Sareak

Elkarrizketak

Nagore Ugarriza Kortazar: «Amesten hasita, ederra litzateke Da Caporen eta Galdakaoren izena Europan zehar eramatea»

Ospakizun betean harrapatu ditugu Da Capo talde galdakaoztarreko kideak. Euren hamargarren urteurrena ospatzen ari dira, eta gabonen atarian kontzertu ezin bereziagoa eskainiko dute Torrezabal Kultur Etxean, hainbat gonbidaturekin batera

|

Da Capo Musika Bandako hainbat kide // Utzitakoa

Aurten, Da Capo taldea bere hamargarren urteurrena ospatzen ari da. Hamarkada bat igaro da Galdakaoko Udal Banda desagertu zenetik, eta proiektu horren errautsetatik bertako hainbat kidek bide berri bat abiatzea erabaki zuten, musikarekiko grinak bultzatuta, eta Galdakaorekiko zeukaten lotura sendoari jarraipena emateko asmoz.

Nagore Ugarriza Kortazar (Galdakao, 1996) kide horietako bat da, eta Da Capo elkarteko egungo presidenteak elkarrizketan bertan azaltzen duen bezala, taldearen izenak lotura dauka hasierako une horiekin, eta orduko hartan aurre egin behar izan zieten zailtasunekin eta komeriekin: talde berriaren osaketa, gainditu beharreko burokrazia, entseguak egiteko lokal baten beharra…

Gaur egun 42 musikarik osatzen dute taldea, eta Gabonen atarian Torrezabal Kultur Etxean egingo duten kontzertu bereziaren atarian taldearen iraganaz, orainaz eta etorkizuneko erronkez aritu gara bere izenean baino, talde osoaren ordezkari gisa erantzuten du Nagorek, Itxaso Arana taldekidearekin batera.

Hasieratik hastea onena… Nondik dator Da Capo izena? Badu esanahi berezirik zuentzat? Da Capok, musikan, “hasieratik” edo “berriro hasi” esan nahi du, beraz izen ezin aproposagoa da, orain dela hamar urte gertatu zitzaiguna kontutan hartzen badugu. 2015. urtean, urtarrileko larunbat goiz batean, udaleko teknikari batek berri txar baten truke bi eman zizkigun: gure orduko zuzendaria, Juan Carlos Irizar, ez zen bueltatuko, eta Galdakaoko Udal Banda desagertu behar zela. Harri eta zur utzi gintuen albisteak, eta eman ziguten aukera bakarra elkarte moduan izena ematea eta gure kabuz hastea izan zen.

Argazkia: Da Capo

Berriro hastea erabaki zenuten, beraz… Hori da, abentura hau martxan jarri genuen. Zaila izen aproposagorik aurkitzea taldearentzat, ez?

Nolakoak izan ziren hasierako aste edo hilabete horiek? Ez zen bide erraza izango. Inondik inora. Oztopoak aurkitu genituen bata bestearen atzetik, eta etsigarria izan zen hainbat momentutan. Burokrazia handia egin beharra zegoen udalarekin, eta horretan eman genuen denbora nahikotxo. Dena zen berria guretzat, eta zailtasunak zailtasun, eta oso gogotsu heldu genion erronkari.

Arlo musikalari dagokionez, Juan Carlos Irizarrekin egon ginen gehienok jarraitzea erabaki genuen, baina hala ere musikari berri asko deitu genituen, eta zorionez, etorri ziren. Zentzu horretan, artisten erantzuna oso ona izan da hasiera-hasieratik, eta horrek asko erraztu zizkigun bidea hasieran.

Egun, zenbat musikarik osatzen dute Da Capo? Hain talde handia izanda, anitza izango da zuen taldea adin eta ibilbideari dagokionez, ezta? Gaur egun 42 musikari gaude, eta oso talde heterogeneoa garela esan dezakegu. Adin guztietako partaideak ditugu eta oso aberasgarria da guztion artean lan egitea.

Izan ere, nahiz eta pertsona eta adin-tarte oso ezberdinak izan, pasio bera partekatzen dugu: musika egitea, alegia. Horrekin batera, irteerak, elkartrukeak, kontzertu bereziak.. egin ostean, taldea batuago ikusten dugu, eta oso pozgarria da guretzako benetako talde bat, eta azken finean, familia bat, sortzea.

Familia horrek hamar urte bete ditu aurten. Data borobila eta azpimarratzeko modukoa, zalantzarik gabe. Data honek hainbat sentimendu piztu ditu taldeko kideen artean, gehienbat hasieratik gaudenongan, baina hitz bakarrarekin definitu beharko banu hitz hori hunkigarria litzateke. Azken hamar urte hauetan hainbat musikari, lagun, historia eta bizipen partekatu izan ditugu, eta horiek guztiek Da Caporen parte garrantzitsua, ezinbestekoa, izan dira. Taldea sortu genuen egunetik gaur arte asko ikasi dugu eta asko borrokatu dugu amets honen alde, gaur egun garena izateko.

Argazkia: Da Capo

Hainbat ekitaldi berezi egin dituzue urte honetan zehar, baina abenduan Torrezabal Kultur Etxean egingo duzuen kontzertua berezienetako bat izango da, ezta? Zalantzarik gabe! Hainbat sorpresa izango ditugu, baina horren gainetik emanaldi honen helburu nagusia zera da, Da Caporen parte izan dire partaide guztiak gogoratu eta horiei gorazarre egitea. Azken hamar urte hauetan hainbat musikari, zuzendari eta gonbidatu berezi izan ditugu, eta hauei guztiei aitortza egin nahi diegu egun horretan. Saiatuko gara nola edo hala guztiak ordezkatzen eta hori gure publikoari helarazten. Beste sorpresatxo batzuk ere izango ditugu, noski, baina hobe Torrezabalera hurbiltzen bazarete eta bertatik bertara ikusten baduzue, mereziko du eta!

Emanaldi horretarako prestaketa nolakoa ari da izaten; entseguak, gonbidatuak, antolakuntza? Erantzukizun berezia da etxean egitea? Emanaldi honetarako hainbat gonbidatu berezi izango ditugu, eta aurretiko prestaketa nahitaezkoa da emanaldi ondo ateratzeko. Gure denboraldiko azken kontzertua hain berezia izateak prestakuntza handia dakar, eta detaile guztiak ondo lotuta utzi nahi ditugu publikoak ahalik eta gehien goza dezan. Erantzukizuna handia da, kontzertu ahaztezin bat egin nahi baitugu eta guztion elkarlana beharrezkoa dugu.

Etxean egoteaz ari garela… Zer nolako lotura daukazue gaur egun Galdakaorekin? Zer ematen dizue bertako publikoak? Galdakaorekin gaur egun dugun lotura oso estua da, eta esan beharra dugu, oso babestuak sentitzen garela bertako jarraitzaileekin. Azken urte hauetan gero eta publiko fidelagoa izatea lortu dugu, eta kontzertuetako sarrera ia guztiak saltzen ari gara. Publikorik gabe Da Capo ezingo litzateke gaur egun dena izan, gure jarraitzaileak baitira gure erregaia eta sostengu nagusia.

Eta herriko musikariekin, badaukazue harremanik? Herriko musikari ugari ditugu Da Capon, eta herriko gazte berri batzuk ere etorri dira gurekin; beraz, oraina eta geroa bermatuta dago Galdakaon!

Behin baino gehiagotan aipatu izan duzue publiko gaztea erakarri nahi duzuela. Lortu duzue? Nabaritu duzue aldaketarik zentzu horretan? Egia esan, ez da batere erraza, baina ari gara lanean: Alde batetik, urtean behin (gutxienez) haur eta nerabeentzat propio prestatutako kontzertu bat antolatzen dugu, kontzertu bat antolatzen dugu, eta oso erantzun ona izaten du.

Gazteen kasuan erronka zaila da, baina kontzertu batzuk interesgarriagoak izan daitezke haientzat (rocka, euskal musika edo artista berezi batzuk) eta gure ustez, apurka apurka bada ere, gehiago hurbiltzen ari dira. Hala ere, ez dira momentuz gure publikorik fidelena kar, kar, kar.

Argazkia: Da Capo

Hainbat proiektu ezberdin landu dituzue hamarkada honetan: diskak, kolaborazioak, emanaldiak.. zeintzuk izan dira berezienak eta zergatik? Asko dira egia esan, eta zaila da aukeratzea…baina batzuk aipatzekotan, lehenik eta behin diska aipatuko nuke: diskoa ekoiztea eta gabatzea ametsa izan zen! Prozesu guztia barrutik bizitzea, abestiak sortzea, moldatzea.. eta bukaeran gure musika spotify bezalako plataformetan ikustea… kristona izan zen! Hortaz aparte, egin ditugun kolaborazio eta elkartrukeak ere nabarmenduko nituzke: Mieres, Valentzia edo Eivissa bezalako tokietara eraman gaitu gure musikak, eta harro gaude horretaz. Bandarekin parte aritu diren artista guztiekin kontzertu horiek partekatzeak eta eskaintzeak xarma berezia du.

Kontzertuetan gonbidatuak izaten dituzue. Nor gustatuko litzaizueke igotzea oholtza gainera zuekin, eta zergatik? Zein galdera konplexua! Oso zaila da artista bakar bat aipatzea. Gonbidatzeko pertsona asko ditugu buruan, baina Galdakaon ditugun artista guztiekin ikuskizunak antolatzea helburu bat izan daiteke. Herri honetan luxuzko lehengai daukagu eta!

Musikari dagokionez, hainbat estilo jorratu izan dituzue orain arte: tradizionala, gospela, sinfonikoa, berritzailea.. non ikusten duzu zuen burua etorkizunean? Ez dugu etiketa edo genero batera mugatu nahi. Gure helburua ahalik eta askatasun handienarekin lan egirea da, musika estilo desberdinetan mugitzea, probatzea, ezagutzea… formula bera behin eta berriz errepikatuz gero aspergarria bilakatuko litzateke, bai guretzat eta baita entzuleentzat ere.

Oso kontzertu desberdinak eskaintzen ditugu urtean zehar, momentu edo lekuaren arabera, eta gauza berriak eta zailak egitea erronka polita izaten da guretzat.

Egun badirudi ez dutela nahikoa musikariek musika egitearekin. Teknologia, sare sozialak… kontutan hartu beharreko aldagaiak dira. Zuen kasuan, txertatu dituzue zuen egunoroko jardunean, garrantzitsuak dira zuentzat? Teknologia gure egunerokotasunean sartzen ari gara pixkanaka. Orokorrean sare sozialen bitartez egiten ditugu kontzertuen iragarpenak, hala nola, Facebook eta Instagram bitartez.

Etorkizuneko erronka nagusia web orrialdearen garapena izango litzateke, bertan gure urteko kontzertuez gain, argazki, bideo eta bestelako baliabide digitalak igo ahal izateko. Pausoz pauso ari gara, gauzak patxadaz eta tentuz eginez.

Azken galdera. Hamar urte bete dituzue oraintsu. Hurrengo hamar urteetan pentsatzen jarriko bagina, zein amets edo erronka irudikatzen dituzue Da Caporentzat? Hain ikuskizun bereziak antolatu ditugu jada… zaila izango da zeozer bereziagoa egitea, saiatuko garen arren! Baina ametsetan hastekotan, ederra litzateke Euskal Herriko eta Espainiako mugak zeharkatzea eta gure herriaren izena Europara edo haratago eramatea, Da Caporen musikaren bitartez.
Gustatuko litzaiguke, baita, banda lehiaketaren batean parte hartzea, gure maila neurtzeko eta esperientzia hori bizi ahal izateko. Dena den, gure helburu nagusia, orain arte bezala, hain eroso eta maitatua sentitzen garen gure herria harritzen jarraitzea izango da, horretarako ikuskizun profesional, irudimentsu eta hunkigarriak plazaratuz.

☉ Ugao

Bideoa | Naiara Barcenas Perez: «Trena nahitaezkoa da C3 lineatik igarotzen den Ugao bezalako herri batentzat»

|

Renfeko C3 lineako gaur egungo segurtasun neurriak ez dira nahikoak, herritar batzuen arabera. Naiara Barcenas Perezek (Ugao, 1983) esperientzia traumatikoa bizi zuen 2024an. Urduñako jaietatik bueltan, C3 lineako tren batera igo zen bikotekidearekin eta umeekin batera, Ugaora itzultzeko.

Trenetik jaistean, ikusgarritasun faltagatik, ateak itxi egin ziren eta Naiara eta bere haurra harrapatu zituen hainbat alditan. Bere esperientzia ezagutu dugu eta Hego Uribe eskualdea zeharkatzen duen garraiobide nagusiaz mintzatu gara beragaz.

Nolako garrantzia dauka trenak Ugao bezalako herri batentzat? Trena nahitaezkoa da Ugao bezalako herri batentzat. Azken batean, C3 linea igarotzen den herrietan ez dago bestelako aukerarik hiriarekin konektatuta egoteko.

Nolakoak dira herritarrek C3 lineako trenetan dituzten arazoak? Arazo ugari eta ezberdinak izaten ari gara: alde batetik frekuentziaren arazoa dago. Tren piloa galdu ditugu azken boladan eta ordutegi puntetako trenen artean 30 minutuko denbora tarteak dituzte. Maiztasun oso eskasa da mugitzen dituzten jende kopurua ikusita. Herri jakin batzuetan alternatiba ia bakarra da trena.

Urduña noranzkoa duen tren bat, Arrigorriagan // Geuria

Beste alde batetik harrapaketen kontua dago. C3 linean harrapaketa ugari gertatzen dira ateak itxi egiten diren momentuan: trenak beteta datozenean gertatu ohi den arazoa da. Gainera, batzuetan tren geltokiak kurbetan kokatuta daude, Ugaon esaterako. Makinistek ez dituzte ondo ikusten atzeko bagoiak. Ni neu horren lekuko izan naiz: nik neuk horrelako harrapaketa bat jasan nuen behin. Eta arazo horiek ez dira segurtasunaren esparruan gertatzen; baita irisgarritasunarenean ere: Ugao bezalako geltokiak kurba batean eraikita egotean, trena eta nasaren arteko tartea handitu egiten da. Egia da azken hilabeteetan obrak egin dituztela eta egoerak hobera egin duela: nasak igo egin dituzte eta ondorioz egoerak hobera egin du. Hala ere, arazoa ez da guztiz konpondu: tarteak handiak izaten jarraitzen dute, trenetik jaisteko eskailerak erabili behar dira… ume txikiekin bidaiatuz gero kontu handiz ibili behar da, mugikortasun arazoak badaudelako.

Irisgarritasunari dagokionez, eskualdeko zenbait geltokitan obrak egin dituzte: nasetara heltzeko igogailuak ipini dituzte, baina esan beharrekoa da askotan matxuratuta daudela. Igogailua hondatuta badago eskailera piloa jaitsi eta igo behar da eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira bere kabuz trenera iritsi.

Zein izan da C3 lineako trenekin izan duzun arazorik handiena? Renfeko webgunearen kexen atalean iradokizun eta mezu ugari idazten ditut arazoak ditudan bakoitzean. Hala ere, arazorik larriena 2024an gertatutako harrapaketa bat izan zen.

Gau batean Ugaoko hiru familia Urduñatik gentozen bueltan. Azkenengo bagoiko azken atean egin genuen bidaia. Ugaora heltzen lehen bi familiak jaisten hasi ziren: lehen familiak ume ertain bat zeukan. Arazo barik jaitsi ziren nasara. Bigarren familia trenetik jaistera zihoanean aita izan zen lehena jaisten. Ondoren 7-8 urteko alabaren txanda izan zen. Jaisten hasi zenean ateak seinale akustikoak egiten hasi ziren. Neskak, izututa, laban egin eta tren eta nasaren tarte horretatik jausi zen. Aitak arin batean atera zuen zulotik. Neskatxoak mina hartu zuen bizkarrean.

446 serieko unitate bat, Arrigorriagara bidean // Geuria

Ni, bitartean, atean nengoen, lau urteko umearekin. Momentu horretan ateak ixten hasi ziren eta besoak erabili behar izan nituen, haurra eta ni harrapatzea ekiditeko. Ateak behin eta berriro itxi eta zabaltzen hasi ziren, guk botoi berdea sakatzen genuen bitartean. Oso frustrantea izan zen. Ohikua hasi ginen eta bagoian zegoen jendea begira hasi zen. Bidaiari batzuk makinistaren bila joan ziren, azken honek ez zuelako ez egin momentu horretara arte. Ateak lau aldiz itxi ziren nire besoetan. Azken saiakeran, bidaiari batek emergentziako palankari eragin zion eta, orduan bai, trena guztiz blokeatu zen.

“Ia ez nuen kalte fisikorik izan, baina harrapaketen ondorioz, haurrek bereziki susto handia hartu zuten”

Makinista trenetik jaitsi zen ateak guztiz blokeatuta zeudelako eta berarengana joan ginen, errieta egitera. Lehen harrapaketan ezer ez egitea ez da arraroa, baina lau kolpe izan ziren eta gidariak ez omen zuen begiratu ere egin. Erantzun modura, berak esan zigun botoi berdeari eman izan bagenio ateak zabalduko liratekeela. Baina, esan bezala, guk hori bera egin arren, horrek ez zuen inolako eraginik izan. Ia ez nuen kalte fisikorik izan, baina haurrek bereziki susto handia hartu zuten. Haurraren sustoak egun batzuk iraun zuen, eta hurrengo egunetan trenera igotzeko beldurra izan zuen.

Handik egun batzuetara, kexa idatzi nuen Renfeko webgunean eta enpresako erantzuna honakoa izan zen: alde batetik, Renfek ez zuela inolako intzidentziarik erregistratu: haien arabera ez zen inolako atzerapenik ez eta ezbeharrik gertatu egun hartan. Beste alde batetik, hurrengo batean makinista dagoen bagoian bidaiatzeko gomendioa eman ziguten, makinistak ondo ikusi ahal izateko. Nik ez dakit guk hau bidaiariek jakin beharreko zerbait den, egia esateko. Azkenik, seinale akustikoa dagoen bitartean ateetan egotea debekatuta dagoela esan zidaten. Beste hitz batzuetan: gertatutakoa gure erruagatik izan zela leporatu ziguten, azalpen guztiak batere gustatu ez zitzaidan doinu txar batekin.

Madrilera doan Alvia bat, Ugaotik igarotzen // Geuria

Bestelako kasurik ezagutzen al duzu? Kasu ugari daude, zoritxarrez. Ugaon, esaterako, duela hilabete batzuk tren baten ateek jakatik harrapatu zioten edadeko emakume bati. Trena martxan ipini zen eta horrekin batera emakumea arrastaka eraman zuen nasan, jakatik libratzea lortu arte. Zorte txarra izan zuen emakume hark: kolpeak hartu zituen eta besoa apurtu zitzaion ezbeharraren ondorioz. Erietxera eraman behar izan zuten. Bere egoera benetan larria izan zen.

Noiztik existitzen dira era honetako arazoak C3 lineako trenetan? Harrapaketak eta irisgarritasun arazoak betidanik egon dira eskualdeko linean. Egia da ezbehar horien ondorioz irisgarritasun obrak egin direla, baina arazoa hor egon da beti. Gainera, pandemiatik gaur egun arte, beste arazo batzuk areagotu dira: maiztasunari dagokionez, gero eta tren gutxiago ditugu gure trenbideetan edo iragarrita dauden trenen ordez merkantzia trenak igarotzen dira batzuetan eta “arazo tekniko baten ondorioz trena atzerapenarekin datorrela” iragarri izan dute geltokiko bozgoragailuetatik.

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ere GauJaia zerbitzua desagertu zen. Ordu erdiro eta bi orduro trenak genituen asteburuetako gauetan, gazteak Bilbotik bueltatu ahal izateko. Gaur egun tren horiek desagertu dira eta gazteak 23:30ean Abandotik irteten den azken trenean itzuli daitezke herrira. 04:00ak arte ez dago inolako zerbitzurik. Nola joango dira Bilbora gazteak kotxe barik lehen geneukan alternatiba bakarra kendu badigute? Ez da bidezkoa.

Nolako trenak dira zehazki irisgarritasunari begira? Nahiko zaharkituta dauden trenak dira, azken boladan ukitu batzuk eman dizkieten arren.

Bidaiariak, C3 lineako aldirietako tren batera igotzen // Geuria

Egoera ikusita, zer egin dute herritarrek arazoari irtenbidea emateko? Kexak ipintzen, etengabe: Renferen webgunetan, bestelako medioetan eta eskualdeko geltokietako bulegoetan. Edonon, egia esateko. Ugaori dagokionez, Udaleko ordezkari batzuek batzarrak egin dituzte Renfeko arduradunekin, egoerari irtenbide bat emateko. Hitzak oso onak izan ziren, eta harrapeketn inguran neurri jakin batzuk hartzeko eskaera egin zieten enpresako ordezkariei: geldialdi bakoitzean gehiago begiratzeko eta trena nasan denbora gehiago egotea, tartean. GauJaiaren inguruan, zerbitzua berrezartzeko eskaera kontuan hartuko zutela esan zuten ere. Momentuz ez dute ezer egin. Irisgarritasunaren esparruan, Ugao, Arrigorriaga eta Basauriko geltokietako lanak aipatu zituzten. Esandakoa: hitz politak baina momentura arte ez dute ezer egin.

Nolakoa izan da orain arte egindako lana? Momentura arte geltokietan egindako irisgarritasun lanak dauzkagu. Entzun dugu Madriletik tren berriak ekarriko dituztela gure eskualdera eta treneko sarbidea errazteko arrapalak izango dituztela. Ikusi beharko dugu.

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Maialen Ibarra: «16 segundu diska bi munduren arteko kontrastean oinarritzen da; alde batetik errealitatea, bestetik ametsak»

Maialen Ibarra abeslari eta musikariak bere lehen LP-a kaleratu berri du: 16 segundu. Lan kontzeptuala da, bi munduren arteko kontrastean oinarrituta, eta artistaren heldutasuna erakusten duena

|

Batzuetan abesti batek 3 minutu behar ditu norbaiten bihotzera iristeko. Maialen Ibarra abeslari eta musikariaren kasuan (San Migel, 2001) “16 segundu” nahikoa dira mundu zabalera aurkezteko. Izenburu hori jarri dio bere lehen lan luzeari Maialenek eta azaroaren 21ean kaleratu zuen. Kirmen Uribe idazlearen “17 segundu” liburuan inspiratu da Maialen bere lehen LPari izenburua jartzeko, gaur egungo gizarteak arteari eskaintzen dion arreta murrizten ari dela salatuz. Hain zuzen ere, Kirmenek berak introan parte hartzen du poema bat errezitatuz. Soinua, estetika eta hizkuntza uztartuz, artistak jauzi kualitatibo nabarmena egin du bere ibilbidean eta horren inguruan berba egin dugu berarekin.

Azaroaren 21ean kaleratu zenuen zure lehen disko luzea, Maialen. Nolakoa izan da sortze-prozesua LPa egiteko, EP edo singleekin alderatuta? Singleekin alderatuta nahiko ezberdina da prozesua, singleak ez dutelako zertan euren artean loturarik izan behar. EParekin alderatuta, antzekoa izan daiteke puntu batzuetan baina lan luze batek eskatzen duen denbora, dedikazioa, buruhausteak… orain arte beste ezerekin ez nuen bizi. Polita eta aldi berean zaila izan da diskoa ideia bakar bat gisa lantzea eta berarentzat mundu propio bat sortzea. Banekien disko baten atzean lan handia zegoela, baina ez nuen uste hainbesterainoko izango zenik.

Zuretzat, disko luze bat egiteak zer adierazten du artistikoki? Pasa den urteko EPa nire burua aurkezteko modu aproposa izan zen, baina orain disko batekin, artista gisa mezu serioago bat bidaltzen dudala uste dut. Bai soinu aldetik, bai estekikoki, bai kohesio aldetik.. 12 kantako lan luze bat izateak, agian orain arte artistikoki igarri ez den seriotasun puntu hori ematen didala uste dut. Aurrerapauso handia izan da niretzat, ez bainuen inoiz pentsatuko diska bat kaleratuko nuenik.

Abesti-bilduma hau lantzerako orduan, izan al duzu istorio edo ideia nagusirik? Bai. “16 segundu” diska bi munduren arteko kontrastean oinarritzen da: errealitatean eta ametsetan. Kanta batzuk mezu aldetik nahiko gordinak eta zintzoak dira (pertsonalagoak) eta beste batzuk etorkizun idealizatu batetik sortu dira. Horregatik bisualki kolore gorria eta urdinaren kontraste hori, hodeia eta zeruaren gauza hori (ametsak).

Horrez gain, “16 segundu” izenburua gaur egun pertsonei, mezuei, arteari eta orokorrean denari eskaintzen diogun arreta ezaren kontrako aldarrikapen bat da, Kirmen Uriberen “17 segundo” liburutik ateratako ideia bat. Gaur egun estimulu asko ditugu eta oso azkar aspertzen gara edozertaz, eta diskoa egiten nenbilenean “nork eskainiko dio honi bere denbora?” bezalako segurtasun-gabeziak, zalantzak eta beldurrak burutik kendu ezinik nituelarik Kirmene liburua heldu zen nire eskuetara, eta argi ikusi nuen diskaren izenburua. Denborarekiko kezka nire buruan askotan errepikatzen den gai bat da.

Estetika “oso markatua” duela ere esan duzu. Zein garrantzia du estetikak musikaren munduan? Gaur egun estekikak behar duena baino garrantzi handiagoa duela uste dut, eta musikan ere berdina gertatzen da nire ustez. Horregatik, puntu horretatik diskoari indar gehiago eman ahal diogula jakinda, abestiak eta disko osoa ere bisualki nahikotxo landu ditugu: bi ideien arteko kontraste hori koloreen bidez landu dugu, bideo batzuk digitalki grabatuta daude eta beste batzuk analogikoki (errealitatea eta ametsen munduak bereizteko), abesti bakoitzak bideo bat du (lan handia suposatu du horrek), disko fisikoaren diseinu osoa ere asko landu dugu… Azkenean, disko osoaren soinua eta mezua bisualki ere lantzen saiatu gara eta uste dut oso emaitza ona lortu dugula, guztiek bat egitea lortuz, nire ustez behintzat! (barreak)

Diskoan zure ahotsa, gitarra eta sintetizadoreak uztartu dituzu. Uste dut ez dela oso hautu kontzientea izan. Etxean, nire gitarra eta ahotsarekin sortzen dira abesti guztiak, beraz, bi horiek ezinbestekoak dira niretzat. Eta bestetik, estudioan gaudenean, sintetizadoreek eta diskoan entzuten diren beste soinu askok abestiak indartzen eta borobiltzen laguntzen didate.

Zein erreferentzia izan dituzu zure lehen lan luzea egiteko? Lan honetarako pop amerikarra izan dut erreferente nagusia. Era berean, diskoa sortzerako prozesuan euskal musika ere oso presente izan dut, euskarazko musika asko entzuten dudalako; baina egia da sortzerakoan, pop eta pop rock amerikarra dudala erreferentzia nagusi gisa.

Euskara aipatzen duzula, garrantzitsua da zuretzat euskaraz sortzea? Niretzat euskaraz sortzea naturalena izan da beti, ez dut inoiz kontzienteki erabaki. Egia da, Internetera igo nuen lehenengo abestia erdaraz izan zela, batzutan erdaraz ere idazten dudalako eta momentu horretan horrela suertatu zelako, besterik gabe. Erdarazko beste kanta batzuk ere kaleratu ditut, baina sortzen dudan gehiengoa euskaraz da eta proiektu hau euskarazko proiektu bat da. Niretzat ezin liteke beste era batera izan. Kaleratu nuen lehenengo kanta horregatik elkarrizketa askotan galdetu didate “zergatik euskaraz?”. Duela gutxira arte ez nion garrantzia handirik ematen euskaraz sortzeari, nire buruan normaltzat ikusi dudalako beti, baina egia da, horrelako galderak gero eta gehiago entzuteak honen inguruan pentsatzea eragin didala. Garrantzitsua da eta garrantzia eman behar zaio euskaraz sortzeari. Guk ez badugu egiten, nork egingo du? Euskaldunak izanda, arraroena eta hitz egin beharreko gauza, beste hizkuntza batean sortzea izan beharko litzateke.

