☉ Zaratamo
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Beñat Garcia Salcedo: «Etxea dena da guretzat, lantokia, eta gauden tokian egonda baita paradisua ere»
Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat. Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere lantokia ere baden Arati Landetxean
Etxea, edo, zehazki, baserria, den-dena da Beñat Garcia Salcedorentzat (Zaratamo, 1990). Madariaga auzoko zaratamarra zoriontsu bizi da bere familiaren baserrian. 2016an Arati Landetxea proiektua abiarazi zuen Beñaten familiak. Landetxeak Hego Uribeko landa eremuaren lasaitasuna eskaintzen dio bisitariari, baina ez hori bakarrik: bertan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, bisitariek baserriko bizimodua lehen pertsonan ezagutzeko aukera dute.
Proiektuaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu gara Garciarekin, Zaratamo eskolako haurren bisita baten erdian. Umeek txundituta entzun dituzte Aratiko arduradunaren azalpenak, eta Amir izeneko behorraren konpainian eman dute goiza. Orain artekoa gutxi ez, eta epe ertainera begira baserria eskola bat sortzeko lanean ari da Garcia.

Beñat, oiloen inguruko azalpenak ematen // Geuria
Zer esanahi dauka ‘etxe’ hitzak zuretzat, Beñat? Etxea guretzat baserria da. Bertan jaio zen nire familia eta etxe mota horren “magia” hori ez dugu inoiz galdu gura izan. Etxea dana da guretzat. Nire andrea Basaurikoa da eta errealitate oso ezberdinak bizi dira Zaratamorekin alderatuta.
Zaratamoko baserrian dana sentitzeko aukera izan dugu txikitatik: askatasuna, etxetik irten eta bertan animaliak ikusteko aukera izan dugu betidanik. Etxea paradisua da guretzat eta gure bizitzaren parte handia ez ezik, gure bizitzaren ardatza izan da, eta ez dugu hori inondik inora ere aldatu gura izan. Bertako natura eta kilometro gutxira topa daitezkeen inguruak ezin dira beste inon aurkitu.
Zure kasuan aipamen berezia merezi du etxebizitzak, bertan negozioa daukazulako. Etxearen ideia nire gurasoen partetik dator. Negozioa etxe honetan daukagu eta gu alboko baserrian bizi izan gara betidanik. Baserrian animaliak izan ditugu beti eta negoziorako erabiltzen dugun etxea animalientzat erabili izan dugu.

Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da. Horregatik daude hain gertu etxe biak. Landetxeko lehen urteetan beheko solairuko apartamentu batean egon nintzen bizitzen bikotekidearekin, ondoko baserri batera joan baino lehen. Gainontzeko apartamentuak alokairuan daude eta amak kudeatzen ditu gaur egun.
“Familian hiru seme gara eta aitaren asmoa etxetik gertu egotea izan da”
Beraz, landetxeko eraikinak aldaketa hori izan zuen: animaliak izan zituen hasiera batean baina gero moldatu egin genuen nekazal etxe lasai bat sortzeko bertan. Gaur egun nire anai txikia bizi da landetxeko beheko solairuan. Gainontzeko apartamentu guztiak eskuragarri daude bisitarientzat. Erabaki honen arrazoia etxearen “magia” hori ez galtzea izan da, bisitariek inguru lasaian kokatuta dagoen eraikin hau gozatu ahal izateko, eta bide batez, gure bizimoduaren parte bat izaten jarraitzeko.

Negozio lez, landetxeak indarguneak izango ditu. Inguruan industria asko dago eta Aratik arnasgunea eskaintzen die bezeroei, Bilbotik oso gertu. Bezeroen parte handi bat lan kontuengatik datozenak izan ohi dira, eta topatzen duten lehenengo gauza horixe da: lasaitasuna. Atseden hartu ostean hurrengo egunean prest daude lanari gogoz ekiteko.
Baina Aratik lo egiteko aukera baino gehiago eskaintzen ditu. Lan egitera datorren jendeaz gainera aukera oso polita da familientzat. Askotan apartamentu guztiak erreserbatzen dituzte familiek eta kasu horietan jarduerak antolatzen ditugu umeentzat. Askotariko animaliak ditugunez, esperientzia ahaztezina izan ohi da txikientzat: behiak, ardiak… eta zaldiak ikusteko aukera daukate. Gainera, baserriko zaldiek edozein haurrekin egoteko gaitasuna daukate: oso ohituta daude, eta mendian gora eginez basoa baino ez daukagu. Osagarri bikainak dira zaldiekin irteerak egin ahal izateko.
Gainera, kanpoko bisitariez gain herriko “bezeroak” hartzen dituzte zure baserriko hormek. Hala da! Jarduera hauek bateragarriak dira kanpotik datozen bezeroentzako eta baita herrikoentzako ere. Gaur, esaterako, Zaratamo eskolako haurrak izan ditugu. Eskolarekin harreman sanoa eta oso hurbila daukagu. Umeek baserriko errealitate hau ezagutu nahi dute, gure ingurua hobeto ulertu ahal izateko. Azken batean, duela gutxi arte, baserriko bizimodua ardatza zen Zaratamo bezalako udalerrietan. Auzotarrak baserrietan bizi ziren animalia batzuekin eta urtez urte bizimodu hori galtzen joan da. Esan bezala, gure lana baserriak oinarri dituen bizimodu hori belaunaldi berriei erakustea da. Baserrien magia ezin da galdu.

Laneko bisitariak, familiak, eskolako haurrak… zenbat bisita jasotzen dituzue urtero? Gure bisitarien profila zehaztea zaila da, oso anitza delako: gazteak, bikoteak, helduak… turismoaren esparrua ustiatzen duten bestelako enpresak bezala, uda garaia izan ohi da denboraldirik emankorrena gure baserrian. Udaberritik aurrera eskolako haurren bisitak izan ohi ditugu. Ikasturtea amaitu bezain pronto oporretako bisitak heltzen hasten dira: kuadrillak, bikoteak, familiak… Gainera, turismo aktiboa sustatzeko aukera ematen digu baserriak, eta jende asko ere arrazoi horregatik hurbildu egiten da gurera, zaldiek eskaintzen duten alderdi terapeutiko hori bizitzera, hain zuzen ere: animaliek asko transmititzen dute eta guk ere alderdi hori erakutsi nahi diegu. Azken batean, komunikabide askok zaldiek soilik korrika egiteko balio duten ideia saldu digute eta ekarpen gehiago egiten dituzte. Jendea pozik itzultzen da etxera esperientzia bizi ostean.
Horiek horrela, Aste Santutik aurrera hasten den denboraldian 500 ume etortzen dira urtero, gutxi gorabehera. Gainontzeko sasoietan jarduerak asteburuetan antolatzen ditugu gehienbat, eguraldiagatik eta argi orduen kontuengatik bereziki.
Etxean egiten duzue lan, eta jendea gozatzera eta atseden hartzera dator zuengana. Nolakoa da nor bere lana besteen aisialdiarekin tartekatzearen esperientzia? Zorionekoa naiz, nire lana ez dudalako lan modura ikusten. Gure lana besteei baserriko bizimodua erakustean datza eta oso aberasgarria da ideia hori bisitariari helaraztea. Lanean gaude, bai, eta besteak denbora-pasan, baina egia esan behar bada gure sentsazioa bezero horiek lagun bihurtzen ditugula da.

Alde onak aipatu dituzu, alde txarrik al dauka etxean negozioa izatearen bizimodu honek? Kanpotik ikusten ez diren lan horiek dira gure laneko alde txarrak: ama etxeko lan guztiak egiteaz arduratzen da. Niri dagokidanez, animaliekin zerikusia duten lanak egiten ditut: garbiketa lanak, zainketa… guretzat ez dago asteburu librerik, ezta oporretan joateko aukerarik. Zorionez, familia elkartua gara eta irteerarik egiteko beharra badaukagu elkarren artean konpondu egiten gara.
Etxea bizilekua eta lantokia bihurtu duzue familian. Ametsik geratzen al da etorkizunari begira? 2016an abiarazi genuen Arati Landetxea eta emaitza oso onak izan ditu. Gure arazo bakarra uda amaitu osteko hilabete horiek izan ohi dira. Horregatik, ‘Baserri Eskola’ izeneko proiektu berri bat hasi gura dugu epe ertainera begira Zaratamon eta helburua baserriko bizimodua erakustea da azpiegitura egokiagoekin eta hain garrantzitsuak diren funtzio jakineko animaliekin: astoak, txerriak, oiloak…
☉ Zaratamo
Bideoa | Abeltzainak eta mendizaleak, oreka zailean Upon gora
Azken urteetan gero eta elkarbizitza arazo gehiago gertatzen ari dira Zaratamoko Upo mendiko larreetan

Aitor Garcia Salcedok (Zaratamo, 1991) ardiz osatutako artalde txiki bat dauka Upoko belardi eta basoetan. Anaiak, Beñatek ahuntzak ditu bertan, eta Zaratamoko beste hiru pertsonek ahuntzak eta behiak dituzte. Ez dago beste inor.
Abeltzain lez, Aitor askotan joan ohi da Zaratamoko mendira abereak leku batetik bestera mugitzera bai udan eta bai udazkenean, baina azken urteetan arazo ugari izan ditu menditik ibiltzen diren pertsona jakin batzuekin.
Abenduko goiz hotz eta haizetsua da gaurkoa. Euri mehatxua dago, baino hori ez da inolako arazoa Aitorrentzat. Egun batez, artzain lanak egin ditugu berarekin. Bere 4x4ra igo eta Uporantz abiatu gara, mendiko pistetan barrena. Mendiko bide guztiak ezagutzen ditu zaratamarrak, ardiak edonondik igarotzen direlako, eta beraiengana heldu behar delako abeltzaina, noski. Lur orotako ibilgailuak edozein motako oztopoak gainditzen ditu, dinbi, danba, beti aurrera.

Aitorren familiak betidanik izan du ganadua Zaratamon. Uda garaian, ardiak eta ahuntzak mendira eramaten dituzte eta negu aldera etxera ekartzen dituzte bueltan. Abenduan ondiño mendian izaten dituzte eta ‘mendian’ esatean, mendi osoan barrena esan nahi du Aitorrek. “Animaliak Upon libre bizi dira eta gure lana behinik behin mendira igo eta ondo daudela ziurtatzea da”, azaldu du Garciak. Upo, izatez, herri basoa da eta animaliak ez ezik pertsonak ere paseoan ibiltzen dira bertatik.

Abereak, arriskuan
Autoak mendian gora egiten duen heinean ‘Debekatuta bidetik kanpo zirkulatzea-Txakurrak lotuta’ dioten hainbat kartel agertzen dira Zaratamoko eta Zeberioko Udalen izenean. “Kartelek txakurrak lotuta eraman behar direla esaten duten arren, jende askoak solte eramaten ditu txakurrak mendian”, kexatu da Garcia. Baina ez da kexa soil bat; horren atzean pisudun arrazoi bat dago: txakurrak mendian solte doazenean, bertan bizi diren abereak ikaratu ditzakete: “Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”.
“Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”
Arrazoi horregatik, Aitorrek bospa sei ardi galtzen ditu urtero egoera hauen ondorioz: “Iazko abenduan Galdakaoko aldetik zetozen mendizale birekin egin nuen topo. Txakur bat zegoen beraiekin. Kontuz ibiltzeko esan nien eta txakurrak ez zuela ezer egiten esan zidaten. Momentu batean, txakurra ardien atzetik joan zen korrika eta ardi guztiak mendian behera joan ziren ziztu bizian”.

Aitorren arabera mendira txakurrekin doan jende askok kontzientzia arazoa dauka: “Artaldeko animalia batzuk aurdun daude eta solte dauden txakur horiek sortzen dituzten ikarak estres izugarria eragiten diete. Eta animaliak amildegi batetik jausi eta bertan hil egiten ez badira estresak sortutako egoeragatik abortoak izaten dituzte. Abeltzainontzat galera oso handiak dira horiek”. Aurten hiru ardi hil egin zaizkio Aitorri. “Aurreko urteetan gehiago galdu izan ditugu”. Gainera, Aitorren esanetan, ardiak bezalako aberei ez zaie txakurrei besteko garrantzirik ematen: “Txakur bat galtzen denean jendea mobilizatu egiten da. Niri ardiak galtzen dizkidatenean, hor konpon!”.

Upoko malda handi batera heldu gara. Autoa gelditu, kotxetik jaitsi eta ardien bila irten da García. “Geldi hemen, ekarriko ditut segituan”. Eta 10 minututan ardiak kameraren aurrean daude, geldi-geldi, retratoa egiteko zain, aitorren euskal artzain txakurrek kustodiatuta. Arazoa betidanik existitu dela dio Zaratamokoak, “baina azken urteotan gero eta kasu gehiago ematen dira gure mendian, jendeak gero eta txakur gehiago dituelako etxean eta askotan, paseatzeko modu errazena horiek mendira solte eramatea da, neguan bereziki”.

Motozaleak ere mehatxu
Motokrosa praktikatzen duten motozale batzuk dira Aitorrentzat. Izatez, txakurrak lotuta eroan behar direla dioen kartel berean ibilgailuak pistetatik ibili behar direla ipintzen du. Motorren kasuan, kaltetuak ez dira mendiko animaliak bakarrik, mendia bera baizik: “Gero eta gehiago dira kanpotik (inguruetako herrietatik) datozen motozaleak eta menditik igaro beharrean gune jakin batean lotzen dira, gora eta behera, eta zorua izorratzen dute gurpilekin”.
Animalien jabe arduragabeak eta mendiko araudia errespetatzen ez dituzten motozaleek sortutako gaur egungo egoera ikusita, Upoko etorkizunaren inguruan galdetu diogu Aitorri: “Aurreikuspena ez da batere ona, egia esateko. Gu ez bagaude ez da beste inor geldituko mendian”, aitortu du begirada jaitsiz. “Gakoa kontzientzia sortzean dago, elkarbizitza posible baita”.

☉ Zaratamo
Meza, musika eta mokadutxoa prestatu dute Zaratamoko San Bizenti egunari begira
Urtarrilaren 25ean izango da San Bizenti eguna, Arkotxako elizan

Urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatuko du Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan.
Ekitaldia elizako arkupeetan antolatuko dute, urtero lez, eta 11:00etan hasiko dira mezarekin. Urte osoan zehar Arkotxako elizan egiten den meza bakarra da San Bizentikoa.
Ondoren, 12:00ak aldera musika eta mokadutxoa prestatuko dute leku berean. Udaletik herritar guztiek bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan
Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekin diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.
Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.
Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria
Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.
Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.
Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.
☉ Zaratamo
Martxoan iragarriko dute Zaratamoko Elexalde auzokoko Taberna Zaharraren esleipen berria
Gure Herria plataformatik gogor kritikatu du Udalak kontratuaren amaieraren berri iazko abenduan eman izanagatik, eta horrek “herritarrengan eragina izango duela” iragarri dute

