☉ Hego Uribe
[Argazkiak] Hego Uribe, BBK Bertso Txapelketan irabazle

Martxoaren 18an Bertsolari gazteen BBK Txapelketaren finala ospatu zen Bilboko Kafe Antzokian eta Hego Uribe eskualdeko ordezkariak suertatu ziren garaile Busturialdeko taldearen aurretik. Lehiaketa parekatua burutu ondoren, Ander Anakabe Lekue, Enare Muniategi Etxabe, Iker Garitagoitia Astigarraga, Txaber Ormazabal Villanueva, Andere Molinuevo Martin eta Iker Molinuevo Martin herritarrek osatutako Hego Uribeko taldea izan zen onena.
☉ Hego Uribe
Uholde-arriskua txikitu da Galdakao eta Basauri artean datozen 100 urteetarako
Bukatu dituzte Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko lanak Galdakao eta Basauri artean, 11 urteko obren eta orotara 36,2 milioi euroko inbertsioaren ondoren

URAk amaitu ditu Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak Basauritik eta Galdakaotik igarotzean uholdeetatik babesteko lanen egokitzapen hidraulikoaren hiru faseak. Modu horretan, Ibaizabal ibaiertzeko guneetan uholde-arriskuak saihestuko direla ziurtatu dute Eusko Jaurlaritzako eta URAko ordezkariek.
“Hobekuntza handia lortu da uholdeen aurreko segurtasunean: 100 urteko errepikatze denboran, uholdeek ez dituzte eremu okupatuak kaltetuko”, diote URAko ordezkariek. Beste era batera esanda, Ibaizabal ibaian uholde-arriskua txikitu da Galdakao eta Basauri artean, behintzat, 2123. urtera arte.
Instituzio ugariren elkarlanaren emaitza izan dira Nerbioi eta Ibaizabalen birbideratze lanak. Azaroaren 22an lanen amaieraren berri emateko ekitaldia antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan izan ziren Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburua; Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia; Aitor Aldasoro, Ingurumen eta Jasangarritasunerako sailburuordea; eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea.
“Urtetako lanaren ondoren, Ibaizabal ingurua prest, seguru dago. Hemendik aurrerako neguak lasaiago emango dituzte ibaiertzeko bizilagunek, errekaren emariari etengabe begira egon beharrik gabe”, adierazi zuen Hernandok.
Era berean, instituzioen arteko elkarlana nabarmendu zuen Galdakaoko alkateak: “Mahai gainean jarri ditugu ikuspuntu desberdinak, eztabaidatu dugu, eta denon artean emaitza hobea lortu dugu”. Urtero uholdeak egoten ziren Zuhatzu inguruan azken bi urteotan ez dela halakorik izan jarri zuen adibide Hernandok.
Elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi, eta Galdakaoko Udalak hemendik aurrera Ibaizabalen inguruan lanean jarraituko duela adierazi zuen. Hain zuzen ere, ibaiertzean, Torrezabaleko zubira bitartean, aisialdirako gune berri bat sortzeko asmoa du Galdakaok. “Lan horretan murgilduko gara aurrerantzean, Ibaizabali begira jarri eta ibaia eta herria lotzeko”, adierazi zuen Hernandok.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea // Irekia
Asier Iragorri Basauriko alkateak adierazi zuenez, “urteak daramatzagu ibaia herrian integratzen. Dagoeneko ibaia eguneroko bizitzan integratuta dago, ohikoa da ibaiertzetatik paseatzea, bai Galdakaora bidean zein Arrigorriagara bidean”.
Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak honela laburbildu zuen egindakoa: “Gurea moduko herri batentzat ez badago elkarlanik ezinezkoa da horrelako proiektu bat egitea. Lan hauei esker, lehen ibaiari bizkar emanda bizi ginen moduan, ibaiari begira bizi gaitezke orain”. Eta Galdakao jarri zuen elkarlanaren adibide: “2019an Galdakaoko Udala etorri zitzaigun esanaz korapiloak askatu behar genituela. Jarri ginen elkarrekin lan horretan, eta emaitza hemen dugu”.
Hiru fase, 11 urte
Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak birbideratzeko lanak duela 11 urte hasi zituen URAk eta guztira hiru fasetan burutu ditu obrak: lehehengoa Etxebarriko Bandas zubitik (Euskotren) Basauriko Arizko zubiraino; bigarrena Urbi (Basauri) eta Bengoetxe (Galdakao) tartean; eta hirugarrena Bengoetxetik Plazakoetxeraino. Inbertsioa guztira 36 milioi eurokoa izan da.

Mercadillo zubia // Irekia
Lehenengo fasean Euskotrenen Bandaseko zubiaren ordez bao bakarreko beste bat jarri zuten, ubidean euskarririk gabekoa, Etxebarri eta Basauri artean. Halaber, Gudarien kaleko (Basauri) zubiaren ordez, bao bakarreko beste bat jarri zuten. “Lehenengo fasean ibilguaren hustutze-ahalmena handitu zen Nerbioi ibaiaren 2.020 metroko tartean”, adierazi zuen Aizek azaroaren 22an Galdakaon, Mercadillo zubiaren ondoan, egin zuten agerraldian.
“Ibilguaren sekzioa handitzeari ekin zitzaion, batez ere ohantze harritsua induskatuz, 2,5 metroko sakonera irabazteko. Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek bat egiten duten tokian, 28 metroko zabalera duen ohiko emarien kanala egokitu zen ibilguan, eta 5 metroko zabalera duten aulkitxoak edota plataformatxoak ezarri ziren alboetan, hondotik 2,5 metroko altueran. Era berean, Fabrelec presa txikia zati batean eraitsi zen, 0,5 metroko altueran”, adierazi zuen Aizek. Lehenengo fasean inbertsioa 16 milioi eurokoa izan zen.

Basauriko, Galdakaoko eta Zaratamoko alkateak Arantza Tapiarekin hizketan // Irekia
Bigarren fasean, alde batetik Urbiko zubia ordezkatu zuten, baita Bridgestonekoa ere. “Bigarren fasean ibilgua 1.570 metroko tarte batean handitu zen, Nerbioi ibaiaren elkargunearen eta Ibaizabaleko Bengoetxe presa txikiaren artean, ur askoko gertakarietan behin eta berriz agerian geratu zen gaitasun hidrauliko eskasari erantzuteko. Horren ondorioz, Urbiko eta Bridgestoneko zubiak aldatu behar izan ziren, eta Urbiko presa txikia partzialki eraitsi”. Obra horiek 2017an amaitu zituzten, eta 8 milioi euroko inbertsioa izan zuten.
Hirugarren faseari dagokionez, besteak beste, Mercadillo zubia handitu eta zaharberritu zuten (Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa katalogatua dago); gainera, Txomin Egileor kaleko hiru etxebizitza eraitsi zituzten, eta Plazakoetxeko zubiko zutabeen oinarriak sendotu eta erabileraz kanpo zegoen Bengoetxeko presa txikia eraitsi zuten. Guztira 1.640 metroko luzeran burutu zuten hirugarren fasea eta inbertsioa 12 milioi eurokoa izan da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantziatua.
☉ Hego Uribe
Bridgestonek bi astez geldituko du produkzioa Basaurin eta hamar egunez Usansolon

