→Arrigorriaga

#M26 | Abusun hasi eta auzoetatik igaroko den Arrigobus zerbitzua jarri nahi du martxan EH Bilduk

Norbanakoekin, elkarteekin eta gainontzeko alderdi politikoekin “eredugarriak” izan nahi dutela dio Maite Ibarrak, “errespetuan, berdintasunean eta lankidetzan oinarritutako harreman sendoak eraikitzeko asmoz”.

Arrigorriagako EH Bilduko hautesldeak / EH Bildu

EH Bilduko Joseba Ibarretxeren hautagaitzaren ondoren Maite Ibarra herriko ikastetxeko irakasle denak hartu du alkategai izateko ardura Arrigorriagan. Ospatu berri diren hauteskunde orokorretan ezker abertzaleak lortutako emaitza onei tiraka, aurreko udal hauteskundeetako emaitzak hobetu nahi ditu EH Bilduk. Norbanakoekin, elkarteekin eta gainontzeko alderdi politikoekin “eredugarriak” izan nahi dutela dio Ibarrak, “errespetuan, berdintasunean eta lankidetzan oinarritutako harreman sendoak eraikitzeko asmoz”.

Legegintzaldi berrirako proposamenei dagokienez, “udal eredu gardenagoa” bultzatuko dutela dio EH Bilduko alkategaiak, eta horretarako egingo duten lehen gauza orain dela lau urte alkateak aplikatu zuen %44ko soldata igoera bertan behera uztea izango dela dio. Halaber, batzorde ireki eta erabakitzaileak sortu nahi dituztela jakinarazi du ezker koalizioko alkategaiak: Enplegu mahaia, Hezkuntza Batzordea, Euskara Kontseilua, Mugikortasun eta Irisgarritasun Batzordea eta Berdintasun kontseilua indartzea. Ildo horretan, erabakiak hartzeko parte hartze prozesuak abian jarriko dituztela dio Maite Ibarrak, “eta ez soilik erabaki sinbolikoak hartzeko”. Horren adibide gisa jarri du urtero aurrekontuen zati bat gordeko dutela “herritarrek non gastatu erabaki dezaten”, baita polikiroldegia birmoldatzeko egingo duten prozesu parte hartzailea, ” kirol zerbitzuak egungo beharrizanetara egokitzeko”.

Auzoak konektatzeko, taxi-furgo zerbitzua

Auzoetako mugikortasun eta irisgarritasun arazoak konpontzeko konpromisoa azaldu du Ibarrak, “Salud e Higienen, Lanbarketan eta Martiartun batez ere”. Auzoak eta erdigunea konektatzeko, bestalde, Taxi Furgo zerbitzua, Arrigobusa, jarri nahi du martxan EH Bilduk, “Abusun hasi eta auzo ezberdinetatik pasako dena”. Abusun “aparkaleku seguruak” sortzeko asmoa azaldu du ere ezker koalizioak, “argiteria hobetuz eta mantenua indartuz”.

Bestelako proposamenen artean, Udal Sukaldea proiektua nabarmendu nahi izan du Ibarrak. Proiektu honen helburua da bertoko ekoizlek eta dendariek jakiz hornitzea Arrigorriagako Eskola, Institutua, Haur Eskola eta Zahar Etxea, “bertoko eta kalitatezko janaria” eskainiz. Proiektuari bultzada emateko “lehen sektorea eta nekazaritza ekologikoa sustatzeko bihotza” bihurtu nahi dute Barzubia baserria.

Bukatzeko, egungo Kultur EtxeaDenon Etxea” bihurtu nahi du EH Bilduk. Gizarte ekintzaren esparruan lanean ari diren elkarte, talde eta norbanakoak batu eta koordinatu nahi dituzte bertan, “elkarrekin lan egin dezaten”. Goiko solairuan goiko solairuan, “Sorgin Ganbara” sortu nahi dute ere, talde eta emakume feministen bilgune izan daiten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak