☉ Hego Uribe
“Ezinegona dugunean, lagunekin hitz egiten dugu: askotan aliatuak bilatzen ditugu”
Sentimenduez ari garela, gazteek zeresan handia dute. Emozioak bor-bor dauden garaia da, aldaketa asko jasaten diren garaia. Eskualdeko hiru gazterekin batu gara sentimenduez eta emozioez berba egiteko
Zein da gazteen egoera? Zelan sentitzen dira gazteak? Zer behar dituzte? Eta zer kezka? Gaztaroan hainbat aldaketa jasaten ditu gizakiak eta emozioak bor-bor ageri dira, baina badakite gazteek emozio horiek kudeatzen? Iaz publikatu zen Euskadi Gazte 2020-2021 ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 15 eta 29 urte bitartean dituzten hamar gaztetatik zazpi pozik daude beren egoera pertsonalarekin.
GEURIA eskualdeko hiru gazterekin batu da: Karmele Felipe (Arrigorriaga, 1999), Beñat Armentia (Galdakao, 1998) eta Irina Garcia (San Migel, 1990). Basauriko Bizkotxalde parkean elkartu gara eurekin eta solasaldia izan dugu. Besteak beste, sentimenduez, emozioen kudeaketaz, laguntza profesionalaz, gazteen kezkez eta etorkizunaz hitz egin dute euren artean, GEURIAko kazetariokin batera.
Zuen egoera pertsonalari zein nota jarriko zeniokete?
Karmele Felipe: Nire egoera pertsonalari oso nota ona jarriko nioke, 8 eta 8,5 artean, adibidez. Azken finean, alderdi askotan oso pozik nago: lagunekin, familiarekin, osasuna daukat, lana… Orokorrean nahiko baikor ikusten dut nire bizitza.
Irina Garcia: Nire kasuan, pribilegiatua sentitzen naiz, eta nik ere 8,5eko puntuazioa emango nioke nire egoera pertsonalari.
Beñat Armentia: Nik ez diot notarik jarriko nire egoerari. Oso zaila da 1etik 10era nota bat jartzea. Oraintxe bertan nire egoera oso ona da.
Pribilegiatua hitza atera da. Zergatik esango zenukete pribilegiatuak zaretela?
I.G.: Karmelek esan duen bezala, familiagatik, lagunengatik, ikasketengatik, lanagatik gara pribilegiatuak.
B. A.: Lanak egoera sozioekonomiko on bat bermatzen badizu, uste dut hori poztasunaren sinonimo izan daitekeela. Nik, adibidez, lan bat lortu dut. Gorabeherak ere baditut lan horretan, baina uste dut lan mundura sartzerakoan lortzen baduzu egiten duzun horrek betetzea, esango nuke orduan lortzen duzula pozik egotea.
K.F.: Ongizate orokor baten barruan ikusten dut nire bizitza. Psikologikoki, mentalki eta fisikoki ondo sentitzen naiz, pozik nago, eta ikusten dut gai naizela nahi ditudan gauzak egiteko. Horregatik ere pribilegiatua naizela uste dut; zerk inguratzen nauen ikusita eta nik nola kudeatzen ditudan nire emozioak, gorabeherak, egoerak…
Zuen emozioak eta sentimenduak ondo baloratzeko, zeri ematen diozue garrantzi gehien zuen bizitzetan?
B.A.: Oreka bat bilatzen saiatzen naiz; esaterako, ikusten badut lanagatik ez dudala astirik beste gauza batzuk egiteko… Uste dut orain lortu dudala oreka bat, baina batzuetan ikusten duzu arlo bat beste bati gailentzen zaiola, eta askotan sentitu dut beharrizana bigarren horiek betetzeko, alegia, bati kendu beste bati emateko.
I.G.: Ados nago Beñatekin. Oreka da gakoa. Eta emozioak kudeatzen jakitea ere oso garrantzitsua da. Eta hori ez dakit nola lortzen den. Heziketa sexu-afektiboarekin batez ere; eta lehen esan dugun bezala, familian edo lagunartean giro ona badaukazu laguntza handia jaso dezakezu. Batzuek oso zorte txarra daukate zentzu horretan, ez dutelako babesik inguruan.
Emozioen kudeaketa zaila dela diozue. Laguntza profesionala beharrezkoa dela uste duzue?
K.F.: Nik ez dut inoiz laguntza profesionalik behar izan. Gustatuko litzaidake psikologoarenera joatea, laguntza profesional hori edukitzea, baina ez dut izan egoerarik nire bizitzan profesionaltasun hori bilatzeko. Baina agian ondo legoke, behar ez dudan arren, psikologoarenera joatea. Oso positiboa da laguntza hori edukitzea, baina momentuz ez dut behar izan.
I.G.: Ni terapiara joan nintzen iaz eta oso gustura egon nintzen. Terapia sexual eta psikologikoa izan zen eta, egia esan, egin dudan gauzarik hoberena izan dela esango nuke.
K.F.: Eta gomendatuko zenuke?
I.G.: Bai, edonori.
B.A.: Ni ez naiz terapiara joan. Askotan pentsatu dut: “Hau da benetan nahi dudana, gustatzen zaidana?”. Adibidez, lanari dagokionez. Gusta dakizuke zure ogibidea, baina gero sartzerakoan ikusten duzu ez dela imajinatzen zenuen bezalakoa. Ezinegona dudanetan, lagunekin hitz egiten dut, askotan aliatuak bilatzen ditut.
K.F.: Nire gurasoen heziketak ere badu eragina. Naizen pertsona naiz eurengandik jaso dudan heziketagatik. Ez dut kanpoko laguntzarik behar izan eta hori pribilegio lez ere ikusten dut.
I.G.: Egia da familia axolagabe asko dagoela. Baita lagun axolagabeak ere. Pribilegioa ere bada familia, lagunak eta bikoteak lagungarriak izatea. Hala ere, nahiz eta familiak, lagunek, bikoteak zu ulertu eta babestu, beti daukagu zeozer barnean; beharbada gaztetan zerbait sufritu duzu, abusuren bat edo dena delakoa, eta horregatik oso garrantzitsua da terapia jasotzea. Eta pribilegio horren barruan ere badago terapia ordaindu ahal izatea, noski. Nahiko garestiak izan litezke terapiak.
“Emozioak kudeatzen jakitea ere oso garrantzitsua da. Eta hori askotan ez dakigu nola lortzen den”
Osasun mentala diskurtso publiko bihurtu da azkenaldian, eta txikitatik ikasi beharko genuke emozioak nola kudeatu.
K.F.: Argi dago zerbait egin daitekeela. Gure adina ikusita, gu gazteak ginen garaian ez zen emozioen kudeaketa lantzen.
I.G.: Ez. Nire ikastolan, adibidez, ez zen emozioen kudeaketa lantzen; ez dakit, beharbada beste ikastetxeetan hasiak ziren horri erreparatzen… Ni, adibidez, hezitzailea naiz, tailerrak ematen ditut eta igartzen da falta dela emozioen kudeaketan gehiago sakontzea.
K.F.: Hala ere, uste dut asko aurreratu dela. Nik eskola batean egiten dut lan eta ikusten dut umeek badakitela adierazten zer sentitzen duten momentu bakoitzean. Agian guk negar egiten genuen eta ez genekien zelan adierazi gertatzen zitzaiguna, baina orain esan egiten dute: “Honek ezinegona sortzen dit”. Nik ez nekien hori esaten, eta gaur egun flipatu egiten dut txikienak zelan diren gai euren emozioak kudeatzeko. Oso ondo ikusten dut eskolan horrelakoak lantzea, noski.
I.G.: Aldatu da egoera. Batez ere metodologia, baita irakasleak ere. Ikastetxeetara tailerrak ematera kanpotik joaten garenok ere gure ekarpena egiten dugu emozioen kudeaketan.
Emozioen barruan, lana eta etxebizitza topatzea izaten dira gazteen kezkarik handienak.
B.A.: Ni gurasoekin bizi naiz oraindik. Lanean, adibidez, zorte ona izan nuen eta iaz karrera amaitu eta jarraian hasi nintzen lanean. Baina ikusten dituzu ingurukoak, batez ere klasekideak eta, orokorrean, haiekin elkartzean kezka iturri izaten da lanaren kontua.
K.F.: Etxebizitzarena nik oso urrun ikusten dut. Ez dut imajinatu ere egiten. Gurasoekin bizi naiz eta momentuz ez dut nire burua beste leku batean ikusten, ez daukadalako dirurik. Nik dirua nire gauzetarako eta nire aisialdirako baino ez dut.
Bizitza garestitu egin da eta soldatak ez dira nahikoak.
I.G.: Etxebizitza arrunt baten alokairua 500 euro (oso behetik jota), janaria hilean 200 euro gutxi gorabehera, argia, ura, gasa… Horiek guztiak ordaintzen badoakizu hileko soldata. Hori kontuan hartuta, ezin zara etxetik bakarrik joan. Ni bikotekidearekin bizi naiz eta eskerrak, bestela ezingo nintzatekeen emantzipatu.
Hirurok lana daukazue. Alde horretatik independenteak zaretela sentitzen duzue?
B.A.: Nire kasuan, etxetik kanpo bizitzea zer den ikusteko aukerarik ere ez dut izan. Erasmusera doazenek berriro etxera bueltatzean esaten dute: “Jo, orain berriro gurasoen etxera”. Nik ez dut halako aukerarik izan; hortaz, ez dakit zer den etxetik kanpo bizitzea eta gurasoekin bizi arren zer den independente izatea. Nire gurasoekin bizi naiz eta momentuz ez dut halakorik planteatu.
I.G.: Zer da independente izatea? Ezagutzen dut jendea diru asko duena eta gurasoen etxetik joan nahi ez duena. Ondo daude etxean. Baina lehen esan dudana: soldatak oso prekarioak dira. Gazteok gaur egun ikasketak ditugu, oso ondo prestatuta gaude lan egiteko, baina orokorrean soldatak oso prekarioak dira, eta horrek zaildu egiten du independentzia lortzea.
Beste ezerk kezkatzen zaituzte?
K.F.: Ni gehien kezkatzen nauena osasunik ez izatea da. Hori da nire lehenengo beldurra. Etxebizitza propioa izatearena ere kezka da, baina ez da hainbestekoa. Ni pribilegiatua sentitzen naiz, nire gurasoek lan egonkorra dutelako, ni etxebizitza batean bizi naizelako (nahiz eta eurekin bizi). Etxebizitza propiorik ez izatea ez dago nire epe laburreko kezken artean. Lana, bai; kezka nagusietako bat da niretzat. Nutrizioa ikasi nuen, ez dago ia lan-irteerarik mundu horretan eta nik neuk zabaldu behar izan dut nire bidea. Lana da kezka, baina nire bidea egiten ari naiz: gehiago ikasten ari naiz, urrats txikitxoak ematen ditut… Pixkanaka-pixkanaka banabil zeozer egiten. Hain autonomoa izan naizenez lan horretan, ez da nire beldurrik nagusiena.
I.G.: Nire kezka nagusiak honakoak dira: zein diru-laguntza emango dituzten feminismoaren aldetik, politiken aldetik, nolakoa izango den etorkizuna, zer egingo dugun, gaztetxoek zer edukiko duten, zein aldaketa egongo diren heziketa sexualean edo feminismoan…
B.A.: Hezkuntza munduan nabilelarik, ikusten duzu zeintzuk diren egungo erreferenteak eta horrek kezkatzen nau. Eta horri alternatibak ematea bakoitzari dagokio.
I.G.: Erreferenteez ari garela, begira mundu digitalean zer ikusten dugun eta gazteek zer ikusten duten. Tik Token, Instagramen, zer kontsumitzen dugu/dute?
“Ni terapiara joan nintzen iaz eta oso gutura egon nintzen. Terapia sexual eta psikologikoa izan zen, eta egia esan, egin dudan gauzarik hoberena izan dela esango nuke”
Kezka hauek kanpora begirakoak dira, gizarteari begira.
I.G.: Egia da, azken finean gizartearen parte baikara.
B.A.: Pertsonalki, orain betetzen nauenak edo benetan betetzen nauela uste dudan horrek etorkizunean zelan jokatuko duen pentsatzeak kezka sortzen dit. Orain ikusten dut lanak betetzen nauela, baina baliteke hemendik urte batzuetara nekatuta egotea eta esatea: “Hau al da benetan nahi dudana?”. Eta ez bakarrik lanari lotuta, zaletasunekin ere galdera bera egiten diot nire buruari. Ez dakit zer nahi dudan oraintxe; bada, pentsa hemendik urte batzuetara!
Irudi pertsonala ere urte luzez oso garrantzitsua izan da.
I.G.: Ni gazteagoa nintzenean igartzen zen nola dietek edo loditasunak arduratzen gintuzten. Edo makillajea jartzeak, besteen gustuko izateko.
K.F.: Irudi pertsonala izan da emakumeok beti zaindu behar izan duguna. Eta horrek ere kezkatzen nau. Uste dut jendarteak orokorrean beldur handia diola gizentzeari edota fisikoan aldaketak izateari. Gorputzaren inguruan, eta batez ere, emakumeen gorputzen inguruan kritika asko jasotzen ditugu.
I.G.: Bai, eta gizonen inguruan ere bai. Gihartsua izan, indartsua… Ikusi dut nerabeek sufritzen dutela bere irudia zaintzen.
Zuen ingurukoek eta zuek zeuek irudia zaintzen duzue?
I.G.: Ingurukoek asko zaintzen dute beren irudia, bai.
K.F.: Batez ere sare sozialek eragin handia dute horretan.
I.G.: Lehen ez zegoen sare sozialik eta irudi pertsonala zaintzearena existitzen zen, eta askok asko sufritzen zuten. Eta sorpresa, sorpresa… emakumeek berriro ere.
B.A.: Eskola inguruan ikusten da. Nerabe aurreko garai horretan nabil irakasle eta ikusten da orain hasi direla euren irudia zaintzen, eta gizartearen presioa badutela. 11 urterekin hori gertatzen bada, imajinatu 18 urterekin.
11 urterekin jada sare sozialetan murgiltzen hasten dira gaztetxo asko. Oso goiz.
B.A.: Bai. 11 urterekin hasten dira sare sozialetan. Ikusi dudanagatik, eta askotan galdetzen diet, adin horretan dago oinarria eta bertan dituzte lehen erreferenteak. Orain modan jarri dira kale elkarrizketak Tik Token eta artikulu batean irakurri nuen asko hazi direla horrelako formatuak. Esango nuke, horrelako formatuetan zabaltzen dituzten edukiek kalte egiten dietela gazteei. Besteak beste, zenbat diru duten, zer nolako sexu-harremanak dituzten…
Sare sozialak erakusleiho bat dira, urteko 365 egunetan zoriontsuak garela adierazteko.
I.G.: Hasi da osasun mentalaren kontu hori sare sozialetan ere zabaltzen. Influencerrak, streamerrak edota youtuberrak hasi dira berba egiten antsietatearen inguruan edo orokorrean osasun mentalaren inguruan. Pertsona horiek gazteongan erreferenteak ere izan litezke, baina zelan kontrolatzen duzu jendeak ikusten duena Tik Token edo Instagramen? Oso zaila da. Etxean ere gurasoek ez badute kontrolatzen zenbat denbora dauden gaztetxoak sare sozialetan edo zer ikusten duten… Benetan zaila da horrelakoak kontrolatzea.
K.F.: Sare sozialak erabiltzen jakin behar da, argi dago. Nor jarraitzen duzun oso garrantzitsua da, batez ere zein mezu ematen duen ikusteko. Nik uste, Irinak lehen esan duen bezala, heziketa sexuala eta digitala behar direla. Sare sozialak erabilgarriak dira, baina jakin behar dira erabiltzen. Ez gaude beti pozik, eta ez dugu zertan dena sare sozialetan publikatu, pozik baldin bagaude ere.
“Nik eskola batean egiten dut lan eta ikusten dut umeek badakitela adierazten zer sentitzen duten momentu bakoitzean”
Uste duzue emozioak kudeatzen badakizuela?
I.G.: Batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Topikoa dirudi, baina ez da: hilekoarekin fase pilo bat daude eta horiek dakartzaten emozioak kontrolatzen badakit, baina ikasi dudalako, besteak beste terapian. Eta agian, heldua naizelako. Baina batzuetan nekatuta egon naiteke edo ez dakit zenbat hilabetetan triste egon, eta gero gertuko bat etorri eta barnean ditudan emozio horiek eztanda egiten dute. Eta horrek ez du esan nahi derrigorrez nire bizitzan zerbait txarra gertatu denik. Eta ez da hilekoa bakarrik; lagunekin gaizki nagoela, edo familiarekin, edo bikotekidearekin… Emozioak kudeatzea ez da batere erraza.
K.F.: Pozik nago egunero? Bai, baina baliteke momenturen batean triste sentitzea, eztanda egitea, eta ez dakit zein den arrazoia. Hori identifikatzea kostatzen zait.
I.G.: Nik uste dut badakigula zein den arrazoia. Gure barnean badakigu zein den arrazoia, baina ez gara barnera sartzen zer gertatzen zaigun jakiteko.
K.F.: Edo ez dugu nahi.
I.G.: Izan daiteke, bai. Nik uste dut emozio guztiak direla beharrezkoak. Denak. Ez daude emozio onak edo txarrak. Beldurra, nazka, maitasuna, alaitasuna, amorrua… emozio edo sentimendu guztiak dira beharrezkoak.
Eta eztanda egiten duzuenean, norengana jotzen duzue?
K.F.: Batzuetan inorengana ez. Bakarrik geratzen naiz.
I.G.: Niri lagunekin berba egitea gustatzen zait. Lagun onekin.
B.A.: Karmelek dioen horrek, batzuetan bakarrik eztanda egiteak, nik uste dut gizartean “bakarrik” horrek kutsu negatiboa duela, baina garrantzitsua da onartzea gaizki zaudela, eta zuk bakarrik bila dezakezula horren atzean dagoen arazoa edo arrazoia.
I.G.: Laguntza eskatzea izugarri kostatzen zaigu. Gure burua ahul ikustea. Batzuetan ez dut esango triste nagoela, bestela pentsatuko dute oso gaizki nagoela. Ingurukoak —lagunak edo senideak— guregatik kezka ez daitezen, emozioak gorde egiten ditugu batzuetan, eta hori ez da batere ona.
Zuen gertukoek edo ingurukoek “zelan zaude?” galdetzen dizuetenean, zer erantzuten duzue normalean?
I.G.: Gehienetan, “ondo”, nahiz eta barrutik nahastuta edo triste egon. Batzuetan sentsazioa dut zelan gauden galdetu didan hori aspertu egingo dela nire erantzunean sakontzen badut. Batzuetan esaten dut: “Gaur lanean ez dakit zer. Kontatuko dizut kafe bat edo garagardo bat hartzen dugunean”. Orokorrean, eta ez kezkatzeagatik, “ondo” erantzun ohi dut.
B.A.: Orokorrean, txarto sentitzen naizenean esaten dut: “Ni txarto nago”. Baina ez dut pentsatzen balitekeela jende gehiago ere txarto egotea. Horri ere eman beharko genioke buelta bat.
Zelakoak zineten txikitan? Kezkarik bazeneukaten?
B.A.: Onartua ez sentitzea zen akaso kezkarik nagusiena txikitan. Gaur egun ere ikasleen artean ikusten dut, nerabezarora heldu baino lehen, euren kezka dela onartua ez izatea, gizartearekin bat ez egitea. Eta nik uste dut errepikatzen den kezka bat dela.
K.F.: Bai. Hori bera, eta lagunik ez edukitzea.
Gizartean integratzeko modu horrek alkohola edo drogak kontsumitzera garamatza?
I.G.: Bai, guztiz ados. Eta niretzat hori tamalgarria da. Batzuetan talde batekin edo kuadrilla batekin bat egiteko, edo ligatzeko, alkohola edaten genuen. Gazteago nintzenean gogoratzen dut batzuek esaten zutela: “Ez duzu edaten? Ez duzu erretzen? Baboa zara”. Euskal Herrian kontsumo horiek oso ohikoak dira: txikiteroak, txokoak, gazteen lonjak…
K.F.: Lotsa kentzeko kontsumitzen dugu alkohola. Eta agian, baita ere, ez dugulako trebetasun sozialik gure artean (gazteon artean) harremanetan hasteko.
