Sareak

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Maite Martinez: «Sindikatuan hausnarketa fasean gaude: zaila egiten zaigu etxebizitza eskubidearen kontrako erasoei aurre egitea»

Galdakaoko eta oro har Euskal Herriko etxebizitza arazoaz eta etxebizitza sindikatuen lanaz berba egin dugu Maite Martinezekin, Elkarlaguntza Sareko eta Etxebizitza Sindikartuko kidearekin

|

Euskal Autonomia Erkidegoan ostatu turistikoen kopuruak % 18 egin zuen gora iaz, eta azken bost urteetan alokairuak % 25 garestitu dira. Galdakaon, 900 etxebizitza huts daude, eta alokairu baten prezioa, batez beste, 700 eurotik gorakoa da. Bitartean, gero eta gehiago dira kalean bizi direnak, erroldarik gabe daudenak, edo familiaren etxea galdu eta gela alokatzeko espazioetan biziraun behar dutenak. Etxebizitza sistemak merkatuaren logikan funtzionatzen duen bitartean, herritarren oinarrizko eskubide bat ukatua geratzen dela salatu du Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta bide berean, Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak. Maite Martinez Etxebarria (Galdakao, 1995) sareko kidearekin berba egin dugu espekulazioaz, turistifikazioaz eta gentifrikazioaz.

Egiten diren inkesta guztietan etxebizitza beti egoten da herritarren arazoen artean lehenetarikoa. Zergatik? Hala da. Etxebizitza edozein pertsonaren oinarrizko beharra da. Guztiok behar dugu etxe bat gure egunerokoa garatu eta babesleku bat izateko. Baina argi dago denok ez dugula etxebizitza modu berean ulertzen: batzuentzat negoziorako aukera da, beste batzuentzat gure bizitza garatzeko beharrezko azpiegitura; batzuek soberan dituzte, beste batzuek ez dugu inoiz bat ere jabetzan izango… Batzuk eta besteok zein zentzutan kezkatzen gaituen oso desberdina da.

Azken aldiko inkestetan nabarmena da gai hau, azken hamarkadetan etxebizitzaren negozioak garapen handia izan duelako. Etxebizitza, pertsonen beharretarako azpiegitura gisa ulertzetik, negoziorako aukera itzel moduan ulertzera igaro da, eta hortik espekulazio dinamiken etengabeko gorakada, batzuen poltsikoak bete eta besteonak husten dituena. Gorakada hori batez ere turistifikazioari lotuta eta metropolietatik hurbileko zonaldeetan gertatu da. Turistifikazioarekin batera, alokairuen prezioak garestitu egin dira. Azken urtean ostatu turistikoen kopuruak % 18 egin du gora EAEn, eta alokairuen prezioak % 25 azken bost urteetan. EAEn 4.504 etxe turistiko daude; Nafarroan, 1.340. Turismorako gordeta dauden etxeak bertan bizi garenontzat itxita daude. Eta bide horretan, eskaintza txikiagoa, prezio altuagoak. Horra hor alokairuen prezioek gora egitearen arrazoietako bat; turismoarentzako erreserbatuta daude etxe asko, hutsik urtearen zati handi batean, baina horien errentagarritasuna bermatuta dute denboraldi turistikoan soilik alokatuta ere. Errentagarritasun hori ikusita askok nahi dute tren hori hartu, nahiz eta horretarako alokairuan dituzten etxeetatik bertan bizi direnak bota behar izan. Eta horrela gertatzen da turistifikazioak gero eta zonalde gehiago hartzen dituela, gentrifikazio famatuari bide eginez; pobrezia nagusi zen auzoak modako bihurtuz, azaleko itxuraldaketa egin eta turistentzako produktu bilakatuz, etxebizitza eta komertzioen prezioak igo eta bizigarri izateari utziz; kanpora(go) auzokideak, ongi etorri turistak!

Hala ere, turismo gutxi Hego Uribe eskualdean. Lehen begiradan esan genezake ez dela gure eskualdeari eragiten dion fenomenoa, ez baitaukagu museo famaturik ezta postaleko paisaiarik. Baina gure herriak eraldaketa jasaten ari dira zentzu horretan: industria kanpoaldera mugitu, abandonatutako fabrikak eraitsi, errepideak berriztu, luxuzko etxebizitzak eraiki, Metroa Galdakaoraino luzatu edota Bilborekin bestelako loturak sendotu —bidegorria esaterako—. Horiek guztiek metropoliaren zentroa zabaltzeari eta negozioan sakontzeko logikari erantzuten diote. Gaiak korapilo asko dituen arren, ez da seinale txarra inkestetan kezka bezala agertzea, etxebizitza eskubidearen alde borrokatzeko jende potentziala baita kezka duen oro, beti ere bere negozioaren mesedetan ez bada.

“Etxebizitza hutsen kopurua 900ekoa da Galdakaon, eta azken aldian ikusi ditugun alokairuak 900 eurotik gorakoak dira askotan”

Bermatu egiten al du egungo sistemak etxebizitza eskubidea? Posible da etxebizitza duin bat izatea merkatuak ezarritako prezio eta baldintzetan? Gaur egun etxebizitza eskubide bezala aitortua dago, baina beste eskubide batzuekin gertatzen den bezala, paperak ez dio errealitateari eusten. Eta hori gertatzen da etxebizitzarekin negozioa egitea ere eskubidea delako gizarte honetan. Bi eskubideek talka egiten dute, eta dakigun bezala, horrelako talketan indar gehien duenak irabazten du; kasu honetan, diru eta botere gehien dutenek, etxebizitzarekin negozioa egiten dutenek, hala nola, errentistak, higiezinen agentziak, eraikuntza enpresak eta turismoari lotutako negozioak. Horregatik da beharrezkoa botere horri aurre egingo dion indarra osatzea, etxebizitza sindikatuen logikan, besteak beste.

Baduzue alokairuari eta etxebizitzari buruzko informaziorik eskualde honetan? Gure eskualdean, alokairuak 700 eurotik gora daude, eta errenta-arrakala handia da. Gainera, etxebizitza eskaintza txikia da, eta horrek dagoenarekin konformatzera eramaten gaitu, hau da, gehiago ordaintzera, baldintza kaskarragoen truk.

Gainera, kontuan izan behar dugu etxebizitza bat eskuratzeko traba bakarra ez dela prezioa, arrazakeriak ere eragin handia baitauka, eta gure eskualdean, migratu kopurua % 7 eta % 12 artean dago. Ohikoa da alokairua ukatzea eskatzailearen jatorri, azentu, kolore edota paper faltagatik. Bestetik, diru-sarrerak egiaztatu arren, kontratu gabeko lan bat izateagatik edo diru-laguntzetatik dirua jasotzeagatik ere, ukatu egiten dute alokairua etxe-jabe zein higiezin enpresek. Zeresanik ez, alokairuen baldintza duinak izateko badira beste hainbat oztopo. Izan ere, aurreko ezaugarri guztiak aitzakia gisa harturik, asko dira alokatu bai, baina kontraturik eta erroldarik gabe alokatzen dutenak, edota gelaka alokatzen dutenak, prezioa eta baldintzak okertuz. Hainbeste dira etxebizitza batean sartzeko bete beharreko baldintzak, ezen jende askok bukatzen baitu edozein baldintza miserabletan bizitzen, izan kalean zein alokairu jasangaitzetan.

Kontuak kontu, argi dago etxebizitza eskubide erreal izatetik oso urrun dagoela. Merkatuak markatutako prezio eta baldintzak oztopo dira. Baina erroko arazoa etxebizitzak prezioa izatea da. Inork ez du hori zalantzan jartzen, baina zergatik ez imajinatu, hezkuntza eta osasuna bezala, elikadura eta etxebizitza ere publikoak izan litezkeela, oinarrizko beharrak diren heinean?

Ze neurri hartu dezakete udalek honen aurrean? Ezer gutxi egin dezakete arazoa errotik konpontzeko, etxebizitzak negozio izaten jarraitzen badu. Egin dezaketena erreformak dira, egoera pixka bat jasangarriago izate aldera. Bada, herri batzuetan egin den bezala, bigarren etxebizitzak dituzten etxeen Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) handitu daiteke, etxe bat baino gehiago izatea ez dadin dohainik izan; antzeko zigorrak aplikatu ahalko litzaizkieke etxe hutsen jabeei ere.

“Alokairua bultzatzeko neurriak ezin zaizkie etxejabeei dohainik atera, etxe hutsak izatea zigortuta egon beharko litzateke”

Galdakaon horrelako neurriak hasi dira martxan jartzen. Bai. Galdakaon saiatu diren bezala, etxebizitza hutsak dituzten jabeekin hitz egin eta bitartekoak jar daitezke horien alokairua bultzatzeko. Arazoa da alokairua bultzatzeko neurri horiek etxejabeentzat dohainik ateratzen direla, eta instituzioek jartzen dutela hori errazteko beharrezko dirua. Horrek ez du hausten etxebizitzaren negozioaren logika, eta erakundeen (hau da, denon diruaren) bizkar jartzen ditu errentistek poltsikoak betetzen jarraitzeko “laguntzak”. Bestetik, etxebizitza pribatuen salneurriak eta alokairu prezioak mugatzeko neurri errealak har litezke; adibidez, etxebizitzen prezioak ezin gainditzea pertsona baten soldataren % 10a (behin amesten jarrita…). Baina maizterra baldintzatu beharrean, alokairuaren prezioa izan dadila baldintza horietara egokitzen dena. Badakigu neurri horietako asko ez direla errealistak, ez direla jabetza pribatuarekiko atxikimendu sentipenekin bateragarriak, baina begirada urrun jartzea da gaurko pauso txikiak norabide egokian ematen hasteko modu bakarra.

Galdakaon etxebizitzaren inguruan dagoen egoeraz galdetuko banizu. Galdakaoko panorama ulertzeko, zenbait datu emango ditugu. Bataz besteko errenta 47.547 eurotan dago, baina horietatik % 21 kokatzen da 21.500 euroren azpitik. Hau da, arrakala handia da. Migratuen kopurua, dakigula, % 7,2koa da. Etxebizitza eskaintza txikia da, eta prezioek % 5 egin dute gora, 2013tik.

Etxebizitza hutsen kopurua ikaragarria da, 900 inguru baitira. Alokairu prezioen bataz bestekoa, teorian, 700 eurotan dago, baina ikusten ditugun eskaintza gehienek 900 euroak gainditzen dituzte; gela bakar baten prezioa 300 eta 600 euro artean dago.  Bestetik, gure sarearen jardunaren bitartez ezagutu ditugun arazoak ez doaz soilik prezioari lotuta. Jende asko dago kalean bizitzen, alokairua lortu ezinik. Sukaldatzeko, arropa eta norbera garbitzeko, intimitaterako eta lasaitasunerako eskubiderik gabe. Jende asko dago gelak konpartitzen, etxe berean hainbat familia bizitzen. Jende asko dago alokairuan erroldarik gabe. Jende askok ordaintzen du errolda beste etxe batean, erroldarekin ere negozioa egiten duenik badago eta. Jende asko bizi da azpiegitura arazo potoloak dituzten etxeetan, baina ezin etxez aldatu. Jende askok bidaiatu behar du ordubete edo gehiago lanera edo ikastera joateko, inguru berean ez baitu etxerik lortzen. Jende asko dago alokairua ordaindu ezinik, hilabete bukaerara iritsi ezinik. Dirua soberan duten banku eta funts putre asko daude hilabeteko alokairua ez parkatzeagatik familiak etxegabetzeko prest, haur eta guzti.

Orain, Aperribai eremu tentsionatu izendatuko dute. Bai. Horren bitartez, babestutako etxebizitzak eraikiko dira, baita zuzkidurakoak eta libreak ere. Estatus horrek diru-laguntzetarako erraztasuna bermatu beharko luke, eta prezioen gorakada mantsotu.

Gure ustez, Galdakaon —beste hainbat lekutan bezala— dagoen etxebizitza arazoari aurre egiteko neurri horiek ez dira nahikoa. Izan ere, horrelako neurriek ez dute bermatzen behar duen orok etxe bat izatea. Etxebizitza eskubideari eusteko zenbait neurri hartzen dira, baina askotan horiek ez dute zentzurik. Legeak beti tranpa dakar. Galdakaoko higiezinetako agentzia batean ezagutu genuen egoera surrealista, hori islatzen duena. Alokairu gastua pertsona baten soldataren % 30a baino gutxiago izan behar da, legez. Baina ez da zehazten hori nola bermatu; beraz, etxebizitzen prezioak jaitsi ordez, etxebizitzak alokatzen dizkiote soldata handiak dituen jendeari, hau da, alokairuak bere soldataren % 30 baino gutxiago suposatzen dionari. Modu honetan, ez da etxebizitzen errentagarritasuna ukitzen, eta pertsonentzako irisgarritasuna are gehiago zailtzen da, soldata txikiak dituztenak automatikoki baztertuz.

Aipatu duzu ohikoa dela alokairua ukatzea, adibidez, migratzaileei. Nortzuk dira zehazki egungo politiken ondorioz kaltetuen irteten diren pertsona edo kolektiboak? Aipatu bezala, arrazakeria pairatzen duten pertsonek dute zailtasun gehien alokairua aurkitzeko. Horregatik, kalean bizi diren pertsonen ehuneko handia migratutako jendea da. Deskribatutako baldintza guztien ondorioz, prekarietatea handitu eta estigma iraunaraztea ondorio larria da. Beste geruza zaurgarri bat emakumeena da. Orokorrean gizartean pairatzen dugun zapalkuntzaren ondorioz, emakume askok ez dute diru-sarrera ofizial nahikorik errenta bati aurre egiteko. Baina badira horri gehitzeko karga gehiago ere. Alde batetik, seme-alaben eta adinekoen ardurek behar dituzten baldintzetan etxe bat aurkitzeko zailtasunak daude: espazio falta, umeak onartzen ez dituzten etxe-jabeak, edadekoen osasun arretarako behar bereziak asetzeko azpiegitura edo osasun-etxeetarako hurbiltasuna. Bestetik, tratu txarrak pairatzen dituzten emakume askok ez dute beste erremediorik erasotzailearekin bizitzen jarraitzea baino, ezin dutelako haiek bakarrik alokairua ordaindu, beraz, ezin ihes egin. Egoera oso gogorrak gertatzen dira lau hormen barruan ere, etxebizitzen prezioak eraginda.

Era berean, lana bilatzeko zailtasunei eta tratu txarrei lotuta, ondorio antzekoak pairatzen dituzte genero identitateagatik edo sexu orientazioagatik jazarriak diren pertsonek, estigma sozialak bizimodua modu imajinaezinetan zailtzen baitu. Gazteen kasuan ere, aspalditik agerikoa den bezala, zailtasunak daude oraindik ere gurasoen etxetik alde egin eta etxe propioa izateko, izan alokatuta zein erosita. Beraz, norbere bizi-proiektua garatzeko oztopoak jartzen dizkigu etxebizitzaren negozioak; gurasoekin bizitzen jarraitu ala etxebizitza prekarioa, aukeratzera behartuz.

Zein lanketa egiten du Elkarlaguntza Sareak etxebizitzaren eta komunitatearen auzian, eta nola laguntzen du gizartearen beharrei erantzuten? Aurreko urtera arte, lau urtez jardun dugu Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuan lanean. Bertan etxebizitzarekin arazoak genituen jendea biltzen ginen. Alde batetik, kasu konkretuak nola ebatzi pentsatzen genuen: jabeekin negoziatu, bankuak presionatu, zerbitzu sozialekin lankidetza izaten saiatu, etxebizitzak lortu eta kalean bizi zen jendeari azpiegitura minimoa osatzen lagundu, hala nola, mantak, sua eta butanoa. Ibilbide horretan kasu sonatuena jubilatutako kidearena izan zela esango genuke. Kutxabank banku milioidunak etxetik bota nahi izan zuen, eta lortu genuen, kostata lortu ere, alokairu sozial bat eskaintzea. Horretaz gain, alokairu jaitsieraren bat negoziatzea lortu dugu, baita hiru umedun familia bat kanporatu nahi zuen funts putrea presionatu ere, beste batzuen artean. Sindikatuan saiatzen ginen denok maila berean parte hartzen, horretarako irekiak ziren lan-taldeak antolatuz eta asistentzialismoa gainditzen saiatuz; hau da, norbera burujabe eta bere arazoaren arduradun zen bezala, besteei laguntzeko arduradun ere sentitu eta horrela jokatzea. Elkar ezagutuz, elkar zaintzeko. Azken urtean sindikatuan hausnarketa fasean gaude, zaila egin zaigulako etxebizitza eskubidearen kontrako erasoei modu esanguratsuan aurre egitea. Hausnarketa honetatik indar handiagoarekin itzultzea espero dugu!

Alternatibak irudikatzerako orduan, nola egikarituko litzateke zure ustez etxebizitza sistema justuago bat? Etxebizitza merkatutik atera beharko litzateke. Salerosketa debekatu. Pertsona orori etxebizitza bermatu. Sinplea bezain konplikatua.

Eta gure herrietan, zein neurri hartu daitezke? Neurri bakarra aipatu beharko bazenu, gaur bertan hartzekoa, zein litzateke? Etxebizitza doakoa eta unibertsala izatea, zalantzarik gabe.

☉ Hego Uribe

GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin

Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

|

Azaroaren 21ean banatuko dituzte Tokikom Sariak Aretxabaletan // Geuria

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.

Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.

Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.

“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.

GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.

‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.

Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.

Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.

Adimen artifiziala hizpide

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.

Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.

Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Beñat Garcia Salcedo: «Etxea dena da guretzat, lantokia, eta gauden tokian egonda baita paradisua ere»

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat. Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere lantokia ere baden Arati Landetxean

|

Amir eta Beñat, Arati landetxearen aurrean // Geuria

Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat (Zaratamo, 1990). Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere familiaren baserrian. 2016an Arati Landetxea proiektua abiarazi zuen Beñaten familiak. Landetxeak Hego Uribeko landa eremuaren lasaitasuna eskaintzen dio bisitariari, baina ez hori bakarrik: bertan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, bisitariek baserriko bizimodua lehen pertsonan ezagutzeko aukera dute.

Proiektuaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu gara Garciarekin, Zaratamo eskolako haurren bisita baten erdian. Umeek txundituta entzun dituzte Aratiko arduradunaren azalpenak, eta Amir izeneko behorraren konpainian eman dute goiza. Orain artekoa gutxi ez, eta epe ertainera begira baserria eskola bat sortzeko lanean ari da Garcia.

Beñat, oiloen inguruko azalpenak ematen // Geuria

Zer esanahi dauka ‘etxe’ hitzak zuretzat, Beñat? Etxea guretzat baserria da. Bertan jaio zen nire familia eta etxe mota horren “magia” hori ez dugu inoiz galdu gura izan. Etxea dana da guretzat. Nire andrea Basaurikoa da eta errealitate oso ezberdinak bizi dira Zaratamorekin alderatuta.

Zaratamoko baserrian dana sentitzeko aukera izan dugu txikitatik: askatasuna, etxetik irten eta bertan animaliak ikusteko aukera izan dugu betidanik. Etxea paradisua da guretzat eta gure bizitzaren parte handia ez ezik, gure bizitzaren ardatza izan da, eta ez dugu hori inondik inora ere aldatu gura izan. Bertako natura eta kilometro gutxira topa daitezkeen inguruak ezin dira beste inon aurkitu.

Zure kasuan aipamen berezia merezi du etxebizitzak, bertan negozioa daukazulako. Etxearen ideia nire gurasoen partetik dator. Negozioa etxe honetan daukagu eta gu alboko baserrian bizi izan gara betidanik. Baserrian animaliak izan ditugu beti eta negoziorako erabiltzen dugun etxea animalientzat erabili izan dugu.

Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da. Horregatik daude hain gertu etxe biak. Landetxeko lehen urteetan beheko solairuko apartamentu batean egon nintzen bizitzen bikotekidearekin, ondoko baserri batera joan baino lehen. Gainontzeko apartamentuak alokairuan daude eta amak kudeatzen ditu gaur egun.

“Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da”

Beraz, landetxeko eraikinak aldaketa hori izan zuen: animaliak izan zituen hasiera batean baina gero moldatu egin genuen nekazal etxe lasai bat sortzeko bertan. Gaur egun nire anai txikia bizi da landetxeko beheko solairuan. Gainontzeko apartamentu guztiak eskuragarri daude bisitarientzat. Erabaki honen arrazoia etxearen “magia” hori ez galtzea izan da, bisitariek inguru lasaian kokatuta dagoen eraikin hau gozatu ahal izateko, eta bide batez, gure bizimoduaren parte bat izaten jarraitzeko.

Negozio lez, landetxeak indarguneak izango ditu. Inguruan industria asko dago eta Aratik arnasgunea eskaintzen die bezeroei, Bilbotik oso gertu. Bezeroen parte handi bat lan kontuengatik datozenak izan ohi dira, eta topatzen duten lehenengo gauza horixe da: lasaitasuna. Atseden hartu ostean hurrengo egunean prest daude lanari gogoz ekiteko.

Baina Aratik lo egiteko aukera baino gehiago eskaintzen ditu. Lan egitera datorren jendeaz gainera aukera oso polita da familientzat. Askotan apartamentu guztiak erreserbatzen dituzte familiek eta kasu horietan jarduerak antolatzen ditugu umeentzat. Askotariko animaliak ditugunez, esperientzia ahaztezina izan ohi da txikientzat: behiak, ardiak… eta zaldiak ikusteko aukera daukate. Gainera, baserriko zaldiek edozein haurrekin egoteko gaitasuna daukate: oso ohituta daude, eta mendian gora eginez basoa baino ez daukagu. Osagarri bikainak dira zaldiekin irteerak egin ahal izateko.

Gainera, kanpoko bisitariez gain herriko “bezeroak” hartzen dituzte zure baserriko hormek. Hala da! Jarduera hauek bateragarriak dira kanpotik datozen bezeroentzako eta baita herrikoentzako ere. Gaur, esaterako, Zaratamo eskolako haurrak izan ditugu. Eskolarekin harreman sanoa eta oso hurbila daukagu. Umeek baserriko errealitate hau ezagutu nahi dute, gure ingurua hobeto ulertu ahal izateko. Azken batean, duela gutxi arte, baserriko bizimodua ardatza zen Zaratamo bezalako udalerrietan. Auzotarrak baserrietan bizi ziren animalia batzuekin eta urtez urte bizimodu hori galtzen joan da. Esan bezala, gure lana baserriak oinarri dituen bizimodu hori belaunaldi berriei erakustea da. Baserrien magia ezin da galdu.

Laneko bisitariak, familiak, eskolako haurrak… zenbat bisita jasotzen dituzue urtero? Gure bisitarien profila zehaztea zaila da, oso anitza delako: gazteak, bikoteak, helduak… turismoaren esparrua ustiatzen duten bestelako enpresak bezala, uda garaia izan ohi da denboraldirik emankorrena gure baserrian. Udaberritik aurrera eskolako haurren bisitak izan ohi ditugu. Ikasturtea amaitu bezain pronto oporretako bisitak heltzen hasten dira: kuadrillak, bikoteak, familiak… Gainera, turismo aktiboa sustatzeko aukera ematen digu baserriak, eta jende asko ere arrazoi horregatik hurbildu egiten da gurera, zaldiek eskaintzen duten alderdi terapeutiko hori bizitzera, hain zuzen ere: animaliek asko transmititzen dute eta guk ere alderdi hori erakutsi nahi diegu. Azken batean, komunikabide askok zaldiek soilik korrika egiteko balio duten ideia saldu digute eta ekarpen gehiago egiten dituzte. Jendea pozik itzultzen da etxera esperientzia bizi ostean.

Horiek horrela, Aste Santutik aurrera hasten den denboraldian 500 ume etortzen dira urtero, gutxi gorabehera. Gainontzeko sasoietan jarduerak asteburuetan antolatzen ditugu gehienbat, eguraldiagatik eta argi orduen kontuengatik bereziki.

Etxean egiten duzue lan, eta jendea gozatzera eta atseden hartzera dator zuengana. Nolakoa da nor bere lana besteen aisialdiarekin tartekatzearen esperientzia? Zorionekoa naiz, nire lana ez dudalako lan modura ikusten. Gure lana besteei baserriko bizimodua erakustean datza eta oso aberasgarria da ideia hori bisitariari helaraztea. Lanean gaude, bai, eta besteak denbora-pasan, baina egia esan behar bada gure sentsazioa bezero horiek lagun bihurtzen ditugula da.

Alde onak aipatu dituzu, alde txarrik al dauka etxean negozioa izatearen bizimodu honek? Kanpotik ikusten ez diren lan horiek dira gure laneko alde txarrak: ama etxeko lan guztiak egiteaz arduratzen da. Niri dagokidanez, animaliekin zerikusia duten lanak egiten ditut: garbiketa lanak, zainketa… guretzat ez dago asteburu librerik, ezta oporretan joateko aukerarik. Zorionez, familia elkartua gara eta irteerarik egiteko beharra badaukagu elkarren artean konpondu egiten gara.

Etxea bizilekua eta lantokia bihurtu duzue familian. Ametsik geratzen al da etorkizunari begira? 2016an abiarazi genuen Arati Landetxea eta emaitza oso onak izan ditu. Gure arazo bakarra uda amaitu osteko hilabete horiek izan ohi dira. Horregatik, ‘Baserri Eskola’ izeneko proiektu berri bat hasi gura dugu epe ertainera begira Zaratamon eta helburua baserriko bizimodua erakustea da azpiegitura egokiagoekin eta hain garrantzitsuak diren funtzio jakineko animaliekin: astoak, txerriak, oiloak…

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Karmele Gorroño, ilustrazioa

|

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribe zenbakitan

|

Lonboko etxebizitzak // Geuria

Zenbat etxebizitza huts daude Hego Uriben? Zenbat pertsona nagusi daude gure eskualdean? Ze behar izango dituzte etorkizunean etxean bakarrik bizi badira? Zenbat hazten da biztanleria bataz beste metroa heltzen den herrietan? Zenbatekoa da atzerriko populazioa gure herrietan? Monografikoan zehar elkarrizketatuek eurek eman dituzte etxebizitzarekin eta merkatuarekin lotutako hainbat gako, eta orrialde hauetan guk zenbakitan jarri ditugu, horrela eskualdearen argazki zehatzago bat osatze aldera. Datuak, hotzean, zenbaki hutsak dira, baina adi erreparatuz gero egungo egoerari buruzko analisia osatzen, eta etorkizun hurbilean gertatu daitekeena aurreikusten lagunduko digute. Bada etxebizitza eskubidea, edo gero eta urrunago gaude horretatik?

% 27,8

65 urtetik gorako populazioa Basaurin. Gero eta zaharragoa da Hego Uribe populazioari dagokionez, eta Basauriren kasuan are eta nabariagoa da fenomeno hori. Azken datuen arabera, populazioaren % 27,8 65 urtetik gorakoa da Basaurin, ia hamarretik hiru. 65etik gorako populazioa 11.088 herritarretan kokatzen da, eta 0-19ko tartea ia bikoizten du (6.147). Etorkizunera begira, horrek behar bereziak sortuko ditu etxebizitzen irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez.

Argazkia: Mark Timberlake, Unsplash

+ 3.000

Hutsik dauden etxebizitzak eskualdean. Basaurin 1.000 etxebizitza inguru daude hutsik, Galdakaon 961, Arrigorriagan 500dik gora, eta Ugaon 300tik gora. Eskualdeko beste herrietan ez dago datu ofizialik, baina soilik datu hauei erreparatuz gero 3000tik gora etxebizitza daude hutsik eskualdean. Azken aldian, etxe horiek merkaturatzerako saiakerak egin dituzte erakundeek, zergak igoz edo hobariak eskainiz, baina oraindik ere tarte zabala geratzen da etxebizitza horiek alokairuan irten daitezen.

% 7-13

Atzerriko populazioa. Atzerriko populazioa % 7-13 artean kokatzen da Hego Uriben. Euren bizi proiektua gurean garatzen hasteko arazorik handienetariko bat etxebizitzarekin daukate. Alokairuaren merkatuan ez dute apenas alokatzeko aukerarik izaten, alokatzaileek zuzenean baztertzen dituztelako. Hori horrela, askotan familia bat baino batuz lortzen dute alokatzaileek eskatzen dituzten baldintzak betetzea. Hego Uriben ere gero eta ohikoagoa ari da logelaka alokatzea etxeak.

Argazkia: Jakub Zerdzicki, Unsplash

% 15

Etxebizitzen garestitzea. Metroaren etorrerak hainbat onura izan ditu Etxebarrin eta Basaurin, eta gauza bera gertatutako da Galdakaon eta Usansolon ere. Hala ere, metroa heldu den herrietan bataz beste %15a garestitu da etxebizitzen prezioa. Horri gehitu behar zaio Bilborekin lotura erraza duten herrietan aldi baterako alokairuak agertzen hasten direla, eta orain arte Hego Uriben zenbakiak txikiak diren arren, haziz doan negozioa da. Gure herrietako etxebizitzak espekulatzaileentzat interesgarri bilakatu daitezke. Horregatik garrantzitsua da erakundeek praktika hauei muga jartzea. 2027rako dago aurreikusita helduko dela metroa Galdakaora, eta aurrekariak ikusita galtza bete lan izango dute egoera errepikatu ez dadin.

Osorik irakurri

Etxe eta bizitzak: eta zu, nola bizi zara?

Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Hego Uribeko kale paisaia: iragana, oraina eta etorkizuna (III)

|

Egunsentia Hego Uribe eskualdean, Zeberiotik // Geuria

Hego Uribe eskualdeko kale paisaia aztertu dugu ‘Etxe (eta) Bizitzak’ monografikoan. Hiru atal topatuko dituzu webgunean; hau hirugarrena eta azkena:

Etxeko leihotik

Zeberio

Hego Uribe eskualdea (Arratia-Nerbioi barrualdean kokatua) 10 udalerrik osatzen dute, eta guztira 100.000 biztanletik gora biltzen dira. Zeberio da udalerri horietako landagune nabarmenetako bat, 40 km² inguruko azalera eta ia 1.100 biztanlerekin (EUSTAT, 2023). Herriaren kokalekuak —mendien babesean eta ibar lasai baten erdian— naturaren presentzia nabarmena ahalbidetu du mendeetan zehar. Baina inguru horrek ez dio bizkar eman industriari: eskualdean dagoen oreka berezi baten parte da. XX. mendeko erdialdetik aurrera, Hego Uribek garapen industrial handia ezagutu zuen, bereziki Basauri eta Galdakao inguruan, eta horrek eragin zuzena izan zuen inguruko landa-eremuetan. Garraio-sarearen garapenak, bereziki trenbideak eta errepide sareek, eskualdea elkarlotzea ekarri zuten. Hala ere, Zeberio bezalako udalerriek, mendialdeko kokapena medio, ez dute industria astuna bereganatu, eta horrek ahalbidetu du natura-ingurunea, neurri handi batean, bere horretan mantentzea.

Hortaz, Zeberioko leihotik begiratzen duenak bi munduren arteko bizikidetza ikus dezake: alde batetik, garapen industrialaren aztarnak, eta bestetik, landa-paisaia berde eta lasaia. Horretan datza Hego Uriberen berezitasunetako bat: naturaren eta industriaren arteko oreka. Kontraste hori ez da soilik estetikoa; funtsezko gako bat da eskualdearen egituraketan eta etorkizunaren ulermenean.
Zuhaitzen artean ageri diren teilatu gorrixkek, behean ibiltzen den errekatxoak eta urrunean doan kamioi-kate batek elkarrekin osatzen dute paisaia hori.

Eta paisaia horren ikusle, Zeberioko leihotik begiratzen duenak ulertzen du: Hego Uribe ez da bakarra bere industria-iraganagatik, ezta naturagatik bakarrik ere, baizik eta bien arteko harreman konplexu eta aberasgarriarengatik.

Osorik irakurri