☉ Zaratamo
#A21 / Emaitzak / Zaratamo / EH Bildurekiko alde estuagoarekin irabazi ditu EAJk hauteskundeak
#A21 / Zaratamo / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak
☉ Zaratamo
Danel Elezkano zaratamarrak esku pilota utziko du lesioak direla eta
“Ezin izango dut gehiago jokatu, ez profesional ez beste era batera. Gorputzak oihuz esan dit nahikoa dela”, azaldu du Zaratamokoak Instagramen bidez
Danel Elezkano zaratamarrak esku pilota jokatzeari utziko dio, bere sare sozialetan azaldu lez: “Ezin izango dut gehiago jokatu, ez profesional ez beste era batera. Gorputzak oihuz esan dit nahikoa dela”, azaldu du Instagramen bidez.
Zaratamoko pilotariak azken urtea “infernu” bezala deskribatu du, gorputzeko lesio eta gaitzak direla eta: “Medikuz medikueman ditut hilabeteak, nik neuk nahiko nukeen irtenbidea aurkitu ezinik”.
“Bizitza guztian oso garrantzitsua izan da pilota niretzat”, aitortu zuen 2021ean GEURIArekin egindako elkarrizketa batean. “Argi neukan profesionala izatea benetan zaila izango zela eta ikasketekin bateratu ahal izan dut”. Debutaren ostean binakako hiru final, txapel bi eta banakako hiru finalerdi jokatu ditu eta gainera udako torneoetan “eta beste hainbat partida eta istorioren parte” izan da Danel.
Geurian Zaratamokoaren azken erronkaren berri eman genuen joan den maiatzean: Bizkaia Torneoa.
Azken partidarik ez
2024an jokalariaren lesioek txarrera egin dutela azaldu du Elezkanok: “Frontoira bueltatzen saiatu banaiz ere, ezin aurrera egin. Eta kantxan beste era batera agurtzea gustatuko balitzait ere ez da posible izango”.
Pilotariak gehitu du medikuen aurreikuspenak bete egin direla: “Espezialista onenak bisitatu ditut eta denek ohartarazi didate partida bakar bat gehiago jokatzea oso arriskutsua izango litzatekeela nire osasunarentzat”. Ondorioz, esku pilota jokatzeari utziko dio Danelek.
Danel Elezkano: “Espezialista onenak bisitatu ditut eta denek ohartarazi didate partida bakar bat gehiago jokatzea oso arriskutsua izango litzatekeela nire osasunarentzat”
Une latz horiek, aldi berean, Danelek izan duen “zortea” azalerazi diote aldi berean eta azken urteetan hainbat pertsona ezagutu eta beren maitasuna jaso duelaz jabetu da. Baita kirol honek eman dion bizimoduaz eta horri esker egindako ibilbideaz ere: “Besoko lesio bat zuela jaio zen ume hark inoiz ez zuen imajinatuko egin izan duen ibilbidea”.
Pilota eskola, bihotzean
Eskola orduak bukatu eta Zaratamoko Upo Mendi Taldea zen Elezkanorentzat babesleku nagusia eta Adolfo, Kepa Victor eta bertako monitoreei eskerrak eman nahi izan dizkie.
Adolfo Agirreren kasuan, GEURIAri joan den urtarrilean azaldu bezala, astearte eta osteguneko klaseak ondo baino hobeto gogoratzen ditu, Elezkano eta Urrutikoetxea entrenatzen zituen garaian: “Danel bost urterekin frontoian zegoen, esku batean ogitartekoa eusten. Jaiotzetik arazoak izan zituen eskumako besoarekin eta horixe landu zuen esku-pilotaren bidez, bere aita Jokinek, behin medikutik etorri zela hala eskatuta. Sakeak eskumarekin egitera ikasi zuen eta horrexegatik da eskumarekin sakeak egiten dituen ezkertiar bakarra. Izugarri hobetu da harrezkeroztik, txapela kentzeko modukoa” (elkarrizketa osoa hemen irakurri daiteke).
