☉ Zeberio
Mikel Baza: “Farmakoen kontsumoa ondorio bezala bizi behar dugu, eta ez arrazoi edo arazo bezala bakarrik”
Depresioaren eta antsietatearen aurkako farmakoen kontsumoan lehena da Espainiako Estatua nazioarteko mailan. Horren zergati posibleez hitz egin dugu Mikel Bazarekin, Zeberioko lehen arretako medikuarekin
Hamar urte behar izan ditu espainiar estatuak antsiolitikoen eta depresioaren aurkako medikamentuen kontsumoaren nazioarteko podiumera heltzeko. Eta Hego Euskal Herrian ere zifrak antzekoak dira. Mikel Baza Bueno (Bilbo, 1983) lehen arretako medikua da Zeberion eta arta eskaintzen du Arrigorriagako kontsultategian ere. Profesionalaren ustez, “bizitzaren medikalizazioa” da farmakoen erabileraren hazkundearen arrazoietako bat, baina atzean, beste mila zergati daude. Izan heriotza batek eragindako sufrimendua arintzeko edo hipoteka ordaindu ezinean gabiltzalako, berehalako konponbidea behar dugu. Hemen eta orain. “Logika horretan bizi gara, eta normala da lehen arretan ere, nolabait, hori erreproduzitzea”, dio Bazak.
Nazioartean, Espainiar Estatua da (bigarren urtez jarraian) antsiolitikoen eta depresioaren aurkako farmakoen kontsumo handiena daukan herrialdea. Hori da Estupefazienteen Nazioarteko Batzordeak 2022an egindako ikerketak erakutsi duena. Lehen arretako mediku moduan, farmakoak kontsumitzen dituen jende asko artatzen duzue?
Bai. Erantzuna argia da. Joera hori aurreko hamarkadatik dator. Uste dut duela 10 urte AEBak zirela lehenengo postuan zeudenak, baina Espainiak aurre hartu die orain. Eta Lehen Arretan errealitate horretaz jabetzen gara. Esango nuke, gainera, antsiolitikoen kasuan, preskripzioen % 75 familia medikuek egindako errezeta bidezkoak direla.
Zuek daukazue eskumena, familia mediku moduan, preskripzioa egiteko.
Bai. Baina baina kasu horretan garrantzitsua da kokatzea, datuak nondik datozen hobeto ulertzeko. Farmako hauen kontsumoa ez da esparru bateko fenomeno bat, baizik eta gizartean oso zabalduta dagoen zerbait. Horregatik, analisi sakon bat egiteko, osasun sistemaz harago begiratu behar dugu. Espainian, inguruko herrialdeekin alderatuta, kontsumoa nabarmen hazi da, eta horrek faktore kulturalekin eta gizarte faktoreekin ere zerikusia dauka, ez da soilik osasun sistemarekin lotuta dagoen fenomeno bat.

Mikel Baza Zeberioko eta Arrigorriagako familia medikua da // Geuria
Hala ere, osasun sistemari egozten zaio, gehienetan, “errua”. Medikamentuen aurrean sistemak eskaintzen duen alternatibarik eza izan daiteke arrazoietako bat?
Gai oso konplexua da, eta ezin da erantzun oso sinplerik eman, baina egia da, askotan, alternatiba falta aipatu ohi dela erantzuna emateko. Har dezagun, adibidez, insomnioaren kasua, espektro errazago batean kokatzeko. Farmako hauek, lasaigarriak, antsietate egoeretan erabiltzen dira, baina baita loezinaren aurka ere. Azken hau gizartean nahiko zabalduta dagoen arazoa da, eta badakigu farmakoen erabilera eraginkorra izan daitekeela tratatzeko; epe laburrean funtzionatzen du, baina ez epe luzean, kaltegarria izan daitekeelako.
Hori jakinda, zein da alternatiba? Zer egin dezakegu? Kontuan izan behar dugu zer nolako gizartean bizi garen. Egun, jendea prest dago beste alternatiba batzuk bilatzeko? Eta, nahiz eta horretarako prest egon, badute aukerarik insomnioa gainditzeko beste gauza horiek egiteko? Askotan, arazoak bizi erritmoekin lotuta daude, lan baldintzekin, pobreziarekin eta beste hainbat faktorerekin, eta horiek konpondu behar dira problemari konponbidea emateko. Lehen Mailako Arretan mota guztietako ezinegonak eta kontsultak izaten ditugu —insomnioarena barne—, baina gehienek ez dute mediku-jatorria izaten, baizik eta aipatutako gizarteko aldagai horiekin lotutako zerbait.
Kasu batzuetan, beraz, loezina sintoma bat baino ez da, eta medikuok horren atzean zer dagoen begiratu behar dugu. Gure erantzuna, lehen arretan, farmakoa preskribatzea izan daiteke, epe laburrean erabilgarria delako. Hori gizartean egun daukagun medikalizaziorako joeraren adibide bat da; hau da, bizitzaren ezinegonen medikalizazioaren kasu bat.

Zertan datza “medikalizazio” hori?
Bizitzaren prozesu normalean gertatzen diren egoeren aurrean farmakoak eta, orokorrean, osasun arreta eskatzean datza. Berez, hori ez dago ondo edo txarto. Baina hori egitea ezin da arazoari konponbidea emateko erantzun bakarra izan. Medikalizazioaren beste adibide bat jartzearren, galerena ere nahiko ohikoa da. Galerak bizitzaren parte dira: harreman bat amaitzea edo maite dugun pertsona baten heriotza, dolu bat… Hori pertsona guztion parte izango da bizitzan, eta bertan sufrimendua dago. Zer gertatzen da orduan? Nola bilatzen dugu sufrimendu horri aurre egiteko bidea? Erreminta bakarra ezin da osasun arreta, farmako bat edo psikoterapia izan. Bizitzaren parte diren egoera horietan, gizarte moduan ikasi behar dugu (eta baita medikuntzaren aldetik ere) osasun sistemak lagundu egin behar duela, baina kalte gehiago sortu gabe.
“Arazoei aurre egiteko ez daukagu tresnarik, eta bizirauteko “droga” horietara jotzen dugu”
Egoera puntual horiez gain, gizartearen baldintzak eta bizi erritmoak aipatu dituzu. Esan nahi duzu lan karga handia daukagula, lanaren banaketa okerra dela…? Zer aipatzen dizute pazienteek?
Lehen mailako arretan oso ohikoak dira lan egoerei edo egoera sozioekonomikoari lotuta dauden kontsultak. Baina ez zuenean. Batzuetan hauek izan daitezke loezinaren, estresaren, tristuraren edo urduritasunaren arrazoia. Eta guk egin dezakeguna, horren atzean zer dagoen ez badakigu, farmakoen bidez tratatzea da. Medikamentuak aukera hona dira zenbait kasutan, berehalakotasun horretan eragina daukatelako. Hori bai, atzean zerbait gehiago badago, ez dute arazoa konpontzen. Arazo ekonomikoak dauzkan pertsona bati lasaigarriak emanda, adibidez, arazo ekonomikoak ez dira konponduko. Horregatik diot gizarte mailako arazoa ere badela.
Esango zenuke askotan jotzen dugula farmakoetara epe laburrekoa eta azkarra den erantzuna emateko?
Bai, horrela da. Eta hor berriro bueltatzen gara daukagun gizarte eredura. Kontsumoaren logika hori osasun sistemetara ere heldu da. Berehalakotasuna da dena. Nik zerbait behar badut, erosi egiten dut, dendara noa hartzera, edo bestela, Amazonen garai hauetan, eskatu eta etxean jaso dezaket. Gizarteak jarraitzen duen logika horren isla kontsultan jasotzen dugu. Logika horretan bizi gara, eta normala da lehen arretan ere, nolabait, hori erreproduzitzea.
Berehalakotasun nahi horrekin arazoak sor daitezke: antsietatearen eta depresioaren aurkako medikamentuen preskripzioak adikzioak sortu ditzake epe luzera. Denbora horretatik aurrera, badago jendea hartzen jarraitzen duena?
Bai. Nazioarteko gidek eta gomendioek diotenez, loezinaren kasuan, bi edo lau asteko iraupena daukan tratamendua gomendatzen da, eta antsietatearen kasuan, 10 aste ingurukoa izan daiteke. Baina errealitatean ikusten dugu oso zabalduta dagoela epeetatik kanpoko kontsumoa, eta horregatik gaude lehenengo postuan. Espainian beste erkidego batzuk gorago dauden arren, gure erkidegoa bertan dago.
Zabalpenean eragin duten faktoreak hainbat dira. Besteak beste, farmako seguruak izatea da arrazoietako bat: medikamentu hauek ez dira jota uzten zaituzten lasaigarriak edo zuzenean hartuta bihotzean eragin dezaketenak, eta preskribatzeko seguruak direnez, osasun sisteman, orokorrean, lasai ematen da beren tratamendua. Hala ere, bi edo hiru astetik aurrera, gorputza ohitzen hasten da, tolerantzia sortzen da, eta behin hilabete batez edo biz hartuta, ezin dira kolpetik kendu. Nolabaiteko monoa sortzen dute; hau da, farmakologikoki edo farmakodinamikoki adikzio hori dakarte.
Osasun sistemaz gain, uste dut gizartean ere jendeak erritmoak mantentzeko behar izaten dituela, zenbaitetan. Batzuetan erraza da identifikatzea gure loezinaren edo antsietatearen kausa zein den: “Zailtasunak dauzkat hipoteka ordaintzeko, ez dakit lanetik botako nauten…”. Baina arazoei aurre egiteko ez daukagu tresnarik, eta bizirauteko, “droga” horietara jotzen dugu. Hor kontraesana dago, ‘Malestamos’ izeneko liburuan [Javier Padilla familia medikuak eta Marta Carmona psikiatrak idatzia] kontatzen duten bezala: gorputza pizteko, kafe bat hartzen dugu, baina gero, Lorazepam bat behar dugu efektua jaisteko. Gizarte garaikidean eta bizimodu garaikidean, zoritxarrez, horrela bizi diren pertsona asko daude.

Hori, gizarte garaikidean. Baina, lehenago ere gizartea “drogekin” lotzen zen. Behinola, arazoei aurre egiteko edo, jende askok alkoholera jotzen zuela esaten zen, medikamentuetara baino. Gizartean integratuta dago konponbidea substantzietan bilatzea?
Bai, hori aipatzen da batzuetan. Nik uste dut gizarte mailan nolabaiteko onarpena dagoela farmakoekiko. Ohikoa da entzutea: “Hau nire auzokoak eman dit”. Edo testuinguru batzuetan urduri zaudela esaten baduzu edo ezin duzula lorik egin, inguruan agertuko da norbait: “Hartu Lorazepam bat”. Horrek asko esaten du farmakoen dimentsio sozialari buruz. Alkoholarekin konparatzea ez dakit oso zuzena den, baina argi dago errealitate hori existitzen dela.
Gero, datuei erreparatuta, genero aldetik arrakala dago bi substantzien kontsumoari dagokionez. Medikamentuen kontsumoa askoz handiago da emakumeetan gizonezkoetan baino. Gizonezkoen kasuan, alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoa da handiagoa. Ikerketetan gehiago sakondu behar den aspektuetako bat da arrakala hori.
Hainbat ikerketetan, baita zuk parte hartu zenuen ‘El género como determinante de la salud mental y su medicalización’ (2020) ikerketan ere, honakoa aipatzen da: medikamentu hauen kontsumitzaileen soslaia 65 urtetik gorakoak eta emakumeak diren pazientea direla. Zergatik?
Hori ere gai konplexua da; tamalez, ez dago erantzun sinplerik. Nik uste dut, beste behin, gizartearen antolakuntzari erreparatu behar diogula jakiteko. Generoari dagokionez, desberdintasunak kontsultan islatzen dira, genero rolak. Emakumeek gehiago kontsultatzen dute lehen mailako arretan, eta beren kontsultatzeko modua ezberdina da. Batetik, arlo afektiboa errazago bideratzen dute emakumeek; gizonezkoen artean, askotan, sentimenduei buruz hitz egitea gehiago kostatzen baita. Hori izan daiteke azalpenerako hari bat. Bestetik, emakumeek zaintzetan dauzkaten kargak ere kontuan hartu behar dira. Andrazkoen kasuan, ohikoa da kontsultara gehiago etortzea, ez bakarrik haiei buruzko kontsulta bat egiteko, baita familiako kideen inguruan galdetzeko ere: aita eta amarengatik, seme-alabengatik… Zaintzaren karga ere jasotzen dute emakumeek, eta hori estres faktorea izaten da: nagusiak zaintzea, lanean ibiltzea, umeak jagotea… Beraz, emakumeek gizartean dauzkaten rolek eta horien ondorioz sortutako gainkargak medikalizazio horretan eragina dauka. Beste era batean esanda: gizartea desberdin eraikita edo banatuta egongo balitz, agian, kontsumo hauetan ere beste emaitza batzuk izango genituzke.
Sentimenduak azaleratze edo kanporatze horrek, hau da, sozializazio prozesuak, laguntzen al du?
Honekin hausnarketa interesgarria egin daiteke. Farmakoak erantzun indibidual bat dira, nahiz eta garaikidea den sentimendu bati konponbidea jarri nahi dioten. Egia da lasaigarri bat hartzen duten pertsona gehienek ez daukatela edo ez dutela zertan depresioa izan, baina ezinegon batzuk dituzte. Horren aurka, gizartearen beste alor askotan gertatzen den bezala, hartzen ditugun erabakiak eta erantzunak indibidualak dira, norbanakoarenak. Eta ikerketan aipatzen da gizarte sare sendoago bat izateak edo ingurukoekin nola sentitzen garen partekatzeak eragina daukala. Medikalizazioaren kontrako edo hari aurre egiteko baliabideetako bat da.
Elhuyarrek 2023ko martxoan kaleratu duen ikerketa batean, Psikofarmakoak gazteetan izenekoan, esaten dute gazteetan, emakumeetan eta, batez ere, klase apalekoetan hazkunde handia egon dela farmako hauen erabilerari dagokionez. Zergatik 65 urtetik gorakoak lehen, eta orain, gazteak?
Nik uste ikertu beharreko gaia dela, baina, aldi berean, jendea partzelatzea, horrela sailkatzea (jende nagusia, gazteak etab.), ez dakit guztiz zuzena den. Hor badago jarraikortasun bat, eta ezin gaitu harritu. Esango nuke 65 urtetik gorakoen artean % 50ak hartzen dutela lasaigarriren bat, eta hori gizartean islatu eta gazteengana heltzen da. Zaila da fenomeno hori azaltzea, ikerketa gehiago behar dira, baina frustrazioak, berehalakotasuna eta antzekoak aipatu ohi dira gazteen kasuan. Beraz, garai honetako gaitz askoren ondorioa izan daiteke.
Estereotipoetara jotzea da, agian, baina esaten da “gizarte hauskorra” garela. Bat zatoz horrekin?
Hori da titularra. Sinpleena. Asko kostatzen zaigu definitzea, eta zenbat eta gehiago sakondu, konplexutasun gehiago daukagu. Arazoari ez dakigu oso ondo nola erantzun, baina konponbideak konplexuak izan behar dira, gaia ildo askotakoa delako, eta beraz, erantzuna ez da soilik arlo batetik etorriko: hezkuntza mailan lan egin behar dugu, osasun mailan, gizarte baldintzetan… Pertsona zaurgarrienak babestuko bagenitu, ziurrekin, farmakoen kontsumoak behera egingo luke. Baina, beste behin diot farmakoen kontsumoa ondorio bezala bizi behar dugula, eta ez arrazoi edo arazo bezala bakarrik.
Profesional moduan, zein iritzi duzu medikamentu hauen preskripzioen inguruan: kasu batzuetan bai, beste batzuetan ez?
Nik uste dut datuei erreparatu behar diegula. Batetik, preskripzio maila altu horrek hausnarketara eraman behar gaitu, eta horrek, emaitzak hobetzera bultzatu gaitzake. Hobeto egin nahi horretan uste dut ezin garela tranpetan erori, esanez: “Farmako hauek onak edo txarrak dira”. Medikamentuak erabilgarriak dira, orokorrean, baina jakin eta asmatu egin behar dugu kasu bakoitzera egokitzen. Balantzan jarri behar ditugu alde onak eta txarrak.
Bestalde, uste dut gonbita egin beharko geniekeela medikuei lasaigarriak erabiltzen ditugunean pazienteei ondo azal diezaieten zeintzuk diren erabilera egokiak epe laburrean daukaten sufrimendu hori gutxitzen laguntzeko. Baina, era berean, azaldu egin behar diegu hiru edo lau astetik aurrera gorputza farmakoetara ohitzen hasten dela, eta gomendagarria dela epea kontsumoa bukatzea. Orokorrean, pertsonen sufrimenduaren atzean zer dagoen jakin nahia egon behar da, eta esango nuke, zoritxarrez, osasun sistema saturatu batean, preskripzioak egitea soluzio azkarra bezala planteatzen dela zenbaitetan. Hori akatsa da.
Pilulez aparte badaude gure barnean aktibo edo gaitasun gehiago momentu zailetan lagundu gaitzaketenak. Batzuetan benetan behar duzuna psikoterapia da, eta beste batzuetan, sindikatu bat edo elkarte edo kolektibo baten parte izatea. Askotan, hor egon daitezke aldarrikapen sozialak. Farmakoak, nola ez, badira erreminta bat momentu jakinetan ondo erabiliz gero oso baliagarriak direnak; nik erabiltzen ditut, eta konfiantza daukat. Baina ezin ditugu bihurtu arazo guztiak konpontzeko erreminta, eta ezin ditugu gainontzeko baliabideak ahaztu, zenbaitentzat horietara heltzea zailagoa den arren.
Aipatzen dira gizarte klase sozial baxuen parte diren lagunek dauzkatela zailtasun gehien irtenbideak bilatzeko. Psikoterapiak ordaintzeko, adibidez.
Bai, baina ez bakarrik terapiak ordaintzeko. Pertsona zaurgarriek sare sozial eskasagoa ere badaukate, eta klase sozial horietan, desabantaila handiak dauzkate arazoei aurre egiteko. Zahartzaroan ere antzeko zerbait gertatzen da. Arazoa, beraz, multifaktoriala da, eta dimentsio ezberdinekin dauka zerikusia. Konponbidea ildo ezberdinak uztartuz bilatu beharko genuke. Teoriak horri eusten dio, baina praktikan zailagoa da. Hori bai, nik uste dut saiakerak egin ditzakegula.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.
☉ Zeberio
Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.
Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.
Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.
Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.
☉ Zeberio
Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek
Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.
Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.
“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.
2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.
☉ Zeberio
Bisitari gutxiago baina egonaldi luzeagoak izan dituzte Zeberioko apartamentu turistikoek 2025ean
255 bisitari etorri dira Ermitabarriko apartamentuetara 2025ean eta beren egonaldia lau egunekoa izan da Mihaela Vatamanu arduradunaren arabera

2024ko norabidea jarraituz, Ermitabarri auzoan kokatutako apartamentu turistikoek 255 bezerorekin itxi dute 2025 urtea, aurreko urteetan baino gutxiago: 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an, 473 (2024ko bigarren seihilabeteko datuak falta dira: urtarriletik ekainera bitartean 74 pertsona igaro ziren).
2025ean 103 erreserba egin zituzten guztira: 76 Estatu mailakoak (% 74) eta 27 nazioartekoak (% 26). Egonaldien batazbestekoa lau egunekoa izan da eta erreserba gehienak (% 90a) Booking plataformaren bidez egin dituzte.
Apartamentuak kudeatzen dituen Mihaela Vatamanuren datuen arabera, Estatu mailako datuei erreparatuz, erreserba gehienak Bartzelonako turistak izan dira (% 20) eta jarraian Madril legoke (% 14): “Tendentzia hau azken urteetan mantendu izan da”, zehaztu zuen Mihaelak 2024an. Nazioarteko erreserbei dagokienez, Herbehereetatik eta Alemaniatik etorri dira bisitari gehienak 2025ean.
“Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak etorri ohi dira, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”, azaldu zuen Mihaleak 2024ko balantzea egin zuenean. 11 urte daramatza Vatamanuk Zeberioko apartamentu turistikoak kudeatzen eta erreserba kopuruak azken urteetan behera egin badu ere, turisten egonaldiak gero eta luzeagoak direla azpimarratu du.
☉ Zeberio
Zeberioko Elizondo, Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetako errepideak asfaltatuko dituzte hurrengo asteetan
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik

2025ean egin beharreko lanen artean ageri dira Zeberioko auzo jakin batzuetan egin beharreko asfaltatze-lanak. Zehazki, Ermitabarriko Elizondo (Eusebio Aldekoa egoitza aurreko errepidea), Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetan egin behar dituzte obrak.
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Bide jakin batzuetan barandak ipiniko dituztela gehitu dute.
Lan hauek Uribarri auzoko sarrerako errepidea konpondu ostean hasi behar zituzten. Uribarrin egindako lanak “konplexuak” izan ziren, bide azpiko lurrak mugitu eta errepidea hondoratu zelako. Konponketa horretarako 80.000 euro bideratu zituzten 2025ean.
Pilotalekua, aurrera
Bestalde, Ermitabarriko frontoiko lanak aurrera doaz. Zeberioko Udalak iazko irailean iragarri zuen lan horiek 2025 urtea bukatu baino lehen amaituta egongo zirela ondo bidean, baina langileak bertan ari dira lanean egun hauetan. Udalak 70.000 euro bideratu ditu eraberritze lan sakonak egiteko Ermitabarriko pilotalekuan: “Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, aurreratu zioten udal ordezkariek GEURIAri 2025eko urtarrilean.
Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu zuten Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak.










