Sareak

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Lorena Sierra: «Alokairuak segurtasuna ematen dit: nire beharrizanen arabera etxez eta hiriz aldatu naiteke»

2003an hasi zen Lorena Sierra basauriarra alokairuan bizitzen, eta ordutik hona hainbat herrialde eta errealitate ezagutu ditu mundu osoan zehar

|

Lorena, Soloarte auzoan // Geuria

Lorena Sierra Vacak (Basauri, 1979) luze eta zabal ezagutu du mundua. Lehen aldiz 2002an Eskoziari bidaiatu zenetik, alokairuan bizi izan da bi hamarkada luze hauetan. Mota guztietako esperientziak pilatu dituen arren, orohar pozik dago bere hautuarekin, alokairuak eman dion “askatasun eta segurtasunarekin”, alegia. Etorkizunean molde berean jarraitzeko asmoa dauka, gauzak zeharo aldatu ezean. Eskozian, Maltan, Kroazian edo Irlandan ibili ondoren, Basaurin bizi da gaur egun, eta esperientzia horretatik abiatuta alokairuaren merkatuaren gora-beherak hartu ditu hizketagai GEURIArentzat.

Noiz hasi zinen lehen aldiz alokairuan bizitzen? 2002an, Eskozian. Bertara joan nintzen zenbat denbora egongo nintzen jakin gabe, eta alokatzea erostea baino aukera hobea iruditu zitzaidan.

Zein herrialdetan bizi izan zara 20 urte hauetan? Lau herrialdetan bizi izan naiz: Eskozian, Irlandan, Maltan eta Kroazian. 2002an Eskoziara joan nintzen udako hilabeteetan lan egiteko asmoz, eta irailean itzuli nintzen Bilbon egiten ari nintzen fisioterapia ikastaro bat amaitzeko.

Edinburgora iritsi nintzenean, gelak pisu partekatuetan alokatzen zituen agentzia bat aurkitu nuen. Gogoan dut astean 40 libera ordaintzen nituela. East London Streeten aurkitu ninduten pisua, hiriguneko kale batean; hiru gela, egongela, sukaldea eta bainugela zituen etxea batean. Nire gelan bi ohatze zeuden eta eskoziar neska bat, frantses bat eta biok lo egiten genuen, laugarren ohea hutsik egon zen bertan egin nituen hilabeteetan.

Aste pare bat behar izan nituen lana aurkitzeko. Zorteak Western General Hospitaleko garbitegian lan egiten zuen sevillar batekin gurutzatu ninduen, eta bertan udarako lan bat lortu zidan. Estatuko jendea ezagutu nuen, baina ez ginen asko han bizi ginen atzerritarrak. Uda bukatu eta Basaurira itzuli nintzen ikasturtea amaitzeko, jakinda amaitzen nuenean beste herrialde batera joango nintzela denbora batez lan egitera.

Atzerriko lehen esperientzia hura gustatu zitzaizun, orduan. Bai, hurrengo urtean errepikatzea erabaki nuen. 2003an, ikastaroa amaitu eta Irlandan probatzea erabaki nuen. Oraingoan, itzultzeko datarik ez nuenez, joateko txartela soilik erosi nuen. Corkera iristean ostatu batera jo nuen. Nire gela 8 ohekoa zen. Uste dut astean 40 edo 50 euro ordaintzen nituela. Ostatuan aste pare batez egon nintzen.

Zelakoak izan ziren lehen egun horiek? Ontzi-garbitzaile lana aurkitu nuen Pfizer’s enpresan, nire ingelesa hobetu bitartean. Behin lortutakoan Call Center batean lan egiten hasi nintzen, eta 6 urte eman nituen bertan, luxuzko hotel-kate handi bateko hotel-erreserben zentralean.

Irlandan ibili zinen urte horietan guztietan beste lanbide batzuk ere izan zenituen, ezta? 2003an Corkera iritsi nintzenetik 2018an joan nintzen arte call center-ean, aseguru-enpresa batean, hotel bateko fitness center-ean… langabezian egon nintzen denboraldiak ere egon ziren, ikastaro batzuk egiteko tartea izan nuen, eta goi mailako gradua lortu nuen.

