Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Isaac Amezaga (BFA): «Kalitatezko produktuen aldeko apustua egin behar dugu. Euskaraz bai, baina kalitate handiarekin»
Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendaria da Isaac Amezaga. 2023an hartu zuen kargua eta dagoeneko urtebete egin du bertan. Maruri Jatabeko alkatea izandakoa da.
Isaac Amezaga Larrazabal (Maruri-Jatabe, 1973) Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria da joan den irailetik. Lehen hilabeteak bere “lekua hartzen”, etxea sakon ezagutzen eta lurraldeko euskararen nondik norakoen berri izaten eman ditu. Arduraz baino “baikortasunez” hitz egin dio GEURIAri, eta tokiko medioei buruzko zenbait burutapen interesgarri plazaratu ditu.
Urtebete daramazu Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari moduan. Zer balorazio egiten duzu? Non jarri duzu indarra?
Irailean egingo genuke lehen urtea. Balorazioa positiboa da, esparru honetan oso eroso sentitzen naiz. Administrazioari buruzko ezagutza bat izan arren, lehenik eta behin zerbitzuko lankideak ezagutu nahi izan ditut. Leku berri batera heltzen zarenean behar beharrezkoa da zure burua kokatzea. Horretarako etxea sakon ezagutu behar da, eta Foru Aldundiaren kasuan erakunde handia da. Horretaz aparte, eragin eta lan txukuna egin nahi badugu euskararen ekosistema guztiarekin elkarlanean aritu beharko dugu, eta horrek bere denbora eskatzen du. Baina orokorrean pozik eta gustura nago.
Aurretik ere tokiko hedabideak ezagunak dituzu. Behin euskara zuzendaritzan lanean hasita, zein da aurkitu duzun errealitatea?
Bai, hamar urtez egon naiz Maruri Jatabeko alkate moduan, eta baita Zamudioko Udaleko lanean ere. Hor hartu eman bat egon da eskualdeko tokiko hedabidearekin. Baina egia da gauzei ez diezuela bere tamaina hartzen bertan zauden arte, eta nire kasuan, hilabete hauetan hartu-emana izan dut hainbat komunikabiderekin eta hainbat errealitate ezberdinekin. Lehenik eta behin azpimarratuko nuke lan itzela egiten duzuela. Ez dira garai onak kazetaritzarentzat, are gutxiago euskaraz egiten den kazetaritzarentzat, gogor lan egin behar da, baina hori esanda baikorra izan nahi nuke, eta lortu dugu elkarren arteko sinergiek emaitza onak ematea.
Zeintzuk uste duzu direla tokikoen indargune eta ahulgune nagusiak?
Bizkaian 11 tokiko hedabide daude, bakoitza bere ezaugarriekin. Aldundira heltzen zarenean askotan daukazun irudipena da diru emaile soila zarela, eta ez dugu horretan geratu nahi, baditugu beste tresna batzuk dirulaguntza deialdiez harago, hala-nola kudeaketa aurreratua garatzeko tresnak, ikastaroak… Bizkaiko Foru Aldundiak bidelagun izan nahi du, ez bakarrik maila ekonomikoan, onartuta medioen biziraupenerako ezinbestekoa dela diru sarrerak ziurtatuta izatea, eta zentzu horretan osasuntsu egotea.
Bestetik esango nuke kalitatezko proiektuen aldeko apustua egin behar dugula: hau da, euskaraz izateak soilik ez du balio, kalitatezkoa izan behar du.
Zentzu horretan, eta lehenago ere aipatu dut, guk, udalekin eta eskualdeko erakundeekin batera, bidelagun izan nahi dugu. Lurralde moduan garrantzitsua da tokiko ekosistema sano bat izatea.
“GEURIA osasuntsu eta kementsu dagoela iruditzen zait, bere eredua eta apustua argi daukala”
Geuriaren kasuan, hamar urte bete ditugu.
Bai, eta esango nuke osasuntsu eta kementsu zaudetela. Askotan ardura postuetan edo administrazioan gaudenok izaten dugu joera bat soilik epe laburrari begiratzeko, eta uste dut oso garrantzitsua dela arnas luzeko ikuspegi hori izatea. Zentzu horretan, GEURIAk bere eredua argi daukala iruditzen zait.
Bizkaiko gizartea oso anitza, baita euskarari dagokionez ere, eta gure asmoa gizarteko arlo guztietan eragiten den heinean, zuena bezalako eskualdeen errealitatea ezagutzea funtsezkoa da. Hazia bota behar dugu guztion artean, eta zuek lan bikaina egiten duzue zentzu horretan.
Gizartean eragin nahi duzuela aipatu duzu elkarrizketan zehar; zelan, zehazki?
Euskara zehar lerroa izatea nahi dugu, eta zentzu horretan hainbat esparrutan ari gara lanean, arlo sozio-ekonomikoan, kirolean… Adibidez, Bike dinamika sortu dugu, Bizkaian Kirola ere Euskaraz izenekoa, eta bertan hainbat federazio, klub eta elkarterekin lan egiten dugu. Orokorrean Federazioak nahiko erdaldunak izan ohi dira, eta guretzat lehentasuna da umeen hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretarako Federazioak, klubak, epaileak eta abar sartu ditugu tartean. Orain ezagutzaren aitzakiarik ez dago, batez bestekoak oso altuak dira, eta erronka erabileran dago, bai arlo honetan, baita beste guztietan ere. Bestetik euskararen dekalogo bat prestatzen gabiltza, eta laster izango duzue horren berri.
Hamar zenbakiaren bueltan aritu gara, eta berriro zenbaki hori erabiliko dugu. Zelan imajinatzen duzu tokiko hedabideen eta euskaren errealitatea Bizkaian hamar urte barru?
Anbizio handiko helburuak jarri behar dizkiogu gure buruari. Erronka asko ditugu aurrean, hasteko etorri berriak zelan erakarri. Inposaketaren bidetik ez dugu ezer lortuko, integratzaileak izan behar gara, konfiantza giro bat sortuz. Hor tokiko hedabideek erantzukizun handia daukazue, zuek izaten baitzarete askotan euskarara sarbidea. Nik argi daukat euskara balio erantsia dela, baina uste dut erakutsi beharko dugula. Zentzu horretan askok mehatxu moduan ikusten dituzten hainbat egoera nik aukera moduan ikusten ditut. Orokorrean baikorra naiz. Gu ondo ikusten bagaituzte kanpora begira erakargarriak izango gara. Hori funtsezkoa iruditzen zait bizitzaren edozein arlotan, eta baita euskalgintzan ere.
Hortik harago, Bizkaiaren aniztasuna ulertu eta hortik abiatuta estrategia ezberdinak landu beharko ditugu. Mundu global batean bizi gara, erronka globalekin, eta horri erantzun bat eman behar zaio.
Aspalditik ate joka dugu iraultza digitala, eta bai ala bai heldu beharko diogu. Hori euskaratik egitea edo, hobe esanda, egin ahal izatea funtsezkoa da, eta hor Bizkaiko Foru Aldundiak baditu baliabideak, eta bide horretan akuilu izan nahi dugu, euskaratik eta euskaraz bizitzeko hautua bermatuko bada.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Gure kazetarion berbak: Eñaut Barandiaran, Maider Ibañez eta Jon Goikouria
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Geuriako lantaldea osatzen dute Eñaut Barandiaran Urkiza zuzendariak, Maider Ibañez Espinosa eta Jon Goikouria Larrabeiti kazetariak, eta Jon Villapun Arbide editoreak (Geuriako zuzendari izandakoa 2014-2022 urte bitarteetan).
Villapuni elkarrizketa sakona egin diogu Geuriaren 10. urteurreneko ale berezian, eta egungo lantaldekoon hitzak ere jaso ditugu:
Izena: Eñaut Barandiaran Urkiza
Adina: 42 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Geuriako zuzendaria
Geuria Hego Uribetik mundura irekitako leiho bat da, euskaratik eta euskaraz, hurbilen ditugun gaiak eta baita unibertsalak direnak ere jorratu daitezkeela erakutsiz, proiektu komunikabide sendo, egonkor, orekatu, konprometitu eta irudimentsu baten bidez.
Izena: Maider Ibañez Espinosa
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Belaunaldi berriek txikitatik ezagutu dute Geuria: eurekin hazi gara eta hazten jarraituko dugu. Tokiko kazetaritzak eta Geuriak eskualdeko herritarrekin zuzenean konektatzea ahalbidetu dit, eta sare hori zelan trinkotzen eta indartzen doan ikusi.
Izena: Jon Goikouria
Adina: 36 urte
Herria: Bilbo
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Geuriari esker herri txikien handitasuna eta aberastasuna ezagutu ahal izan dut. Prentsa generalistak ez bezala, Geuriak bertatik bertara eta bitartekorik gabe jasotzen ditu herritarren berbak.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VII): Txufer Garay, Irantzu Sagarminaga eta Iratxe Alaña
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Txufer Garay Milla
Adina: 60 urte
Herria: Zeberio
Lanbidea: Okina
1. Gure inguruko albisteak publikatzen dituen hedabidea.
2. Gure herrialdeko berriak urbiltzen deuskula.
3. Bai, oso. Guretzat aipagarriak diren albisteak ez dira hedabide “orokorretan” agertzen, Geuriari Esker, inguruko barriak jasotzen ditugu.
4. Inguruko aniztasun aberatsez jabetzen
5. Ez zaio biztanleri guztiari heltzen, eta uste dot garrantzitsua litzatekeela etxe guztietan egotea.
6. Eguneratuta eta adi egotea gertuen gertatzen direnekin.
Izena: Irantzu Sagarminaga
Herria: Usansolo
“Gu eta gutarrak protagonista egiten dituen komunikabidea da Geuria!”
1. Eskualdeko euskarazko komunikabidea; hurreko informazioa, gu eta gutarrak geure hizkuntzan protagonista garen hedabidea; beharrezko zerbitzu, eskaintza eta ondarea. Lan itzela egin duzuela, eta hamaika mila oztopori eta gabeziari aurre egin diezuela! 10 urteongatik bejondeizuela, eta topa datorren hamarkada hobe baten alde!
2. Hurbiltasuna, protagonisten elkarrizketak eta inguruko herrietako ekimen eta ekitaldien agenda.
3. Beharrezkoa! Nazio-hedabideek gai eta hartzaile orokorragoak dituzte jomuga, eta, sarriegi, “txikitasunentzako” edo tokikoentzako lekurik ez. Herritarrek beraien herriko gertaera eta bizilagunen berri izatea ere behar-beharrezkoa dute; eta merezi dute leku eta protagonismo hori, egunerokotasunaren eta norberaren bizitzan eragina eta garrantzia dutelako.
4. Besteak beste hiru kontu aipatuko nituzke: batetik, informazio-iturri da; informazioa duen jendea errazago molda liteke bizitzara zein mundura, eta pentsamendu landuagoa izan lezake, erabaki egokiagoak hartzeko, eguneroko eta gertuko kontuetan ere bai. Bestetik, bertokoari, Hego Uribe eskualdeari lekua eta garrantzia ematen dizkio; eta eskualdeko herri zein herritarren arteko topagune izan liteke. Azkenik, euskararen normalizazioan, jakina.
5. Baliabide gehiago edo (batez ere ekonomiko) handiagoak balitu? Maiztasuna, zalantza barik; eta kazetari gehiagorekin ekimen-albiste-elkarrizketa gehiago egin zitezkeen; baliabide teknologikoen erabilera areagotu ahalko luke, bitarteko ezberdinetan sarriago informazioa zabaldu ahal izatea; eskaintza zabalagoa.. Ostera, hasierako galderan jasotako baldintza bete barik, lanbrotuta ikusten dut dena.
6. Hego Uribe eskualdeko eta bertoko herritarren gaineko informazioa hain zabal eta landu beste inon ez duelako lortuko, eta euskaraz, ia informazio-iturri bakarrenetakoa baita. hori arrazoi nahikoa iruditzen zait edonori gomendatzeko.
Izena: Iratxe Alaña Jauregi
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Gizarte hezitzailea
1. Euskara hizkuntza.
2. Tokiko eta euskaldun komunikabide bat dela.
3. Bai, informatzeaz gain herriaren nortasuna sortzen eta indartzen duelako . Gainera, guztioi interesatzen zaigu gure ingurune hurbilean gertatzen ari dena, ezta? Horregatik, hauek dira gure egunerokoan jorratzen ditugun gai gehienak: udal politikak, zerbitzu publikoak, merkataritza, kirola, kultura edo agenda soziala… Eta tokiko kazetaritza garrantzitsua da haietaz arduratzen den kazetaritza delako.
4. Gure herriaren eta eskualdeko herrien jarduera ezagutzen laguntzen digu. Euskara ezagutzen eta erabiltzen duten pertsonak ere ikusarazten ditu eta hori oso aberasgarria da, euskal komunitatea batzeko, zaintzeko eta indartzeko modu egokia delako.
5. Ez dakit zer esan. Nire ustez, urteekin egokitu eta eguneratu egiten da, eta, beraz, hobetzen da, bere profila instagramen sortzen dudanean edo bideoak editatzen hasten denean. Horrela jarraitzea gomendatuko nioke, zaharkituta ez geratzeko.
6. Arrazoi asko daude emateko, baina gaur, arrazoien ordez, erronka bat jartzen nioke; esango nioke ospatzen ditugun 10 urte hauei askoz gehiago gehitu lortu behar diegula eta, bide batez, askoz irakurle gehiago.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VI): Irati Azkueta, Bego Moreno eta Mikel Larunbe
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Irati Azkueta Pujana
Adina: 34 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Irakaslea
1. Geuria. Geurea. Bertokoa. Herrikoa. Herritarrona.
2. Bertokoa dala, bertokoentzat egina. Gure inguruen jazoten danaren barri aukiteko aukera eskaintzen deuskula, euskaraz eta debalde! Ganera, bai semeagaz zein ikasleakaz erabilten dot eta ezin aproposagoa da, munduen kokatute egon daitezen eta euren inguruan gertatzen denaren jakitun egon daitezan, leiduteko erakargarria dan euskarri baten, gai ezberdin eta ikuspegi anitzetatik.
3. Ezinbestekotzat joten dot. Gure inguru hurbilean hamaika proiektu eta ekimen txiker dauz, bestelako komunikabide handiagoetan lekurik ez deukienak. Eskualdeko herrietako agenda kulturalaren barri eukiteko eta egunerokotasuneko gertaeren barri izateko, alkarren berri izateko.
4. Euskarazko komunikazio proiektu batek, hasteko euskararen alde egiten dau, gure altxorra dan hizkuntzari dekon balioa emonez. Bestetik, gaur egungo komunikazio proiekturik gehienen ikuspegia oso globala iziten da, eta hurbil dekogun horreri balioa emotea inportantea da. Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakegu.
5. Geuriaren formatua sano erakargarrie eiten jata, irakurterraza eta erosoa da.
Mundu digital zoro honetan, paperezko edizioari eustea eskatuko nizueke. Gure semeari sano gustetan jako begiradatxo bat emotea, alkarregaz irakurtea eta herrien gertatu danaren berri eukitea.
6. Gure inguru hurbilean gertatzen danaren berri eukiteko. Hainbatetan inork baino arinau emoten dozuelako informazinoa. Eskualdeko agenda kulturala eskure eukiteko. Eta argazki erreportaiak ederrak iziten direzelako!
Izena: Bego Moreno Gonzalez
Adina: 26 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Berdintasun teknikaria
“Gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua da Geuria”
1. Eskualdean dugun egunkari euskalduna, ia gertakizun guztietan presente dagoena, zehazki gizarte mugimenduetara lotuta dauden ekintza edo berrietan.
2. Proiektu bezala nik uste gustoko ditudan ezaugarri batzuk direla gertutasuna eta euskalduna izatea. Azken finean presentzia handia du, eskualdean ematen diren berrietan oinarrituta, gizarteari eta baita gizarte mugimenduekiko lotura eta harreman estua.
3. Noski. Askotan komunikabideetan urrun gertatzen diren berriak aipatzen dira auzoan bertan gertatu denari erreparatu gabe. Gure inguruan gertatzen diren hainbat gauza ezagutzeko edota konsziente izateko baliogarria da.
4. Eskualde mailan berriak euskaraz jasotzeko aukera ematen du eta baita elkarren artean ezagutzeko, hau da, alboan dauden herrien artean besteak zertan ari diren ezagutzeko. Bestalde, gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua bada ere. Mugimendu feministatik adibidez, hainbatetan zabaldu ditugu gure deialdiak edo geure ekintzen berri.
5. Zaila iruditzen zait proposamenik egitea, jakinda lan txukuna egiten duzuela eta izugarria gainera. Gertakizun askotan zaudete nahiz eta asteburua izan, edozein ordutan. Horrela jarraitzearekin beste 10 urte nahiko! Eskerrak emanez egiten duzuen lan guztiagatik.
6. Lehen esan dudan bezala, GEURIAk dituen ezaugarri bereziengatik: tokiko kazetaritza delako, euskalduna eta gizarte mugimenduen berriak ematen dituelako formatu desberdinen bidez, haien hitzak zuzenean zabaltzen saiatuz beti.
Izena: Mikel Larunbe
Adina: 31 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Pilotari ohia
1. Gure eskualdean gertatzen ari denaren berri emateko dugun komunikabiderik esanguratsuenetarikoa dela. Eta, gainera, oso anitza eta erabat euskalduna
2. Gai asko jorratzen dituela, komunikabide ezagunek edo handiagoek ematen ez dituzten berriak argitaratzen dituztela eta guztiz euskalduna dela.
3. Noski. Izan ere, tokiko kazetaritzari esker normalean egunkari edo komunikabide handietan agertzen ez diren ekintzaile,ekimen,artista,kulturzale,idazle,kirolari eta beste hainbat arlotako jendearen berri izan ohi dugu. Eta askotan itzaletan lanean ari den jende hori ezagutarazten dute,merezitako aitorpena eginez.
4. Esan bezala, tokiko kazetaritza izaki,gure eskualdean gertatzen dena eta egosten dena kontatzen digu egunkari edo komunikabide handiek baino sakonago eta zehatzago. Gainera, dena euskaraz idatzita dago eta hori euskararentzat bultzada handia da.
5. Galdera zaila. Burura datorkidan lehenengo ideia edukietatik haratago doa. Seguruenik horretan ere bazabiltzate baina Geuriaren ekoizpena(papera,erabilitako material zein produktuak etab) ahalik eta jasangarrienak izatea ondo legoke. Ingurunearekiko inpaktua ahal beste txikitzea alegia.
6. Bere herriari edo bere auzoko herrietakoren bati buruzko informazio interesgarria jaso dezakeelako. Gure inguruko gertaerak era gertuago batean kontatzen direlako eta gainera,guzti hori euskaraz egiten duelako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (V): Elisabeth Luengo, Urtzi Diaz eta Ainhoa Sainz
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Elisabeth Luengo
Adina: 32 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Arkularia
“Eskualde mailako kohesioa lortzen du Geuriak”
1. Hego Uribe eskualdean informatzeko leku egokia. Gure alboan gertatzen diren ekintzen, lehiaketen, albisteen eta abarren inguruan informatzeko aukera oso ona delako. Tokiko hedabide txikiek beren egunerokotasunean zuzenean eragiten duten gaiei buruzko informazioa eman diezaiokete komunitateari eta erabiltzaileari doan.
2. Hurbileko informazioa oso ondo azaltzen du. Gainera euskaraz kalitatezko albisteak garatzen ditu. Komunikabideek eragin zuzena dute gizarte baten iritzi publikoan.
3. Tokiko kazetaritza oso garrantzitsua da. Tokiko hedabideek gertutik berri ematen dute, pertsonekin, erakundeekin harremana mantentzen dute eta merkataritza-sareei bizitza eta mugimendua ematen diete. Gure kirol txikiari mikrofono bat eskura jartzen dio GEURIAk. Gainera, tokiko albisteak (gugandik hurbil gertatzen direnak) dira gugan inpaktu handiena dutenak.
4. Gure bizimodua, gure ohiturak, produktu batzuen edo besteen kontsumoa, iritzi publikoa… Gertaera sozial, politiko edo ekonomiko ezberdinei buruz iristen zaigun informazioak inguratzen gaituen errealitateaz gure pentsamoldea alda dezake. Komunikabideek informatzeko, munduko leku ezberdinetan gertatzen dena ezagutzeko, zailtasunak dituztenei elkartasuna adierazteko, gure jatorria berraurkitzeko, gure historia ezagutzeko, eta abar balio dute. Eskualde mailako kohesioa sortzen du, galdakaoztar batek askotan ez daki zer gertatzen ari den Arrigorriagan, nahiz eta 3 kilometrora egon.
5. Hilean behin kaleratu beharrean astero edo hamabostean behin argitaratzea, informazioa oso ona delako. Batzuetan, hilero izanez, berritasuna galtzen da. Agian laburragoa izan daiteke, baina albisteak asteko albisteak izan daitezen gustatuko litzaidake.
6. Geurian informatzea oso gomengarria da, herriari buruzko albisteak ondo idatzita daudelako. Tokiko hedabideak dira udalerri bakoitzeko albiste guztien benetako adituak. Askotan beste komunikabide handiago batzuek jasotzen ez dituzten albisteak irakurtzeko aukera ematen dute. Herrian dauden ekintzak ezagutzeko aukera ematen duelako, herritarren artean elkar ezagutzeko aukera ematen duelako gomendatuko nuke.
Izena: Urtzi Diaz Sanz
Adina: 23 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Ikaslea
1. Komunikatzeko bide bat non bai gazteok, helduok eta zaharrak irakurri, ikusi eta entzun dezakegu zer nolako gauzak gertatzen diren gure inguruan urrutira joan barik.
2. Inguruko egunkaria dela eta batez ere ondoko herrietan zer nolako gauzak gertatzen diren konturatzea. Azken finean ondoko herrietan asko ibiltzen gara eta ezinbestekoa da jakitea zer nolako albisteak dauden, baita elkarrizketak ere inguruko jendea pizkat hobeto ezagutzeko.
3. Bai. Azken finean beti jartzen dugu ikuspuntua estatu mailako albisteetan baina egunerokotasunean ibiltzen garen tokietan ezinbestekoa da jakitea zer nolako mugimenduak dauden eta horretarako tokiko kazetaritza onuragarria da inguruko herritarrontzat.
4. Lehen esan dudan moduan batez ere inguruko jendea ezagutzea elkarrizketen bitartez eta bestetik hurbiletik ikustea zer nolako albisteak dauzen gure inguruko herrietan. Honekin uste dot pausu handi bat ematen duela gizarteari laguntzeko, azkenean lehenik eta behin hurbilekoa zaindu behar dugulako.
5. Egia esan ez nuke ezer aldatuko, uste dot argi eta garbi dagoela zer nolako edukiak dauden eta herritarrei asko erakartzen duela komunikabide hau.
6. Azkenean lehenik eta behin inguruan gertatzen diren gauzak hobeto ezagutzeko gomendatuko nioke lagun bati. Bestetik komunikabide honetatik gizartea aldatu dezakegula, eta azkenik ez garela joan behar oso urrutira albisteak, elkarrizketak edota irudiak ikusteko, oso garrantzitsua dela gure ingurua ondo ezagutzea eta zaintzea.
Izena: Ainhoa Sainz Ipiña
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Tabernaria
1. Gure egunkari bat.
2. Orokorrean komunikabideetan agertzen ez diren kirol txikiei ahotsa ematen diezue, eta horren berri izatea garrantzitsua da niretzat.
3. Funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dagoenak baitzarete.
4. Bertatik bertara bizi duzun errealitatea ezagutzen laguntzen dizu, eta eguneroko bidelagun bilakatzen da.
5. Posible den heinean auzoetako albiste gehiago jorratzea nahiko nuke. Herriekin egiten den bezala, baina auzoari erreparatuz.
