→Ugao

Alokairu soziala sustatu gura du Ugaok hutsik dauden etxeetako berritze lanak diruz lagunduz

ugao etxebizitzak 2015

Hutsik dauden etxebizitzetan berrikuntza obrak egiteagatik jabeak diruz lagunduko ditu Udalak. Eraikuntza Instalazio eta Obren gaineko zerga ordaintzeko dirulaguntzak ere baditu Udalak.

Etxebizitza duina eta egokia izatea. Hori da Ugaoko Udala bilatzen ari dena azken urteotan egindako hainbat ekimenekin. Tartean, alokairu soziala sustatzeko asmoz hutsik dauden etxebizitzetan obrak diruz laguntzea. Hala jakinarazi du urtarrilaren 18ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialak.

Diru-laguntzak jasotzeko, hutsik dagoen etxebizitzak Ugaon egon behar du, jabeek eskabidea egiten duten unean zerga betebeharrak egunean izan behar dituzte, eta Eusko Jaurlaritzaren Bizigune -Hutsik dauden etxebizitzen programa- edo ASAP -Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa- programetan izena emanda egon behar da. Era berean, hutsik dagoen etxebizitza gutxienez hiru urterako alokatzeko konpromisoa izango du ASAP programaren barruan egonez gero, eta sei urterako konpromisoa Bizigune programan sartuta egonez gero.

1.000 € gehienez

Alokabidek eskatutako ekipamenduak erosteko edo birgaitzeko lanak egiten dituzten jabeek, lanek izandako kostu errealaren %20ko diru-laguntza jasotzeko eskubidea izango dute, BEZa kenduta. Horiek horrela, dirulaguntza ezin izango da 1.000 eurotik gorakoa izan. Eraginkortasun energetikoaren egiaztagiria eskuratzeko diru-laguntzari dagokionez, %100eko diru-laguntza jaso ahal izango da, betiere honek 100 euroko zenbatekoa gainditu ezean.

Etxebizitza berritzeko egindako lanen kostu errealaren %20ko dirulaguntza jasoko dute jabeek. Hiru hilabeteko epean ebatziko dira eskaerak

Eskaerak hiru hilabeteko epean ebatziko dira, lanak amaitzen direnetik zenbatzen hasita. Gainera, laguntza ekonomiko hauek eskatu eta eman ostean, bost urte igaro arte ezin izango da beste dirulaguntzarik eskatu diruz lagundua izan den etxebizitza beragatik. Eraikuntza Instalazio eta Obren gaineko zerga (ICIO) ere diruz laguntzen du Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak