Sareak

☉ Arrigorriaga

Itsaso Arranz: “Modu oso polit batean hil gaitezke gaur egun”

Arrigorriagako Landaederraga hilerri-parkera hurbildu gara Itsaso Arranz erizainarekin, heriotzaren inguruan berba egiteko herrian Death Kafe izeneko saioak moderatu zituen basauriarrarekin

|

Lehenago edo geroago, denok hil egingo gara. Esaldi hori irakurtzeak errespetua, tristura edo beldurra emango dio bati baino gehiagori. Baina errealitatea da, gaur egungo gizarteak modu batean edo bestean bizitzaren amaierako atal hau nolabait ezkutatu nahi duen arren. Kontuzko gaia da, eta jendea horretaz jabetzen da, baina normalean azken momentura arte ez du horren inguruan ezer jakin nahi izaten eta beste leku batera begiratzen du.

Goibeltasuna, atsekabea eta beldurra izan dira betidanik gai horren inguruan sortu diren sentimenduak. Baina posible litzateke heriotza lasaitasuna, maitasuna edo poztasuna bezalako sentimenduekin lotzea? 2011n Death Kafe izeneko fenomenoa jaio zen Ingalaterran; haren helburu nagusia gizarteak heriotzarenganako tabua ezabatzea eta normaltasunera ekartzea da. Gaur egun gero eta indar handiagoa hartzen ari den ekimena dugu Death Kafea nazioarte mailan. Sortu zirenetik 4.200 saio baino gehiago egin dituzte 40 herrialde baino gehiagotan.

Hego Uribe eskualdean Arrigorriagan lau saio antolatu zituzten Osasun Forotik duela hilabete batzuk. Bertan izan zen Itsaso Arranz Ramos erizaina (Basauri, 1972), moderatzaile lanetan. Bere eskutik ezagutu dugu malkoetatik harago doan heriotzaren alde ezezagun bat, egoera beste prisma batetik enfokatuz. Arrigorriagako Landaederraga hilerrian elkartu gara berarekin, hilerri tradizionaletatik ihes egiten duen hilerri-parkean, hain zuzen ere.

Nolako ikuspegia dugu heriotzaren inguruan gaur egun?
Bistan da gizarteak alde batera uzten duen gaia dela heriotzarena. Egunero ikus daitekeen “arazo” bat da: lagunartean normalean ez dugu heriotzaren inguruan berba egiten orokorrean. Zenbatetan galdetu diegu lagunei: “Aizu, zein litzateke zure heriotza perfektua?”. Arraroa litzateke, ezta? Horixe bera gertatzen da gizarte osoarekin.

Horretarako dira Death Kafe saioak, ezta?
Bai. Senide eta lagunei heriotzaren inguruko solasaldiak antolatuko nituela esan nienean ea zoratuta nengoen galdetu zidaten: “Heriotzaren inguruan berba egin? zergatik?”. Jendeak, oro har, ez du ezer jakin nahi, behintzat, azken momentua heldu arte, eta horrek ondorio txarrak izan ditzake.

Eta hori aldatu daiteke?
Txikitatik heriotzaren inguruan haurrak kontzientziatuko bagenitu dena errazagoa litzateke, gaur egungo beldur hori galduko litzatekeelako. Gaur egun, pertsona bat hiltzen denean automatikoki egiten dugun lehen gauza umeak bertatik aldentzea izan ohi da. Heriotza bizitzaren alde natural bat bezala ikusiko bagenu, ordea, ez genuke horrela jokatuko. Horregatik dira garrantzitsuak Death Kafe saioak, besteak beste.

Death Kafe. Aizu, eta zergatik kafe bat eta ez ibilbide bat baso batean barrena heriotzaren inguruan berba egiteko, esaterako?
Death Kafeak hasi baino lehen, aurkezpen modura, ekimenaren jatorria azaltzen da saio bakoitzean, jendeak praktika hau nondik datorren jakin dezan. Death Kafea Ingalaterran jaio zen 2011n, Jon Underwood eta Sue Barskyren eskutik, Bernard Crettaz soziologo austriarraren ideietan oinarrituta. Jon Underwood Sue Barskyren semea da, eta heriotzaren fenomenoa normalizatu nahi zuten. Hortik abiatuta jarri zituzten martxan kafe hauek Ingalaterran. Hasiera batean modu intimoan egin zuten, Sue eta Jonen etxean, kafea hartu eta gozoak jaten zituzten bitartean.

