Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Josemi Aranburu: «Metroak aukera gehiago ekarri ditu, baina baita prezioen igoera ere»
Metroaren etorrerak Etxebarri erabat eraldatu zuen, eta Josemi Aranburu bilakaera horren lekuko izan da: etxebizitzen hazkundea eta biztanleriaren aldaketa nabarmena ekarri zuen Metroak, eta horretaz aritu da GEURIArekin

Duela 20 urte Metroaren lehen eta azken geltokia bihurtu zen Etxebarri. Lurrazpiko garraiobidea iritsi zen, eta harekin batera, erritmo berriak: etxebizitza berriak eraiki zituzten, azpiegitura berriak eta ondorioz, familia berriak heldu ziren. Josemi Aranburu Zabala (Etxebarri, 1944) bilakaera horren lekuko izan da. Baina bere ustetan dena ez da izan positiboa: tokiko denda zaharrak desagertu dira, ibilgailu kopurua handitu da eta etxebizitzen prezioa garestitu da, besteak beste. Josemiren begietatik ikusi dugu Metroaren ondorengo Etxebarri: nola aldatu den herria, biztanleak, eta nola galdu den, neurri batean, herriaren eguneroko bizitza.
Herriaren egitura asko aldatuko zen azken urteetan Metroaren etorrerarekin, ezta, Josemi? Bada egia esan, ez da asko aldatu. Metroa Etxebarrira heldu baino lehen etxe gutxiago zeuden. Hori errealitate bat da. Orain, hirukoiztu egin dira etxebizitzak.
Zein eragin izan du Metroak Etxebarrin? Eragin oso handia izan du. Batez ere, biztanle aldetik asko hazi da herria duela 20 urtetik hona. Metroak eragina izango zuen, bai, baina nik uste dut ez dela izan faktore bakarra: izan ere, familientzako Etxebarri oso herri aproposa da, lasaia. Bizitzeko oso ona, umeentzako eta gaztetxoentzako bikaina. Eta hori Metroa heldu aurretik bazen.
Familia asko, baita horrekin batera, ume asko ere! Etxebarrin familia asko egoteak ere beste eragin bat du, eta da ume asko daudela. Eta, hor Udalak lan asko eta ona egin du: bertan geratzen den umea, bere familia ere Etxebarrin geratzen da. Horrek egiten du herria.
Hezkuntzaren alorrean ere aldaketa nabaritu da. Bai. Kukullaga ikastetxeak egin duen lana ere nabarmendu beharra dago. Etxebarrin ikastetxe bakarra dago, Kukullaga, eta lotura handia egin du herrian gurasoen artean. Kuadrilla berriak sortu direla, adibidez.
“Metroak ekarri duen onena da ez duzula koytxerik erabili behar beste herri batzuetara joateko”
Biztanleriaren garapena zein izan da? Biztanleriari dagokionez, 90. hamarkadan 6.500 biztanle zituen Etxebarrik, 2001ean 7.043 eta 2011n 10.230. Metroa 2005ean iritsi zen Etxebarrira, eta gaur egun ia 12.000 lagun bizi gara Etxebarrin.
Zein onura ditu Metroak zure ustez? Etxebarritik Bizkaiko edo Euskal Herriko beste toki batzuetara joan zaitezke: Lezamara, Txorierrira, Bilbora, Plentziara… Eta Euskotren ahaztu barik, Donostiara. Hori gozada hutsa da: ez duzula kotxerik erabili behar beste herrietara joateko. Eta, adibidez, erosketak Bilbon egin ahal izatea gozamena da: Erriberako Merkatuan arraina merkeagoa da! (barreak)
Eta eragin negatiboez galdetuko banizu. Bada, esaterako, etxebizitzak asko garestitu direla! Agian % 30 baino gehiago!
Nola bizi da jendea gaur egun Etxebarrin? Askok ez dute eguneroko edo asteburuetako bizitza herrian egiten. Lo-hiri ere esaten diote Etxebarriri. Askok alde egiten dute, esaterako, Bilbora edo Basaurira —Etxebarrin bizi diren asko eta asko Basaurikoak direlako—. Nik ez diot sekula inori entzun esaten: “Goazen Etxebarrira”. Lehen, ordea, Etxebarrikook bizitza bertan egiten genuen, eta erosketak ere tokiko denda zaharretan egiten genituen. Gaur egun, gutxiago.
Tokiko merkataritzari dagokionez, aldaketarik nabaritu duzu? Nik, adibidez, etxeko tresna guztiak beti erosi izan ditut Etxebarrin bertan, baina orain, ez dago horrelako dendarik. Beste herri batera —Basaurira, adibidez— joan behar dugu, edo bestela Internet bidez erosi. Aspaldiko dendak ere badaude, noski, baina ez da lehen bezala. Familiak eta umeak bezala, kotxe kopurua ere handituko zen. Kotxe kopurua ere asko handitu da, bai. Familia batek bataz beste bi kotxe ditu, eta etxebizitza gehienek garaje bakarra dute; orduan kotxe gehiago daude kalean. Trafikoa handitu da herri barruan.
Zein da gaur egun etxebizitzaren egoera Etxebarrin? Etxebizitza erosteko edo alokatzeko aukera gutxi dago, baina hori ez da bakarrik Etxebarrin gertatzen; arazo orokorra da. ‘Etxebarri’ izena primeran datorkio, etxe gehienak berriak direlako. Basaurira banoa, badakit zeintzuk ziren bertako langileen etxeak —hala nola, Baskoniako langileen etxeak—; Etxebarrin, aldiz, ez da horrelakorik ia geratzen. Lagun batek esaten zuen: “Etxebarrin ez al zegoen langilerik ala?” (barreak)
Etxebizitza zaharrak ere badaude herrian. Bai. San Antonion mantendu dituzte garaiko etxebizitza zaharrak. Eta oso politak dira!
Etxebizitza alturik ere ez da Etxebarrin ikusten. Ez. Etxebizitza gehienak Etxebarrin solairu gutxikoak dira, gehienez, sei solairukoak. Etxebizitza altu bakarrenetakoa da ermita ondoan dagoena.
Lezama Legizamon industrialdeak lurzoru handia du herrian. Metroaren eraginez ere enpresa berriak etorri dira. Hala da. Esate baterako, Lantegi Batuak dago Lezama Legizamon industrialdean. Eta bertan lan egiten dutenak Metroan etorri ohi dira Etxebarrira. Hori ere positiboa da.
Ez dugu ahaztu behar Etxebarrin hiru Metro linea daudela! L1, L2 eta L3 Kukullagan. Hirugarren linea horrek zein garrantzia izan du? Garrantzia handia eduki du Metroaren 3. Lineak Etxebarrirako. Batez ere San Antoniorako. Goiko aldeko bizilagunei ematen die zerbitzu igogailuak, baita erdian edo beheko aldean bizi direnei ere.
Kukullaga geltokitik doan igogailuak zerbitzu bikaina ematen die San Antonioko goiko aldean bizi direnei, baita erdigunean bizi direnei eta Institutura doazen ikasleei ere. Gainera, anbulatoriora joateko ematen duen laguntza ere ez da makala, Etxebarribusak bezala. Oso aberatsa izan da hango biztanleentzat. Gainera komunikazioetan kaxkarrena zen San Antonio eta orain asko hobetu da.
☉ Hego Uribe
GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin
Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.
Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.
Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.
“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.
GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.
‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.
Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.
Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.
Adimen artifiziala hizpide
Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.
Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.
Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.
☉ Zaratamo
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Beñat Garcia Salcedo: «Etxea dena da guretzat, lantokia, eta gauden tokian egonda baita paradisua ere»
Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat. Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere lantokia ere baden Arati Landetxean

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat (Zaratamo, 1990). Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere familiaren baserrian. 2016an Arati Landetxea proiektua abiarazi zuen Beñaten familiak. Landetxeak Hego Uribeko landa eremuaren lasaitasuna eskaintzen dio bisitariari, baina ez hori bakarrik: bertan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, bisitariek baserriko bizimodua lehen pertsonan ezagutzeko aukera dute.
Proiektuaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu gara Garciarekin, Zaratamo eskolako haurren bisita baten erdian. Umeek txundituta entzun dituzte Aratiko arduradunaren azalpenak, eta Amir izeneko behorraren konpainian eman dute goiza. Orain artekoa gutxi ez, eta epe ertainera begira baserria eskola bat sortzeko lanean ari da Garcia.

Beñat, oiloen inguruko azalpenak ematen // Geuria
Zer esanahi dauka ‘etxe’ hitzak zuretzat, Beñat? Etxea guretzat baserria da. Bertan jaio zen nire familia eta etxe mota horren “magia” hori ez dugu inoiz galdu gura izan. Etxea dana da guretzat. Nire andrea Basaurikoa da eta errealitate oso ezberdinak bizi dira Zaratamorekin alderatuta.
Zaratamoko baserrian dana sentitzeko aukera izan dugu txikitatik: askatasuna, etxetik irten eta bertan animaliak ikusteko aukera izan dugu betidanik. Etxea paradisua da guretzat eta gure bizitzaren parte handia ez ezik, gure bizitzaren ardatza izan da, eta ez dugu hori inondik inora ere aldatu gura izan. Bertako natura eta kilometro gutxira topa daitezkeen inguruak ezin dira beste inon aurkitu.
Zure kasuan aipamen berezia merezi du etxebizitzak, bertan negozioa daukazulako. Etxearen ideia nire gurasoen partetik dator. Negozioa etxe honetan daukagu eta gu alboko baserrian bizi izan gara betidanik. Baserrian animaliak izan ditugu beti eta negoziorako erabiltzen dugun etxea animalientzat erabili izan dugu.

Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da. Horregatik daude hain gertu etxe biak. Landetxeko lehen urteetan beheko solairuko apartamentu batean egon nintzen bizitzen bikotekidearekin, ondoko baserri batera joan baino lehen. Gainontzeko apartamentuak alokairuan daude eta amak kudeatzen ditu gaur egun.
“Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da”
Beraz, landetxeko eraikinak aldaketa hori izan zuen: animaliak izan zituen hasiera batean baina gero moldatu egin genuen nekazal etxe lasai bat sortzeko bertan. Gaur egun nire anai txikia bizi da landetxeko beheko solairuan. Gainontzeko apartamentu guztiak eskuragarri daude bisitarientzat. Erabaki honen arrazoia etxearen “magia” hori ez galtzea izan da, bisitariek inguru lasaian kokatuta dagoen eraikin hau gozatu ahal izateko, eta bide batez, gure bizimoduaren parte bat izaten jarraitzeko.

Negozio lez, landetxeak indarguneak izango ditu. Inguruan industria asko dago eta Aratik arnasgunea eskaintzen die bezeroei, Bilbotik oso gertu. Bezeroen parte handi bat lan kontuengatik datozenak izan ohi dira, eta topatzen duten lehenengo gauza horixe da: lasaitasuna. Atseden hartu ostean hurrengo egunean prest daude lanari gogoz ekiteko.
Baina Aratik lo egiteko aukera baino gehiago eskaintzen ditu. Lan egitera datorren jendeaz gainera aukera oso polita da familientzat. Askotan apartamentu guztiak erreserbatzen dituzte familiek eta kasu horietan jarduerak antolatzen ditugu umeentzat. Askotariko animaliak ditugunez, esperientzia ahaztezina izan ohi da txikientzat: behiak, ardiak… eta zaldiak ikusteko aukera daukate. Gainera, baserriko zaldiek edozein haurrekin egoteko gaitasuna daukate: oso ohituta daude, eta mendian gora eginez basoa baino ez daukagu. Osagarri bikainak dira zaldiekin irteerak egin ahal izateko.
Gainera, kanpoko bisitariez gain herriko “bezeroak” hartzen dituzte zure baserriko hormek. Hala da! Jarduera hauek bateragarriak dira kanpotik datozen bezeroentzako eta baita herrikoentzako ere. Gaur, esaterako, Zaratamo eskolako haurrak izan ditugu. Eskolarekin harreman sanoa eta oso hurbila daukagu. Umeek baserriko errealitate hau ezagutu nahi dute, gure ingurua hobeto ulertu ahal izateko. Azken batean, duela gutxi arte, baserriko bizimodua ardatza zen Zaratamo bezalako udalerrietan. Auzotarrak baserrietan bizi ziren animalia batzuekin eta urtez urte bizimodu hori galtzen joan da. Esan bezala, gure lana baserriak oinarri dituen bizimodu hori belaunaldi berriei erakustea da. Baserrien magia ezin da galdu.

Laneko bisitariak, familiak, eskolako haurrak… zenbat bisita jasotzen dituzue urtero? Gure bisitarien profila zehaztea zaila da, oso anitza delako: gazteak, bikoteak, helduak… turismoaren esparrua ustiatzen duten bestelako enpresak bezala, uda garaia izan ohi da denboraldirik emankorrena gure baserrian. Udaberritik aurrera eskolako haurren bisitak izan ohi ditugu. Ikasturtea amaitu bezain pronto oporretako bisitak heltzen hasten dira: kuadrillak, bikoteak, familiak… Gainera, turismo aktiboa sustatzeko aukera ematen digu baserriak, eta jende asko ere arrazoi horregatik hurbildu egiten da gurera, zaldiek eskaintzen duten alderdi terapeutiko hori bizitzera, hain zuzen ere: animaliek asko transmititzen dute eta guk ere alderdi hori erakutsi nahi diegu. Azken batean, komunikabide askok zaldiek soilik korrika egiteko balio duten ideia saldu digute eta ekarpen gehiago egiten dituzte. Jendea pozik itzultzen da etxera esperientzia bizi ostean.
Horiek horrela, Aste Santutik aurrera hasten den denboraldian 500 ume etortzen dira urtero, gutxi gorabehera. Gainontzeko sasoietan jarduerak asteburuetan antolatzen ditugu gehienbat, eguraldiagatik eta argi orduen kontuengatik bereziki.
Etxean egiten duzue lan, eta jendea gozatzera eta atseden hartzera dator zuengana. Nolakoa da nor bere lana besteen aisialdiarekin tartekatzearen esperientzia? Zorionekoa naiz, nire lana ez dudalako lan modura ikusten. Gure lana besteei baserriko bizimodua erakustean datza eta oso aberasgarria da ideia hori bisitariari helaraztea. Lanean gaude, bai, eta besteak denbora-pasan, baina egia esan behar bada gure sentsazioa bezero horiek lagun bihurtzen ditugula da.

Alde onak aipatu dituzu, alde txarrik al dauka etxean negozioa izatearen bizimodu honek? Kanpotik ikusten ez diren lan horiek dira gure laneko alde txarrak: ama etxeko lan guztiak egiteaz arduratzen da. Niri dagokidanez, animaliekin zerikusia duten lanak egiten ditut: garbiketa lanak, zainketa… guretzat ez dago asteburu librerik, ezta oporretan joateko aukerarik. Zorionez, familia elkartua gara eta irteerarik egiteko beharra badaukagu elkarren artean konpondu egiten gara.
Etxea bizilekua eta lantokia bihurtu duzue familian. Ametsik geratzen al da etorkizunari begira? 2016an abiarazi genuen Arati Landetxea eta emaitza oso onak izan ditu. Gure arazo bakarra uda amaitu osteko hilabete horiek izan ohi dira. Horregatik, ‘Baserri Eskola’ izeneko proiektu berri bat hasi gura dugu epe ertainera begira Zaratamon eta helburua baserriko bizimodua erakustea da azpiegitura egokiagoekin eta hain garrantzitsuak diren funtzio jakineko animaliekin: astoak, txerriak, oiloak…
Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Karmele Gorroño, ilustrazioa
Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribe zenbakitan

Zenbat etxebizitza huts daude Hego Uriben? Zenbat pertsona nagusi daude gure eskualdean? Ze behar izango dituzte etorkizunean etxean bakarrik bizi badira? Zenbat hazten da biztanleria bataz beste metroa heltzen den herrietan? Zenbatekoa da atzerriko populazioa gure herrietan? Monografikoan zehar elkarrizketatuek eurek eman dituzte etxebizitzarekin eta merkatuarekin lotutako hainbat gako, eta orrialde hauetan guk zenbakitan jarri ditugu, horrela eskualdearen argazki zehatzago bat osatze aldera. Datuak, hotzean, zenbaki hutsak dira, baina adi erreparatuz gero egungo egoerari buruzko analisia osatzen, eta etorkizun hurbilean gertatu daitekeena aurreikusten lagunduko digute. Bada etxebizitza eskubidea, edo gero eta urrunago gaude horretatik?

% 27,8
65 urtetik gorako populazioa Basaurin. Gero eta zaharragoa da Hego Uribe populazioari dagokionez, eta Basauriren kasuan are eta nabariagoa da fenomeno hori. Azken datuen arabera, populazioaren % 27,8 65 urtetik gorakoa da Basaurin, ia hamarretik hiru. 65etik gorako populazioa 11.088 herritarretan kokatzen da, eta 0-19ko tartea ia bikoizten du (6.147). Etorkizunera begira, horrek behar bereziak sortuko ditu etxebizitzen irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez.

Argazkia: Mark Timberlake, Unsplash
+ 3.000
Hutsik dauden etxebizitzak eskualdean. Basaurin 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik, Galdakaon 961, Arrigorriagan 500dik gora, eta Ugaon 300tik gora. Eskualdeko beste herrietan ez dago datu ofizialik, baina soilik datu hauei erreparatuz gero 3000tik gora etxebizitza daude hutsik eskualdean. Azken aldian, etxe horiek merkaturatzerako saiakerak egin dituzte erakundeek, zergak igoz edo hobariak eskainiz, baina oraindik ere tarte zabala geratzen da etxebizitza horiek alokairuan irten daitezen.
% 7-13
Atzerriko populazioa. Atzerriko populazioa % 7-13 artean kokatzen da Hego Uriben. Euren bizi proiektua gurean garatzen hasteko arazorik handienetariko bat etxebizitzarekin daukate. Alokairuaren merkatuan ez dute apenas alokatzeko aukerarik izaten, alokatzaileek zuzenean baztertzen dituztelako. Hori horrela, askotan familia bat baino batuz lortzen dute alokatzaileek eskatzen dituzten baldintzak betetzea. Hego Uriben ere gero eta ohikoagoa ari da logelaka alokatzea etxeak.

Argazkia: Jakub Zerdzicki, Unsplash
% 15
Etxebizitzen garestitzea. Metroaren etorrerak hainbat onura izan ditu Etxebarrin eta Basaurin, eta gauza bera gertatutako da Galdakaon eta Usansolon ere. Hala ere, metroa heldu den herrietan bataz beste %15a garestitu da etxebizitzen prezioa. Horri gehitu behar zaio Bilborekin lotura erraza duten herrietan aldi baterako alokairuak agertzen hasten direla, eta orain arte Hego Uriben zenbakiak txikiak diren arren, haziz doan negozioa da. Gure herrietako etxebizitzak espekulatzaileentzat interesgarri bilakatu daitezke. Horregatik garrantzitsua da erakundeek praktika hauei muga jartzea. 2027rako dago aurreikusita helduko dela metroa Galdakaora, eta aurrekariak ikusita galtza bete lan izango dute egoera errepikatu ez dadin.

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribeko kale paisaia: iragana, oraina eta etorkizuna (III)

Hego Uribe eskualdeko kale paisaia aztertu dugu ‘Etxe (eta) Bizitzak’ monografikoan. Hiru atal topatuko dituzu webgunean; hau hirugarrena eta azkena:
Etxeko leihotik
Zeberio
Hego Uribe eskualdea (Arratia-Nerbioi barrualdean kokatua) 10 udalerrik osatzen dute, eta guztira 100.000 biztanletik gora biltzen dira. Zeberio da udalerri horietako landagune nabarmenetako bat, 40 km² inguruko azalera eta ia 1.100 biztanlerekin (EUSTAT, 2023). Herriaren kokalekuak —mendien babesean eta ibar lasai baten erdian— naturaren presentzia nabarmena ahalbidetu du mendeetan zehar. Baina inguru horrek ez dio bizkar eman industriari: eskualdean dagoen oreka berezi baten parte da. XX. mendeko erdialdetik aurrera, Hego Uribek garapen industrial handia ezagutu zuen, bereziki Basauri eta Galdakao inguruan, eta horrek eragin zuzena izan zuen inguruko landa-eremuetan. Garraio-sarearen garapenak, bereziki trenbideak eta errepide sareek, eskualdea elkarlotzea ekarri zuten. Hala ere, Zeberio bezalako udalerriek, mendialdeko kokapena medio, ez dute industria astuna bereganatu, eta horrek ahalbidetu du natura-ingurunea, neurri handi batean, bere horretan mantentzea.
Hortaz, Zeberioko leihotik begiratzen duenak bi munduren arteko bizikidetza ikus dezake: alde batetik, garapen industrialaren aztarnak, eta bestetik, landa-paisaia berde eta lasaia. Horretan datza Hego Uriberen berezitasunetako bat: naturaren eta industriaren arteko oreka. Kontraste hori ez da soilik estetikoa; funtsezko gako bat da eskualdearen egituraketan eta etorkizunaren ulermenean.
Zuhaitzen artean ageri diren teilatu gorrixkek, behean ibiltzen den errekatxoak eta urrunean doan kamioi-kate batek elkarrekin osatzen dute paisaia hori.
Eta paisaia horren ikusle, Zeberioko leihotik begiratzen duenak ulertzen du: Hego Uribe ez da bakarra bere industria-iraganagatik, ezta naturagatik bakarrik ere, baizik eta bien arteko harreman konplexu eta aberasgarriarengatik.