LPa kaleratzerako orduan, erronka bat edo beste izango zenuen aurrean. Denetariko erronkak izan ditut. Administratiboak, ekonomikoak, emozionalak… eta denbora arazoak batez ere. Ez da erraza izan (barreak). Horrelako lan luze batek, abestiak entzuten ari zarenean ez dirudien arren, izugarrizko lana du atzetik, eta lan hori egin ahal izateko baliabide asko behar dituzu, bai materialak eta bai emozionalak. Zorionez, dena posible egin ahal izan dut eta oso harro nago lortutako emaitzaz, baina badakit, zorte handia dudala nire egoera pertsonalarekin: bidean laguntzen didan jendea, horrelako gauzak ordaindu ahal izateko dirua ematen didan beste lan bat, sostengu emozionala eskaintzen dizkidaten lagunak eta familia… Erronkak izan ditut bidetik, desilusioak, momentu ez hain onak, baina aldi berean asko gozatu eta asko ikasi dut. Zorteduna sentitzen naiz buruan ditudan ideia asko modu honetan azaleratzeko aukera eta baliabideak izateagatik.

Mon Dvy ekoizlearekin egin duzu lan berriro LP honetan, EPan ere batera lan egin ostean. Oso erraza da berarekin lan egitea. Lagunak gara eta ondo ulertzen dugu elkar, eta hori musikan eta diskoan ikusi eta igarri daitekeela uste dut. Egin nahi dudan eta gustatzen zaidan soinua aurkitzen lagundu dit eta nire musika orokorrean, profesionalizaten lagundu dit. Proiektu honekin oso lantalde (Martin, Mikel Iturbe eta ni) ona osatu dugu Martinek (Mon Dvyk), Mikel Iturbek eta hirurok. Esan bezala, kriston lana dago atzetik eta nik bakarrik ezingo nuke horrelakorik ezta antzekorik ere egin, beraz oso eskertuta nago!

Besteak beste, Bengo, Alba Reche edo Samuraï bezalako artistekin lan egin du Mon Dvyk. Eurak bezalako artistekin kolaboratu nahiko zenuke? Posible ikusten duzu? Nahi bai, baina orain momentu honetan ez dut oso posible ikusten egia esan! (barreak) Artista askorekin kolaboratzea gustatuko litzaidake baina ez dut uste puntu horretan nagoenik eta ez dakit noizbait puntu horretan egongo naizenik ere. Nork daki zer gertatu daitekeen, baina gaur egun ez dut nire burua puntu horretan ikusten.

Kolaborazioez ari garela, Eider Saezekin batera ‘Heldu gara amaierara’ abestia publikatu zenuen apirilean. Bai! ‘Heldu gara amaierara’ grabatu genuenean, hasieran, nire ahotsarekin grabatu genuen abesti osoa, baina behin abestia amaituta entzunda, beste pertsona bat sartzea argi ikusi genuen. Nik argi nuen neska baten ahotsa nahi nuela eta Eider etorri zitzaidan burura bere lana ezagutzen nuelako eta genero honetan edo antzeko generoetan mugitzen delako. Ez genuen pertsonalki elkar ezagutzen, baina Instagram-etik elkar jarraitzen genuen, beraz, mezu bat idatzi nion eta zorionez baietz esan zuen! Oso erraza izan da berarekin lan egitea. Nafarroara, ni grabatzen ari nintzen estudiora, joan zen elkarrekin grabatzeko eta oso gustora egon ginen denok. Oraindik ez dugu zuzenean elkarrekin kanta abestu baina espero dugu noizbait egitea.

Azaroaren 26an Durangoko DA! PRO Topaketan parte hartu zenuen. Nola prestatzen zara halako topaketaetarako? Nire lehenengo aldia izan da horrelako topaketa batean parte hartzen, beraz, ez nekien bertatik zer espero nezakeen eta zelan prestatu nezakeen nire aurkezpena. Egia da, antolakuntzatik laguntza jaso dugula aurkezpena bideratzeko orduan eta horrek ideia bat ematen dizula. Argi nuena, nire proiektua hobeto aurkezteko modua zuzeneko bat zela, eta beraz, horrela egin genuen; zuzeneko dinamiko, hurbila eta potentea prestatu genuen banda osoarekin. Esperientzia oso aberasgarria eta polita izan zen.

Topaketa hori eta gero, Durangoko Azokan ikusiko zaitugu. Hala da, Durangoko Azokan egongo naiz, 18. standean. Diskoa grabatu dudan estudioak, “The Blues estudios”-ek stand bat prestatu du aurten eta bertan egongo naiz azoka osoan zehar, ahal dudan bezain beste (barreak). Disko berria CD fisiko gisa izango da salgai, beraz, bat nahi izatekotan bertaratu eta hurbildu 18. stan-era!

Duela urte batzuk GEURIAn elkarrizketa egin genizun, hasi berritan. Zer aldatu da ordutik? Pilo bat gauza aldatu dira. Nik orain beste heldutasun puntu bat dut eta hori musikan eta nik gaur egun ditudan ikuspuntu eta baliabideetan nabarmentzen da. Hasieran, lehenengo abestiekin, ez nekien zertan nebilen (barreak). “Zuei” kaleratu nuenean izan zen musika pixka bat gehiago landu nahi nuela erabaki eta pentsatu nuenean, baina ez nuen imajinatzen orain nagoen puntura helduko nintzenik! Auretik esan dudan errepikatuko dut: ez nuen uste noizbait disko bat kaleratuko nuenik.

Zure musika ibilbidean trabarik izan duzu? Bai. Normala denez trabak beti izaten dira bidetik baina asko gozatzen dut musikarekin eta ahal dudan heinean, musika egiten jarraitu nahi dut. Artistikoki oso momentu on batean nagoela uste dut, disko bat kaleratu berri dut, beraz, oraindik orain gogotsu eta ekiteko prest nago.

Zein da zure pertzepzioa musika industriarekiko? Uste dut oraindik ez nagoela musika industrian oso sartuta zerbait esan ahal izateko. Egia da azkenengo urte honetan gauza gehiago ezagutu eta ikusi ditudala industriarekiko. Gauza onak eta beste batzuk txarrak, baina ezin dizut gauza handirik esan momentuz, ez baitut industrian dagoen norbaitekin lan egiten. Argi dudana da, nahiz eta gauzak ondo egin (behintzat horrela egiten ari naizela uste dut nik), oso zaila dela industria barruan eta mundu horretan sartzea. Ea hurrengo elkarrizketarako industriarekiko zerbait interesgarriagoa erantzun ahal dizudan! (barreak)

2024an Rockein lehiaketan Euskarazko artistarik onena saria irabazi zenuen, eta aurten MAZ Basauri jaialdian jo duzu. Nola eragiten dute lehiaketa eta jaialdi horiek zure konfiantzan eta ikusgarritasunean? Horrelako jaialdi edo lehiaketek beti emango dizute beste modu batera lortu ezin duzun ikusgarritasuna, bertan dagoen publikoak normalean ez zaituelako ezagutzen. Beraz, zure proiektua jende berriaren aurrean aurkezteko oso eraginkorrak dira horrelako lekuak.
Konfiantzari dagokionez, lehiaketa batek irabazteak edo bertan parte hartzeko hautatua izateak zure musika edo proiektua gustokoa izaten ari dela esan nahi du, beraz horrek ere zure buruarengan eta zure lanarengan konfiantza handiagoa izatea eragiten du. Horrez gain, horrelako lekuetan jotzea oso aukera ona da oholtza gainean konfiantza handiagoa hartzeko. Ikasten jarraitzeko esperientzia aberasgarriak dira, azken finean.

Presiorik sentitzen duzu jendaurrean abestu behar duzunean edo singleak kaleratzen dituzunean? Ez dut uste presioa denik, errespetu pixka bat akaso. Nahiko lotsatia naiz eta jendaurrean abesteak oso urduri jartzen nau kontzertu bat hasi aurretik. Egia da gero eta konfiantza handiagoa dudala oholtza gainean eta kontzertuak aurrera egin ahala asko gozatzen dudala, baina kontzertua hasi baino lehen oso urduri jartzen naiz. Musika kaleratzean berriz, ezberdina da ez dudalako jendearen erreakzioa zuzenean ikusten. Urduritasunak jendeak zer pentsatuko duenarekin zerikusia du kasu horretan.

Azken aldian euskal abeslari asko Spotifyrekin kritiko izan dira eta plataformari planto egin diote. Gorka Urbizuk, adibidez, esan zuen errespetatu eta ulertu egiten zuela erabaki hori, baina euskara zokoratzeko arriskua ere ikusten zuen: Zein da zure iritzia horren inguruan? Nire ustez, edo nire kasuan behintzat, ez da erraza gai honen inguruan erabaki bat hartzea. Oso konplexua iruditzen zait artista berri eta txiki gisa eta aldi berean, plataforma hau egiten ari denaren kontra dagoen pertsona gisa erabaki bat hartzea. Zoritxarrez bada ere, Spotify oso herramienta erraza eta eraginkorra da zure musika, eta beraz euskara ere, jendeak ezagutu eta entzun ahal izateko; eta proiektu berri eta txiki batek, euskarak hizkuntza gisa bezala, ikusgarritasuna behar du. Bai Gorkak esaten duena eta bai beste artistak egin dutena ulertu eta partekatzen dut. Ni momentuz eta gustatzen ez bazait ere, Spotify-n nago, baina ez dakit bihar edo datorren astean bertan egongo naizen. Esan bezala, gai konplikatua iruditzen zait.