I.G.: Ez daukagulako heziketa hori. Gero, neska eta mutilen arteko sexu guda ere aipatzekoa da, batez ere heterosexualitatean: “Neskak horrelakoak dira, mutilak horrelakoak”.
Kontsumoak adikziora eraman gaitzake.
K.F.: Bai, kontsumoak adikzioa ekar lezake. Ondo sentitzeko edo sentimenduak eta emozioak ezkutatzeko adikzioak oso arriskutsuak dira.
Zuen inguruan ikusi duzue horrelakorik?
K.F.: Bai, ikusi bai, baina aldentzen saiatu naiz.
I.G.: Ze ondo! Egia esan, pena da. Ikusten duzu zure ingurukoek probatzeko egiten dutela baina batzuetan adikzio bilakatzen dela. Eta gero lehen esan duguna dago: familia axolagabe bat baduzu, agian paso egingo dute, eta denak okerrera egiten du. Atentzioa ematen dit droga kontsumitzeko dirua behar dutenek nondik ateratzen duten batzuetan. Benetan izugarria da horrek dakarrena.
Txikiak zineten garaiaz galdetu dizuet, baina zelan ikusten duzue zuen burua hemendik 20 urtera? Zeintzuk uste duzue izango direla zuen kezkak?
I.G.: Nik uste dut hemendik 20 urtera nire kezka nire gurasoak osantsu egotea izango dela. Ez dakit seme-alabarik izango dudan, baina eurak ere osasuntsu egon daitezela, heziketa on bat izan dezatela… Tira, oinarrizkoena.
B.A.: Ez dakit, ez dut inoiz horretan pentsatu. Osasuna eta etxebizitza bermatuta izatea lirateke kezkarik nagusienak.
K.F.: Niri eman didatena seme-alabei eskaintzea; jaso dudanaren erdia, behintzat. Orain ekonomia ikusten dugun bezala, ez dakit seme-alabak izateko aukerarik izango dugun, eta zer esanik ez haien hezkuntza, osasuna eta aisialdia bermatzeko.
Dena erruleta bat bezalakoa da, ziklikoa, eta kezkak belaunaldiz belaunaldi ere azaleratzen dira.
I.G.: Hala da. Ez badaukazu dirurik, triste zaude. Triste bazaude, ez daukazu dirurik terapiara joateko, eta horrela etengabeko erruleta batean sartzen zara. Arazorik handiena? Ekonomikoa. Niretzat horrela da: ez badaukazu dirurik, ez daukazu ezertxo ere. Kakotxen artean beti, baina horrela ikusten dut nik gizartea. Gure soldata oinarrizko gauzak ordaintzera bideratzen dugu. Dena da dirua; gizarte ezegonkor batean bizi gara, gainera. Hortaz, zer espero dut hemendik 20 urtera? Lanpostu on bat edukitzea eta dirua. Oso kapitalista da erantzuna, baita kontsumista ere, baina dirurik ez baduzu, ez duzu ezertxo ere.
Emozioen kudeaketa honetan, instituzioek zerbait egin dezakete?
I.G.: Bai, noski. Diru-laguntzak bideratu beharko lituzkete ikastetxeetara, institutuetara eta unibertsitatera profesionalak joan daitezen –hala nola, psikologoak eta sexologoak– emozioen inguruko tailerrak edota tresnak eskaintzeko. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako jauzia ematen dutenean, adibidez, nerabeek ez dakite zelan adierazi gertatzen zaiena. Gaur egun tresnak falta direla uste dut.
K.F.: Psikologo publikoak ere behar direla uste dut.
I.G.: Hezkuntzan eta osasungintzan inbertitu behar dute instituzioek. Heziketa emozionala gehiago landu behar da.
☉ Hego Uribe
Kirk denboraleak zuhaitzak bota, argi mozketak sortu eta edukiontziak mugitu ditu Hego Uriben
14:00etatik 16:00ak aldera arte espero dira haize bolada gogorrenak. Euskalmetek haizeagatik abisu laranjak aktibatu ditu eta herritarrei tentuz ibiltzea eskatu die
Atzo bertan hasi heldu ziren Kirk urakan post-tropikalaren arrastoak, borraska indartsu baten formatuan. Borraska penintsula iberiarreko ipar mendebaldetik heldu zen atzo arrastian eta gaualderako bere ondorioak igartzen hasi ziren Hego Uribe eskualdean.
Borraskaren inpaktu handiena Zeberion izan da, baso ingurunean: Gezala auzoko bidea itxita egon da ordu batzuez, bertan zuhaitz bat jauzi da. Udal ordezkariek gehitu dute Undurraga eta Elorria auzoetan ere zuhaitz batzuk bota dituela haizeak eta edukiontzi batzuk ere eraman dituela. Usansolon ere haizeak zuhaitz batzuk bota ditu.
Zaratamon herria argiteria publikorik eta zuntz optikorik gabe utzi du ekaitzak goizeko lehen orduetan, baina udal ordezkariek GEURIAri azaldu lez ez da bestelako ezbeharrik egon.
Etxebarrin ezbehar gutxi gertatu direla azaldu dute Udaletik. Iker López alkateak azaldu du haize gogorrek edukiontzi batzuk eraman dituztela herriko auzo jakin batzuetan. Arrigorriagan ere errepide ondoko zuhaitz txiki batzuk bota ditu haizeak eta Edurne Garitazelaia kultur etxe ondoko edukiontziak lekualdatu ditu ere Urgoiti pasealekuan: “Momentu honetan brigadako langileak daude edukiotziak errepidetik kentzen”.
Basaurin, Galdakaon eta Ugaon ez da ezbehar aipagarririk egon momentura arte. Hala ere, 14:00etatik 16:00ak aldera arte espero dira haize bolada gogorrenak: “Eguerdi inguruan haizea are gehiago zakartuko da, eta lekurik haizetsuenetan haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete”, azaldu dute Euskalmet Agentzia Meteorologikotik.
AEMET: “Arratsaldean fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko du, euria eta zaparradak utziz”
“Arratsaldean haizeak mendebaldera egingo du kostaldean, gero barnealdean eta pixkanaka indarra galduko du. Orduan, fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko du, euria eta zaparradak utziz; zaparradak trumoitsuak eta zenbait lekutan mardulak izan daitezke. Hego-mendebaldeko haize zakarrak tenperatura igoaraziko du, bereziki Kantauri isurialdean”.
Kostaldeko abisuak laranjak izango dira Atlantikoko kostalde osoan, Beaufort eskalan 8 eta 9 arteko haizeekin eta sei metrotik gorako olatuekin. AEMETek haizeagatik abisu laranjak aktibatuko ditu egunean zehar Galizia osoan eta Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Euskadi eta Nafarroako hainbat eremutan.
Erne ibai eta mendietan
Agentziak ohartarazi duenez, aurreko egunetako prezipitazioei gehituta, urakan ohiarekin lotutakoek arriskuak ekar diezazkigukete, eta, beraz, “kontuz ibiltzea gomendatzen da, ibaien goraldietan eta mendi-hegalen lerraduretan”.
AEMen arabera, ekaitzak daraman hezetasunaren ondorioa da gaur bizi dugun egoera eta “ibai atmosferikoa” bezala definitu dute meteorologoek. Kirkek bultzatutako ibai honek hezetasuna ekarriko du Atlantiko subtropikaletik penintsularaino.
☉ Hego Uribe
Renfek eskualdeko trenen maiztasuna handitzeko asmoa iragarri du
Zerbitzuaren maiztasuna handitzeko asmoa iragarri dute Renfetik eta egungo trenak irisgarritasun irizpideak betetzen dituztenekin ordeztuko dituztela aurreratu dute
Arrigorriagako udal ordezkariek bilera berri bat izan dute Renfeko arduradunekin, udan zehar herritar batzuek helarazi zituzten kezka batzuen haritik. Herritarren arabera, “Renfeko aldiriakeko trenen zerbitzuak hutsuneak dituzte” eta kezkatuta agertu dira Arrigorriagako udal ordezkarien aurrean.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe zinegotzia Renfeko arduradunekin bildu ziren uztailean herritarren kezkak helarazteko, antzemandako hutsuneak konpontzen eta egoera hobetzen laguntzeko”, azaldu dute Udaletik. “Renfeko arduradunek kezka guztiak jaso zituzten eta zerbitzua hobetzeko hainbat neurri hartuko zituztela adierazi zuten”.
Bilera berri honetan egoeraren eta hartutako neurrien jarraipena eta balorazioa egitea izan da helburua. Erantzun modura, Renfeko ordezkariek zerbitzuaren puntualtasuna hobetu dela azaldu dute eta gaur egun % 95ekoa dela azpimarratu dute.
Gainera, trenen maiztasuna handitzeko asmoa duela iragarri du garraio enpresak, ordutegietan aldaketak eginez. Bestalde, irisgarritasunaren alorrean aldaketak egongo direla iragarri dute eta egungo trenak “irizpideak betetzen dituzten trenekin” ordeztuko dituztela aurreratu dute.
Maite Ibarra: “Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”
“Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”, azaldu du Maite Ibarrak. Hori dela eta, Udaletik herritarrek kalitatezko garraio-zerbitzua jasotzea garrantzitsua dela azaldu diote Renfeko ordezkariei eta “elkarlanean jarraitzeko zein ahal den guztian laguntzeko prestasuna eta borondatea” adierazi dizkie Renferi.
☉ Hego Uribe
Txulalai Hego Uribeko haur musika talde berriak lehen bideoklipa grabatu du San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean
Kantu Kolore taldea osatzen zuten kide batzuek, Galdakaokoak eta Usansolokoak, eratu dute Txulalai. Urriaren 25ean kaleratuko dute lehen diskoa
Galdakaoko eta Usansoloko hiru lagunek Txulalai haur musika talde berria eratu dute. Lehendik Kantu Kolore taldean ibilitakoak dira eta oraingoan “gogotsu eta ilusioz” aurkeztu dute euren proiektu berria.
“Musikaren bitartez, ondo pasatuz eta gozatuz, hezkuntza munduari haize freskoa eta proposamen didaktiko ederrak eskeintzeko asmoz eratu dugu Txulalai”, diote Miel, Alai eta Xaba taldekideek.
Taldearen lehen bideoklipa gaur bertan, irailak 27, publikatu dute: ‘Makinista’. San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean grabatu dute, bertako ehunka ikaslerekin.
Urriaren 25ean kaleratuko du Txulalaik bere lehen diskoa.
☉ Hego Uribe
Loraldia Plazak 50 sortzaile baino gehiagoren lanak ekarriko ditu Zaratamo eta Arrigorriagara
Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu dute Loraldia Plazan aurten eta Zaratamo eta Arrigorriagarako bereziki prestatutako proposamenak ekarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek
Gaur goizean aurkeztu dute datorren urriaren 18 eta 19an eta 23tik 27ra Zaratamon eta Arrigorriagan antolatu duten Loraldia Plazaren hirugarren edizioaren programa. “Aurreko bi edizioak arrakastatsuak izan ziren eta hirugarren honetan berriro ere kultur adierazpen ezberdinak izango dira hizpide: tankera eta estilo ezberdineko musika eta dantza proposamenak, kabareta, poesia, literatura eta dastaketa bat”, azaldu du Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduradunak.
Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu da eta “herri bi hauentzako bereziki prestatutako proposamenak” direla ziurtatu du Loraldiako komunikazio arduradunak gaurko aurkezpenean.
Urriaren 18an eta 19an Zaratamo izango da Loraldia Plazaren erdigunea: aurreko bi edizioetan egun bakarra eskaini zioten Zaratamori eta aurten erakuslehio bi izango ditu herriak: urriaren 18koa Elexaldeko Kultur Etxean eta 19koa, Arkotxako elizan.
Urriaren 18an Maite Larburu eta bere musikariek “Krak” lana aurkeztuko dute Zaratamoko Kultur Aretoan. “Emanaldi honetan gobidatu nabarmen bat izango dugu: Arrigorriagako Artizarra Abesbatza“, azaldu du Ocerinek. “Adin guztietako kantariz osaturiko abesbatz honek Maite Larbururen “Loti (herrena)” kanta moldatuko du”.
Hilaren 19an Jon Maia bertsolaria egongo da Arkotxako elizan: “Orain arte egindako ibilbidea ikusita argi ikusi genuen Arkotxa auzora ere zabaldu behar genuela Loraldia”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Arkotxa enpresa handi biren gerizpean sortutako langileen auzoa da, Estatu mailako hainbat lekutatik etorritako langileena, hain zuzen ere”.
Horiek horrela, Jon Maiak proposamen propio bat ekarriko du Arkotxara eta Federico García Lorcaren lana Lauaxetarenakin lotuko du ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’ izeneko hitzaldi performatibo eta musikatuaren bidez: “Auzoarekin lotura bat izango du Maiaren ekarpenak”, aurreratu du Zaratamoko alkateak.
Urriaren 23tik 27ra Arrigorriagaren txanda izango da, eta Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’en Izarrak eta Haitzak liburuaren haritik Izar eta haitz artean diziplina anitzeko ekitaldia eskainiko dute, duela egun batzuk GEURIAn aurreratu lez. Txapelekin batera eskualdeko gonbidatu bereziak egongo dira: Irati Anda Villanueva, Estropozu bertso-eskola, Iraia Urraca, Ioritz Benito, Lehian Erromeriako Maitane Etxegarai eta Padura Mendi Taldeko kideak.
Urtez urte, lorak jasoz
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Alberto Ugarriza bat datoz urteek aurrera egin ahala harrera hobeagoa duela Loraldia Plazak Hego Uribe eskualdean: “Ausardiaz jokatu dugu Loraldia Plaza bezalako ekimen hau Arrigorriagara ekartzen”, azaldu du Ibarrak. “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan eta oso modu positiboan baloratzen dugu diziplina ugari lantzen direlako, besteak beste. Espero dugu urteek aurrera egin ahala gero eta jende gehiago hurbiltzea herriko areto eta plazetara”.
Maite Ibarra: “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan”
“Gure aldetik egiten dugun balorazioa oso positiboa da ere”, gehitu du Zaratamoko alkateak. “Bai herrian izandako harreragatik, bai Euskal Herrian egonkortuta dagoen Loraldia kultura proiektuan parte-hartzegatik. Euskal kultura garaikidea zabaltzeko proposamen handienetakoa da, ezbairik gabe”. Lehen edizioan Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga izan ziren Zaratamon eta “proposamen zoragarria” izan zela nabarmendu du Ugarrizak. “2023an lortutakoa ere zoragarria izan zen eta Olatz Salvador, La Basu, Osterabe eta Lide Hernando izan ziren Kultur etxeko oholtzan. Loraldia gabe ezinezkoa izango litzateke”, aitortu du.
Egitaraua | Loraldia Plaza 2024
Urriak 18, ostirala
19:30 Maite Larburu + Artizarra abesbatza, Zaratamoko Kultur Etxea
Urriak 19, larunbata
19:30 Jon Maia ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’, Arkotxako eliza
Urriak 23, asteazkena
19:00 Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’: ‘Izar eta haitzen artean’, Edurne Garitazelaia
Urriak 24, osteguna
19:00 Haatik Dantza Konpainia: ‘Lau Eme’, Abusuko Zentro Soziokulturala
Urriak 25, ostirala
20:00 ‘Xiberoa Kantuz Loraturik’, Lonbo aretoa
Urriak 26, larunbata
19:30 Andoni Mutiloa: ‘Nire Fantasia Kabareta’, Arrigorriagako udaletxeko Erakusketa gela
Urriak 27, igandea
12:00 Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxea: ‘Euskal kantugintzaren tregepedia’, Edurne Garitazelaia
13:30 Ardo dastaketa: Biba Ardoak, Edurne Garitazelaia
☉ Hego Uribe
Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gela bat antolatu dituzte Hego Uriben, Ondarearen Europako Jardunaldietan
Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion antolatu dituzte jarduerak urrian zehar, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan
Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan.
