☉ Basauri
Leire Pinedo: “Sentimenduek geure burua hobeto ezagutzen laguntzen digute, egiten duguna gure balioetara bideratzen”
Sentimenduek geure burua hobeto ezagutzen laguntzen digutela dio Leire Pinedo psikologo basauriarrak. Errealitate horretan murgildu gara berarekin eta bere esperientzian oinarritutako ezagutzaren inguruan mintzatu gara
Emozioak eta sentimenduak aztergai, Leire Pinedo psikologoagaz elkartu gara (Basauri, 1990) Basolezai Gizarte Etxeko patioko horma koloretsuen aurrean. Sentimenduak disekzionatu eta horiek pertsonen ongizatean izan ditzaketen harremanen inguruan aritu gara basauriarrarekin. Pinedok sentimendu guztiak positiboak direla azaldu digu, bakoitzak kutsu atsegin edo desatsegina badu ere, geure buruari eta bizi garen egoerei buruzko informazioa ematen digutelako, besteak beste.
Leirek Basauriko Osasun mentalaren unitatean egin zuen lan 2020 urtean, koronabirusa gure bizitzara heldu zen garaian, hain zuzen ere. Kontuan hartu beharreko osasun neurri guztiek ekarritako deserosotasuna hor egon arren, maila profesionalean eta pertsonalean esperientzia aberasgarria izan zela azaldu digu.
Nolako garrantzia dauka osasun mentalak gaur egungo gizartean?
Gero eta kontzientziatuago gaude gure ongizaterako funtsezkoa dela. Orain arte, garrantzi handiagoa eman izan zaio osasun fisikoari. Nire sentsazioa da gero eta arreta handiagoa eskaintzen diogula eta osasun mentalari buruz gehiago hitz egiten dugula, kezkatzen gaituen zerbait delako.
Zergatik da hain garrantzitsua?
Osasun mentalaren definizioari erreparatzen badiogu, ongizate mentalaren egoera da, bizitzako estres-uneei aurre egitea ahalbidetzen duena, ditugun trebetasun guztiak ezagutzea eta garatzea, behar bezala ikasi edo lan egitea eta komunitateari ekarpena egitea. Gaur egun, ulertzen dugu ez dagoela osasun osorik osasun mentalik ez badago.
Nolako bilakaera izan du osasun mentalak urteek aurrera egin ahala?
Alde batetik, uste dut pixkanaka ikasten ari garela zer gauzek egiten diguten on eta nola zaindu dezakegun geure burua, ongizate mentala barne. Bestalde, daukagun erritmoak, bizimoduak eta prekarietateak zaildu egiten digu geure burua zaintzea: gaur egun oso estresatuta bizi gara, eta horrek ondoeza sortzen digu.
“Askotan, emozioekin modu osasungarrian erlazionatzea kostatzen zaigu”
Nolako garrantzia daukate sentimenduek psikologian eta, nola ez, pertsonengan?
Sentimenduek geure burua hobeto ezagutzen laguntzen digute, egiten duguna gure balioetara bideratzen, emozioak erregulatzen eta besteekin harreman osasungarriagoak izaten. Psikologiak, jokabidea aztertzen duen zientzia den aldetik, asko hartzen ditu kontuan emozioak eta sentimenduak, zuzenean eragiten baitigute.
Zein motako sentimenduak lantzen dira psikologiatik?
Esaten da bost sentimendu mota existitzen direla, baina horien atzean hainbat aukera edo “nahasketa” posible daudela ikusi dugu. Oinarrizko emozioen hainbat sailkapen daude, ezagunena Paul Ekmanena da, oinarrizko sei emozio definitzen dituena: haserrea, poza, harridura, nazka, tristura eta beldurra. Bakoitzetik abiatuta, hainbat ñabardura edo nahasketa daude. Adibidez, pozetik zoriontasuna, harrotasuna, plazera edo baikortasuna eratortzen dira.
Zergatik da hain garrantzitsua sentimendu horiek identifikatu eta sailkatzea? Esaterako, Anna Llenasen ‘Koloretako Munstroa’ liburuan (Flamboyant, 2012) sentimenduak nahasten dituen munstro bat dago, erabat nahasita, eta horiek identifikatzea eta bereiztea da istorioaren helburua.
Emozioak hitzez adierazi ahal izateak hobeto ulertzen eta erregulatzen laguntzen digu. Baina hizkuntzak ezin ditu beti zehazki definitu, adierazteko beste modu batzuk ditugu, hala nola adierazpen artistikoa: pintura, idazketa, dantza… Askotan, adierazteko gai ez izatea baino gehiago, emozioekin modu osasungarrian erlazionatzea kostatzen zaigu. Kulturari dagokionez, emozio desatseginak saihesten ikasten dugu, baina hori ezinezkoa da eta arazoak ematen dizkigu. Emozio bakoitza onartzea eta sentitzea da egokiena.
Poztasuna, haserrea, tristura, lasaitasuna, beldurra, maitasuna. Inork esango luke sentimenduak positiboak edo negatiboak izan behar direla. Hala da edo gehiago dago horren guztiaren atzean?
Batzuetan positibotzat edo negatibotzat jotzen diren arren, ez zait egokia iruditzen. Egia da batzuk atseginak direla eta beste batzuk desatseginak, baina guztiak positiboak dira, geure buruari eta bizi garen egoerei buruzko informazioa ematen baitigute, eta bizitzeko eta erabakiak hartzeko baliagarriak eta moldagarriak baitira.
Adin jakinik ba al dago pertsona bat sentimenduen alorrean hezteko?
Esango nuke inoiz amaitzen ez den ikaskuntza-prozesu bat dela, denok ikas dezakegu hobeto erlazionatzen gure sentimenduekin. Eta egoera berriei aurre egin behar diegun heinean, erronka berriak ditugu zentzu horretan.
Bakoitzak aukera desberdinak izan ditugu haurtzaroan trebetasun horiek garatzeko, baina beste une batean ardura gaitezke horretaz.
“Kulturak emozio desatseginak saihesten irakatsi digu, baina horrek arazoak ematen dizkigu”
Sentimenduen identifikazioa eta sailkapena beretsua izan ohi da pertsonaren adina edozein delarik?
Garatzen garen heinean, gehiago ezagutzen ditugu gure emozioak eta egoera mentalak, eta zehatzago azaltzen ikasten dugu. Lehen aipatu duzun Koloretako Munstroa egokia da haur txikientzat, baina emozioak ulertzeko modu oso sinplea da helduentzat.
Zu zeu psikologoa izanik, zeintzuk izan ohi dira pazienteen kezkak, ardurak, gaitzak… ongizatearen esparruan?
OMEren arabera, munduan zortzi pertsonatik batek buruko nahasmendua du. Ohikoenak nahasmendu emozionalak dira, antsietatearekin edo depresioarekin lotuak. Emozioei dagokienez, uste dut kosta egiten zaigula maneiatzea errua, lotsa, segurtasunik eza, beldurra, bakardadea, beldurra… nahiz eta pertsonaren araberakoa izan, denok errazago erlazionatzen gara pertsona jakin batzuekin beste batzuekin baino.
Basauriko osasun mentalaren unitatean lan egindakoa zara. Nolako esperientzia izan da zuretzat?
COVIDaren urtea izan zen, beraz, nahiko une berezia. Neurri bereziak hartu behar izan genituen kutsatzeak saihesteko, eta ezohiko egoera batera egokitu behar izan genuen. Zailtasunak zailtasun, maila profesionalean eta pertsonalean esperientzia aberasgarri gisa baloratzen dut.
Psikologoarena askotan zentzu negatiboan baloratu den figura dugu. Zergatik izan daiteke hau?
Gaur egun oraindik ere estigma bat dago osasun mentalaren arloan, ezjakintasunagatik eromenarekin lotzen baita. Zentzu horretan baikorra naiz, uste dut gero eta interes eta dibulgazio egokiagoa dagoela eta informazio gehiago dugula, funtsezkoa aurreiritziak desegiteko eta sozialki sufritzen duten pertsonei hobeto lagundu ahal izateko.
Gaur egun non kokatu behar dugu psikologoaren figura? Antzina bezala ikusten du gizarteak edo gaur egun pertsona guztiok “behar” dugun figura da?
Psikologoarengana joatea gero eta onartuago dagoela uste dut, gazteek normaltasun handiagoz bizi dutela ikusten dut. Ikasten ari garenez, ez dugu oso argi zein egoerak behar duten laguntza psikologikoa. Min edo ondoeza fisiko guztiek medikuaren beharrik ez duten bezala, ondoez psikologiko guztiek ere ez dute psikologoaren beharrik. Psikoterapiak ez du irtenbide magikorik ematen, ez da hitz egitea bakarrik, gure konpromisoa eskatzen du desberdin jokatzeko eta aldaketak egiteko, helburu errealistekin.
“Sentimendu guztiak dira positiboak, geure buruari eta bizi garen egoerei buruzko informazioa ematen baitigute”
Fisioterapeutek, esaterako, urtean zehar bisitak egitea gomendagarria dela diote. Gauza berbera esan daiteke psikologiaren esparruan edo ez du zertan horrela izan behar?
Egia da ez dugula zertan itxaron arazo handi bat izan arte. Baina errealistak izan behar dugu terapiak lor dezakeenari dagokionez. Ondoez guztiak ezin dira terapiarekin konpondu. Terapiaz balia gaitezkeen ala ez zalantza badugu, beti kontsulta dezakegu, eta psikologook zentzu horretan orientatu behar dugu.
Baina uste dut terapia psikologikoak eskubide bermatua izan beharko lukeela pertsona guztientzat, ezin dela bakoitzaren baliabideen mende dagoen pribilegio bat izan.
Gaur egungo gizartean antzina existitzen ez ziren sare sozialak ditugu gure artean eta rol garrantzitsua jokatzen dute gizartean. Nolako eragina dute Facebook, Instagram edo Tik Tok bezalako plataformek pertsonengan psikologiaren ikuspuntutik?
Sare sozialek eragina dute gure ongizatean, batez ere nerabe eta gazteetan, denbora gehiago ematen dutelako horietan. Sare sozialetan ikusten duguna errealitate desitxuratua da. Bertan gauza atseginak, zoriontsuak, perfektuak ageri dira eta egunerokoak edo kutsu negatiboa dutenak saihesten dira. Horregatik, denbora gehiegi pasatzen badugu sare sozialetan, normala dena desitxuratzeko arriskua dago eta konparatzean pentsa dezakegu besteak baino okerrago gaudela eta dezepzionatuta sentitu gure bizimoduarekin.
Zu zeu, berez, oso aktiboa zara sare sozialetan. Nolako erabilera ematen diozu?
Batez ere Twitter erabiltzen dut. Nire ustez, sare sozialak, ondo erabiltzen baditugu, aukera izan daitezke harreman osasuntsuak garatzeko, informatuak egoteko edo gauzak ikasteko. Ni saiatzen naiz ekarpen positiboa egiten eta erreminta horren bidez “giro ona” sortzen. Haserrea adierazten duten kontuak edo deseroso sentiarazten nautenak saihestu egiten ditut beti. Sare sozialak gure bizitzaren parte dira, eta horiek modu eraikitzailean erabiltzen ikasi behar dugu, guretzat ingurune seguruak izan daitezen.
☉ Basauri
Bideoa / Gerraren eta faxismoaren aurkako murala margotu du Hego Uribeko GKSk Basaurin
Urtarrilaren 25ean, larunbatez, GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean (18:00, Jesusen Bihotza plazatik), ‘Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora’ lemapean.
Mobilizatzeko deialdia zabaltzeko helburuarekin, Basaurin eta Galdakaon mural-margoketak antolatu dituzte gaur, urtarrilak 18: goizean Basaurin eta arratsaldean Galdakaon.
Muralaren diseinua Elene Uribarri galdakoztarrak egin du eta Basaurin dozena bat gazte batu dira.
Olatz Galindez Verano Hego Uribeko GKSko kidearekin berba egin dugu goizean Basaurin: “Azken aldian eskualdean hedatzen ari dira faxismoari bidea ireki ahal dioten ideia erreakzionarioak, konkretutik, arrazistak eta matxistak. Adibidez, Basaurin pintada arrazistak agertu dira eta Arrigorriagan eraso arrazista bat eman zen abenduan”.
“Faxismoa langile klasearen aurkako ideologia eta praktika bezala identifikatzen dugu, eta sektore zaurgarrienak kolpatzen ditu; batez ere, migranteak, emakume langileak eta LGTBI kolektiboak. Horregatik, horren aurrean ikusten dugu beharrezkoa dela kaleak hartzea eta gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu”, dio Galindezek.