Nola ikusten duzu zure musika proiektua hemendik bost urtera? Oxala beste disko batekin! (barreak) Ez dakit zer gertatuko den hemendik urte batera, beraz hemendik bost urtera… nork daki! Musika egiten eta kontzertuak izaten jarraitzea gustatuko litzaidake eta horrela izatea espero dut.

Kontzertu gehiagorik duzu programatuta? Aurten DApro izan da azkena (sorpresarik ez badago). Datorren urtera begira, urtarriletik aurrera kontzertuak izateko gabiz lanean, gauzaren bat lortu dugu jada, baina espero dut gehiago lortzea. Ahal dudanean eta hurbiltzen diren heinean esango ditut, baina momentuz, urte hasieran zerbait egongo da bai.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Javier Castroviejo Bravo: “Irisgarritasuna da, ziurrenik, C3 lineako trenek duten arazorik larriena”

Basauriarrak Hego Uribe zeharkatzen duen tren linearen barrenak azaldu dizkigu, zehaztasun osoz

|

Javier Castroviejo, Basaurin // Geuria

Renfeko C3 linea Hego Uribe eskualdeko zenbait herritako bizkarrezurra da gaur egun. Bertako trenbideetatik igarotzen diren tren zuri-gorriek milaka pertsona garraiatzen dituzte egunero leku batetik bestera, Bilbo eta Urduña arteko herrietatik barrena.

Basauri, Ugao eta Arrigorriagako trenbideetatik igarotzen diren trenak egunero ikusten eta erabiltzen dituzten pertsonek soberan ezagutuko dituzte ibilbideko geltoki guztien, edo gehienen izenak. Bidaiari asko modu automatikoan igotzen dira, eserlekuetan eseri, musika ipini eta bidaia ere modu automatikoan egiten dute, linea honek ezkutatzen duen historia ezagutu barik.

Gaur egungo C3 tren lineak 162 urte ditu. 1863 urtekoa da. Kontuan izan beharrekoa da lurrinezko lehen lokomotora prototipoa 1804an sortu zuela Richard Trevithick ingeniariak. 21 urte geroago, 1825ean, lehen lurrinezko lokomotora sortu zuten Britainia Handiko Stockton-Darlington arteko linea betez. 1830ean, Liverpool eta Manchester hiri arteko linea inauguratu zuten.

Hego Uribera bueltatuz, C3 lineako trazadura originalak Bilbo eta Tutera arteko distantzia betetzen zuen 1863an. Gaur egungo tren zerbitzua aldirietako tren linearen parte da. Honek esan nahi du trenbide beretik bidaiariak zein merkantziak garraiatzen dituzten trenak igarotzen direla. “446 serieko trenak ditugu Hego Uribeko C3 linean, 1989 eta 1992 urteen artean Beasainen eraikitakoak”, azaldu dio GEURIAri Javier Castroviejo Bravok (Basauri, 2001).

“Heldu berri zirenean tren iraultzaileak izan ziren, aldirietako zerbitzuak eskaintzeko apropos diseinatu zen lehen trena, alegia”. 24 urte baino ez ditu Castroviejok, baina trenen entziklopedia hankadun batekin berba egitea bezalakoa da. “Tren bat ikusten dudan bakoitzean gelditu eta jubilatu edo ume batek egiten duen bezalaxe, horrelaxe egiten dut nik ere”.

Txikitan ez zen haurtzaindegira joan Javier eta amamak egunero eramaten zuen Basauriko Euskotreneko Arizko geltokiaren parean dagoen parkera. Tren bat zetorren bakoitzean korrika hurbildu egiten zen ikustera.

 

Bartzelona bizi zara gaur egun ikasketak direla eta. Zelan zabiz? Oso ondo egia esanda. Bartzelonan nabil Bide, Ubide eta Portuen masterraren bigarren kurtsoa egiten Universitat Poliècnica de Catalunyan. Ahal dudan bakoitzean nator Basaurira, normalean jaiegunen bat dagoenean aprobetxatzen dut motzegi ez izateko.

Suposatzen dut joan-etorriak trenez egiten dituzula. Beti saiatzen naiz trenez bidaiatzen, aukerarik erosoena eta jasangarriena dalako. Zoritxarrez, pandemiaren aurretik Bartzelonarekin geneuzkan Alviako bi maiztasunak ez dira berreskuratu, egunean tren bakarra lotzen gaitu Kataluniarekin. Bilbotik Bartzelonara doan trena arratsaldez da ta Bartzelonatik datorrena goizean berriz, beraz unibertsitateko ordutegiekin bateraezina. Halakoetan AVE trenean egiten dut bidaia Zaragozaraino eta gero autobusa Bilboraino, esan beharra dago aukera hau, naiz ta ordubeteko aldaketa izanda Zaragozan, azkarragoa dela Alvia zuzena baino, asko dago egiteke aldirietan ez soilik, ibilbide luzeko trenetan ere.

Gure eskualdeari dagokionez, Nolakoak dira C3 lineako trenak? 446 serieko trenak ditugu eskualdeko C3 linean, 1989 eta 1992 urteen artean eraikiak Beasainen. Heldu berri zirenean tren iraultzaileak izan zen, aldirietako zerbitzuak eskaintzeko apropos diseinatutako lehen trenak baitziren. Fitxa teknikoari erreparatuz, 100 kilometro orduko abiadura maximoa duten trenak dira. Trenaren lehen eta azken kotxeetako bogietan dauden korronte zuzeneko 8 motorrek 2400kW eko potentzia ematen diete trenari. Hauei esker, “chopper” etengailu elektronikoen teknologiarekin batera, azelerazio oso ona duten trenak lortu ziren, ezaugarri oso garrantzitsua aldirietako zerbitzuetan geldialdiak egiterakoan ahalik eta denbora gutxien gal dezaten abiadura hartzen.

202 eserleku ditu tren unitate batek, zutunik joan daitekeen bidaiariak gehituz guztira 759 pertsona mugitu dezake. “Serie honetako trenek ez dute konketarik eta zaleen artean “Dodotis” ezizenarekin esaten diogu horrexegatik”

Nire ustez tren oso onak izan dira, historikoki problema gutxi eman dituztenak eta diseinatuak izan ziren zerbitzua eskaintzen egon direnak etengabe, ehundaka kilometro egin dituztenak egunero Aiaraldea, Hego Uribe eta Bilbo lotuz. Hain zuzen ere, Bilbon ditugunak bigarren sortakoak dira, 1991ean eraikiak, 34 urte dituzte beraz eta hasi zaie nabaritzen adina. Zahartasun honek ere inplikatzen ditu arazoak ordezko piezak aurkitzerako orduan, hornitzaileek haien produkzioa eten dutelako jada, eta tailerrak behartuta ikusten dira originalak ez diren piezak muntatzera edo fabrikatzera berton. Honen erruz, orain dela pare bat uda arazo asko izan zituzten tren unitateek berez, baino zorionez konponduak izan ziren arazo hauek eta, dakidanik, ez dira errepikatu.

Nolako nota merezi dute irisgarritasun eta segurtasunaren esparruan? Irisgarritasuna ziurrenik tren hauek duten problemarik larriena dela. Nasa eta trenaren altuera desberdintasuna ia metro erdikokoa da, Bidebietako geltokiaren kasuan gainera kurbaren peraltearekin tarte hau handiagoa dela. 2019. urtetik aurrera egindako barrualdeko erreforman H plazak ipini zituzten gurpildun aulkientzat, nahiz ta hauek trenera sartzea praktikoki ezinezkoa izanda. Bilbon zein Urduñako geltokietan eskaintzen da mugikortasun urrituta duten pertsonentzat laguntza zerbitzua gurpildun aulkia igotzeko plataforma bat erabiliz. Hala ere zerbitzua ez omen da oso eraginkorra aurreko egunean eskaera egin behar delako, trenak eskaintzen duen ordutegi-malgutasuna murriztuz.

Garraio sailburuak adierazi zuen orain dela aste batzuk froga pilotoa egingo dela aurreko bi geltokietan nasari gehigarri bat jarriz trenaren altuera berdintzeko H plaza dauden ateetan. Behin behineko soluzioa da printzipioz, tren berriak heldu arte, Europako beste tokietan ikusi dudan soluzioa da eta eraginkorra omen da.

Segurtasunari dagokionez, trenek ASFA Digitalarekin ekipatuak daude. Sistema honek lineako seinaleak antzematen ditu gidariari abisatuz eta automatikoki trena geldituz beharrezkoa balitz. Gizaki hila pedala ere badute, gidariak 30 segunduro aktibatu behar du pedal hau trenari esateko bizirik jarraitzen duela, bestela automatikoki larrialdietako balazta aktibatuko zen.

Zenbat trenek egiten dute C3 lineako ibilbidea gaur egun? Zerbitzua eskaintzeko 10 unitate behar dira zirkulazioan eta beste bizpahiru erreserban edo tailerrean. Linearen egoerarekin zaila da zehaztea gutxi, behar beste edo asko diren. Bidebietako geltokian egiten ari diren eraberritze lanekin trenbide bakarra dago Ollargan eta San Migel artean eta honek behartu du egun dugun ordutegi arraroak ezartzera maiztasun aldakorrarekin, botila lepo dezentea sortu da bertan. Lanak guztiz beharrezkoak eta eskertzekoak dira, geltoki nagusien artean Bidebietakoa zen bakarra erreformarik jasan ez duena eta salto kualitatibo handia suposatuko du.

Beste arazo larri bat lineak dituen behin behineko abiadura mugak dira. Asko dira, 23 hain zuzen ere, eta gehienak 30 km/h-ra abiadura mugatzen dutenak, gidarien artean C-30 linea deitzen omen diote. Nire ustez garrantzitsua da hauek konpontzea bidai denbora onak eskaini ahal izateko eta atzerapenak murrizteko ere, azpiegituran ere inbertsioa egin beharra dago.

“23 abiadura muga daude C3 linean, eta gehienak 30 km orduko abiadurara mugatzen dute. Gidarien artean C-30 linea deitzen omen diote”

Benetan falta botatzen ditudan zerbitzuak, eta ziur nago eskualdeko gazte gehienok ere, Gaujaiak dira. Pandemiaren aurretik estatuko autonomia erkidego bakarra ginen aldirietako gaueko zerbitzuak genituenak, baino joan ziren eta momentuz haien buruzko berririk ez dut jaso. Espero dut Jaurlaritzarekiko eskualdatzearekin hauek berreskuratzea eta beste zerbitzu batzuk gehitzea egunean zehar ere.

Renfek iragarri zuen 2025 eta 2027 bitartean 500 tren ipiniko zituztela, horietako 33 Hego uribeko C3 linean. Berriak ez dira izango baino gaurkoak baino berriagoak bai. Egun ditugun seriearen anai txikiak dira, 447 seriea 1992 eta 2001 urteen artean eraikiak. Kanpotik praktikoki berdinak dira, baino hauen erdiko kotxea irisgarria da eta komuna du. Pantailak dituzte barnealdean ibilbideko geltokiak erakusten dituztenak eta haien abiadura maximoa 120 km/h koa da, baino ez dut uste bidaia denborak aldatuko direnik. Azkenengo hilabeteetan Donostiatik ekarritako serie berriago honen trenetan formakuntza jasotzen ari dira Bilboko gidariak, beraz seinale ona.

Zaragozatik ere ekarri zen 464 serieko trena frogak egitera, Civia izenekoa eta berriagoa, 2004. urtekoa. Hauek ere komuna eta kotxe irisgarria dute. Epe ertainean hauek ere heldu beharko lirateke Bilbora, baino momentuz ez dago argi noiz. 447 serieko trenak ekartzea errazagoa da, tailerretan eta bestelako instalazioetan egokitze lan oso gutxi egin behar direlako eta bi serieak aldi berean mantendu daitezkelako Ollarganen. 447 edo Civia hona etorriko dira trenak estatuko beste aldirietako nukleotan tren benetan berriak diren trenak entregatzen direnean, 446 seriea pixkanaka erretiratuz.

Basauri, Arrigorriaga eta Ugao udalerrietatik igarotzen dira C3 lineako aldiriak. Baina metroa ere Hego Uribeko zenbait herritara heltzen ari da: Basaurin eta Etxebarrin badago eta laster Galdakaora helduko da. Handia al da RENFEko aldiriak eta Metro zerbitzuaren artean dagoen aldea? Bai, eta guztiz normala da. Bakoitzak mugikortasun bektore desberdin bati erantzuna ematen dio, hau da, zerbitzu bakoitza diseinatuta dago eskaera fluxu eta mota desberdinentzat. Adibidez, metroko geltokien arteko bataz besteko distantzia kilometro batekoa da, aldirietako zerbitzu baten berriz lauzpabostekoa. Atetik atera dauden bidai denbora desberdinei ere erantzuten diote, aldiriko trenak denbora askoz motzagoak eskainiz metroa baino batezbesteko abiadura altuagoa bat duelako.

Uler dezaket galdera, gainera egon zelako garai bat zeinetan herri guztiek nahi zuten metroa izatea, baino Nerbioiko aranean dagoen biztanleria distribuzioarekin aldirietako zerbitzu bat aproposena da. Beste kontu bat da bidaiarien pertzepzioa zerbitzuarekiko. Hemen erabiltzaileok ulertu behar dugu erabat desberdinak direla aldiriko tren bati gertatu ahal zaizkion egoerak metroarekin alderatuz. Aldirietako trenak hamaika kanpo aldagaietatik eteta ikusi dezake bere zerbitzua, arazoak bestelako trenetan (merkantziak edo ibilbide luzekoak) adibidez, edo eguraldiaren kontuak ere eragin askoz handiagoa dute lur mailan izanda lurrazpian baino. Aprobetxatu nahiko nuke eskertzeko bidaiariei haien pazientziagatik zein renfe eta adifeko langileei lineak dituen goraberak izanda egunero zerbitzua aurrera ateratzeko duten gaitasunari.

Europan ibilitakoa zara eta tren ezberdinetan bidaiatzeko aukera izan duzu. Nolakoa da Bizkaian bizi dugun egoera eta Europako zein eredu jarraitu beharko genuke tren zerbitzu on bat izateko? Urtebete egon nintzen Alemanian, Erasmusen, Karlsruhen. Bertan trenak beste dimentsio batean daude, sarea askoz zabalagoa da eta oso saretuta dago. Aurretik komentatu dudan biztanleriaren banaketak eragin handia du horretan, Alemania herrialde nahiko laua baita eta herriak distribuzio nahiko uniformea dute. Ez soilik hemen, baizik eta estatu osoan bertan duten ibilbide ertaineko trenen eredua aplikatu beharko genuke. Aldizkarietan ziur irakurleok ikusi dute nola soilik aldirietaz edo abiadura handiaz idazten den, guztiz ahaztu dugu erdikoa eta garrantzi handia du sare on bat eraikitzerako orduan.

Bestalde, tarifa-sistema hobetzeko tarte dezentea dago ere. Ikaragarria da 2025ean tarifak integratuak ez egotea eta prezio desberdinak ordaindu behar izana antzeko ibilbideak egiterako orduan segun eta zein garraiobide hartzen dugun. Alemanian adibidez hiri edo eskualde bakoitzak bere garraio paurtzeguak ditu beraien tarifa integratuekin. Eta gero “makropaurtzegu” bat dago Länder (autonomia erkidegoak) bakoitzeko eskualde desberdinen arteko tarifa bateratuak ezartzen dituena, horrela txartel bakar batekin hainbat garraiobide har ditzakezu bakoitzerako bat erosi ordean. C3ren kasuan, jubilatuek beraien barik gorria ezin erabiltzea da egun dugun arazorik larriena kontu honetan.

Azkenik, orokorrean planifikazioarekin pentsaera arazo bat dago: lineak modu indibidualean antolatzen dira. Ez dago “errudun” zehatz bat, baizik eta betidanik halan egin delako ba halan egiten jarraitzen da. Nire master amaierako lana Euskadi osorako ordutegi integratu bat diseinatzea izango da, trenak aldaketa geltokietan koordinatuz ordutegi kadentziatu batekin. Honek bidaiarien esperientzia hobetu beharko luke, trena erakargarriagoa eginez.

Luze eta sakon mintzatu gara trenen inguruan. Nondik datorkizu trenenganako zaletasun hau, Javier? Egia esanda, ez dakit zehazki nondik datorkidan. Etxeko inork ez du trenekin erlazionatuta dagoen esparruetan lan egiten. Ez nintzen haurtzaindegira joan eta egunero amamak eramaten zidan euskotreneko Arizeko geltokiaren parean dagoen parkera eta tren bat zetorren bakoitzean korrika nihoa hesitik ikustera eta pixkanaka-pixkanaka ba haiekiko zeozer garatu nun nere buruan, hona nere teoria. Hala ere baditut argazkiak urte ta erdirekin trenekin jada, jendeak galdetzen didanean noiztik gustatzen zaizkidan trenak erantzuten diet ez dudala nire bizitzako unerik gogoratzen zeinetan ez nituen gustuko.

Zure pasioa hain da handia ezen tren elkarte batzuen kide zara gaur egun. Hiru elkarteetakoa hain zuzen ere! Lehena Agrunorte da, 2007tik kidea naiz eta N eskalan egiten ditugu trenen maketak, famatuak gara urtero Bilbon antolatzen dugun gabonetako erakusketa solidarioarekin baino beraiekin hamaika tokitan ibili naiz. Adibidez Stuttgarten egiten den mundu mailako topaketan, zeinetan etxekoek egindako Cuencako abiadura handiko geltokiaren moduluarekin 2017an irabazi genuen 2º saria maketa onenari.

Bigarrena Trenbideen Bilboko Lagunen Elkartea da, 2017tik kidea naiz honetan eta hasieratik tartean sartu nintzen nahikotxo. Elkarteko idazkaria izan naiz azken lau urteotan eta orain batzordekidea naiz. Nahiz ta maketa ere izan, tren errealarekin erlazionatuta dauden ekintzak antolatzen ditugu: hitzaldiak, bidaiak eta tren historikoen mantentzea. Zorte handia izan dut elkartean nere adineko hainbat lagun egiteko aukera izan baitut, eta haiekin oso gustura nabil trenei eta beste hainbat gauzetaz berbatan zein bidaiatzen edo festan.

Eta hirugarrenean nahiko berria naiz, Kataluniako PTPan (Promoció del Transport Públic) pasa den urtean egin nintzen kide. Izenak dion moduan Katalunian zehar garraio publikoaren promozioan zentratzen da elkartea, proiektuak eta eskariak helarazten herri administrazio desberdinei eta kanpainak egiten garraio publikoaren garrantzia jendearteratzeko.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bideoa | Joserra Ortiz de Vallejuelo: «Gure elkarteak Estatu mailan eta nazioartean kokatuko du Zeberio»

CARBI irrati kontrol elektrikoko auto elkartea Arrankudiagan jaio zen eta Bilbotik igaro ostean Zeberioko Ermitabarri auzora heldu da. Proiektua aurrez aurre ezagutu dugu

|

Joserra, Ermitabarrin, bere auto elektrikoa ikuskatzen // Geuria

Jose Ramon Ortiz de Vallejuelorekin (Bilbo, 1967) elkartu gara Ermitabarriko apartamentu turistikoen ondoko lursail batean urte hasieran montatu zuten Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Klubaren inguruan berba egiteko. Zer da? Nondik dator? Zergatik Ermitabarrin? Jose Ramonek Zeberioko auzoko pistan hitzartu gaitu galdera horiei guztiei eta beste batzuei erantzuna emateko.

Elkartea 1995ean jaio zen, eta egoitzak Arrankudiagan eta Bilbon izan ostean nora eta zeberiora heldu da. Elkartearen ateak zabalik daude bertan parte hartu nahi duen edonorentzat.

Nola sortu zen irrati kontrol elektrikoko auto Carbi elkartea sortzeko ideia? 1995ean sortu zuen automobilismoa maite duen lagun talde batek, eta Eusko Jaurlaritzan legeztatzea erabaki genuen une hartan. CARBI hitzak ‘Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Kluba’ esan nahi du (‘Club Automodelismo Radiocontrolado Bilbao’, erdaraz).

1/10tt eta 1/8tteco autoak erabiltzen dituzue. Zer esan nahi du horrek? Autoaren tamainainari egiten dio erreferentzia, benetako auto baten 1/1 eskala oinarri hartuta. Hau da, benetako auto bat baino 10 aldiz txikiagoak dira elkartean erabiltzen ditugun ibilgailuak.

Zuen elkarteko auto guztiak elektrikoak dira. Zergatik baztertzen dituzue gasolinazko RC klasikoak? Funtsean, ingurumen kutsadura, zarata eta emisio-gasak saihesteko. Zentzu horretan etorkizuna elektrikoetan dago.

Hasiera batean proiektua Bilbon sortu zen baina Zeberiora aldatu zen. Zergatik? Arrankudiagan hasi genuen gure proiektu hau, 1996an. 2001ean Bilbao Kirolak taldearen eskutik errekaldera lekualdatu ginen. 2008an, txurdinagako kiroldegira mugitu gintuzten, koronabirusak jarduera eten zigun arte. Kirol-jarduerak bilbon hasi zirenean, instalazioak hondatuta zeuden eta Bilbao Kirolakek ez zituzten eraberritu nahi izan. Orduan, beste kokapen bat bilatzea eta proiektua gure kabuz kudeatzea erabaki genuen. Zeberio aukeratu genuen, Ermitabarri auzoko lursail bat alokatzeko aukera eskaintzen zigutellako, eta kokapena ezin hobea iruditu zitzaigun.

Kontraste handia dago Bilbo eta Zeberio artean. Zein ekarpen egiten dio Ermitabarri auzoak zuen jarduera garatzeko orduan? Argi dago kontrastea dagoela, batez ere mugikortasunari dagokionez, Bilbon metroaren sarrera zirkuituaren ondoan genuelako. Ermitabarrin, aldiz, lasaitasun handiagoa dago eta bandalismoaren arrastorik ez dago Bilborekin alderatuta. Gainera, inguru zoragarria da.

Zer da Ermitabarrin muntatu duzuena, zirkuituaz gain? Irrati-kontrol elektrikoko zirkuitu bat da, eta modulu bat ipini dugu bertan. Modulu hori pilotuentzako kronometraje-etxola eta box estaliak dira.

Nola hartu zaituzte herri berri honek? Oso ondo, zeberioztarrentzat elementu ezezaguna ginen, baina orain jendea pozez zoratzen dago udalerrian kirol-jarduera bat gehiago izateaz, haurrak eta ez hain haurrak kirol polit honetaz gozatzera eraman ahal izateko.

Nolako jarduerak egiten dituzue bertan? Gure klubean Espainiako txapelduna eta 1/10tt kategoriako Europako txapeldunordea izateko zortea dugu. Bertan entrenatzen eta prestatzen ditu bere nazioko eta nazioarteko lehiaketak, eta Bizkaiko txapelketa ere egiten dugu.

Ermitabarriko instalazioez gain, pistetatik kanpo egin daitekeen zaletasuna da da honako hau, edo araudi espezifikoren bat dago? Autoak leku gehiagotan erabil daitezke, baina egokiena horrelako instalazio batean egitea da, segurtasunagatik eta ahalik eta gozamen handienarekin.

Zer ekitaldi eta lehiaketatan parte hartu duzue elkartea sortu zenutenetik? Espainiako 15 txapelketa eta Europako bat antolatu ditugu 2009an txurdinagako kiroldegian. Bertan 18 herrialdetatik etorritako 300 pilotu baino gehiago bildu ziren. Benetan arrakastatsua izan zen, bai Bilborentzat eta baita, eragin mediatikoari dagokionez: estatu mailako hainbat hedabidetan emititu zen Bilbon bizitako esperientzia hura.

Zure kasuan, Joserra, nolakoa izan zen zaletasun honekin izan zenuen lehen kontaktua? 1996an erosi nuen nire lehen irrati-kontroleko autoa eta harrezgeroztik nabil mundu honetan murgilduta. Zoragarria izan zen Fernando Alonso pilotoa tamaina txikian emulatzea. Esan behar dut gustatuko litzaidakela zaletasun honi denbora gehiago eskaintzea, baina gaur egun asteburuekin konformatzen naiz.

Edonorentzat eskuragarria al da zaletasun hau? Hobby hau bizikleten munduarena bezalakoa da: bertan 150 eurotik aurrerako inbertsioak egin daitezke. Mugak erabiltzaileak berak zehazten ditu.

Zein da CARBIren helburua gaur egun? Gure jarduera zabaltzea eta praktikatzeko leku bat izatea.

Elkartea zabalik al dago kide berrientzat? Bai, noski! bazkideek 120 euroko kuota ordaindu behar dute eta horrekin instalazioetarako sarbidea dute.
Diru horrekin instalazioaren mantentze- eta alokatze-gastuei aurre egiten diegu, gastu guztiak guk ordaindu behar ditugulako eta hasierako inbertsioa handia izan delako: moduluak, hesiak, belar artifiziala, hodiak etab.

Aurrera begira, zer nolakoa da ikasturte honetarako egutegia? Hilean behin, Bizkaiko Txapelketaren lasterketa bat antolatzen dugu. Bertan, pilotuak etortzen dira beste probintzietatik, Frantziako hegoaldetik… Hori dela eta, honek guztiak herriko ostalaritzari mesede egiten dio, eta gainera Estatu mailan zein nazioarteko mapan kokatzen du Zeberio. Azken, batean, publizitatea da herriarentzat. Laburbiltzearren, uste dut ona dela herriarentzat gu bertan egotea.

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Paula Camison Quintana: «Airean flotatzen duzula sentitzean zure pentsamendu guztiak desagertzen dira»

Paula Camisonek aireko akrobazietan aurkitu du bere gorputzaren eta buruaren arteko oreka. Gizarte-hezitzailea lanbidez, trapezioan eta oihaletan aurkitzen du askatasuna

|

Txikitatik tximino moduan ibiltzea gustatzen zitzaion, eta orain, trapezioan kulunkatzen da Paula Camison Quintana (Basauri, 1996).

Argentinan ezagutu zuen aireko akrobazien mundua, eta ordutik artearen eta kirolaren arteko diziplina horretan aurkitu du bere espresio modurik sakonena.

Paularen hitzetan, “airean flotatzen duzula sentitu eta zure pentsamendu guztiak desagertzen dira”. Hori da akrobazia bakoitzaren magia bere ustez, eta magia horrek harrapatuta bizi da ordutik hona, lurraren eta airearen artean.

Aireko akrobaziak egiten dituzu, Paula. Nola hasi zinen mundu honetan eta zergatik? Txikitatik gustatu zait tximino moduan zintzilikatzea. Eskalda egin nuen txikitan, gurasoek gustoko zutelako eta teknika ondo ikasteko. Behin baino gehiagotan joan nintzen “Cirque du soleil” ikustera eta txundituta, maiteminduta geratu nintzen akrobazia horiekin. Gainera, Argentinan Erasmusean nengoela duela zazpi urte, lagun bat ezagutu nuen aireko akrobazia irakaslea dena, eta noizbait probatzera eraman gintuen. Hor mundu berri bat ezagutu nuen.

Aurtengo San Migeleko jaietan // Utzitakoa

Orduan, Argentinan izan zenuen zure lehen esperientzia. Hori da. Probatu nuen lehengo aldia Argentinan izan zen. Bertan zirku eskola ugari daude. Euskal Herrira itzuli nintzenean, nire amaren lagun batek aireko akrobaziak egiten zituen, eta berarekin elkartu nintzen. Berak esan zidan zer eskola nituen gertu probatu ahal izateko, eta ez nuen zalantzarik izan.

Zer izan zen gehien erakarri zintuena akrobazietara? Adierazpen artistikoa gorputzarekin, indarrarekin eta malgutasunarekin konbinatu ahal izatea. Airean flotatzen duzula sentitu eta zure pentsamendu guztiak hor goian desagertzen direla. Momentu hori deskribaezina da niretzat.

Gogoratzen duzu zure lehenengo aldia oihal edo trapezio batean? Nire lehen aldia Argentinan izan zen, oihal batekin. Gogoan dut asko kostatzen zitzaidala oihalari heltzea. Sentsazio bitxia zen ez baita barra bat hartzearen bezalakoa, zure behatz guztiak estutu eta tenkatu egiten dira. Zapuztu egiten ninduen, trikimailuak ez zitzaizkidalako erraz ateratzen. Hurrengo egunean gihar-mina izaten nuen. Baina berriro saiatzeko gogotsu nengoen, eta ez nuen etsi.

Esan didazu Argentinan zirku eskola ugari daudela. Zer aurkitu zenuen bertan, hemen falta dena? Zirkuaren munduan murgilduta zegoen jende asko aurkitu nuen, kalean eskola irekiak egiten zituzten autodidaktak. Eskaintza handia zegoen Argentina osoan, baita Latinoamerikako beste herrialdetan ere, hala nola, Txilen edo Brasilen. Zirku eskola asko daude, hemen baino ezagutza gehiago edo behintzat kontzientzia handiagoa dute arte honi buruz, askoz barneratuago daukate.

Argazkia: Utzitakoa

Zirku giroaz gain, zer beste gauza egin zenituen Argentinan? Zer ikasi zenuen bertan? Kultura salteñoa (tradizio indigena eta hispanoen mestizajea da, bere espiritualtasun bereizten dena) sakonean ezagutu nuen, Argentinako iparraldekoa. Klase eta borroka kontzientzia, baita hezkuntzaren eta kolektiboaren balioa ikasi nituen.

Euskal Herrira bueltatu zinenean eta zure amaren lagunarekin berba egin ostean, Zirkozaurren eman zenuen izena. Bai. Kirol eta arte hau bete-betean probatzeko gogoak bultzatu ninduen izena ematera. Ipurterre samarra naiz eta kirol desberdinak eta ezohikoak direnak esperimentatzea gustatzen zait, betidanik, eta aukera bikaina iruditu zitzaidan.

Zein helburu zenituen hasiera haietan: afizio modura izan zen ala ordurako bazenuen helburu artistiko edo pertsonal zehatz bat? Zaletasun bat zen, baina baita helburu pertsonal bat ere; ikuskizunetan hainbestetan ikusitakoa eta inbidia ematen zidana azkenean frogatzea zen. Zentzu horretan

Ez dakitenentzat, zer da Zirkozaurre? Nolakoa da bertako eskola, komunitatea eta entrenamendu giroa? Zirkozaurre adin guztientzako zirku eskola bat da. Bertan, aireko akrobazia eskolak emateaz gain, zoruko akrobaziak (bertikalak, etab.) eta zirkuaren munduko beste diziplina batzuk ere ematen dira, hala nola, malabareak. Entrenamendu giroa oso ona da, denon artean elkar ezagutzen dugu eta talde on bat sortu izanak gure kabuz entrenatzera joatea bultzatu gaitu, eskoletara joateaz aparte.

Hasieran trapezioan sakondu zenuen eta orain oihalekin berriro hasi zara. Hala da. Bi disziplina desberdin dira. Trapezioak min handiagoa ematen du, barra zurruna da eta gorputza horretara ohitu behar da; sokak ere gogorragoak dira eta ez dira oihalak bezain atseginak. Esan dezakegu oihalak estetikoki bisualagoak direla, irudi sinple bat polita geratzen baita. Gorputza ere estutzen dute, baina hobeto jasan daiteke. Egia da niretzat behintzat heldulekua ezohikoagoa dela, eta horretara modaltu behar naiz.

Uztailarekin ere hasi zara orain. Teknika desberdina behar da disziplina hau lantzeko? Elementu bakoitzak bere teknika du, baina egia da ariketa batzuk elementu guztietara eraman edo egokitu daitezkeela. Trapezioan eta uztailan, adibidez, oso antzekoak diren irudiak egin daitezke.

Argazkia: Utzitakoa

Trapezioa, oihalak eta uztaila. Batekin geratu beharko bazenu, zein litzateke? Zergatik? Kamaleonikoa naizen arren eta diziplina guztiak pixka bat jakitea gustatzen zaidan arren, trapezioarekin geratzen naiz. Nire konfort-eremua da eta maitasun berezia diot. Renato nire lehen irakasle trapezista zen, eta berak elementu honekiko sentitzen zuen ilusio hori transmititu ninduen. Gainera, sentimenduak alde batera utzita, trapezioan kulunka ibiltzea gustatzen zait, horri eusteko eta ez erortzen uzteko izan behar den indarra sentitzea.

Nolakoak dira entrenamenduak? Oso entretenigarriak eta bete-beteak. Lehen zatia, 30 eta 45 minutu artekoa, beroketa eta entrenamendu fisikoa da indarra eta elastikotasuna lortzeko, ondoren elementuan aplikatuko dena. Irakaslearen arabera gogorragoa da, eta aparatua bera erabiltzen da atal fisikorako (abdominalak, trapezioarekin dominadak…). Gero, aparatuetara joaten da eta elementuaren arabera ariketak eta sekuentziak ikasten dira. Amaitzeko 15 minutuko luzaketak egiten dira gorputza erlaxatzeko tentsioaren ondoren. Eskolek 2 ordu irauten dute.

Entrenamendu fisikoaz gain, burua ere entrenatu beharko da aireko akrobazietan. Pixka bat bai. Truko batzuetan beldurraren faktoreak eragiten du: erortzeko beldurra, min hartzeko beldurra edota gai ez izateko beldurra, hain zuzen. Truko bati beldurra hartzen zaionean, hobe da berriro saiatzea, batzuetan burua blokeatu egiten delako eta ez delako berriro saiatzen.

Aireko akrobaziak arte modutzat ikusten dituzu? Zer du diziplina honek artistikotik, eta zer du kiroletik? Noski baietz, arte-adierazpen bat dira. Konexioa duzu aparatuarekin, musikarekin eta zure gorputzarekin. Kirol arloari dagokionez, indarra eta elastikotasuna asko lantzen dira.

Iaz Basauriko jaietan egin zenuen emanaldia Artista Lokalen Egunean, eta aurten San Migeleko jaietan. Bai! Urduritasunarekin baina emozioz bizi nituen bi emanaldiak. Jende ezagun asko egongo zela uste nuen eta nire akrobata taldearekin dena ondo ateratzeko ardura nuen, harrera ona izan zezaten. Aldi berean, aukera bat izan da inoiz zirku-ikuskizunik ikusi ez duen jendeari diziplina artistiko hau ezagutarazteko eta, beharbada, gazteren bat motibatuta senti daiteke arte eta kirol hau probatzeko, oso ezaguna ez dena.

Basauriko jaietako Herriko Artisten Egunean parte hartu zuen Paulak iaz // Herriko Taldeak

Airean zaudenean, zer sentitzen duzu? Zer gertatzen da zure barnean? Gorputzak gidatzen zaitu ala buruak? Hasieran urduritasun pixka bat dago eta pentsamendu gehiegi egingo dudana errepasatzen, baina nire kasuan musikarekin gora igotzea da eta dena jalgiten doa, bat-batean zerbait ahazten bazait jarraitu egiten dut. Nahiago dut musika sentitu, inguruan daukadanaz pentsatzea baino, gorputzak gidatu nazala.

Eta publikoaren erreakzioak zer ematen dizu? Jendearen aurrean nire burua rakusten jarraitzera motibatzen nau, egiten dakidana erakutsiz eta ikuskizun bat emanez. Ez dut niretzat egiten, gainerakoei erakusteko egiten dut. Era berean, egiten dudana gustuko dutela sinesten jarraitzea laguntzen dit, jendea harritu egiten dela, nahiz eta beste gehiagotan ikusi nauen.

Zer esan nahi du zuretzat aireko akrobaziak egiteak? Niretzat nire gorputza eta burua proba moduan jartzea da, egin daitezkeen gauzez harritzea, muturreko momentuetan ateratzen zaizun indarraz harritzea… Bide luzea da, ez duzu hasi eta jarraian lortuko, baina egia esan merezi du
Askotan diote trapezioan edo oihaletan “denbora gelditu egiten dela”. Eta hala da. Zerbait gustatzen zaizunean eta bete-betean harrapatzen zaituenean denbora hegan pasatzen da. Pasio kontua da!

Etorkizunean, aireko akrobaziak aisialdirako ikusten dituzu ala zure bidea profesionalizatzera bideratu nahi duzu? Afizio eta errutinaren ihesbide gisa ikusten dut. Egia da Basaurin eta San Migelen aritu garen nire akrobata taldearekin (Kolla Zirkeroa) motibatuta gaudela ikuskizun gehiago egiten jarraitzeko, baina ez profesionalizatzeko moduan.

Argazkia: Utzitakoa

Ametsik betetzeke duzu aireko akrobazien munduan? Egia esan, ez. Nire helburua edo bete nahi nuen ametsa nire herrian, San Migelen, antzeztu ahal izatea zen eta hori beteta dago; nahiz eta gehiagotan bete ahal izatea espero dudan! (barreak)

Eta azkenik, zer aholku emango zenioke lehen aldiz aireko akrobaziak probatu nahi dituen norbaiti? Gorputz, genero eta adin guztientzako kirola da, hori da abiapuntua. Nire irakasle Renatok zioen bezala, zirkuak min ematen du, ez dut gezurrik esango, baina gainditze eta poztasun pertsonalerako une asko ekartzen ditu, bai zure burua bai zure gorputza zer egiteko gai den deskubritzen duzunean. Esperientzia hori ahaztezina da, egia esan!

Osorik irakurri