→Ugao

II. Arrantza Masterra eta umeentzako ikastaro berezia antolatu dituzte jaietan

ugao arrantza masterra

Hilaren 11n izango da Arrantza Masterra Ugaoko Arrantza Elkarteak antolatuta. Gainera, larunbatean txikientzako ikastaroa prestatu dute Nerbioi ibaian

Irailaren 11n, igandez, Arrantza Masterraren bigarren edizioa hartuko du Ugaok Nerbioi ibaiaren ertzean, Ugaoko Arrantza Elkarteak antolatuta: “Aurten Arrantza Masterraren bigarren edizioa ospatuko dugu, baina urte askotan aritu gara arrantza txapelketak antolatzen jaietan”, dio Aratz Zuazo Ibarrak, elkarteko presidenteak.

Gehienez hogei lagunek parte hatu ahal izango dute masterrean. Berrogehita bost minutuko txandak egingo dituzte eta parte hartzaile bakoitzak bi rolak bete beharko ditu: arrantzale eta kontrolatzaile, “modu horretan denek parte hartzeko aukera izango dute”. Arrantzatzeko amuak elkarteak berak banatuko ditu.

Arrantza jasangarria

Zuazoren hitzetan, Nerbioi ibaian ez dago arrain askorik: “Amuarrain gutxi batzuk baino ez daude, baina Foru Aldundiak arrain gehiago botako ditu Masterraren egunean. Batez ere, zarboak dira txapelketan arrantzatzen direnak”. Hori bai, arrantzatzen den guztia berriro ere ibaira bueltatuko dutela argitu du Zuazok. “Duela urte asko, arrantzatutako arrainak hil egiten ziren, baina egun gazteek jakin behar dute Masterrean arrantzatzen dena ibaira bueltatu behar dela arrainak ibaian haz daitezen eta hurrengo urtean arrantzan jarraitu ahal izateko”.

 

Umeentzako ikastaroa

Arrantza Masterraz gain, irailaren 10ean, larunbatez, 11:00etatik aurrera txikientzako ikastaroa ere antolatu dute aurten. Geralekua Elkartearen egoitzan izango da (Bide Zahar kalea, 5) eta lizentzia duen edonork parte har dezake. “Lizentzia eskuratu gura dutenek jakin bezate Eusko Jaurlaritzak ematen dituela eta internet bidez eska daitezkeela 16 euro inguruko tasa ordainduta”, dio Zuazok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak