Elkarrizketak
Ainhoa Galdeano Garcia: «Gaur egun bideragarria litzateke Bilbon izotz pista bat eraikitzea»
Bere ametsaren aldeko borrokan dabil aspalditik Ainhoa Galdeano irristatzailea. Izotz pistak desagertu zirenean aukera berriak topatu zituen gurpiletan

Hiru urte zituenean hasi zen izotz irristaketan Ainhoa Galdeano Garcia (Arrigorriaga, 1970). Garai hartan Artxandako Nogaro pistara eramaten zuen bere aititeak autoz. Urte oparoak izan ziren Arrigorriagako irristatzailearentzat. 1982an Espainiako Txapelduna izan zen haurren kategorian. 1983an ateak itxi zituen Artxandako izotz pistak, eta kirola alde batera ez uzteko ahaleginetan, klaseak Gasteizen jaso zituen urte pare batez. Hala ere, egoera jasangaitza zen: bertara egin beharreko bidaia, kostua, asteburu ugari gurasoekin Gasteizen…
Ainhoak izotz irristaketa bertan behera utzi behar izan zuen, eta bestelako kiroletan aritu bazen ere ez zuen irristaketa ordezkatuko zuen bestelako jarduerarik topatu. 2008an, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioaren bidez monitore lez berrezarri zuen harremana izotzarekin. Andorran egindako egonaldi batean gurpil irristaketaren mundua ezagutu zuen Arrigorriagakoak, eta formakuntza egin ostean, 2012 eta 2022urteen artean, nazioarteko txapelketa ugaritan eta Munduko zortzi txapelketatan hartu du parte gurpildun patinen gainean.
Baina izotz gosea ez zuen asetzen horrek, eta pandemiaren ostean, 40 urteko tartea igaro ostean, izotzerako patinak janztea erabaki zuen Club Hielo Vizcaya klubaren izenean. Gaur egun Nerea Vazquezek gidatutako Donostiako Anoeta Izotz Spin klubaren instalazioetan jasotzen ditu klaseak, helduentzako taldean. Txapelketetako adrenalinak txikitako bizipenetara itzularazten du Ainhoa, eta joan den urtarrilaren 19an urrezko domina eskegi zuen Vielhan antolatutako izotz txapelketako B+28 kategorian.
Egun 55 urte ditu Galdeanok eta Arrigorriagan izotz pistarik ez dagoenez gurpildun patinen gainean harrapatu dugu. Irristaketaren inguruan egin dugu berba beragaz: izotz irristaketaz, eta bere ametsa betetzeko egin duen ibilbide zoragarriaz, adina edozein delarik ere.

Nola ezagutu zenuen gurpil irristaketaren mundua? Neska baten bideo batzuk ikusita neuzkan. Betidanik pentsatu izan dut gurpilekin egindako irristaketa benetan zaila zela, oreka lortzea erronka handia delako. Ikusi nituen bideo horietan agertzen zen emakumearen izen-abizenak ezagunak ziren: nire garaian, irristaketaren esparruan neska hura ezaguna zen. Kasualitatez, garai hartan, 2011n, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioan egiten nuen lan, umeekin eskola kirolean.
Egun batean Andorran ospatu beharreko biltzar batera gonbidatu ninduten eta han bideo horietan agertzen zen neskaren ama ezagutu nuen. Berarekin berba egin ostean, esan zidan alabak izotz irristaketa alde batera utzi zuela eta gurpil gaineko irristaketaren munduan
murgildu zela.
Zuri antzeko zerbait gertatu zitzaizun. Azken batean haurra zinenetik 13 urte bete arte izotz irristaketa praktikatzen zenuen, baina bertako pistak itxi egin zituztenean alde batera utzi zenuen kirola. Hala da. Neska horren amarekin berba egin ostean gurpil irristaketan hasteko grina piztu zitzaidan, eta gomendioak eskatu nizkion irristatzailearen amari. Bidaia hartan bertan patinak prestatu eta gurpil irristaketa zaletasun moduan praktikatzen hasi nintzen. Izotz pistarik ez zegoen, gurpilekin defendatu behar nuen nire kirola! Hortik sei hilabetera Panticosan antolatutako Munduko Txapelketan parte hartzera gonbidatu ninduten. Antza, munduko izotz irristaketako entrenatzaile batzuekin elkarte bat sortu zuten eta boluntario moduan parte-hartzera gonbiatu ninduten, eta horri esker helduen probak ikusteko parada izan nuen. Nire harridurarako, bertan ikusi nuen maila oso oinarrizkoa zen: kategoria guztiek hartu zuten parte proba hartan eta nire burua horixe egiteko prest ikusi nuen. Elisabeth Martín-Morari galdetu nion ea bere iritzia zen zen.
Elisabeth Martín-Mora entrenatzailea da? Bera izan zen irristaketan trebatu ninduena Jakan, umeekin batera. 2011ko uztailean izan zen. Bertan jaio zen Pariseko Nazioarteko Txapelketan parte hartzeko ideia. Txapelketa hartarako koreografia bat ikasi behar izan nuen, eta txapelketa irabazi nuen nire kategorian. Horrela hasi nintzen era honetako patinekin irristaketa egiten.

Erraz hasi zinen gurpilen gainean irristatzen, orduan. Oinarri sendoak nituen, dena esan behar da ere! Kontua da gurpiletara igo baino lehen izotz irristaketa praktikatzen nuela Artxandako Nogaro izotz pistan. Hiru urtekin hasi nintzen izotz irristaketan eta Scootie Paulsen bezalako entrenatzaileak izan nituen. Artxandako pistan ikasitakoa ez nuen sekula galdu. Gurpiletan hasi nintzenean, Elisabethek izotzetik gurpiletara egin beharreko moldaketan lagundu zidan, bera izotz irristaketatik etorritako emakumea delako. Gurpilekin hasi nintzenean tituluak eskuratzen hasi nintzen eta Europako hainbat hiritan lehiatu nintzen: Toulousen, Polonian, Milanen, Paris…
40 urteko etenaldia egin ostean gurpilekin berrartu zenuen irristaketa. Baina izotza ez zenuen alde batera guztiz utzi. Ezta pentsatu ere! Bitartean, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioaren bidez umeak Gasteizera eramaten hasi nintzen Foru Aldundiko Eskola Kirola programaren bidez. Ez dira entrenamendu saioak baina izotz gaineko irristaketa artistikoarekin lotura mantendu egiten dut modu horretan. Gurpil eta izotz irristaketa eskutik joan dira. Kontua da Elisabethek Jakako entrenamendu saioak utzi zituela, Bartzelonara joateko. Halaxe egin nuen nik ere: berarekin joan nintzen Bartzelonara: asteburuetan egiten nituen bidaiak, nire agenda saio horietara egokituz. Edonora joateko prest negoen. Badakizu nola esaten den: non gogoa, hor zangoa!
Egia da ere izotzarekin zenuen lotura hori azken urteetan indartu egin dela, ezta? Pandemia osteko kontua da hori. Elisabethek gurpiletako irristaketa alde batera utzi eta izotz irristaketako patinak jantzi zituen berriro eta halaxe egin nuen nik ere. Tartean, entrenatzaile izateko ikastaroa egin nuen eta horrek teknifikazioak egiteko ateak zabaldu zizkidan. 2024ko aste santuan helduentzako izotz irristaketako kanpusa antolatu zuten Jakan. Bertan Donostiako neska bi zeuden eta bere taldean parte hartzeko gonbidapena luzatu zidaten. Helduentzako klaseak zeudela esan zidaten, eta Arrigorriagatik gertuago egonda, proba egitea erabaki nuen.
Izotz irristaketarekin txapelketetan parte hartzea asko gustatzen zait. Horrek asko motibatzen nau. Lehiatu ahal izateko azterketa jakin batzuk gainditu behar dira. Banan-banan, egin beharreko proba guztiak gainditu nituen. Esan beharrekoa da helduek egin beharreko proba horiek nahiko errazak direla. Azterketak gaindituta, txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.

Nolakoak dira Donostian egiten dituzun entrenamendu saio horiek? Astean behin egiten ditut entrenamendu saioak Donostian, 07:45etan. Saioak astelehenetan dira eta aurreko egunean joan ohi naiz bertara. Pentsio batean lo egiten dut hurrengo egunean goiz jaiki ahal izateko. Entrenamendua amaitzerakoan Arrigorriagara bueltatzen naiz.
Eta merezi du? Bai, noski! Anoeta Izotz-Donostian Nerea Vazquezekin egiten dut lan eta teknifikazioak Madrilen egiten ditut Susana Palesekin.
Merezi duen galdetzen dizudanean irristaketak gaur egun bizi duen egoeragatik da, Ainhoa. Kirol minoritario honek egoera txarra bizi du gaur egun, baina ez Euskal Herrian soilik; Estatu mailan orokorrean parekoa da egoera. Bartzelonan duela urte bi desagertu zen irristaketa taldea, pista FC Barcelonako museoa egiteko erabili zutelako. Gaur egun izotz pista berri bat eraikitzen omen daude Bartzelonan eta datorren denboraldian zabalduko dutela esaten ari dira. Madrilen egoera ez da hain katastrofikoa, hala ere: bost pista daude, baina denak ez dira aproposak txapelketak antolatzeko.

Estatu mailako hainbat pistatan izan zara zu. Zein izan da azkena? San Inazio zubian Murtzian izan nintzen. Arraroa bada ere, entrenamenduak bertako merkataritza zentro bateko izotz pista batean egin nituen. Pistak zutabe erraldoi bi ditu erdian, baina entrenamendu saioak egitea posible da behintzat. Murtziako egonaldian egindako bidaiak hoteletik merkatalguneko pistara izan dira, ez dugu beste ezer gehiago bisitatzeko astirik izan (barreak).
Zenbait pista aipatu dituzu, baina bat faltan dut. Zer gertatzen zaio Gasteizko izotz pistari? Arazo ugari dauzkate pista horrekin. Aurreko denboraldian izotza mantentzen duen makina apurtu egin zen eta ordezko piezak urrutitik ekarri behar dituzte. Izan ere, joan den denboraldian txapelketa bat aurreikusita zegoen baina atzeratu behar izan zuten, beste hockey partida batzuekin batera.
Eta zer esan dezakezu Artxandako Nogaro izotz pistaren inguruan? Nola gogoratzen dituzu Artxandako leku hartan emandako urteak? Oso urte politak izan ziren bertan emandakoak eta izotz pista hark xarma berezia zuen. Bertako kupularen oroitzapen berezia dut. Egun haizetsuetan haize boladek sabaia jaisten zuten eta lona hark izotza ukituz gero, sabai osoa hondatu zezakeen.
Zure kasuan, eskualdean eta Bizkaian baliabide faltagatik izotz irristaketan aritzeko aukerarik gabe egon zara denbora luzez. Nogaro itxi zutenean jende askok irristaketa praktikatzeari utzi zion. Goi mailako ikasketak egiten hasi zirenek ere alde batera utzi zuten kirola. Garai hartan gazteagoak ginenok pasioa mantentzen saiatu ginen, baina gure maila handiak entrenamendu saio bereziak eskatzen zituen eta urte batzuetan Gasteizera joan ginen asteburuetan. Asteburu osoa bertan ematen genuen, horrek zekarren guztiarekin: gurasoek bertara eramaten gintuzten, esaterako. Azkenean, amets hura amaitu zen. Institutua hasi nuen eta bestelako kirolak praktikatu nituen. Tartean, Bilbon aldi baterako jarri zituzten izotz pistetan irristatu nintzen: Arriagako enparantzakoan, bai zezen plazakoan, La Casillakoan, Deustuko irristaketa pistakoan, Max Center merkatalgunekoan (Barakaldo)… Egitasmo oso politak izan ziren, baina behin behinekoak denak. Ez daukate zerikusirik azken urteetan Gabonetan jartzen ari diren plastikozko egiturekin.

Ahaleginik egin al da izotz pista bat Bilbon edo inguruetan ipintzeko? Bizkaiko Neguko Kirolen Federaziotik ahaleginak egiten ari dira horrelako proiektu bat garatu ahal izateko. Baina instituzioek ez dituzte gustuko era honetako proiektuak eta konpromisoa da izotz pista bat bezalako proiektu bat martxan jarri ahal izateko. Izotz pistak garestiak direla, leku falta dagoela, jende falta dagoela eta dirurik ematen ez duela esaten dute politikariek.
Uste duzu Nogaro bezalako pista bat Bilbo edo inguruetan eraikiz gero jendeak erabiliko lukeela gaur egun? Zalantzarik gabe, kirola egiteko erabiltzen bada betiere; ez dugu ikusten haurrak “aparkatzeko” leku moduan, baizik eta konpromisoa duten kirolariei eskainitako lekua bezala. Gaur egun mugimendu handiagoa dago irristaketan eta gizarteak aukera gehiago ditu leku batetik bestera garraiatzeko: zerbitzu publikoa, autoa… Nogaroko urteetan aititek eramaten ninduen autoz Artxandara: aitak ezin zuen eta amak ere ez. Gaur egun bideragarria izango litzateke izotz pista bat eraikitzearen proiektua.
“Duela urte batzuk, pertsona batek irristaketa klub batean izena ematen zuenean lehiaketetan parte hartzeko; gaur irristatzaileak berak ezartzen ditu gura dituen helburuak”
Kirol minoritarioa da izotz irristaketa baina alde positibo ugai dauzka aldi berean. Gaur egun telebistan ikus daitekeen kirola da, eta duela gutxi Javier Fernandez irristatzaile olinpikoak medioen arreta erakarri du: munduko txapelduna izan da 2015ean eta 2016an eta Europakoa 2013tik 2019ra, hurrenez urren. 2010, 2014 eta 2018an Joko Olinpikoetan hartu du parte eta 2018koetan brontzezko domina irabazi zuen. Honek guztiak eragina izan zuen gure kirolean, gero eta mutil gehiagok izena eman zutelako irristaketa klubetan. Esan beharrekoa da irristaketan ez dagoela bereizketarik gizonezko eta emakumezkoen artean eta ondorioz ez dugu emakumezkoen kirola sustatu behar, gizonezko oso gutxi daudelako. Gainera, irristaketak modalitate ugari eskaintzen dizkio patinatzaileari: modalitate librea (jauziak eta itzulipurdiak egiteko), dantza, taldekakoa… irristaketan irristatzaileak berak ezartzen ditu mugak. Duela urte batzuk, pertsona batek irristaketa klub batean izena ematen zuenean lehiaketetan parte hartzeko zen eta hori aldatu da gaur egun: irristatzaileak berak ezartzen ditu gura dituen helburuak.

Igeriketa lez, irristaketak ere on egiten die gorputz osoko giharrei? Gorputz atal guztietarako onuragarria da: hankak, besoak eta beste kontu batzuetarako ere: dantza saioetan denbora mugatua daukagu erakustaldia egiteko, eta ariketa aerobiko horretan berebizikoa da arnasketa modu egokian egitea. Oreka, koordinazioa eta malgutasuna ardatz nagusiak dira irristaketan. Bestalde, ariketa mentalak egiteko oso kirol egokia da eman beharreko pausuak barneratzeko orduan.
“Oreka, koordinazioa eta malgutasuna ardatz nagusiak dira irristaketan”
Zure kasua benetan aipagarria da: izotz irristaketan hasi zinen. Baliabide faltagatik zure kirol kuttuna alde batera utzi zenuen eta lau hamarkada ostean gurpiletan hasi zinen, ondoren sustraietara itzultzeko. Honek guztiak esan nahi du gure gorputzak oso exijentea den kirol fisiko eta mentaletara doitzeko gaitasuna duela gure adina edozein delarik? Kirol teknikoa eta oso zaila da. Helduei irristaketa artistikoko klaseak ematen hasi nintzen Mungian, eta bakoitzak nahi dituen patinak eramaten ditu bertara, oreka koordinazioa eta malgutasuna lantzeko. Irristaketak beti irakatsi dezake gauza berriren bat. Hobekuntzak egin daitezke beti: gurutzaketak, atzeraka joatea… Gaur egun irristatzaile bi ditut taldean eta lehen klasetik gaur egun arte egindako hobekuntza zeharo nabari da.
Mungian ematen dituzu gurpil irristaketa klaseak. Hego Uriben ez dago lekurik? Ez dago leku aproposik behar bezala ikasteko. Arrigorriagan estalitako kantxa urdinak daude, baina ez dira guztiz egokiak zorua gogorregia delako. Egia da gurpilek ondo eusten diotela lurrari, baina aldi berean lurra lija antzekoa da eta eroriz gero min handia hartu dezakegu. Gainera, Arrigorriagako pistetan gurpilen higadura handiagoa da. Beste aukera bat kiroldegi barruko pista alokatzea da, baina talde ertain edo handia behar da gastuak estaltzeko.

Kirol minoritarioa izanda, faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak izotz pista bat eraikitzeko, kokalekua tartean. Egoera ideala Bilbon bertan eraikitzea litzateke, erdigunearekin guztiz komunikatuta egoteko. Gaur egun inguruetan eraikitzea posible litzateke: ezkerraldean, esaterako, antxina lantegiak zeuden lursail horietan, baina kokapenagatik arazoak izango lituzte nire ustez. Gasteizko izotz pista oso ondo dago, baina erdigunetik urrunegi dago eta ez dago zerbitzu publikorik bertara heltzeko. Donostiakoa, ostera, ospitalera doan bidean kokatuta dago eta autobus linea gehienak bertatik igarotzen dira. Ez dago arazorik bertara heltzeko.
Kokapenaz gainera, kirol honek inbertsioa eskatzen du. Zuk Donostian jasotzen dituzu irristaketa saioak. Nolako gastua da zuretzat? Irristaketa saioak askoz merkeagoak dira bidaia eta egonaldiaren gastuak baino (barreak). Arrigorriagan trena hartu eta Bilbora noa. Bertan autobusera igo eta Donostiara noa (joan-etorriko bidaiaren zenbatekoa 50 eurokoa da). Han, pentsioan lo egin (45 euro) eta hurrengo egunean klasea jasotzen dut (10,50 euro). Gastu horiez gain materiala dago (mailotak 200 euroko kostua du), entrenamenduko saioetan erabiltzen den koreografiarako musika eskubideen zenbatekoa, txapelketetarako klase bereziak, teknifikazio klaseak… Dirua da, bai, baina ez ditut bestelako gasturik eta azken batean ikuspegi kontua da: egiten dudanarekin gozatu egiten dut eta hori nahikoa da
Elkarrizketak
«Duela 40 urte Basaurin txistulariak egotea nahi genuen, eta lortu dugu»
Duela 40 urte sortu zen Danbolin Txistulari Elkartea, Basauriko txistuaren transmisioa eta presentzia bermatzeko helburuarekin. Gaur egun bi erronka nagusi ditu taldeak: belaunaldien arteko erreleboa eta berrikuntza mantentzea

Basauriko kaleak txisturik gabe ez lirateke berdinak izango. Eta horren ardura Danbolin Txistulari Elkarteak du. Iazko azaroan 40. urteurreneko kontzertu berezia antolatu zuten Social Antzokian lagunez inguratuta. Txistuaren doinuekin badirudi Basauriko kaleek eta agertokiek beste kolore bat hartzen dutela. Danbolinen soinuak ez dira oharkabean pasatzen: jaietan, erromerietan zein Social Antzokiko eszenatokian, azken lau hamarkadetan herriaren bihotz-taupadari erritmoa jarri diote. Iaz 40 urte bete zituzten, eta atzera begiratuta zein aurrera begira, argi dute gauza bat: txistua bizirik eta inoiz baino sendoago dagoela Basaurin. Pili Castro Blanco (Basauri, 1968) eta Joseba Ibarra Bustinza (San Migel, 1959) Danbolineko kideekin berba egin dugu.
Zorionak, Danbolin! 40 urte ez dira gutxi!
Joseba Ibarra: 1984an txistulariok elkartu ginenean, esan baligute orain garen hau izango ginela, ez genuen sinistuko! Orduko helburua txistu talde handia egitea izan zen, ume eta gazteei txistua jotzen irakastea! Basauriko txistulari guztiok elkartu ginen: San Migeleko Indartsu taldekoak, Arizko Edurtzetako Ama taldekoak eta Agintzari taldekoak. Gutariko batzuek oraindik lotura daukagu dantza-taldeekin, baina txistulari guztiok batera gabiltza. Denok gaude Danbolin taldean!
1985ean taldea sortu zutenen amets horretatik, zer geratzen da gaur egungo Danbolinen?
Pili Castro: Duela 40 urte Basaurin txistulariak egotea nahi genuen, eta lortu dugu. Beraz, pozik gaude egindako lanarengatik eta emandako fruituengatik. Udal Musika Eskola sortu zenetik, txistuaren irakaskuntzari utzi genion, eta orain, ia 40 kideko banda dugu.
Zer sentitzen duzue lehen pauso haiek eta bidea zabaldu zuten horiek gogoratzean?
J.I.: Gure aurretik beste txistulari batzuk ere izan ziren: Patxi Ibarra, Rafa Colás, Jose Luis Elordi… Haiengandik ikasi genuen guk. Harrezkero txistu-irakaskuntza profesionalizatu ere egin da, kontserbatorioan goi-mailako ikasketak ere badira. Baina orduan gure helburua oso xumea zen: bermatu behar genuen guganaino heldu zen moduan, herriko jaietan, erromerietan… txistuaren doinua izatea.
“Txistua kalean egotea inportantea da. Jendea dagoen lekura joan behar dugu eta gure musika entzunarazi!“
Hitz dezagun elkartearen sorreraz.
J.I.: 1983tik ideia bat umotuz joan zen: hiru txistu-talde ginen eta batzuetan elkartu egiten ginen. Zergatik ez egin hiruron talde handi bat, hirurok elkartu, eta ume eta gazteeti jotzen irakatsi? Une horretan Basaurin gaur egungo Musika Eskola ez zegoela kontuan hartu behar da.
1984an Udalak gure proposamena eta aurrekontua onartu zituen eta berehala jarri ginen martxan. 1985eko otsailean 200 ikasle baino gehiago genituen! Eskoletan eta gure lokaletan hasi ginen txistua eta musika-irakurketa irakasten.
Hark fruitu ederra eman zuen eta gaur egun txistulari-bandan dauden erdiak orduko ikasleak dira.
40 urte hauetan herria asko aldatu da. Zuek ere bai?
P.C.: Dena aldatzen da. Gu ere txistu-eskola bezala sortu ginen eta orain ez dugu eskolarik ematen. Txistu-banda bezala ari gara kalejiretan, erromerietan eta kontzertuetan.
Zeintzuk izan dira taldearen bilakaeran mugarri edo une garrantzitsuenak?
P.C.: Garaiak aldatuz doazen arren, herrian txistuaren jarduerarekin jarraitzeko espirituak bere horretan jarraitzen du eta ilusioa izaten jarraitzen dugu. Eta mugarri batzuk aipatzearren hauek esango ditugu:
– Hasiera pozgarria izan zen. Irakurketa musikala irakatsi behar izan genuen, metrika eta solfeoa, txistua, danbolin erritmoak… Bat-batean, 200 ikasle baino gehiagorekin egin genuen topo. Pixkanaka-pixkanaka txistuaren akademiak fruituak eman zituen, ikasle onenak bandan sartu ziren eta kontzertu ugari ematen hasi ginen Josu Zorriketaren zuzendaritzapean. Ondoren, erreleboak egon dira taldearen zuzendaritzan: Jose Luis Lezama, Joseba Ibarra, Eneko Pereda, Ivan Nieto eta, 2011tik, ni neu, Pili Castro.
– 1999. urtearen amaieran, Joseba Ibarraren zuzendaritzapean, disko bat grabatu zen: Danbolin. Aparteko zerbait da euskal musikaren panoraman, diskoetxe ezagun batean profesionalki grabatutako diskoa baita, eta txistulari ez profesionalen talde handi batek oso afinatuta jotzen ditu pieza herrikoi, klasiko eta modernoak, batzuk txistularien bandak bakarrik eta beste batzuk beste instrumentu batzuek lagunduta. Diskoa Social Antzokian aurkeztu genuen elkartearen 15. urteurrenean.
– Zalantzarik gabe, bandarentzat beste mugarri garrantzitsu bat izan da Basauriko beste musikari batzuen edota bandako txistularien laguntza izatea.
– Musika-bandak ere izan ditugu bidelagun: Erandioko banda (Karmelo Ortiz zuzendaria zenean), Berriozarreko banda eta, batez ere, Zaragozako La Moncaína banda, oraintsu ere, 40. urteurrenaren ospakizunean, gurekin batera kontzertua eman duena.
– Txistua herriko jaietan entzuten da (San Migel eta San Fausto jaietan), baita auzoetako jaietan ere, San Martin ermitan, Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiran, erromerietan eta ekitaldi folklorikoetan, hala nola, Euskal Herriko Dantza Agerketan eta, oro har, eskatzen zaigun guztietan.
– 2006tik, urtero, urriaren 12an, San Fausto jaietan, “Txistularien Topaketa” antolatzen dugu. Bizkaiko herri askotako txistulariak etortzen dira: Bilbo, Getxo, Urduña, Zornotza, Mungia edota Lekeitio. Ehun txistulari baino gehiago elkarrekin jotzen! Bazkari baten ondoren, gauera arte jarraitzen dugu jotzen. Basauriko txistularien jaia erreferentzia da Bizkaiko txistulari askorentzat, beti zoriontzen gaituztelako antolakuntza bikainagatik eta gure artean ondo pasatzen dutelako. Gainera, basauriarrek gozatu egiten dute hainbeste txistulari elkarrekin entzuten eta jotzen ikustean!
– Hainbat lokaletatik ere igaro gara. Azokako plaza zaharrean entseatzen genuen urteak gogoratzen ditugu, baita dantza taldeen lokaletan eta Basauriko hainbat ikastetxetan eskolak nola ematen genituen ere. Gaur egun, Ibaigane kaleko lokal batean gaude, Basauriko Denon Eskolaren ondoan, eta Agintzari eta Basauritar dantza taldeekin partekatzen dugu.
“Txistua da protagonista, baina beste tresna batzuekin batera, kalitate oneko kontzertuak eman daitezke”
Nabari duzue belaunaldi erreleboa bermatuta dagoela Basaurin?
J.I.: Taldetik pasatu diren txistulariak asko dira. Arrazoi ezberdinengatik batzuk aldendu egin dira, baina gure kontzertuetan beti egoten dira 20 baino gehiago, baina taldean 50 inguru gaude. Dena den, urteurrenaren kontzertua 42 txistulari batu ginen!
Erreleboa errazagoa zen lehen, eskolak guk ematen genituenean. Gure ikasleek maila bat lortzen zutenean, bandaren entseguetara joaten hasten ziren. Ilusio berezia egiten zien eta haientzat ere aurrera jarraitzeko akuilutxo bat zen, pizgarria.
P.C.: Orain, txistulari berrien sarrera motelagoa da. Musika Eskolan ikasten duten ikasleek Danbolinen jarduerekin bat egiteko moduak kezkatzen gaitu, bai kalean egiten denarekin, bai taldearen kontzertuen zatiarekin. Zalantzarik gabe, belaunaldien arteko erreleboa da gaur egun dugun erronkarik handiena.
Gazteentzat erakargarria al da txistua?
J.I.: Gaur egun eskaintza handia dago, bai kultura aldetik, bai kiroletan. Orduko sasoian ez zegoen horrenbeste. Gazteek doako aukera bat ikusten zuten eta, musikazaleak izanez gero, etorri egiten ziren.
Oraindik ere txistua “zaharkituta” dagoela uste dutenei aurre egin behar diezue ala lortu duzue aurreiritzi horiek apurtzea?
J.I.: Egia da oraindik ere badela jendea txistua kalean bakarrik entzun duena, eta kalejirekin, dantzarekin edo doinu tradizionalarekin lotzen duena. Bestalde, lehen txistulariok ez geunden oso ohituta talde handian jotzera, denok ondo afinatuta. Azken urteotan, berriz, askok esan digute: “Ez dut inoiz entzun hain txistu-talde handia hain ondo afinatuta!” (barreak). Gainera, sarritan beste tresna batzuekin batera ere jotzen dugu eta ikasi dugu haiekin moldatzen eta era guztietako musikak jotzen. Kalitate aldetik aurrerapauso handiak eman ditugula uste dugu.
“Zalantzarik gabe, belaunaldien arteko erreleboa da gaur egun dugun erronkarik handiena. Erreleboa errazagoa zen lehen, eskolak guk ematen genituenean“
Basauriko kaleak txisturik gabe ez lirateke berdinak izango. Zuentzat zer da bereziagoa: Social Antzokian jotzea herriko beste elkarteekin batera ala herriko kaleetatik zehar ibiltzea?
P.C.: Biak zaindu behar dira: jendea gugana erakarri behar dugu eta gu geu ere jendearengana hurbildu. Txistua kalean egotea, herriko jaietan eta ospakizun guztietan egotea inportantea da. Jendea dagoen lekura joan behar dugu eta gure musika entzunarazi! Baina, bestalde, jendea gugana erakartzea ere inportantea da: ikusi egin behar dute txistua goi-mailan ere egon daitekeela. Gure kontzertuetan era guztietako musika entzun dezakete, herrikoia eta mundu mailakoa, zaharra eta berria! Txistua da protagonista, baina beste tresna batzuekin batera, kantuarekin batera…kalitate oneko kontzertuak eman daitezkeela jakin behar dute.
Klasikoetatik haratago, estilo berriekin esperimentatu duzue?
J.I.: Txistularien ohiko errepertorioaz gain, gaurko abestiak ere moldatu ditugu, Irlandako musika ere jotzen dugu eta, oro har, entzuleen gustuko musika moldatzen saiatzen gara. Gure moldaketetan, txistu, silbote eta perkusioaz gain, beste hainbat tresna entzun litezke: esku-soinua, teklatua, klarinetea, flauta, saxoa… eta inoiz edo behin beste batzuk ere bai: tronpeta, tuba, biolina, gaitak.
Herriko beste elkarteekin duzuen lankidetza aipatu dugu. Nolakoa da eurekin duzuen harremana?
J.I.: Ezin hobea, gure ustez. Eskertuta gaude, benetan, horrek aberastu egiten dituelako gure emanaldiak.
P.C.: Beste musikari batzuekin kontatzeak eta beste elkarte batzuekin elkarlanean aritzeak gauza berriak jotzeko aukera ematen digu eta gure errepertorioa zabaltzera behartzen gaitu; gure emanaldietan publikoari askotariko musika eskaintzea bilatzen dugu eta horrek proposamen desberdinak bilatzea eskatzen digu, berritzen eta elkarrekin ikasten jarraitzea. Lankidetza horiei esker, ikuskizun osoagoak eskain ditzakegula uste dugu, ikusleak behin baino gehiagotan harritu ditugula eta nolabaiteko interesa sortzea ere lortu dugula. Gainera, harro gaude gure kontzertuetan parte hartzen duten musikariek modu desinteresatuan egiten dutelako. Era berean, herriko beste talde batzuekin gauzak egitea —batez ere abesbatzekin eta dantza taldeekin—, gure ikuspuntutik, herria egiteko modu bat da.
“Basauriko txistularien jaia erreferentzia da Bizkaiko txistulari askorentzat“
Urtarrilaren 10ean Ongintzako IX. Kontzertua eskainiko duzue Social Antzokian Laiaren alde.
P.C.: Hala da. Kontzertuan talde desberdinak egongo gara: Basauriko Koral Elkartea, Soinu Bidea,Biarte Dantza Eskola, Edurre Dantza Taldea eta Danbolin. Bakoitzak pieza batzuk egingo ditugu gure aldetik baina nahastuko gara ere. Azken urteetan egiten ari garen lagina izango da. Danbolinen aldetik, estilo desberdinetako piezak prestatu ditugu, musikari-lagunekin baita ekitaldian egongo diren beste taldeekin batera. Ohi denez, basauritarren laguntza izatea eta Antzokia beteta egotea espero dugu urtarrilaren 10ean!
Nolakoak ari dira izaten entseguak?
P.C.: Talde bakoitzak bere lana bere kabuz egiten du eta normalean entsegu batzuk antolatzen ditugu elkarrekin egingo ditugun gauzak probatzeko. Horrez gain, entsegu orokorra egiten dugu Social Antzokian dena ondo prestatzeko; aurten urtarrilaren 7an egin dugu.
Urte hauetan guztietan hamaika anekdota biziko zenituzten!
J.I.: Asko daude! (barreak) Talde modura egin ditugun irteerak une bereziak ekarri dizkigute beti. Adibidez, Balmasedara txangoan joan ginen. Bertan ‘La Encartada’ txapelen museoa bisitatu genuen, eta gero, bazkaltzera joan aurretik, herrian zehar egin genuen kalejira bat. Balmasedako kaleetan zehar txistua jotzen ari ginela, bat-batean, ezkonberriak ikusi genituen elizatik irteten. Eta, birritan pentsatu gabe, haiei Aurreskuaren ‘Agurra’ dantzatzea erabaki genuen. 30 bat txistulari Agurra jotzen eta, dantzariak ere bazirenez gure artean, Agurra dantzatu genien! Zer-nolako ezustea eta zer-nolako oparia ezkonberri haientzat! Haiek pentsatuko zuten, agian, nork antolatu du hau? Baina horrela suertatu zen. Eskertu egin zuten biziki, seguru!
“50. urteurrena ospatu nahi dugu, horrek Danbolinek bizirik jarraitzen duela suposatuko duelako!“
40 urte bete dituzue, baina zein da hurrengo hamarkadarako erronka nagusia?
P.C.: Erronka nagusia beti da taldeko kideak aktibo mantentzea, suspertzeko berrikuntza txikiak bilatzea eta belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzea.
Nola ikusten duzue Danbolin 50. urteurrenean? Zein da zuen ametsa?
P.C.: Amets bat baino gehiago izan litezke. Txistulari bakoitzak ere berea izango du. Batzuek beharbada herri-musikari ekitea nahiago dute, beste batzuek berrikuntza gehiago… Edozein kasutan, 50. urteurrena ospatu nahi dugu, horrek Danbolinek bizirik jarraitzen duela suposatuko duelako!
☉ Ugao
Bideoa | Ana Guerra, Ugaoko Izarra: «Ugaoko familiak kabalgata herrian bertan ikusteko sortu da ideia»
Basauri, Galdakao eta Arrigorriagakoarekin batera, Ugaoko Izarra elkarteak bizirik mantentzen du Errege Magoen kabalgataren tradizioa, familia eta haurrentzat

Duela urte asko, hiru errege magoen kabalgata antolatzen zuten Ugaon, baina urteek aurrera egin ahala desagertu zen. Ugaoko Izarra elkarteak, duela 18 urte, tradizio hura berreskuratu eta epifaniarekin batera ikuskizun berezia antolatzen du urtero Herriaren enparatzan, urtarrilaren 5ean.
Gaur egun bederatzi kidek osatzen dute Ugaoko Izarra, baina Errege Magoen Gaueko ikuskizunean 100 herritar inguruk hartzen dute parte. Aurtengo kabalgata igaro da dagoeneko, baina ekitaldiaren istorioa ezagutu nahi izan dugu Ana Guerra Anaya (Arrigorriaga, 1965) kidearen eskutik Jane jauregian, jantziz, osagarriz eta atrezzo elementuez inguratuta, Ugaoko saioaren entsegu nagusian.

Noiztik antolatzen ditu Ugaoko Izarrak Gabonetako kabalgata? Aurten gure 18. kabalgata izango da, beraz, gure lehenengo kabalgata 2008 izan zen. Argitu nahi nuke gurea ez dela soilik kabalgata bat, baizik eta epifania eta kabalgata bat. Guk antzezten dugu garai hartan gertatu omen zena eta erregeen kabalgatarekin lotzen dugu.
Nola sortu zen ekimena eta zein zen jardueraren helburua hasieran? Gure seme-alabak txikiak zirenean beste herri batzuetako kabalgata ikustera joan ginen eta, han egonda, pentsatu genuen: “Zergatik ez dugu antolatzen horrelako zerbait Ugaon gurasoak eta seme-alabak herritik mugitu beharrik ez dezaten?” Eta herriari erraztasun hori eskaintzeko asmoz sortu zen ideia.
Nolako garrantzia dauka elkartearentzat tradizio hau bizirik mantentzea? Herriko jendeari herrian bertan izatea horrelako ikuskizun bat izan zen asmoa eta, gaur egun, helburu hori bizirik mantentzen da.

Nolako garapena izan du kabalgatak hasi zenetik? Hasieran, baliabide gutxi izan genituen, baina gero, eta Udalaren dirulaguntzari esker, pixkanaka-pixkanaka pertsonaia eta estruktura gehiago gehitzen joan ginen. Une honetan, muntaia polita daukagu eta, noizbehinka gauza batzuk aldatzen edo gehitzen ditugu, baina 18 urte eta gero oinarria eginda dago.
Zenbat jendek hartzen du parte urteroko jarduera hau prestatzen? Elkartean bederatzi pertsona gara eta guk antolatzen dugu dena, baina laguntza eskatzen dugunean badaude pertsona asko laguntza hori ematen dituztenak. Horrez gain, epifania eta kabalgata urtarrilaren 5ean antzezteko eta aurrera eramateko, herriko 100 pertsona (gutxi gorabehera) laguntza ematen dute. Pertsona horiek guztiak gabe hau ez litzateke posible izango.