Eta hortik abiatuta jende artean zabaldu zuten?
Bai, noski. Jendeak ekimen honen berri izan behar zuen eta esparru pribatutik publikora eraman zituzten Death Kafe saioak. Horrela, tabernetan eta kafetegietan antolatzen hasi ziren. Ideia sinplea da: heriotzaren inguruan berba egin kafea hartu eta gozoak jaten diren bitartean. Noemi izeneko erizain bat ezagutu nuen, ‘Doble sonrisa’ fundazioko kidea. Berak dio horrela izan behar duela: leku publikoetan. Gaur egun hainbat hiritako gizarte etxeetan antolatzen dituzte eta horiek leku publikoagoetara eraman beharko lirateke. Kontuan izan ume batek ere bertan parte hartzeko askatasun osoa izan beharko lukeela eta “zeren inguruan ari zarete?” galdetuko balu, inolako arazorik gabe erantzun beharko litzaiokeela, gaia normaltasunez jorratuz.

“Txikitatik heriotzaren inguruan haurrak kontzientziatuko bagenitu dena errazagoa litzateke, gaur egungo beldur hori galduko litzatekeelako”

Nola heldu zen Death Kafe ekimena Arrigorriagara?
Zainketa aringarrien ataleko erizaina naiz Arrigorriagako anbulatorioan. Duela urte batzuk Osakidetzako Innopal zainketa aringarrien inguruan antolatutako jardueretan hartu nuen parte. Bertan ezagutu nuen Noemi. Noemik Death Kafe ekimenak aurkeztu zituen Innopalen eta gai izugarria iruditu zitzaidan. Bestalde, Arrigorriagako Osasun Foroan parte hartzen dut hilero eta Noemi bera Arrigorriagako anbulatoriora gonbidatu zuten Death Kafe horiek zer ziren azaltzera. Aurkezpen zoragarria egin zuen eta momentu hartan erabaki nuen ekimen hura Arrigorriagan bertan antolatu behar genuela. Lehen saioan Noemi bera egon zen moderatzaile lanetan.

Azken batean pertsona talde bat gidatu behar da.
Death Kafeetan heriotzaren inguruan modu positiboan berba egiten duten pertsonak biltzen dira eta moderazio lanak bete behar dituen arduraduna egon behar da. Noemiren laguntzarekin lehen saioa eginda, gainontzekoetan nik egin nituen moderatzaile edo erraztaile lanak.

Nolako pertsonek hartu zuten parte Arrigorriagako saioetan?
Adin ertaineko emakumeek bereziki. Egia da beste talde batzuetan ere gizonezkoen parte-hartzea badagoela, baina Arrigorriagako kasuan ez. Arrigorriagako taldean, esaterako, heriotzarekin esperientzia hurbila bizi izandako pertsonak izan ziren horietako asko. Esperientzia horiek, nolabait, heriotzaren inguruan hausnarketa egitera bultzatu zituzten.

Doluak lekurik ba al du zuen saioetan?
Death Kafeetan ez: ez dira dolurako espazioak. Behin, emakume bat heldu zen saiora, duela gutxi senide bat hil zitzaiola esanez. Death Kafeen helburua ez dela doluak tratatzea esan nion. Horretarako badira bestelako saio espezifikoak: berez, Death Kafe saioez gainera Doluaren inguruko Kafeak, Laguntasun Kafeak eta Bakardadeko Kafeak izeneko saioak daude, bakoitza bere helburuekin.

Death Kafeen egitura nolakoa da?
Ordubeteko edo ordu eta erdiko saioak izan ohi dira, astunak izatera heldu gabe. Saio bakoitzean Death Kafearen sarrera bat egiten da eta jarraian heriotzaren inguruan berba egiten hasten dira 10 lagunez osatutako taldetan. Saioek ez dute gidoirik eta ez dago zertan ondorio batera heldu beharrik. Gainera, parte-hartzaileek dituzten ikuspuntu guztiak errespetatu behar dira. Amaitzeko, azpimarratu beharrekoa da saioetan esaten den guztia bertan geratu behar dela, konfidentzialtasuna mantenduz. Azken hau bereziki garrantzitsua da Arrigorriaga bezalako herri txikietan.

Eta zuk, erraztaile modura, nolako lanak burutzen dituzu Death Kafeetan?
Bi hilabetean behin prestatzen nituen saioak, Udalaren oniritziarekin. Arrigorriagako Udaletik kartelak eman, herrian zehar banatu eta saioak gauzatuko ziren tabernekin harremanetan jarri eta dena prestatzen nuen. Saio bakoitza taberna ezberdin batean antolatu genuen eta bertara gozoak, kandelak, loreak… eramaten genituen.