Alde batetik bestera ibili nintzen, Europako herrialde askotan, eta baita hortik kanpo ere: India, AEBak, Kanada, Jamaika, Kuba, Tunez… Call Centerrean lan egiten nuen urteetan luxuzko hoteletan lo egiten nuen langileen prezioan (40 euro inguru gaueko 300/500 e/n-ko geletan), eta lana aldatu nuenean ostatu edo kanpinetan hartzen nuen ostatu.

Alokairuen gaira itzuliz, Irlandako 15 urteetan 13 etxe/pisu desberdinetan bizi izan nintzen. Cork unibertsitate-hiria da, eta, gainera, call center eta enpresa asko ditu; beraz, nahiko giro gaztea da.

2018ko abenduan alde egin nuen Irlandatik, alokairua gero eta zailagoa eta garestiagoa baitzen. Corkek lan-eskaintza handia du, baina gainezka egin zuen.

“Irlandan ibili nintzen 15 urteetan 13 etxebizitza ezberdinetan bizi izan nintzen, zeharo ezberdinak euren artean”

Eta 2018an, are urrunago joatea erabaki zenuen… Bai, abentura eta zoritxar askoren ondoren, motxila lepoan hartu eta Australiara alde egitea erabaki nuen. Australian zehar sei hilabetez ibili ondoren, Zeelanda Berrira salto egin nuen, iparretik hegoaldera bidaiatuz. Hilabete egin nuen Indonesian, Malaysian eta Thailandian, bi aste Singapurrera…Bidaia honetan zehar ostatua truke bidez lortu nuen. Bi webguneren bidez egiten nuen, Workaway eta HelpX. Horietan, batez ere lorategiak eta/edo baratzeak dituzten etxe handietako jabeek eskertzen dute bidaiarien eskulana, energia eta konpainia.

Aukera horiek aurkitzen ez nituen lekuetan ostatuetan geratzen nintzen. Abentura horren ostean Basaurira itzuli nintzen familiarekin gabonak pasatzera, atseden pixka bat hartzera eta motxila berregitera.

Eta motxila berregin ondoren, Maltara. Bai. Heldu eta jarraian, 2020ko martxoan, pandemia iritsi zen. Ezjakintasunaren eta beldurraren erdian egoera bitxia bizi izan nuen nik: aireportuak itxita zeuden, eta herrialde batzuetan (Espainia barne) derrigorrezko konfinamendua indarrean zegoen lez, Maltan geratzea erabaki nuen. Ez genuen konfinatu behar izan.

Uhartean aireportuak itxita eta turismorik gabe, herrialde txiki horrek eskaintzen duen txoko zoragarri bakoitza ezagutzeko zortea izan nuen. Ostatuko jabeek ostatuan bakarrik geratzen utzi zidaten aireportua berriro ireki eta turismoa hasi arte. Ordainetan, garbi edukitzen nuen ostatua, noiz zabalduko zai.

Lauzpabost hilabete igaro ziren herrialdeetako mugak berriro ireki zen arte. Turismoak apurka-apurka martxa hartu zuen, maskarekin. 2021ean berrezarri zen normaltasuna, eta egia esan, uhartean ia hutsik nengoela bizi izan nintzenez, nire leku gogokoenetara joan eta beti turistak aurkitzea amorragarria izan zen. Beraz, Basaurira itzultzea erabaki nuen, familiaren babesean.

Ez zinen asko geratu. 2022ko otsailean Kroaziara alde egin nuen. Web orrien bidez, ostatuaren truke lan egiteko tokiak bilatu nituen. Dubrovnikeko ostatu batean egon nintzen tarte batez, eta handik uharteak, herriak, hondartzak eta mendi begiratokiak bisitatu nituen.

Gero Hvar uharteko herrixka batera joan nintzen, non hilabete batzuk eman nituen baratze batean lanean, landaketekin batera zurezko eraikin bat eraikitzen laguntzen. Baratzeko jabeek, ostatua eta janaria emateaz gain, uharteko sekretuak ezagutzera eramaten ninduten. Gertutasuna aprobetxatuz,muga gurutzatu eta Bosniara eta Herzegovinara joan nintzen. Hilabete baino gehixeago eman nuen egunean 3 orduz Mostarreko ostatu batean lanean: Kravicako ur-jauziak bisitatzeko aukera paregabea izan nuen, eta Jugoslavia zeneko hainbat toki ere ezagutzeko zortea izan nuen.

Gero Kroaziara itzuli nintzen eta Makarskatik gertu zegoen herrixka batean hasi nintzen lanean, non jabeek, soldata bat ordaintzeaz gain, ostatua eta janaria ere ematen baitzidaten.

Ia bi hamarkada bidaiatzen eman ondoren, itzultzea erabaki zenuen. Egia esan, bizimodu hori asko gustatu arren, apur bat nekatuta nengoen motxila bizkarrean nuela bizitzeaz. Orduan, hemen lana bilatzea erabaki nuen, eta zorteak Bartzelonara eraman ninduen lan egitera, zehazki, dibisen trukerako enpresa batera, Josep Tarradellas Bartzelona-El Prat Nazioarteko Aireportuan ere lokalak dituena. 2023ko urtarrila zen.

Bartzelonako alokairuak ere zailak eta garestiak dira. Nik Praten gela bat bilatzea erabaki nuen, Bartzelona hiritik gertu eta aireportuaren alboan. Gela bat aurkitu nuen Valentziako mutil bat bizi zen pisu batean. 400 €ordaintzen nituen hilean.

2023ko urrian enpresak bere lehen lokala ireki zuen Bilbon, nire burua hautagai moduan aurkeztu nuen, elkarrizketak pasatu nituen eta lana eman zidaten. Zerotik hasi behar izan nintzen, baina etxera bueltatzeko aukera baliatu izan nahi nuen. Gela bat aurkitu nuen Mazarredoko pisu partekatu batean. Pisuan Kolonbiako eta Nikaraguako bi mutil eta neska bat bizi ziren.

Urtebete neraman pisu horretan eta jabeek saltzea erabaki zuten. Hau 2024ko urrian izan zen. Alokairuan bizitzea ezinezko misio bihurtu zen bapatean: Alokairuko gelak irten arren, ez zuten 24 ordu ere irauten, ez garestiak, ez merkeagoak. Alokairuak 500/600tan daude pisu partekatuetan, eta gela bakarra gainera.

Bilbon partekatu gabe bizitzeko aukera bakarra 20 metro karratuko estudioak dira, hilean 900 €-tik jaisten ez direnak.

Iturribiden gela bat aurkitu nuen eta eta pisuan bi aste neramatzala, sukaldeak su hartu zuen. Horregatik, pisutik alde egin behar izan genuen.

Oso nekatuta nengoen beste jende batekin bizitzeaz, eta zerbait nahi nuen niretzat bakarrik. Banekien jabeek eskatzen dituzten kopuruak eta baldintzak ikusita, zaila izango zela eta sakrifizioak egin beharko nituela. Gurasoen etxera joan nintzen bizitzera, zorteak berriro erreskatatu ninduen arte, eta pisu bat aurkitu nuen Basaurin. Zorteak Basaurira ekarri nau, eta han, lehengusinaren lagun batek, pisu bat alokatu dit, 800 €-ko alokairuaren azpitik, eta kontratuarekin.

Nolakoa izan da zure esperientzia Basaurin alokatzen? Egia esan, nahiko korapilatsua. Alokairuen prezioen igoerarekin, Bilbotik kanpo alokairuak begiratzen hasi behar izan nuen. Basauriko alokairuak Bilbokoak baino merkeagoak dira, baina hala ere garestiak. Euskal Herrian, orohar, garestiak dira alokairuak, are gehiago soldatekin alderatzen baditugu!

“Alokatzaileek hemen estakatzen dituzten baldintzak bidegabeak dira: hiru hilabeteko fidantza edo 10.000 euroko abala eskatzen ari dira askotan!”

Nolakoa izan da zure harremana jabeekin hemen? Zortea izan dut zentzu horretan. Hala ere, bilatzen nuenarekin bat zetozen alokairuak aurkitu arte, zailtasun dezente aurkitu dut. Jabeek jartzen dituzten baldintzak betetzea ia ezinezkoa da. Adibide gisa jarriko nituzke bi edo hiru hileko alokairua eskatzea fidantza gisa, batzuek 10.000 eurotik gorako abalak eskatzen ari dira, alokairuaren % 30 estaltzen duten nominak, etab.

Alokatzerako orduan, ze alde dago Euskal Herriaren eta atzerriaren artean? Duela 20 urte baino gehiago hemendik alde egin nuenean, Euskal Herrian ohikoagoa zen pisu osoen alokairuak aurkitzea. Atzerrian pisu osoak zein partekatutakoak alokatu zitezkeen. Orain, itzuli naizenean, ikusten dut Bilbon, adibidez, pisu asko daudela gelak bereizita alokatzen dituztenak. Agian, Bilbotik kanpo ohikoagoa da pisu osoak aurkitzea, nahiz eta gelen iragarki asko ere ikusi ditudan.

Zerk harritu zaitu gehien Euskal Herritik kanpo? Harritu egin ninduen pisu partekatuetako gelak prezio onean aurkitzeko erraztasunak. Aipatu behar da alokairuak ez direla Euskal Herrian bakarrik igo, edo estatu mailan, uste dut arazo hori herrialde guztietan gertatzen ari dela.

Eskarmentu handia duzu alokairuaren munduan, zer abantaila eta desabantaila ditu? Abantaila nagusia da alokairu-kontratu baten lehen 6 hilabeteak igaro ondoren kontratua eten daitekeela. Hori garrantzitsua izan da niretzat, malgutasunagatik, pisuz nahiz hiriz, herrialdez aldatu ahal izateko. Aurkitu dudan desabantailarik handiena etxejabe batzuen axolagabekeria izan da, etxebizitzetan matxuratzen edo huts egiten diren gauzak konpontzeko orduan.

Orduan, zer eman dizu alokairuak zuri? Niri pertsonalki askatasun handia eman dit. Askatasuna, eta baita segurtasuna ere. Nire beharrizanen eta egoeraren arabera etxez eta hiriz aldatu naiteke.

Zer aldatuko zenuke Euskal Herriko alokairu-sisteman ahal izanez gero? Uste dut alokairuak nolabait arautu beharko liratekeela. Gaur egungo alokairu-prezioak gehiegizkoak dira.

“Soldatekin alderatuta, alokairu garestienak Euskal Herrian ezagutu ditut, zalantzarik gabe”

Nabaritu al duzu aldaketarik maizterren edo jabeen profilean urteetan zehar? Pertsona kulturanitza naizen aldetik, ez dut inor iraintzeko edo gutxiesteko inolako asmorik, nik 20 urte baino gehiago eman ditut kanpoan bizitzen. Bai, uste dut gaur egun atzerritar gehiagok ezin dutela etxebizitzarik erosi eta, beraz, alokairuan bizi behar dutela.

Alokairuak hain garestiak izatea, agian, jendeak logelak alokatu behar izatea ekarriko du, pisuak partekatuz. Jabeei begira, uste dut beldur handiagoa dutela beren etxebizitzak alokatzeko. Agian horregatik ezarri dituzte hain baldintza zorrotzak alokairu-kontratu bat lotu aurretik.

Nola eragin du zure alokairu-esperientziak etxea ulertzeko duzun moduan? Alokairuan bizitzeaz gain, Galdakaoko etxebizitza baten jabea ere banaiz, eta etxebizitza hori alokatuta daukat. Familia marokoarra da, 10 urte daramatzate nire etxebizitzan alokairuan bizitzen, eta ez dut inoiz arazorik izan haiekin. Nire etxebizitza izan arren, oraindik ere gustatzen zait alokairuan bizitzea. Alokairuak segurtasuna ematen dit: nire egoera aldatzen bada eta mugitu behar badut, arazorik gabe egin ahal izango dut.

Etorkizunean alokairuan bizitzen ikusten duzu zeure burua? Egia esan, ez dakit. Oraingoz ondo bizi naiz horrela, baina etorkizunean ez dut baztertzen nire pisuan bizitzea.

Zer aholku emango zenioke gaur egun alokairuko etxebizitza bilatzen hasten den gazte bati? Nire aholkua da kontuz ibil daitezela iruzurrekin. Ez dezatela inoiz transferentziarik egin, eta are gutxiago eskudirutan ordaindu, kontraturik sinatu gabe. Askotan, zerbait ilusio handiegiz egiteagatik, edo premiak bultzatuta, fidatu egiten gara eta ez dugu iruzurra ikusten, begien aurrean izanda ere.

☉ Hego Uribe

GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin

Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

|

Azaroaren 21ean banatuko dituzte Tokikom Sariak Aretxabaletan // Geuria

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.

Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.

Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.

“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.

GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.

‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.

Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.

Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.

Adimen artifiziala hizpide

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.

Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.

Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Beñat Garcia Salcedo: «Etxea dena da guretzat, lantokia, eta gauden tokian egonda baita paradisua ere»

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat. Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere lantokia ere baden Arati Landetxean

|

Amir eta Beñat, Arati landetxearen aurrean // Geuria

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat (Zaratamo, 1990). Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere familiaren baserrian. 2016an Arati Landetxea proiektua abiarazi zuen Beñaten familiak. Landetxeak Hego Uribeko landa eremuaren lasaitasuna eskaintzen dio bisitariari, baina ez hori bakarrik: bertan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, bisitariek baserriko bizimodua lehen pertsonan ezagutzeko aukera dute.

Proiektuaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu gara Garciarekin, Zaratamo eskolako haurren bisita baten erdian. Umeek txundituta entzun dituzte Aratiko arduradunaren azalpenak, eta Amir izeneko behorraren konpainian eman dute goiza. Orain artekoa gutxi ez, eta epe ertainera begira baserria eskola bat sortzeko lanean ari da Garcia.

Beñat, oiloen inguruko azalpenak ematen // Geuria

Zer esanahi dauka ‘etxe’ hitzak zuretzat, Beñat? Etxea guretzat baserria da. Bertan jaio zen nire familia eta etxe mota horren “magia” hori ez dugu inoiz galdu gura izan. Etxea dana da guretzat. Nire andrea Basaurikoa da eta errealitate oso ezberdinak bizi dira Zaratamorekin alderatuta.

Zaratamoko baserrian dana sentitzeko aukera izan dugu txikitatik: askatasuna, etxetik irten eta bertan animaliak ikusteko aukera izan dugu betidanik. Etxea paradisua da guretzat eta gure bizitzaren parte handia ez ezik, gure bizitzaren ardatza izan da, eta ez dugu hori inondik inora ere aldatu gura izan. Bertako natura eta kilometro gutxira topa daitezkeen inguruak ezin dira beste inon aurkitu.

Zure kasuan aipamen berezia merezi du etxebizitzak, bertan negozioa daukazulako. Etxearen ideia nire gurasoen partetik dator. Negozioa etxe honetan daukagu eta gu alboko baserrian bizi izan gara betidanik. Baserrian animaliak izan ditugu beti eta negoziorako erabiltzen dugun etxea animalientzat erabili izan dugu.

Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da. Horregatik daude hain gertu etxe biak. Landetxeko lehen urteetan beheko solairuko apartamentu batean egon nintzen bizitzen bikotekidearekin, ondoko baserri batera joan baino lehen. Gainontzeko apartamentuak alokairuan daude eta amak kudeatzen ditu gaur egun.

“Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da”

Beraz, landetxeko eraikinak aldaketa hori izan zuen: animaliak izan zituen hasiera batean baina gero moldatu egin genuen nekazal etxe lasai bat sortzeko bertan. Gaur egun nire anai txikia bizi da landetxeko beheko solairuan. Gainontzeko apartamentu guztiak eskuragarri daude bisitarientzat. Erabaki honen arrazoia etxearen “magia” hori ez galtzea izan da, bisitariek inguru lasaian kokatuta dagoen eraikin hau gozatu ahal izateko, eta bide batez, gure bizimoduaren parte bat izaten jarraitzeko.

Negozio lez, landetxeak indarguneak izango ditu. Inguruan industria asko dago eta Aratik arnasgunea eskaintzen die bezeroei, Bilbotik oso gertu. Bezeroen parte handi bat lan kontuengatik datozenak izan ohi dira, eta topatzen duten lehenengo gauza horixe da: lasaitasuna. Atseden hartu ostean hurrengo egunean prest daude lanari gogoz ekiteko.

Baina Aratik lo egiteko aukera baino gehiago eskaintzen ditu. Lan egitera datorren jendeaz gainera aukera oso polita da familientzat. Askotan apartamentu guztiak erreserbatzen dituzte familiek eta kasu horietan jarduerak antolatzen ditugu umeentzat. Askotariko animaliak ditugunez, esperientzia ahaztezina izan ohi da txikientzat: behiak, ardiak… eta zaldiak ikusteko aukera daukate. Gainera, baserriko zaldiek edozein haurrekin egoteko gaitasuna daukate: oso ohituta daude, eta mendian gora eginez basoa baino ez daukagu. Osagarri bikainak dira zaldiekin irteerak egin ahal izateko.

Gainera, kanpoko bisitariez gain herriko “bezeroak” hartzen dituzte zure baserriko hormek. Hala da! Jarduera hauek bateragarriak dira kanpotik datozen bezeroentzako eta baita herrikoentzako ere. Gaur, esaterako, Zaratamo eskolako haurrak izan ditugu. Eskolarekin harreman sanoa eta oso hurbila daukagu. Umeek baserriko errealitate hau ezagutu nahi dute, gure ingurua hobeto ulertu ahal izateko. Azken batean, duela gutxi arte, baserriko bizimodua ardatza zen Zaratamo bezalako udalerrietan. Auzotarrak baserrietan bizi ziren animalia batzuekin eta urtez urte bizimodu hori galtzen joan da. Esan bezala, gure lana baserriak oinarri dituen bizimodu hori belaunaldi berriei erakustea da. Baserrien magia ezin da galdu.

Laneko bisitariak, familiak, eskolako haurrak… zenbat bisita jasotzen dituzue urtero? Gure bisitarien profila zehaztea zaila da, oso anitza delako: gazteak, bikoteak, helduak… turismoaren esparrua ustiatzen duten bestelako enpresak bezala, uda garaia izan ohi da denboraldirik emankorrena gure baserrian. Udaberritik aurrera eskolako haurren bisitak izan ohi ditugu. Ikasturtea amaitu bezain pronto oporretako bisitak heltzen hasten dira: kuadrillak, bikoteak, familiak… Gainera, turismo aktiboa sustatzeko aukera ematen digu baserriak, eta jende asko ere arrazoi horregatik hurbildu egiten da gurera, zaldiek eskaintzen duten alderdi terapeutiko hori bizitzera, hain zuzen ere: animaliek asko transmititzen dute eta guk ere alderdi hori erakutsi nahi diegu. Azken batean, komunikabide askok zaldiek soilik korrika egiteko balio duten ideia saldu digute eta ekarpen gehiago egiten dituzte. Jendea pozik itzultzen da etxera esperientzia bizi ostean.

Horiek horrela, Aste Santutik aurrera hasten den denboraldian 500 ume etortzen dira urtero, gutxi gorabehera. Gainontzeko sasoietan jarduerak asteburuetan antolatzen ditugu gehienbat, eguraldiagatik eta argi orduen kontuengatik bereziki.

Etxean egiten duzue lan, eta jendea gozatzera eta atseden hartzera dator zuengana. Nolakoa da nor bere lana besteen aisialdiarekin tartekatzearen esperientzia? Zorionekoa naiz, nire lana ez dudalako lan modura ikusten. Gure lana besteei baserriko bizimodua erakustean datza eta oso aberasgarria da ideia hori bisitariari helaraztea. Lanean gaude, bai, eta besteak denbora-pasan, baina egia esan behar bada gure sentsazioa bezero horiek lagun bihurtzen ditugula da.

Alde onak aipatu dituzu, alde txarrik al dauka etxean negozioa izatearen bizimodu honek? Kanpotik ikusten ez diren lan horiek dira gure laneko alde txarrak: ama etxeko lan guztiak egiteaz arduratzen da. Niri dagokidanez, animaliekin zerikusia duten lanak egiten ditut: garbiketa lanak, zainketa… guretzat ez dago asteburu librerik, ezta oporretan joateko aukerarik. Zorionez, familia elkartua gara eta irteerarik egiteko beharra badaukagu elkarren artean konpondu egiten gara.

Etxea bizilekua eta lantokia bihurtu duzue familian. Ametsik geratzen al da etorkizunari begira? 2016an abiarazi genuen Arati Landetxea eta emaitza oso onak izan ditu. Gure arazo bakarra uda amaitu osteko hilabete horiek izan ohi dira. Horregatik, ‘Baserri Eskola’ izeneko proiektu berri bat hasi gura dugu epe ertainera begira Zaratamon eta helburua baserriko bizimodua erakustea da azpiegitura egokiagoekin eta hain garrantzitsuak diren funtzio jakineko animaliekin: astoak, txerriak, oiloak…

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Karmele Gorroño, ilustrazioa

|

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribe zenbakitan

|

Lonboko etxebizitzak // Geuria

Zenbat etxebizitza huts daude Hego Uriben? Zenbat pertsona nagusi daude gure eskualdean? Ze behar izango dituzte etorkizunean etxean bakarrik bizi badira? Zenbat hazten da biztanleria bataz beste metroa heltzen den herrietan? Zenbatekoa da atzerriko populazioa gure herrietan? Monografikoan zehar elkarrizketatuek eurek eman dituzte etxebizitzarekin eta merkatuarekin lotutako hainbat gako, eta orrialde hauetan guk zenbakitan jarri ditugu, horrela eskualdearen argazki zehatzago bat osatze aldera. Datuak, hotzean, zenbaki hutsak dira, baina adi erreparatuz gero egungo egoerari buruzko analisia osatzen, eta etorkizun hurbilean gertatu daitekeena aurreikusten lagunduko digute. Bada etxebizitza eskubidea, edo gero eta urrunago gaude horretatik?

% 27,8

65 urtetik gorako populazioa Basaurin. Gero eta zaharragoa da Hego Uribe populazioari dagokionez, eta Basauriren kasuan are eta nabariagoa da fenomeno hori. Azken datuen arabera, populazioaren % 27,8 65 urtetik gorakoa da Basaurin, ia hamarretik hiru. 65etik gorako populazioa 11.088 herritarretan kokatzen da, eta 0-19ko tartea ia bikoizten du (6.147). Etorkizunera begira, horrek behar bereziak sortuko ditu etxebizitzen irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez.

Argazkia: Mark Timberlake, Unsplash

+ 3.000

Hutsik dauden etxebizitzak eskualdean. Basaurin 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik, Galdakaon 961, Arrigorriagan 500dik gora, eta Ugaon 300tik gora. Eskualdeko beste herrietan ez dago datu ofizialik, baina soilik datu hauei erreparatuz gero 3000tik gora etxebizitza daude hutsik eskualdean. Azken aldian, etxe horiek merkaturatzerako saiakerak egin dituzte erakundeek, zergak igoz edo hobariak eskainiz, baina oraindik ere tarte zabala geratzen da etxebizitza horiek alokairuan irten daitezen.

% 7-13

Atzerriko populazioa. Atzerriko populazioa % 7-13 artean kokatzen da Hego Uriben. Euren bizi proiektua gurean garatzen hasteko arazorik handienetariko bat etxebizitzarekin daukate. Alokairuaren merkatuan ez dute apenas alokatzeko aukerarik izaten, alokatzaileek zuzenean baztertzen dituztelako. Hori horrela, askotan familia bat baino batuz lortzen dute alokatzaileek eskatzen dituzten baldintzak betetzea. Hego Uriben ere gero eta ohikoagoa ari da logelaka alokatzea etxeak.

Argazkia: Jakub Zerdzicki, Unsplash

% 15

Etxebizitzen garestitzea. Metroaren etorrerak hainbat onura izan ditu Etxebarrin eta Basaurin, eta gauza bera gertatutako da Galdakaon eta Usansolon ere. Hala ere, metroa heldu den herrietan bataz beste %15a garestitu da etxebizitzen prezioa. Horri gehitu behar zaio Bilborekin lotura erraza duten herrietan aldi baterako alokairuak agertzen hasten direla, eta orain arte Hego Uriben zenbakiak txikiak diren arren, haziz doan negozioa da. Gure herrietako etxebizitzak espekulatzaileentzat interesgarri bilakatu daitezke. Horregatik garrantzitsua da erakundeek praktika hauei muga jartzea. 2027rako dago aurreikusita helduko dela metroa Galdakaora, eta aurrekariak ikusita galtza bete lan izango dute egoera errepikatu ez dadin.

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribeko kale paisaia: iragana, oraina eta etorkizuna (III)

|

Egunsentia Hego Uribe eskualdean, Zeberiotik // Geuria

Hego Uribe eskualdeko kale paisaia aztertu dugu ‘Etxe (eta) Bizitzak’ monografikoan. Hiru atal topatuko dituzu webgunean; hau hirugarrena eta azkena:

Etxeko leihotik

Zeberio

Hego Uribe eskualdea (Arratia-Nerbioi barrualdean kokatua) 10 udalerrik osatzen dute, eta guztira 100.000 biztanletik gora biltzen dira. Zeberio da udalerri horietako landagune nabarmenetako bat, 40 km² inguruko azalera eta ia 1.100 biztanlerekin (EUSTAT, 2023). Herriaren kokalekuak —mendien babesean eta ibar lasai baten erdian— naturaren presentzia nabarmena ahalbidetu du mendeetan zehar. Baina inguru horrek ez dio bizkar eman industriari: eskualdean dagoen oreka berezi baten parte da. XX. mendeko erdialdetik aurrera, Hego Uribek garapen industrial handia ezagutu zuen, bereziki Basauri eta Galdakao inguruan, eta horrek eragin zuzena izan zuen inguruko landa-eremuetan. Garraio-sarearen garapenak, bereziki trenbideak eta errepide sareek, eskualdea elkarlotzea ekarri zuten. Hala ere, Zeberio bezalako udalerriek, mendialdeko kokapena medio, ez dute industria astuna bereganatu, eta horrek ahalbidetu du natura-ingurunea, neurri handi batean, bere horretan mantentzea.

Hortaz, Zeberioko leihotik begiratzen duenak bi munduren arteko bizikidetza ikus dezake: alde batetik, garapen industrialaren aztarnak, eta bestetik, landa-paisaia berde eta lasaia. Horretan datza Hego Uriberen berezitasunetako bat: naturaren eta industriaren arteko oreka. Kontraste hori ez da soilik estetikoa; funtsezko gako bat da eskualdearen egituraketan eta etorkizunaren ulermenean.
Zuhaitzen artean ageri diren teilatu gorrixkek, behean ibiltzen den errekatxoak eta urrunean doan kamioi-kate batek elkarrekin osatzen dute paisaia hori.

Eta paisaia horren ikusle, Zeberioko leihotik begiratzen duenak ulertzen du: Hego Uribe ez da bakarra bere industria-iraganagatik, ezta naturagatik bakarrik ere, baizik eta bien arteko harreman konplexu eta aberasgarriarengatik.

Osorik irakurri