☉ Zaratamo
Eneritz Jimenez: “Familiek egiten duten emozioen kudeaketa eta adierazpena haurrek ere egiten dute”
Emozioak nola kudeatu ikasteko momenturik garrantzitsuena da haurtzaroa. Umeek etxe ingurunean eta hezkuntza zentroetan jasotzen duten heziketa emozionalari buruz jardun dugu Eneritz Jimenez psikologoarekin
Umeak kameleoiak bezalakoak dira: ikusten dutena imitatu egiten dute. Guraso batek haserretzen denean oihu egiten badu, haurrak ere zarata egingo du umore txarrean dagoenean, eta lasaitzen erakutsi badiote, pazientziarekin kanporatuko ditu frustrazioak. Eneritz Jimenez Etxebarria (Bilbo, 1982) psikologo eta EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasleak ondo ezagutzen ditu haurrei emozioak kudeatzen irakasteko tresnak. “Momentuaren arabera, emozio guztiak dira erabilgarriak, ez dago emozio txarrik”, azaldu digu: “Gakoa, beraz, adierazpenean dago”. Elexaldeko (Zaratamo) liburutegian jardun ondoren, doktoretzan lanean dabil Jimenez. Psikodidaktikan eta konpetentzia emozionaletan aditua, oraingoan berarekin hitz egin dugu haurren hezkuntza emozionalaz gehiago jakiteko.
Sentimenduak izan, jaiotzatik dauzkagu, eta egunerokoan azaleratzen dira. Umeak noiz dira kontziente sentimenduak dituztela, egoera emozional ezberdinak existitzen direla? Eta noiz dira gai horiek identifikatzeko?
Pertsonok biologikoki prest gaude horretarako, emozioak garatzeko. Hilabeteak dituztenean, haurrak gurasoen eta ingurukoen tonu adierazpenak ulertzeko gai dira. Eta ikusmena garatzen hasten direnean, aurpegi keinuak ikusita, oso modu sinplean, baina ulertu egiten dute zer-nolako giro emozionala dagoen inguruan. Horren arabera, negar egin dezakete edo lasaiago aritu. Beraz, instintua jaiotzetik daukagu. Beste gauza bat da gehiago garatzeko aukera izatea: ahozko komunikazioa garatzen hasten direnean, hizketan eta abar. Hori 2 urtetik aurrera gertatzen da, eta horren bidez, oinarrizko emozio batzuk identifikatzen hasten dira. Entzun diezaiokegu ia hizketan ez dakien haur bati, adibidez, haserre edo pozik dagoela.
Gainera, gizarte harremanak gehiago zabaltzen joan ahala, orduan eta konplexutasun handiagoarekin egongo dira kontaktuan, eta ulermena garatzen joango dira. 2 urterekin, familia eremuaz gain, parkean eta beste hainbat lekutan, gainontzeko umeekin ere egoten dira, eta hor hainbat elkartruke gertatzen dira. Adibidez, umetxo bat negarrez ikusten dutenean, agian, ingurukook esaten diegu: “Negarrez dago, triste egongo da? Jausi egin da, mina du…”. Azaldu egiten diegu gertatzen dena, eta haiek informazio hori jasotzen dute. Momentu horretan, hurbildu nahian egon daitezke, bestea kontsolatzeko edo. Beraz, hor salto bat dago. Urtebeterekin edo hilabeterekin, oso ohikoa da umeek beste baten negarrak entzutea eta kutsatzea, haiek ere negarrez hastea. Minaren kasuan, min hori agian ez, baina deserosotasuna haiena izango balitz bezala bizitzen dute. Horrek oso jatorrizko edo oinarrizko mailan, baina enpatia adieraz dezake.
Garapen kognitiboan aurrera egin ahala, gainera, egoera konplexuagoak uler ditzakete: hasieran poza, tristura eta halako emozio sinpleak ulertzen badituzte, gero, abstrakzio maila eta pentsamendu gaitasuna aurrera joan ahala, abilezia gehiago eskuratzen dituzte. Beraz, esan dezakegu, alde batetik, emozioak biologikoak direla, jaiotzatik dugula sentitzeko gaitasun hori, eta gero, gure testuinguruaren arabera, emozioak modu batera edo bestera identifikatzen eta kudeatzen ikasten dugula.
Zein adinetan hasi behar da sentimendu horiek identifikatzen eta kudeatzen irakasteko lana?
Hasiera-hasieratik, nik uste. Haurrei, txikitatik, asko hitz egiten diegu, eta denaren inguruan, gainera: erraztasun handia daukagu umeekin emozioen inguruan jarduteko. Emozioei betidanik eman izan diegu garrantzia bai hezkuntza formalean (Haur Hezkuntzan, adibidez), bai testuinguru ez formalean edo familian ere. Azken horretan, “familia elikaduraz” hitz egin behar dugu: “Triste zaude?” edo “Gaur saltoka ari zara, pozik zaude?” bezalakoak galdetzea. Baina baita laztan bat egin edo besarkada bat ematea ere. Etxean egunero dituzten bizipenekin ikasten dute umeek, eta norbaitekin duten lehen atxikimendua, pertsona moduan, familiako kideekin egiten dute. Hor garatzen dituzte hasierako maitasun sentimenduak, segurtasuna eta abar. Eta imitazioz ikasten dituzte, modelaketaren bidez, haien ereduei jarraituta; hau da, familiek egiten duten emozioen kudeaketa eta adierazpena haurrek ere egiten dute: oihuak eta abar entzuten badituzte, adibidez, haiek ere modu horretan kanporatuko dituzte beren emozioak.
Familian eredu hori izanda, imitazioz garatzen diren adierazpenak aldatu egin daitezke?
Hor dago hezkuntza formalaren garrantzia. Edozein kasutan, osagarria izan behar du familian ematen den hezkuntzarekiko, bereziki, testuinguru egokia ez duten haurren kasuan. Eskolan umeek aukera daukate beste eredu batzuk ikusi eta horietatik ikasi ahal izateko, beste bizipen batzuk izateko. Horregatik hartzen du heziketa formalak emozioen kudeaketa, modu ez zuzenean bada ere, kurrikulumean. Ez bakarrik hasierako etapetan, baita aurreragokoetan ere; izan ere, gaur egun ohartu gara lanketa goi mailara arte luzatu beharko genukeela. Adinean aurrera egin ahala, helduak garenean ere, erronka asko dauzkagu, eta erronka horiei ematen diegun erantzunekin oso erlazionatuta dago emozioen kudeaketa.
Adimen emozionalaren inguruan hitz egiten dugu gaur egun, ez bakarrik gaitasun kognitiboaz, baizik eta adimen emozionalaz, hori nola kudeatu behar dugun. Eta kudeatzen ikasteko, trebatu egin behar gara.
Bestalde, kontuan hartu behar da abilezia berberak landu behar ditugula mutilekin zein neskekin, kultura estereotipoen eragina baztertzeko. Ohartu behar dugu emakumeei eskatzen diegula, batez ere, enpatia azaleratzea eta mutilei, gehienbat, beldurrak ezkutatzea.
Nola egiten da hori txikitan hezkuntza sisteman?
Hezkuntza sisteman zenbait abilezia landu behar ditugula uste dugu, heziketa emozional hori aurrera eramateko. Hasiera batean, emozioak identifikatzea legoke. Horretarako, hiztegi zabala garatu beharko genuke, gero, gure emozioak konplexuak direnean, horiek azaldu ahal izateko hitz nahikoa ezagutzeko. Ikusi dugu, baita ere, beharrezkoa dela gure emozioak ulertzea. Puntu gorena kognitiboki abstrakzio maila garatua dugunean lortuko genuke: emozioak bere konplexutasun osoan ulertzeko gai izatean. Eta azken urratsa erregulazio emozionala izango litzateke: nik identifikatu egiten dut sentitzen dudana, ulertu egiten dut sentitzen dudana, nondik datorren badakit, eta horrekin lotutako jokaera batek zein ondorio izan ditzakeen jakiteko gai naiz, beraz, kapaza izango naiz niretzat onuragarriak izango diren jokaerak zein diren ezagutzeko. Hor sartuko ginateke emozioen erregulazioan.
“Ikasi behar dugu emozio guztiak lagungarriak direla; biologikoki dauzkagula, bizitzeko behar ditugulako”
Bitxia da emozioak kanporatu nahi izatea, baina deskribatzeko (edota identifikatzeko) hitzik ez izatea.
Ez-ahozko komunikazioan antzematen dira eta ulertu egiten ditugu. Kultura ezberdinetan, adibidez, nahiz eta hizkuntza beste bat izan, ez-ahozko komunikazioarekin elkar komunikatu gaitezke. Baina ahozko komunikazioak duen alde ona da, nolabait, osatu egiten dugula elkarrizketa hori, gai garelako emozioen inguruan jarduteko eta sakon eztabaidatzeko. Eta hori ere beharrezkoa da.
Gizartea zenbat eta konplexuagoa izan, orduan eta erreminta gehiago beharko genituzke sentimenduak kudeatzeko?
Baietz esango nuke. Adibidez, pandemian gertatu den zerbait izan da hori, kudeatzeko zaila izan den egoera izan baita eta emozioak deskribatzeko zailagoak izan baitira. Demagun itxialdiko testuingurua: hor emozio asko sentitzen genituen denok, baina gaitasunaren arabera, batzuk kapazak ziren emozio negatiboez gain, positiboetan ere zentratzeko, eta arreta horra bideratzeko. Komunikabideek horretan lagundu zuten, konfinamendu garaian, bat-batean, laguntasuna, familia, baloreak eta halako emozio positiboak bultzatzen hasi zirelako, herritarrek emozio horiek jaso zitzaten. Kontrara, norbaitek doluari eta horrelakoei bakarrik erreparatzen bazien, ondorioak oso latzak izan zitezkeen.
Helduarora heltzean emozioen kudeaketa ona egin dezaten, zein material erabiltzen dira hezkuntza formalean haurrak horretan trebatzeko?
Milaka erreminta daude. Hezkuntza kurrikulumean garatu beharreko konpetentzia bat denez, hezkuntza zentro bakoitzak eskumena dauka trebakuntza emozionala bere unitate didaktikoan sartzeko, zeharka bada ere. Nik ezaguna dudan esku hartzerako programa bat, adibidez (materialaren zein lanketa teorikoaren aldetik oso osatuta dagoena), Gipuzkoako Foru Aldundiak Hezkuntza komunitatearekin batera garatu duena da. Bere helburua Haur Hezkuntzatik hasi eta batxilergora arte, ziklo bakoitzean, hainbat konpetentzia emozional garatzea da. Ikasleen ongizatea bermatu eta sustatu ahal izateko eta zentroetan ikusten dituzten hainbat arazo ekiditeko (jarrera lehiakorrak kasu), gatazken ebazpena garatzea eta arazoak modu osasuntsuan bideratzea bilatzen dute. Horretarako fitxa teknikoak garatu dituzte: zein ariketa egin daitezkeen, zein helbururekin, irakasleek emaitzak nola ebaluatu ditzaketen… Material oso manipulatiboak dira eta gainera, talde dinamikaren metodologia aplikatzen dute. Hortaz, oso lanketa polita proposatzen dute.
Gero, zentro bakoitzean beren metodoak eta programak dituzte. Adibidez, Zaratamon, gogoratzen dut liburutegira zihoazen hainbat umek eskolan maitasungramak egiten zituztela. Astero edo ez dakit zenbat egunez behin, baina ikaskideek haien artean mezu positiboak idazten zizkieten elkarri, nota txikitxoetan. Horrekin, autoestimua garatu zezaketen, autokontzeptua, eta emozio positiboak sustatu. Gainera, gelako girorako-eta oso onuragarria izan zitekeen.
Horrez gain, betidanik erabiltzen diren material didaktikoak ere badaude. Ipuinak, adibidez, oinarrizkoak dira. Haur Hezkuntzan egunero egiten da ipuin kontaketa; Lehen Hezkuntzan, antzerkiak sartzen ditugu, ikus-entzunezko materiala zenbaitetan… Horrekin asko landu daitezke emozioak.
Zaratamoko liburutegian horrelako materialik erabiltzen al zen?
Nik gogoratzen dut haurrei zuzendutako ipuin gehienek, zeharka, emozioak lantzen zituztela. Geroago, emozioez espezifikoki jarduten zuten hainbat lan argitaratu zituzten. Adibidez, hiztegi emozional bat zegoen liburutegietan: Emoziotegia. Izan ditzakegun emozio ezberdinak agertzen dira bertan, bakoitzak dituen ezaugarriekin eta adibideekin. Horiek oso espezifikoak dira. Lehenago, esango nuke, emozioak gehiago lantzen zirela zeharka, protagonistak sentitzen zituen emozioekin, irakurleak izan zezakeen identifikazioarekin eta abar. Baina egun, material espezifikoak garatu dira.
‘Koloretako munstroa’ (Ana Llenas, 2015) liburua izan daiteke adibide bat.
Bai, beste bat da. Hor panpin bakoitzak emozio bat adierazten du, koloreen arabera. Gorria, adibidez, beti haserre dagoena da.
Arrakasta izugarria izan zuen liburuak kaleratu zenean, baina kritikak ere izan ditu. ‘El rojo no está enfadado, el azul no está triste’ 2023an argitaratutako liburuaren egileek (Luis Amavisca eta Alicia Acosta) diote koloreen eta emozioen arteko erlazioa oso murriztailea dela umeentzat.
Bai, egia da. Horretan arrazoia daukatela esango nuke. Baina euriarekin ere gauza bera gertatzen da: euria betidanik lotu izan da tristurarekin. Horiek erlazio kulturalak dira.
Asoziazio hori gorabehera, liburuak balio du umeek ikasteko, ezta?
Azken batean, denok ikasi behar dugu emozio guztiak lagungarriak direla; biologikoki dauzkagula, bizitzeko behar ditugulako. Alai sentitzen garenean, sormena eta energia sentituko ditugu hainbat gauza egiteko. Eta triste gaudenean, gehiago joko dugu gure zainketara, zainketa pertsonalera. Beldurra daukagunean, berriz, arrisku batetik aldentzeko abisua jasoko dugu. Beraz, momentuaren arabera, emozio guztiak dira erabilgarriak, ez dago emozio txarrik. Sentitu, guztiak sentituko ditugu lehenago edo geroago. Baina bi ezaugarri hartu behar ditugu kontutan: batetik, zenbat denboraz luzatuko den emozio hori, eta bestetik, zein intentsitaterekin sentituko dugun. Beldurra, adibidez, denbora luzez eta intentsitate handiarekin sentitzen badut, horren ondorioak latzak izango dira, eta emozioen nahaste batera eramango naute. Eta hori ez da osasuntsua izango. Gakoa, beraz, adierazpenean dago: haserre gaudenean, kanporatu egin dezakegu, bai; baina, nola? Haserreegi bagaude, kaltegarria izan daiteke guretzat eta besteentzat.
Beraz, gizartean bizi ahal izateko beharrezkoa da lanketa hori egitea?
Bai, eta erlazionatuta dago norbere bizi kalitatearekin ere. Ongizatearekin lotutako sentimenduekin autoezagutza sustatu egiten da, eta adimen emozional egokia daukagunean, besteekiko ulermena ere garatu dezakegu. Pandemia bezalako egoera zailei aurre egiteko, adibidez, baliagarria da emozioen kudeaketa. Eta, nola ez, gizartean erlazionatzeko ere beharrezkoa da. Haurren kasuan, adibidez, gizarte trebetasunak ikasten doaz pixkanaka, baina umeek txikitatik nahiago dute trebetasun emozionalak garatuta dituen laguna edo klaseko kidea alboan izatea oldarkorra den edo oso bakartia den haur bat baino. Hor badago lehentasun bat, norengana hurbildu eta norengandik aldendu erabakitzeko.
Zein puntura arte da garrantzitsua gizartean bizitzea eta gizartean, nolabait, integratuta egotea osasun emozionala kudeatzeko?
Denok sentitu behar gara gizartean integratuta gure oreka emozionala lortzeko. Talde batekin identifikatzen gara, eta hortik sortzen dugu gure autokontzeptua, gurekiko eta besteekiko pentsamendu baikorra. Arrakastarako beharrezkoa da hori. Horregatik, hezkuntza sisteman arreta jartzen diegu hezkuntza eta arreta premia bereziak dituzten umeei, laguntzeko, eta arrakasta izatera heltzeko, baina ez maila akademikoan, baita hortik kanpo ere. Demagun dislexia duen ikasle bat dugula. Beretzat, une jakin batean larriagoa izan daiteke garatu dezakeen autoestimu falta eta autokontzeptu baxua bere irakurtzeko zailtasuna baino. Kudeaketa emozionalarekin arazoak baditu, horrek, etorkizunean, arrakasta akademikoa lortzea eragotzi diezaioke. Beraz, hasieran, ulertu egin behar du egoera den modukoa izanda, frustratuta sentitu daitekeela noizbehinka, ezin duelako gainontzekoen abiadura berean irakurri. Hori kudeatzen jakin behar du.
Haurren kasuan, bizikidetzarako balioak irakatsi egiten dira eskoletan (laguntasuna, solidaritatea, errespetua edota tolerantzia). Ez al datozkigu jaiotzatik?
Irakatsi ere egiten dira. Kulturaren arabera eta ingurunearen arabera, balio horiek modu askotan jaso ditzakegu, eta egoera desberdinetan, batzuk beste batzuk baino gehiago sustatu: indibidualtasuna, norbere askatasuna… Momentu honetan ezarri nahi diren Garapen Jasangarrirako Helburuekin, errespetuzkoak diren hainbat balio sustatu nahi ditugu (berdintasuna eta ingurumenarekiko errespetua, adibidez), eta, horiek ere unearen arabera gehiago edo gutxiago indartu; itxialdian komunikabideetan gertatzen zen bezala, laguntasuna, familia eta antzeko balioak sustatu baitzituzten momentu gogorretan.
Hezkuntzan, adibidez, lankidetza da gehien sustatzen ari garena. Gelen espazio antolaketan ere aldaketak egin ditugu horretarako: Haur Hezkuntzan mahaiak multzokatuta ikustea ohikoa zen lehen ere, baina ez horrenbeste batxilergoan eta unibertsitatean. Orain, espazio horietara ere zabaldu da antolaketa.
Metodologiak ere aldatu egin dira horrelako balio aldaketak bultzatzeko?
Metodologia kooperatiboa ezarri da hezkuntza sisteman. Bertan, talde lana bideratzeko hainbat teknika erabil daitezke eta irakasleok burutu behar diren edukien zereginak azaldu ez ezik, ikasleei azaldu egiten diegu egitekoa burutzeko zein talde dinamika edo teknika erabili. Lantzen diren helburuen adibide dira taldekide guztien ulermena erraztea, erritmo ezberdinei erantzutea, askotariko ideiak jasotzea eta lankidetza sustatzea.
Eskoletan Adostokiak izeneko guneak sortu dira. Elkarren artean arazo bat izan duten ikasleak eta lehian daudenak bertan batzen dira, normalean binaka, hor hitz egin eta eztabaidatu ahal izateko. Txikiak direnean, modu nahiko manipulatiboan egiten da hori: paperez egindako belarri bat ematen zaie eta kareta moduko bat, ahotsa. Horrekin, irakasten zaie hitz egin bakarrik ez, entzuten ere jakin behar dutela. Beraz, txandak egiten dituzte batek hitz egiten duenean (ahoa daukanak), besteak (belarria daukanak) entzuteko. Eta horren ostean, eztabaidatu eta gero, negoziazio batera heltzen saiatzen dira. Nolabait, emozioak baretzea bilatu nahi dute horrekin.
“Denok sentitu behar gara gizartean integratuta gure oreka emozionala lortzeko”
Umeen kasuan, askotan ikusten da ez dituztela “instintu primarioak” kontrolatzen edo erreakzio ezegokiak dituztela (zaratak, oihuak edo gauzak bata besteari kentzea). Nolabaiteko errepresioan oinarritzen da heziketa?
Umeek behar dutena norbaitek bideratzea da. Zenbat eta txikiagoak izan, gero eta gehiago behar dute heldu baten presentzia. Hasieran ez dira gai erregulazio emozionala beren kabuz egiteko. Orduan, janzteko nagusiaren presentzia behar duten bezalaxe, egunerokoan izan ditzaketen arazoetan ere helduaren laguntza behar dute. Gu bitartekari aritzen gara. Adostokiarena da horren adibidea: “Nire laguntza daukazue, heldu bezala, eta gero, apurka-apurka autonomia bat lortzen joan behar zarete, zuek bakarrik egin ahal izateko”. Autonomo izatea garapenarekin eta heziketaren lotzen da. Umeek ez dizkiotela elkarri gauzak uzten? Partekatu behar dugula ulertzeko, beharrezkoa da enpatia, baina jarrera hori ezin dute hasieratik erakutsi. Jokabide prosoziala da. Beraz, kasu horretan, jolas kooperatiboekin lantzen ditugu laguntasun sentimenduak. Sustatu egiten ditugu.
Zein dira egunerokoan umeek gehienetan dituzten zailtasunak?
Umeen zein helduen kasuan, bietan, gatazken ebazpena izango litzateke arazo nagusia. Une arazotsuak daudenean, frustrazioa nola kudeatu jakin behar dugu, eta besteekin erlazionatzen garenean, asertibitatez eta bestea mindu gabe jarduteko tresnak garatu behar ditugu. Batez ere, hori izango litzateke gakoa. Haurrek daukaten erronka gehigarria, bestalde, autonomia garatzea izango litzateke, eta helduena, egoera ezberdinetara egokitzen jakitea: zer-nolako malgutasuna izan dezakegun egoera ezberdinei erantzuteko eta dauzkagun emozioei aurre egiteko, lagun gisa, familia gisa…
Sentimenduen kudeaketa egokia irakasten ez zaien umeek zein arazo izan ditzakete helduak direnean?
Arrisku gehiago izango dituzte. Nerabezarotik hasita eta helduarora iristean, hainbat emozioren erregulazioa lortzeko kontsumora eta adikzioetara jo dezakete: drogak, makinak, jokoak… Edozein adikzio, ez substantziak soilik. Horrekin, beste era batera eskuratu ezin duten momentuko lasaitasuna lortu dezakete, mina, nolabait, murriztea, eta emozio negatibo horiek baretzea. Ikastetxeetan, horren harira ager daitezkeen arazoei dagokienez, bullying kasuak daude, azken batean, emozioak kudeatzeko ezintasunek eragiten dituztelako. Eta nagusi bilakatzean, beste era batera azaleratu daitezke joera horiek: indarkeria gisa.
Horregatik esango nuke emozioen kudeaketan egiten den esku hartze edo hezkuntza txarrak muturreko jokabideak bultatzen dituela: gehiegizko adierazpena edo erabateko inibizioa, emoziorik ez adieraztea. Horrek nahaste emozionalak izateko arriskua areagotzen du, ez delako beharrezko oreka emozionala lortzen. Sufritzen duten pertsonek frustrazioa sentitu dezakete, eta autoestimuan eragina izango luke sentsazio horrek; autokontzeptua kaltetuko luke. Hori, banakoari dagokionez. Eta beste pertsonekiko ere gaizki jokatuko lukete, oker, trebetasunik gabe. Erlazionatzeko eta integratzeko arazoak izango lituzkete: gainontzekoei adierazi nahi dietena azaltzeko problemak eta besteek esateko dutena ulertzeko zailtasunak.
☉ Zaratamo
Udalak zabor tasaren kostua murriztera deitu ditu zaratamarrak hondakin organikoa birziklatuz
Herritarrek autokonpostajea edo herrigunean konpostatzeko edukiontziak erabiliz gero horrek kostua “modu nabarmenean” murriztuko lukeela azaldu dute Udaletik
Europak hala behartuta, zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua herritarrek eta enpresek bere gain hartu beharko du 2025etik aurrera. Gauzak horrela, datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan. Zaratamoren kasuan, Udalak bereizketa egin du zabor bilketaren zerbitzuaren arabera: astean bitan zaborra bilduz, zaborren tasak % 32ko igoera izango luke. Bilketa astean hirutan eginez gero % 34ekoa lizateke igoera.
“Horri % 10eko hobariak gehituko genizkieke hondakin organikoen kasuan”, azaldu dute udal ordezkariek. Zaratamon, zabor tasekin batera hobari batzuk ipini ditu Udalak: “Helburua ez da zerbitzuaren kostua bakarrik betetzea”, zehaztu du Alberto Ugarrizak. “Koste hori murriztu daiteke: beste sistema bat ezarriz gero kostea bestelakoa izan daiteke. Herritarrek autokonpostajea edo herrigunean konpostatzeko edukiontziak erabiliz gero horrek kostua modu nabarmenean murrizten du”. Ondorio modura, gaur egun errefusaren edukiontzira botatzen den alde handi bat edukiontzi marroira botako litzateke eta errefusaren zerbitzua gutxituko litzateke.
Nerbioi Ibaizabal mankomunitatearen 2023ko datuen arabera, eskualdean 239,3 kilo zabor bota du herritar bakoitzak errefusaren edukiontzian (biztanleriaren % 72,4a). Zaratamori dagokionez (landa eremuko herria) 402,1 kilogramo hondakin botatzen ditu herritar bakoitzak errefusaren edukiontzira urtero (% 83,7). Edukiontzi organikoaren erabilera oso baxua da: 21,2 kilo batu zituzten kamioiek herritar bakoitzeko 2023an (% 4,4). “Datu kezkagarriak dira”, aitortu du Ugarrizak. “Herritarrek hondakin organikoen edukiontzia behar bezala erabiliko balute zabor bilketaren kostua % 44 gutxituko litzateke. Herritarrek konposta egin nahi izatekotan Udalean egin beharko dute eskakizuna.
☉ Zaratamo
Moiordin Arrigorriagarekin lotzen duen zubia argiztatuko du Zaratamoko Udalak
Udalak aurrekontu parte-hartzaileetako 30.000 euro bideratuko ditu zubia argiztatu eta espazioa berdiseinatzeko. Bigarren proiektua Gurutzalden konponketa lanak egitea da
Aurrekontu parte-hartzaileen emaitzak argitaratu ditu Zaratamoko Udalak. Herritarren 114 bozka jaso dira eta proposatutako 11 proiektuetatik bi burutuko ditu Udalak 2025eko aurrekontuekin: lehena, 70 boturekin Moiordin eta Arrigorriaga lotzen duen zubia argiztatu eta doitze-lanak egitea bertan. Argiztatze lanen arrazoia bertan sor daitezkeen puntu beltzak saihestea da: “Momentura arte ez da inolako arazorik gertatu bertan, baina badaezpada egin beharreko lana da guretzat”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.
80. hamarkadan eraiki zuten udalerri biak konektatzen dituen zubia, 1983ko uholdeak eta gero, eta egitura honen eskumena Zaratamoko Udalarena, Arrigorriagako Udalarena eta Foru Aldundiarena da, azpitik igarotzen baita Bi-625 Foru errepidea. Hala azaldu du Ugarrizak. “Oraingoan Zaratamoko Udalaren ekimena izango da zubia behar bezala argiztatu eta egituraren gainean dagoen espazioari beste erabilera bat emateko proposamena egitea”, izan dira herriko alkatearen berbak.
Izan ere, gaur egun espazio horrek ez dauka erabilera zehatzik (batzuetan gazteak ikus daitezke bertan, baina ez dauka erabilera zehatzik) eta Udala diseinu berria egiteko lanetan hasiko da: “Oinarrizko proiektu bat enkargatuko diogu enpresa bati ideia batzuekin. Behin hasierako diseinua eta aurrekontua eskuetan duelarik ikusiko dugu Arrigorriagako Udalarekin hitzarmenik egingo dugun edo proiektu hau gure kabuz burutuko dugun”.
Udalerri bien adostasunaz gainera Foru Aldundiaren baimenak beharko dituzte bertan lanak egin ahal izateko. Gaur egun bai Zaratamo bai Arrigorriagako herritar ugarik erabiltzen dute Foru errepidearen alde batetik bestera joateko: lanera joateko, errekaduak egiteko, paseotxoetarako… Udalak 30.000 euro inbertituko ditu proiektu honetan.
Konponketak Gurutzalden
Bigarren proposamen bozkatuena, 12 botuekin, Gurutzalde auzoan konponketak egitea da. Izan ere, Udalak 10.000 euro bideratuko ditu auzoko bideetan konponketa lanak egiteko, aparkalekuetan margoketa lanak burutzeko, argiteria hobetzeko…
Aurrekontu parte-hartzaileetatik kanpo geratu dira hurrengo proposamenak: Elexaldeko ludoteka hornitzea (8 puntu), kultura programazio egonkorra antolatzea (6 puntu), txokoen dinamizazioa (5 puntu), Elexalde-eskola arteko bidea sortzea (5 puntu), Gurutzaldeko errepideko zuloak konpontzea (4 puntu), irisgarritasun lanak egitea Arkotxa auzoan (3 puntu) eta Arkotxako espaloi batzuetan bolardoak ipintzea (puntu 1).
Iaz proposamen libreak egin zituzten zaratamarrek esparru ezberdinetan eta Udala bera zen proposamen horietako zein sartzen zen aurrekontu orokorrean. Aurten, proposamen zehatzak egin dituzte herritarrek eta Udalak urri hasieran GEURIAri azaldu lez azaroko plenoan onartuko dituzte ekarpenak.
☉ Zaratamo
Zuntz optikoaren abiadura Zaratamoko Iragorri Goikoara helduko da, herriko azken auzora
Zaratamoko Udalak zuntz optikoaren helaraziko du Zaratamoko azken auzora: Iragorri Goikoara. 9.000 euro inbertitu dituzte lan honetarako eta hemendik aurrera pintxoak edo ADSL sistemak erabiltzeari utziko diote
Iragorri Goikoako auzotarrek behin betirako agur esango diete internet pintxoei eta ADSL sistema zaharkituari, Zaratamoko Udalak zuntz optikoa helaraziko duelako bertara laster. Zaratamoko Udaleko zuntz publikoak erabiltzaile berri bat izango du, beraz.
Auzo hau zuntz barik zegoen Zaratamoko azken auzoa zen orain arte. Lan hauek egiteko 9.000 euroko inbertsioa egin du Udalak: “Lan hauekin udalerri osoak zuntz optikoaren abiadura izango du laster”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Hala ere, oraindik badago zuntzaren gaia dela eta atenditu beharreko herritarrik, beren etxeetara heltzeko arazoak dirautelako. Behin horiek konponduta Madariaga, Gutiolo, Burbustu, Urdinbide… bezalako auzoetan operadore nagusiek kudeatzen dute internet zerbitzua”, gehitu du Ugarrizak.
“Interneten abiadura etxebizitza bakoitzak kontratatzen duen tarifak ezarriko du. Momentura arte pintxoarekin edo ADSL sistema zaharkituaren bidez funtzionatu izan gara herrian. Zuntz optikoak abiadura eskaintza ezberdinen artean erabakitzeko aukera emango die erabiltzaileei. Garrantzitsuena zera da: internetaren autopista etxe guztietara helduko dela”.
☉ Zaratamo
Arimen Gauak ipuin kontakizunak, gynkana beldurgarria eta diskofesta ekarriko du Zaratamora
Jarduerak arrasti honetan bertan prestatu dituzte 18:00etatik aurrera, Elexaldeko eskola zaharretan
Gaur arrastirako plan beldurgarria prestatu du Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak. Arimen gaua izanik hiru jarduera prestatu dizkiete herriko txikienei, Elexalde auzoan, eskola zaharretan.
18:00etan ipuin kontalaria egongo da plazan; 19:00etan gynkana beldurgarria prestatu dute eta 20:00etan diskofesta, musika beldurgarriarekin gaua alaitzeko.
Hego Uribe eskualdean badira Arimen Gaua edo Gau Beltzaren inguruan jarduera bereziak antolatu dituzten udalerriak asteburu luze honi begira: Arrigorriaga, Zeberio eta Ugao horren adibide dira.
☉ Zaratamo
San Bizente elizako kanpaiaren motorra konpontzeko asmoa azaldu du Zaratamoko Udalak
Konponketa-lanak aurten hasi nahi dituzte, behin betiko data zehaztuta ez badago ere
Zaratamoko Udalak Arkotxako San Bizente elizako kanpaia konpontzeko asmoa azaldu du, kanpandorreko kanpaien motorra hondatuta dagoelako. Zaratamoko eliza Udalaren eskumena denez (Elexaldeko elizaren kanpandorrea bezala), berari dagokio bertan egin beharreko konponketak burutzea.
Udal ordezkarien arabera, kanpaiaren motorra hondatuta dago eta 2025eko aurrekontuan sartu duten betebeharretako bat da. “Diru kopuru bat bideratuko dugu kanpaiaren motorra konpontzeko baina espedientea osatu barik dago momentuz”, azaldu zuen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak urri hasieran. Konponketa-lanak aurten hasi nahi dituzte, behin betiko data zehaztuta ez badago ere.
Gainera, Arkotxako elizarekin zerikusia duten bestelako konponketei ekingo die Udalak: barrualdea iaz konpondu zuen eta aurten fatxada eraberritzeko asmoa azaldu dute udal ordezkariek. Ez hori bakarrik: irisgarritasun lanak egin nahi dituzte bertan, sarbidea auzotar denei errazteko.