→Basauri

Hezkuntza sistema propio baten aldeko mugimendua hasi da Basaurin

basauri arizko ikastola lomce elkarretaratzea 2015 otsaila

LOMCEri aurre egiteko eta “gure hezkuntza” eraikitzeko proposamenak batzen eta hedatzen hasi dira Arizko Ikastolan. Martxoaren 26an elkarretaratzea antolatu dute. 

Gaur egun ahoz aho dabilen gaia da hezkuntza sistemarena. Espainiako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege OrganikoaLOMCE gaztela­niazko siglez edo Wert legea goi­tizenaz ezagunagoa- 2013. urtean sartu zen indarrean Espainian. Or­dutik, Euskal Herrian horren aurka­ko mugimenduak sortu dira.

Horren adibide da Hezkuntza Plataformen Topagunea. 2014ko abenduaren 6an lan saioa antola­tu zuten Durangon. Ehun bat lagun elkartu ziren bertan eta Basauri­ko Arizko Ikastolatik lau lagun joan ziren: hiru irakasle eta ikasle ba­ten ama. “Bertan argi ikusi genuen ikastolan ere hasi behar genuela gaiaren inguruan gogoeta egiten eta jarrera adostua lantzen”, diote Ikastolako lantaldeko kideek. Pen­tsatu zuten mugimendu horrek ez zuela soilik LOMCEri aurre egiteko izan behar: “LOMCEri aurre egin bai, baina zergatik, zertarako eta zer lor­tu nahi dugun kontuan izan behar dugu, hau da, ez da legearen kontra egitea bakarrik, baizik eta eraikitze prozesu bat zehaztea”.

Lan saio horren ondoren, lau la­gunek lantaldea osatu zuten Arizko Ikastolan zuzendariarekin batera, eta honakoa adostu zuten: “LOMCE­ren kontra gaude, LOMCE ez apli­katzeko konpromisoa landu nahi dugu, Euskal Herriak bere hezkun­tza behar duela sinestuta gaude eta horretan egin nahi dugu lan”. 2015. urtearen hasieran baieztapen ho­riek Eskola Kontseiluak onartu eta bere egin ditu. Lantaldeko kideen iritziz, “pauso hori oso garrantzitsua izan da. Izan ere, guk aurreikusten dugun bide hau eskola komunitate osoak onartu beharko luke eta es­kola komunitate osoa ordezkatzen duen organoa Eskola Kontseilua da”.

Eskola Kontseiluan aurkeztu baino lehen, Irakasleen Klaustroan eta Guraso Elkartean aurkeztu zu­ten: “Ekimenaren lanbidea txikitik handira joan da: lehenengo lantal­deak osatu zuen plangintza, ondo­ren irakasleei eta Guraso Elkarteari azaldu zitzaion, onartu egin zuten eta orduan Eskola Kontseilura era­man genuen”.

KALEAN HEDATUZ

Behin Eskola Kontseiluak onartuta, ekimena lau haizeetara zabaltzen hasi dira. Alde batetik, agerraldia egin zuten Agate Deuna egunean: Basauriko zahar-etxeetara egin zu­ten bisita eta bidean, elurra lagun, LOMCEren kontrako bertso batzuk abestu zituzten. Bestetik, LOMCE aplikatzeak ekarriko lituzkeen on­dorioen berri eman diete ikasleei eta gurasoei , esaterako, ikas­gaiak garrantziaren arabera mai­lakatuko liratezkeela eta euskara hirugarren mailan egongo litza­tekeela, azken mailan, alegia.

Sinadurak bilduko dituzte ikasleen familietan eta Irakasle Klaustroan. “Helburua LOMCErik gabeko Arizko Ikastola lortzea da”, diote. “Guk egiten ditugun ekime­nak kopia litezke, hau da, ez da ezer esklusiboa. Mugimendu hau beste leku askotan piztu da iaztik hasita: Gasteizen, Ba­rakaldon edo Sestaon, besteak beste”. Hego Uribe eskualdeko eskolak ekimenera batzea da Arizko Ikastolaren helburua. “Gu Arizko Ikastolako lantaldea bes­terik ez gara eta herri mailako plataforma bat lortzea da gure helburua. Horretarako, beha­rrezkoa da zonalde edo herri ba­teko antolaketa egitea”, zehaztu dute.

 

________

EGUNERO PAUSOAK EMATEN

2015. urtean, besteak beste, bi ekimen berri sortu dituzte Arizko Ikastolan “Guk geure hezkuntza” programaren barruan: familien jolas tailerra eta gurasoen an­tzerkigintza taldea.

basauri arizko ikastola lomce tailerra 2015Jolas tailerra Sortzen elkar­teari esker jarri dute martxan. Bi talde osatu dituzte eta guztira sei saio egingo ditu talde bakoi­tzak, ordu eta erdikoak. Hamaika helduk eta hamalau umek eman dute izena: Haur Hezkuntzako ikasleak dira denak eta euska­ra da tailerreko ardatz nagusia. Kantak, esamoldeak, esku-jo­lasak, harrapaketa-jolasak, zotz egiteko formulak eta jolas ze­rrenda zabala lantzen dituzte. Tailerra Guraso Elkarteak ordain­tzen du.

Bestalde, gurasoen antzer­kigintza taldean zortzi lagunek parte hartzen dute. Euskarabi­la Basauriko elkartearen bidez egiten dute, eta astero ordu eta erdiz elkartzen dira ikasturte osoan zehar. Kasu honetan gura­so bakoitzak bere diru ekarpena egiten du. Ikastolaren helburua, alde batetik, guraso euskaldu­nen artean euskararen erabilera sustatzea da eta, beste aldetik, prestatu duten antzezlana ikas­turtearen amaieran ikasleen au­rrean aurkeztea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak