Sareak

☉ Ugao

[Programa] Irailaren 7tik 11ra bitartean izango dira Ugaoko jaiak

Jai Batzordeak 50 jarduera baino gehiago antolatu ditu: kale animazioa, kontzertuak, antzerki musikalak, kalejirak, kirola, hitzaldiak eta txapelketak, besteak beste.

|

ugao jaiak 2016 txupinazoa 0
Iazko kuadrillen kalejira Ugaoko jaietan // Geuria

Udiarraga Ama Birjinaren omenezko jaiak irailaren 7tik 11ra bitartean ospatuko dira Ugaon. Jai Batzordeak 50 jarduera baino gehiago antolatu ditu: kale animazioa, kontzertuak, antzerki musikalak, kalejirak, kirola, hitzaldiak eta txapelketak, besteak beste. Kontzertuei dagokienez hauek izango dira aurten: Kalakan, Hesian, Skakeitan, Kebasque, Osterabe eta Enkore.

UGAOKO JAIAK 2017 – EGITARAUA

Irailak 7, osteguna

18:30 Kuadrilen jaitsiera Ugao-Miraballesko buruhandiek eta Gazteleku fanfarreak alaituta: San Bartolome kaletik Herriaren enparantzara

19:00 Pregoia eta txupinazoa udaletxeko balkoitik

19:30-22:30 Kale animazioa: buruhandiak eta Gazteleku fanfarrea

19:30 Puntu Lila informatiboa Hiru txorroko iturrian: Eraso sexistarik gabeko jaien alde

20:00 Salbea Udiarraga Ama Birjinaren baseliza

20:30 Kontzertua baselizan: Eder Bengoetxea (biolina)

21:00 Kuadrilen jaitsieraren sari banaketa Herriaren enparantzan

21:00 Kontzertua Herriaren enparantzan: Kalakan

Irailak 8, ostirala

11:00 Diana

12:00 Meza nagusia Udiarraga Ama Birjinaren baselizan. Sarea Abesbatza

12:45 Kontzertua Herriaren enparantzan: Los Chimberos (bilbainadak)

13:30 Adineko pertsonei omenaldia

14:30 Jubilatuen senidetze-bazkaria El Jaro kiroldegian

18:00 Antzerki musikala: Go!azen dantzatu eta abestera!

19:00-22:00 Kale animazioa herriko kaleetan zehar: Ku-Klux fanfarrea

19:00 Esku Pilota partiduak herriko pilotari gazteekin Gernika enparantzan. Ohorezko sakea pilotari profesional baten eskutik

19:30 Hitzaldia Jane Jauregian: “Dorreak, leinuak, gatazkak?” Juan Manuel Gonzalez Cembellin

20:00 Kalejira Ugaoko buruhandiekin

20:00 Ugao Futbol Taldearen aurkezpen ofiziala Arandia futbol zelaian

21:00 Berbena Herriaren enparantzan: Arizgoiti taldea

22:30 Kontzertuak Gernika enparantzan: Kebasque (Ugao) + Hesian + Skakeitan

Irailak 9, larunbata

09:00 Marmitako eta tortilla txapelketetan izena ematea baselizako enparantzan. Euria bada, Leitoki ikastetxean

11:00 Diana

12:00-14:00 Ugaoko Konkistatzailea txapelketa Herriaren enparantzan, Lehendakari Agirre enparantzan eta Hiru txorroko iturrian

14:30 Marmitako eta tortilla txapelketen sari banaketa baselizako enparantzan

16:30 Futbola Arandia zelaian: Ugaoko Futbol Taldeko emakumezko taldearen eta gazte taldearen arteko konbinatua

18:00 Mus eta Briska txapelketen finalak Jubilatuen egoitzan

18:30 Dantza jaialdia baselizako enparantzan: Rioloboseko Coros y danzas Zangaena (Extremadura) + Etorki Dantza Taldea (Ugao)

19:30-22:30 Kale animazioa: Guretzat fanfarrea eta Ugaoko buruhandiak

22:00-02:00 Dantzaldia Gernika enparantzan: Montecristo orkestra

22:30 Kontzetuak Herriaren enparantzan: Osterabe (Arrigorriaga) + Enkore

02:00-05:00 DJ Markelin Gernika enparantzan

Irailak 10, igandea

11:00 Diana

11:00-14:30 + 17:00-18:30 Haurrentzako parkea baselizako enparantzan

11:00-14:30 + 17:00-18:30 Gazteentzako parkea Arandia gunean

12:30 Herri Kirolak Herriaren enparantzan. Harriti giza-proba taldeko emakumeak + Aizkolariak: Alazne Etxaburu (Zizurkil), Gaizka Lopez (Laudio), Aimar Irazabal (Ugao) eta Aritz Irazabal (Ugao)

18:30 Kale antzerkia Herriaren enparantzan: “Walkman” Ganso&Cia

19:45 Kalejira Ugaoko buruhandiekin

21:30 Antzerkia Gernika enparantzan: Ugaoko Bidea taldea

Irailak 11, astelehena

11:00 Diana

11:30 Meza

12:30 Kale animazioa: Beti Jai fanfarrea

14:30 Indaba-jana baselizako gunean

18:00 Pailazoak Gernika enparantzan: Pirritx, Porrotx eta Marimotots

18:00 Puntu Lila informatiboa Hiru txorroko iturrian

18:30 Kale animazioa: “Euskorleans” Zo-Zongó

19:00 Dantzaldia: DJ Gauargi

20:30 Kale animazioa: “Rock-kalean” Zo-Zongó

23:15 Bola jiraraztea Hiru txorroko iturrian

23:30 Jai amaierako traka Ibaiondoko gunean: FML piroteknia

☉ Ugao

Bideoa | Martxoaren 8a “espazioak hartzeko eguna” ere badela azaldu dute Ugaoko Emahots Talde Feministatik

Emahots Talde Feministako Ainize Perez eta Leire Untzuetarekin izan gara urteroko hitzordu honen inguruan berba egiteko

|

Emakumeen Nazioarteko Egunean mobilizazio ugari egin dituzte Hego Uribe eskualdeko hainbat lekutan. GEURIA Emahots Talde Feministak Ugaon antolatutako manifestazioan eta ekitaldian izan zen.

Ainize Perez eta Leire Untzueta kideekin berba egin dugu Martxoaren 8aren inguruan. Atzoko argazki guztiak hementxe topa ditzakezu.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ez Dok Bape ugaotarrek kontzertua eskainiko dute Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren jaian

Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon, Korrika kulturala dela eta

|

Ez Dok Bape taldea // Geuria

Ez Dok Bapeko mutilek kontzertu berezia eskainiko dute martxoaren 13an, Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, Korrikaren Jaia dela eta.

Egun horretan bertan askotariko jarduerak antolatu dituzte Ugaon: eskolako umeen bertsoak eta Korrika Txikiko pankarta margoketa eta photocalla, txalaparta tailerra, Mintzodromoa… egitarau osoa esteka honetan ikus dezakezu.

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernako kontzertua 21:30ean izango da. “Dorretxea Herriko Taberna hainbat emanaldiren topaleku izango da martxoan zehar”, iragarri dute antolatzaileek. “Herriko beste eragile batzuekin burututako lanketaren ondorio da martxoan zehar antolatutako egitaraua. Mota desberdinetako ekitaldiak izango ditugu gurean”.

Programa joan den martxoaren 7an abiarazi zuten DJ HMNDETXERA deustuarren dantza, perreo eta juergarekin. Ez Dok Bape bandaren kontzertua eta gero hilabeteko azken jarduera antolatu dute hilaren 27an Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan: Elisabet Mejuto, Julen Pagazaurtundua eta Asier Galarzaren ‘Bakarrizketak Euskaraz’ saioak, alegia.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Argazkiak | Ugaotarrek “Egunak eta gauak gureak dira” oihukatuz hartu dituzte herriko kaleak, M8an

|

Emakumeak, martxan // Geuria

100 herritar baino gehiago kalera irten dira Emakumeen Nazioarteko Egunean, Ugaon. Lema nagusia, jakina denez ‘Beste mundu bat feminismotik’ izan da eta herrian elkarretaratzea egin ostean kaleetatik irten dira, emakumeen borrokaren alde.

12:30ean manifestazioa hasi dute herriko kaleetan barrena eta ibilbidea parke berdeko frontoian amaitu dute. Bertan, ekitaldi xume bat prestatu dute herriko eragile batzuek.

“Gaurkoan kalera aterako gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez”, azaldu dute Emahots Talde Feministatik.

“Lehena martxoaren 17a, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik. Ondoren, martxoaren 21a, arrazakeriaren kontrako eguna, zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzenduen ndarkeriarekin mozteko”, gehitu dute.

“Martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna; zaintzak lanak prekaritatearen, makumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin amaitzeko eskatzearekin batera”.

“Eta, azkenik, martxoaren 31, Trans ikusgarritasunaren eguna; trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bederatzi arma konfiskatu ditu Ertzaintzak Ugaoko diskoteka baten inguruetan

Guztira 49 pertsona eta 16 ibilgailu identifikatu, bederatzi arma konfiskatu eta atestatu bat ireki dute droga-trafikoagatik

|

Konfiskatutako armak // Ertzaintza

Ertzaintzak 49 pertsona eta 16 ibilgailu identifikatu, bederatzi arma konfiskatu eta eta atestatu bat ireki du droga-trafikoagatik Ugaoko diskoteka baten inguruan ezarritako prebentziozko dispositibo batean, joan den igandean, martxoaren 1ean.

Kendutako bederatzi arma horien artean ukabil amerikar bat, homologatu gabeko defentsako esprai bat eta giltza-labana bat ageri dira, eta Ertzaintzako ordezkariek azaldu dute horiek zeramatzatenei espedienteak ireki dizkiete Herritarren Segurtasunerako Legea ezarriz.

“Era berean, beste lau pertsona zehatzeko proposatu zituzten Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoari jarraituz, substantzia sorgorgarriak edukitzeagatik”, gehitu dute.   

Esku-hartze horiek Ertzaintzak, kalean Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira.

Ugaoko diskotekaren inguruak // Geuria

Arazoak asteburuetan

Ertzaintzaren jarduketa hau ez da Ugaoko diskotekaren inguruetan gertatzen den lehena. Usila auzoaren inguruan arazo ugari gertatu izan ohi dira, eta azken aldian gertakari horien kopurua gora egiten ari dela salatu dute Ugaoko auzotar askok.

GEURIAk azken urteetako fenomeno horren inguruko erreportajea kaleratu zuen iazko abenduan, herritarren, institutuko langileen eta udal ordezkarien testigantzak jasoz, besteak beste.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bizkaiko eraikin eta lokalen garbitzaileek, Ugaoko langileak tartean, beste greba egun bi egingo dituzte

Martxoaren 16an eta 18an lanaldi osoko greba egunak deitu dituzte berriro ELA eta LAB sindikatuek Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa sektorean. Horrek eragina izaten ari da, tartean, Ugaoko udal-eraikinetako garbiketa zerbitzuan

|

Manifestazio bat, Ugaon // Geuria

Joan den otsailaren 24an greba eguna hasi zuten Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa sektoreko langileek. Horien artean Ugaoko langileak dituen ISS Iberia enpresa ageri da.

Martxoaren 16an eta 18an lanaldi osoko greba egunak deitu dituzte berriro ELA eta LAB sindikatuek Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa sektorean. Horrek eragina izaten ari da, tartean, Ugaoko udal-eraikinetako garbiketa zerbitzuan.

Otsaila eta martxokoak ez dira urteko greba egun bakarrak; joan den urtarrilaren 14an eta 15ean egin zituzten, eta 2025eko abenduaren 17an beste greba egun bat antolatu zuten ere.

“Urtebeteko negoziazioaren ondoren, ASELBIk eta ASPELek osatutako patronalek egoera baldintzatzen jarraitzen dute, sektoreak orain arte lortutako lan eskubideetan murrizketak bere gain har ditzan”, azaldu dute ELA sindikatutik. “Besteak beste, antzinatasunaren eta laneko bajaren osagarriak okertu nahi dituzte, sektorearentzat ezinbesteko osagarriak izanik, ez baitago horiek galtzeko prest”.

“Arrazoiak, esleipedun enpresarenak”

“Ugaoko Udaletik adierazi nahi da greba-deialdi hau eragin duten arrazoiak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren eta bere langileen arteko barne-desadostasunetan oinarritzen direla”, argitu dute Ugaoko udaleko ordezkariek.

“Sektoreko patronalak onura handiak dituzten enpresek osatzen dituzte, hala nola ISS, SERVEO, EULEN, FCC… eta horiek beren diru-sarrerak Bizkaiko garbiketako langileen bizi kalitatearen aurretik jartzen dituzte”, zehaztu dute ELAtik. “Gainera, uko egiten diote sektorearen aldarrikapenei erantzuteari, eta aldarrikapen nagusiak dira lanaldi osoa lortzeko aukera ematen duen lanpostu hutsen sistema bat, partzialtasuna nagusi den sektore batez ari baikara, eta langileak kondenatzen dituzte astean hiru orduko lanaldi irrigarriak izatera eta urtean 22.500 euroko soldata igoera bermatzera, besteak beste”.

Ugaoko enpresa esleipenduna ISS Iberia da zehazki, zerbitzuak integratzen, hala nola mantentze-lanak, garbiketa, workplace eta facility managementa lantzen duen Europa mailako enpresa. Iazko urrrian 1989an sortutako Garbialdi enpresa erosi zuen eta hori “urrats handia” izan dela azaldu dute: “Garbialdiren erosketarekin, ISSk Euskal Autonomia Erkidegoan duen presentzia handitu du, eta sede ezberdinetako eragiketak eta behar konplexuak dituzten bezeroei laguntzeko gaitasuna indartzen du”, azaldu zuten iazko urriaren amaieran ISStik.

Joan den otsailaren 20an bilera izan zuen Ekaitz Mentxaka herriko alkateak ELAko ordezkari batekin eta ISSko langile batekin. Asmoa, Ugaoko Udaletik iragarri lez, “egoera bertatik bertara ezagutzea eta planteamenduak entzutea” da. Helarazitako aldarrikapenen artean, hitzarmen propioa eskatzea ageri da.

Ekaitz Mentxaka: “Greba-deialdi hau eragin duten arrazoiak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren eta bere langileen arteko barne-desadostasunetan oinarritzen dira”

“Greba-deialdi hau eragin duten arrazoiak ISSren eta bere langileen arteko barne-desadostasunetan oinarritzen dira: Planteatutako aldarrikapenak plantillaren eta enpresaren arteko kontratuan araututako lan-baldintzei buruzkoak dira, eta enpresaren eta langileen arteko barneko lan-harremanen esparruan negoziatu behar dira, eragile sindikalen balizko bitartekaritzarekin”, nabarmendu du Mentxakak.

“Hala ere, Udalak konpromisoa hartu du bideratzaile gisa jarduteko, bi aldeen artean jarrerak hurbiltzeko helburuarekin. Ildo horretan, lanean jarraituko du, Ugaoko langileentzat, enpresarentzat eta bizilagunentzat konponbide adostu eta onuragarri bat lortzen laguntzeko asmoz“.

Herritarrak, Garbialdi enpresako langileen aldeko manifestazioan // Geuria

M17a, tartean

Iragarritako greba egun horien artean, datorren martxoaren 17an, greba orokorra deitu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek.

Deialdiaren leloak (“Gutxieneko soldata hemen erabaki”) jasotzen duen bezala, helburua Hego Euskal Herrian ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea da.

ELAk, greba orokorra deitzen duten gainontzeko sindikatuekin batera, 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen du. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba orokorraren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen eta egungo LGSak ez duela bere funtzioa betetzen adierazi zuen. “Inork ezin du errealitate bat ukatu; hemen ezin da 1.184 eurorekin bizi”.

“Patronalek urteko 22.500 euro bermatuko dituzten soldata igoerak beren gain hartzeari uko egitea bat dator Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian urtean 21.000 euro bermatuko dituen gutxieneko soldata negoziatzeari uko egitearekin”, gehitu dute ELAtik. “Zoritxarrez, sektore feminizatuek, hala nola Bizkaiko garbiketa-sektoreak, jasaten dituzte bi jarreren ondorioak. Horregatik, dei egiten diegu sektoreko langileei martxoaren 17rako deitutako greba orokorrarekin bat egitera”.

Horren haritik, Ugaoko Emahots talde feministak martxoaren 17ko greban parte hartzera deitu ditu herritarrak eta mobilizazioa M8ko programazioan txertatuta dauka dagoeneko.

Osorik irakurri