Irailaren 8an hasiko dira Galdakaoko jaiak eta egun horretan pregoia irakurriko duena Miren de Regil atleta izango da. Era berean, jai-hasiera horretan txupina botako du Alfonso Postigo kirol egokituko txirrindulariak.
Herritarrek euren botoekin aukeratu dituzte bi galdakoztarrak, Udalak martxan jarritako inkestaren bitartez. Guztira, 464 pertsonek hartu dute parte prozesu horretan eta honakoak izan dira emaitzak:
- Borja eta Estefania Martinez dantzariak (herritarren proposamena): 87 boto (%18,8)
- Gure Esku Dago plataforma (herritarrek proposatutakoa): 86 boto (%18,6)
- Alfonso Postigo txirrindularia (Jai Batzordearen proposamena): 59 boto (%12,7)
- Miren de Regil atleta (Jai Batzordeak proposatutakoa): 138 boto (%29,8)
- Zizpa Gazte Elkartea (Jai Batzordeak proposatuta): 93 boto (%20,1)
Jai Batzordeak adostutako irizpideen arabera, pertsona batek -ez elkarte edo talde bat- boto gehien jaso baditu, ondoan izango du boto gehien izan duen hurrengo pertsona. Kasu honetan, Miren de Regilek jaso ditu boto gehien eta gainontzeko aukeren artean pertsona fisiko bakarra Alfonso Postigo da. Elkarte batek botoen gehiengoa lortu izan balu, elkartea bera izango litzateke pregoilari eta txupinero, eta horretarako emakume bat eta gizon bat aukeratu behar izango luke.