Aurten, “Bide, sare eta loturen ondarea” izango da jardunaldien gaia, eta Hego Uribe eskualdean hamaika jarduera antolatu dituzte.
Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gelak izango dira hilabetean zehar Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, “aurten ere urria da Bizkaiko ondarearen hilabetea. Urri kultural honek, aurten ere, gure historiaren eta ondarearen ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen die herritarrei, ikuspuntu eta ikusmolde desberdinetatik eta jarduera askotariko eta didaktikoen bidez, ehun bat eragile kulturalen jardueren antolaketari esker. Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaiko kultura-ondareak herritarrei ateak irekitzeko egunak dira”.
Arrigorriaga
Hitzaldi zikloa: ‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’
Malmasinen eta Abrisketako Done Perin egiten ari diren lanei buruzko azken datuak ezagutaraziko dituzte hitzaldi-ziklo baten bitartez.
Urriak 23, 19:00-20:30: Malmasinetik Burdin Aroari begirada bat. Jagoba Hidalgo
Urriak 24, 19:00-20:30: Erdi Aroko paisaiak eraikitzen Euskal Herrian. Josu Narbarte
Urriak 29, 19:00-20:30: Zer esaten digu osteoarkeologiak? Arbasoak, nola bizi eta nola hil ziren. Maite Iris Garcia
Urriak 30, 19:00-20:30: Abrisketa, zer berri? Nora goaz? AR.GU.I.A. Proiektua: ibilbide berriak. Teresa Campos-Lopez
Non: Edurne Garitazelaia Kultur Etxea
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: malmasingolagunak@gmail.com (ez da erreserbarik egin behar)
Etxebarri
Hitzaldia eta bisita gidatua: ‘Harribidea. Bideen bidea’
María López de Haro andreak 1348an berretsi zuen Bilboko Hiribilduaren fundaziorako (1300) herri-gutuna. Bertan, “Echevarritik Ganguren mendilerroraino doan bidea” aipatzen da, baina ba al dakigu zer bide zen? Ba al dago Bilbo eta Etxebarriren arteko muga zehazteko balio izan zuen elementu horren beste konstanterik, orduan Galdakaoko elizateak? Eta zergatik agindu zuen María López de Haro andreak ez erabiltzeko? Urduña eta Bermeo arteko lotura-bidearen zati bat ezagutaraziko dute.
Noiz: urriak 18, urriak 20
Non: Lezama Legizamoneko Irin Fabrika
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: kultura@etxebarri.eus / 944 267 005
Galdakao
Hitzaldiak: ‘Gure erromeriak’
Jai-giroko elkargune gisa, erromeriak parada egokia ziren gizarte-harremanetarako. Oinez, bizikletaz, tranbiaz, trenez, autobusez edo autoz joaten ziren gazteak erromerietara lagun berrien bila, eta harreman hertsiak sortzen ziren komunitateen artean, eta tratuak ere egiten ziren, esaterako, Urkiolan, San Antonio egunean. Arratiako tranbia, Durangorako trena, autobusa eta autoa garraiobideek ohiturak aldatu zituzten eta denborak eraldatu, haiei esker, errazagoa eta azkarragoa baitzen Bizkaitik mugitzea; hala bada, jai handiek, pixkanaka, adiera tradizionalagoa eta folklorikoagoa hartu zuten: “geure erromeriak” .
Urriak 3, 19:00: Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa. Juanjo Olaizola
Urriak 17, 19:00: Erromeria topaleku Gorbeialdean. Juan Manuel Etxebarria
Non: Torrezabal Kultur Etxea
Hizkuntza: euskaraz
Ugao
Kanpoaldeko ihes gela: ‘Errege Bidearen misterioa’
Jarduera horretan, hainbat garai historikotako pertsonaiei lagundu beharko diegu Ugaotik igarotzearekin lotutako arazoa konpontzen. Arazo hori misterio handiago baten parte da, eta konpondu egin beharko dute. Lau proben irtenbideen bidez, Ugaoko lurreko komunikazioekin lotutako azken enigmaren lau zatietako bat lortuko da.
Urriak 18, 18:00-20:00
Non: Jane Jauregia
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: 946 480 704 / kultura.ugao@ortzadar.es
Zeberio
Hitzaldia eta bisita gidatua Juanjo Hidalgoren eskutik: ‘Errege Bidea’
Zeberioko errege-bidearen goiko tartearen gaineko esku-hartze bati esker –Etxebarri eta Undurraga auzoen artetik igarotzen den tokian–, XVIII. mendeko bidarriaren jatorrizko harzolaren zati bat aurkitu da. Bidarri hartatik, Miraballes hiribildutik Arratia haranera joaten zen. Bide haren oroimena gogora ekarriko dute.
Urriak 12, 10:30
Non: Ermitabarri
Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz
Izena ematea: 946 122 695 / turismo@gorbeialdea.com