☉ Galdakao
[Bideoa] Galdakaoko Musika Eskola eta ‘Charlie eta txokolate lantegia’
Galdakaho azokaren irekiera ofizialean, Galdakaoko Maximo Moreno Udal Musika Eskolako ikasleek ‘Charlie eta txokolate lantegia’ abestia antzeztu zuten.
☉ Galdakao
Galdakaoko lau udal aparkalekuetako 253 plaza libreak eskatzeko epea ireki du Udalak
Iturrondon, Paopan, Lapurdin eta Berezikoetxen 253 plaza esleitzeke ditu Udalak: 103 alokairu erregimenean eta 150 erabilpen lagapen modalitatean. Eskaerak egiteko epea zabalik dago martxoaren 6ra arte

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan 253 plaza daude libre eta horiek esleitzeko prozedura hasi du Galdakaoko Udalak.
Alde batetik, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri: 19 Iturrondon (3 mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuta), 42 Paopan (2 erreserbatuta), 32 Lapurdin (1 erreserbatuta) eta 10 Berezikoetxen.
Alokairuak urtebeteko iraupena izango du, gehienez lau urtera arte automatikoki luzatzeko aukerarekin.
Esleipendunek hilean 36 euroko alokairua ordaindu beharko dute, baita jabekideen erkidegoaren gastuak ere.
“Eskaera egiterakoan garaje bat aukeratu behar da. Norbaitek eskaera bat baino gehiago aurkeztuko balu, azken aukeraketa hartuko da kontuan”, diote udal ordezkariek.
20-23 urte
Bestetik, erabilpen lagapen modalitatean 150 plaza eskaintzen ditu Udalak: 11 plaza esleituko dira Iturrondon, 86 Paopan (1 mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuta), 48 Lapurdin (2 erreserbatuta) eta 5 Berezikoetxen (1 erreserbatuta).
Modalitate honetan, esleipendunek aldi bakarrean ordaindu beharko dute prezio osoa esleipen egunean, eta plaza erabiltzeko eskubidea 2046ra arte izango da Berezikoetxen eta 2049ra arte gainerako aparkalekuetan.
Ezarritako prezioak honako hauek dira: 8.815 euro Berezikoetxen, 12.858 Iturrondon, 11.432 Paopan eta 12.987 Lapurdin.
“Erabilera lagapenaren prozeduran plaza guztiak esleitzen ez badira, hutsik edo esleitu gabe geratzen direnak alokairu erregimenean eskainiko zaizkie kasuan kasuko garajeko itxaron zerrendan dauden pertsonei”, diote.
Eskaera epea: martxoaren 6ra arte
Garaje plazak Galdakaon bizi diren pertsonek eskatu ahal izango dituzte. Horiek, ibilgailua eta indarrean dagoen gidabaimena, gutxienez sei hilabeteko antzinatasuneko errolda (edo azken urtean etxebizitza erosita izan) eta Udalarekin ordainketak egunean izan beharko dituzte.
Mugikortasun murriztua duten pertsonek baldintza berak bete beharko dituzte eta izaera hori egiaztatzen duen txartela izan.
Udal garajeetako plazak eskatzeko epea gaurtik martxoaren 6ra arte dago zabalik. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira Galdakaoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: bi esteka izango dira, plaza alokairuan eskatzekoa eta plaza erabilpen lagapenean eskatzekoa.
Laguntza behar duten pertsonek ESAN Herritarren Arretarako Bulegora jo ahal izango dute izapidea egiteko laguntza jasotzeko.
Martxoaren 10ean behin-behineko zerrenda argitaratuko dute, eta gero, hamar eguneko epea irekiko dute alegazioak aurkezteko.
Martxoaren 24an behin betiko zerrenda argitaratuko dute eta martxoaren 27an zozketa publikoa egingo dute onartutako pertsonen artean.
☉ Galdakao
Juan Bautista Uriarte 47ko autobus geltokia 27. zenbakira lekualdatuko dute bi astez Galdakaon
Ur-hornidura sarea berritzeko lanengatik bateratuko dituzte bi autobus geltokiak. Galdabusari, Bizkaibusari eta ikastetxeetako autobusei eragingo die

Ur-hornidura sarea berritzen ari da Galdakaoko Udala Udaltzaingoaren komisaria paretik Maximo Moreno Musika Eskolaraino.
Obraren helburua da zerbitzu fidagarriagoa eta eraginkorragoa bermatzea, eta horregatik trafikoan eragina ari da izaten.
Udaletxe ondoko txandakako aparkalekuan 17 leku erabiltzen ari dira obrako materialak biltzeko. Eta, udaletxe ondoan esku hartu ondoren, Plazakoetxerako noranzkoan doan eskuineko erraila aldizka itxi egingo dute zorua altxatu behar dutelako.
Ildo horretan, Juan Bautista Uriarte kaleko 47. zenbakiko autobus geltokia (Iturrondo plazaren ondoan) 27. zenbakiko geltokira (supermerkatuaren aurrean dagoena) lekualdatuko du Udalak otsailaren 19tik eta hurrengo bi asteetan.
Neurriak Galdabusaren 1. lineari, Bizkaibusen A3631, A3642, A3932, A3930, A3911, A2610 eta A3641 lineei eragingo die, bai eta herriko zein inguruko beste toki batzuetako ikastetxeetara doazen autobusei ere.
Udalak herritarren ulermena eskertzen du aldi baterako den eragozpen honen aurrean, eta obra hau udal azpiegituren hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa dela gogorarazi du.
☉ Galdakao
Aitana Rodrigo atleta galdakoztarrak Euskadiko errekorra hautsi du 60 metrotan
Errekor historikoa da, izan ere, 40 urte ostean hautsi du atleta galdakoztarrak Blanca Lacambra gasteiztarrak egin zuen marka

Aitana Rodrigo Rodriguez galdakoztarrak Bizkaiko errekorra hautsi du 60 metroko lasterketan.
Galdakaoko atletak 7.29ko denbora egin zuen otsailaren 14an Valentzian jokatu zen pista estaliko Espainiako kluben arteko txapelketan.
Aurreko Euskadiko errekor-marka 1986koa da, duela 40 urte. Hain zuzen ere, Blanca Lacambra gasteiztarraren zen errekorra (7.30).
☉ Galdakao
Galdakaon ondutako ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute ostegunean Torrezabal Kultur Etxean
Otsailaren 19an izango da estreinaldia Torrezabalen. Ondoren, Euskal Herri osotik bira egingo dute

Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen aritu den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute otsailaren 19an, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Sarrerak salgai daude 6 euroan. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatu dute antzezlana Galdakaon.
Torrezabaleko estreinaldiaz gero, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.
Urtarrilean Torrezabaleko programazioa aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, eta aurkezpenean Edurne Azkarate antzezlanaren zuzendaria eta Oier Guillan antzerkigilea izan ziren. GEURIAn azaldu zituzten antzezlanaren nondik norakoak:
☉ Galdakao
Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian
Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.
Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.
Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.
Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.









