☉ Zaratamo
Akerbeltz, La Pulqueria eta Las Tea Party Arkotxako jaiak girotuko dituzte
Ekainaren 3an, ostiralez, hasiko dira Arkotxako jaiak eta hilaren 5era arte luzatuko dira. Ondoren ekainaren 12an, igandez, herri bazkaria antolatu dute.

Ekainaren 3an, ostiralez, hasiko dira Arkotxako jaiak eta hilaren 5era arte luzatuko dira. Ondoren ekainaren 12an, igandez, herri bazkaria antolatu dute.
Arkotxako Jai Batzordetik aurreratu dutenez, puntako musika taldeek girotuko dute auzoa. Horiek horrela, Akerbeltz erromeria taldea ekainaren 3an izango da eta ekainaren 4an Trastorna2, La Pulqueria eta Las Tea Party DJen txanda iritsiko da.
☉ Zaratamo
Zaratamok emakume migratuen inguruko bost saio antolatu ditu Arkotxan
Saio hauek adin guztietako publikoarentzat prestatu dituzte iraila amaieran eta urrian zehar

Zaratamoko Udalak, Emakunde eta Foru Aldundiaren babesarekin eta Wayra elkartearekin elkarlanean, 'Emakume migratuen boterea' izeneko bost saio antolatu ditu Arkotxako txokoan.
Lehen saioa joan den irailaren 23an antolatu zuten, eta bertan emakumeek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Hurrengo saioetan, irailaren 30ean eta urriaren 7an, 21ean eta 28an, emakume hauen jatorriaz, euren jaioterritik gaurdaino egin duten ibilbideaz, helmugaz eta ekintza kolektiboen garrantziaz arituko dira.
Saio hauek adin guztietako publikoarentzat prestatu dituzte, eta bertan parte hartzeko 663 342 056 telefono zenbakia jarri dute herritarrentzat.
☉ Zaratamo
Vulcanizados Zuloaga enpresako zortzi langile kaleratu dituztela salatu du ELA sindikatuak
Epaitegiak aldi baterako lan erregulazioko espedientea baliogabetu "eta ordu gutxira" Vulcanizados Zuloagako zuzendaritzak zortzi kaleratze gutun bidali dituela salatu du ELA sindikatuak

Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresak apirilean aurkeztutako aldi baterako lan erregulazioko espedientea Bilboko Lan Arloko epaitegiak baliogabetu ondoren, orain zortzi langile kaleratu dituztela salatu du ELA sindikatuak: "Epaia eman eta ordu gutxira, Vulcanizados Zuloagak zortzi kaleratze gutun bidali ditu, arrazoi 'objektiboak' argudiatuz, itxuraz".
Kaleratu dituzten langile guztiak ELAko afiliatuak direla adierazi dute sindikatutik, "eta urte eta erdiz greban egondakoak", diote, eta gaineratu dute: "Sindikatuaren aurkako beste jarrera baten aurrean gaude".
ELAk kaleratu guztiak "berehala" lanpostura itzultzea eskatu du, "eta horretarako bitarteko egokienak jarriko ditugu martxan", diote.
☉ Zaratamo
Justiziak Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresaren Aldi Baterako Espedientea baliogabetu du
ELA sindikatuaren arabera, ABEEaren neurria baliogabea da arrazoi birengatik: alde batetik, kausak ez daude akreditatuta eta bestetik espedientea greba egitearen erantzun modura ipini dute

Bilboko Lan Arloko Epaitegiak Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga enpresak joan den apirilean bertako langileei proposatutako Aldi Baterako Espediente Erregulatzailea (ABEEa, ERTE, gaztelaniaz) baliogabetu du: "Vulcanizados Zuloagak askatasun sindikalaren eskubidea urratu du, grebarako eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz", azaldu dute Justizia Epaitegitik.
Joan den martxoan akordioa erdietsi zuen Vulcanizados Zuloaga enpresak greban zeuden ekoizpeneko langile guztiekin, urte eta erdiko (617 egun) grebari amaiera emateko helburuarekin , lan baldintzen hobekuntzekin. Grebari amaiera eman zitzaion eta langileek disfrutatzeke zituzten egunak hartu zituzten. "Langileak, lan egin barik, lehen egunean Aldi Baterako Espediente Erregulatzaile batekin egin zuten topo", azaldu dio Mikel Etxebarria ELA sindikatuko kideak GEURIAri. "Enpresak lan-karga jaitsi zela argudiatu zuen baina guk argi eta garbi ikusi genuen ABEE hori diskriminatzailea zela grebalarien aurka eta greba bera egiteagatik zigor modura ezarri dutela".

Grebalari bat, pegatina bat ipintzen martxa batean // Geuria
"Langileak, lan egin barik, lehen egunean Aldi Baterako Espediente Erregulatzaile batekin egin zuten topo"
Etxebarriaren arabera, ondorio modura, grebalariak maiatzetik egon dira ABEErekin eta erantzun modura, ELAk errekurtsoa ipini zuen eta atzo bertan jaso zuten Bilboko Lan Arloko Epaitegiaren erantzuna: "Epaileak sententzian adierazi duenez, ABEEaren neurria baliogabea da arrazoi birengatik: alde batetik, kausak ez daude akreditatuta eta bestetik espedientea greba egitearen erantzun modura ipini dute", izan dira ELAko kidearen berbak. Sententziaren arabera, greba egitearen eskubidea eta askatasun sindikala bortxatu du Zaratamoko enpresak
"Horiek horrela, enpresak etendako lan kontratu guztiei berehala ekin behar die berriro, eta eraginpeko langileek jaso ez dituzten soldatak ordaintzera kondenatuko du Zuloaga", azaldu dute sindikatutik. Ondorio modura eta sindikatuak azaldu bezala, epaiak ELA sindikatuari 25.000 euro ordaintzera kondenatzen du enpresa, kalte moralagatiko kalte ordain gisa.
"Buruarekin" jokatuz
Sententzia errekurrigarria bada ere, "justizia egiten duela" azaldu du Etxebarriak: "Erabaki honek egoera txarrean utzi du enpresa"eta enpresak "burua jarri" behar duela azaldu du Mikelek: "Enpresak ulertu behar du bere langileak errespetatu behar dituela, inolako diskriminaziorik egin gabe. Langileek beren lan-egoera hobetu dituzte eta horixe bera errespetatu behar du Zuloagak. Ez dago besterik".
"Enpresak burua erabili behar du, langileek lan baldintza onekin lan egiteko prest daudelako"
ELAko kidearen arabera, enpresak, "burua erabili baino tripak erabili ditu" momentura arte, haserrearekin eta modu desegokian jokatuz: "Enpresak burua erabili behar du, langileek lan baldintza onekin lan egiteko prest daudelako".
Greba hasi zutenetik, grebalariek mobilizazio ugari antolatu dituzte Hego Uribe eskualde osoan zehar: Zaratamon (enpresaren egoitzan bertan zein udaletxean), Arrigorriagan, Ugaon, Galdakaon eta baita Zeberion ere.
☉ Zaratamo
Zaratamok txakurren Espainiako Obedientzia Txapelketa hartuko du lehen aldiz urrian
Ordutegiak erabakita ez badaude ere, jarduera egun osokoa izango dela aurretu du Marie Deitieux hezitzaileak eta edozein motako txakurrek parte hartu ahalko dutela azaldu digu

Datorren urriaren 14an txakurren Espainiako Obedientzia Txapelketa (ODU bezala ezaguna) hartuko du Zaratamok Gurutzaldeko futbol zelai ohian. Ekitaldia Zaratamoko 100% Orekan klubak antolatu du: "Urtean zehar ligarako puntuak jasotzen ibili dira parte-hartzaileak Espainian zehar antolatutako txapelketa ezberdinetan", azaldu dio GEURIAri Marie Deitieux 100% Orekan klubeko arduradunak.
"Klubeko kideok Toledon izan ginen joan den apirilean, Nafarroan ekainean eta Gipuzkoan uztailean, ligarako puntuak eskuratzen"
Ordutegiak erabakita ez badaude ere, jarduera egun osokoa izango dela aurretu du hezitzaileak: "Edozein arrazako txakurrek parte hartu ahal izango dute txapelketan eta izen emateak txapelketaren eguna baino aste bi lehenago zabalduko ditugu".
Txakurrek jarraipen probei, janariarekin antolatutako ariketei, euste eta bilaketa ariketei egin beharko diete aurre besteak beste, eta lau maila bereiziko dira guztira. "Klubeko kideok Toledon izan ginen joan den apirilean, Nafarroan ekainean eta Gipuzkoan uztailean, ligarako puntuak eskuratzen", azaldu du Deitieuxek. Zaratamoko klubak entrenamendu saioak egiten ditu astelehenero, 17:30ean.

100% Orekan klubeko kideak, Zaratamoko Gurutzalde zelaian // 100% Orekan
Frantziatik Zaratamora
Marie Deitieux Frantziatik Bilbora etorri zen txakur hezitzaile ikasketak egiteko, 2022ko irailean GEURIAn jaso genuen bezalaxe, ikasketa horien inguruko eskola gutxi zeuden Frantzian, gertukoena Parisen. "Ez nuen hain urrutira joan nahi. Horregatik etorri nintzen Bilbora. Bertan formazioa egiteko aukera topatu nuen".
Zaratamora heldu zenean 100% Orekan eskola sortu zuen, txakurrei oinarrizko obedientzia edo ODU ezagutzak irakasteko. Hasiera batean bere etxean bertan lan egin zuen txakurrekin, baina hilabete batzuk geroago, Zaratamoko Udalak Gurutzaldeko futbol zelai ohiko zati bat laga zion bere jarduera burutu ahal izateko. Gaur egun 17 kide ditu 100% Orekanek.
Espainiako Txapelketa Zaratamon lehen aldiz antolatzea "erronka garrantzitsua" da Deitieuxentzat eta Estatu mailatik herrira hurbilduko den jende kopurua kalkulatzea "zaila" dela dio hezitzaileak: "Txapelketa hau finala baino hilabete bat lehenago antolatu dugu eta puntuak lortzeko aproposa da. Horrela izanik jende asko hurbildu beharko litzateke Zaratamora, baina batek daki!".
☉ Zaratamo
Urrian amaituko dituzte Arkotxako oinezkoentzako pasabideko lanak, Zaratamoko Santa Barbaran
Udal ordezkarien arabera, lanak iraila amaieran amaitzea aurreikusta dago eta pieza bakarra falta da pasabide biak lotzeko

Zaratamoko Arkotxa auzoko Santa Barbara auzoko Eusko Tren Sarearen trenbidearen gainetik doan pasabidea luzatzeko oinezkoentzako azpiegiturari egunak falta zaizkio inauguraziorako. Errepide gaineko pasabidea eta eraiki berri duten pasabide lotuko duen pieza faltan, Zaratamoko Udaletik iragarri dute lanak hilabete bukaeran bukatuko dituztela, ondo bidean.
"Lanak iraila amaieran amaitzea aurreikusta dago", azaldu dute udal ordezkariek. Abuztuan zehar pasabide biak lotuko dituen pieza sortu dute Igorreko lantegi batean: "Hilabete konplexua da abuztua, tailerrak itxita egon ohi direlako, baina arkitektoak adierazi duenez, pieza irailean bertan ekarriko dute Zaratamora eta ekarri bezain pronto montatzea da asmoa".
"Pasabide biak bateratzeak irisgarritasuna erraztuko du auzoan eta errekarekin konexioa ahalbidetuko du"
Exekuzio-aurrekontua 201.533 eurokoa da eta epea 10 astekoa izango zela aurreikusi zuten 2021eko apirilean sinatutako txostenean. Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak GEURIAri azaldu dio pasabide honen garrantzia "handia" dela: "Laupa bost urteko proiektua da honako hau eta jende asko emaitzaren zain dago", aitortu du Ugarrizak. "Pasabide biak bateratzeak modu nabarmenean erraztuko du auzoan irisgarritasuna eta errekarekin konexioa hobetuko du".

Pasabide berria, obretan, egun hauetan // Geuria
Orain arte, errepide gaineko pasabidea gurutzatzeko asmoa edo beharra duten herritarrek Olaganetik igaro behar dira azpiegituraraino. Jarraian, pasabideko eskailerak edo igogailura igo behar dira. Pasabidea igaro eta errekaraino hel daitezke. Urrats asko eman behar dituzte herritarrek. "Proiektu irisgarri honen bidez, Arkotxako frontoitik errepidearen beste aldera aldaparik gabeko ibilbidea egin ahal izango dute erabiltzaileek, auzoko espaloietatik zehar".
Zaratamoko alkatearen arabera, proiektu honen eragina nabarmenanagoa izango da etorkizunean, "gainontzeko irisgarritasun proiektuak burutzerakoan eta auzoa ordenatuko denean, hain zuzen ere". Pasabide berri honen onuradun nagusiak, beraz, adinekoak izango dira Ugarrizaren ustez, eta hasieratik "pasabide berria frogatzeko zain" agertu direla ziurtatu du.