☉ Basauri
Basaurik 82.000 euro gastatu behar izan zituen 2024an ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko
Zenbateko osoaren erdia baino gehiago, 45.800 euro, Solobarriako karpako pintadak eta olana konpontzeko erabili zituen iaz Basauriko Udalak
2024an zehar herrian izandako ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko 82.000 euro gastatu zituen Basauriko Udalak.
Datuak datu, kalte hauek ordaindu zituen iaz Udalak:
- Eraikinetako hormetako edo Solobarriako karpako pintadak kentzeko: 45.800 euro
- Erre zituzten 10 edukiontzi ordezkatzeko: 12.000 euro
- Igogailuak konpontzea: 11.844 euro
- Bizkotxaldeko parkeko sareak eta segurtasun-zoru berriak konpontzeko: 7.477 euro
- Arrapala mekanikoetako beiren haustura konpontzeko: 4.260 euro
- Komun publikoetan egindako ekintzak garbitzeko: 1.016 euro
“Ekintza horiek kalte handiak sortzen dizkiete zuzenean basauriar guztiei, espazio publiko partekatuak hondatzen dituzte eta herritar guztiengan eragin duen aparteko gastua dakarte”, diote udal ordezkariek: “Adibidez, norbaitek nahita eragitea igogailuek eta arrapala mekanikoek ibiltzeari utz diezaioten izugarrizko kaltea da mugikortasun murriztua duten bizilagun askorentzat”.
Gauzak horrela, Basauriko Udalak dei egiten die gizalegerik gabe jarduten duten edo beren ardurapeko pertsonei hori egiten uzten dieten herritar gutxi horiei, eta eskatzen die haien ekintzen ondorioez jabe daitezen.
☉ Basauri
‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak
Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.
Ekitaldira bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.
Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.
☉ Basauri
Bizkaiko Buruz buruzko esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte larunbatean Basaurin
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian
Bizkaiko Buruz buruko esku pilota txapelketako finalak hartuko ditu Basaurik urtarrilaren 18an, larunbatez, Artunduagako frontoian, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatu dira: kadeteak, gazteak, emakumeak eta nagusiak.
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian.
Aperribaik, gainera, Hego Uribe eskualdeko aurkaria izango du aurrean: Zaratamoko Upo Mendi klubeko Oier Gil.
Lau final
Urtarrilak 18, larunbata
Artunduagako frontoia · 10:00
Kadeteak (3. maila): Jon Aperribai -Bidebieta- vs Oier Gil -Upo Mendi-
Gazteak (3. maila): Galder Buruaga -Lagun Artea- vs Aratz Diez -Olaburu-
Emakumezkoak: June Agirrebeitia -Durango- vs Eva Martinez -Bidebieta-
Nagusiak (3. maila): Markel Cabello -Lezama- vs Enaitz Arandia -Danak Bat-
☉ Basauri
38 urteko gizon bat atxilotu dute Basaurin beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik eta gertakarian parte hartu zuten agenteen aurka jotzeagatik.
Gertaerak atzo arratsaldean jazo ziren. Bakoitza bere ibilgailuan zihoan eta atxilotua modu arriskutsuan gidatzen zegoenez, atzetik zihoan gidariak argi-keinuak egin zizkion.
Aurretik zihoan gidariak orduan pistola atera zuen leihotik eta airera tiro egin zuen, eta ondoren, beste gidariaren aurka apuntatu zuen “modu mehatxagarrian”, Segurtasun Sailetik adierazi dutenez.
Gertaera horren ondoren, bistatik galdu ziren Basaurira iritsi arte. Bertan, biak beraien ibilgailuetatik jaitsi ondoren, berriro topo egin zuten, eta arma zeramanak berriro erabili zuen, mehatxu gehiago eginez.
Biktimak Sos Deiakera deitu zuen eta Ertzaintzako agenteak berehala bertaratu ziren eta ustezko egilea identifikatu zuten.
Identifikatzerako orduan, atxilotuak agenteen aurka egin zuen irainekin eta heriotza-mehatxuak egin zizkien.
Ertzainek ikusi zutenez, atxilotuak alkohola kontsumitzearekin bateragarriak ziren sintomak zituen eta minutu batzuk lehenago ibilgailua gidatzen ari zenez, agenteek alkoholemia-proba egin zioten: baimendutako tasa baino askoz ere handiagoa eman zuen. Gauzak horrela, bide-segurtasunaren aurkako delituagatik ere eginbideak ireki dizkiote.