Sareak

☉ Ugao

Ugaoko Konkistatzailearen bila ariko dira irailean, Udiarraga jaietan

Irailaren 9an burutuko da jarduera. ETBko El Conquistador saioko azken edizioko parte-hartzaileen laguntza jasoko dute. Tartean, Aiskander Jauregi izango da

|

ugao aiskander jauregi 2017 el conquistador finala
El Conquistador del Caribe saioko hiru finalistak: Izeta, Aiskander ugaotarra eta Isma :: ETB

Ugaoko jaiak irailean ospatuko dira eta dagoeneko martxan jarri dute kartel iragarlearen lehiaketa ekainaren 30era arte. Era berean, egitarauaren barruan izango den jarduera baten berri eman dute: Ugaoko Konkistatzailearen bila, hain zuzen.

Irailaren 9an, larunbatez, burutuko da jarduera eta izenak dioen bezala, udalerriko konkistatzailearen bila ariko dira. Talde mistoak eratu beharko dituzte herritarrek -12 urtetik gorakoak- eta proba ezberdinak egin beharko dituzte.

Azken proban ETBko El Conquistador saioko azken edizioko parte-hartzaileen laguntza jasoko dute partaideek. Tartean, besteak beste, Aiskander Jauregi ugaotarra, Isma Pereira igorreztarra, Aitor Barrio gasteiztarra eta Kemen Aldave lekunberritarra izango dira Ugaoko Konkistatzailearen bila proban.

☉ Ugao

Udaberriko Hitzaldi Zikloa antolatu du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak

Maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran hitzaldi bi eta LAB sindikatuaren dokumental bat proiektatuko dute

|

LABeko manifestari bat, 2022an, Basaurin // Geuria

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak hitzaldi bi eta dokumental baten proiekzioa antolatu ditu Udaberriko Hitzaldi Zikloan.

Maiatzaren 24an, gatazka politikoaren ondorioz izan eta diren preso eta erbesteratu ohiei egungo gizartean duintasunez bizi eta egokitu daitezen behar duten laguntza eskaintzea helburua duen hitzaldia eskainiko du Ugaoko Harrera elkarteak. Hitzordua 18:30ean izango da.

Maiatzaren 30ean, 18:30ean, LAB Zabaltzen izeneko dokumentalaren proiekzioa antolatu dute sindikatuaren 50. urteurrena ospatzeko. Amaieran solasaldia egingo dute dorretxean bertan.

Azken jarduera, hitzaldia, ekainaren 7an antolatu dute, 18:00etan. “Jauzi Ekosozialeko eta Goiener Energia Kooperatibako kideak dorretxean iango ditugu aldaketa ekosozialaren gakoak eta erronkak aztertzeko, azaldu dute Ugaoko Dorretxeatik.”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Zaratamoko Arkotxa auzoko kontsultorio berriaren lanak irailean bukatuko dituzte

Guztira 148.000 euro bideratu dituzte Arkotxako kontsultorioaren bigarren eta azken fase honetarako

|

Arkotxako kontsultorioaren kanpoaldea, gaur egun // Geuria

Zaratamoko Arkotxa auzoko kontsultorioak eraberritzeko lanak azken fasean murgilduko dira eta Udalak, barruko antolaketari ekiteaz gainera aerotermia energia-sistema ipiniko du bertan.

Bigarren faseko lan hauetarako 137.000 euro bideratuko ditu Udalak eraikinaren barru antolamenduko lanak burutzeko. Obrak aste bi barru hasiko dituztela iragarri dute, “ondo bidean” eta lanen iraupena bost hilabetekoa izango dela aurreratu diote GEURIAri.

“Azken fase honetan ikusi beharko dugu nola moldatu garen herritarrei zerbitzua behar bezala emateko”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak.”Irailerako lanak bukatuta egon beharko dira”.

Alberto Ugarriza: “Azken fase honetan ikusi beharko dugu nola moldatu garen herritarrei zerbitzua behar bezala emateko”

Bigarren fasean honetan inguratzaile termikoa hobetzea, fatxadaren inguratzaile termikoa hobetzea, forjaketa sanitarioaren isolamendua, estalitako inguratzaile termikoa hobetzea, kanpoko arotzeria ordeztea eta instalazioen eraginkortasuna hobetuko ditute.

Aerotermia sistema ezartzeko EBEK Kudeaketaren 11.000 euroko diru-laguntza jaso du Zaratamoko Udalak: “Horrela, eraikina energia berriztagarrien iturrien bidez hornituta geratzea ahalbidetuko da. Proposatutako sistemek energia aurrezteaz gain, emisioak eta ingurumen-inpaktua murrizteko aukera emango dute”, jasotzen du proiektuaren memoriak.

Kontsultorioa, 2021ean // Geuria

Bizi berri bat

Lanen helburua Arkotxako eskola zaharren eraikina kontsultategi mediko gisa eraberritzeko obrak gauzatzea da, eraginkortasun energetikoko eta energia berriztagarrien inplementazioko irizpideak jarraituz.

Jakina denez, Arkotxako kontsultategia auzoko eskola zenaren eraikinean dago. Eraberritzeko memorian azaldu bezala, kokalekuan “auzoaren erdigune neuralgikoa” bilatzen zen, irisgarritasuna errazteko eta goiko posizioan, fatxada guztiak libre zeudelarik.

Fatxada nagusia hegoalderantz orientatzen zen, klima- eta argiztapen-baldintza hobeak zituelako, eta eraikina iparraldeko orientaziotik babesten zen. Aireztapena modu naturalean aurreikusten zen atari batera irekitzen zuen sarrerako atetik, bat-bateko tenperatura-aldaketak saihesteko.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Mirabatxo, Udaludo eta Umetxoen Gelan izena emateko epea zabaldu dute

Ugaoko Udalak maiatzaren 31ra arte zabaldu du epea haurrak udako jardueretan apuntatu ahal izateko

|

Haurra, udako kolonietan // Geuria

Ugaoko Udalak maiatzaren 31ra arte zabaldu du epea haurrak Uda Mirabatxon, Udaludon eta Umetxoen Gelan apuntatzeko.

Uda Mirabatxo 2013 eta 2016 urteen artean jaiotako gaztetxoei zuzenduta dago eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra antolatu dute aurten, 10:30etik 13:30ak arte. Goiztiarrak 08:00etatik edo 09:00etatik sartu ahalko dira. Aurten ere igerilekura irteerak, zientzia saioak, kirola oro har, Ugao Chef eta Kids Arts bezalako saioak izango dituzte umeek, eta baita animaliak ikusteko, naturarekin zerikusia duten jarduerak praktikatzeko eta astronomiaren inguruko ekintzak lantzeko.

Udaludo ere ekainaren 24tik uztailaren 19ra arte antolatu dute eta 2017 eta 2020 urteen artean jaiotako haurrek hartuko dute parte bertan aurten, 10:30etik 13:30ak arte. Zerbitzu honek ere goiztiarren zerbitzua izango du eta umeak 08:00etan eta 09:00etan sartu ahalko dira klasera.

Umetxoen Gela zerbitzu berezia 2021ean jaiotako haurrei zuzenduta dago eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra antolatu dute, 10:15etatik 13:15ak arte.

Erreserbak egiteko

Izen emateak egiteko zein informazio gehiago jasotzeko aurrez aurre egin dezakete interesdunek Ugaoko Jane jauregiko beheko solairuan, edo 946 480 704 telefono zenbakira deituz zein ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbide elektronikora mezua bidaliz.

Ugaoko Udaleko ordezkariek azaldu dute ekainaren 4an izena eman dutenen zerrenda eta itxaron-zerrenda argitaratuko direla Jane Jauregian: “Egun honetatik aurrera eta ekainaren 14ra arte, izena eman dutenek jarduera ordaindu ahal izango dute”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa / Sute batek zazpi auto kaltetu ditu Ugaoko Gernika enparantzako aparkalekuan

03:30ak aldera, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri

|

Kiskalitako autoak, txandakako aparkalekuan // Utzitakoak

Gaur goizean, 03:30ean, Ugaon gertatutako sute baten abisua jaso dute larrialdi zerbitzuek eta Basauriko suhiltzaileak gerturatu dira bertara. Segurtasun sailak azaldu bezala, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri. Segurtasun Saileko arduradunen arabera ez da zauriturik egon. Ertzaintza ezbeharraren arrazoiak ikertzen ari da.

Aste honetako bigarren sutea da Ugaon honako hau. Joan den maiatzaren 14ko goizaldean Udiarraga okindegiko lantegiak su hartu zuen Usilako industrialgunean. San Migelen, gainera, furgoneta batek su hartu zuen Atxukarro industrialgunetik gertu eta bertan irudiak jaso zituen GEURIA komunikabideak.

Autoak, suhiltzaileen aparrarekin, aparkalekuan // Utzitakoak

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketak marrazkigintzarako materiala eta 500 euro banatuko ditu

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta kartelak ekainaren 25era arte aurkeztu ahalko dituzte parte-hartzaileek

|

Ugaoko jaietako txupinazo eguna, iaz // Geuria

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta Udalak Udiarragako Ama birjinaren omenezko jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du.

Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 25a izango da eta kategoria bitan parte hartu ahalko dute interesdunek: A mailan (sei eta 14 urte bitartekoena) eta B mailan (15 urtetik gorakoak). A mailako saria marrazkigintzarako materiala izango da eta B mailakoa 500 euro.

Udal ordezkariek azaldu dute kartelak “berdintasunaren aldeko planteamendua” islatu beharko duela eta gaia librea izango dela: “Hala ere Ugaoko jaietako berezitasunen bat, ohikoa den zerbait, agertu beharko da proposamenean”.

Lanak Jane jauregian aurkeztu ahalko dira 10:00etatik 13:00ak arte ekainaren 25era arte. Ugaoko Jai Batzordeko kideek osatutako epaimahaiak uztailaren 5ean iragarriko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak.

Lehiaketako oinarriak eta eskuorria Udalaren webgunean topa ditzakete interesdunek.

Osorik irakurri