Sareak

☉ Ugao

Izaskun Landaida: “Teknologia berrien bidez, bikotekideak neska kontrolatu nahi du”

|

ugao izaskun landaida emakunde 2015

2013. urtean Izaskun Landaidak (Ugao, 1969) Ugaoko alkatetza uztea erabaki zuen Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari izateko proposamena jaso zuenean. Bere bizitzako erronka­rik garrantzitsuenetarikoa izan zela adierazi dio Geuriari, “nire ibilbide pertsonalean eta profesionalean be­netan beharrezkoa eta sinisten du­dan lana delako”. Bide erraza ez zela izango jakin arren, “oso pozik” onartu zuen Emakundeko zuzendari izateko erronka.

Emakundeko zuzendaria zarenetik bi urte igaro dira. Hasierako erron­kak gainditu dituzula uste al duzu?

Lan egiteko giro aproposa dagoela uste dut, hori erronka nagusieneta­ko bat zelakoan nago eta, beraz, bi urte hauetan aurreratutako eta lortu­takoaren ispilu dela uste dut. Eman­dako aurrerapausoak denon lanari, inplikazioari eta konpromisoari es­ker eman direla azpimarratu nahiko nuke, atzetik askoren lana dagoelako.

Hala ere, administrazio publikoek eta gizarteak lan handia egin behar dute.

Genero ikuspegia plan guztietan txertatzen jarraitu behar dugu. Go­bernuarekin, Foru Aldundiarekin eta Udalekin lan egiten dugu euren pro­grama guztietan eta euren politika guztietan emakumeak eta gizonak kontuan izan ditzaten eta berdin­tasuna susta dezaten. Horretarako Emakundek neurri eta plan batzuk diseinatzen ditu, hala nola, Legegin­tzaldi bakoitzeko Berdintasun plana, baita legeak ere, eta langileen pres­takuntza bultzatzen du berdintasu­naren kontzientzia handiagoa izan dezaten.

Berdintasun Legeak 10 urte bete ditu aurten. Urte horien guztien inguruan zer hausnarketa egiten duzu?

Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizar­te honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz. Ibilbide honetan askoren lana eta konpromisoa azale­ratu da eta uste dut hori dela bidea, bakoitzak bere esparrutik eta duen erantzukizunagatik pausoak ema­ten jarraitzea, argi baitago ez garela oraindik helmugara heldu.

Berdintasun Planaren ardatz nagu­sia balioen aldaketa bultzatzea da.

Argi daukagu balioak aldatu ezean ezin dela gizartea eraldatu. Eta hori izaten da lanik zailena, balioak alda­tzearena. Izan ere, sinesmen horiek txikitatik ikasi ditugu eta oso zaila izaten da ikasitakoa alde batera uz­tea. Horregatik uste dugu dela hain inportantea txikitatik hastea neska mutilei eredu berdinzaleak erakus­ten, ez eskolan bakarrik, baita fami­lian eta komunikabideen aldetik ere. Berdintasun Planak administrazioen politiketan berdintasuna hobetze­ko neurriak hartzen ditu, antolaketa sozial erantzunkidea garatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria de­sagerrarazteko.

BALIOAK ALDATU EZEAN, EZINGO DUGU GIZARTEA ERALDATU

 

Bi generoen artean berdintasun hi­tzak ba al du zerikusirik gaur egun?

Emakumeek orain dela hogei urte baino eskubide gehiago dituzte­la uste dut. Jendeak gaur egun ez ditu onartzen orain dela hogei urte onartzen zituen diskriminazio ba­tzuk. Dena den, oraindik asko dago egiteko. Gazteen artean, adibidez, errespetuzko harremanak sustatzen jarraitu behar dugu, ikusi baitugu bikoteetan zenbait kontrol jarrera onartzen dituztela gazte batzuek, eta jarraitu behar dugu alor guztietan lan egiten. Ikusten ari garenez, kasu as­kotan teknologia berrien bitartez bi­kotekideak neska kontrolatu nahi du, une oro galdetuz non dagoen, nore­kin eta abar. Desberdintasunak han­diak dira oraindik. Eta arazo larri bat dugu “berdintasun itsuarekin”: ber­dintasunaren aldeko lanaren beha­rrik ez ikusteak eta ez sentitzeak, eta berdintasuna lortuta dagoela pentsa­tzeak, arlo honetan lan egiteko beha­rra ez onartzea dakar.

Enplegu-soldatari dagokionez, emakumeek gizonek baino %26 gu­txiago irabazten dute.

Egun, emakume eta gizonen arteko soldata ezberdintasuna 7.000 euro ingurukoa da EAEn. Lanpostuen be­reizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu konkretutara bi­deratzen du emakumea edo lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Gainera, kontuan izan behar da asko­tan emakumeak malgutasun handia­goko lanpostuak aukeratzen dituela, lanean eta familian dituen eginbeha­rrak orekatu ahal izateko, eta horrek zereginen bereizketa hori indartzen duela. EAEn zatikako kontratua duten lanpostuen %85,3 emakumeek be­tetzen dituzte.

LANPOSTUEN BEREIZKETA BERTIKALAK ETA HORIZONTALAK ZENBAIT KARGU KONKRETUTARA BIDERATZEN DU EMAKUMEA

 

Administrazio publikoan emaku­meen presentzia handitu dela esan­go al zenuke?

Bai, eta gainera handitzen doa, bai­na uste dut emakumeok genero ikuspegia barneratuta izateko lan egin behar dugula. Politikariak garen emakumeok gai hauez hausnartze­ko, estrategiak bilatzeko gure ahal­duntzeak garatu behar ditugu. Eta normalean prozesu hauetan gure au­rreko emakumeen lana aitortzeko au­kera izateaz aparte, genero ikuspegia txertatuta izateak, gure atzetik dato­zen emakume gazteei bidea erraztea suposatu ahal duen aldetik.

☉ Ugao

Memoria Tailerra abiaraziko dute Ugaon, ‘Zainduz’ programaren baitan

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean

|

Adineko baten eskuak // Dennis Brendel, Unsplash

Otsailaren 17an hasiko da memoria lantzera eta ongizate kognitiboa sustatzea helburu duen Memoria Tailer berria, Ugaon, ‘Zainduz’ programaren bidez.

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean (Udiarraga, 25).

Era honetako tailerretan, “gogoratzeko trebatzeaz” gain, estimulazio kognitiboa, autoestimua eta sozializazioa modu integralean lantzen dira normalean. Helburu nagusia da funtzio mentalak mantentzea eta indartzea, narriadura kognitiboa prebenitzea eta egunerokorako tresna praktikoak ematea.

Edukiera mugatua izango da eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela adierazi dute Ugaoko Udaletik. Horretarako, udaletxera jo edo 747 455 290 telefono zenbakira deituz harremanetan ipini beharko dira interesdunak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

San Mames estadioa berdez argiztatuko dute Ménière gaixotasunari ikusgarritasuna emateko

Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko

|

San Mames estadioa // Wikipedia

Datorren otsailaren 7an Bilboko San Mames estadioa berdez argiztatuko du Athletic Clubek 20:00etatik 20:30ak bitartean Menière sindromeari ikusgarritasuna emateko. Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko.

Izan ere, otsailaren 7an Ménière kontzientziatzeko eguna ospatuko dute. 2016an elkartea eratu berria zela, bilerak egin zituen Europako antzeko elkarteekin, eta Osasunaren Mundu Erakundeari (OME) Ménière Sindromearen Munduko Eguna esleitzeko eskatzea erabaki zen. “Otsailaren 7a aukeratu zen, egun horretan hil baitzen Prosper Ménière, gure gaixotasunaren sintomak lehen aldiz deskribatu zituen mediku frantsesa. Gestioak hasi ziren, baina ezinezkoa izan zitzaigun OMEra iristea, ahanzturan geratuz, baina ez guretzat. Egun horretan ofizialki berriz eskatu ahal izateko zain, Ménière-ren Sindromeari buruzko Kontzientziazio Eguna ospatu genuen”.

Ménière-ren sindromea barne-belarriko nahasmendu kronikoa da, eta bertigo larriko eraso errepikakorrak, entzumenaren galera gorabeheratsua, tinnitus (burrunbak) eta belarriko presio- edo zapalkuntza-sentsazioa eragiten ditu. Orekari eta entzumenari eragiten die, gehienetan belarri bakar batean, eta belarriko labirintoan likido gehiegi egotearen ondorio dela uste da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean

Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

|

Pertsona bat, kristal baten atzean // Stefano Pollio, Unsplash

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.

Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.

Osorik irakurri