Datorren urtarrilaren 20an amaituko da Elexaldeko Taberna Zaharraren kontratua eta hilabete honetan zehar pleguak onartuko dituzte Zaratamoko Udalean Elexaldeko Taberna Zaharraren kontzesioa lizitatzeko.
“Antzeko lizitazioa izango da argitaratuko duguna eta horretarako administrazio prozedura bete behar dugu”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak. “Taberna hutsitu eta libre utzi behar dute. Bitartean lizitazioa prestatuko dugu Udaletik”. Enpresek proposamenak helarazteko epea zabalduko dute eta proposamen irabazleari emango diote kontratu berriaren esleipena. “Ziurrenik otsailerako itxita egongo da prozesua”, gehitu du Zaratamoko alkateak.
Kritikak, oposiziotik
Gai honek zeresan handia eman du herritar batzuen artean, eta ika-mika sortu du herriko talde politikoen artean ere. Hori horrela, Gure Herria plataformak Udalaren jokaera kritikatu zuen abenduaren erdialdean zabaldutako ohar baten bidez. Bertan, “epeak behar bezala kudeatu ez izana” egotzi zioten udal gobernuari: “Gure Herria udal taldeak Zaratamoko Udalari ohartarazi zion Taberna Zaharraren kontratua amaitzen zela, lokalaren egungo errentariak alokairua ez luzatzeko interesa zuelako. Hori 2025eko urriaren 20an gertatu zen, eta lokala herriko tabernatik husteko egun batzuk falta direnean, alkateak ez du kontratu berri bat lizitatzeko prozedurarik martxan jarri”.
“Horrela, Zaratamoko bizilagunak udalerri txiki batean funtsezko zerbitzurik gabe geratzeaz gain, itxierarekin auzokideen arteko komunitatea sustatzeari uzten zaio. Gune historiko honetan ospakizun une asko partekatu dira, eta herriko kultura eta tradizioak islatzen dituzte, tokiko gastronomiaren ikuspegitik ere. Gainera, erabaki honen ondorioz bi lanpostu galtzen dira”.
Gainera, Gure Herria plataformatik gehitu dute Udal taldeak ere jakin badakiela, “larritasun handienekoa dela kontratua ez betetzea”, eta plataformatik azaldu dute horrela, herriko beste taberna eta lokal batzuekiko lehia desleiala finantzatzen dela, “herriko gainontzeko ostalariek zergak ordaintzen dituzten bitartean”.
☉ Zaratamo
‘Klaus’ filmaren proiekzioa eta Errege Magoen bisita izango dute Zaratamoko Arkotxa auzoko bizilagunek gaur
Hiru Errege Magoen bisitarekin batera txokolatada egingo dute herritar guztientzat Arkotxako frontoian

Gaurko gaua, etxeko txikienek ondo baino hobeto dakitenez, magikoa izango da, Hiru Errege Magoen bisita espero dutelako.
Arkotxan egitarau berezia prestatu dute arratsaldean, herriko frontoian. Bertan, ‘Klaus’ filma proiektatu ostean iritsiko dira Hiru Errege Magoak eta ostean txokolatada antolatu dute herritar guztientzat.
Klaus filmari dagokionez, zinta Santa Klausen istorioaren ikuspegi alternatibo batean oinarrituta dago, Jesper izeneko postari baten esperientzien bitartez. Bere borondatearen aurka zirkulu polarreko uharte batera destinatutako postaria da, eta Klaus izeneko arotz misteriotsu baten lagun egiten da.
2019ko azaroaren 8an estreinatu zen zinema-aretoetan, eta urte bereko azaroaren 15etik dago eskuragarri mundu mailan Netflix plataforman. Klausek zazpi Annie sari irabazi ditu, horien artean animaziozko film onenarena, eta 2019ko animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.
Egitaraua | Errege Magoen Gaua 2026
Urtarrilak 5, astelehena
17:00 ‘Klaus’ filmaren proiekzioa, Arkotxako frontoia
19:00 Hiru Errege Magoen bisita + txokolatada, Arkotxako frontoia






