☉ Zeberio
“Banekien ezin nuela zaindu, baina beragatik zerbait egin behar nuela sentitzen nuen”
Familiek edo adinekoek beren burua zaindu ezin dutenean, egoitzetara joatea da askok ikusten duten aukerarik onena, eta sarritan, bakarra. Zeberioko Eusebio Aldekoa Udal Egoitzako bi egoiliarren senideekin batu gara: Maria Jesús Espinosa eta Pedro Mari Gorostiaga
Familiek edo adinekoek beren burua zaindu ezin dutenean, egoitzetara joatea da askok ikusten duten aukerarik onena, eta sarritan, bakarra. Zeberioko Eusebio Aldekoa Udal Egoitzako bi egoiliarren senideekin batu gara: Maria Jesús Espinosa Buenorekin (Ugao, 1943) eta Pedro Mari Gorostiaga Arzuagarekin (Zeberio, 1949), alegia.
Espinosak eta Gorostiagak senideak dauzkate Zeberioko egoitzan bizitzen: lehenengoak senarra eta bigarrenak arreba. Hormen beste aldetik, familiako norbait barruan izateak haientzat suposatzen duena zer den kontatu digute.
Maria Jesus Espinosa Bueno (Ugao, 1943)
Zein senide daukazu Zeberioko Eusebio Aldekoa egoitzan?
Nire senarra, Valentín Lekue.
Zenbat denbora darama hemen?
Urtarrilaren 11n lau urte bete dira etorri zenetik.
Zergatik erabaki zenuten egoitzara ekartzea?
Iktus bat izan zuen, eta Galdakao-Usansolo Ospitalean egon zen denbora batez. Horren ondoren, ez zen gai bere kabuz mugitzeko. Ez daukagu seme-alabarik, eta ni bakarrik nengoen zaintzeko. Gainera, Ugaon bizi garen etxea oso txikia da; gurpildun aulkiarekin mugitzeko, ezinezkoa. Eta beraz, bakarrik ezin nuen ezer egin, ezta komunera eraman ere. Horregatik erabaki genuen hona ekartzea.
Zuretzako ez zen erabaki erraza izango.
Ez, noski. Baina ni ere zaharra naiz: 80 urte bete nituen Valentín hona etorri zen egun berean. Hasieratik, banekien ezin nuela zaindu, baina beragatik zerbait egin behar nuela sentitzen nuen, eta hona ekartzea zen aukerarik onena. Ordudanik, egunero egoten naiz berarekin. Asko kostatzen zait egoitzara datorren aldapa igotzea, eta makila bat hartu behar izan dut etortzeko. Baina igandeetan izan ezik, egunero etortzen naiz.
Adin berekoak zarete?
Valentínek 87 beteko ditu, eta nik 80 egin ditut.
Zaila izango da antzeko adina izanda egoera hain ezberdinetan egotea.
Asko kostatzen da onartzea. Ezin da. Gainera, Valentinek nik bezala edo hobeto dauka burua, badaki hemen dagoela, eta kontziente da ezin dela bere etxean egon. Sufritu egiten du, baina nik berak bezala sufritu ez dezadan, isildu egiten du dena.
Zer egiten duzu senarrarekin zaudenean, egoitzan?
Gutxi egoten naiz. 15:30etik 18:30era-edo nago hemen. Biok batera egoten gara, eta hitz egiten dugu, denetarik pixka bat: herriko bat hil dela, beste hau gaixorik dagoela… Valentínek burua ondo dauka, eta ondo hitz egin dezake. Nik dena kontatzen diot.
Egoitzan daukanarekin gustura al dago Valentin?
Oso ondo dago. Oso ondo zaintzen dute. Edonon bezala, pertsona bat lekuz aldatzen denean, ohitu egin behar da, eta eramaten ikasi behar du. Ni erizaina izan naiz, eta badakit zer den. Senarra hobeto konpontzen da batzuekin beste batzuekin baino, baina hori ospitale eta antzeko zentro guztietan gertatzen den zerbait da.
Onartu eta kitto?
Hori da. Senarrak esan izan dit: “Eta zer egingo dugu, bada?”. Nik beti erantzuten diot ni gaixotzen naizenean ere ona etorriko naizela. Baina ezetz erantzuten dit: “Ez etorri, laguntzaile bat izan dezakezu etxean eta bertan gelditu zaitezke”.
