☉ Basauri
Programa / 50 jarduera baino gehiago antolatu dituzte San Migelgo jaietan
Irailaren 21etik 30era bitartean ospatuko dira San Migelgo jaiak. Mikelats Kultur Elkarteak 50 jarduera baino gehiago antolatu ditu.
Irailaren 21etik 30era bitartean ospatuko dira San Migelgo jaiak. Besteak beste, bizikleta-martxa, kirola, gastronomia lehiaketak, bazkariak, kuadrilen arteko olinpiadak, haur zein gazteentzako jarduerak eta kontzertuak antolatu ditu Mikelats Kultur Elkarteak.
SAN MIGELGO JAIAK 2018 – EGITARAUA
Irailak 21, ostirala
21:30 Kontzertua eta DJ lokalak Ixatxak parkean
Irailak 22, larunbata
10:00 Frontenis banakako txapelketaren finala pilotalekuan
11:00 San Migeleko herritarrentzako VI. Bizikleta-martxa, Dravet Sindromea Fundazioaren alde Ixatxak parkean
12:00 Frontenis binakako txapelketaren finala pilotalekuan
17:30 Kuadrilen topaketa Taberna Nagusian
18:00 Txupina eta kuadrilen jaitsiera
19:00 Pregoia Ekaitzak kuadrilaren eskutik, txupinazoa Ixatxak parkean eta jaitsieraren sari banaketa Ixatxak parkean
22:30 Kontzertuak Ixatxak parkean: Stai Zitto + Talco
Irailak 23,igandea
09:30 Indaba-jan herrikoia egiteko sakramentuak, ogia, ardoa eta postrearen bilketa Ixatxak parkean
10:00 Agroekologiko, tokiko artisautza eta gizarteratze azokaren XIII. edizioa Garbileku kalean
10:00 II. Mikelats Esku Pilota Txapelketa frontoian, Bidebieta Pilotazale Klubaren eskutik
13:00 Boxeo erakusketa Ixatxak parkean
14:00 Indaba-jana Ixatxak parkean
17:00 Kuadrilen arteko XIV. Olinpiadak Ixatxak parkean
19:00 Playback lehiaketa Ixatxak parkean
Irailak 24, astelehena
17:00-20:00 Puzgarriak pilotalekuan (3-9 urte)
17:00-20:00 Gazteentzako jardurak Ixatxak parkean (9-16 urte)
18:00 Nazioarteko XI. Partxis txapelketa Taberna Nagusian
19:00 Txokolatada Ixatxak parkean
20:00 XI. Mus txapelketa Alzaga eta Saibimendi tabernetan
Irailak 25, asteartea
16:45 Txikientzako azkaria Hernan Cortes plazan
17:00-20:00 Haurrentzako ekitaldiak (4-9 urte) Hernan Cortes plazan: hondartza eta magia ikuskizuna
17:00-20:00 Gazteentzako jarduerak (9-16 urte) Ixatxak parkean: amerikar pista puzgarria eta abentura nerabea
18:00 Nazioarteko XI. Partxis txapelketa Taberna Nagusian
20:00 XI. Mus txapelketa Alzaga eta Saibimendi tabernetan
Irailak 26, asteazkena
17:00-20:00 Haurrentzako puzgarriak (4-9 urte) pilotalekuan
17:00-20:00 Gazteentzako jarduerak (10-16 urte) Ixatxak parkean: Xtrem Jump puzgarria eta 2 monolito tibetar zubiarekin
18:00 Nazioarteko XI. Partxis txapelketa Taberna Nagusian
18:00 XIII. Igel-toka txapelketa Saibimendi tabernan
20:00 XI. Mus txapelketa Alzaga eta Saibimendi tabernetan
Irailak 27, osteguna
17:00-20:00 Txikientzako jarduerak (4-9 urte) Hernan Cortes plazan: zirku-eguna, fantasia-makillajea eta ipuin-kontalaria
17:00-20:00 Gazteentzako jarduerak (10-16 urte) Ixatxak parkean: txiki-rallya eta oztopo pista puzgarria
18:00 Nazioarteko XI. Partxis txapelketa Taberna Nagusian
19:00 Txitxarritos Ixatxak parkean
19:30 Txorizoa sagardotan egosia Ixatxak parkean
20:00 XI. Mus txapelketa Alzaga eta Saibimendi tabernetan
Irailak 28, ostirala
11:00-14:00 Txu-txu trena Ixatxak parketik
11:00-14:00 + 16:00-19:00 Gazteentzako jarduerak (10-16 urte) Gernika kalean: giza futbolina eta gladiatoreak
11:00-14:00 + 16:00-19:00 Txikientzako puzgarriak (4-9 urte) pilotalekuan
19:00 Sardina-jan herrikoia Ixatxak parkean
19:15 San Migelgo Patin Jaia Sofia Taramona eskolan: sarbide kurtsoa, roller ginkana, erakusketa lasterketa eta oparien banaketa
19:30 Bertso-kantu poteoa Elexalde tabernatik: Andoni Egaña, Miren Amuriza eta San Migel Kantari
22:00 XXVII. Mahai-futbol txapelketa
22:00 Kontzertuak Ixatxak parkean: Los Fitos y los Fitipaldis (Tributoa) + Oxabi erromeria
Irailak 29, larunbata
11:30 Tiragoma Ixatxak parkean
12:00 Sahararen aldeko ekintzak Ixatxak parkean, Munduaz Blai Elkartearen eskutik
14:00 VIII. Herri Paellada Sofia Taramona eskolan
17:30 Ginkana erraldoia Ixatxak parkean (+16 urte)
18:00 Meza nagusia
23:00 Kontzertuak Ixatxak parkean: Siniestro Total + DJ Ruba
Irailak 30, igandea
10:00-14:00 VII. Marmitako eta XXXIV. Tortila lehiaketak
12:00 Euskal dantzak Sofia Taramona eskolan
19:30 Jai amaiera Ixatxak parkean: Lurrak
☉ Basauri
Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian
Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz eta fake news fenomenoaren inguruan.
Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.
☉ Basauri
Bideoa / Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea zabalik dago jada Basaurin!
Olentzero eta Mari Domingi Basaurin daude jada! Gaur bertan euren etxea zabaldu dute eta eurekin zuzenean berba egiteko aukera izan dugu!
Etxea Antonio Fernandez kaleko 17. zenbakian dago eta zabalik egongo da abenduaren 2tik 23ra bitartean, astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era, eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 15:00etara.
“Urtero bezala, Basauri Merkatarien Elkarteak gune magiko bat sortu du txikienek Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak pertsonalki eman ahal izateko”, diote Merkatari Elkarteko ordezkariek.
GEURIAn Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko gabon gutunak ditugu eskuragarri:
JAITSI | Olentzerori eta Mari Domingiri idazteko gabon gutunak!
Gutunak entregatzeaz gain, txikiei zuzendutako ipuin kontalaria izango da abenduaren 26an eta 27an Olentzeroren eta Mari Domingiren etxean.
Bi egunetan bi emanaldi antolatuko dituzte: lehenengo emanaldia 17:30ean izango da eta 3 eta 5 urte bitartekoentzat egongo da zuzenduta, eta bigarren emanaldia 18:30ean hasiko da, 6 urtetik gorako umeentzat.
Selfieak eta zozketa
Olentzeroren eta Mari Domingiren Basauriko etxea bisituko duenak oparia jasoko du.
Basauri Merkatari Elkartetik diotenez, abenduaren 2tik 23ra bitartean etxea bisitatu eta bertan selfie bat aterako duenak eta Instagramen edo Facebooken argitaratuko duenak, @basauricomercio etiketatuta, Social Antzokiara joateko zinemarako bi sarrera lortuko ditu opari.
☉ Basauri
Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek euren lan-baldintzak “okertu” direla salatu dute
Gehiegizko lanaldiak, nominen atzeratzea eta ez ordaintzea, aurretik hitzartutako soldata-hobekuntzak ez aplikatzea, langileen legezko ordezkaritzari informaziorik ez ematea edota laneko materialetan akatsak izatea salatu dute Basauriko udal eraikinetako garbitzaileek.
“Basauriko Udalaren eraikin eta lokalen garbiketa-zerbitzua OHL-UTE Basauriko Eraikinak Garbi enpresari esleitu zaionetik, 2024an bertan, zerbitzu horiek ematen dituzten langileek lan-baldintzen okertze sistematikoa eta lan-eskubideen atzerakada jasaten ari dira”, salatu dute sindikatuek.
Hain zuzen ere, langileen batzordeak eta LAB, ELA eta ESK sindikatuek hilabeteak daramatzate esleipena duen enpresa berriak egindako “ez-betetze larriak” salatzen.
“Enpresaren jarrera eta Basauriko Udalaren inplikazio falta ikusita, elkarretaratzeak egin genituen azaroaren 27an eta 28an udaletxearen aurrean. Horrela, langileek enpresaren jarrera onartezinaren aurrean gogaituta daudela adierazi dute, eta Basauriko Udalari azpikontratatutako zerbitzuak betetzen direla eta horiek ahalbidetzen dituztenen lan-eskubideak errespetatzen direla zaintzeko duen betebeharra bete dezala exijitu diote”, adierazi dute sindikatuetatik.
Elkarretareatzeak egingo dituzte asteazkenero udaletxe aurrean. “Honako egoera hau —beren negozioaren errentagarritasuna emandako zerbitzuen gainetik lehenesten duten enpresekiko azpikontratazioen bidez arlo publikoa kudeatzearen ondorio zuzena—, ez du langileengan eragin negatiboa soilik, baizik eta eskoletan, kiroldegietan eta beste udal-eraikin batzuetan ematen den zerbitzuetan ere”, diote.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubak Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du
Basauriko Javi Conde klub paralinpikoak adimen-urritasuna duten atletentzako Espainiako Feddi kros txapeldun titulua berretsi du.
Txapelketa azaroaren 30ean, larunbatez, izan zen San Migeleko Lapatzako zirkuituan. Atletek Kirol Trebetasunak, Egokitua, Lehiaketa eta Errelebo Mistoen proba berrian kategorietan hartu zuten parte.
Klub basauriarrak urrezko zortzi domina, zilarrezko lau eta brontzesko bost domina irabazi zituen. Kategoria nagusian, Angela de Miguel eta Raul Martinez izan ziren txapeldunak.
Sailkapen orokorrean Kantabriako ACDE kluba bigarren izan zen urrezko bi dominekin eta brontzesko batekin, eta hirugarren sailkatu zen Puertollanoko kluba urrezko domina bakarrarekin eta zilarrezko hirurekin.
“Proba honekin, Bertako Javi Conde klubak amaiera eman dio 2024ko denboraldiari, pistan zein krosean lortutako hiru garaipenekin”, adierazi dute klubeko ordezkariek.
☉ Basauri
Basauriko Udalak adierazi du “berdintasunerako politika berriak ezartzeko eta hobetzeko bidean” jarraitzen duela
Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak herriko berdintasun politiketan “atzerapauso nabarmenak” eman izana egotzi diote Basauriko Udalari.
Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziaren arabera, Basauriko Udalak beharrezko politika horietako “asko” garatu ditu, eta politika horiek “hobetzeko eta berriak ezartzeko” bidean jarraitzen duela zehaztu zuen. “Horregatik ezin dut bat egin osoko bilkura honetan Udal honetako berdintasun-politika publikoei buruz esan denarekin: politika horiek geldirik daudela edo atzera egin dutela, edo baliabideak inoiz iristen ez direla”, esan zuen Cadavalek.
Ildo horretan, adibide batzuk eman zituen Cadavalek: “2021az geroztik, % 30 igo dira modu zuzenean berdintasun-politika publikoak; azken bi urteetan, hezkuntzaren arloko bi proiektu berri jarri ditugu abian: batetik, eskola-patioak eraldatzeko proiektua, eta, bestetik, Behin eta Berriro ekimena, indarkeria matxistarekin lotutako edukiak metodologia berritzaile batekin lantzeko gune egonkorra; Azaroak 25 plaza izendatu dugu, feminismoaren aldarrikapenetarako espazio publikoaren konkista bezala; eta jai-inguruetan eraso matxistei erantzuteko protokolo eraginkor bat lantzea lortu dugu”.
“Badakit berdintasunerako politika publikoak nahiko genukeena baino motelago doazela. Baina ez Udal honetan bakarrik, munduan baizik. Eta berdintasun-politika publikoak beharrezkoak ditugu, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-testuinguru onartezinean bizi garelako”, adierazi zuen Cadavalek.
Langileak kontratatzea
Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak zenbait galdera egin zituen azaroko osoko bilkuran, besteak beste, emakumeen memoria historikoari edo berdintasun arloan langileak kontratatzeari buruzkoak.
Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeari dagokionez, Cadavalek adierazi zuen Emakumeen Aztarnen Mapa prestatzeko proiektua aurreikusita dagoela: “Asmoa da proiektu horri ekin ahal izatea plakak eta aztarnak dauden kokaleku guztiak aztertu ondoren, eta mapaketa horretan sartuko genituzke 2022an eta 2023an hainbat eraikin publikotan jarri genituen M8ko horma-irudiak ere”.
Era berean, indarkeria matxistaren biktima eta bizirik atera diren emakumeen memoriala osatzeko proiektuaz berba egin zuen Cadavalek: “Memorialean zer esaldi jarri erabaki gabe daukagu. Berdintasun Kontseiluan erabakiko dugu hori. Eta hori behin erabakita, espazio hori amaitutzat emango dugu”.
Bestetik, Indarkeria Matxistari aurre egiteko bigarren tokiko Planak eta Berdintasunerako lehen Barne Planak ezartzeko “langilerik ez” dagoela salatu zuten emakumeen taldeek, eta Berdintasun Arloak administraririk ez duela ere azpimarratu zuten.
Zentzu horretan, aurtengo ekaineko osoko bilkuran, bi lanpostu sortzea onartu zela gogorarazi zuen Cadavalek: “Lanpostu horiek Berdintasun arloa kokatuta dagoen Gizarte Politikako arlora bideratuta daude. Lanpostu horietako bat bete da jada, baina bestea falta da, eta, hain zuzen ere, ahalik eta epe laburrenean egin behar da”. Administrariari dagokionez, Berdintasun arloan beste langile bat egon dadin prozesu-administratiboa hasi du Udalak.
Halaber, Indarkeria Matxistaren Biktimak Artatzeko Erakunde arteko Protokoloaren garapenean, prozesuan ez dituztela kontuan hartu ez Mugimendu Feminista ez Berdintasun Kontseilua salatu zuten Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak.
“Protokoloari dagokionez, Berdintasun Kontseilua osatzen duten hainbat elkartek parte hartu dute azken hilabeteetan protokolo hori aurkezteko saioetan, eta oraindik bilera batzuk egiteke daude. Gainera, duela gutxi, protokoloaren laburpena bidali zaie arlo guztietako Basauriko elkarte guztiei”, esan zuen Cadavalek.
Berdintasun Kontseiluak Basaurin 20 urte baino gehiago daramala lanean azpimarratu zuen Cadavalek: “Parte hartzeko oso gune baliotsua dela uste dugu eta bere parte hartzearekin kontatzen jarraituko dugu”.
Obrak Marienean
Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalek “arazo estrukturalak” dituztela ere salatu zuten emakumeek. Zehazki, Marienean itoginak daudela eta Manuela Egiguren eta Ate Zabalik elkarteak dauden lokaletan berogailuekin arazoak daudela adierazi zuten.
Ildo horretan, Isabel Cadaval zinegotziak jakinarazi zuen, Marieneako estalkia iragazgaizteko “proiektu integral bat” daukala Udalak esku artean: “Proiektua nahiko handia da, eta aurreikuspena da 2025eko lehen hiruhilekoaren amaieran hastea lanak”, adierazi zuen Cadavalek.
Hala ere, konponketa integral hori iritsi arte, Udal Brigada “esku hartze espezifikoak” egiten ari dela zehaztu zuen. “Proiektua mahai gainean dago, eta, jakina, ahalik eta lasterren ekin beharreko obra da”, esan zuen Cadavalek.
“Manuela Egiguren eta Ate Zabalik lokalei dagokienez, arazoak daude berokuntza-sisteman. Joan den neguan gorabehera dezente izan ziren, eta hainbat aldiz jardun zen. Aurten, berogailuak piztuta, egiaztatu da ez dabiltzala ondo. Jarraipen espezifikoagoa eta intentsiboagoa egiten ari dira, zerbitzu teknikoek egoki iritziz gero ordezkapen bat egin behar den ikusteko”, adierazi zuen Cadavalek.
Amaitzeko, Emakumeok Bat Emakume Elkarteen Federazioak eta Basauriko Mugimendu Feministak bilera eskatu zuen Asier Iragorri alkatearekin eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariekin. Azaroko osoko bilkuran Iragorrik adierazi zuen batzarra izateko arazorik ez duela eta egingo dutela.