Sareak

☉ Hego Uribe

#A21 / Hego Uribe / EAJ garaile argia, EH Bildu gero eta indartsuago eskualdean

#A21 / Hego Uribe / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak eta irakurketa

|

Lehia estua aurreikusten zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ eta EH Bilduren artean, eta inkestetan aurreikusitakoa bete zen oraingoan. Gurera ekarrita, EAJri garaipen argia ematen zioten inkesta guztiek Bizkaian, eta hala izan bazen ere, aipatzekoa da EH Bilduren igoera. Modu berean, beste datu garrantzitsu bat da parte hartzeak gora egin duela, 2020ko Hauteskundeak pandemia betean egin baitziren.

Hego Uriben ere, EAJ gailendu da: Guztira, 19.184 boto jaso ditu, 2020an baino 2.583 boto gehiago. Garaipena lortu du Basaurin, Galdakaon, Etxebarrin, Arrigorriagan, Ugaon edo Zaratamon.

Bestetik, aipatzekoa da EH Bilduk botoetan gehien hazten jarraitzen duen alderdia dela: ezker koalizioak 14.589 boto irabazi ditu eskualdean, 2020an baino 4.626 boto gehiago. Zeberion eta Usansolon lehen indarra izan da, EAEko hauteskundeetan lehen aldiz, eta hazkunde nabarmena izan du Galdakaon edo Arrigorriagan. Hori gutxi ez, eta Basaurin zein Etxebarrin bigarren indarra izatea lortu du, aurrenekoz, PSEri aurre hartuta.

Podemosek izan du kolperik handiena eskualdean. Izan ere, 2020an laugarren indarra izan zen Hego Uriben (2016an bigarren indarra izan zen eskualdean), eta aurtengo hauteskundeetan seigarren indarra izatera pasa da, PPren eta Sumarren atzetik. Duela lau urteko datuekin alderatuta, 2.618 boto galdu ditu Podemosek Hego Uriben.

#A21 / Hego Uribe / Emaitzak

EAJ: 19.184 boto (+2.583 boto)
EH BILDU: 14.589 boto (+4.626 boto)
PSE: 7.674 boto (+1.547 boto)
PP: 3.094 boto (+1.197 boto; 202oan Cs-rekin aurkeztu zen PP; 2016an Pk 3.506 boto jaso zituen; Ciudadanosek 897)
SUMAR: 1.674
PODEMOS: 1.142 boto (-2.618 boto)
VOX: 976 boto (+360 boto)
PACMA: 264 boto (+18 boto)
EB-AZ: 117 boto (+16 boto)
PH: 71 boto (+35 boto)
IZAN: 64 boto
PUM+J: 57 boto (+14 boto)
PCTE/ELAK: 43 boto (-15 boto)

Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku lortu dituzte: alderdi jeltzaleak lau ordezkari galdu ditu eta ezker koalizioak sei irabazi ditu.

PSE (12 eserleku, +2) hirugarren alderdi bozkatuena izan da, eta laugarrena PP (7 eserleku, +1).

Sumar sartu da lehen aldiz Eusko Legebiltzarrean eserleku batekin, VOXek adina (2020an sartu zen alderdi ultraeskuindarra).

#A21 / Hego Uribe / Herriz Herri / Emaitzak

☉ Hego Uribe

ZOZKETA | ‘Oihu bat Palestinara’ bidali nahi duzu? Parte hartu gure zozketan!

Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte. Irabazle batek sarrera bikoitz bat jasoko du.

|

'Oihu Bat Palestinara' zozketa / Geuria

Martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean ospatuko da ‘Oihu bat Palestinara’ aldarrikapen musika jaialdia. Bertan izango dira, besteak beste, Ahmend & Nur, Anari, Belago, Bengo, Borla, Chulería, joder!, Dena, EzEzEz, Eire, La furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Kiliki Lukiek, Malakias eta abar luze bat. Musikariekin batera, bertsolariak eta euskal kulturako sortzaile asko ere bai.

Palestinarekin Elkartasuna herri mugimenduak antolatuta, Palestinari laguntza emateko jaialdia izango da. Sarrerak salgai daude oihubatpalestanara.eus webgunean. Eta ekintza ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, di-da zozketa arin bat antolatu dugu Oihu Bat Palestinara jaialdiko antolatzaileekin batera GEURIAren jarraitzaileen artean sarrera bikoitz bat zozketatzeko.

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:

😍 @oihubatpalestinara eta @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin joan nahi duzu? 😉 Etiketatu.

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 12ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.

Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.

Saria jaso: irabazleari sarrerak PDF formatuan bidaliko zaizkio.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa | M8: Ni naiz emakumea, ni naiz indarra, ni naiz ekaitza! | Geuria

|

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Martxoak 8 | Elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte Hego Uribe eskualdean asteburuan

|

Iazko elkarretaratzea Basaurin // Geuria

Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna da eta Hego Uribe eskualdean elkarretaratzeak, martxa feminista eta manifestazioak deitu dituzte asteburuan zehar.

Martxoaren 8an bertan 12:00etan manifestazioa dago Bilbon, Jesusen Bihotzetik.

M8 Hego Uribe 2026

Martxoak 8, igandea
12:00 Kontzentrazioa eta Berdintasun Kontseiluaren adierazpenaren irakurketa udaletxeko plazan

Martxoak 8, igandea
11:00 Elkarretaratzea Begoñako Andra Mari kalean

Martxoak 6, ostirala
12:00 Adierazpen instituzionala udaletxeko plazan

Martxoak 8, igandea
11:30 Kalejira Zintururiko begiratokietatik
12:00 Adierazpen komunitarioa eta jardueran udaletxeko plazan

Martxoak 7, larunbata
– Auzoen arteko martxa feminista
11:00 Aperribai (gosaria)
12:00 Bengoetxe
12:30 Urreta
13:00 Kurtzea

– Manifestazioa
13.00 Kurtzeko plazatik

Martxoak 6, ostirala
12:00 Ekimen instituzionala Herriaren enparantza

Martxoak 8, igandea
Manifestazioa eta ekitaldia

Martxoak 7, larunbata
10:00 Bankua margotzea Unkina plazan. Bertan behera geratu da eguraldiagatik (aurrerago egingo dute ekintza)
12:00 Elkarretaratzea Unkina plazan

Martxoak 8, igandea
11:30 Taza eta txapa tailerra, eta musika Elexaldeko plazan

Martxoak 8, igandea
12:00 Elkarretaratzea udaletxeko plazan, eta M8aren dokumentalaren proiekzioa

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

ZOZKETA | Eta zuk zein gura duzu, berdea ala gorria? Errigora eta GEURIAren eskutik

Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

|

Errigora zozketa / Geuria

ZOZKETA EGINDA! Otsailaren 26tik martxoaren 16ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:

😍 @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin egingo zenuke otordutxo eder bat? 😉 Etiketatu.
🔴 Gorria edo 💚 Berdea? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrrela jakingo dugu zein saski duzun gustukoen.

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago martxoaren 4ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.

🥳 Irabazleak:
– 🟩 @ibonlopezbarrenetxea
– 🟥 @jotxin

Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.

Saria jaso: irabazleak saria jasotzeko 15 egun ditu. Saria GEURIAren egoitzan (Basozelai kalea 11, -3. Basauri, Bizkaia) jasoko du.

Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.

ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK

BASAURI
+Bolintxu AEK

GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Metroaren 5. Linea 2 milioi garestitu da, arrazoi teknikoengatik eta toxiko bat agertzeagatik

Ibaizabal ibaiaren azpitik igarotzeko zailtasunak dituzte, eta tunelaren indusketan silize kristalinoko hauts-maila altuak aurkitu dituzte

|

Urtarrilean Metroaren 5. Lineako obretan bisita egin zuten Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek // Irekia

Metroaren 5. Lineako obrek gainkostu berri bat izango dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro gehiago bideratuko ditu Galdakao eta Galdakao-Usansolo ospitalaren arteko tartea egiteko (hirugarren tartea).

Horrela, 69,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute. Hirugarren tartea 2023ko ekainean esleitu zuten, 58,7 milioiko hasierako zenbatekoarekin, eta azken urteetan 9,3 milioiko igoera izan du.

Oraingoan aurrekontua handitzea bi arrazoiengatik izan da. Alde batetik, arrazoi teknikoengatik, eta bestetik, obretan toxiko bat agertzeagatik.

Arrazoi teknikoei dagokienez, Ibaizabal ibaiaren azpitik igarotzeko zailtasunekin du zerikusia. Hainbat analisi egin ondoren, mikropilotez eta hormigoiz indartu behar dute puntu hori, ur-ibilguaren hurbiltasunagatik. Eta, diseinu berriak 1,3 milioi euro beharko ditu.

Gainera, tunelaren indusketan silize kristalinoko hauts-maila altuak aurkitu dituzte teknikoek, “egungo araudiak ezartzen dituen gehienekoak” gainditzen dituztenak. Material hori oso ohikoa da lurpean egiten diren obretan, baina osasunerako kaltegarria da: duela gutxi, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) minbizia eragin dezaketen substantzien taldean gehitu du.

“Ustekabe horrek eragin du langileak babesteko neurri gehiago hartu behar izana, baita aireztapena areagotzea ere”, diote Jaurlaritzako ordezkariek. Horrek guztiak 231.000 euroko inbertsio gehigarria ekarriko du.

Kontratu hau aldatzeak ez du esan nahi lanak egiteko epea luzatuko dutenik. Hori esanda, metroaren adar berria ez litzateke prest egongo 2029 edo 2030 baino lehen, Eusko Jaurlaritzako arduradunen arabera.

Hasiera batean 2027an eta 2028an amaitzea aurreikusi zuten bai Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak. Erdibana, bi erakundeek 380 milioi euro bideratuko dituzte 5. Linea eraikitzeko.

Osorik irakurri