Iragan astean Tokikom-en ohiko batzar orokorraren oniritzia jaso eta gero, Geuria toki komunikabideen bateragunearen bazkide izatera pasa da. Euskal Herri osoko euskarazko toki komunikabideak batzen dituen elkarteak “Bizkaiko estaldura handitze aldera aurrera pausu interesgarri” moduan ikusten du Geuria.
Eibarren izandako batzar orokorrean balantze ekonomiko positiboa aurkeztu zuen Tokikom-ek, baita 2016rako ekintza plana ere, hiru lan ardatz nagusirekin: teknologia (Tokikom plataforma eta aplikazioen garapen eta hedapena), kudeaketa (eskaintza komertziala bateratzea formatu analogiko eta digitalean) eta solaskidetza (Tokikom marka zein bazkideena ere indartzea, erakunde publiko eta pribatuekin solaskidetza bateratua, tokikoen lana balioan jarri eta gizarteratzea).
Tokikom-en bazkide izatera pasatu izana Geuriaren bigarren fasearen lehenengo urratsa da. Lehen fasea duela hilabete pare bat itxi zuen Hego Uribeko herri komunikabideak Basaurikoaz gain, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao eta Zaratamoko Udalek ere Geurian parte hartzeko eta diruz laguntzeko konpromisoa hartu eta gero.
Tokikom-en bazkide izateak Geuria gainerako Euskal Herriko euskarazko toki komunikabideekin harremanetan egotea ahalbidetuko du, baita ekintza bateratuak garatzeko aukera ere. Une honetatik aurrera, beraz, Hego Uribeko eskualdeak ere badauka bere ordezkaritza bateragune honetan.
