Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Leire Palacios (Badalab): «Euskarak gai unibertsalen inguruan hitz egiteko balio duen plaza bat da»
“Nola biziraungo du euskarak?” bezalako galderei erantzuten die basauriarrak Badalab Berrikuntza Laborategian
Komunikatzailea eta berrikuntza eragilea da Leire Palacios Egiguren (Basauri, 1986). Gaur egun Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian lan egiten du, eta besteak beste, ‘Nola biziraungo du euskarak?’ edo ‘Nola garatzen da aniztasunean eragile izan nahi duen hiztun komunitatea gizarte digitalaren garaian?’ galderei erantzuna ematea bilatzen du bere lantaldearekin batera. Kazetaritzatik abiatuta, kulturan, hizkuntzan eta komunikazioan lan egin du Leirek: GEURIAren hasieran kolaboratzaile izan da; barrutik ezagutu du proiektua eta orain, 10 urteren ondoren, kanpotik jarraitzen du gure lana. Bitartean EITB taldean, Berrian, Naizen, Jakinen edota Hegats hedabideetan behar egin du. Leirerekin solasaldi luzea eta atsegina izan dugu Errenterian, Badalab laborategian.
Zer da Badalab?
Hizkuntza Berrikuntza Laborategia da Badalab, eta kezka batetik dator: etorkizunean euskara hitz egingo dugun edo ez. Kezka hori mahai gainetik kentzeko eta etorkizunean euskaraz egingo dugula bermatzeko, prozesu luzea egin zen euskalgintzarekin eta erakundeekin batera, eta ondorio batera heldu ziren: berrikuntza zentro batek on egin diezaiokeela hizkuntzari. Eta hortik jaio zen Badalab. Beraz, etorkizunean euskara hitz egingo dela bermatzeko gakoak bilatzen ditugu Badalaben, eta horretarako metodologia berriak erabiltzen ditugu.
Badalabetik Ikusgela proiektua garatu duzue. Eta zuk, modu pertsonalean, Eitb-ren Orain Albisteak euskarrian lan egin duzu.
Bi proiektu desberdin dira. Batetik, hedabideez ari garela, Badalabetik pedagogiarekin lotutako proiektua garatu dugu Wikipediarekin elkarlanean: Ikusgela. Ingurune digitalari lotuta dagoen kezka batetik sortzen da. Oso arin doa ingurune digitala eta informazio jakin bat zein formatutan eman ikasi behar da. Ikusgelan guk erabakitzen dugu zein gairen inguruan hitz egin nahi dugun, gidoiak sortzen ditu Lander Arretxeak, grabatzen dugu Hiru Damatxoko lantaldearekin eta gero eduki hori Wikipediara doa eta sare sozialetan hedatzen da. Hezkuntzatik eskariak izan ditugu jorratzen ditugun gaiengatik eta informazio hori ematen dugun moduagatik. Informazioa erraz ematen da jendea erraz konektatu dadin, eta bideoan.
Bestetik, kamera aurrean informazioa ematearekin jarraituz, EITBko Orain Berriak kanalarekin kolaboratu dut maila pertsonalean, Badalabetik kanpo. Informazio pilula bitxiak dira sare sozialetarako, engagement-a bilatzen dutenak. Kasu honetan, lehenengo 10 segundoetan gantxo bat bota behar duzu. Hor dago etorkizuna, beraz, medio tradizionalekiko. Etorkizuna orain da. Hau gertatzen ari da. Internet bidezko albisteak izan daitezke etorkizuna? Ez; internet bidezko albisteak izaten ari dira eta igotzen ari gara martxan dagoen tren batean. Guk erabakitzen dugu nola igotzen garen; hori da kontua.
Martxan dagoen tren bat ere badira sare sozialak. Zelan goaz tren horretan?
Uste dut nahiko galduta gaudela sare sozialekin orokorrean. Eta asko eskatzen zaigula sare sozialetan. Esango nuke inertzia handia dagoela sare sozialetan egoteko, gainera modu jakin batean, eta ez dugu erreparatzen ea guk behar ditugun eta zertarako behar ditugun. Eta hemen gauza bitxi bat gertatzen da, belaunaldien artekoa dela uste dudana: guk transformazio digitala bizi izan dugu eta orduan badakigu zein tresna dauden eta tresna horiek nola erabil ditzakegun; gure atzetik datozenak etorri dira esparru digitala sortuta dagoela; eta azkenik, gu baino nagusiagoak direnentzat hau mundu bat da. Belaunaldien artean ere eduki desberdinak kontsumitzen ditugu. Nik uste dut aukera polita dela, gauzak aldrebestuta daudenean eta krisi egoera batean zaudenean, zerbait berria proposatzeko eta egin ahal izateko. Korronte handienak markek eta korporazio handiek mugitzen dituzte: segun eta zenbat jarraitzaile dituzun, programa batean edo film batean parte hartzeko deitzen dizute. Eta jendeak orokorrean behar berdinak ditugu; ez gara horren desberdinak gure artean. Orduan, zer da hor lehiatzen edo parte hartzen uzten ez diguna adin tarte batekooi (35-40 urtekooi), beste batzuek parte hartzen duten bezala? Uste dut momentua dela zerbait egiteko.
Niri, adibidez, podcastak asko gustatzen zaizkit eta informazio asko kontsumitzen dut, baina molde zaharrera noa edo oso gazteak direnak entzuten ditut. Hau da, denetarik kontsumitzen dut, baina egia da ereduak bilatzen ditudanean falta zaidala nire adineko jendea, nire berdintzat sentitzen dudan norbait zerbait kontatzen.
“Geuria eredu izan da hainbeste errepikatzen dudan euskararen unibertsaltasuna bilatu duelako, GEURIAk ez duelako beldurrik izan euskaraz kontatzeko gai berdinak inguru erabat euskalduna ez zen leku batean”
Eta euskaraz ba al dago edukirik?
Euskaraz gauzak egiten ari dira eta, gainera, gauza interesgarriak. Adibidez, Putas Amak. Niretzat erreferentziazko eta aldarrikatzeko mugimendu bat sortu dute. Uste dut behar dugula hauspo hori. Baina bada garaia momentu batzuetan euskara atzizki hori kendu ahal izateko. Euskarak balio du gai unibertsalen inguruan aritzeko. Euskara plaza bat da, unibertsala, mundu osoan egoteko, eta ez du soilik balio euskal kulturaz hitz egiteko, Euskal Herrian gertatzen diren gauzez hitz egiteko edo folkloreaz hitz egiteko; euskara erabil dezakegu edozertaz hitz egiteko.
GEURIAk aurten 10 urte beteko ditu. Zuk hasieratik ezagutu duzu: hasieran barnetik, orain kanpotik.
Bai. Niretzat GEURIA beti izan da eredugarria hainbat konturengatik. GEURIAk daukan kasuistika eta daukan berezitasuna oso propioa da, eta egin behar izan duen esfortzu guztia maila altua emateko, ikaragarria da. Hori bakarrik ikusten da bertakoa baldin bazara edo oso lotuta egon bazara proiektuari. GEURIA ez dator zerotik; aurrekariak ditu, jende bat lanean. Eta hainbat ideia zoro, baina seriotasunez hartutako ideia zoroak batez ere. Proiektua defendatzeko eta proiektuaren alde borrokatzeko gogo handia izan duen jendea izan du inguruan. GEURIA jaiotzen da euskara batere alde ez daukan ingurune batean, eta nik uste hori mirestekoa dela gaur egun. Egin izan duen ibilbide osoa, eta gainera oso modu lehiakorrean.
Hedabide handien maila emanda edota erabaki ausartagoak hartuta momentu jakin batzuetan. GEURIAk jakin izan du elkarlanean lan egiten, bakarka egin behar izan duenean bakarka, gauza berriak proposatzen, sinergiak egiten, ingurunea artikulatzen, eta batez ere, GEURIA da —eta espero dut urte askoan izaten horrela jarraitzea— eskualdean kazetaritzaren inguruan eta kulturaren inguruan grina izan dugun askoren etxea. Eta GEURIAgatik izan ez balitz, bertako harrobitik atera garen hainbat ez ginateke ausartuko beste leku batzuetan atea jotzera. Eta eredu izan da hainbeste errepikatzen dudan euskararen unibertsaltasuna bilatu duelako, GEURIAk ez duelako beldurrik izan euskaraz kontatzeko gai berdinak inguru erabat euskalduna ez zen leku batean.
GEURIAk berak azken lau urteetan egin duen euskarri propioen (papera eta webgunea) eta kanpokoen (sareak) kudeaketak eta eduki sorkuntzak oso emaitza onak ekarri dizkio komunikabideari. Zer gehiago egitea proposatuko zenioke GEURIAri? Ez izan beldurrik, bota!
GEURIAri eskatuko niokeen gauza bakarra da bizirik irautea. Beti esaten da gauza asko hobetu daitezkeela eta horrelako gomendioak uste dut askotan oso merke botatzen ditugula. Egunerokotasunean egon behar da eta uste dut GEURIAk gaur egun egiten duenarekin bizirauteko kapaz baldin bada, eta berrikuntzak txertatzeko kapaz bada, horrekin nahikoa daukala. Ez dezala galdu berezia egiten duen begirada hori.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Gure kazetarion berbak: Eñaut Barandiaran, Maider Ibañez eta Jon Goikouria
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Geuriako lantaldea osatzen dute Eñaut Barandiaran Urkiza zuzendariak, Maider Ibañez Espinosa eta Jon Goikouria Larrabeiti kazetariak, eta Jon Villapun Arbide editoreak (Geuriako zuzendari izandakoa 2014-2022 urte bitarteetan).
Villapuni elkarrizketa sakona egin diogu Geuriaren 10. urteurreneko ale berezian, eta egungo lantaldekoon hitzak ere jaso ditugu:
Izena: Eñaut Barandiaran Urkiza
Adina: 42 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Geuriako zuzendaria
Geuria Hego Uribetik mundura irekitako leiho bat da, euskaratik eta euskaraz, hurbilen ditugun gaiak eta baita unibertsalak direnak ere jorratu daitezkeela erakutsiz, proiektu komunikabide sendo, egonkor, orekatu, konprometitu eta irudimentsu baten bidez.
Izena: Maider Ibañez Espinosa
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Belaunaldi berriek txikitatik ezagutu dute Geuria: eurekin hazi gara eta hazten jarraituko dugu. Tokiko kazetaritzak eta Geuriak eskualdeko herritarrekin zuzenean konektatzea ahalbidetu dit, eta sare hori zelan trinkotzen eta indartzen doan ikusi.
Izena: Jon Goikouria
Adina: 36 urte
Herria: Bilbo
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Geuriari esker herri txikien handitasuna eta aberastasuna ezagutu ahal izan dut. Prentsa generalistak ez bezala, Geuriak bertatik bertara eta bitartekorik gabe jasotzen ditu herritarren berbak.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VII): Txufer Garay, Irantzu Sagarminaga eta Iratxe Alaña
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Txufer Garay Milla
Adina: 60 urte
Herria: Zeberio
Lanbidea: Okina
1. Gure inguruko albisteak publikatzen dituen hedabidea.
2. Gure herrialdeko berriak urbiltzen deuskula.
3. Bai, oso. Guretzat aipagarriak diren albisteak ez dira hedabide “orokorretan” agertzen, Geuriari Esker, inguruko barriak jasotzen ditugu.
4. Inguruko aniztasun aberatsez jabetzen
5. Ez zaio biztanleri guztiari heltzen, eta uste dot garrantzitsua litzatekeela etxe guztietan egotea.
6. Eguneratuta eta adi egotea gertuen gertatzen direnekin.
Izena: Irantzu Sagarminaga
Herria: Usansolo
“Gu eta gutarrak protagonista egiten dituen komunikabidea da Geuria!”
1. Eskualdeko euskarazko komunikabidea; hurreko informazioa, gu eta gutarrak geure hizkuntzan protagonista garen hedabidea; beharrezko zerbitzu, eskaintza eta ondarea. Lan itzela egin duzuela, eta hamaika mila oztopori eta gabeziari aurre egin diezuela! 10 urteongatik bejondeizuela, eta topa datorren hamarkada hobe baten alde!
2. Hurbiltasuna, protagonisten elkarrizketak eta inguruko herrietako ekimen eta ekitaldien agenda.
3. Beharrezkoa! Nazio-hedabideek gai eta hartzaile orokorragoak dituzte jomuga, eta, sarriegi, “txikitasunentzako” edo tokikoentzako lekurik ez. Herritarrek beraien herriko gertaera eta bizilagunen berri izatea ere behar-beharrezkoa dute; eta merezi dute leku eta protagonismo hori, egunerokotasunaren eta norberaren bizitzan eragina eta garrantzia dutelako.
4. Besteak beste hiru kontu aipatuko nituzke: batetik, informazio-iturri da; informazioa duen jendea errazago molda liteke bizitzara zein mundura, eta pentsamendu landuagoa izan lezake, erabaki egokiagoak hartzeko, eguneroko eta gertuko kontuetan ere bai. Bestetik, bertokoari, Hego Uribe eskualdeari lekua eta garrantzia ematen dizkio; eta eskualdeko herri zein herritarren arteko topagune izan liteke. Azkenik, euskararen normalizazioan, jakina.
5. Baliabide gehiago edo (batez ere ekonomiko) handiagoak balitu? Maiztasuna, zalantza barik; eta kazetari gehiagorekin ekimen-albiste-elkarrizketa gehiago egin zitezkeen; baliabide teknologikoen erabilera areagotu ahalko luke, bitarteko ezberdinetan sarriago informazioa zabaldu ahal izatea; eskaintza zabalagoa.. Ostera, hasierako galderan jasotako baldintza bete barik, lanbrotuta ikusten dut dena.
6. Hego Uribe eskualdeko eta bertoko herritarren gaineko informazioa hain zabal eta landu beste inon ez duelako lortuko, eta euskaraz, ia informazio-iturri bakarrenetakoa baita. hori arrazoi nahikoa iruditzen zait edonori gomendatzeko.
Izena: Iratxe Alaña Jauregi
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Gizarte hezitzailea
1. Euskara hizkuntza.
2. Tokiko eta euskaldun komunikabide bat dela.
3. Bai, informatzeaz gain herriaren nortasuna sortzen eta indartzen duelako . Gainera, guztioi interesatzen zaigu gure ingurune hurbilean gertatzen ari dena, ezta? Horregatik, hauek dira gure egunerokoan jorratzen ditugun gai gehienak: udal politikak, zerbitzu publikoak, merkataritza, kirola, kultura edo agenda soziala… Eta tokiko kazetaritza garrantzitsua da haietaz arduratzen den kazetaritza delako.
4. Gure herriaren eta eskualdeko herrien jarduera ezagutzen laguntzen digu. Euskara ezagutzen eta erabiltzen duten pertsonak ere ikusarazten ditu eta hori oso aberasgarria da, euskal komunitatea batzeko, zaintzeko eta indartzeko modu egokia delako.
5. Ez dakit zer esan. Nire ustez, urteekin egokitu eta eguneratu egiten da, eta, beraz, hobetzen da, bere profila instagramen sortzen dudanean edo bideoak editatzen hasten denean. Horrela jarraitzea gomendatuko nioke, zaharkituta ez geratzeko.
6. Arrazoi asko daude emateko, baina gaur, arrazoien ordez, erronka bat jartzen nioke; esango nioke ospatzen ditugun 10 urte hauei askoz gehiago gehitu lortu behar diegula eta, bide batez, askoz irakurle gehiago.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VI): Irati Azkueta, Bego Moreno eta Mikel Larunbe
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Irati Azkueta Pujana
Adina: 34 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Irakaslea
1. Geuria. Geurea. Bertokoa. Herrikoa. Herritarrona.
2. Bertokoa dala, bertokoentzat egina. Gure inguruen jazoten danaren barri aukiteko aukera eskaintzen deuskula, euskaraz eta debalde! Ganera, bai semeagaz zein ikasleakaz erabilten dot eta ezin aproposagoa da, munduen kokatute egon daitezen eta euren inguruan gertatzen denaren jakitun egon daitezan, leiduteko erakargarria dan euskarri baten, gai ezberdin eta ikuspegi anitzetatik.
3. Ezinbestekotzat joten dot. Gure inguru hurbilean hamaika proiektu eta ekimen txiker dauz, bestelako komunikabide handiagoetan lekurik ez deukienak. Eskualdeko herrietako agenda kulturalaren barri eukiteko eta egunerokotasuneko gertaeren barri izateko, alkarren berri izateko.
4. Euskarazko komunikazio proiektu batek, hasteko euskararen alde egiten dau, gure altxorra dan hizkuntzari dekon balioa emonez. Bestetik, gaur egungo komunikazio proiekturik gehienen ikuspegia oso globala iziten da, eta hurbil dekogun horreri balioa emotea inportantea da. Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakegu.
5. Geuriaren formatua sano erakargarrie eiten jata, irakurterraza eta erosoa da.
Mundu digital zoro honetan, paperezko edizioari eustea eskatuko nizueke. Gure semeari sano gustetan jako begiradatxo bat emotea, alkarregaz irakurtea eta herrien gertatu danaren berri eukitea.
6. Gure inguru hurbilean gertatzen danaren berri eukiteko. Hainbatetan inork baino arinau emoten dozuelako informazinoa. Eskualdeko agenda kulturala eskure eukiteko. Eta argazki erreportaiak ederrak iziten direzelako!
Izena: Bego Moreno Gonzalez
Adina: 26 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Berdintasun teknikaria
“Gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua da Geuria”
1. Eskualdean dugun egunkari euskalduna, ia gertakizun guztietan presente dagoena, zehazki gizarte mugimenduetara lotuta dauden ekintza edo berrietan.
2. Proiektu bezala nik uste gustoko ditudan ezaugarri batzuk direla gertutasuna eta euskalduna izatea. Azken finean presentzia handia du, eskualdean ematen diren berrietan oinarrituta, gizarteari eta baita gizarte mugimenduekiko lotura eta harreman estua.
3. Noski. Askotan komunikabideetan urrun gertatzen diren berriak aipatzen dira auzoan bertan gertatu denari erreparatu gabe. Gure inguruan gertatzen diren hainbat gauza ezagutzeko edota konsziente izateko baliogarria da.
4. Eskualde mailan berriak euskaraz jasotzeko aukera ematen du eta baita elkarren artean ezagutzeko, hau da, alboan dauden herrien artean besteak zertan ari diren ezagutzeko. Bestalde, gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua bada ere. Mugimendu feministatik adibidez, hainbatetan zabaldu ditugu gure deialdiak edo geure ekintzen berri.
5. Zaila iruditzen zait proposamenik egitea, jakinda lan txukuna egiten duzuela eta izugarria gainera. Gertakizun askotan zaudete nahiz eta asteburua izan, edozein ordutan. Horrela jarraitzearekin beste 10 urte nahiko! Eskerrak emanez egiten duzuen lan guztiagatik.
6. Lehen esan dudan bezala, GEURIAk dituen ezaugarri bereziengatik: tokiko kazetaritza delako, euskalduna eta gizarte mugimenduen berriak ematen dituelako formatu desberdinen bidez, haien hitzak zuzenean zabaltzen saiatuz beti.
Izena: Mikel Larunbe
Adina: 31 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Pilotari ohia
1. Gure eskualdean gertatzen ari denaren berri emateko dugun komunikabiderik esanguratsuenetarikoa dela. Eta, gainera, oso anitza eta erabat euskalduna
2. Gai asko jorratzen dituela, komunikabide ezagunek edo handiagoek ematen ez dituzten berriak argitaratzen dituztela eta guztiz euskalduna dela.
3. Noski. Izan ere, tokiko kazetaritzari esker normalean egunkari edo komunikabide handietan agertzen ez diren ekintzaile,ekimen,artista,kulturzale,idazle,kirolari eta beste hainbat arlotako jendearen berri izan ohi dugu. Eta askotan itzaletan lanean ari den jende hori ezagutarazten dute,merezitako aitorpena eginez.
4. Esan bezala, tokiko kazetaritza izaki,gure eskualdean gertatzen dena eta egosten dena kontatzen digu egunkari edo komunikabide handiek baino sakonago eta zehatzago. Gainera, dena euskaraz idatzita dago eta hori euskararentzat bultzada handia da.
5. Galdera zaila. Burura datorkidan lehenengo ideia edukietatik haratago doa. Seguruenik horretan ere bazabiltzate baina Geuriaren ekoizpena(papera,erabilitako material zein produktuak etab) ahalik eta jasangarrienak izatea ondo legoke. Ingurunearekiko inpaktua ahal beste txikitzea alegia.
6. Bere herriari edo bere auzoko herrietakoren bati buruzko informazio interesgarria jaso dezakeelako. Gure inguruko gertaerak era gertuago batean kontatzen direlako eta gainera,guzti hori euskaraz egiten duelako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (V): Elisabeth Luengo, Urtzi Diaz eta Ainhoa Sainz
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Elisabeth Luengo
Adina: 32 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Arkularia
“Eskualde mailako kohesioa lortzen du Geuriak”
1. Hego Uribe eskualdean informatzeko leku egokia. Gure alboan gertatzen diren ekintzen, lehiaketen, albisteen eta abarren inguruan informatzeko aukera oso ona delako. Tokiko hedabide txikiek beren egunerokotasunean zuzenean eragiten duten gaiei buruzko informazioa eman diezaiokete komunitateari eta erabiltzaileari doan.
2. Hurbileko informazioa oso ondo azaltzen du. Gainera euskaraz kalitatezko albisteak garatzen ditu. Komunikabideek eragin zuzena dute gizarte baten iritzi publikoan.
3. Tokiko kazetaritza oso garrantzitsua da. Tokiko hedabideek gertutik berri ematen dute, pertsonekin, erakundeekin harremana mantentzen dute eta merkataritza-sareei bizitza eta mugimendua ematen diete. Gure kirol txikiari mikrofono bat eskura jartzen dio GEURIAk. Gainera, tokiko albisteak (gugandik hurbil gertatzen direnak) dira gugan inpaktu handiena dutenak.
4. Gure bizimodua, gure ohiturak, produktu batzuen edo besteen kontsumoa, iritzi publikoa… Gertaera sozial, politiko edo ekonomiko ezberdinei buruz iristen zaigun informazioak inguratzen gaituen errealitateaz gure pentsamoldea alda dezake. Komunikabideek informatzeko, munduko leku ezberdinetan gertatzen dena ezagutzeko, zailtasunak dituztenei elkartasuna adierazteko, gure jatorria berraurkitzeko, gure historia ezagutzeko, eta abar balio dute. Eskualde mailako kohesioa sortzen du, galdakaoztar batek askotan ez daki zer gertatzen ari den Arrigorriagan, nahiz eta 3 kilometrora egon.
5. Hilean behin kaleratu beharrean astero edo hamabostean behin argitaratzea, informazioa oso ona delako. Batzuetan, hilero izanez, berritasuna galtzen da. Agian laburragoa izan daiteke, baina albisteak asteko albisteak izan daitezen gustatuko litzaidake.
6. Geurian informatzea oso gomengarria da, herriari buruzko albisteak ondo idatzita daudelako. Tokiko hedabideak dira udalerri bakoitzeko albiste guztien benetako adituak. Askotan beste komunikabide handiago batzuek jasotzen ez dituzten albisteak irakurtzeko aukera ematen dute. Herrian dauden ekintzak ezagutzeko aukera ematen duelako, herritarren artean elkar ezagutzeko aukera ematen duelako gomendatuko nuke.
Izena: Urtzi Diaz Sanz
Adina: 23 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Ikaslea
1. Komunikatzeko bide bat non bai gazteok, helduok eta zaharrak irakurri, ikusi eta entzun dezakegu zer nolako gauzak gertatzen diren gure inguruan urrutira joan barik.
2. Inguruko egunkaria dela eta batez ere ondoko herrietan zer nolako gauzak gertatzen diren konturatzea. Azken finean ondoko herrietan asko ibiltzen gara eta ezinbestekoa da jakitea zer nolako albisteak dauden, baita elkarrizketak ere inguruko jendea pizkat hobeto ezagutzeko.
3. Bai. Azken finean beti jartzen dugu ikuspuntua estatu mailako albisteetan baina egunerokotasunean ibiltzen garen tokietan ezinbestekoa da jakitea zer nolako mugimenduak dauden eta horretarako tokiko kazetaritza onuragarria da inguruko herritarrontzat.
4. Lehen esan dudan moduan batez ere inguruko jendea ezagutzea elkarrizketen bitartez eta bestetik hurbiletik ikustea zer nolako albisteak dauzen gure inguruko herrietan. Honekin uste dot pausu handi bat ematen duela gizarteari laguntzeko, azkenean lehenik eta behin hurbilekoa zaindu behar dugulako.
5. Egia esan ez nuke ezer aldatuko, uste dot argi eta garbi dagoela zer nolako edukiak dauden eta herritarrei asko erakartzen duela komunikabide hau.
6. Azkenean lehenik eta behin inguruan gertatzen diren gauzak hobeto ezagutzeko gomendatuko nioke lagun bati. Bestetik komunikabide honetatik gizartea aldatu dezakegula, eta azkenik ez garela joan behar oso urrutira albisteak, elkarrizketak edota irudiak ikusteko, oso garrantzitsua dela gure ingurua ondo ezagutzea eta zaintzea.
Izena: Ainhoa Sainz Ipiña
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Tabernaria
1. Gure egunkari bat.
2. Orokorrean komunikabideetan agertzen ez diren kirol txikiei ahotsa ematen diezue, eta horren berri izatea garrantzitsua da niretzat.
3. Funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dagoenak baitzarete.
4. Bertatik bertara bizi duzun errealitatea ezagutzen laguntzen dizu, eta eguneroko bidelagun bilakatzen da.
5. Posible den heinean auzoetako albiste gehiago jorratzea nahiko nuke. Herriekin egiten den bezala, baina auzoari erreparatuz.
6. Euskaraz aritzeko edo euskara hobetzeko baliagarria delako, eta inguruko herrietako albisteen berri ematen dizulako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (IV): Estibaliz Carracedo, Itziar La Concha eta Mikel Karrillo
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Estibaliz Carracedo Osinaga
Adina: 46 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Kultura teknikaria
“Eskualdeko informazio kulturala sakon lantzen du Geuriak”
1. Bi ideia azpimarratuko nituzke, komunikabidea bata, eta informazioa bestea. Horrela definituko nuke.
2. Bai paperezkoaren bitartez, baina batez web orriaren bidez inguruko herrietako programazio eta ekintza kulturalen berri aurrerapenaz ezagutzeko aukera daukat, eta gainera testuinguru jakin batean kokatuta, izan albistea edo elkarrizketa (erreportajea idatziz).
3. Noski. Egunero bizi duzun errealitatea jorratzen duen kazetaritza da, eta zentzu horretan zuzeneko informazioa jasotzen duzu, bertatik bertara jaso, kudeatu eta plazaratu dena. Gizarte osasuntsu eta heldu bat izateko behar-beharrezko aldagaia da tokikoa.
4. Goiko erantzunean esan bezala, komunikabideeak orokorrean, eta tokikoek bereziki, gizartearekiko ardura handi bat daukate, hurbilekoak izatean badaukatelako sinesgarritasun bat irabazita, eta sinesgarritasun hori da egunero jokoan jartzen dutena. Hori galduta, ez lukete egun herritarrekin duten lotura ezta babesa izango. Gainera, Geuria bezalako medio batek normalean ahotsa ez dutenei ahotsa ematen die, eta horrek ere badauka balio bat.
5. Ondo dagoena ez da ukitu behar, baina zeozer aipatzekotan zera esango nuke: bigarren erantzunean esan dut ekitaldi kulturalen berri izaten dudala GEURIAn, eta zentzu hortan oso aberasgarria litzateke sarean horien inguruko lanketa bereziak egitea, bideoekin, lehiaketekin etabar…
6. Bere inguruan gertatzen denaz informazio fidagarri eta benetazkoa izateko, eta bizi den eskualdearen aberasgarritasuna ezagutu eta horretaz gozatzeko, euskaratik eta euskaraz!
Izena: Itziar La Concha Aiartzaguena
Adina: 32 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Administraria
1. Zonaldeko egunkari digitala.
2. Aipatutakoa, gure zonaldeko berriak agertzen direla, danetarik dagoela…
3. Bai. Garrantzi handia dauka egunero bizi duzun errealitate horretan zure burua kokatzeko.
4. Ba Euskalduna izanik, euskara bultzatzen laguntzen du adibidez, edota normalean egunkari batean agertzen ez diren gertaerak erakusten ditu.
5. Berdin jarraitzea berri pozgarria litzateke.
6. Hurbileko informazioa jorratzen dela, seriotasunez eta sentsazionalismorik gabe.
Izena: Mikel Karrillo Garikano
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Kirol arduraduna
1. Gertutasuna. Ez bakarrik gertuko berriak jorratzeagatik, baizik eta, nere hizkuntzan informatua izateko aukera emateagatik.
2. Gai desberdinak jorratzean bertatik egitea, kalean bizirik ikustea, besteen kontakizunak entzun beharrik gabe publikatuz
3. Noski. Munduko beste alderdietan gertatzen denak garrantzia izan dezake, baina ingurukoak eragiten du zuzenki norberaren bizitzan.
4. Gertutasun sozialean eta inguruko herrietan lortzen diren aurrerapenak erreferente bezala plazaratzean.
5. Hego Uribeko euskal hiztunen kolektiboa handitze eta indartze aldera, euskera bultzatzen dugun taldeei, hizkuntzan oinarrituta, ikusgarritasuna ematen dion atal bat zabaltzea, apurka apurka beste hainbat biltzen has daitezen.
6. Gertuko berriak direlako, herrikoa plazaratzen dutenak.