→Ugao

#M26 | Legegintzaldi berrian Ugao eta Arrigorriaga arteko bidegorria errealitate bihurtu nahi du EAJk

Ugao inguratzen duten udalerriekiko oinezko konexioa eta bidegorria eraikitzeko konpromisoa agertu du Mentxakak. “Hori guztia legealdi berri honetan errealitate bihurtzeko burubelarri arituko gara”.

Ugaoko EAJko hautesleak / EAJ

Ekaitz Mentxaka izango da bigarrenez EAJko zerrendaburu Ugaon. Azken hauteskundeetan emaitzak hobetu zituen eta helburu berarekin egingo die aurre datozenei, gehiengo zabala mantentzeko. “EAJk partaidetza eta gardentasunaren aldeko espazioak sorrarazten” jarraitu nahi duela dio Mentxakak, eta “lan egiteko ilusio eta gogo bizia duen zerrenda” osatu dutela horretarako. “Ugaori eragiten dioten gaien alde baino ez dutela jardungo” zin egin du alderdi jeltzaleko alkategaiak, “ugaotar guztien bizi kalitatea hobetu nahiean beti”.

Legegintzaldi berriko proposamenei dagokienez, Ugao inguratzen duten udalerriekiko oinezko konexioa eta bidegorria eraikitzeko konpromisoa agertu du Mentxakak. “Hori guztia legealdi berri honetan errealitate bihurtzeko burubelarri arituko gara. Une honetan aurreproiektua prestatzen ari gara eta Unai Rementeria ahaldun nagusiak jakinarazi digu bidegorriaren aldeko apustu irmoa egingo duela Bizkaiko Aldundiak, Ugao eta Arrigorriaga arteko zatia lehenetsiz”, dio alkategai jeltzaleak.

Plaza eta ibai ertzeko pasealekua lotu

Legegintzaldi berrian San Bartolome eliza ingurua eraldatzea ere aurreikusten du Mentxakak: Nerbioi ibaia eta pasealekua herriko erdigunearekin lotzea, Kale  Zahar eta plazarekin hain zuzen ere, San Bartolome elizako ataripeak hustuz. Halaber, Iberdrolak ibai ertzeko pasealekuan eta elizaren ondoan duen transformazio zentroa kenduko dutela dio alkategaiak.

Bestalde, aspalditik bilatzen ari diren erabilera anitzeko aretoa errealitate bihurtzeko lanean jarraituko dutela dio Mentxakak: “Proiektu baten prestakuntza lana aginduko dugu, egitasmoaren bideragarritasuna Jane Jauregiaren atzealdean aztertzeko”. Gernika enparantzari dagokionez, “ideia lehiaketa bat antolatuko dugu plazaren etorkizuna diseinatzeko”.

Herriko merkatarien aldeko apustua

Ugaobonoaren eta herriko dendetan kontsumitzeko sustapen kanpainekin jarraituko dutela agindu du Mentxakak, eta neurri berrien artean,  txandakako aparkaleku bat antolatuko dutela iragarri du, “inguruko herritarrek gurean erosketak egiteko erraztasunak izan ditzaten”. Halaber, herriko langabe, merkatari eta ostalarientzako prestakuntza ikastaroak antolatuko dituztela dio jeltzaleak.

Kiroldegiko instalazioak hobetzeaz gain, Pumptruckeko pista bat eraikitzeko asmoa agertu du Mentxakak, “patinekin eta bizikletarekin ibiltzeko pista txikia, gure inguruan ez baitago halako zerbitzurik”. Azkenik, banda zabaleko Wifi sarea jarriko dutela martxan jakinarazi du alderdi jeltzaleko zerrendaburuak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak