Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Libe Mimenza (Behategia): «Tokiko medio batzuk erdi itota ikusten ditut, eta beste batzuk, aldiz, txalupa berria erosteko puntuan»
Kazetaria eta komunikazioan ikertzailea da. Euskal Hedabideen Behategian eta Nor ikerketa taldean dabil Libe Mimenza elorriotarra
Euskal hedabideen ekosistema ondo baino hobeto ezagutzen du Libe Mimenza Castillok (Elorrio, 1988). Kazetaria, ikertzailea, irakaskuntza eta Euskal Hedabideen Behategian egiten duen lana uztartzen ditu egun. Euskal Herriko komunikabideen analisi zorrotza egin du GEURIArentzat, aipatu dugun unibertso mediatiko horretan buru beste aburu daudela kontutan hartuz; “batzuk txalupa hondoratu ez dadin ari dira lanean, eta beste batzuk, aldiz, txalupa berria erosteko moduan daude”, datuak oinarri eta hizpide hartuta, baina zenbakien atzean egon daitezkeen arrazoi eta zera guztietan arakatuz.
Komunikazioan aditua eta ikertzailea, aldi berean; geldi egoten ez den horietakoa. Zertan ari zara orain lanean?
Zortzi edo bederatzi urte daramat ikerketaren munduan, eta orain irakaskuntzarekin uztartzen dut, Euskal Herriko Unibertsitatean lur hartzen ari bainaiz. Ikerketari dagokionez Euskal Hedabideen Behategian momentu oso interesgarrian gaude, hainbat proiektu kitzikagarritan murgilduta, bat datuen kulturari lotutakoa, eta bestea matematika eta big data oinarri duena.
Hori guztia gutxi ez, eta azaroan zure tesiaren defentsa egin zenuen.
Hala da, bai. 2020aren bueltan abiatutako bide bat da. Euskal Hedabideen audientzia digitalaren azterketa bat egin nahi nuen, eta horretarako web trafikoaren nondik norakoak sakon ezagutu eta analitika digital bat zelan egin planteatu nuen, euskal komunikabideentzat baliagarria izan zitekeena. Horretarako 8 hedabide hartu eta haien eskutik ikerketa ekintza aplikatu bat garatu genuen. Azken helburua neurketa estandar bat izatea litzateke, hau da, lanketa honen bitartez Euskal Herriko medioek neurtu ahal izatea euren audientzia digitala zelakoa den, zein gabezia eta indargune dituzten, nondik etor daitezkeen hobekuntzak… Gidalerro baten sorrera izan da lan horren guztiaren emaitza, eta dagoeneko medioak aplikatzen ari dira. Aurrera begira web gunea ez den beste eremuetara eraman nahi dugu lanketa hau, gaur egun medioak web orrian soilik ez, sareetan ere bizi direlako. Azken helburua ingurune digital osoa neurtzeko tresnak izatea da, eta tresna propioekin, orain arte Google Analytics erabili baita.
Datuen egitura bat sortu, zabaldu, eta horren inguruko pedagogia egitea beharrezkoa da.
Zergatik? Kostatzen zaio sektoreari berari datuen garrantziaz ohartaraztea?
Esango nuke sektorean bertan asko eskertu dutela. Alde batetik ezezagutza handia dagoelako, baina baita herri ekimeneko komunikabideen kasuan prekaritate handia dagoelako ere; lan talde txikiak, lan karga handia. Datuen analisiak lan eskerga suposatzen du, hori horrela da: datuak hartu, aztertu eta interpretatu behar dira, bestela ez daukate balio handirik. Zentzu horretan, lana erraztu diegun heinean medio txikienek bereziki eskertu dute.
Bestetik, ezagutzan aurrerapauso handiak eman ditugu, erronka orain datu horien erabileran dago. Kontutan hartu behar dugu gure medio gehienak XX.mendeko medioak direla, alegia, molde tradizionalaren arabera eginak. Dinamika horietan aldaketak egin behar dira, gaur egungo beharretara egokitzeko. Oso nabarmen geratu da euskarazko komunikabideak digitaletik birpentsatu behar direla.
Digitaletik birpentsatu. Esaldi potoloa dirudi.
Hala da, bai. Ez dago erantzun errazik. Hasteko egoera ezberdinetan dauden komunikabide anitzak ditugu: egitura eta tamaina aldetik, helburuei dagokienean, lantzen diren gaiei erreparatuz gero… Beharrak ezberdinak dira komunikabide tematiko edo generalista batean, adibidez. Esango nuke, hala ere, badagoela lehen urrats bat nahiko egingarria dena, eta zera da: datuei erreparatzea. Ez egitea soilik lan intuizioz edo inertziaz. Datuetan oinarritutako erabakiak hartzeari atea zabaltzea, bidenabar. Horrek ez du esan nahi datuei soilik kasu egin behar zaienik, baina datuen kultura bat ezar liteke.
Hortaz aparte, kultura digitala txertatu behar da medioetan, eta jende digitala kontutan hartu, bai gogoeta egiten denean, eta baita erabakiak hartzen direnean ere. Ez zait gaztetu hitza gustatzen, hau ez delako gazte edo zaharraren arteko talka bat, baina pentsamoldeak digitalizatu behar dira.
“Gure medio gehienak XX.mendeko medioak dira, molde tradizionalaren arabera eginak eta pentsatuak”
2020an honakoa esan zenuen: “Dena oso bizkor alda daiteke, eta aldaketen denbora tarteak laburtzen ari dira”. Hala izan da? Gauzak oso azkar aldatu dira komunikazioan eta komunikabideetan? Zertan ikusi dezake erabiltzaileak aldaketa hori?
Bizi dugun garaietan badirudi dena doala azkar, baina kasu honetan hala da, bai. Azken hiru urteetan orain arte existitzen ez ziren dozenaka podcast sortu dira euskaraz, “Primeran” plataforma ere eskuragarri daukagu, mugikor bidezko albiste eta alertak ohikoak bilakatu dira… Hiru urtetan gauzak hala mugitu badira, pentsa hurrengo urteetan edo hamarkadan gerta daitekeena!
Datuei erreparatuz gero baditugu atentzioa ematen duten batzuk ere, kasurako: Hego Euskal streaming harpidedunak gehiengoa izatera pasa dira, eta populazioaren zati handi bat dagoeneko sare sozialen bidez informatzen da. Gazteen artean are nabariagoa da joera hori, informaziora duten sarbidea telefono bidezkoa da. Lehen aukera nagusia sare sozialak dira, bigarrena web orria, eta hirugarrena informatzeko interesik ez dutenen multzoa.
Euskal hedabideek jakin behar dute etengabeko egokitzapen lan bat egin beharko dutela, nahiz eta nekeza izan, eta horretan laguntza izan beharko dute, atzean ez geratzeko.
Gazteak aipatu dituzu erantzunean. Nor ikerketa taldea, 2022an egindako ikerketa baten arabera “Gazteen % 70ek ez du komunikabiderik kontsumitzen“). Ez tradizionalik, ez berririk. Mugikorrean bizi dira, eta mugikorrak 10 segundoko milioika eduki ematen dizkie. Zer egin dezakegu? Mundu horretan sartu, bai ala bai?
2023ko ikerketak datu horiek berretsi ditu. Argazkia ez da aldatu, are gehiago, tendentzia hori indartu egin dela esan genezake. Ez bakarrik gazteen kasuan, 45 urtetik beherakoetan eman ari da deskonexio hori. Populazioa bitan banatu beharko bagenu badago praktika digital gero eta orokortuago bat adin horretatik behera, eta gorakoen kasuan praktika digital gero eta handiagoa ematen ari da. Gazteen kasuan GEURIA hartuko dut orain hizpide, badelako adibide baliagarria azaltzeko gazteak zelan erlazionatzen diren medioekin: populazioaren zati horrekin konektatzeko apustu bat dago, sare sozialean bidez, eduki mota ezberdinak eginez… Argi dago hau ez litzakeela euskal medioek ideologikoki egingo luketen hautu bat, sistema kapitalista baten baitan kokatzen den eremu digitala delako, baina ezin egungo komunikazio praktikei bizkarra emanda bizi. Jendea dagoen lekuetara joan behar gara.
Badaude, baita ere, jorratu beharreko beste eremu batzuk, hala-nola itzultzaile automatikoei dagokiena. Horrelako bideak elkarrekin, modu koordinatuan eta gogoeta sakon baten ondorio izan beharko lirateke.
Itzultzaile automatikoa. Arnas luzeko eztabaida da hori.
Baina heldu beharrekoa. Nahi edo nahi ez, gertatzen ari da. Medioak eskaini edo ez, nabigatzaileek egiten dute. Gu geu askotan ibiltzen gara erdarako hizkuntzetan nabigatzen dugunean itzultzaile horiek erabiltzen. Beraz, funtsezko galdera litzateke: nabigatzaileen esku utziko dugu, edo guk geuk helduko diogu eta aukera hori eskaini?
Aldaketa aldaketaren gainean. Zelan erantzuten ari dira euskal hedabideak erauntsi horri?
Uste dut astiroegi goazela, eta kontraesana dirudien arren, ez dakit ditugun baliabideekin azkarrago joateko aukerarik badagoen. Azken finean, zerbait berria pentsatu, erabaki eta testeatzen dugunerako beste lan eremu bat datorkigu mahai gainera. Baina bagoaz, astiro bada ere.
Badago modurik azkarrago joateko?
Noski, baina bide hau egiteko diru eta giza baliabide gehiago behar dira. Eta behar da, baita ere, ikuspegia eraldatzeko begirada ezberdin bat. Gaur ez bada bihar pentsatu beharko genuke non egon nahi dugun mendearen erdia. Zelan konektatuko dugu gizarte gero eta eleanitzagoa, digitalagoa, mugikortasun maila altuak dituena, eta informazioarekiko gero eta atxikimendu gutxiago erakusten duena? Hor dago koska. Galdera potoloak dira, baina erantzun beharrekoak.
Galdera potolo horiei ere erantzun behar diete tokiko hedabideek. Nondik ikusten duzu tokiko komunikabideen etorkizuna? Mundu mailan bi modelo nagusi daudela esan dezakegu: AEBetan komunikabide talde handiek tokikoak erosi egin dituzte, ondoren mantentzeko, fusionatzeko edo ixteko; Erresuma Batuan, ostera, BBCren ‘Local News Partnerships’ akordioa dago, akordio zuzena kate publikoaren eta tokiko komunikabideen artean, elkarlan bat. Gurean, nola irudikatzen duzu etorkizuneko mapa?
Jabetza handien eredua ez dut bideragarria ikusten, izatekotan Erresuma Batukoaren bidetik joango da. Zein izango den tokiko hedabideen etorkizuna? Egia esan ez dakit, erabaki hori tokikoei dagokie. Hedabideen Behategitik ikusten duguna da isolatuta eta banaka jai dutela hedabideek, eta aliantzen garaia dela, elkarrekin lan egitekoa, ehunduz eta indartuz, ezagutzak eta azpiegiturak partekatuz.
Azken finean, tokikoen helburua beste medioen parekoa da, hau da, audientziekin konektatzea, esanguratsuak eta sinesgarrik izanda. Egia da medio bakoitzaren abiapuntua oso ezberdina dela: batzuk erdi itota ikusten ditut, eta beste batzuk txalupa berria erosteko puntuan. Horregatik zaila da etorkizuna irudikatzea, baina uste dut jendeak gertuko informazioa behar eta onesten duela. Beraz, ondo landuz gero, tokikoek izango dute, orain arte bezala, errelebantzia eta onarpena.
Eta GEURIAren hamargarren urteurrena baliatuta ariketa hori eskatuko bagenizu, hamar urte barru zelan egongo garen irudikatzea, zer erantzungo zenuke?
Ez da galdera batere erraza, inondik inora ere, baina oraingoan, datuetan oinarritu beharrean desiotik hitz egingo dut. Hamar urte barru tokiko komunikabideen egoeran pentsatzean irudikatzen dudana zera da: orain hutsuneak dituen mapa beteta ikusten dut, medioen arteko elkarlana eta aliantzak ikusten ditut. Bestetik, hedabideak guztiz garaikideak izatea, eta egungo gizartearekin konektatuta ikusi nahiko nituzke. Eta ez hori bakarrik, behin amesten hasita, zera gehituko nuke: Euskal Herriko Unibertsitatera ikastera datozen ikasle guztiek ezagutzea behintzat tokiko komunikabide bat, gehiago ez badira.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Gure kazetarion berbak: Eñaut Barandiaran, Maider Ibañez eta Jon Goikouria
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Geuriako lantaldea osatzen dute Eñaut Barandiaran Urkiza zuzendariak, Maider Ibañez Espinosa eta Jon Goikouria Larrabeiti kazetariak, eta Jon Villapun Arbide editoreak (Geuriako zuzendari izandakoa 2014-2022 urte bitarteetan).
Villapuni elkarrizketa sakona egin diogu Geuriaren 10. urteurreneko ale berezian, eta egungo lantaldekoon hitzak ere jaso ditugu:
Izena: Eñaut Barandiaran Urkiza
Adina: 42 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Geuriako zuzendaria
Geuria Hego Uribetik mundura irekitako leiho bat da, euskaratik eta euskaraz, hurbilen ditugun gaiak eta baita unibertsalak direnak ere jorratu daitezkeela erakutsiz, proiektu komunikabide sendo, egonkor, orekatu, konprometitu eta irudimentsu baten bidez.
Izena: Maider Ibañez Espinosa
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Belaunaldi berriek txikitatik ezagutu dute Geuria: eurekin hazi gara eta hazten jarraituko dugu. Tokiko kazetaritzak eta Geuriak eskualdeko herritarrekin zuzenean konektatzea ahalbidetu dit, eta sare hori zelan trinkotzen eta indartzen doan ikusi.
Izena: Jon Goikouria
Adina: 36 urte
Herria: Bilbo
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Geuriari esker herri txikien handitasuna eta aberastasuna ezagutu ahal izan dut. Prentsa generalistak ez bezala, Geuriak bertatik bertara eta bitartekorik gabe jasotzen ditu herritarren berbak.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VII): Txufer Garay, Irantzu Sagarminaga eta Iratxe Alaña
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Txufer Garay Milla
Adina: 60 urte
Herria: Zeberio
Lanbidea: Okina
1. Gure inguruko albisteak publikatzen dituen hedabidea.
2. Gure herrialdeko berriak urbiltzen deuskula.
3. Bai, oso. Guretzat aipagarriak diren albisteak ez dira hedabide “orokorretan” agertzen, Geuriari Esker, inguruko barriak jasotzen ditugu.
4. Inguruko aniztasun aberatsez jabetzen
5. Ez zaio biztanleri guztiari heltzen, eta uste dot garrantzitsua litzatekeela etxe guztietan egotea.
6. Eguneratuta eta adi egotea gertuen gertatzen direnekin.
Izena: Irantzu Sagarminaga
Herria: Usansolo
“Gu eta gutarrak protagonista egiten dituen komunikabidea da Geuria!”
1. Eskualdeko euskarazko komunikabidea; hurreko informazioa, gu eta gutarrak geure hizkuntzan protagonista garen hedabidea; beharrezko zerbitzu, eskaintza eta ondarea. Lan itzela egin duzuela, eta hamaika mila oztopori eta gabeziari aurre egin diezuela! 10 urteongatik bejondeizuela, eta topa datorren hamarkada hobe baten alde!
2. Hurbiltasuna, protagonisten elkarrizketak eta inguruko herrietako ekimen eta ekitaldien agenda.
3. Beharrezkoa! Nazio-hedabideek gai eta hartzaile orokorragoak dituzte jomuga, eta, sarriegi, “txikitasunentzako” edo tokikoentzako lekurik ez. Herritarrek beraien herriko gertaera eta bizilagunen berri izatea ere behar-beharrezkoa dute; eta merezi dute leku eta protagonismo hori, egunerokotasunaren eta norberaren bizitzan eragina eta garrantzia dutelako.
4. Besteak beste hiru kontu aipatuko nituzke: batetik, informazio-iturri da; informazioa duen jendea errazago molda liteke bizitzara zein mundura, eta pentsamendu landuagoa izan lezake, erabaki egokiagoak hartzeko, eguneroko eta gertuko kontuetan ere bai. Bestetik, bertokoari, Hego Uribe eskualdeari lekua eta garrantzia ematen dizkio; eta eskualdeko herri zein herritarren arteko topagune izan liteke. Azkenik, euskararen normalizazioan, jakina.
5. Baliabide gehiago edo (batez ere ekonomiko) handiagoak balitu? Maiztasuna, zalantza barik; eta kazetari gehiagorekin ekimen-albiste-elkarrizketa gehiago egin zitezkeen; baliabide teknologikoen erabilera areagotu ahalko luke, bitarteko ezberdinetan sarriago informazioa zabaldu ahal izatea; eskaintza zabalagoa.. Ostera, hasierako galderan jasotako baldintza bete barik, lanbrotuta ikusten dut dena.
6. Hego Uribe eskualdeko eta bertoko herritarren gaineko informazioa hain zabal eta landu beste inon ez duelako lortuko, eta euskaraz, ia informazio-iturri bakarrenetakoa baita. hori arrazoi nahikoa iruditzen zait edonori gomendatzeko.
Izena: Iratxe Alaña Jauregi
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Gizarte hezitzailea
1. Euskara hizkuntza.
2. Tokiko eta euskaldun komunikabide bat dela.
3. Bai, informatzeaz gain herriaren nortasuna sortzen eta indartzen duelako . Gainera, guztioi interesatzen zaigu gure ingurune hurbilean gertatzen ari dena, ezta? Horregatik, hauek dira gure egunerokoan jorratzen ditugun gai gehienak: udal politikak, zerbitzu publikoak, merkataritza, kirola, kultura edo agenda soziala… Eta tokiko kazetaritza garrantzitsua da haietaz arduratzen den kazetaritza delako.
4. Gure herriaren eta eskualdeko herrien jarduera ezagutzen laguntzen digu. Euskara ezagutzen eta erabiltzen duten pertsonak ere ikusarazten ditu eta hori oso aberasgarria da, euskal komunitatea batzeko, zaintzeko eta indartzeko modu egokia delako.
5. Ez dakit zer esan. Nire ustez, urteekin egokitu eta eguneratu egiten da, eta, beraz, hobetzen da, bere profila instagramen sortzen dudanean edo bideoak editatzen hasten denean. Horrela jarraitzea gomendatuko nioke, zaharkituta ez geratzeko.
6. Arrazoi asko daude emateko, baina gaur, arrazoien ordez, erronka bat jartzen nioke; esango nioke ospatzen ditugun 10 urte hauei askoz gehiago gehitu lortu behar diegula eta, bide batez, askoz irakurle gehiago.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VI): Irati Azkueta, Bego Moreno eta Mikel Larunbe
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Irati Azkueta Pujana
Adina: 34 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Irakaslea
1. Geuria. Geurea. Bertokoa. Herrikoa. Herritarrona.
2. Bertokoa dala, bertokoentzat egina. Gure inguruen jazoten danaren barri aukiteko aukera eskaintzen deuskula, euskaraz eta debalde! Ganera, bai semeagaz zein ikasleakaz erabilten dot eta ezin aproposagoa da, munduen kokatute egon daitezen eta euren inguruan gertatzen denaren jakitun egon daitezan, leiduteko erakargarria dan euskarri baten, gai ezberdin eta ikuspegi anitzetatik.
3. Ezinbestekotzat joten dot. Gure inguru hurbilean hamaika proiektu eta ekimen txiker dauz, bestelako komunikabide handiagoetan lekurik ez deukienak. Eskualdeko herrietako agenda kulturalaren barri eukiteko eta egunerokotasuneko gertaeren barri izateko, alkarren berri izateko.
4. Euskarazko komunikazio proiektu batek, hasteko euskararen alde egiten dau, gure altxorra dan hizkuntzari dekon balioa emonez. Bestetik, gaur egungo komunikazio proiekturik gehienen ikuspegia oso globala iziten da, eta hurbil dekogun horreri balioa emotea inportantea da. Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakegu.
5. Geuriaren formatua sano erakargarrie eiten jata, irakurterraza eta erosoa da.
Mundu digital zoro honetan, paperezko edizioari eustea eskatuko nizueke. Gure semeari sano gustetan jako begiradatxo bat emotea, alkarregaz irakurtea eta herrien gertatu danaren berri eukitea.
6. Gure inguru hurbilean gertatzen danaren berri eukiteko. Hainbatetan inork baino arinau emoten dozuelako informazinoa. Eskualdeko agenda kulturala eskure eukiteko. Eta argazki erreportaiak ederrak iziten direzelako!
Izena: Bego Moreno Gonzalez
Adina: 26 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Berdintasun teknikaria
“Gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua da Geuria”
1. Eskualdean dugun egunkari euskalduna, ia gertakizun guztietan presente dagoena, zehazki gizarte mugimenduetara lotuta dauden ekintza edo berrietan.
2. Proiektu bezala nik uste gustoko ditudan ezaugarri batzuk direla gertutasuna eta euskalduna izatea. Azken finean presentzia handia du, eskualdean ematen diren berrietan oinarrituta, gizarteari eta baita gizarte mugimenduekiko lotura eta harreman estua.
3. Noski. Askotan komunikabideetan urrun gertatzen diren berriak aipatzen dira auzoan bertan gertatu denari erreparatu gabe. Gure inguruan gertatzen diren hainbat gauza ezagutzeko edota konsziente izateko baliogarria da.
4. Eskualde mailan berriak euskaraz jasotzeko aukera ematen du eta baita elkarren artean ezagutzeko, hau da, alboan dauden herrien artean besteak zertan ari diren ezagutzeko. Bestalde, gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua bada ere. Mugimendu feministatik adibidez, hainbatetan zabaldu ditugu gure deialdiak edo geure ekintzen berri.
5. Zaila iruditzen zait proposamenik egitea, jakinda lan txukuna egiten duzuela eta izugarria gainera. Gertakizun askotan zaudete nahiz eta asteburua izan, edozein ordutan. Horrela jarraitzearekin beste 10 urte nahiko! Eskerrak emanez egiten duzuen lan guztiagatik.
6. Lehen esan dudan bezala, GEURIAk dituen ezaugarri bereziengatik: tokiko kazetaritza delako, euskalduna eta gizarte mugimenduen berriak ematen dituelako formatu desberdinen bidez, haien hitzak zuzenean zabaltzen saiatuz beti.
Izena: Mikel Larunbe
Adina: 31 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Pilotari ohia
1. Gure eskualdean gertatzen ari denaren berri emateko dugun komunikabiderik esanguratsuenetarikoa dela. Eta, gainera, oso anitza eta erabat euskalduna
2. Gai asko jorratzen dituela, komunikabide ezagunek edo handiagoek ematen ez dituzten berriak argitaratzen dituztela eta guztiz euskalduna dela.
3. Noski. Izan ere, tokiko kazetaritzari esker normalean egunkari edo komunikabide handietan agertzen ez diren ekintzaile,ekimen,artista,kulturzale,idazle,kirolari eta beste hainbat arlotako jendearen berri izan ohi dugu. Eta askotan itzaletan lanean ari den jende hori ezagutarazten dute,merezitako aitorpena eginez.
4. Esan bezala, tokiko kazetaritza izaki,gure eskualdean gertatzen dena eta egosten dena kontatzen digu egunkari edo komunikabide handiek baino sakonago eta zehatzago. Gainera, dena euskaraz idatzita dago eta hori euskararentzat bultzada handia da.
5. Galdera zaila. Burura datorkidan lehenengo ideia edukietatik haratago doa. Seguruenik horretan ere bazabiltzate baina Geuriaren ekoizpena(papera,erabilitako material zein produktuak etab) ahalik eta jasangarrienak izatea ondo legoke. Ingurunearekiko inpaktua ahal beste txikitzea alegia.
6. Bere herriari edo bere auzoko herrietakoren bati buruzko informazio interesgarria jaso dezakeelako. Gure inguruko gertaerak era gertuago batean kontatzen direlako eta gainera,guzti hori euskaraz egiten duelako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (V): Elisabeth Luengo, Urtzi Diaz eta Ainhoa Sainz
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Elisabeth Luengo
Adina: 32 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Arkularia
“Eskualde mailako kohesioa lortzen du Geuriak”
1. Hego Uribe eskualdean informatzeko leku egokia. Gure alboan gertatzen diren ekintzen, lehiaketen, albisteen eta abarren inguruan informatzeko aukera oso ona delako. Tokiko hedabide txikiek beren egunerokotasunean zuzenean eragiten duten gaiei buruzko informazioa eman diezaiokete komunitateari eta erabiltzaileari doan.
2. Hurbileko informazioa oso ondo azaltzen du. Gainera euskaraz kalitatezko albisteak garatzen ditu. Komunikabideek eragin zuzena dute gizarte baten iritzi publikoan.
