☉ Hego Uribe
Grafikoak / Errealitate berri baten mapa: immigrazioa Hego Uribe eskualdean
Saretzen proiektuaren bigarren kolpea azaleratu dugu gaur Tokikomeko bazkideok, GEURIAk barne, eta Eitb-k. Oraingoan, etorkinen jatorrizko herrialdea eta immigrazioak ekonomian duen eragina aztertu dugu tokiko hedabideok.
Saretzen proiektuaren bigarren kolpea azaleratu dugu gaur Tokikomeko bazkideok, GEURIAk barne, eta Eitb-k. Oraingoan, etorkinen jatorrizko herrialdea eta immigrazioak ekonomian duen eragina aztertu dugu tokiko hedabideok
Datu-kazetaritza jorratzeko lanetan, Saretzen proiektuaren lehen kolpean demografiaren bilakaera aztertu bagenuen, bigarren olatu honetan migrazioaz eta, batez ere, immigrazioaz arituko gara Tokikomeko hedabideok eta Eitb. Zehazki, Hego Euskal Herrian bizi diren etorkinen jatorrizko herrialdearen eta immigrazioak bertako ekonomian duen eragina ikertuko dugu tokiko hedabideok. Apirilaren 5ean komunikabide guztiok argitaratu dugu gure online euskarrietan bigarren ale honetako azterketa.
Migrazioa mundu osoan ematen den fenomenoa da. Xabier Aierdi soziologo zeberioztarraren arabera, “fenomeno arruntegia” da migrazioa, betidanik existitu dena eta beti existituko dena. Aierdiri elkarrizketa egin dio GEURIAk eta Tokimeko gainerako bazkideekin eta Eitb-rekin elkarbanatu du, bideo formatuan zein idatziz. Hori da, hain zuzen, Saretzen proiektuaren bitartez sustatu nahi den elkarlana tokiko hedabideon artean.
Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, 2002an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jatorri ez espainiarreko 56.868 pertsona zeuden, biztanleria osoaren % 2,6a. 2022ko urtarrilean, ordea, 253.034 ziren atzerrian jaioak (% 11,5). “Errealitate berri baten” aurrean gaudela dio Aierdik: “Norbaitek uste badu joan-etorriko pertsonen aurrean gaudela, hori ez da horrela: datozen pertsonak bertan geratuko dira eta bertan euren bizitza garatuko dute. Pentsatu behar duguna da gizarte berri bat sortuko dela, jatorri desberdinez osatua”.
Hego Uribe eskualdeari dagokionez, 2002an 1.835 herritar ziren atzerritik gurera bizitzera etorritakoak (% 1,85) eta 2022ko urtarrilean 7.718 dira (% 7,7). Laukoiztu egin da eskualdeko biztanleria ez espainiarra azken 20 urtetan. Udalerriz udalerri, eta 2022ko urtarrileko datuak aztertuta, Basaurin daude etorkin gehien: 3.989 (% 9,8); Galdakaon 1.821 dira atzerritik etorritakoak (% 6,1); Arrigorriagan 841 (% 7); Etxebarrin 584 (% 5); Ugaon 347 (% 8,4); Zaratamon 88 (% 5,35); eta Zeberion 48 (% 4,45). Hego Uribe eskualdean immigrazioak izan duen bilakaera zehatzagoa apirilaren 5eko online kolpean emango dugu.
Jatorri askotarikoak
Hego Uribe eskualdean mundu osotik etorritako herritarrak ditugu, baina denetan populazio handiena osatzen dutenak Marokotik (1.187), Kolonbiatik (916) eta Errumaniatik (837) heldutakoak dira, 2022ko urtarrileko datuei erreparatzen badiegu. Askotariko arrazoiak egon daitezkeen arren, gurera etortzen diren gehienak migratzaile ekonomikoak dira; migrazio-fluxuen gorabeherek ekonomiak bizi duen egoerarekin zerikusi zuzena dute.
“Eskualdean ditugu, alde batetik, premietara zuzenean zuzentzen diren jatorriak, batez ere, latinoamerikarrak eta Europa erdialdetik etorritakoak. Marokoarren kasuan, oso gertu daude; lehendik ere bazeuden marokoarrak gurean eta gaur egun kopuru hori ugaritu egin da, batez ere hurbiltasunagatik”, dio Aierdik, eta gaineratu du: “Ekialdeko Europatik etorritako gizon-emakumeak beste profil batekoak izan ohi dira: emakumeek zaintzan egiten dute lan, baina gizonak industrian eta obretan ibili ohi dira, lan horiek gauzatzeko beharrezkoa den prestakuntzarekin etortzen direlako euren sorterritik”.
Sahararrez galdetura, Aierdik azaldu digu ez daudela datuetan bereizita: “Beharbada egon liteke udalen bat bai bereizten dituena eta galdetzen diena magrebtarrak diren, marokoarrak diren, aljeriarrak diren edo sahararrak diren. Oso zaila da horiek bereiztea nazionalitate propiorik ez badute”.
Ekonomian eragin “ikaragarria”
Askotarikoak izan daitezke migraziora jotzeko arrazoiak; batzuk orokorrak dira, baina beste asko pertsonalak izan daitezke. Hala ere, denen artean lau dira nabarmendu beharrekoak: ekologikoak, ekonomikoak, politikoak eta belikoak. Ekologiari lotutako migrazioak hondamendi naturalen ondorioz sortutakoak izaten dira, hala nola, lurrikarak, suteak edo urakanak sortzen direnean bizilekua utzi behar izaten denean. Arrazoi ekonomikoengatik migratzea ere oso ohikoa da; pertsonek euren sorterria utzi behar izaten dute bertan dagoen garapen faltagatik edo herrialdearen krisi ekonomikoagatik. Hala, gizon-emakumeek migratu egiten dute euren bizitza proiektuak garatu ahal izateko aukera hobeen bila. Politikaren ondorioz migratu behar dutenen kasua, aldiz, euren askatasuna edo bizitza arriskuan dagoenean eman ohi da, intolerantzia edo irmokeria politikoagatik, besteak beste. Azkenik, gerra batetik ihes egiteko beharragatik lekualdatzen direnak ere badira; azken horiek, normalean, ondoko herrialdeetara joaten dira.
Gaur egun, migratzeko arrazoi nagusia ekonomikoa da; pobreziatik ihes egitea, lan hobe baten bila joatea edo, sinpleki, etorkizun oparoago bat lantzeko nahia izatea. “Esan ohi da gugandik bizitzera datozela, gure tarta jatera datozela, gure gizarte politikak aprobetxatzera datozela… Hori ez da horrela: inmigrazioak ekarpen ekonomiko ikaragarria egiten du gurean. Gainera, zergatik etorri ohi da jendea atzerritik? Bada gehienetan guk bete ezin ditugun premiak asetzera etorri ohi dira immigranteak gurera. Zaintza lanak, adibidez, nork egin ohi ditu? Batez ere biztanleria latinoamerikarrak, eta batez ere feminizatuak”, dio Aierdik.
Migrazio mugimenduen inguruan hainbat eztabaida piztu da azkenaldian, xenofobia hauspotzen duten hainbat klixe, zurrumurru eta gezurrez josita. Horietatik denetatik kalean gehien entzun daitekeena da immigrante “gehiegi” dagoela gurean; baina, benetan hala da? INEk emandako datuen arabera, kanpoan jaio direnen kopurua ez da % 10etik gorakoa Euskal Herrian, ezta Hego Uriben ere.
Interkulturalismoa helburu
Multikulturalismoak esaten du kultura desberdinak elkarrekin gaudela gizarte baten barruan, baina ez gaudela nahastuta. Aldiz, interkulturalismoak dio elkarrekin eta nahastuta gaudela. “Nahastuta egotea gizarte bezala izan behar dugun helburu bat da. Hiru elementu aipatzen dira: helburu gisa berdintasuna lortzea; desberdintasuna errespetatzea; eta interakzioa bultzatzea. Hiru elementu horiek argi izan behar ditugu, eta gero etorriko dira nahasketak”, dio Aierdik.
☉ Hego Uribe
GEURIAko abenduko alearen banaketa atzeratu da, inprimategi greba dela eta
Comeco Grafico Norte enpresa greban dago, eta besteak beste, bertan GEURIA inprimatu egiten da.
Azaroaren 28an, ostegunez, abenduko alea publikatu genuen, baina online bakarrik irakurri daiteke momentuz; izan ere, inprimategiaren greba dela eta, oraindik ezin izan dute paperezko alea inprimatu.
Aurreikuspenen arabera, aste honetan bertan imprimatuko litzateke GEURIA, eta jaso bezain pronto hasiko dugu banaketa, bai horretarako propio dauden puntuetan, eta bai harpidedunentzat euren etxeetan. Bitartean, PDFa online irakur daiteke esteka honetan.
☉ Hego Uribe
GEURIAk tokiko komunikabideen erronkak hizpide izan dituen Tokikom jardunaldietan parte hartu du
Tokikom Sariak banatu zituzten atzo, azaroak 22, Artikako (Berriobeiti, Nafarroa) Maria de Maeztu kultur etxean.
Euskarazko toki komunikabideen urteko lanik onenak ezagutzeko eta sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak partekatzeko aukera izan zuten han bildutako 80 bat lagunek. GEURIAtik Eñaut Barandiaran zuzendaria eta Maider Ibañez kazetaria bertaratu ziren.
Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak hitzaldiak eskaini zituzten.
Sarasuaren arabera, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen ditu tokiko hedabideak, “euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera baitauka”.
Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu zuen: “Orain arte egin duguna egitea ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz gehiago fragmentatuta dagoelako”, adierazi zuen Sarasuak.
Eskualde mailako komunikazioan euskarazko hedabide taldeek lidergoa har dezaketela esan zuen Sarasuak, “lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan”.
Sarasuak behin baino gehiagotan nabarmendu zuen ideia baten ildotik, “gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela” adierazi zuten AEKko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean.
Aurki 50 urte beteko ditu AEKk, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute “etengabeko eraldaketa”.
Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak beren hedabidearen ereduaz hizketan jardun zuen, kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diena 95.000 bazkideren sostengua izatea dela argudiatuta, “bazkideena eta ez harpideena”.
Bazkideak proiektuaren protagonistak direla esan du, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean.
Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun zuen Argelinak, eta baita bazkideei modu esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere: “Bazkideak asko zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori asko baliosten duten zerbait da. Gauzak etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten digute”.
Lau sari
Hitzaldiak baino lehen, 2024ko Tokikom Sariak banatu zituzten.
Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan zen, ‘Matxismoa ari du’ goiburu duen aldizkariaren azalari esker.
Edukirik Onenaren Saria Azpeitia Gukarentzat izan zen, Maialen Etxaniz kazetariak egindako ‘Gelditu dira inprentaren makinak’ erreportajeagatik.
Eta, Ikus-etzunezko Onenaren Saria Antxeta irratiarentzat izan zen, ‘Uhin inklusiboak’ lanagatik.
Aurten, gainera, sari berezi bat ere banatu zuen Tokikomek: Nafarroa Saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako ‘Dialeko azkenak’ ikus-entzunezko lanari eman zioten saria.
Ekitaldia Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatu zuen. Nafarroako Gobernuaren izenean Jabier Arakama Euskarabideako zuzendaria, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren izenean Jokin Azkue HABEko zuzendaria ere izan ziren ekitaldian.
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko 21 supermerkatuk bat egingo dute Bizkaiko Elikagaien Bankuko bilketa handiarekin
Azaroaren 22an eta 23an izango da Bilketa Handia Bizkaiko supermerkatuetan, tartean, Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Usansolon
Bizkaiko Elikagaien Bankuak bilketa handia egingo du azaroaren 22an eta 23an lurraldeko supermerkatuetan. Baita Hego Uribe eskualdean ere.
Zehazki, Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Ugaoko eta Usansoloko 21 supermerkatutan izango dira Bizkaiko Elikagaien Bankuko boluntarioak elikagaiak jasotzen.
Bizkaiko Elikagaien Bankutik zehaztu dutenez, olioa, haurrentzako elikagaiak, latak eta kontserbak dira gehien behar dituztenak.
Aurten, Bizkaiko familiak laguntzeaz gain, Valentziako hondamendiko kaltetuei elikagaiak bidaltzea da kanpainaren helburua.
360 boluntario
Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, 360 boluntario egongo dira Hego Uribeko supermerkatuetan.
Bilketa handirako boluntarioak “ezinbestekoak” direla aipatu dute, eta herri batzuetan faltan dituztela esan du: “Adibidez, Etxebarrin boluntarioak behar ditugu azaroaren 22an eta 23an herriko supermerkatuetan egoteko. Gero eta gehiago kostatzen zaigu boluntarioak topatzea supermerkatuetan egoteko. Beraz, oso garrantzitsua da irakurleek parte hartzea!”, diote.
Boluntario izateko interesa dutenek izena eman dezakete Bizkaiko Elikagaien Bankuko webgunean edo 944 499 258, 946 053 779 edo 747 454 396 telefono zenbakietara deituta.
☉ Hego Uribe
Rockein 2024: Monday Potions da Hego Uribeko taldetik onena
Monday Potionsek Etxebarriko taldekide bat du eta sari bezala bideoklip profesional bat grabatuko dute eta kontzertua eskainiko dute 2025eko MAZ Basaurin
Azaroaren 16an, larunbatez, Rockein lehiaketako finala izan zen Basauriko Social Antzokian. Hego Euskal Herriko musikari eta taldeei zuzendutako lehiaketako hamabigarren edizioan Ben Santana diziplina anitzeko artista bilbotar gazteak irabazi zuen sari nagusia.
Hego Uribeko talderik onenaren kategorian Monday Potions laukotea izan zen garaile, musika proposamen eklektiko batekin, pop barrokotik art rockera nabigatzen duena. Eneko Peña da proiektuaren buru eta Etxebarri (Danel Marin), Bilbo eta Santurtziko kideez osatuta dago.
Sari bezala, Monday Potions taldeak bideoklip profesional bat grabatuko du eta kontzertua eskainiko du 2025eko MAZ Basaurin.
Bestetik, Maialen Ibarra sanmigeldarra eta bere taldea Euskarazko artistarik onena saria irabazi zuen eta Edgar Allan Pop bikoteak —Beatriz Álvaro arabarra eta Jaime Buenaventura madrildarra— jaso zuen Eskarabilera Saria.
Irabazleak erabakitzeko epaimahaia honako hauek osatu zuten: Nara Pinto (Primavera Sound festibalean promotorea); Jon Agirrezabalaga (El Tigre Studios-en ekoizle eta soinu-ingeniar eta musikari eta konpositore); Anne Salazar (BIME Live festibalaren koordinatzaile eta artisten kontratazioaren arduradun); Iker Bárbara (MondoSonoro musika-komunikabidearen Euskal Herriko eta Errioxako edizioaren koordinatzaile); eta Jon Zugazagoitia (Basauriko Udaleko Gazteria, Kirol eta Informatika zinegotzia).
☉ Hego Uribe
Bi autok istripua izan dute N-634 errepidean Basauri parean
Auto istripua gertatu da N-634 errepidean Basauri parean bi autoren artean. Istripua 15:00ak aldera jazo da.
Galdakaoko eta Donostiako noranzkoan errepidea moztuta egon da tarte batez eta trafikoa Baskonia zubitik bideratu dute. Errepidea dagoeneko zabalik dago.