Formazio berezirik jaso duzu saioak antolatzeko?
Hainbat Death Kafetan hartu dut parte eta, gainera, Noemik emandako ezagutzez baliatu naiz. Berez, nire lana ez da batere teknikoa izan. Hala ere, antolatutako saio bakoitzean argi azaltzen zen heriotzaren inguruan berba egiteko ekimena zela, eta ez doluaren inguruko terapia egiteko. Gainera, Death Kafeetan ez dago zertan inolako ondoriotara iritsi beharrik eta ez dago aurretik idatzitako gidoirik. Helburua berba egitea da eta gizarteak heriotzaren inguruan duen beldur hori ezabatzea. Eta ez hori bakarrik: saio hauek oso lagungarriak dira baita ere, osasungintzaren esparruan, momentua heltzen denean fase terminalean dauden gaixoentzat, gaur egun modu txarrean hiltzen garelako.

Zergatik diozu hori?
Osasun sistematik, gaur egun ez diogu egia osoa komunikatzen hilko den gaixoari. Asko kostatzen zaigu pertsona bati zenbat denbora geratzen zaion esatea edo sendagarria ez den gaixotasun bat pairatzen ari dela komunikatzea: mina arintzen lagunduko dion laguntza eman dakiokeela esaten zaio askotan, baina gainontzekoak tabua izaten jarraitzen du. Ondorioz, pertsona horrek ez dauka behar bezala agurtzeko denborarik, ezta prestatu beharreko gauzak lotzeko astirik ere. Gainera, askotan, familian ezkutatzen den gaia izan ohi da heriotza: hilzorian dagoen gaixo baten senideak jakinaren gainean daude, baina hiltzera doana ez. Eta, gainera, ez diote egoeraren berri ematen. Bestalde, doluak zailak izan ohi dira, ahaztutako gauzak egon ohi dira askotan eta gauzak beste modu batean egin daitezke.

Beste modu batean… Ondo hil gaitezke?
Are gehiago: modu oso polit batean hil gaitezke gaur egun. Antzina, ohikoena jendea modu naturalean eta ondo hiltzea zen. Kontzientzia handiagoa zegoen gai horren inguruan, herri txikietan bereziki. Nik ospitaletan lan egin izan dut eta betidanik pentsatu izan dut jendea ospitaletan hiltzen zela. Behin Berriatuan lan egin behar izan nuen eta jendea etxean hiltzen zela ikusi nuen, familia eta lagunez inguratuta. Hori gaur egun, gezurra iruditu arren, egingarria da. Osakidetzak hori egiteko baliabideak ditu eta posible da etxean modu duinean hiltzea, ospitaleetako hoztasunetik urrun.

Sentimenduen alorrean eta zuk esan bezala, heriotza tristura eta beldurrarekin erlazionatu ohi dugu. Baina “ondo hil gaitezkeela” esan duzu. Beraz, sentimendu positiboentzako lekua badago?
Badaude heriotza onartu duten pertsona eta senideak, eta geratzen den denbora ahalik eta gehien disfrutatzen saiatzen dira. Alde negatiboan pentsatu beharrean positiboa bilatzen dute. Nire kasuan, haur txiki bi zituen familia bat ezagutu nuen. Senarra, oso gaztea izan arren, gaixorik zegoen eta ez zitzaion denbora askorik geratzen. Etxean hiltzea erabaki zuen eta benetan zoragarria izan zen: seme-alabek bazekiten beren aita laster hilko zela eta naturaltasun osoz jorratu zuten gaia. Euren artean berba egiteko astia izan zuten eta jakina, negar egiteko tartea ere izan zuten. Baina baita barre egiteko ere. Gainera, elkarrekin emandako denbora zoragarriaz hausnarketa egiteko tartea izan zuen familiak. Bestalde, senide eta lagun guztiak agurtzeko aukera izan zuen. Etxetxo batean bizi zen eta egunero lorategira irteten zen, asko gustatzen zitzaiolako.

Honek guztiak esan nahi du hiltzeko modu asko daudela, eta horien artean modu egoki ugari daudela, behar bezala landuz, elkarbanatuz… Jarrera aldaketa bat behar da: isilik eta haserre egon beharrean egoerari buelta emanez eta geratzen diren egunak inoiz baino hobeto gozatuz.

“Death Kafeetan ez dago zertan inolako ondorioetara iritsi beharrik eta ez dago aurretik idatzitako gidoirik. Helburua berba egitea da eta gizarteak heriotzaren inguruan duen beldur hori ezabatzea”

Arrigorriagako Death Kafeak lau saio baino ez zituen izan. Zer gertatu zen?
Saioek indarra galdu zuten eta gero eta jende gutxiago etortzen hasi zen. Azken saioa gogoan daukat. Tabernara heldu nintzenean, kartela ipini eta jabea harrituta azaldu zen heriotzaren inguruan berba egingo genuela jakitean. Death Kafearen eguna heldu zen eta tabernara heldu ginenean ez zegoen kartelik bertan. Saio hartara Arrankudiagako pertsona bat heldu zen bakarrik eta ekimenaz galdetzean tabernariak bertan ez zela horrelakorik antolatuko erantzun zion, ni aurrean egonda ere. Trabak jarri zizkiguten, gaur egun gizarteak gai honi buruz duen jarrera azaleratuz. Arrigorriagako Death Kafeak pandemia ostean hasi genituen eta ez dakit momentu ona izan zen, jendea heriotzaren inguruan gogaituta zegoelako batez ere.

Hala ere, Death Kafeak nazioarteko hiri eta herri askotara heltzen ari dira eta benetan interesgarria da. Euskal Herrira 2015ean heldu zen eta gero eta onarpen handiagoa izaten ari da. Ni neu Death Kafeen inguruko talde batean nago.

Hala ere, Death Kafea berpiztuko duzu Arrigorriagan.
Asmoa Arrigorriagako Arandia egoitzan antolatzea da. Nagusientzako egoitza batean egingo baditugu ere, edonori zuzendutako saioak izango dira: adinekoak, senideak, egoiliarrak… eta bertara hurbiltzen den edonor. Heriotza ez baita adin kontua soilik; are gehiago, Osasun Foroan Arrigorriagako Jubilatuen Elkartea dago eta gai honen inguruan ez dute ezer jakin nahi, euren arabera honek esan nahi duelako heriotza gertu dutela, eta ez du zertan horrela izan behar.

Bai, baina Death Kafe bat nagusien egoitza batean zabaltzea ere…
Pandemiaren amaieratik, gaur egun ateak zabaltzen hasi dira nagusien egoitzak, gizartera berriro itzultzea eta, aldi berean, gizartea beren mundura bueltatzea ahalbidetuz. Death Kafearen bidez adinekoak eta gizartea harremanetan jartzeko beste modu bat da.

Heriotza duin bat izateari buruz berba egin behar da, barneratuta izan behar den kontua da. Lehenago edo geroago denoi gertatuko zaigu eta gaia jorratuta badugu heriotza ona izateko prozesua askoz errazagoa izango da denontzat.

☉ Arrigorriaga

#A21 / Emaitzak / Arrigorriaga / EAJk sendo eutsi dio EH Bilduren igoerari

#A21 / Arrigorriaga / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

Euskal Herriko lehen zirku ibiltaria Hego Uribera helduko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

|

2017an sortu zuen Iker Galarza aktoreak Gure Zirkua / Gure zirkua

“Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietako herritarrekin”.

Hori da Iker Galarzak sortu duen Gure Zirkuaren definizioa eta helburua. Apustu arrakastatsua izan da Euskal Herriko lehen zirku ibiltariarena, eta udaberriarekin batera euren zazpigarren birari ekin diote. Urte hasieran “Gure zirkua heldu da” dokumentala estreinatu zuten Eitb-ren Nahieran plataforman.

Lehen aldiz euren karpa Hego Uriben altxatuko dute, Arrigorriagan. Maiatzaren azken egunean helduko dira kiroldegiko PP2ra, eta honako hauek dira guztira egingo dituzten 8 saioen egunak eta ordutegiak:

Maiatzak 31 19:00

Ekainak  1 16:30 eta 19:00

Ekainak 2 12:00 eta 17:00

Ekainak  7 19:00

Ekainak 8 16:30 eta 19:00

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko aurrerapausoa eman dute Arrigorriagan

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die Udalak auzotarrei, aztertu dezaten

|

Saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar auzoak / Geuria

Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoa herriko txikienetakoa da, eta dituen berezitasunengatik saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar. Gauzak horrela, udal gobernua lanean hasi zen 2019an auzotarrekin batera.

Ordutik hona, hainbat pauso eman dituzte: alde batetik, Ur Partzuergoarekin lotutakoak, saneamendua eta hornidura dela eta. Bestetik, obra zibila aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen Arrigorriagako Udalak. Horretarako, beharrezkoa zen  auzotarrak komunitate gisa eratzea, bidean agertu eta agertuko diren hainbat oztopori aurre egiteko.

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die udalak auzotarrei, aztertu dezaten. Behin hori zehaztuta, eta udaleko arduradunek azaldu dutenaren arabera “bi aldeen adostasunarekin, udalak beharrezko mekanismoak jarriko lituzke martxan Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, proiektuaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: Osasun eta Higiene ardura eta heldutasun politikoaren eredu izaten ari da. Gobernutik merezi duen inbertsioa egingo dugu
auzo honetan, eta auzokideek jarrera aktiboa eta kolaboratiboa erakutsi dute, eta hori eskertzekoa da”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Sagarrak ekologista taldeak Arrigorriagako Mendikosolo eta Abrisketako Done Peri bisitatuko ditu

Doako bisita apirilaren 28an antolatu dute Basaurikoek Ekologistak Martxanekin elkarlanean eta izena emateko azken eguna hilaren 25a izango da

|

Urko Ibañez basozaina, Mendikosolo parkeko presan // Geuria

Basauriko Sagarrak Ekologista Taldeak Arrigorriagako balio natural eta historiko handiko ingurune txikiak bisitatuko ditu datorren apirilaren 28an. Zehazki Arrigorriagako erdigunea, Mendikosolo parkea eta Abrisketako Done Peri baseliza bisitatuko dituzte parte-hartzaileek Ekologistak Martxaneko Eduardo Renovales kidearen eskutik.

Txangoa egun erdikoa izango da, 09:00etatik 14:00ak arte, gutxi gorabehera. Hitzordua apirilaren 28a izango da eta geralekua Basauriko Bidebieta geltokia izango da, 09:00etan. Espero dute 09:30ean Arrigorriagara heltzera.

“Bisita Arrigorriagako tren geltokian hasiko dugu eta lehenengo geldialdia ondoko Teodosia Ortega parkean egingo dugu”, azaldu dute elkartetik. “Aurkezpenaren eta agurraren ondoren, gauden lekuaz, zuhaitz esanguratsuenez eta hiri-inguruneetako parkeen balioaz egingo dugu berba”.

Antzara bat, Mendikosolon // Geuria

Arrigorriagako herrigunetik Mendikosolora abiatuko dira eta bidean inguru urbanizatuko harizti batean geldialdia egingo dute eta hortik zuzenean Mendikosolo parkeko sarrerara joango dira. Sarreran bertan parkeko iraganaz eta bertako balio naturalez berba egin ostean, presako aldamenetik doan bideari ekingo diote eta Mendikosolo atzean utziz mendian gora abiatuko dira.

Igoeraren amaieran Abrisketako Done Peri baselizara helduko dira ibiltariak eta tenpluaren historiaz eta inguru txiki honetan egindako azken ikerketen inguruan hitz egiteko aukera izango dute.

Teresa Campos, Abrisketako Done Peri baselizako ikerketetan // Geuria

Kontuan hartzekoak

Lehenik eta behin, ibilaldia herritar guztiei zabalik dago eta bertan hartzeko izena ematea beharrezkoa dela iragarri dute Sagarraketik. Izen emateak webgune honen bidez egin daitezke eta izena emateko azken eguna apirilaren 25a izango da.

Bestalde, ibilbidea modu egokian egiteko zapata erosoak eta makila eramatea gomendagarria dela azpimarratu dute elkarteko kideek eta Mendikosolotik Abrisketako San Pedrora doan igoera “zailtasun ertainekoa” bezala definitu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arritxikerrak proiektuak sukaldaritza tailerra prestatu die Arrigorriagako txikiei

Familiak euskaraz aritzeko jarduera Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxeko Azokea aretoan antolatu dute apirilaren 18an

|

Haurrak, Arritxikerrakek joan den M8an antolatutako mozorro tailerrean // Geuria

​​​Datorren apirilaren 18an Sukaldaritza tailerra prestatu dute Arritxikerrakekoek bi eta sei urte bitarteko txikientzat, Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxeko Azokea aretoan.

Familiak euskaraz aritzeko jarduera honek txanda bi izango ditu: lehena bi eta lau urteko haurrei zuzenduta dago eta 17:00etatik 17:40etara izango da. Bigarren saioa 17:45etik 18:30ra izango da, lau eta sei urtebitartekoentzat.

Edukiera mugatuko ekintza izango da eta Arritxikerraketik azaldu dute izena emateko arritxikerrak@gmail.com​ idatzi behar dutela intersdunek. Bertan, ume kopurua eta horien adina zehaztu beharko da.

Osorik irakurri