Bridgestonek aldi baterako lan-erregulazio espedientea ezarriko du Basauriko eta Usansoloko lantegietan. Modu horretan, abenduan eta 2024an zehar hainbat egunez geldituko dute produkzioa, zuzendaritzak jakinarazi duenez. Erabaki horrek, Basauriko eta Usansoloko lantegiez gain, eragina izango du Burgoseko eta Puente de San Migueleko (Kantabria) fabriketan.
Basauriko lantegiari dagokionez, abenduan bi astez produkzioa etetea erabaki dute: abenduaren 17tik 30era bitartean, goizeko zein gaueko txandetan.
Usansolon hamar egunez geldituko dute produkzioa, abenduaren 20tik 30era bitartean, kasu honetan ere goizeko eta gaueko txandetan.
Enoresak “beharrezkotzat” jo du neurria, “biltegietako stocka gehiegizkoa delako eta aurreikusitako eskaerak murriztu direlako, merkatuaren egungo egoera konplexuak eraginda, eta planten eraginkortasuna eta lehiakortasuna eta etorkizuna bermatzeko helburuarekin”, adierazi dute.
2024an etenaldi gehiago
Aldi baterako lan-erregulazio espedientea 2023ko abenduan aplikatzeaz gain, 2024an ere hainbat egunez ezarriko dute, eta hortaz, produkzioa etengo dutela adierazi du zuzendaritzak.
Basaurin 63 eguneko geldialdia egitea proposatu du Bridgestonek 2024an, urtarriletik urrira bitarteko epean. Eta, Usansolon 47 egun aurreikusi dituzte gelditzeko datorren urtean, urtarriletik irailera bitartean.
Geldialdi horiek 1.000 langile ingururi eragingo die Basaurin eta 50 ingururi Usansolon.
Nolanahi ere, enpresako zuzendaritzak adierazi du aldi baterako enplegu espedientea bertan behera utz dezakeela, “une bakoitzeko produkzio-bilakaera kontuan hartuta”. Bridgestonek gutxienez 24 ordu lehenago abisatuko ditu sindikatuak eta langileak.
Iazko azaroan ere aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea aktibatu zuen Brdgestonek, “eskariaren beherakadaren ondorioz biltegietan pilatzen ari zen stocka gero eta handiagoa zelako”.
Sindikatuak “kezkatuta”
CCOO, UGT, BUB eta SITB sindikatuek bere kezka nabarmendu dute: “Egun askotako geldialdia da lantegi guztietan”, adierazi dute: “Urtebete geroago enpresak antzeko egoera, argudio eta irtenbide berdinak aurkeztu ditu”.
Sindikatuentzat, erabaki horietako asko zuzenean lotuta daude hurrengo hitzarmena negoziatzen hastearekin. “Enpresak egoera dramatikoa planteatu nahi du, murrizketa batzuk egiteko asmoz. Hala ere, joan den abuztuan jakin genuen Bridgestone Hispania Manufacturing enpresak eta Bridgestone Corporation enpresak irabaziak bikoiztu dituztela”, diote sindikatuek.
“Gainera, duela egun batzuk argitaratu zen mozkin garrantzitsu horiek urteko hirugarren hiruhilekoan mantendu direla, eta multinazionalak ez duela aurreikusi urteko gainerako urteetarako finantza-pronostikoan aldaketarik egitea”, diote sindikatuek. Aurreikuspenen arabera, aurten 2.069 milioi euroko irabazi garbiak lortuko ditu Bridgestonek.
☉ Hego Uribe
Sweet Rage taldeak, Usansoloko baxu-jotzaile batekin, Rockein lehiaketa irabazi du tokiko mailan

Azaroaren 18an, larunbatez, Rockein lehiaketako finala izan zen Basauriko Social Antzokian. Hego Euskal Herriko musikari eta taldeei zuzendutako lehiaketako hamaikagarren edizioan Lova Lois Astrabuduako raperak, poetak eta kantautoreak irabazi zuen sari nagusia.
Tokiko talderik onenaren kategorian Sweet Rage azken belaunaldiko metal seikote bizkaitarra izan da garaile: baxu-jotzailea Usansolokoa da. Era berean, Islabat taldeak (Asier Olabarrieta elgoibartarraren rock intimista proiektua, Andoni Alonso galdakoztarra taldean duena) euskarazko talderik onena saria irabazi zuen, eta Nun kantautore gasteiztarrak Eskarabilera Saria jaso zuen.
Irabazleak erabakitzeko epaimahaia honako hauek osatu zuten: Álvaro Fierro (musika kritikaria, musika dokumentalen zuzendaria eta Kultumetriako arduraduna, kulturaren eremuan inpaktua aztertzeko enpresa); Eva Ausín (ekoizlea, konpositorea, gidoilaria eta koreografoa. Let ‘s Dance konpainiako zuzendaria eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako kidea); Jon Agirrezabalaga (soinu-ekoizle eta -ingeniaria El Tigre Estudiosen (Bilbon). Musikaria eta konpositorea WAS eta Zabalan); María Larrinaga (Basauriko Udaleko Kultura zinegotzia); Iker Bárbara (MondoSonoro aldizkariaren Euskal Herriko eta Errioxako edizioaren koordinatzailea, kultur sustatzailea eta DJa); eta Javier Jiménez (Arrigorriagako Gaztegunea).
☉ Hego Uribe
Bideoa / Ane Bikandi, Hego Uribeko A30 greba batzordea: “Zaintza publikoa eta komunitarioa izan behar da”

Azaroaren 30ean greba feminista orokorra dago deituta. Zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko greba izango da, eta Hego Uribetik bat egin dute.
Gaur, azaroak 18, A30 grebara batzeko deia egin du Basaurin Hego Uribeko greba batzordeak. Basauriko, Arrigorriagako, Ugaoko eta Galdakaoko herritarrak izan dira prentsaurrekoan.
Ane Bikandi zaratamarra eta Ugaoko Emahots elkarteko kidea Hego Uribeko greba batzordeko kidea da eta berarekin egon gara solasean grebari buruz.
☉ Hego Uribe
Zuberoako ikastolen aldeko Gabonetako saskiak banatuko dituzte Hego Uriben
Hego Uribe eskualdean sei banaketa puntu ezarri dituzte, Arrigorriagan, Basaurin eta Galdakaon. Aurreikuspenen arabera, saskiak abenduaren 15ean banatuko dituzte

Zuberoako Eperra eta Alozeko ikastolak laguntzeko eta bertako ekoizpenak ezagutaratzeko eta dastatzeko saskiak salduko dituzte beste urte batez Euskal Herri mailan. Hego Uribe eskualdean ere bat egin dute ekimenarekin.
Xiberoko ikastolen saski salmenta kanpaina azaroaren 1ean abiatu zuten eta hilaren 26ra arte luzatuko da.
Aurten ere hiru saski mota salduko dituzte: Pettarra (50 euro), Arbaila (57 euro) eta Basabürüa (68 euro). Saski bakoitzak ondorengo produktuak dakartza:
- Pettarra: ahate gibel berrosatua, eztia, bixkotx artisanalak, ardi gazta kiloa eta pastak
- Arbaila: eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi ardi gazta, bixkotx gatzatuak, erreximenta, pastak eta tisana
- Basabürüa: xerriki patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kiloa, xahalki axoa, lukainka idorra eta pastak

Xiberoko Ikastoletako guraso eta ikasleak // Ikaskoli
Saskiak www.ikaskoli.eus webgunean eros daitezke eta Hego Uribe eskualdean sei banaketa puntu ezarri dituzte:
- Arrigorriaga: Abarrak Euskara Elkartea, Arrigorriaga Eskola eta Arrigorriaga Institutua
- Basauri: Arizko Ikastola eta Zutarri taberna
- Galdakao: Eguzkibegi Ikastola
Aurreikuspenen arabera, saskiak abenduaren 15ean banatuko dituzte.
20 urte
2003an hasi ziren Xiberoko ikastolak gabonetarako saskiak prestatzen tokiko ekoizpenekin. Ordutik 20 urte igaro dira: “2003 urteaz geroztik, Xiberoan kokatuak diren 2 ikastolek (Alozekoa Basaburuan 32 haurrekilan, eta Eperra Pettarrean 73 haurrekilan) tokiko mozkinekin osaturiko saskiak salgai ezartzen ditugu Gabonetarako”, diote.
Xiberoko Ikastoletako arduradunak “oso pozik” agertu dira, “iaz saskiak berriztaztu eta prezioak igo behar izan bagenituen ere, 2.200 saskiren heina atxikitzea kausitu dugulako”, diote. Aurten, iaz bezala, hiru saski saltzea erabaki dute.