“Ordu asko eman ditut Zaratamoko frontoian”, aitortu zion GEURIAri Elezkanok 2021ean egindako elkarrizketa batean. “Pilotalekua herriaren erdian dago eta txikitan gurasoak lasai egon ohi ziren, ni bertan nengoela bazekitelako”.
Adolfo Agirre: “Jaiotzetik arazoak izan zituen Danelek eskumako besoarekin eta horixe landu zuen esku-pilotaren bidez, bere aita Jokinek, behin medikutik etorri zela hala eskatuta”
Adolfok harreman estua mantentzen du gaur egun Zaratamo eta Dima artean bizi den pilotariarekin eta burura oroitzapen onak etortzen zaizkio bakarrik. Danelek Adolfo bezalako pertsonei eskertu die agurrean pilotaz maitemintzeko ingurugiro aparta sortu izana.
Aldi berean, Elezkanok aipamen berezia egin die ere txikitatik izandako bikote eta aurkariei eta baita Galdakaoko Adiskide taldeko Mikel Etxegiari, irakatsitako guztiagatik.
Danel Elezkano: “Izan nezakeen familiarik onena suertatu zait eta oso zorionekoa naiz. Bide hau ez litzateke berdina izango zuek alboan egongo ez bazinate”
Azken hitzak zaleei, lagunei eta nola ez, familiarentzat laga ditu Elezkanok: aita eta anaiari pilotan gehien erakusteagatik, ama eta Loreri emandako babesagatik eta izeko zein aiton-amonei. Marta emaztearen laguntza ere azpimarratu du pilotariak: “Izan nezakeen familiarik onena suertatu zait eta oso zorionekoa naiz. Bide hau ez litzateke berdina izango zuek alboan egongo ez bazinate”.
☉ Zaratamo
Zaratamok bilerak egingo ditu auzo ezberdinetan prozesu parte-hartzailea herritarrei hurbiltzeko
Lehen saioa gaur bertan, urriak 7 egingo dute, 19:00etan, Arkotxako elizan
Zaratamoko Udalak aurrez aurreko bilera informatiboak antolatu ditu aste honetan 2025eko aurrekontu parte-hartzaileko proposamenak jasotzeko. Saioak Arkotxan, Elexalden eta Moiordinen egingo dituzte: “Bilera horietan herritarren proposamenak aurkeztuko dira”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Horiek herritarren artean bozkatu eta proposamen bozkatuenak 2025eko aurrekontuan sartuko ditugu”. Lehen saioa gaur bertan, urriak 7 egingo dute, 19:00etan, Arkotxako elizan.
Aurrekontua azaroko udalbatzan onartzeko asmoa dute udal ordezkariek. Joan den urriaren 1ean proposamenak egiteko azken eguna izan zen: “Proposamenak etxetik egitea oso zaila da eta parte-hartzea baxua izan da, baina horretarako zabaldu dugu interneten bidezko sistema, eta orain, aurrez aurreko bilerena, parte-hartzea bermatzeko”.
Prozesu parte-harrtzailea | Bilerak herritarrekin
Urriak 7, astelehena
19:00 Arkotxako eliza
Urriak 9, asteazkena
20:00 Elexaldeko Kultur Etxea
Urriak 10, osteguna
19:00 Moiordineko liburutegia
☉ Zaratamo
Haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da Zaratamo Arkotxako Olagane parkea
Zaratamoko Udalak robinia-enborren pasabide bat eta robinia-zurezko motzondo-ilara bat integratu ditu eraberritzen ari den parkean
Zaratamoko Udalaren azken obren artean Arkotxako Olagane haurrentzako parkearen eraberritzea ageri da, 2000 urtetik berritu gabe zegoelako. Denborak eta eguraldiak eragin nabarmena izan dute haurrentzako egitura honetan eta Udala, Arkotxako zelaiaren parean kokatutako jolastokia eraberritzeaz harago bertako elementuak haurren beharrizan berrietara egokitzen ari da. Guztira 24.900 euro bideratu dituzte eraberritze lan hauetarako.
Udaleko datuen arabera, 0 eta 12 urte bitarteko 89 ume bizi dira Arkotxa auzoan gaur egun eta horiei Santa Barbara auzoko Galdakaoko aldekoak gehitu beharko litzaieke. Haur horiek dira Olagane parkeko erabiltzaile nagusiak eta joan den maiatzean hasi zituzten eraberritze lanak baino lehen zazpi elementuz osatutako jolas eremua zeukaten parkean: joko anitzeko gunea, haur birentzako kulunka bat, zabu bikoitz bat, malguki bat, txirrista bat, lauzak moteltzeko zoladura eta alboko kirol-pistarako porteriak.
Berritasun handiena elementu berrien jartzea izan da robinia-enborren pasabidea eta robinia-zurezko motzondo-ilara baten ezarpenarekin. Robinia-enborren pasabideak inguruko pasealekua eta jolas anitzeko gunea, bi plazako kulunka eta banako kaia kokatuko liratekeen parkeko eremuetako bat lotzen ditu. Parkearen beste aldea komunikatzeko, motzondo ilara bat jarri dute, robinia-zurezko sigi-saga ibilbidearekin. Joan den ekainaren amaieratik erabilgarri badago ere, azken ukituak eman behar dizkiote parkeari, zirkuitoa zehazteko pintatze-lanak falta dira eta.
“Jolas parke honek ibilbide bat planteatzen die Zaratamoko haurrei”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Jolas parkeen ereduak aldatzen ari dira eta lehengoak zaharkituta geratu dira: Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita, besteak beste”. Europako gaur egungo eredura hurbildu egiten den adibide bat Zaratamon bertan dago, eskolako ‘Gure Ametsetako Jolastokia’.
Alberto Ugarriza: “Europan jolas parke sortzaileagoak ikus daitezke, ingurunean askoz integratuagoak eta baliabide naturalak erabilita”
“Auzotarrek eskabidea egin zioten Udalari eta proiektuari ekin genion”, azaldu du Zaratamoko alkateak eta eskaera hau Moiordin eta Elexalde bezalako auzoetan egin dituztela jakinarazi du. “Hori dela eta, urtean behin auzo bateko parke bat eraberritzeari ekiten diogu: Elexalden hasi ginen, udaletxe atzeko parkea eraberritzen. Moiordinekoa ere konpondu genuen eta Olaganekoa bukatu ostean Arkotxako frontoi parean dagoenarekin hasiko gara. Datorren urteko aurrekontuan aurreikusita daukagu zan ere”.
Bestelako eraberritze-lanak
Jolas parkea eraberritzeko hiru jarduketa egin ditu Udalak: hasteko, zaharkituta edo hondatuta zeuden joko elementuak ordezkatu dituzte (haur birentzako kulunka, zabu bikoitza eta malgukia).
Aldaketa aipagarriena zoruaren aldaketa integrala izan da, udal ordezkarien arabera: gaur egun arte lauza zaharrez osatutako zoladura zeukan parkeak. Udal ordezkarien arabera, zoru honekin erabiltzaileek estropezu egiteko arriskua zuten, pieza bakoitzaren artean dauden tarte handiengatik eta inpaktua xurgatzeko gaitasun faltagatik. Horregatik SBR beltzeko geruza batez eta kolorezko EPDM puruko azken geruza batez osatutako zoladura jarraitu batez ordezkatu dute zoladura zaharra.
Bestalde, joko elementuak berreskuratu dituzte, eta adibide argiena dorre biz eta txirristaz osatutako joko anitzeko gunearena da. Egitura egurrezkoa zen eta elementu batzuk ustelduta zeuden. Txirristaren kasuan, panel batzuen kolorea galduta zegoen eta pintadak egin zituzten bertan.
Hego Uribe eskualdean badira haur parkeak eraberritzen ari diren beste Udalak. Horren adibide dira azken hilabeteetan Basaurin, Arrigorriagan eta Zeberion egin dituzten eraberritze lanak, besteak beste, herritarrek hala eskatuta.
☉ Zaratamo
Jesus Muñiz historiagile zaratamarrak San Migel irudiaren aurkezpena egingo du Orozkon
Aurkezpena urriaren 6an, 12:00etan antolatu dute Muruetako San Pedro elizan eta Jesusekin batera Montse Gonzalez konpontzailea izango da
Datorren urriaren 6an Miguel Deuna irudiaren aurkezpena egingo du Jesus Muñiz Petralanda historiagile galdakoztar-zaratamarrak. Miguel Deuna irudia Orozkoko Muruetako San Migel Ermitan kokatuta dago eta tailla berreskuratu ahal izan dute. Aurkezpen egunean, Muñizekin batera Montse Gonzalez konpontzailea izango da.
Izan ere, Muñiz eta Gonzalez, San Migel irudiaren taillaren eta bere berreskurapen prozesuaz arituko dira. Aurkezpena 12:00etan antolatu dute Muruetako San Pedro elizan eta Patxi Malo apaizaren bedeinkapena izango du.
Berreskuratze lanetan lagundu nahi duten interesdunentzako 630 750 333 telefono zenbakia ahalbidetu dute BIZUMak egiteko. Laguntza egiteko ZER jartzen duen lekuan ‘REST SMDM’ idatzi behar da.
San Migel baseliza
Orozkoko San Migel baselizak 9,58 x 6 metroko azalera du. Harlangaitzezko hormak ditu eta bi isurkiko estalkia bi zertxaren gainean. Ez du kanpai-hormarik eta oinean erdi-puntuko arkua duen atea dauka.
Ateburu zuzeneko leihoa dauka Epistolaren aldean, burdinazko barrotez babestuta. Harrizko lauzen zoladura.
San Migelgo jaiak irailaren 29an ospatu ohi ziren baseliza honetan baina duela 20 urte bertan ez dituztela jairik ospatzen bertan.
☉ Zaratamo
Aurrekontu parte-hartzaileetarako 40.000 euro bideratu ditu Zaratamoko Udalak
Joan den irailaren 16an hasi zuen Zaratamoko Udalak 2025eko aurrekontuan sartuko duten aurrekontu parte-hartzailearen prozesua
Zaratamoko Udalak irailaren 16an hasi du 2025eko aurrekontuaren prozesua. Aurreko urteetan bezala, prozesu horrek atal bi izango ditu, eta lehenengoan prozesu parte-hartzailea antolatu dute: “Irailaren 16an bertan proposamenak egiteko eskuorria banatu genuen herriko etxe guztietan eta hori ere iragarri genuen”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamo alkateak.
Iaz proposamen libreak egin zituzten zaratamarrek esparru ezberdinetan eta Udala bera zen proposamen horietako zein sartzen zen aurrekontu orokorrean. Aurten, aldiz, aldaketa bat izango du prozesu parte-hartzailearen sistemak. Berritasun modura, proiektu parte-hartzaileetarako 40.000 euro bideratuko ditu guztira Udalak eta herritarrek 15 egun izango dituzte hilaren 16tik hasita proposamen zehatzak egiteko: “Herritarrek egindako proposamen guztiak aztertuko dira, Herri Batzarretan aurkeztuko ditugu, auzoetan, eta gero herritarren ekarpen horiek bozkatuko dira”, azaldu du Zaratamoko alkateak.
Baldintza modura, Zaratamoko Udaletik iragarri dute proposamenaren kostua ezin dela 15.000 euro baino handiagoa izan. Halaber, Udalaren eskumenekoa izango da eta honako alderdi hauen gainekoa:
– Gizarte ongizatea, Berdintasuna eta osasuna
– Hiri-ingurunea, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena
– Kultura, hezkuntza, euskara eta kirola
– Zaintza arloa, adineko pertsonak, gazteria eta umeak
– Sustapen ekonomikoa (merkataritza, turismoa, enplegua…)
Proposamenak, gainera, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izan behar dira, zehatzak eta kuantifikagarriak, interes publikokoak eta legezkoak. Proposamen bozkatuenak 2025eko aurrekontuan sartuko ditu Udalak. “Gure helburua azaroko udalbatzan 2025eko aurrekontua onartzea da”, erantsi du Ugarrizak.
Inprimakia eta proposamen orria Zaratamoko Udalaren webgunean topa daitezke PDF formatuan deskargatzeko.