basauri-Josefina Bakhita Zentroan (2011n sortua, Udalak eta herritarren dohaintzan emandakoari esker). Rioko maratoian bildutako 1.000 euroak Janabide irabazi asmorik gabeko elkarte basauriarrari helaraziko dizkiote.
30. Maratoia 2032an egitea aurreikusi du Condek. “Izan ere, datozen Joko Olinpiko eta Paralimpikoak (2020an Tokion, 2024an eta 2028an Paris edo Los Angeles, oraindik erabakitzeke) izango diren hirietan dagoeneko erronka egin dugu eta 2032ra arte itxarotea erabaki dugu“, dio Condek: “Baliteke 2032an taka-takan egitea erronka“, dio barreka.
ERRONKA BEREZIA ABENDUAN
Beste alde batetik, Bizkaia Zubian, Athletic Cluben gabarran, Deustuko sifoian eta Pozalaguako koban maratoiak egin ditu Javi Condek, Jon Salvador atleta erandioztarrarekin batera. Aurten abenduko azken astean erronka berezia egingo dutela iragarri du: “Oraindik ezin dut gehiagorik aurreratu, baina apartekoa izango da erronka. Dagoeneko desafiorako entrenatzen ari naiz eta gogorra izango delakoan gaude“, dio Condek.
☉ Basauri
Argazkiak | Euriak ez du zapuztu Korrika Jaia gaur San Migelen
Korrikaren aldeko jaia ari dira ospatzen San Migelen. Eta, euria ari duen arren, giro bikaina dago: pankarta pintaketa, San Migel Kantari, kuestazio mahaia eta Korrika materiala erosteko mahaia eta bazkaria antolatu dituzte goizean frontoiaren inguruetan.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, umeen pilota partidak eta Bertso Pilota Jaialdia izango dira pilotalekuan, eta 20:00etan gurdi-poteoa dago aurreikusita Elexalde tabernatik.
Hauek Mikel Iturbek bidalitako argazkiak:
















☉ Basauri
Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.
Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.
Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo, Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.
☉ Basauri
Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin
Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.
Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.
Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.
Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.
Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.
Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen
Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.
Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.
Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.
“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.
Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.
☉ Basauri
Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.
Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.
Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz.










