→Arrigorriaga

Emakumeak onartzen ez dituen txoko bat Arrigorriagako jaien pregoilari izatea berritsi dute

arrigorriaga madalenak txupinazoa 2015 6

Arrigorriagako jaiak gaur hasiko dira, polemikaz beterik. Izan ere, pregoilaria Upo Mendi Lagun Elkartea izango da eta bere estatutuek emakumeak bazkide izatea eragozten dute.

Arrigorriagako jaiak gaur hasiko dira, polemikaz beterik. Izan ere, pregoilaria Upo Mendi Lagun Elkartea izango da eta bere estatutuek emakumeak bazkide izatea eragozten dute. Txoko horren araudiaren aurrean sare sozialetan Upo Mendi txokoa pregoilari izatearen kontrako zenbait mezu zabaldu dira. Honakoa horietako bat: “Aurten emakumeak onartzen ez dituen txoko batek botako du txupina. Bitartean, plazan puntu lila informatiboa, eraso sexistarik gabeko jaien aldeko aldarrikapena… izugarrizko kontraesana da. Emakumeak baztertzea matxismoaren adierazpen garbia da eta ezin dugu onartu“, dio mezuetako batek.

Horiek horrela, Arrigorriagako Jai Batzordeak ezohiko bilera deitu zuen atzo. Bertan, pregoilaria aldatzearen inguruko bozketa egin zuten bertaratutako norbanako zein elkarteek. Emaitza: Upo Mendi txokoak txupina botako duela berretsi zuen bozketaren emaitzak. “Elkarteko kideek azken 30 urteotan egin duten lan ona, arduraz jardun dutela, inklusioaren aldeko jarrera izan dutela eta urte horietako gainerako elkarteekin harmonian izan direla” adierazi du Jai Batzordeak: “Dena dela, baloratu egiten dugu baita ere gertakari horrek aukera ematen diola jai-batzordeari txokoko kideak animatzeko estatutuak ahalik eta lasterren aldatzera, berdintasuneko balioetan oinarriturik eta gizarte inklusiboko eredu bat aintzat hartuta, non emakumeek ordezkaritza daukaten esparru guztietan, baldintza-berdintasunean“.

Protestak gaurko txupinazoan
Udala osatzen duten alderdien artean EH Bildu izan da iritzia publikoki azaldu duen bakarra. Koalizioaren arabera, “Udalak ezin du, inolaz ere, emakumeak diskriminatzen dituen elkarte bat saritu, are gutxiago eremu publikoan“. Gauzak horrela, eta atzoko bileran eman zen emaitza kontuan hartuta, Arrigorriagako EH Bilduko zinegotziak, “protesta gisa“, ez dira jai hasiera ekitaldira joango, “ezta Jai Batzordeak egiten duen harrerara ere“. Era berean, emakumeak onartzen ez dituzten Arrigorriagako elkarte gastronomikoei dei egiten diete, “behingoz”, estatutu, araudi zein eguneroko jokabideak aldatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak