Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Jon Villapun (Geuria): «Euskarazko toki komunikabideen sektorea indartuko bada, EITBrekin elkarlan sendo batekin izango da»
Hamar urtez egon da Jon Villapun basauriarra komunikabidea gidatzen eta 2022an zuzendaritza beste lankide batzuei utzi eta gero orain editore lanak egiten ditu
40 urte beteko ditu aurki. Bizitzaren erdia dela diote. EITBn, Berrian eta tokiko kazetaritzan hogei urtetik gora daramatza Jon Villapunek (Basauri, 1984). 2012an hasi zen lanean Hego Uribe eskualdean tokiko komunikabide bat sortzeko lantaldea eta 2014ko urrian argitaratu zuen Geuriak lehen paperezko zenbakia, webgunea estreinatu eta sareak martxan jarri. Hamar urtez egon da Jon komunikabidea gidatzen eta 2022an zuzendaritza beste lankide batzuei utzi eta gero, orain editore lanak egiten ditu.
Hamar urte beteko ditu urrian Geuriak. Ez da marka makala, kontutan hartuta 80ko hamarkadatik halako proiektuek Hego Uriben batez beste 2-3 urteko iraupena izan dutela. Bide arrakastatsua, hortaz?
2014ko urrian aurkeztu genuen Geuria, baina aurretik bi urteko lana egin genuen eskualdeko agenteekin. Lan emankorra izan zen. Herritarren ekarpen haietatik atera zen gerora Geuria izan dena. Tarte horretan eskualdean izandako aurrekariak ere aztertu genituen, bai edukiak, bai proiektuen gorabeherak, eta eurengandik asko ikasi genuen. Artandape (Arrigorriaga, Zaratamo, Ugao), Lapiko (Galdakao), Bost Axola, El Social eta Berbaz (Basauri)…
Eta galderari erantzunez, hasieratik bi helburu nagusi zehaztu ziren: lehena, oinarri sendoko proiektua izatea, hau da, komunitatearen parte-hartzea izatea, lantaldearen baldintzak bermatzea, finantzaketa egonkorra lortzea; eta bigarrena, iraunkorra izatea, alegia, funtsezkoa zen proiektuak epe luzerako bide bat hastea, konpromisoekin erakundeen, langileen eta sorkuntzan parte hartu zuten herritarren eta erakundeen aldetik. Gaur esan dezakegu helburu nagusiak bete egin direla, Geuria egonkortuta dagoela, eta orain erronka berriei heltzeko moduan dago.
Zailtasunak? Batetik, Hego Uribe eskualdea ez da erraza euskaraz pentsatzen eta sortzen duen komunikabide batentzat: lantalde bat sortzea, jende ezberdin askoren artean adostasunak lortzea eta modu batera edo bestera denak proiektuan sartzea. Gaur egun, Geuriak zilegitasuna eta erreferentzialtasuna baditu, bai eskualdean, bai sektorean.
Bestetik, euskara lotan dagoen eskualde batean gaude. Hizkuntzaren ezagutza gora doa, baina erabilera oso txikia da, herri batzuetan Euskal Herriko txikienetakoa. Eta horrek zaildu egiten du euskararekin lotura duen edozein proiektu, adibidez, lantaldea sortzerako orduan, kazetariak lortzerakoan, erakundeen konpromiso sendoak lortzerakoan, besteak beste. Aldi berean, komunitate txiki baina trinko bat lortzeko toki ezin hobea da.
Lorpenei erreparatzen badiegu, baliabide gutxirekin asko egitea edo beharretik bertutea sortzea izan da trebezietako bat. Bi adibide: lehena, lan handia egitea, kalean han eta hemen egotea eta, urteen poderioz, herritarrek lan hori ikusi, eskertu eta baloratu dute; eta bigarrena, kazetaritza egitea: erakargarriak izatea, euskarri berriak probatzea, bideoa asko lantzea eta gure eskualdeko mugak gainditzeko formatuak topatzea, monografikoak kasu.
Eta arrakasta aipatu duzu. Nire ustez, Geuriaren arrakasta bide osoa egitea da, orain arte egindakoa eta etorriko dena. Hamar urte ez dira hainbeste komunikabide batentzat. Geuriak jarraitu behar du bidea egiten.
Hego Uriben ez dago eskualde nortasun handirik, eta zentzu horretan Geuria kohesio elementu bat izan da, komunitatea sortzeko lanketa egin du bitarteko ezberdinen bitartez, eta gainera euskaraz. Zer nolako garrantzia du herrien eta eskualdearen ikuspegiak proiektu honetan?
Geuriak bere burua komunikabide konstruktibo gisa definitzen du. 2014an Hego Uribe eskualde administratibo bat zen, baina sorrera hartan izan ginenok argi geneukan herriek eta herritarrek komunean gehiago dugula, banatzen gaituena baino. Orain Hego Uribe existitzen dela ikusten hasi gara, batik bat, gazteenek erakusten digute euren arteko harremanekin, jai-giroan, kuadrilletan… erakundeek ere euren proiektuetan eskualdetzea hobesten dute, indarrak batzeko helburuz. Hortaz, Geuria gizartearen kohesio elementu bat dela esan genezake.
“Lorpenei erreparatzen badiegu, baliabide gutxirekin asko egitea edo beharretik bertutea sortzen izan da gure trebezietako bat”
Erronka komunikatiboa da Geuria, baina baita ekonomikoa eta lantaldearena ere.
Dena lotuta dago. Proiektua osotasunean ulertu behar da eta horrek emango dizu arlo bakoitzaren ikuspegia ere. Honako diru-iturri nagusiak ditu Geuriak: dirulaguntzak, komunikazio zerbitzuak eta publizitatea. Aldaketarik handiena publizitatearen eta komunikazio zerbitzuen pisuaren bilakaeran eman da. Publizitate-sarreren joera beheranzkoa da, oro har, komunikabide guztietan. Joera hori ikusita, uste dut asmatu genuela duela urte batzuk alor horri eskaintzen genion denboraren, inbertsioaren eta talentuaren zati handi bat komunikazio zerbitzuetara bideratu genuenean, azken diru-iturri honetako sarrerek gora egin dutelako publizitatearen beherakada leunduz.
Dirulaguntzei erreparatuz gero, Udalen kasuan, ekarpenen kopurua mantendu egin da azken urteotan, nahiz eta batzuk ekarpenak jaitsi eta beste batzuk igo. Beti oreka mantentzen saiatu izan gara. Ez da erraza, jakina, udal politikak asko begiratzen duelako bere herri mugen barruan eta gutxi kanpoan. Begirada altxatzen duen politikari bat topatzea ez da ohikoa, baina egon badaude eta asko eskertzen ditugu halako hartu-emanak. Hala ere, Geuriak herri bakoitzera egokitzeko ahalegina egin izan du hasieratik, adibidez, komunikabidean herri bakoitzak bere atalak ditu, proiektuaren datu guztiak herriz herri jasotzen dira, herrien arteko orekak errespetatzen dira, beti herri txikienen ikusgaitasuna handituz aniztasunaren mesedetan. Aldundiaren dirulaguntza ere mantendu egin dugu urterik urte.
Euskarazko tokiko komunikabide askotan ordainpeko harpidetzak ere ditu-iturri dira. Geuriaren kasuan, orain arte zerbitzu hori doan eskaini da, eskualdean euskarazko kazetaritzak ahalik eta zabalpen handiena lortzeko helburuarekin. Honen inguruan hausnarketa prozesu bat egiten hasiak gara. Gure abiapuntua da ordainpeko harpidetza batek balio erantsi handiko ekarpena egin behar diola gure irakurleari. Ezin dela beste diru-iturri soil bezala ikusi, harago joan behar duen hartu-emana izan behar duela, elkar-laguntza sustatzeko eta komunitatea eta komunikabidearen arteko atxikipena indartzeko. Ikusiko dugu etorkizunean zer nolako bilakaera duen aukera honek. Baina garbi daukagu ez dela Geuriaren azpiegituratik soilik hartuko den barne-erabakia.
Azkenik, lantaldeari dagokionez, pertsona gutxik osatzen duten talde baten aldekoak izan gara. Lehen unetik erabaki zen Geuriak neurri aproposeko komunikabidea izan behar zuela. Hau da, ez gara astekariak izango soilik erakundeek diru gehiago emango digutelako, edo ez ditugu 100.000 ale inprimatu eta etxe guztietara bidaliko… Datuetan oinarrituta, zentzuz jokatzen saiatu izan gara beti, baita diru publikoarekiko arduraz jokatzen ere, eta horrela heldu gara gaur egunera. Geuriak lehen aldiz komunikabidearentzat esklusiban lan egiten duten hiru langile ditu, lan handia eginez baina baldintza onekin; eta proiektu osoari erreparatuta, bost langile dira guztira. Horiei ordainpeko kolaboratzaileak gehituz gero, hamar bat. Frogatu dugu tokiko euskarazko kazetaritzan lan baldintza onekin lan egin daitekeela. Dagoeneko tokikoak ez gara soilik kazetari-eskola, profesional horien helmuga baizik.
Komunikazioaren mundua aldaketa aldaketaren atzean ari da kateatzen: paperaren gainbehera, teknologia berriak, adimen artifiziala, datuen kudeaketa… Zelan kokatzen du bere burua Geuria bezalako tokiko komunikabide batek testuinguru aldakor horretan?
Geuria komunikabide gaztea da oraindik. 2014an sortua. Egin kontu: krisi ekonomikoak bata bestearen atzean, pandemia, Ukrainako gerra, paperaren garestitzea, sare sozialak bor-bor… Orain, adimen artifiziala eta itzulpen automatikoak… 20 urtetik gora daramat kazetaritzan eta komunikazioan lanean. Atzera begiratzen dut eta komunikabideak, oinarrian, ez ditut hain aldatuta ikusten. Bai, ostera, haiek inguratzen dituen ekosistema: plataforma teknologikoak, audientzia, bere kontsumo-ohiturak… Baina tokiko kazetaritzak gertutasunaren balioa izan du beti eta oraindik ere badu, inoiz baino indartsuago gainera. Gertukoak badu xarma berezi bat besteek ez dutena. Gertukoa maite eta gorroto duzu. Familia eta lagunarteko giroan kokatzen zaitu. Konfiantza eragiteko, eskuzabalagoa eta zintzoagoa izateko gaitasun handiagoa dauka.
Baina tira, zerbait aldatuko zen komunikabideetan azken hamar urteotan.
Komunikabideetan gehien aldatu dena kazetaria bera da. Uste dut epe ertain-luzera begira desagertzear dagoen ogibidea dela. Ez da bihar desagertuko, baina agian bai urte gutxi barru. Existituko dira gaur egun euren burua komunikatzaile gisa definitzen dutenak, youtuberrak edo tiktoklariak, baina ez dute kazetari lanik egingo. Horrek ez du esan nahi komunikabideak desagertuko direnik, baina bai kazetaritza egiteko modu bat, primitiboena agian, egiazkoena eta lanbidea definitzen duena. Hori jada desagertzen ari da, alarma batzuk piztu ditu eta gizartean ondorio larriak dakartza; besteak beste, demokraziaren kalitateak eta gizartearen ahalduntzeak behera egingo dute nabarmen. Baina kazetaritzaren ‘leuntze’ hori ez da gertaera isolatu bat, gizarteak daraman bidearen beste adierazle bat da, besterik ez. Horiek esanda, Geurian kazetaritzaren alde lan egiten jarraituko dugu, komunitatea ehuntzen.
Eta euskarazko komunikabideen sektoreari begiratuta, zein da tokikoek medio nazionalekin eta generalistekin izan dezaketen elkarlana?
Guk sektorean eragina duten erakunde gehienekin hartu-emana dugu. Horren adierazlerik onena da bost urterik behin argitaratzen dugun monografiko hau: EITB, El Correo, Bizkaiko Foru Aldundia, Berria, Behategia… Harremana badago eta kasu batzuetan elkarlana ere egon da. Bi adibide arin. Bat: Geuriak ‘Hiru buruko munstroa’ dokumentala ekoitzi zuen 2019an, EITBk interesa agertu zuen lehen unetik, bi aldeen artean berba egin eta dokumentala telebista saio batera egokitu genuen, emititu egin zen eta egun Nahieran dago ikusgai; eta bi, zerbait xumeagoa: Bizkaiko Uribe Kostako Hiruka euskarazko toki komunikabidearen eta Geuriaren artean euskarri propioetan -paperezkoa, webgunea, buletinak- eta kanpokoetan -sareak, mezularitza- dugun lan sistema osoa elkarbanatu genuen oso emaitza onak lortuz.
Bestelako elkarlanak egon badaude: Euskal hedabideen interesak gizartearen eta erakundeen aurrean agertzen dituen Hekimen agente sektorialaren lana eta, tokikoen kasuan, Tokikomen lana dago, hasiera batean agente sektorialetik gertuago zegoena eta azken urteotan zerbitzuak emateko enpresa pribatuaren profila areagotu duena.
Ondo. Eta nazio mailako elkarlanei buruz? EITBk, esaterako, BBCk tokikoekin duen harremanaren berri izan du, lehen eskutik. Eta orain dela aste gutxi, CirComen izan zen.
Guk begi onez ikusten dugu BBCren ‘Local News Partnerships’ akordioa, medio publikoaren eta tokiko komunikabideen arteko akordio zuzena. Bata, zerbitzu publikoa delako, eta besteak, kazetaritzaren bidez zerbitzu publikoaren bokazioa dutelako. Elkarlan bat da: batak bestearen independentzia errespetatuz, eskubideak eta betebeharrak zehaztuz eta lan-sistema bat sortuz. Zertarako egin zuten? Orokorrean eta oso labur: komunikabide publikoari irismen handiagoa emateko, desagertzen ari diren tokikoen biziraupena bermatzeko, eta horrek guztiak herrialdearen demokraziaren kalitatea hobetzen lagunduko duelako. Bidean arazoak izan dituzte? Jakina. Orain dela gutxi tokiko irratietako langileek protestak egin dituzte BBCren egoitzan. Baina gurean egingarria dela uste dut, eta bi aldeak indartuko lirateke.
Egia da orain dela urte batzuk BBCko ordezkariak EITBn egon zirela horri buruz berba egiten. Tokikom ere tartean zebilen. Ez dakit gaur egun hori zertan dagoen. Badakit EITB eduki, plataforma eta erabiltzailearen arteko harremana indartzeko ahaleginean ari dela. Tokikomek, ostera, inflexio-puntu batean dagoela planteatu berri digu, bat-batean, enpresako bazkideoi eta tokiko komunikabideon kudeaketa integrala zentralizatzeko kooperatiba bat sortzeko bide-orria ere aurkeztu du.
Zein da gure iritzia?
Halako elkarlanak alde guztien arteko konfiantza eta zintzotasun giroan dira posible. Eta horretarako garrantzitsuak dira bidean ematen den pauso bakoitza, egiteko moduak eta jarrerak. Denoi gustatzen zaigu elkarlanaren ‘musika’, baina letra txiki asko dago. Sinplea da, gure egunerokoan bezalakoa da: norbait zutaz fidatuko da zurekin izan duen harremanean zintzoa izan bazara, laguntzeko asmoz aritu bazara, egia osoa kontatu badiozu… Bestela, beste harreman mota bati buruz ari gara.
Etorkizunera begira, zeintzuk dira medioaren erronkak, non egon nahi luke Geuriak hamar urte barru?
Gure langileen bilakaera profesionalarekin are konpromiso handiagoa duen komunikabidea izan nahi dugu. Gure eskualdeko toki-komunikabide guztien artean erreferentzialtasuna berrestu nahi dugu; baita Euskal Herri mailako euskarazko komunikabideen artean ere, gure mugak gainditzeko gai den kalitatezko informazioa jorratzeagatik. Gustatuko litzaiguke aurrerapausoak eman daitezen tokikoek EITBrekin daukagun harremanean, baina beti ere komunikabide bakoitzaren erabaki-gaitasuna eta independentzia errespetatuz eta euskarazko kazetaritza, herritarren interesak eta diru-publikoaren kudeaketa eraginkorra zintzotasun osoz erdigunean jarrita. Garbi daukagu etorkizunean euskarazko toki-komunikabideen sektorea indartuko bada, EITBrekin elkarlan bat modu egonkor batean erregulatuz etorriko dela. Ez dugu beste eszenatokirik kontenplatzen. Bukatzeko, autofinantzaketa igotzea, negozio-eredu berriari esker publizitatearen beherakada leunduz eta, aipatu bezala, gure komunitatearekin eta irakurleekin daukagun harremana nola aberastu eta hobetu hausnartuz.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Gure kazetarion berbak: Eñaut Barandiaran, Maider Ibañez eta Jon Goikouria
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Geuriako lantaldea osatzen dute Eñaut Barandiaran Urkiza zuzendariak, Maider Ibañez Espinosa eta Jon Goikouria Larrabeiti kazetariak, eta Jon Villapun Arbide editoreak (Geuriako zuzendari izandakoa 2014-2022 urte bitarteetan).
Villapuni elkarrizketa sakona egin diogu Geuriaren 10. urteurreneko ale berezian, eta egungo lantaldekoon hitzak ere jaso ditugu:
Izena: Eñaut Barandiaran Urkiza
Adina: 42 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Geuriako zuzendaria
Geuria Hego Uribetik mundura irekitako leiho bat da, euskaratik eta euskaraz, hurbilen ditugun gaiak eta baita unibertsalak direnak ere jorratu daitezkeela erakutsiz, proiektu komunikabide sendo, egonkor, orekatu, konprometitu eta irudimentsu baten bidez.
Izena: Maider Ibañez Espinosa
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Belaunaldi berriek txikitatik ezagutu dute Geuria: eurekin hazi gara eta hazten jarraituko dugu. Tokiko kazetaritzak eta Geuriak eskualdeko herritarrekin zuzenean konektatzea ahalbidetu dit, eta sare hori zelan trinkotzen eta indartzen doan ikusi.
Izena: Jon Goikouria
Adina: 36 urte
Herria: Bilbo
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Geuriari esker herri txikien handitasuna eta aberastasuna ezagutu ahal izan dut. Prentsa generalistak ez bezala, Geuriak bertatik bertara eta bitartekorik gabe jasotzen ditu herritarren berbak.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VII): Txufer Garay, Irantzu Sagarminaga eta Iratxe Alaña
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Txufer Garay Milla
Adina: 60 urte
Herria: Zeberio
Lanbidea: Okina
1. Gure inguruko albisteak publikatzen dituen hedabidea.
2. Gure herrialdeko berriak urbiltzen deuskula.
3. Bai, oso. Guretzat aipagarriak diren albisteak ez dira hedabide “orokorretan” agertzen, Geuriari Esker, inguruko barriak jasotzen ditugu.
4. Inguruko aniztasun aberatsez jabetzen
5. Ez zaio biztanleri guztiari heltzen, eta uste dot garrantzitsua litzatekeela etxe guztietan egotea.
6. Eguneratuta eta adi egotea gertuen gertatzen direnekin.
Izena: Irantzu Sagarminaga
Herria: Usansolo
“Gu eta gutarrak protagonista egiten dituen komunikabidea da Geuria!”
1. Eskualdeko euskarazko komunikabidea; hurreko informazioa, gu eta gutarrak geure hizkuntzan protagonista garen hedabidea; beharrezko zerbitzu, eskaintza eta ondarea. Lan itzela egin duzuela, eta hamaika mila oztopori eta gabeziari aurre egin diezuela! 10 urteongatik bejondeizuela, eta topa datorren hamarkada hobe baten alde!
2. Hurbiltasuna, protagonisten elkarrizketak eta inguruko herrietako ekimen eta ekitaldien agenda.
3. Beharrezkoa! Nazio-hedabideek gai eta hartzaile orokorragoak dituzte jomuga, eta, sarriegi, “txikitasunentzako” edo tokikoentzako lekurik ez. Herritarrek beraien herriko gertaera eta bizilagunen berri izatea ere behar-beharrezkoa dute; eta merezi dute leku eta protagonismo hori, egunerokotasunaren eta norberaren bizitzan eragina eta garrantzia dutelako.
4. Besteak beste hiru kontu aipatuko nituzke: batetik, informazio-iturri da; informazioa duen jendea errazago molda liteke bizitzara zein mundura, eta pentsamendu landuagoa izan lezake, erabaki egokiagoak hartzeko, eguneroko eta gertuko kontuetan ere bai. Bestetik, bertokoari, Hego Uribe eskualdeari lekua eta garrantzia ematen dizkio; eta eskualdeko herri zein herritarren arteko topagune izan liteke. Azkenik, euskararen normalizazioan, jakina.
5. Baliabide gehiago edo (batez ere ekonomiko) handiagoak balitu? Maiztasuna, zalantza barik; eta kazetari gehiagorekin ekimen-albiste-elkarrizketa gehiago egin zitezkeen; baliabide teknologikoen erabilera areagotu ahalko luke, bitarteko ezberdinetan sarriago informazioa zabaldu ahal izatea; eskaintza zabalagoa.. Ostera, hasierako galderan jasotako baldintza bete barik, lanbrotuta ikusten dut dena.
6. Hego Uribe eskualdeko eta bertoko herritarren gaineko informazioa hain zabal eta landu beste inon ez duelako lortuko, eta euskaraz, ia informazio-iturri bakarrenetakoa baita. hori arrazoi nahikoa iruditzen zait edonori gomendatzeko.
Izena: Iratxe Alaña Jauregi
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Gizarte hezitzailea
1. Euskara hizkuntza.
2. Tokiko eta euskaldun komunikabide bat dela.
3. Bai, informatzeaz gain herriaren nortasuna sortzen eta indartzen duelako . Gainera, guztioi interesatzen zaigu gure ingurune hurbilean gertatzen ari dena, ezta? Horregatik, hauek dira gure egunerokoan jorratzen ditugun gai gehienak: udal politikak, zerbitzu publikoak, merkataritza, kirola, kultura edo agenda soziala… Eta tokiko kazetaritza garrantzitsua da haietaz arduratzen den kazetaritza delako.
4. Gure herriaren eta eskualdeko herrien jarduera ezagutzen laguntzen digu. Euskara ezagutzen eta erabiltzen duten pertsonak ere ikusarazten ditu eta hori oso aberasgarria da, euskal komunitatea batzeko, zaintzeko eta indartzeko modu egokia delako.
5. Ez dakit zer esan. Nire ustez, urteekin egokitu eta eguneratu egiten da, eta, beraz, hobetzen da, bere profila instagramen sortzen dudanean edo bideoak editatzen hasten denean. Horrela jarraitzea gomendatuko nioke, zaharkituta ez geratzeko.
6. Arrazoi asko daude emateko, baina gaur, arrazoien ordez, erronka bat jartzen nioke; esango nioke ospatzen ditugun 10 urte hauei askoz gehiago gehitu lortu behar diegula eta, bide batez, askoz irakurle gehiago.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VI): Irati Azkueta, Bego Moreno eta Mikel Larunbe
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Irati Azkueta Pujana
Adina: 34 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Irakaslea
1. Geuria. Geurea. Bertokoa. Herrikoa. Herritarrona.
2. Bertokoa dala, bertokoentzat egina. Gure inguruen jazoten danaren barri aukiteko aukera eskaintzen deuskula, euskaraz eta debalde! Ganera, bai semeagaz zein ikasleakaz erabilten dot eta ezin aproposagoa da, munduen kokatute egon daitezen eta euren inguruan gertatzen denaren jakitun egon daitezan, leiduteko erakargarria dan euskarri baten, gai ezberdin eta ikuspegi anitzetatik.
3. Ezinbestekotzat joten dot. Gure inguru hurbilean hamaika proiektu eta ekimen txiker dauz, bestelako komunikabide handiagoetan lekurik ez deukienak. Eskualdeko herrietako agenda kulturalaren barri eukiteko eta egunerokotasuneko gertaeren barri izateko, alkarren berri izateko.
4. Euskarazko komunikazio proiektu batek, hasteko euskararen alde egiten dau, gure altxorra dan hizkuntzari dekon balioa emonez. Bestetik, gaur egungo komunikazio proiekturik gehienen ikuspegia oso globala iziten da, eta hurbil dekogun horreri balioa emotea inportantea da. Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakegu.
5. Geuriaren formatua sano erakargarrie eiten jata, irakurterraza eta erosoa da.
Mundu digital zoro honetan, paperezko edizioari eustea eskatuko nizueke. Gure semeari sano gustetan jako begiradatxo bat emotea, alkarregaz irakurtea eta herrien gertatu danaren berri eukitea.
6. Gure inguru hurbilean gertatzen danaren berri eukiteko. Hainbatetan inork baino arinau emoten dozuelako informazinoa. Eskualdeko agenda kulturala eskure eukiteko. Eta argazki erreportaiak ederrak iziten direzelako!
Izena: Bego Moreno Gonzalez
Adina: 26 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Berdintasun teknikaria
“Gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua da Geuria”
1. Eskualdean dugun egunkari euskalduna, ia gertakizun guztietan presente dagoena, zehazki gizarte mugimenduetara lotuta dauden ekintza edo berrietan.
2. Proiektu bezala nik uste gustoko ditudan ezaugarri batzuk direla gertutasuna eta euskalduna izatea. Azken finean presentzia handia du, eskualdean ematen diren berrietan oinarrituta, gizarteari eta baita gizarte mugimenduekiko lotura eta harreman estua.
3. Noski. Askotan komunikabideetan urrun gertatzen diren berriak aipatzen dira auzoan bertan gertatu denari erreparatu gabe. Gure inguruan gertatzen diren hainbat gauza ezagutzeko edota konsziente izateko baliogarria da.
4. Eskualde mailan berriak euskaraz jasotzeko aukera ematen du eta baita elkarren artean ezagutzeko, hau da, alboan dauden herrien artean besteak zertan ari diren ezagutzeko. Bestalde, gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua bada ere. Mugimendu feministatik adibidez, hainbatetan zabaldu ditugu gure deialdiak edo geure ekintzen berri.
5. Zaila iruditzen zait proposamenik egitea, jakinda lan txukuna egiten duzuela eta izugarria gainera. Gertakizun askotan zaudete nahiz eta asteburua izan, edozein ordutan. Horrela jarraitzearekin beste 10 urte nahiko! Eskerrak emanez egiten duzuen lan guztiagatik.
6. Lehen esan dudan bezala, GEURIAk dituen ezaugarri bereziengatik: tokiko kazetaritza delako, euskalduna eta gizarte mugimenduen berriak ematen dituelako formatu desberdinen bidez, haien hitzak zuzenean zabaltzen saiatuz beti.
Izena: Mikel Larunbe
Adina: 31 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Pilotari ohia
1. Gure eskualdean gertatzen ari denaren berri emateko dugun komunikabiderik esanguratsuenetarikoa dela. Eta, gainera, oso anitza eta erabat euskalduna
2. Gai asko jorratzen dituela, komunikabide ezagunek edo handiagoek ematen ez dituzten berriak argitaratzen dituztela eta guztiz euskalduna dela.
3. Noski. Izan ere, tokiko kazetaritzari esker normalean egunkari edo komunikabide handietan agertzen ez diren ekintzaile,ekimen,artista,kulturzale,idazle,kirolari eta beste hainbat arlotako jendearen berri izan ohi dugu. Eta askotan itzaletan lanean ari den jende hori ezagutarazten dute,merezitako aitorpena eginez.
4. Esan bezala, tokiko kazetaritza izaki,gure eskualdean gertatzen dena eta egosten dena kontatzen digu egunkari edo komunikabide handiek baino sakonago eta zehatzago. Gainera, dena euskaraz idatzita dago eta hori euskararentzat bultzada handia da.
5. Galdera zaila. Burura datorkidan lehenengo ideia edukietatik haratago doa. Seguruenik horretan ere bazabiltzate baina Geuriaren ekoizpena(papera,erabilitako material zein produktuak etab) ahalik eta jasangarrienak izatea ondo legoke. Ingurunearekiko inpaktua ahal beste txikitzea alegia.
6. Bere herriari edo bere auzoko herrietakoren bati buruzko informazio interesgarria jaso dezakeelako. Gure inguruko gertaerak era gertuago batean kontatzen direlako eta gainera,guzti hori euskaraz egiten duelako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (V): Elisabeth Luengo, Urtzi Diaz eta Ainhoa Sainz
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Elisabeth Luengo
Adina: 32 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Arkularia
“Eskualde mailako kohesioa lortzen du Geuriak”
1. Hego Uribe eskualdean informatzeko leku egokia. Gure alboan gertatzen diren ekintzen, lehiaketen, albisteen eta abarren inguruan informatzeko aukera oso ona delako. Tokiko hedabide txikiek beren egunerokotasunean zuzenean eragiten duten gaiei buruzko informazioa eman diezaiokete komunitateari eta erabiltzaileari doan.
2. Hurbileko informazioa oso ondo azaltzen du. Gainera euskaraz kalitatezko albisteak garatzen ditu. Komunikabideek eragin zuzena dute gizarte baten iritzi publikoan.
3. Tokiko kazetaritza oso garrantzitsua da. Tokiko hedabideek gertutik berri ematen dute, pertsonekin, erakundeekin harremana mantentzen dute eta merkataritza-sareei bizitza eta mugimendua ematen diete. Gure kirol txikiari mikrofono bat eskura jartzen dio GEURIAk. Gainera, tokiko albisteak (gugandik hurbil gertatzen direnak) dira gugan inpaktu handiena dutenak.
4. Gure bizimodua, gure ohiturak, produktu batzuen edo besteen kontsumoa, iritzi publikoa… Gertaera sozial, politiko edo ekonomiko ezberdinei buruz iristen zaigun informazioak inguratzen gaituen errealitateaz gure pentsamoldea alda dezake. Komunikabideek informatzeko, munduko leku ezberdinetan gertatzen dena ezagutzeko, zailtasunak dituztenei elkartasuna adierazteko, gure jatorria berraurkitzeko, gure historia ezagutzeko, eta abar balio dute. Eskualde mailako kohesioa sortzen du, galdakaoztar batek askotan ez daki zer gertatzen ari den Arrigorriagan, nahiz eta 3 kilometrora egon.
5. Hilean behin kaleratu beharrean astero edo hamabostean behin argitaratzea, informazioa oso ona delako. Batzuetan, hilero izanez, berritasuna galtzen da. Agian laburragoa izan daiteke, baina albisteak asteko albisteak izan daitezen gustatuko litzaidake.
6. Geurian informatzea oso gomengarria da, herriari buruzko albisteak ondo idatzita daudelako. Tokiko hedabideak dira udalerri bakoitzeko albiste guztien benetako adituak. Askotan beste komunikabide handiago batzuek jasotzen ez dituzten albisteak irakurtzeko aukera ematen dute. Herrian dauden ekintzak ezagutzeko aukera ematen duelako, herritarren artean elkar ezagutzeko aukera ematen duelako gomendatuko nuke.
Izena: Urtzi Diaz Sanz
Adina: 23 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Ikaslea
1. Komunikatzeko bide bat non bai gazteok, helduok eta zaharrak irakurri, ikusi eta entzun dezakegu zer nolako gauzak gertatzen diren gure inguruan urrutira joan barik.
2. Inguruko egunkaria dela eta batez ere ondoko herrietan zer nolako gauzak gertatzen diren konturatzea. Azken finean ondoko herrietan asko ibiltzen gara eta ezinbestekoa da jakitea zer nolako albisteak dauden, baita elkarrizketak ere inguruko jendea pizkat hobeto ezagutzeko.
3. Bai. Azken finean beti jartzen dugu ikuspuntua estatu mailako albisteetan baina egunerokotasunean ibiltzen garen tokietan ezinbestekoa da jakitea zer nolako mugimenduak dauden eta horretarako tokiko kazetaritza onuragarria da inguruko herritarrontzat.
4. Lehen esan dudan moduan batez ere inguruko jendea ezagutzea elkarrizketen bitartez eta bestetik hurbiletik ikustea zer nolako albisteak dauzen gure inguruko herrietan. Honekin uste dot pausu handi bat ematen duela gizarteari laguntzeko, azkenean lehenik eta behin hurbilekoa zaindu behar dugulako.
5. Egia esan ez nuke ezer aldatuko, uste dot argi eta garbi dagoela zer nolako edukiak dauden eta herritarrei asko erakartzen duela komunikabide hau.
6. Azkenean lehenik eta behin inguruan gertatzen diren gauzak hobeto ezagutzeko gomendatuko nioke lagun bati. Bestetik komunikabide honetatik gizartea aldatu dezakegula, eta azkenik ez garela joan behar oso urrutira albisteak, elkarrizketak edota irudiak ikusteko, oso garrantzitsua dela gure ingurua ondo ezagutzea eta zaintzea.
Izena: Ainhoa Sainz Ipiña
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Tabernaria
1. Gure egunkari bat.
2. Orokorrean komunikabideetan agertzen ez diren kirol txikiei ahotsa ematen diezue, eta horren berri izatea garrantzitsua da niretzat.
3. Funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dagoenak baitzarete.
4. Bertatik bertara bizi duzun errealitatea ezagutzen laguntzen dizu, eta eguneroko bidelagun bilakatzen da.
5. Posible den heinean auzoetako albiste gehiago jorratzea nahiko nuke. Herriekin egiten den bezala, baina auzoari erreparatuz.
6. Euskaraz aritzeko edo euskara hobetzeko baliagarria delako, eta inguruko herrietako albisteen berri ematen dizulako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (IV): Estibaliz Carracedo, Itziar La Concha eta Mikel Karrillo
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Estibaliz Carracedo Osinaga
Adina: 46 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Kultura teknikaria
“Eskualdeko informazio kulturala sakon lantzen du Geuriak”
1. Bi ideia azpimarratuko nituzke, komunikabidea bata, eta informazioa bestea. Horrela definituko nuke.
2. Bai paperezkoaren bitartez, baina batez web orriaren bidez inguruko herrietako programazio eta ekintza kulturalen berri aurrerapenaz ezagutzeko aukera daukat, eta gainera testuinguru jakin batean kokatuta, izan albistea edo elkarrizketa (erreportajea idatziz).
3. Noski. Egunero bizi duzun errealitatea jorratzen duen kazetaritza da, eta zentzu horretan zuzeneko informazioa jasotzen duzu, bertatik bertara jaso, kudeatu eta plazaratu dena. Gizarte osasuntsu eta heldu bat izateko behar-beharrezko aldagaia da tokikoa.
4. Goiko erantzunean esan bezala, komunikabideeak orokorrean, eta tokikoek bereziki, gizartearekiko ardura handi bat daukate, hurbilekoak izatean badaukatelako sinesgarritasun bat irabazita, eta sinesgarritasun hori da egunero jokoan jartzen dutena. Hori galduta, ez lukete egun herritarrekin duten lotura ezta babesa izango. Gainera, Geuria bezalako medio batek normalean ahotsa ez dutenei ahotsa ematen die, eta horrek ere badauka balio bat.
5. Ondo dagoena ez da ukitu behar, baina zeozer aipatzekotan zera esango nuke: bigarren erantzunean esan dut ekitaldi kulturalen berri izaten dudala GEURIAn, eta zentzu hortan oso aberasgarria litzateke sarean horien inguruko lanketa bereziak egitea, bideoekin, lehiaketekin etabar…
6. Bere inguruan gertatzen denaz informazio fidagarri eta benetazkoa izateko, eta bizi den eskualdearen aberasgarritasuna ezagutu eta horretaz gozatzeko, euskaratik eta euskaraz!
Izena: Itziar La Concha Aiartzaguena
Adina: 32 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Administraria
1. Zonaldeko egunkari digitala.
2. Aipatutakoa, gure zonaldeko berriak agertzen direla, danetarik dagoela…
3. Bai. Garrantzi handia dauka egunero bizi duzun errealitate horretan zure burua kokatzeko.
4. Ba Euskalduna izanik, euskara bultzatzen laguntzen du adibidez, edota normalean egunkari batean agertzen ez diren gertaerak erakusten ditu.
5. Berdin jarraitzea berri pozgarria litzateke.
6. Hurbileko informazioa jorratzen dela, seriotasunez eta sentsazionalismorik gabe.
Izena: Mikel Karrillo Garikano
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Kirol arduraduna
1. Gertutasuna. Ez bakarrik gertuko berriak jorratzeagatik, baizik eta, nere hizkuntzan informatua izateko aukera emateagatik.
2. Gai desberdinak jorratzean bertatik egitea, kalean bizirik ikustea, besteen kontakizunak entzun beharrik gabe publikatuz
3. Noski. Munduko beste alderdietan gertatzen denak garrantzia izan dezake, baina ingurukoak eragiten du zuzenki norberaren bizitzan.
4. Gertutasun sozialean eta inguruko herrietan lortzen diren aurrerapenak erreferente bezala plazaratzean.
5. Hego Uribeko euskal hiztunen kolektiboa handitze eta indartze aldera, euskera bultzatzen dugun taldeei, hizkuntzan oinarrituta, ikusgarritasuna ematen dion atal bat zabaltzea, apurka apurka beste hainbat biltzen has daitezen.
6. Gertuko berriak direlako, herrikoa plazaratzen dutenak.