☉ Zeberio
Argazkiak / Zeberio ibaia / Hego Uribeko uren altxorrak

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan
Zeberio ibaia eta inguruak
Zeberio (Bizkaia)
Kokapena
Nola heldu: Zeberio erditik zeharkatzen du herriaren izena duen ibaiak. Bere ibilbidean zehar oso paraje ederrak ditu, tartean, ur-jauzi txikiak eta putzuak. Hego Uribe eskualdetik joanda, Ugaotik heldu daiteke.
Ekipamendua: Ibaiaren ibilbidean zehar ertzeetan aisiguneak topa daitezke, hamaiketakoak egiteko guneak mahai eta guzti.
☉ Zeberio
Egun osoko egitaraua prestatu dute Zeberion Euskararen Nazioarteko Egunaren harira
Hainbat elkartek, udalarekin elkarlanean, egitarau oparoa prestatu dute, goizean goizetik hasita eta arratsaldeko azken ordurarte

Zeberioztarrentzat egun garrantzitsua da Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Hainbat elkartek, udalarekin elkarlanean, egitarau oparoa prestatu dute, goizean goizetik hasita eta arratsaldeko azken ordurarte.
Eguneko lehen hitzordua 11:30ean izango da, eta etxeko txikienek izango dute zer ikasi eta zer gozatu: taloak egiteko txokoa, kamisetak eta txapak margotzeko txokoa eta karaoke txokoa prestatu dituzte eurentzat.
Ondoren, eta eguerdi partea girotzeko, 12:30ak aldera, Jon eta Maiderren kale animazioaz gozatu ahal izango dute txiki eta ez hain txikiek. Dantzan eta kantuan aritzeko aukeraz gain, gaztaina goxo-goxo batzuk jateko parada izango dute.
Ordubete geroago, 13:30ean, ekitaldia egingo da.
Eguna ezin hobeto bukatzeko, arratsaldeko 19:00etan Irati film magikoarekin itxiko dute egun berezi hau.
☉ Zeberio
Azaro feministari hasiera emango diote gaur Zeberion
Gaurtik hasita, eta datorren larunbata bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte: dokumentala, dantza ikuskizuna eta elkarretaratzea, hurrenez hurren

Azaroaren 25aren bueltan programazio oparoa prestatu dute Zeberion. Gaurtik hasita, eta datorren larunbata bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte aurtengo azaro feministan: dokumentala, dantza ikuskizuna eta elkarretaratzea, hurrenez hurren.
Gaur bertan, arratsaldeko 18:30ean “Volar” dokumentala eskeiniko dute udaletxeko bigarren solairuan, eta ondoren solasaldia egingo dute filmeko protagonistekin.
Lan honek erakusten duen moduan, genero-indarkeriak ez du mugarik ez gizarte-klaserik ezagutzen. Film honek bederatzi euskal emakume biltzen ditu, bederatzi profil desberdinetakoak. Guztiek gizonen indarkeria jasan dute, oso urte zailak igaro dituzte, baina azkenean gainditzea lortu eta gaur egun arazo global hori agerian uzteko borrokatzen ari dira. Dokumentalean, bederatzi emakumeek asteburu bat igarotzen dute landa eremuan, eta han hitz egiten, gogoratzen, hausnartzen eta argitzen dute indarkeria horrek dakarren guztiaren inguruan.
Etzi, azaroak 24, “Etzanderak” dantza ikuskizuna eskainiko dute frontoian, arratsaldeko 19:30ean. Musika, dantza, historia eta feminismoa uztartzen dituen ikuskizun berezia da, zer pentsatua ematen duena, hunkigarria eta iradokitzailea.
Bukatzeko, azaroaren 25ean, eta Emakumeen Kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, elkarretaratzea egingo dute, 13:00etan udaletxe aurrean.
☉ Zeberio
Haurren sexu-abusua eta tratu txarrak prebenitzeko eta ikusarazteko hitzaldia egingo dute Zeberion larunbatean
“Haurren sexu-abusua eta tratu txarrak prebenitzeko eta ikusarazteko” hitzaldia Maitane Urizar Elorza EHU-ko irakasleak gidatuko du

Haurtzaroko eta nerabezaroko sexu-abusuen arazoa gaurkotasun handiko gaia da mundu osoan. Lau neskatotik batek eta 7 mutikotatik batek sexu-indarkeria pairatu du, pairatzen ari da edo jasango du, kasu gehienetan 13 urte bete baino lehen, eta eraso horien erantzulea bere familiako edo gertuko pertsona bat izango da ehuneko handi batean (% 65-85). Haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusuek epe laburrean eta luzean ondorio larriak ekar ditzaketen arren, gaur egun horren inguruan dauden ikerketak, informazioa eta prestakuntza eskasak dira.
Maitane Urizar Elorza EHU-ko irakaslearen “Rompiendo el secreto de los abusos sexuales contra la infancia y la adolescencia” liburuan jasotzen diren datu kezkagarriak dira hauek. Urizar gai horretan aditua da, eta datorren azaroaren 18an, larunbata, “Haurren sexu-abusua eta tratu txarrak prebenitzeko eta ikusarazteko” hitzaldia eskainiko du Zeberioko udaletxean, 11:00etatik 13:00etara. Antolatzaileen hitzetan, ” haurrak etorkizuna dira, eta gure erantzunkizuna da haiek babestea”. Hitzaldi honetan formazio teoriko eta praktikoa eskainiko zaie bertara hurbiltzen diren herritarrei.
Lau neskatotik batek eta 7 mutikotatik batek sexu-indarkeria pairatu du, pairatzen ari da edo jasango du, kasu gehienetan 13 urte bete baino lehen, eta eraso horien erantzulea bere familiako edo gertuko pertsona bat izango da ehuneko handi batean (% 65-85)
Modu berean, Pepe Godoy basauriarrak parte hartu duen ‘Shame-European stories’ erakusketaren argazkietako batzuk eramango dituzte udaletxe sarrerara. Godoyk sexu abusuak pairatu zituen bere futbol entrenatzailearen aldetik, eta ekimen honen barruan biktimek beren testigantzak eta erretratuak partekatu zituzten.
☉ Zeberio
Bizkargi mendilerrora irteera antolatu du Austarri Mendi Taldeak
Zeberioko Austarri Mendi Taldeak bere urteko programazio aberatsarekin aurrera jarraitzen du, eta oraingoan azaroaren 25erako prestatu duten irteeraren berri eman dute: Bizkargi mendilerroa.

Zeberioko Austarri Mendi Taldeak bere urteko programazio aberatsarekin aurrera jarraitzen du, eta oraingoan azaroaren 25erako prestatu duten irteeraren berri eman dute: Bizkargi mendilerroa.
Larrabetzu, Muxika, Morga eta Zornotza arteko mugan kokatzen den Bizkargik natura eta historia uztartzen ditu bere 555 metroetan. Gailurrean Santa Kurtz baseliza kokatzen da, eta Espainiako Gerra Zibilean bere garrantzia izan zuen mendilerro honek, borrokaldi odoltsuak eman baitziren bertan. Hori dela eta, urtero-urtero maiatzeko lehen igandean gudariei omenaldia egiten zaie bertan.
Ibilaldiaren nekeak arintzeko, gainera, Morgako Talleri Barria upategian egingo dute indaba jana.
Izena emateko azken eguna azaroaren 25a da.
☉ Zeberio
Neguko Azokak Azkuetaren gazta, Barazkiloko barazkiak eta Artesako ogia ekarriko ditu Zeberiora
Azokak 10:00etatik 15:00ak arteko ordutegia izango du eta Zeberioko Udaletik iragarri dute txosna bat ipiniko dutela Zubialden

Azaroaren 26an Neguko azoka antolatu du Gorbeialde elkarteak Zeberion eta aurten 11 saltoki ipiniko dituzte Zubialdeko plazan. Horien artean Zeberioko hiru ekoizle izango ditugu: Saldarian auzoko Aitor Azkueta, Barazkiloko Nadia López eta Artesako Txufer Garay eta Javier Martinez izango dira euren produktuak saltzen. Azokak 10:00etatik 15:00ak arteko ordutegia izango du.
Hiru ekoizleak eta euren lana gertutik ezagutu izan dugu GEURIAn. Horregatik, bertako gazta, barazkiak eta ogia erosteko aukera paregabea izango dute Zubialdera hurbilduko diren herritarrek. Joan den urriaren 19an Ekain Goti Zeberioko alkateak GEURIAri aurreratu bezala, asmoa 20 saltoki inguru ipintzea zen, eta bertan, azokaz gainera txosna bat ipiniko zutela gehitu zuen.