☉ Basauri
Herriko Taldeakeko kuadrillak ari dira sanfaustoetarako giroa berotzen
Hain zuzen ere, Herriko Taldeakeko kuadrilla batzuk bideoak grabatu dituzte Basauriko jaiak hasi aurretik giroa berotzeko.
Hiru egun barru, urriaren 7an, jaia lehertuko da Basaurin. Bederatzi eguneko jai-egitaraua izango da herritarren eskura, baina giroa berotzen aurretik hasi dira Herriko Taldeakeko kuadrillak. Hilabete inguru daramate lanean sanfaustoetarako dena prest egoteko. Hala nola, lonjak apaintzen, pankartak egiten, kuadrillen jaitsierako dantzak entsaiatzen eta nola ez, zurrakapotea egiten.
Giroa berotzeko beste modu bat ere aukeratu dute Herriko Taldeakeko kuadrilla batzuk. Hain zuzen, bideoak grabatu dituzte Alaiak eta Urbiko Lagunak kuadrillek:
☉ Basauri
Trantsizio energetikoaz solasaldia antolatu du Sagarrak talde ekologistak Basaurin
Sagarrak talde ekologistak trantsizio energetikoaz hausnartzeko hitzaldi-eztabaida saioa antolatu du azaroaren 13an, asteazkenez, Pozokoetxeko Kultur Etxean 18:30ean. Solasaldian parte hartuko dute: Alvaro Campos eta Aitor Urresti EHUko irakasleek, Alfredo Bezos ‘El garaje del Cambio’ elkarteko kideak eta Goiener kontsumorako eta energia berriztagarria sortzeko koperatibako Jon Urturi kideak.
“Trantsizio bat beharrezkoa da planetaren baliabide finituengatik eta egungo energia-sistemak gure planetako bizitzarako dakartzan ondorio larriengatik. Indarrean dauden legeek energia-kontsumoak murrizteko neurriak hartzea eta iturri berriztagarrietako energia-instalazio gehiago sortzea eskatzen dute. Beraz, trantsizio energetikoak justua eta tokikoa izan behar du. Hori ez da beti erraza izaten, eta helburu horietara iristeko bide desberdinak daude. Bide horiek eragin handia izan ahal dute gure gizartean. Trantsizioak justua izan behar badu, egun bai administrazio publikoak bai enpresak garatzen ari diren proposamen asko ez dira bidezkoak”, diote dute Sagarrakeko kideek.
Basauriko Udala Jarduketa Energetikoaren Plan Orokorra egiten ari da, eta abenduaren 5era arte ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du. Basauriko Energia-Jarduketen Plan Orokorra udal webgunean dago eskuragarri.
☉ Basauri
Tasen igoera orokorra % 3,3an onartu du Basauriko udalbatzak
Basauriko osoko bilkurak berretsi egin du zergak eta tasak % 3,3an igotzea datorren urtean. Gobernu taldearen (EAJ-PSE) aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoarekin onartu dute neurria. Zehazki, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) edo Jardueren gaineko Zerga (JEZ) bezalako zergak eta zabor-bilketa bezalako tasak % 3,3 igoko dira 2025ean Basaurin.
Era berean, Musika Eskolako zein kiroldegiko prezio publikoak ere % 2 igoko ditu Udalak. Ildo horretan, udalerrian erroldatuta daudenen eta ez daudenen prezio publikoen aldea kendu behar izan du Udalak, legeak hala agintzen duelako, eta hortaz, herritar guztiek prezio berak ordaindu beharko dituzte herrian erroldatuta egon zein ez.
Mari Angeles Cantero Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak kritikatu egin du tasa guztien igoera orokorra, eta zaborren kasuan hondakin sortzaile handien eta txikien artean “inolako bereizketarik” egiten ez dela adierazi du. Bere aldetik, EH Bilduko bozeramaile Exabier Arrietak ondo ikusi du Musika Eskola edo Kultur Etxeko prezio publikoen kasuetan igoera % 2koa izatea, “kultura babesteko asmoz”.
Berta Montes Ogasun arloko zinegotziaren arabera, “igoera hori ezinbesteko neurria da udal zerbitzuen autofinantzaketa maila hobetzeko eta jasangarritasuna bermatzeko”.
☉ Basauri
Baserrietatik zuzenean ekarritako produktuekin azoka egingo dute astero Basaurin
‘Gure Lurreko Merkatua’ hurbileko nekazaritza-elikagaien azoka antolatuko dute astero Basaurin. Bizkaiko baserritarrek zuzenean ekarriko dituzte eurek ekoiztuko dituzten produktuak, hala nola, barazkiak, fruta, gazta, ogia, gozokiak, eztia edota txerrikiak.
Azoka Pedro Lopez Cortazar plazan jarriko dute asteazkenero, 16:30etik 20:00etara bitartean. Azaroaren 13a izango da lehen eguna.
Gehienez, astero, 10 postu jarriko dituzte Pedro Lopez Cortazar plazako arkupeetan.
‘Gure Lurreko Merkatua’ aurrera eraman ahal izateko, Basauriko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearekin.
Basaurin antolatzeaz gain, urteak dira Gorbeialdek beste udal batzuekin elkarlanean hurbileko produktuen azoka antolatzen duena: Galdakaon, Bilbon eta Balmasedan.
“Gure Lurreko Merkatuak aukera emango die basauriarrei tokikoak eta osasuntsuak diren gure baserrietako produktuak erosteko; produktu horietako asko ekologikoak ere badira”, adierazi du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Iragorrik gogorarazi duenez, basauriarren eskaera bati erantzuteko martxan jarri dute hurbileko produktuen azoka. Izan ere, aurrekontu parte-hartzaileak prozesuan herritarrek hautatutako proiektua da. Ildo horretan, Isabel Cadaval Merkataritza arloko zinegotziak espero du ekimenak harrera ona izatea Basaurin.
Olatz Urkiza Gorbeialdeko lehendakariaren arabera, “azokaren helburua argia da: bertokoak diren eta osasuntsuak diren produktuak zuzenean ekartzea baserrietatik hirigunera”.
“Tokiko produktuak kontsumitzea hautatzen dugunean, ingurunearen garapen jasangarriaren aldeko inbertsioa egiten ari gara, eta, gainera, lurraldeko ekonomia bultzatzen laguntzen dugu”, dio Cadavalek.
☉ Basauri
Kaleko ihes gela antolatu du hirugarren urtez Basauriko Merkatari Elkarteak eta 700 euro banatuko ditu
Kaleko ihes gela jokoa antolatu du hirugarren urtez Basauri Merkatari Elkarteak. Azaroaren 16an, larunbatez, izango da Basauriko kaleetatik barrena. Aurtengo jokoaren izena da ‘Bisitari estralurtarra’ eta parte hartzaileek, Gazeta Galaktikoko kazetariek, bisitariari buruzko datuak aurkitu beharko dituzte.
Jokoa Basauriko merkataritza-establezimenduetan egingo da, eta talde bakoitzak jokoaren pistak aurkitu beharko ditu, jokoa osatu arte. Jokoan 16 urtetik gorako 2 eta 5 lagunen arteko taldeek parte har dezakete. Adingabeek ere parte hartu ahal izango dute, nagusi batekin lagunduta badoaz. Jokoan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, doan, basaurikomerkatariak.com webgunearen bitartez.
Sariei dagokienez, guztira 700 euroko erosketa-txartelak banatuko dituzte: talde irabazleak 300 euroko bonua jasoko du eta bigarrenak 200 euroko bonua; gainera, 100 euroko bi sari zozketatuko dituzte jokoa bukatzen duten parte-hartzaile guztien artean.
Era berean, jokoak iraun bitartean beren argazki bat igotzen duten parte-hartzaile guztiak, #escapebasauri traola jarrita eta @basauriko_merkatariak aipatuta, Social Antzokirako zinemarako 10 sarrera bikoitzen zozketan sartuko dira.
☉ Basauri
MAZ Basauri jaialdiko kaleko jarduerak Solobarrian izango dira eguraldi iragarpenagatik
Asteburuan izango da MAZ Basauri jaialdia. Dorian, Cala Vento, La Paloma eta Lisabö dira aurtengo kartelburuak Social Antzokian. Era berean, Lova Lois eta Sotomonte musikariek ere kontzertua emango dute Basauriko antzokian.
Bestetik, azaroaren 9an eta 10ean kalean doako kontzertuak eta antzerkia ere antolatu dituzte txikientzat zein nagusientzat: Gardena, Nun, Sweet Rage, Nat Simons, Matraka Culinary Center, Mugu & Mr. Chase, Elenco eta ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ antzezlana.
Kaleko kontzertuak eta Txiki MAZa Basozelaiko Zortziko plazan iragarrita zegoen arren, eguraldi iragarpena dela eta, Solobarriako karpara lekualdatuko dituzte jarduerok.
“Asteburuan zehar euria iragarrita dago eta, hortaz, larunbat eta igandeko kaleko doako ikuskizun guztiak Solobarria plazako karpan izango dira”, adierazi dute MAZeko antolatzaileek.