Aurtengo Basauriko jaiak Larrazabal auzoko bizilagunek deitutako protestarekin hasi dira. Txupinazoaren aurretik, 17:00etan, manifestazioa egin dute Basauriko kaleetatik zehar, jasaten dituzten erasoen berri gainontzeko basauriarrei emateko. “Stop erasoak eta mehatxuak” lemapean egin dute ibilbidea udaletxetik, Nagusia kaletik behera, herri erdialdera.
Ondoren, aurreikusita egon ez arren, 19:00etan Herriko Taldeak antolatzen duen koadrilen arteko jaitsierarekin batera hartu dute parte kalejiran. Aurten, Basajaunak lehen koadrilaren aurretik, hiru izan dira atera diren jende multzoak eta aldarrikapenak: aurrenak, Larrazabal auzo elkartekoak; bigarren, presoen kaleratzea aldarrikatzen duen Kalera; eta hirugarren, eraso sexisten kontra agertu diren koadrila bakoitzeko kide bat.