Ez du nahi zu ona etortzea.
Ez. Burua gaizki duen pertsona bati berdin izango zaio hemen edo etxean egotea, baina berari ez. Badaki zer dagoen.
Harreman ona daukazue egoitzako gainontzeko senideekin eta egoiliarrekin?
Bai, guztiekin. Koronabirusa heldu zenean gogorra izan zen. Valentini galdetzen nion: “Hasieran zeudenetatik, zenbat lagun gelditzen dira orain?”. Pandemiaren ostetik, hiru baino ez daude.
Egoeraz kontziente izanda, zailagoa izango da onartzea.
Hori da. Baina gertatzen diren gauzak dira. Zer egingo dugu guk? Bada, ezer ez.
Zu gaixorik egongo bazina, hemen bizi ahalko zinateke?
Bai. Ez dago beste aukerarik. Etxe handiagoa izango banu, senarra bertan zaindu ahal izango nuke nik bakarrik. Baina pisua txikiegia da: gurpildun aulkia komunera ere ezin da sartu. Eta onartu egin behar dugu. Daukaguna da.
Pedro Mari Gorostiaga (Zeberio, 1949)
Familiako zein kide daukazu egoitzan?
Arreba, Maria Angeles Gorostiaga.
Zenbat denbora darama hemen?
Datorren Gabon aurrean bi urte beteko ditu.
Zergatik erabaki zenuen ona ekartzea?
Bularreko ebakuntza bat egin zioten, eta ondoren, Zornotzako egoitzan egon zen, Zeberiora ekarri baino lehen. Maria Angeles betidanik egon izan da gaixorik. Ni bere tutorea izan naiz, eta baserrian bertan zaintzen nuen, hemen, Zeberion. Tratamendua eta behar zuena ere bertan ematen nion. Baina Zornotzan egon zenean koronabirusa hartu zuen, eta horren ostean, okerrera egin zuen nabarmen.
Erabaki zaila izan zen?
Ez dakit erabakirik hartu genuen… Zornotzan alta eman zioten, eta Zeberiora ekarri genuen. Herrira. Etxean jada ezin genuen zaindu.
Gustura ikusten duzu arreba, ondo zainduta?
Bai. Hau bere etxea dela esaten du. Ez daki oso ondo non dagoen, baina etxea dela uste du. Baserriaren ostean, bere bigarren etxea izango da.
Zerbaiten falta sumatzen du?
Askorik ez. Pentsatzeko ahalmena galdu du.
Bere egoera berean dagoen jende asko dago egoitzan?
Bai, beste bi edo hiru lagun daude. Senar-emazte batzuk, adibidez, burua ez daukatenak oso ondo.
Alde positiborik edukiko du hemen egoteak.
Bai, laguntza bera. Maria Angelesek fisioterapeuten tratamendua behar du. Baina ondo egongo litzateke profesional gehiago egotea. Nik etortzen naizen guztietan mugitzen dizkiot hankak. Astearteetan, asteazkenean eta ostiraletan nator. Eta anaia ere etortzen da.
Alde psikologikotik, zelan daramazu egoera?
Nik buruan sartuta daukat arreba ahalik eta ondoen egon dadin ahalegina egin behar dugula, bai berak, bai nik.
Harreman ona daukazue egoitzako gainontzeko senideekin eta egoiliarrekin?
Bai. Ni ahalik eta ondoen eramaten saiatzen naiz, baina ez dakit zer esan… Daukaguna da, besterik ez dago. Epe luzera ez dakigu guri ere zer gertatuko zaigun.
☉ Zeberio
Itxaso Atutxak ez du EAJren Bizkaiko buruzagitzan jarraituko
Hamabi urteko ibilbidearen ondoren erreleboa emango du azaroan eta enpresa pribatura bueltatuko da, bere “ziklo politikoa” bukatzat emanda
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur jakinarazi du ez duela bere burua berriro Bizkai Buru Batzarreko presidentzarako aurkeztuko. Hala, Jose Antonio Susok Araban hartutako bide bera hartu du. Ikusteke dago Gipuzkoako Joseba Egibarrek gauza bera egingo duen edo ez.
Zergatiaz galdetuta, Onda Vascari emandako elkarrizketan Atutxak bere “ziklo politiko eta ibilbide publikoa” bukatutzat eman du, enpresa pribatura bueltatuko dela zehaztuz. Bere garaian 3Koma ekoiztetxeko arduraduna izan zen zeberioztarra hainbat urtez.
2013an heldu zen Atutxa BBBren buruzagitzara, Andoni Ortuzarren ordez. Ordutik hona, alderdi mailako erabaki garrantzitsuetan parte hartu du, eta bi errelebo gidatu ditu Bizkaiko Foru Aldundian: Unai Rementeria Ahaldun Nagusi moduan Jose Luis Bilbaoren ordez, eta iaz Elixabete Etxanoberena Rementeria beraren ordez.
☉ Zeberio
Undurraga eta Etxebarri arteko Errege Bide zatia konpontzen hasi da Zeberioko Udala
Astelehenean bertan ekin diete konponketa lanei. Obra hauetarako 27.000 euro bideratuko ditu Zeberioko Udalak, BEZa kanpo
Iraila eta urriko hasierako euriteek kalteak eragin dituzte Zeberioko Undurraga eta Etxebarri auzoen arteko Errege Bidearen zatian eta Zeberioko Udalak astelehenean bertan ekin zion bidea konpontzeko lanei.
Ura garraiatzeko hodi berriak ipiniko ditu Udalak eta lursaila egonkortzeko materiala gehituko dutela iragarri du Ekain Goti herriko alkateak: “Gainera luizi batzuk egon ziren zonalde horretan eta bertako inguruak garbituko ditugu hurrengo egunetan”, azaldu dio GEURIAri eta lanek aste biko iraupena izango dutela aurreikusi du. Konponketa hauetarako 27.000 euro bideratuko ditu Zeberioko Udalak, BEZa kanpo.
☉ Zeberio
Gabonetako oporrak baino lehen bukatu nahi ditu Zeberioko Udalak frontoiko lanak
Udalak 65.000 euro bideratuko ditu (BEZa kanpo) hezetasunak konpondu, margoketa lanak egin, bentilazio sistema berri bat ipini eta LED sistema bidezko argiteria ezartzeko
Urriaren erdialdean hasiko dituzte Zeberioko Zubialde auzoko frontoiko lanak, ondo bidean. Urte hasieran Ekain Goti Zeberioko alkateak GEURIAri aurreratu zion herriko frontoi nagusian egin beharreko konponketak. Izan ere, Gotik azaldu lez, “hezetasunena ez da kontu berria” eta Udalaren asmoen baitan zegoen arazo horri aurre egitea.
Udako oporrak amaituta eta Gabonetarako hilabete eta erdi falta direlarik, tarte hori erabili nahi du Udalak egin beharreko obrak burutzeko. Ekainen aurreikuspenen arabera, gauzak behar bezala badoaz lanen iraupena hilabete bi baino txikiagokoa izan beharko litzateke, Gabonetarako prest egoteko.
Aurrekontua 65.000 eurokoa izango da, BEZa kanpo. “Frontoi barruan saneamendu lanak egingo dituzte, margoketa lanak eta bentilazio sistema berria ezarriko dugu bertan”, izan dira herriko alkatearen berbak. Gainera, LED sistemako argiteria ipiniko dutela gehitu du.
Entrenamenduak, Ermitabarrira
Obrek dirauten bitartean frontoia ezin izango dute erabili Mandoia Pelota Klubeko ikasleek eta behin behineko alternatiba moduan entrenamendu klaseak Ermitabarriko frontoian ematea izango da: “Asteburuko partidak egiteko frontoi txikiegia bada ere entrenamenduetarako balioko du”. Asteburuko partidak Arrigorriagan jokatuko dituzte.
☉ Zeberio
Zeberioko Santa Kurtze ermitako lanak hilabete bukaeran amaituko dituzte
Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira. Horietatik 23.325,91 euro eliztarren ekarpenetatik lortu dituzte
Santa kurtze auzoko ermitaren lanen azken ukituak ematen ari dira egun hauetan Zeberion. 2023ko abenduaren 6an, 19:00ak aldera, gidari gazte batek autoaren kontrola galdu, errepidetik irten eta Santakurtze elizako arkupearen aurka jo zuen. Errepidea bustita zegoen eta kolpeak, ikusgarria izan arren, ez zuen zauritu larririk utzi.
Kalteak materialak izan ziren beraz, arkupea ezagutezina geratu baitzen. Istripua gertatu eta egun gutxira, kalteak konpontzeko prozedura martxan ipini zuen Zeberioko parrokiak, eta GEURIAri azaldu lez aseguruak 12.105,50 euro ordaindu dizkio elizari konponketak egiteko.
Elizako ordezkarien arabera kopuru hori “txikiegia” da arkupea konpontzeko: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da eta aseguruak kalte jakin batzuk konponduko ditu emandako diruarekin”, azaldu dute. “Gure gurasoek eraiki zuten ermita hau bere fedea eta ahaleginari esker, orain gure esku dago konpondu eta mantentzea”, azaldu dute parrokiatik.
Horiek horrela eta istripua sortutako autoak “kalte izugarriak” izan zirela ikusita, parrokiak konponketa integrala egin du arkupean: “Falta zitzaigun dirua eliztarren ekarpenei esker lortzen ari gara”, gehitu dute parrokiako arduradunek. Obra guztia egin ahal izateko aurrekontua 35.431,41 eurokoa izan da guztira.
Zeberioko Parrokia: “Ez dugu kaltetutako zatia konpondu nahi izan soilik; helburua arkupe osoa konpontzea da”
Teknikarien lana, kudeaketa eta aholkularitza Bilboko Gotzaindegiko Kultura Gai eta Ondasunen Sailari egokitu zaio. Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokiak, Zeberioko Santa Kurtze auzoaren laguntzarekin, eta eliztar eta boluntario anonimo gehiagok egin dute konponketa honen ahalegina.
Lanak bukatuko dituztenean inaugurazio ofiziala egingo dutela aurreratu diote GEURIAri.
Ondasun historikoa
Santa Kurtze ermita Gurutze Santuari eta honen aurkikuntzaren oroitzapenari dago eskainia. Gurutze Santua Constantino enperadorearen amak, Santa Elenak, aurkitu eban Jerusalemen, 326. urtean.
Tenplu honen jatorria ezezaguna da, baina 1678. urtean auzokide batzuek (Martin Petralanda, Rafael eta Tomas de Ibarrola eta Juan de Urabarrok) berreraiki zuten.
Egungo eraikina 1890ekoa da eta jatorriko eraikinaren antz handirik ez du. Casto de Zabalak proiektatu zuen eta azken berreraikitze honek 2.500 pezetako kostua izan zuen.
Ermitaren arkupean hilerri bat dago. Kareharri bloke bat da, trapezio-formaduna, apaindua eta XI.-XII. mendeen artean egindakoa.
Santa Kurtze eguna maiatzaren 3an da. Antxina, egun honek landaguneetan berebiziko garrantzia hartzen zuen, udaberriko bedeinkapenen egutegian egun nagusienetarikoa izaten baitzen.
Mezatan elorri zuri loredunez, zumez edo hurritzez egindako gurutzeak bedeinkatzen zituzten. Ostean, soroetan sartzen ebezan, ereindako ortuak bedeinkatzeko. Baserrietako leihoetan be ipinten zituzten, etxeak tximistetatik babesteko.
☉ Zeberio
Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia ikastaroak iragarri ditu Zeberiok
Kirol-ikastaroetan izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute
Ikasturte berriaren hasierarekin, Zeberioko Udalak herrian eskainiko dituen kirol-ikastaroen eskaintza iragarri berri du. Hiru jarduera izango dira guztira: Heziketa fisikoa, muskulazioa eta mantentze-gimnasia eta hirurak, urtero lez, eskola zaharrean eskainiko dituzte.
Jarduerak, momentuz, astearte eta ostegunetan programatu dituzte. Urritik aurrerako datak zehazteke daude oraindik:
17:00 – 17:55 Mantentze gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze gimnasia
Izena emateko epea gaurtik hasita irailaren 30era zabaldu dute (amaiera ordua 14:00ak izango dira). Parte-hartzeko telefono zenbakia 946 481 079 da.