Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Hego Uribe

Grafikoak / Nondik datoz immigranteak Hego Uribe eskualdera eta nora doaz?

Saretzen proiektuaren bigarren kolpea azaleratu dugu gaur Tokikomeko bazkideok, GEURIAk barne, eta Eitb-k. Oraingoan, etorkinen jatorrizko herrialdea eta immigrazioak ekonomian duen eragina aztertu dugu tokiko hedabideok.

|

2002an 1.835 herritar ziren atzerritik Hego Uribera bizitzera etorritakoak (% 1,85) eta 2022ko urtarrilean 7.718 dira (% 7,7). Laukoiztu egin da eskualdeko biztanleria ez espainiarra azken 20 urtetan. Udalerriz udalerri, eta 2022ko urtarrileko datuak aztertuta, Basaurin daude etorkin gehien: 3.989 (% 9,8); Galdakaon 1.821 dira atzerritik etorritakoak (% 6,1); Arrigorriagan 841 (% 7); Etxebarrin 584 (% 5); Ugaon 347 (% 8,4); Zaratamon 88 (% 5,35); eta Zeberion 48 (% 4,45). Hego Uribe eskualdean immigrazioak izan duen bilakaera zehatzagoa apirilaren 5eko online kolpean emango dugu.

Jatorri askotarikoak

Hego Uribe eskualdean mundu osotik etorritako herritarrak ditugu, baina denetan populazio handiena osatzen dutenak Marokotik (1.187), Kolonbiatik (916) eta Errumaniatik (837) heldutakoak dira, 2022ko urtarrileko datuei erreparatzen badiegu. Askotariko arrazoiak egon daitezkeen arren, gurera etortzen diren gehienak migratzaile ekonomikoak dira; migrazio-fluxuen gorabeherek ekonomiak bizi duen egoerarekin zerikusi zuzena dute.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) publikatu dituen datuen arabera, ez dira kontinente guztietako herrialde guztiak agertzen. Europaren kasuan, Alemania, Bulgaria, Frantzia, Italia, Polonia, Portugal, Errumania, Erresuma Batua, Errusia eta Ukrania hartzen ditu, eta gainerako Europako herrialdeak ‘Europa besteak’ atalean sartzen ditu; Afrikan, Aljeriako, Marokoko, Nigeriako eta Senagaleko datuak baino ezin dira ikusi, eta gainontzeko herrialdeetako datuak ‘Afrika besteak’ atalean sailkatzen ditu; Amerikan, Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Paraguai, Peru, Dominikar Errepublika, Venezuela eta Urugai, gainontzekoak ‘Amerika besteak’ atalean sailkatuta daude, ezin jakinik zein den jatorri zehatza; Asiaren kasuan, Txina eta Pakistan soilik sailkatzen ditu INEk, eta gainontzeko herrialdeak ‘Asia besteak’ atalean zenbatzen dituzte; eta Ozeaniari dagokionez, ez du herrialdetik bereizten.

Arrigorriaga

Arrigorriagan 841 etorkin bizi dira 2022ko urtarrileko datuen arabera. Marokoarrak dira 115, errumaniarrak 72, kolonbiarrak 60 eta boliviarrak 58. Atzetik datozen latinoamerikatik etorritakoak, gehienak emakumeak.

Basauri

Basaurin daude immigrante gehien (3.989), eta Marokotik etorritakoak dira gehienak (644). Errumaniar jatorria dutenak dira hurrengoak (484), Kolonbiaren (469) eta Boliviaren (335) aurretik.

Etxebarri

Etxebarrin jatorri ez espainiarra duten 584 lagun bizi dira. Kolonbiatik etorritakoak dira nagusi (83), Maroko (68) eta Venezuelaren (51) aurretik. 2002tik 2022ko urtarrilera bitartean bilakaera nabarmena izan dute: 2002an jatorri desberdinetako bederatzi herrialdetako bizilagunak zeuden Etxebarrin, eta 2022ko urtarrilean 24 jatorri desberdinetako bizilagunak bizi dira herrian.

Galdakao

Galdakaon 1.821 dira atzerritik etorritakoak: Kolonbia (257), Maroko (236) eta Errumania (211) dira atzerriko komunitaterik handiena dutena herrian, baina beste herrialde askotako herritarrak bizi dira, batez ere, Latinoamerikatik eta Europatik etorritakoak.

Ugao

Ugaon 347 etorkin bizi dira, biztanleria osoaren % 8,4a. Gaur egun marokoarrak dira kopuru handiena (111), errumaniarren (39) eta kolonbiarren (27) oso aurretik.

Zaratamo

Zaratamon jatorri desberdinetako 88 lagun bizi dira: kolonbiarrak, errumaniarrak, marokoarrak, paraguaitarrak, venezuelarrak, argentinarrak eta kubatarrak.

Zeberio

Basaurirekin konparatuta, Zeberion daude etorkin gutxien: 48 (% 4,45).

☉ Hego Uribe

Renfek eskualdeko trenen maiztasuna handitzeko asmoa iragarri du

Zerbitzuaren maiztasuna handitzeko asmoa iragarri dute Renfetik eta egungo trenak irisgarritasun irizpideak betetzen dituztenekin ordeztuko dituztela aurreratu dute

|

Aldiriakeko tren bat, Arrigorriagako geltokian // Geuria

Arrigorriagako udal ordezkariek bilera berri bat izan dute Renfeko arduradunekin, udan zehar herritar batzuek helarazi zituzten kezka batzuen haritik. Herritarren arabera, “Renfeko aldiriakeko trenen zerbitzuak hutsuneak dituzte” eta kezkatuta agertu dira Arrigorriagako udal ordezkarien aurrean.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe zinegotzia Renfeko arduradunekin bildu ziren uztailean herritarren kezkak helarazteko, antzemandako hutsuneak konpontzen eta egoera hobetzen laguntzeko”, azaldu dute Udaletik. “Renfeko arduradunek kezka guztiak jaso zituzten eta zerbitzua hobetzeko hainbat neurri hartuko zituztela adierazi zuten”.

Bilera berri honetan egoeraren eta hartutako neurrien jarraipena eta balorazioa egitea izan da helburua. Erantzun modura, Renfeko ordezkariek zerbitzuaren puntualtasuna hobetu dela azaldu dute eta gaur egun % 95ekoa dela azpimarratu dute.

Gainera, trenen maiztasuna handitzeko asmoa duela iragarri du garraio enpresak, ordutegietan aldaketak eginez. Bestalde, irisgarritasunaren alorrean aldaketak egongo direla iragarri dute eta egungo trenak “irizpideak betetzen dituzten trenekin” ordeztuko dituztela aurreratu dute.

Aldiriakeko tren bat // Geuria

Maite Ibarra: “Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”

“Asko dira eguneroko bizitzan Renfe erabiltzen dute arrigorriagarrak, eta lanean jarraituko dugu herritarren kalitatezko garraio publikorako eskubidea berma dadin”, azaldu du Maite Ibarrak. Hori dela eta, Udaletik herritarrek kalitatezko garraio-zerbitzua jasotzea garrantzitsua dela azaldu diote Renfeko ordezkariei eta “elkarlanean jarraitzeko zein ahal den guztian laguntzeko prestasuna eta borondatea” adierazi dizkie Renferi.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Txulalai Hego Uribeko haur musika talde berriak lehen bideoklipa grabatu du San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean

Kantu Kolore taldea osatzen zuten kide batzuek, Galdakaokoak eta Usansolokoak, eratu dute Txulalai. Urriaren 25ean kaleratuko dute lehen diskoa

|

Galdakaoko eta Usansoloko hiru lagunek Txulalai haur musika talde berria eratu dute. Lehendik Kantu Kolore taldean ibilitakoak dira eta oraingoan “gogotsu eta ilusioz” aurkeztu dute euren proiektu berria.

“Musikaren bitartez, ondo pasatuz eta gozatuz, hezkuntza munduari haize freskoa eta proposamen didaktiko ederrak eskeintzeko asmoz eratu dugu Txulalai”, diote Miel, Alai eta Xaba taldekideek.

Taldearen lehen bideoklipa gaur bertan, irailak 27, publikatu dute: ‘Makinista’. San Migeleko Sofia Taramona ikastetxean grabatu dute, bertako ehunka ikaslerekin.

Urriaren 25ean kaleratuko du Txulalaik bere lehen diskoa.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Loraldia Plazak 50 sortzaile baino gehiagoren lanak ekarriko ditu Zaratamo eta Arrigorriagara

Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu dute Loraldia Plazan aurten eta Zaratamo eta Arrigorriagarako bereziki prestatutako proposamenak ekarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek

|

Loraldia Plazako aurkezpena, gaur, Arrigorriagan // Geuria

Gaur goizean aurkeztu dute datorren urriaren 18 eta 19an eta 23tik 27ra Zaratamon eta Arrigorriagan antolatu duten Loraldia Plazaren hirugarren edizioaren programa. “Aurreko bi edizioak arrakastatsuak izan ziren eta hirugarren honetan berriro ere kultur adierazpen ezberdinak izango dira hizpide: tankera eta estilo ezberdineko musika eta dantza proposamenak, kabareta, poesia, literatura eta dastaketa bat”, azaldu du Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduradunak.

Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu da eta “herri bi hauentzako bereziki prestatutako proposamenak” direla ziurtatu du Loraldiako komunikazio arduradunak gaurko aurkezpenean.

Urriaren 18an eta 19an Zaratamo izango da Loraldia Plazaren erdigunea: aurreko bi edizioetan egun bakarra eskaini zioten Zaratamori eta aurten erakuslehio bi izango ditu herriak: urriaren 18koa Elexaldeko Kultur Etxean eta 19koa, Arkotxako elizan.

Urriaren 18an Maite Larburu eta bere musikariek “Krak” lana aurkeztuko dute Zaratamoko Kultur Aretoan. “Emanaldi honetan gobidatu nabarmen bat izango dugu: Arrigorriagako Artizarra Abesbatza“, azaldu du Ocerinek. “Adin guztietako kantariz osaturiko abesbatz honek Maite Larbururen “Loti (herrena)” kanta moldatuko du”.

Jon Maia, Basaurin // Geuria

Hilaren 19an Jon Maia bertsolaria egongo da Arkotxako elizan: “Orain arte egindako ibilbidea ikusita argi ikusi genuen Arkotxa auzora ere zabaldu behar genuela Loraldia”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Arkotxa enpresa handi biren gerizpean sortutako langileen auzoa da, Estatu mailako hainbat lekutatik etorritako langileena, hain zuzen ere”.

Horiek horrela, Jon Maiak proposamen propio bat ekarriko du Arkotxara eta Federico García Lorcaren lana Lauaxetarenakin lotuko du ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’ izeneko hitzaldi performatibo eta musikatuaren bidez: “Auzoarekin lotura bat izango du Maiaren ekarpenak”, aurreratu du Zaratamoko alkateak.

Arrigorriaga eta Zaratamoko udal ordezkariak, Maite Ocerinekin // Geuria

Urriaren 23tik 27ra Arrigorriagaren txanda izango da, eta Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’en Izarrak eta Haitzak liburuaren haritik Izar eta haitz artean diziplina anitzeko ekitaldia eskainiko dute, duela egun batzuk GEURIAn aurreratu lez. Txapelekin batera eskualdeko gonbidatu bereziak egongo dira: Irati Anda Villanueva, Estropozu bertso-eskola, Iraia Urraca, Ioritz Benito, Lehian Erromeriako Maitane Etxegarai eta Padura Mendi Taldeko kideak.

Urtez urte, lorak jasoz

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Alberto Ugarriza bat datoz urteek aurrera egin ahala harrera hobeagoa duela Loraldia Plazak Hego Uribe eskualdean: “Ausardiaz jokatu dugu Loraldia Plaza bezalako ekimen hau Arrigorriagara ekartzen”, azaldu du Ibarrak. “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan eta oso modu positiboan baloratzen dugu diziplina ugari lantzen direlako, besteak beste. Espero dugu urteek aurrera egin ahala gero eta jende gehiago hurbiltzea herriko areto eta plazetara”.

Maite Ibarra: “Jakitun gara era honetako proposamen berriak zailak direla martxan jartzeko baina hasiera-hasieratik sinistu dugu proiektu honetan”

“Gure aldetik egiten dugun balorazioa oso positiboa da ere”, gehitu du Zaratamoko alkateak. “Bai herrian izandako harreragatik, bai Euskal Herrian egonkortuta dagoen Loraldia kultura proiektuan parte-hartzegatik. Euskal kultura garaikidea zabaltzeko proposamen handienetakoa da, ezbairik gabe”. Lehen edizioan Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga izan ziren Zaratamon eta “proposamen zoragarria” izan zela nabarmendu du Ugarrizak. “2023an lortutakoa ere zoragarria izan zen eta Olatz Salvador, La Basu, Osterabe eta Lide Hernando izan ziren Kultur etxeko oholtzan. Loraldia gabe ezinezkoa izango litzateke”, aitortu du.

Egitaraua | Loraldia Plaza 2024

Urriak 18, ostirala
19:30 Maite Larburu + Artizarra abesbatza, Zaratamoko Kultur Etxea

Urriak 19, larunbata
19:30 Jon Maia ‘Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara’, Arkotxako eliza

Urriak 23, asteazkena
19:00 Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’: ‘Izar eta haitzen artean’, Edurne Garitazelaia

Urriak 24, osteguna
19:00 Haatik Dantza Konpainia: ‘Lau Eme’, Abusuko Zentro Soziokulturala

Urriak 25, ostirala
20:00 ‘Xiberoa Kantuz Loraturik’, Lonbo aretoa

Urriak 26, larunbata
19:30 Andoni Mutiloa: ‘Nire Fantasia Kabareta’, Arrigorriagako udaletxeko Erakusketa gela

Urriak 27, igandea
12:00 Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxea: ‘Euskal kantugintzaren tregepedia’, Edurne Garitazelaia
13:30 Ardo dastaketa: Biba Ardoak, Edurne Garitazelaia

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gela bat antolatu dituzte Hego Uriben, Ondarearen Europako Jardunaldietan

Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion antolatu dituzte jarduerak urrian zehar, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan

|

Hego Uribe eskualdean Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion antolatuko dituzte jarduerak / Bizkaiko Foru Aldundia

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan.

Aurten, “Bide, sare eta loturen ondarea” izango da jardunaldien gaia, eta Hego Uribe eskualdean hamaika jarduera antolatu dituzte.

Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gelak izango dira hilabetean zehar Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, “aurten ere urria da Bizkaiko ondarearen hilabetea. Urri kultural honek, aurten ere, gure historiaren eta ondarearen ezagutzan sakontzeko aukera eskaintzen die herritarrei, ikuspuntu eta ikusmolde desberdinetatik eta jarduera askotariko eta didaktikoen bidez, ehun bat eragile kulturalen jardueren antolaketari esker. Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaiko kultura-ondareak herritarrei ateak irekitzeko egunak dira”.

“Bide, sare eta loturen ondarea” izango da aurtengo jardunaldien gaia // Bizkaiko Foru Aldundia

Arrigorriaga

Hitzaldi zikloa: ‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’
Malmasinen eta Abrisketako Done Perin egiten ari diren lanei buruzko azken datuak ezagutaraziko dituzte hitzaldi-ziklo baten bitartez.

Urriak 23, 19:00-20:30: Malmasinetik Burdin Aroari begirada bat. Jagoba Hidalgo
Urriak 24, 19:00-20:30: Erdi Aroko paisaiak eraikitzen Euskal Herrian. Josu Narbarte
Urriak 29, 19:00-20:30: Zer esaten digu osteoarkeologiak? Arbasoak, nola bizi eta nola hil ziren. Maite Iris Garcia
Urriak 30, 19:00-20:30: Abrisketa, zer berri? Nora goaz? AR.GU.I.A. Proiektua: ibilbide berriak. Teresa Campos-Lopez

Non: Edurne Garitazelaia Kultur Etxea

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: malmasingolagunak@gmail.com (ez da erreserbarik egin behar)

Etxebarri

Hitzaldia eta bisita gidatua: ‘Harribidea. Bideen bidea’
María López de Haro andreak 1348an berretsi zuen Bilboko Hiribilduaren fundaziorako (1300) herri-gutuna. Bertan, “Echevarritik Ganguren mendilerroraino doan bidea” aipatzen da, baina ba al dakigu zer bide zen? Ba al dago Bilbo eta Etxebarriren arteko muga zehazteko balio izan zuen elementu horren beste konstanterik, orduan Galdakaoko elizateak? Eta zergatik agindu zuen María López de Haro andreak ez erabiltzeko? Urduña eta Bermeo arteko lotura-bidearen zati bat ezagutaraziko dute.

Noiz: urriak 18, urriak 20

Non: Lezama Legizamoneko Irin Fabrika

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: kultura@etxebarri.eus / 944 267 005

Galdakao

Hitzaldiak: ‘Gure erromeriak’
Jai-giroko elkargune gisa, erromeriak parada egokia ziren gizarte-harremanetarako. Oinez, bizikletaz, tranbiaz, trenez, autobusez edo autoz joaten ziren gazteak erromerietara lagun berrien bila, eta harreman hertsiak sortzen ziren komunitateen artean, eta tratuak ere egiten ziren, esaterako, Urkiolan, San Antonio egunean. Arratiako tranbia, Durangorako trena, autobusa eta autoa garraiobideek ohiturak aldatu zituzten eta denborak eraldatu, haiei esker, errazagoa eta azkarragoa baitzen Bizkaitik mugitzea; hala bada, jai handiek, pixkanaka, adiera tradizionalagoa eta folklorikoagoa hartu zuten: “geure erromeriak” .

Urriak 3, 19:00: Tranbiatik metroraino ibilbide historikoa. Juanjo Olaizola
Urriak 17, 19:00: Erromeria topaleku Gorbeialdean. Juan Manuel Etxebarria

Non: Torrezabal Kultur Etxea

Hizkuntza: euskaraz

Ugao

Kanpoaldeko ihes gela: ‘Errege Bidearen misterioa’
Jarduera horretan, hainbat garai historikotako pertsonaiei lagundu beharko diegu Ugaotik igarotzearekin lotutako arazoa konpontzen. Arazo hori misterio handiago baten parte da, eta konpondu egin beharko dute. Lau proben irtenbideen bidez, Ugaoko lurreko komunikazioekin lotutako azken enigmaren lau zatietako bat lortuko da.

Urriak 18, 18:00-20:00

Non: Jane Jauregia

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: 946 480 704 / kultura.ugao@ortzadar.es

Zeberio

Hitzaldia eta bisita gidatua Juanjo Hidalgoren eskutik: ‘Errege Bidea’
Zeberioko errege-bidearen goiko tartearen gaineko esku-hartze bati esker –Etxebarri eta Undurraga auzoen artetik igarotzen den tokian–, XVIII. mendeko bidarriaren jatorrizko harzolaren zati bat aurkitu da. Bidarri hartatik, Miraballes hiribildutik Arratia haranera joaten zen. Bide haren oroimena gogora ekarriko dute.

Urriak 12, 10:30

Non: Ermitabarri

Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz

Izena ematea: 946 122 695 / turismo@gorbeialdea.com

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari

Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia

|

Basconia eta Padura futbol taldeak // Geuria

Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.

Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.

Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.

Osorik irakurri