Irailaren 7an hasiko dira Ugaoko jaiak, aurten polemika batekin: ez da txosnagunerik izango. Hori da Ugaoko Txosna Batzordeak hartu duen erabakia, “Udala gure proposamena negoziatzera prest agertu ez delako”, diote. Hain zuzen, Txosna Batzordearen proposamena izan da txosnagunea Parke Berdean jartzea, “herriaren erdigunean”. “Txosnak herritik kanpo izan dira azken hiru urteetan eta batzordetik herriaren erdigunera itzultzeko apustua egin dugu, herriari eta herriko tabernei zein komertzioei gure babesa eta indarra emanez”, diote Ugaoko Txosna Batzordetik: “Guztion artean jai herrikoi partehartzaile eta jendetsuak eraikitzeko apustua egiten dugu, garai batean ziren bezalakoak izan daitezen. Baina, bide horretan, Udalaren kontrako jarrerarekin topo egin dugu, zarataren aitzakia baliatuz”, diote.
“Jaiek 4 egun baino ez dute irauten eta ugaotar guztiok modu batean edo bestean jasan behar ditugu jaiek sorrarazitako zenbait aldaketa. Zarata barne, bai barraketatik datorrena, bai tabernek sortutakoa, bai enparantzan dauden kontzertuek sortutakoa”, diote.
Jai herrikoi partehartzailea eraikitzeko bide horretan Txosna Batzordea udalerriko tabernariekin elkartu da txosnagunearen kokalekuaren inguruan euren iritzia jakiteko: “Tabernarien %90ak baino gehiagok babesa helarazi digute txosnagunea Parke Berdean kokatzeari”, diote: “Leku ezberdinak frogatu ditugun arren, argi dago bai herriari, bai komertzioei eta txosnei, bai jaiari, aportaziorik onena egiten dion gunea Parke Berdea dela”.
Txosnagunea ez jartzearen erabakia hartu arren, Txosna Batzordetik adierazi dute jaietan parte hartuko dutela, “polemika honen inguruan sortu denaren gaineko informazioa herritarren artean zabaltzeko bada ere”, diote. Zentzu horretan, irailaren 8an 20:00etan kalejira egingo dute Parke Berdetik hasita eta udalerriko tabernetatik zehar.
Txosnen errotazioa, Udalaren proposamena
Polemika honen aurrean, Ugaoko Udalak honakoa adierazi du: “Jaietan txosnarik ez bada, ez da izango Udalak hala erabaki edo debekatu duelako; Txosna Batzordekoen ordezkarien erabaki unilaterala izan da“, diote udal ordezkariek: “Parke Berdea Txosna Batzordeari ez uztearen arrazoiak honakoak dira. Alde batetik, urteak dira txosnak, tabernak, herritarrak eta Udala akordio batera heldu ginela txosnagunea hiru leku ezberdinetan kokatzeko, 2 urte toki bakoitzean, errotazioak eginez. Bestetik, Parke Berdea etxebizitzetatik oso hurbil dago eta horrek eragozpenak ekar liezaieke herritarrei, batik bat, zaratagatik“.
Adostasun batera heltzeko helburuarekin Udala eta Txosna Batzordearen artean zenbait bilera egin dituzte. “Bilera horietan Udalaren jarrera malgua izan da eta beste aukera batzuk proposatu dizkiegu. Hala nola, azken hiru urteetan txosnagunea izan den aparkalekuan bertan kokatzea edo errotazioen akordioa kontuan hartuta, egokitzen zitzaien lekuan txosnagunea ipintzea. Kasu honetan aurten ez zegokien Parke Berdea, baina bai herri erdigunean dagoen toki bat“, diote udaletxetik.
Ugaoko Udalaren aldetik konpromisoa hartu dute 2018ko hasieran -otsailetik aurrera- bilera berriak egitea Txosna Batzordearekin, tabernekin eta herritarrekin, “denon artean denon onuradun izango den akordio berri bat bilatzeko“.
