Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Unai Iparragirre Torres: «Tokiko medioak eta ETB elkarlanean jarrita, konpetentzia baino, bateragarriak dira. Eta hor irabazten duena ikusentzulea da»
Posible al da tokiko hedabideek eta hedabide orokorrak elkarlanean aritzea? Unai Iparragirre ETBko zuzendariak argi dauka: bai; eta elkarlan hori hizpide izan dugu berarekin
Tokiko hedabideak eta hedabide orokorrak elkar elikatu daitezke. Elkartrukea posible da euren artean, eta horren inguruan berba egin dugu Unai Iparragirre Torres (Arrasate, 1973) Euskal Telebistako (ETB) zuzendariarekin. Duela hiru urte hasi zen betebehar horretan, aurretik Londresen Discovery Communications kanaleko Edukien Estrategia lehendakariorde bezala lan egin ostean, Europan, Ekialde Hurbilean eta Afrikan. Besteak beste, BBCk komunikabide lokalekin duen ‘Local News Partnerships’ akordioaz mintzatu gara Unairekin Bilboko EITBren egoitzan.
Hiru urte daramatzazu ETBko zuzendari moduan: lan zoragarria, baina nekeza dela esan duzu. Hala da?
Orokorrean esango nuke oso lan polita dela, baina tarteka gogorra. Aurretik, Europa mailan eta Ekialde Hurbilean beste telebista kate batzuk zuzentzen aritu naiz, baina orain nire aberriko telebista zuzentzen ari naiz. Nik beti esan izan dut ikus-entzunezkoetan dihardugun enpresok gure edukien bitartez lortu dezakegula gizarte hobe bat eraikitzea, eta argi dago nik, euskaldun eta abertzale bezala, gizarte bat hobetzekotan euskal gizartea hobetu nahiko nukeela. Orduan, tarteka oso gogorra eta nekeza izan arren, orokorrean balorazio oso positiboa egiten dut. Uste dut medio honetan, zuek ere jakingo duzue, hazia orain erein arren, fruituak denbora batera jasotzen direla. Lanean duela hiru urte hasi ginen arren, fruituak eta loreak orain ari gara ikusten.
Zer erein duzue eta uzta zein izan da?
Dena erein dugu, horregatik gaude nekatuta! (kar, kar, kar). Lehenengo lana estrategia bat zehaztea izan zen: Euskal Irrati Telebistako goi-mailako zuzendaritzako kideok ‘EITB 2020-2030’ estrategia-ibilbidea lantzen pasa genituen lehenengo sei hilabeteak. Estrategia 12 ataletan banatzen da, eta nire ardurapean dagoena ‘Etorkizuneko telebista’ da.
Eta zertan datza?
Discoverytik nentorren, eta han garrantzi handia ematen diote edukiari eta audientziari, baina baita markari ere. Orduan, nire ikuspuntutik, fokuetako bat Euskal Telebistaren marka eraberritzean eta eguneratzean jarri genuen. Eta hortik dator duela bi urte egin genuen irudi aldaketa; logo guztiak aldatu genituen, eta horrek eman du bere fruitua. Hainbat focus talde egiten ditugu urtean zehar eta argi geratu da ikuslearen ikuspuntutik Euskal Telebista marka moduan orain modernoagoa dela.
Beste alde batetik, oso garrantzitsua da sortzen ditugun edukien bitartez euskal gizarteari zerbitzu publikoa ematea. Uste dut lan-ildo hori aurretik ez zela hainbeste landu, eta niretzat ezinbestekoa da urtean gutxienez bi eduki izatea, ahal bada gehiago, gizarteari argi eta garbi zerbitzu publikoa ematen diotenak. Duela bi urte ‘Abiapuntua’rekin hasi ginen ETB1en eta ‘Necesito ayuda’rekin ETB2n, eta biek jaso dituzte sariak. Era berean, pasa den udazkenean ‘Generación porno’ egin genuen, eta ETB1eko ‘Irabazi arte’ fikzioa ere kategoria horretan sartzen dugu, entretenimendutik egina den arren, balore positiboak bultzatzen dituelako, hala nola, adiskidetasuna, gurasoekiko errespetua, sexu berdintasuna eta kirolean berdintasuna. Guretzat hori lan-ildo oso garrantzitsua da.
Beste alde batetik, audientzia ere hor dago. Beti esaten da nazioarte mailan edukiak telebistan jartzen direla ingelesezko lau ‘R’ horietako batengatik: Ratings (audientzia), Repercution (marka eraikitzea), Revenue (publizitatea) eta Reputation (kalean marka horri buruz ondo hitz egitea). Zentzu horretan guk lan asko egin dugu, eta audientzia aldetik ere, kontuan hartuta ikus-entzunezkoen munduak eta, batez ere, telebista tradizionalen munduak indar asko galdu duela —gehienbat gazteak pixka bat urrundu egin direlako telebista tradizionaletik—, Euskal Telebistaren bi kate garrantzitsuenak —ETB1 eta ETB2— momentu honetan iaz baino indartsuago daude: ETB1 % 5 gorago eta ETB2 % 2 gorago; gure konpetentzian, adibidez, Telecincok eta Antena 3ek guk baino diru gehiago edukita, batak % 6 eta besteak % 7 behera egin dutenean.
Orduan Euskal Telebistako audientzia gora doa.
Audientzia gora doa, bai. Eta horrez gain, marka indartzen doa eta guretzat garrantzitsua den zerbitzu publikoa egiten ari gara. Orduan, fokua leku askotan daukagu. Egia da dena batera ezin dela ondo egin, baina tira, pixkanaka-pixkanaka gure bidean aurrera goaz, batzuetan ez guk nahiko genukeen bezain azkar, baina aurrera goaz.
Komunitateak eta ekosistemak sortzea da komunikabideek bilatzen duten helburuetako bat, batik bat, publiko gazteari jarraituz. Galdera zuzena da hau: gazteek telebista edo plataformak ikusten dituzte? Edo beste bide batzuk bilatu behar ditugu?
Onartu behar dut, gainontzeko telebistak eta plataformak bezala nekez ari garela hori jorratzen. Nazioarteko foroetara joan zalea naiz, eta duela bi urte London Content hitzaldira joan ginenean, mundu mailako player garrantzitsuenek, FOXeko presidenteak edota BBCko estrategia buruak, esaten zuten gazteak euren unibertsora erakarri behar zirela. Eta gure estrategian gazteak euskararen unibertsora erakartzea ere bazegoen: hainbat saiakera egin genituen, batzuk atera ziren, baina gehienak ez. Eta iazko abenduan berriro London Content konferentziara joan ginenean, duela bi urteko estrategia horiei zegokienez amore ematen zutela esan zuten bai FOXek bai BBCk, egiten dutena egiten dutela ere, gazteak ez dituztelako telebista tradizionalera erakartzen.
Beste hausnarketa bat egin nahiko nuke: Europako hauteskundeetan argi eta garbi geratu da gazteen botoa nora joan den: ultraeskuinera. Eta argi eta garbi dago gazteek informazioa jasotzeko sare sozialak erabiltzen dituztela. Agian guk, telebista publikoetatik, gure marka erakargarriago egin beharko genuke, eta orain marka sortzearen arrazoia hori da: gazteengana hurbiltzea eta tokia egitea gazteek informatzeko orduan sare sozialetara edo TikTokera joan beharrean, esan dezaten: “Euskal Irrati telebistara joango naiz” edo “Orainera joango naiz”. Saiatzen gara euren hizkuntzan komunikatzen eta albisteak eurek kontsumitu nahi dituzten eran ematen. Baina ez da erraza. Eta ez da betebehar erraza: ez gurea, ez agintariena, ez legeak egiten dituztenena. Baina zerbait egin beharra dagoela uste dut. Belaunaldi batek ikusi du diktadura zer den, ikusi ditu beste zorigaitz batzuk, gaur egungo gazteek bizi izan ez dituztenak. Eta beldurgarria da.
“Oso garrantzitsua da egiten ditugun edukien bitartez euskal gizarteari zerbitzu publikoa ematea, eta motako horretako eduki izatea (gutxienez) urtean”
Eta orduan?
Eta orduan Dual Strategy deitzen diotena hasi ziren martxan jartzen: bi estrategia osagarri baina desberdin, bat telebista tradizional linealerako eta beste bat plataformetarako. Gu ere ondorio berdinera heldu gara, eta horri erantzuteko, ikus-entzunezko produkzio-lerro digitalaren estrategia garatu genuen, eta hortik atera dira Primeran (iazko irailean abian jarri genuena), Makusi eta Orain (aurten abian jarri ditugunak), eta urte amaieran martxan jarriko dugun Guau!.
Apurka-apurka ikusten ari gara gaur egungo euskarrietara egokitzen ari zaretela.
Bai. Emaitzak, momentuz, positiboak dira eta itxaropena ematen digute. Adibidez, Primeranek hemendik aste gutxira 100.000 erabiltzaile erregistratuko ditu. Urte hasierako hiru hilabeteak lasaiak izan badira ere, orain sekulako gorakada izan dugu eta erabiltzaile kopuruak gora egiteaz gain, edukien kontsumoa ere oso osasuntsu dabil. Eta udazkenera begira oso eduki potenteak dauzkagu estreinatzeko prest. Eta berriro gazteen inguruan hitz eginez, ikus-entzunezkoei dagokienean esan behar dut —eta gazteek ez dezatela hau gaizki hartu— ez direla batere fidelak eta asko borrokatu behar dela gazteak erakartzeko. Baina hori ona da, egunero-egunero hobeak izatera eta estrategia berriak asmatzera derrigortzen gaituelako. Ez da erraza, baina guk ahaleginean jarraitzen dugu.
Gurera ekarrita, tokiko medioen errealitateaz berba egingo dugu. Londresen bizi izan zara eta BBC ezagutzen duzu, baita BBCk komunikabide lokalekin duen ‘Local News Partnerships’ akordioa ere.
Niretzat elkarlanak beti ondorio onak ekartzen ditu. Eta hori ez da nire ustea bakarrik; EITBn oso zabalduta dagoen ustea da eta gainera, gure estrategia liburuak batzen duena. Beti esaten dut gu euskaldunak garela, Euskal Irrati Telebista Euskal Herriko irrati eta telebista publikoa da, baina munduan eta Europan ere bizi gara eta europar izateak eta munduko izateak uste dut onura asko ekartzen dizkigula. Bai Andoni Aldekoa gure zuzendari orokorrak eta bai nik uste dugu Euskal Irrati Telebistak eta Euskal Herriak munduko zein Europako mapan egon beharra daukatela. Nazioarteko hitzaldietara joaten gara urtero eta horietan asko ikasteaz gain, egiten diren harremanak oso garrantzitsuak dira niretzat. Oso harreman-sare aberatsa eraiki dugu, adibidez, herrialde nordikoetako telebista publikoekin eta BBCrekin (akordioa dute nik gertutik ezagutzen dudan Discoveryrekin).
BBCrekin oso harreman ona daukagu —Eskoziako BBCrekin bikaina— eta elkarri asko laguntzen diogu. Gehiago eurak guri, guk eurei baino, baina oso harreman ona dago eta saiatzen gara elkarrengandik ikasten. Eurak, adibidez, Primeranen fenomenoarekin oso interesatuta daude.
Eta zer uste duzu BBCk tokiko hedabideekin duen akordioari buruz?
Tokiko komunikabideekin akordioa egin zuen BBCk, uste dutelako BBCk ikuspuntu orokorragoa eman dezakeela, baina ez dela gai tokiko detaileak euren ikusle eta entzuleei emateko. Eta tokikoek hori oso ondo egiten dute. Orduan, bata eta bestea batera jarrita, konpetentzia baino, osagarriak dira. Eta hor irabazten duena ikus-entzulea da. Niri hori oso inteligentea iruditzen zait. Eta hortik, Tokikomekin hitzarmena sinatu du EITBk. Euskal Irrati Telebistaren errealitatea aztertuz eta ikasiz, Tokikom tokiko hedabideen elkartea gonbidatu genuen, eta BBCren laguntzarekin lortu genuen duela bi urte euren proiektuaren lehenengo fasea gurera ekartzea Saretzen izeneko proiektuarekin, eta aurrera jarraitzen du. Espero genuen bezala, proiektu horrek ez die kalterik eragin ez EITBri ez tokiko komunikabideei; elkarlan horrek mesede egin dio ikus-entzuleari.
Hala ere, esan behar dut hori ez dela izan gure arteko elkarlan bakarra. Saretzen hor dago, baita Korrika ere. Gure aldetik, batera egiteko aukera gehiago aztertzeko prest gaude. Argi dago hau ez dela ‘win-win’ bat, baizik eta ‘win-win-win’ bat, hirukoitza: irabazten dugulako guk EITBn, irabazten duelako tokiko komunikabideak, eta batez ere irabazten duelako ikus-entzuleak.
Gaia aldatuz: aurten CirCom Europa mailako telebista publikoen foroan egon zarete. Zein berrikuntza eta norabide berri ikusi dituzue bertan? Zer ekarri duzue, zer ikusi duzue? CirCom Europa mailako telebista publikoen elkartea da, eta guk oso argi ikusi dugu batzuekin gehiago daukagula komunean beste batzuekin baino. Adibidez, herrialde nordikoekin, Eskoziarekin, Irlandarekin, Galesekin eta Herbehereekin. Hizkuntza gutxituak, herrialde txikiak, estaturik gabeko nazioak… hainbat ezaugarrirengatik antzekotasun asko ditugu, eta oso polita da ikustea zer nolako harremanak eraiki ditugun horiekin guztiekin. Gure artean elkatruke handia dago, eta horiek sortzen dira Circom bezalako foroetatik.
Era berean, maiatzean Input mundu mailako telebista publikoetako elkarteak antolatutako foroan egon ginen, Hego Carolinan (Estatu Batuak): ‘Generación porno’ aukeratu zuten zerbitzu publikoa ematen duen eduki azpimarragarrietako bat bezala. Guretzat, Euskal Herri txiki honetan, eta guk dauzkagun zailtasun guztiekin (aurrekontua, esaterako), Estatu Batuetako foro horretan egoteak eta gu adibide bezala jartzeak, lehen aipatu ditudan zailtasun eta une gogor horiek atseginago egiten dituzte.
Bukatzeko, hitz egin dezagun desinformazioaz.
Denok argi daukagu diagnostikoa gutxi gorabehera, baina ez dakigu zelan aurre egin horri. Bidea zein den argi ez daukat, eta uste dut inork ez daukala. Mundu osoan oraindik ez dugu lortu hori konpontzea. Nik esango nuke, alde batetik, hezkuntzan dagoela gakoetako bat: askoz foku handiagoa jarri beharko litzateke hezkuntzan. Ez bakarrik Euskal Herrian; mundu osoan baizik. Beste alde batetik, legedian islatuta egon beharko luke. Estatu Batuetako Input horretan egon ginenean, ‘Generación porno’ aurkeztu eta gero, mahai inguru bat egon zen, eta batek galdetu zigun ea hori zerbitzu publikoa egitea edo polemika sortzea zen. Gure helburua gure ikuspuntutik identifikatzen ditugun arazo posibleetan fokua jartzea eta horien inguruan kalean eztabaida sortzea da. Elkarrizketa honetan eta beste askotan etengabe azpimarratzen dudan ideia da. Ondoren, agintarien eta legeak egiten dituzten profesionalen lana da horren aurrean neurriak hartzea. Orduan, desinformazioaren aurrean, gure lana da fokua jartzea eta arazo posible bat dagoela argi uztea, baina horren ostean agintarien lana dator eta legeak egiten dituztenena. Nik suposatzen dut eurek ere ez dakitela zelan jokatu. Zerbait egin behar da; zer? Bada ez dakit, baina gu, Euskal Irrati Telebistatik, saiatuko gara zerbait egiten. Baina ez dut gure lana bakarrik denik; guztion lana da.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Gure kazetarion berbak: Eñaut Barandiaran, Maider Ibañez eta Jon Goikouria
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Geuriako lantaldea osatzen dute Eñaut Barandiaran Urkiza zuzendariak, Maider Ibañez Espinosa eta Jon Goikouria Larrabeiti kazetariak, eta Jon Villapun Arbide editoreak (Geuriako zuzendari izandakoa 2014-2022 urte bitarteetan).
Villapuni elkarrizketa sakona egin diogu Geuriaren 10. urteurreneko ale berezian, eta egungo lantaldekoon hitzak ere jaso ditugu:
Izena: Eñaut Barandiaran Urkiza
Adina: 42 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Geuriako zuzendaria
Geuria Hego Uribetik mundura irekitako leiho bat da, euskaratik eta euskaraz, hurbilen ditugun gaiak eta baita unibertsalak direnak ere jorratu daitezkeela erakutsiz, proiektu komunikabide sendo, egonkor, orekatu, konprometitu eta irudimentsu baten bidez.
Izena: Maider Ibañez Espinosa
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Belaunaldi berriek txikitatik ezagutu dute Geuria: eurekin hazi gara eta hazten jarraituko dugu. Tokiko kazetaritzak eta Geuriak eskualdeko herritarrekin zuzenean konektatzea ahalbidetu dit, eta sare hori zelan trinkotzen eta indartzen doan ikusi.
Izena: Jon Goikouria
Adina: 36 urte
Herria: Bilbo
Lanbidea: Geuriako kazetaria
Geuriari esker herri txikien handitasuna eta aberastasuna ezagutu ahal izan dut. Prentsa generalistak ez bezala, Geuriak bertatik bertara eta bitartekorik gabe jasotzen ditu herritarren berbak.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VII): Txufer Garay, Irantzu Sagarminaga eta Iratxe Alaña
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Txufer Garay Milla
Adina: 60 urte
Herria: Zeberio
Lanbidea: Okina
1. Gure inguruko albisteak publikatzen dituen hedabidea.
2. Gure herrialdeko berriak urbiltzen deuskula.
3. Bai, oso. Guretzat aipagarriak diren albisteak ez dira hedabide “orokorretan” agertzen, Geuriari Esker, inguruko barriak jasotzen ditugu.
4. Inguruko aniztasun aberatsez jabetzen
5. Ez zaio biztanleri guztiari heltzen, eta uste dot garrantzitsua litzatekeela etxe guztietan egotea.
6. Eguneratuta eta adi egotea gertuen gertatzen direnekin.
Izena: Irantzu Sagarminaga
Herria: Usansolo
“Gu eta gutarrak protagonista egiten dituen komunikabidea da Geuria!”
1. Eskualdeko euskarazko komunikabidea; hurreko informazioa, gu eta gutarrak geure hizkuntzan protagonista garen hedabidea; beharrezko zerbitzu, eskaintza eta ondarea. Lan itzela egin duzuela, eta hamaika mila oztopori eta gabeziari aurre egin diezuela! 10 urteongatik bejondeizuela, eta topa datorren hamarkada hobe baten alde!
2. Hurbiltasuna, protagonisten elkarrizketak eta inguruko herrietako ekimen eta ekitaldien agenda.
3. Beharrezkoa! Nazio-hedabideek gai eta hartzaile orokorragoak dituzte jomuga, eta, sarriegi, “txikitasunentzako” edo tokikoentzako lekurik ez. Herritarrek beraien herriko gertaera eta bizilagunen berri izatea ere behar-beharrezkoa dute; eta merezi dute leku eta protagonismo hori, egunerokotasunaren eta norberaren bizitzan eragina eta garrantzia dutelako.
4. Besteak beste hiru kontu aipatuko nituzke: batetik, informazio-iturri da; informazioa duen jendea errazago molda liteke bizitzara zein mundura, eta pentsamendu landuagoa izan lezake, erabaki egokiagoak hartzeko, eguneroko eta gertuko kontuetan ere bai. Bestetik, bertokoari, Hego Uribe eskualdeari lekua eta garrantzia ematen dizkio; eta eskualdeko herri zein herritarren arteko topagune izan liteke. Azkenik, euskararen normalizazioan, jakina.
5. Baliabide gehiago edo (batez ere ekonomiko) handiagoak balitu? Maiztasuna, zalantza barik; eta kazetari gehiagorekin ekimen-albiste-elkarrizketa gehiago egin zitezkeen; baliabide teknologikoen erabilera areagotu ahalko luke, bitarteko ezberdinetan sarriago informazioa zabaldu ahal izatea; eskaintza zabalagoa.. Ostera, hasierako galderan jasotako baldintza bete barik, lanbrotuta ikusten dut dena.
6. Hego Uribe eskualdeko eta bertoko herritarren gaineko informazioa hain zabal eta landu beste inon ez duelako lortuko, eta euskaraz, ia informazio-iturri bakarrenetakoa baita. hori arrazoi nahikoa iruditzen zait edonori gomendatzeko.
Izena: Iratxe Alaña Jauregi
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Gizarte hezitzailea
1. Euskara hizkuntza.
2. Tokiko eta euskaldun komunikabide bat dela.
3. Bai, informatzeaz gain herriaren nortasuna sortzen eta indartzen duelako . Gainera, guztioi interesatzen zaigu gure ingurune hurbilean gertatzen ari dena, ezta? Horregatik, hauek dira gure egunerokoan jorratzen ditugun gai gehienak: udal politikak, zerbitzu publikoak, merkataritza, kirola, kultura edo agenda soziala… Eta tokiko kazetaritza garrantzitsua da haietaz arduratzen den kazetaritza delako.
4. Gure herriaren eta eskualdeko herrien jarduera ezagutzen laguntzen digu. Euskara ezagutzen eta erabiltzen duten pertsonak ere ikusarazten ditu eta hori oso aberasgarria da, euskal komunitatea batzeko, zaintzeko eta indartzeko modu egokia delako.
5. Ez dakit zer esan. Nire ustez, urteekin egokitu eta eguneratu egiten da, eta, beraz, hobetzen da, bere profila instagramen sortzen dudanean edo bideoak editatzen hasten denean. Horrela jarraitzea gomendatuko nioke, zaharkituta ez geratzeko.
6. Arrazoi asko daude emateko, baina gaur, arrazoien ordez, erronka bat jartzen nioke; esango nioke ospatzen ditugun 10 urte hauei askoz gehiago gehitu lortu behar diegula eta, bide batez, askoz irakurle gehiago.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (VI): Irati Azkueta, Bego Moreno eta Mikel Larunbe
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Irati Azkueta Pujana
Adina: 34 urte
Herria: Zaratamo
Lanbidea: Irakaslea
1. Geuria. Geurea. Bertokoa. Herrikoa. Herritarrona.
2. Bertokoa dala, bertokoentzat egina. Gure inguruen jazoten danaren barri aukiteko aukera eskaintzen deuskula, euskaraz eta debalde! Ganera, bai semeagaz zein ikasleakaz erabilten dot eta ezin aproposagoa da, munduen kokatute egon daitezen eta euren inguruan gertatzen denaren jakitun egon daitezan, leiduteko erakargarria dan euskarri baten, gai ezberdin eta ikuspegi anitzetatik.
3. Ezinbestekotzat joten dot. Gure inguru hurbilean hamaika proiektu eta ekimen txiker dauz, bestelako komunikabide handiagoetan lekurik ez deukienak. Eskualdeko herrietako agenda kulturalaren barri eukiteko eta egunerokotasuneko gertaeren barri izateko, alkarren berri izateko.
4. Euskarazko komunikazio proiektu batek, hasteko euskararen alde egiten dau, gure altxorra dan hizkuntzari dekon balioa emonez. Bestetik, gaur egungo komunikazio proiekturik gehienen ikuspegia oso globala iziten da, eta hurbil dekogun horreri balioa emotea inportantea da. Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakegu.
5. Geuriaren formatua sano erakargarrie eiten jata, irakurterraza eta erosoa da.
Mundu digital zoro honetan, paperezko edizioari eustea eskatuko nizueke. Gure semeari sano gustetan jako begiradatxo bat emotea, alkarregaz irakurtea eta herrien gertatu danaren berri eukitea.
6. Gure inguru hurbilean gertatzen danaren berri eukiteko. Hainbatetan inork baino arinau emoten dozuelako informazinoa. Eskualdeko agenda kulturala eskure eukiteko. Eta argazki erreportaiak ederrak iziten direzelako!
Izena: Bego Moreno Gonzalez
Adina: 26 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Berdintasun teknikaria
“Gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua da Geuria”
1. Eskualdean dugun egunkari euskalduna, ia gertakizun guztietan presente dagoena, zehazki gizarte mugimenduetara lotuta dauden ekintza edo berrietan.
2. Proiektu bezala nik uste gustoko ditudan ezaugarri batzuk direla gertutasuna eta euskalduna izatea. Azken finean presentzia handia du, eskualdean ematen diren berrietan oinarrituta, gizarteari eta baita gizarte mugimenduekiko lotura eta harreman estua.
3. Noski. Askotan komunikabideetan urrun gertatzen diren berriak aipatzen dira auzoan bertan gertatu denari erreparatu gabe. Gure inguruan gertatzen diren hainbat gauza ezagutzeko edota konsziente izateko baliogarria da.
4. Eskualde mailan berriak euskaraz jasotzeko aukera ematen du eta baita elkarren artean ezagutzeko, hau da, alboan dauden herrien artean besteak zertan ari diren ezagutzeko. Bestalde, gizarte mugimenduak eta haien ekintzak edota aldarrikapenak partekatzeko lekua bada ere. Mugimendu feministatik adibidez, hainbatetan zabaldu ditugu gure deialdiak edo geure ekintzen berri.
5. Zaila iruditzen zait proposamenik egitea, jakinda lan txukuna egiten duzuela eta izugarria gainera. Gertakizun askotan zaudete nahiz eta asteburua izan, edozein ordutan. Horrela jarraitzearekin beste 10 urte nahiko! Eskerrak emanez egiten duzuen lan guztiagatik.
6. Lehen esan dudan bezala, GEURIAk dituen ezaugarri bereziengatik: tokiko kazetaritza delako, euskalduna eta gizarte mugimenduen berriak ematen dituelako formatu desberdinen bidez, haien hitzak zuzenean zabaltzen saiatuz beti.
Izena: Mikel Larunbe
Adina: 31 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Pilotari ohia
1. Gure eskualdean gertatzen ari denaren berri emateko dugun komunikabiderik esanguratsuenetarikoa dela. Eta, gainera, oso anitza eta erabat euskalduna
2. Gai asko jorratzen dituela, komunikabide ezagunek edo handiagoek ematen ez dituzten berriak argitaratzen dituztela eta guztiz euskalduna dela.
3. Noski. Izan ere, tokiko kazetaritzari esker normalean egunkari edo komunikabide handietan agertzen ez diren ekintzaile,ekimen,artista,kulturzale,idazle,kirolari eta beste hainbat arlotako jendearen berri izan ohi dugu. Eta askotan itzaletan lanean ari den jende hori ezagutarazten dute,merezitako aitorpena eginez.
4. Esan bezala, tokiko kazetaritza izaki,gure eskualdean gertatzen dena eta egosten dena kontatzen digu egunkari edo komunikabide handiek baino sakonago eta zehatzago. Gainera, dena euskaraz idatzita dago eta hori euskararentzat bultzada handia da.
5. Galdera zaila. Burura datorkidan lehenengo ideia edukietatik haratago doa. Seguruenik horretan ere bazabiltzate baina Geuriaren ekoizpena(papera,erabilitako material zein produktuak etab) ahalik eta jasangarrienak izatea ondo legoke. Ingurunearekiko inpaktua ahal beste txikitzea alegia.
6. Bere herriari edo bere auzoko herrietakoren bati buruzko informazio interesgarria jaso dezakeelako. Gure inguruko gertaerak era gertuago batean kontatzen direlako eta gainera,guzti hori euskaraz egiten duelako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (V): Elisabeth Luengo, Urtzi Diaz eta Ainhoa Sainz
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Elisabeth Luengo
Adina: 32 urte
Herria: Etxebarri
Lanbidea: Arkularia
“Eskualde mailako kohesioa lortzen du Geuriak”
1. Hego Uribe eskualdean informatzeko leku egokia. Gure alboan gertatzen diren ekintzen, lehiaketen, albisteen eta abarren inguruan informatzeko aukera oso ona delako. Tokiko hedabide txikiek beren egunerokotasunean zuzenean eragiten duten gaiei buruzko informazioa eman diezaiokete komunitateari eta erabiltzaileari doan.
2. Hurbileko informazioa oso ondo azaltzen du. Gainera euskaraz kalitatezko albisteak garatzen ditu. Komunikabideek eragin zuzena dute gizarte baten iritzi publikoan.
3. Tokiko kazetaritza oso garrantzitsua da. Tokiko hedabideek gertutik berri ematen dute, pertsonekin, erakundeekin harremana mantentzen dute eta merkataritza-sareei bizitza eta mugimendua ematen diete. Gure kirol txikiari mikrofono bat eskura jartzen dio GEURIAk. Gainera, tokiko albisteak (gugandik hurbil gertatzen direnak) dira gugan inpaktu handiena dutenak.
4. Gure bizimodua, gure ohiturak, produktu batzuen edo besteen kontsumoa, iritzi publikoa… Gertaera sozial, politiko edo ekonomiko ezberdinei buruz iristen zaigun informazioak inguratzen gaituen errealitateaz gure pentsamoldea alda dezake. Komunikabideek informatzeko, munduko leku ezberdinetan gertatzen dena ezagutzeko, zailtasunak dituztenei elkartasuna adierazteko, gure jatorria berraurkitzeko, gure historia ezagutzeko, eta abar balio dute. Eskualde mailako kohesioa sortzen du, galdakaoztar batek askotan ez daki zer gertatzen ari den Arrigorriagan, nahiz eta 3 kilometrora egon.
5. Hilean behin kaleratu beharrean astero edo hamabostean behin argitaratzea, informazioa oso ona delako. Batzuetan, hilero izanez, berritasuna galtzen da. Agian laburragoa izan daiteke, baina albisteak asteko albisteak izan daitezen gustatuko litzaidake.
6. Geurian informatzea oso gomengarria da, herriari buruzko albisteak ondo idatzita daudelako. Tokiko hedabideak dira udalerri bakoitzeko albiste guztien benetako adituak. Askotan beste komunikabide handiago batzuek jasotzen ez dituzten albisteak irakurtzeko aukera ematen dute. Herrian dauden ekintzak ezagutzeko aukera ematen duelako, herritarren artean elkar ezagutzeko aukera ematen duelako gomendatuko nuke.
Izena: Urtzi Diaz Sanz
Adina: 23 urte
Herria: Arrigorriaga
Lanbidea: Ikaslea
1. Komunikatzeko bide bat non bai gazteok, helduok eta zaharrak irakurri, ikusi eta entzun dezakegu zer nolako gauzak gertatzen diren gure inguruan urrutira joan barik.
2. Inguruko egunkaria dela eta batez ere ondoko herrietan zer nolako gauzak gertatzen diren konturatzea. Azken finean ondoko herrietan asko ibiltzen gara eta ezinbestekoa da jakitea zer nolako albisteak dauden, baita elkarrizketak ere inguruko jendea pizkat hobeto ezagutzeko.
3. Bai. Azken finean beti jartzen dugu ikuspuntua estatu mailako albisteetan baina egunerokotasunean ibiltzen garen tokietan ezinbestekoa da jakitea zer nolako mugimenduak dauden eta horretarako tokiko kazetaritza onuragarria da inguruko herritarrontzat.
4. Lehen esan dudan moduan batez ere inguruko jendea ezagutzea elkarrizketen bitartez eta bestetik hurbiletik ikustea zer nolako albisteak dauzen gure inguruko herrietan. Honekin uste dot pausu handi bat ematen duela gizarteari laguntzeko, azkenean lehenik eta behin hurbilekoa zaindu behar dugulako.
5. Egia esan ez nuke ezer aldatuko, uste dot argi eta garbi dagoela zer nolako edukiak dauden eta herritarrei asko erakartzen duela komunikabide hau.
6. Azkenean lehenik eta behin inguruan gertatzen diren gauzak hobeto ezagutzeko gomendatuko nioke lagun bati. Bestetik komunikabide honetatik gizartea aldatu dezakegula, eta azkenik ez garela joan behar oso urrutira albisteak, elkarrizketak edota irudiak ikusteko, oso garrantzitsua dela gure ingurua ondo ezagutzea eta zaintzea.
Izena: Ainhoa Sainz Ipiña
Adina: 49 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Tabernaria
1. Gure egunkari bat.
2. Orokorrean komunikabideetan agertzen ez diren kirol txikiei ahotsa ematen diezue, eta horren berri izatea garrantzitsua da niretzat.
3. Funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dagoenak baitzarete.
4. Bertatik bertara bizi duzun errealitatea ezagutzen laguntzen dizu, eta eguneroko bidelagun bilakatzen da.
5. Posible den heinean auzoetako albiste gehiago jorratzea nahiko nuke. Herriekin egiten den bezala, baina auzoari erreparatuz.
6. Euskaraz aritzeko edo euskara hobetzeko baliagarria delako, eta inguruko herrietako albisteen berri ematen dizulako.
Geuriak 10 urte: bidearen lezioak, biharko gidari
Geuriak 10 urte / Herritarren berbak (IV): Estibaliz Carracedo, Itziar La Concha eta Mikel Karrillo
Geuriak 10 urte: labur.eus/Geuriak10urte
Hego Uribeko herritarren berbak:
Galderak:
1. Geuriak 10 urte bete ditu. Geuria aipatzen dizutenean, zer da burura datorkizun lehen gauza?
2. Zer da gehien gustatzen zaizuna Geuria komunikazio proiektuan?
3. Garrantzitsua al da zuretzat toiko kazetaritza?
4. Zertan laguntzen du Geuriak gizartean?
5. Zer hobetu, aldatu edo gehituko zenuke Geurian?
6. Zergatik gomendatuko zenioke lagun bati Geurian informatzea?
Izena: Estibaliz Carracedo Osinaga
Adina: 46 urte
Herria: Galdakao
Lanbidea: Kultura teknikaria
“Eskualdeko informazio kulturala sakon lantzen du Geuriak”
1. Bi ideia azpimarratuko nituzke, komunikabidea bata, eta informazioa bestea. Horrela definituko nuke.
2. Bai paperezkoaren bitartez, baina batez web orriaren bidez inguruko herrietako programazio eta ekintza kulturalen berri aurrerapenaz ezagutzeko aukera daukat, eta gainera testuinguru jakin batean kokatuta, izan albistea edo elkarrizketa (erreportajea idatziz).
3. Noski. Egunero bizi duzun errealitatea jorratzen duen kazetaritza da, eta zentzu horretan zuzeneko informazioa jasotzen duzu, bertatik bertara jaso, kudeatu eta plazaratu dena. Gizarte osasuntsu eta heldu bat izateko behar-beharrezko aldagaia da tokikoa.
4. Goiko erantzunean esan bezala, komunikabideeak orokorrean, eta tokikoek bereziki, gizartearekiko ardura handi bat daukate, hurbilekoak izatean badaukatelako sinesgarritasun bat irabazita, eta sinesgarritasun hori da egunero jokoan jartzen dutena. Hori galduta, ez lukete egun herritarrekin duten lotura ezta babesa izango. Gainera, Geuria bezalako medio batek normalean ahotsa ez dutenei ahotsa ematen die, eta horrek ere badauka balio bat.
5. Ondo dagoena ez da ukitu behar, baina zeozer aipatzekotan zera esango nuke: bigarren erantzunean esan dut ekitaldi kulturalen berri izaten dudala GEURIAn, eta zentzu hortan oso aberasgarria litzateke sarean horien inguruko lanketa bereziak egitea, bideoekin, lehiaketekin etabar…
6. Bere inguruan gertatzen denaz informazio fidagarri eta benetazkoa izateko, eta bizi den eskualdearen aberasgarritasuna ezagutu eta horretaz gozatzeko, euskaratik eta euskaraz!
Izena: Itziar La Concha Aiartzaguena
Adina: 32 urte
Herria: Ugao
Lanbidea: Administraria
1. Zonaldeko egunkari digitala.
2. Aipatutakoa, gure zonaldeko berriak agertzen direla, danetarik dagoela…
3. Bai. Garrantzi handia dauka egunero bizi duzun errealitate horretan zure burua kokatzeko.
4. Ba Euskalduna izanik, euskara bultzatzen laguntzen du adibidez, edota normalean egunkari batean agertzen ez diren gertaerak erakusten ditu.
5. Berdin jarraitzea berri pozgarria litzateke.
6. Hurbileko informazioa jorratzen dela, seriotasunez eta sentsazionalismorik gabe.
Izena: Mikel Karrillo Garikano
Adina: 32 urte
Herria: Basauri
Lanbidea: Kirol arduraduna
1. Gertutasuna. Ez bakarrik gertuko berriak jorratzeagatik, baizik eta, nere hizkuntzan informatua izateko aukera emateagatik.
2. Gai desberdinak jorratzean bertatik egitea, kalean bizirik ikustea, besteen kontakizunak entzun beharrik gabe publikatuz
3. Noski. Munduko beste alderdietan gertatzen denak garrantzia izan dezake, baina ingurukoak eragiten du zuzenki norberaren bizitzan.
4. Gertutasun sozialean eta inguruko herrietan lortzen diren aurrerapenak erreferente bezala plazaratzean.
5. Hego Uribeko euskal hiztunen kolektiboa handitze eta indartze aldera, euskera bultzatzen dugun taldeei, hizkuntzan oinarrituta, ikusgarritasuna ematen dion atal bat zabaltzea, apurka apurka beste hainbat biltzen has daitezen.
6. Gertuko berriak direlako, herrikoa plazaratzen dutenak.