6. Euskaraz aritzeko edo euskara hobetzeko baliagarria delako, eta inguruko herrietako albisteen berri ematen dizulako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (IV): Estibaliz Carracedo, Itziar La Concha eta Mikel Karrillo
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Estibaliz Carracedo Osinaga
Adina: 46 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Kultura teknikaria
“Eskualdeko informazio kulturala sakon lantzen du Geuriak”
1. Bi ideia azpimarratuko nituzke, komunikabidea bata, eta informazioa bestea. Horrela definituko nuke.
2. Bai paperezkoaren bitartez, baina batez web orriaren bidez inguruko herrietako programazio eta ekintza kulturalen berri aurrerapenaz ezagutzeko aukera daukat, eta gainera testuinguru jakin batean kokatuta, izan albistea edo elkarrizketa (erreportajea idatziz).
3. Noski. Egunero bizi duzun errealitatea jorratzen duen kazetaritza da, eta zentzu horretan zuzeneko informazioa jasotzen duzu, bertatik bertara jaso, kudeatu eta plazaratu dena. Gizarte osasuntsu eta heldu bat izateko behar-beharrezko aldagaia da tokikoa.
4. Goiko erantzunean esan bezala, komunikabideeak orokorrean, eta tokikoek bereziki, gizartearekiko ardura handi bat daukate, hurbilekoak izatean badaukatelako sinesgarritasun bat irabazita, eta sinesgarritasun hori da egunero jokoan jartzen dutena. Hori galduta, ez lukete egun herritarrekin duten lotura ezta babesa izango. Gainera, Geuria bezalako medio batek normalean ahotsa ez dutenei ahotsa ematen die, eta horrek ere badauka balio bat.
5. Ondo dagoena ez da ukitu behar, baina zeozer aipatzekotan zera esango nuke: bigarren erantzunean esan dut ekitaldi kulturalen berri izaten dudala GEURIAn, eta zentzu hortan oso aberasgarria litzateke sarean horien inguruko lanketa bereziak egitea, bideoekin, lehiaketekin etabar…
6. Bere inguruan gertatzen denaz informazio fidagarri eta benetazkoa izateko, eta bizi den eskualdearen aberasgarritasuna ezagutu eta horretaz gozatzeko, euskaratik eta euskaraz!
Izena: Itziar La Concha Aiartzaguena
Adina: 32 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Administraria
1. Zonaldeko egunkari digitala.
2. Aipatutakoa, gure zonaldeko berriak agertzen direla, danetarik dagoela…
3. Bai. Garrantzi handia dauka egunero bizi duzun errealitate horretan zure burua kokatzeko.
4. Ba Euskalduna izanik, euskara bultzatzen laguntzen du adibidez, edota normalean egunkari batean agertzen ez diren gertaerak erakusten ditu.
5. Berdin jarraitzea berri pozgarria litzateke.
6. Hurbileko informazioa jorratzen dela, seriotasunez eta sentsazionalismorik gabe.
Izena: Mikel Karrillo Garikano
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Kirol arduraduna
1. Gertutasuna. Ez bakarrik gertuko berriak jorratzeagatik, baizik eta, nere hizkuntzan informatua izateko aukera emateagatik.
2. Gai desberdinak jorratzean bertatik egitea, kalean bizirik ikustea, besteen kontakizunak entzun beharrik gabe publikatuz
3. Noski. Munduko beste alderdietan gertatzen denak garrantzia izan dezake, baina ingurukoak eragiten du zuzenki norberaren bizitzan.
4. Gertutasun sozialean eta inguruko herrietan lortzen diren aurrerapenak erreferente bezala plazaratzean.
5. Hego Uribeko euskal hiztunen kolektiboa handitze eta indartze aldera, euskera bultzatzen dugun taldeei, hizkuntzan oinarrituta, ikusgarritasuna ematen dion atal bat zabaltzea, apurka apurka beste hainbat biltzen has daitezen.
6. Gertuko berriak direlako, herrikoa plazaratzen dutenak.