3. Tokiko kazetaritza oso garrantzitsua da. Tokiko hedabideek gertutik berri ematen dute, pertsonekin, erakundeekin harremana mantentzen dute eta merkataritza-sareei bizitza eta mugimendua ematen diete. Gure kirol txikiari mikrofono bat eskura jartzen dio GEURIAk. Gainera, tokiko albisteak (gugandik hurbil gertatzen direnak) dira gugan inpaktu handiena dutenak.
4. Gure bizimodua, gure ohiturak, produktu batzuen edo besteen kontsumoa, iritzi publikoa… Gertaera sozial, politiko edo ekonomiko ezberdinei buruz iristen zaigun informazioak inguratzen gaituen errealitateaz gure pentsamoldea alda dezake. Komunikabideek informatzeko, munduko leku ezberdinetan gertatzen dena ezagutzeko, zailtasunak dituztenei elkartasuna adierazteko, gure jatorria berraurkitzeko, gure historia ezagutzeko, eta abar balio dute. Eskualde mailako kohesioa sortzen du, galdakaoztar batek askotan ez daki zer gertatzen ari den Arrigorriagan, nahiz eta 3 kilometrora egon.
5. Hilean behin kaleratu beharrean astero edo hamabostean behin argitaratzea, informazioa oso ona delako. Batzuetan, hilero izanez, berritasuna galtzen da. Agian laburragoa izan daiteke, baina albisteak asteko albisteak izan daitezen gustatuko litzaidake.
6. Geurian informatzea oso gomengarria da, herriari buruzko albisteak ondo idatzita daudelako. Tokiko hedabideak dira udalerri bakoitzeko albiste guztien benetako adituak. Askotan beste komunikabide handiago batzuek jasotzen ez dituzten albisteak irakurtzeko aukera ematen dute. Herrian dauden ekintzak ezagutzeko aukera ematen duelako, herritarren artean elkar ezagutzeko aukera ematen duelako gomendatuko nuke.
Izena: Urtzi Diaz Sanz
Adina: 23 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Ikaslea
1. Komunikatzeko bide bat non bai gazteok, helduok eta zaharrak irakurri, ikusi eta entzun dezakegu zer nolako gauzak gertatzen diren gure inguruan urrutira joan barik.
2. Inguruko egunkaria dela eta batez ere ondoko herrietan zer nolako gauzak gertatzen diren konturatzea. Azken finean ondoko herrietan asko ibiltzen gara eta ezinbestekoa da jakitea zer nolako albisteak dauden, baita elkarrizketak ere inguruko jendea pizkat hobeto ezagutzeko.
3. Bai. Azken finean beti jartzen dugu ikuspuntua estatu mailako albisteetan baina egunerokotasunean ibiltzen garen tokietan ezinbestekoa da jakitea zer nolako mugimenduak dauden eta horretarako tokiko kazetaritza onuragarria da inguruko herritarrontzat.
4. Lehen esan dudan moduan batez ere inguruko jendea ezagutzea elkarrizketen bitartez eta bestetik hurbiletik ikustea zer nolako albisteak dauzen gure inguruko herrietan. Honekin uste dot pausu handi bat ematen duela gizarteari laguntzeko, azkenean lehenik eta behin hurbilekoa zaindu behar dugulako.
5. Egia esan ez nuke ezer aldatuko, uste dot argi eta garbi dagoela zer nolako edukiak dauden eta herritarrei asko erakartzen duela komunikabide hau.
6. Azkenean lehenik eta behin inguruan gertatzen diren gauzak hobeto ezagutzeko gomendatuko nioke lagun bati. Bestetik komunikabide honetatik gizartea aldatu dezakegula, eta azkenik ez garela joan behar oso urrutira albisteak, elkarrizketak edota irudiak ikusteko, oso garrantzitsua dela gure ingurua ondo ezagutzea eta zaintzea.
Izena: Ainhoa Sainz Ipiña
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Tabernaria
1. Gure egunkari bat.
2. Orokorrean komunikabideetan agertzen ez diren kirol txikiei ahotsa ematen diezue, eta horren berri izatea garrantzitsua da niretzat.
3. Funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dagoenak baitzarete.
4. Bertatik bertara bizi duzun errealitatea ezagutzen laguntzen dizu, eta eguneroko bidelagun bilakatzen da.
5. Posible den heinean auzoetako albiste gehiago jorratzea nahiko nuke. Herriekin egiten den bezala, baina auzoari erreparatuz.
6. Euskaraz aritzeko edo euskara hobetzeko baliagarria delako, eta inguruko herrietako albisteen berri ematen dizulako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (IV): Estibaliz Carracedo, Itziar La Concha eta Mikel Karrillo
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Estibaliz Carracedo Osinaga
Adina: 46 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Kultura teknikaria
“Eskualdeko informazio kulturala sakon lantzen du Geuriak”
1. Bi ideia azpimarratuko nituzke, komunikabidea bata, eta informazioa bestea. Horrela definituko nuke.
2. Bai paperezkoaren bitartez, baina batez web orriaren bidez inguruko herrietako programazio eta ekintza kulturalen berri aurrerapenaz ezagutzeko aukera daukat, eta gainera testuinguru jakin batean kokatuta, izan albistea edo elkarrizketa (erreportajea idatziz).
3. Noski. Egunero bizi duzun errealitatea jorratzen duen kazetaritza da, eta zentzu horretan zuzeneko informazioa jasotzen duzu, bertatik bertara jaso, kudeatu eta plazaratu dena. Gizarte osasuntsu eta heldu bat izateko behar-beharrezko aldagaia da tokikoa.
4. Goiko erantzunean esan bezala, komunikabideeak orokorrean, eta tokikoek bereziki, gizartearekiko ardura handi bat daukate, hurbilekoak izatean badaukatelako sinesgarritasun bat irabazita, eta sinesgarritasun hori da egunero jokoan jartzen dutena. Hori galduta, ez lukete egun herritarrekin duten lotura ezta babesa izango. Gainera, Geuria bezalako medio batek normalean ahotsa ez dutenei ahotsa ematen die, eta horrek ere badauka balio bat.
5. Ondo dagoena ez da ukitu behar, baina zeozer aipatzekotan zera esango nuke: bigarren erantzunean esan dut ekitaldi kulturalen berri izaten dudala GEURIAn, eta zentzu hortan oso aberasgarria litzateke sarean horien inguruko lanketa bereziak egitea, bideoekin, lehiaketekin etabar…
6. Bere inguruan gertatzen denaz informazio fidagarri eta benetazkoa izateko, eta bizi den eskualdearen aberasgarritasuna ezagutu eta horretaz gozatzeko, euskaratik eta euskaraz!
Izena: Itziar La Concha Aiartzaguena
Adina: 32 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Administraria
1. Zonaldeko egunkari digitala.
2. Aipatutakoa, gure zonaldeko berriak agertzen direla, danetarik dagoela…
3. Bai. Garrantzi handia dauka egunero bizi duzun errealitate horretan zure burua kokatzeko.
4. Ba Euskalduna izanik, euskara bultzatzen laguntzen du adibidez, edota normalean egunkari batean agertzen ez diren gertaerak erakusten ditu.
5. Berdin jarraitzea berri pozgarria litzateke.
6. Hurbileko informazioa jorratzen dela, seriotasunez eta sentsazionalismorik gabe.
Izena: Mikel Karrillo Garikano
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Kirol arduraduna
1. Gertutasuna. Ez bakarrik gertuko berriak jorratzeagatik, baizik eta, nere hizkuntzan informatua izateko aukera emateagatik.
2. Gai desberdinak jorratzean bertatik egitea, kalean bizirik ikustea, besteen kontakizunak entzun beharrik gabe publikatuz
3. Noski. Munduko beste alderdietan gertatzen denak garrantzia izan dezake, baina ingurukoak eragiten du zuzenki norberaren bizitzan.
4. Gertutasun sozialean eta inguruko herrietan lortzen diren aurrerapenak erreferente bezala plazaratzean.
5. Hego Uribeko euskal hiztunen kolektiboa handitze eta indartze aldera, euskera bultzatzen dugun taldeei, hizkuntzan oinarrituta, ikusgarritasuna ematen dion atal bat zabaltzea, apurka apurka beste hainbat biltzen has daitezen.
6. Gertuko berriak direlako, herrikoa plazaratzen dutenak.