Galdakaoko jaiak irailaren 8an hasiko dira eta aurten ere eraso sexisten kontrako kanpaina martxan jarriko dute. Iaz Flashmob bat egin zuten eta aurten Mannequin Challenge erraldoia egitea adostu dute. Irailaren 10ean, igandez, 19:30ean izango da grabaketa Ardanza parkean. Era berean, #GDKOErasoSexistarikEZ traola sortu dute, “edozeinek bere mannequin challenge-a egin dezan eta hashtag hori erabiliz sare sozialetan bere bideoa parteka dezan eraso sexisten aurka“, dio Begoña Ormaetxe Berdintasun arloko zinegotziak. Mannequin challenge erraldoia egin ondoren, Yoguninha Borova abeslariak “Eraso sexistarik ez” kantarekin emanaldia eskainiko du eta parkera doazenek Erabide Elkarteak eta Areto Dantza Taldeak zuzendutako dantza antzeztu ahal izango dute.
“Mannequin challenge-ean eta lerrokako dantzan ahalik eta herritar gehien biltzea nahi dugu“, dio Ormaetxek. Iaz 500 herritar inguruk parte hartu zuen flashmobean.
“Jaietan errespetua, berdintasuna eta sexu-erasorik ez izatea nahi dugu. Horretarako herritarrei dei egiten diegu jaietaz gozatu dezaten portaera sexista mota guztien aurrean ‘zero’ tolerantzia erakutsita”, dio Ormaetxek. Eraso sexisten aurkako kanpainaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.
24 orduko zerbitzua eraso sexisten aurka
Iaz bezala, Galdakaoko Txosna Batzordeak eraso sexisten kontrako protokoloa sortu du, Galdakaoko Udalarekin lankidetzan. Besteak beste, erasoren bat gertatzekotan, 688 719 304 telefonoa jarriko dute herritarren eskura eguneko 24 ordutan, baita larrialdietarako 112 telefono zenbakia ere.