Zenbat denbora behar da kabalgata prestatzeko? Lehenengo urteetan egun eta ordu asko sartzen genituen, baina orain gero eta denbora gutxiago suposatzen zaigu du martxan jartzeak.
Aldaketaren bat sartzen dugunean, orduan denbora gehiago inbertitu behar dugu, baina, lehen esan dugun bezala, oinarria jarrita dago eta, horrela, askoz errazagoa da dena aurrera eramatea. Zerotik lan egitea zoramena litzateke.
Kabalgata antolatzean zer da lan gehien ematen duena eta zergatik? Egun horretako muntaia. Herriko enparantzan garai hartako herri bat antolatzen dugu: salmenta-postuak, ostatua, erromatarren jauregia eta Belengo jaiotza. Oso polita geratzen da eta lan handia ematen du.

Nondik eskuratzen duzue finantziazioa zuen jarduera burutu ahal izateko? Guk daukagun dirua Udalaren dirulaguntza da, hala da. Urtero kantitate finko bat ematen digu eta, horrekin, konpontzen gara.
Eskualdean Basaurin, Arrigorriagan eta Ugaon egiten dituzte kabalgatak. Tradizio hau galtzen ari dela uste duzue? Momentuz bizirik mantentzen da, baina tradizio asko, galtzen ari dira edota aldatzen ari dira. Auskalo.
Arrigorriagako kabalgatak gero eta ospe handiagoa izaten ari du azken urteetan, eta Ugaoko jende asko bertara joaten da. Nola ikusten duzue hau? Arazorik gabe. Guk eskaintza bat egiten dugu eta gero, bakoitzak dituen aukeren artean erabakitzen du. Ugaon, gero eta jende gehiago gelditzen da.
Zuen ustez, zer dela eta da hain berezia Arrigorriagako kabalgata eta bide batez, zein da Ugaoko epifania eta kabalgataren indargune nagusia? Arrigorriagako kabalgatak gurea baino urte gehiago ditu eta, ondorioz, ezagunagoa da. Hemen, Ugaon orain dela urte asko kabalgata antolatzen zen, baina gero desagertu zen guk berreskuratu arte. Bitartean, inguruko kabalgata famatuena Arrigorriagakoa zen, baina gero eta jende gehiago gelditzen da gure herrian.

Ugaoko kabalgatari dagokionez, zuen ustez zein da jardueraren target edo ikusle nagusia? Adin guztietako pertsonak ikusten dira enparantzan, baina ikuskizun hau, batez ere, haurrentzat da, beraz, esango nuke familiak direla publiko nagusia: haurrak euren gurasoekin.
Zein da kabalgatako momendu hunkigarri edo bereziena? Dudarik gabe, Erregeak enparantzan sartzen direnean eta umeak agurtzen dituztenean. Horrez gain, badago beste momentu berezi bat: erromatarrek bi urte baino gutxiko umeak hiltzen dituztenean. Enparantza gorriz tindatzen da eta sortzen den giroa berezia da. Hala ere, une guztiak dira bereziak eta politak, bakoitza bere berezitasunekin.
Gabonetako jardueren artean, zuen ustez posible al da kabalgata bezalako jarduera batek herri nortasuna indartzea? Berak bere kabuz ez. Kabalgata Gabonetako tradizioetako beste jarduera bat da, eta herrian pisu handia duen Olentzeroren ospakizunarekin batera, bi ikuskizunen inguruko magia berezia eskaintzen die haurrei.

Etorkizunari begira, nolako erronkak ikusten dizkiozue Ugaoko kabalgatari? Momentuz jarraipena, eta gero gerokoak.
Gero gerokoak? Oinordekotza dago belaunaldi gazteen artean? Egia esan ez dago errelebo handirik. Bai sartu dira bi gazte elkartean, baina, momentuz, ez da nahikorik.
Nolako mezua helaraziko zeniekete herritarrei aurtengo eta hurrengo urteetako kabalgatetan parte hartzeko? Bakarrik esango nieke etor daitezela ikustera eta, mantendu nahi badute, parte har dezatela.
☉ Zeberio
Bideoa | Raquel Cilla Lopez: «Inori axola ez zaion gela batean zeuden Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak»
Juan Manuel Gonzalez lankidearekin batera Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak topatu ditu Raquelek Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomas eleizan

Olabarrietako Santo Tomas elizako lau metro karratuko biltegi txiki batean elkartu gara Raquel Cilla Lopez (Zaragoza, 1975) Eleiz Museoko zuzendariarekin. Cilla Ermitabarrin bizi da 2003tik hona, eta Juan Manuel Gonzalez lankidearekin batera egindako aurkikuntza historikoa ezagutzeko aukera izan dugu: Bizkaiko arkitektura-plano zaharrenak.
Eleiz Museoko langileek kasualitatez aurkitu zituzten Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoa osatzeko lanetan ari zirela. Tamaina handiko armairu bat lekualdatu ostean ganga batzuen diseinu bi topatu zituzten hormako zarpiatuan, hondatutako eskultura eta garbiketarako tramankulu batzuen artean ezkutatuta.
Istorioa ezagutu dugu Eleiz Museoko zuzendariaren eskutik.

Gelaxka txiki batean topatu dituzte plano biak // Geuria
Aurkikuntza potolo bi egin dituzue Eleiz Museotik Zeberioko Olabrrietako Santo Tomas eleizan. Nola gertatu da? Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoan lan egiten ari gara momentu honetan, eta ikerketa modu oso sakonean egiten da: tenplu bat ikertzerako orduan den-dena ikertzen dugu, eta altzari eta kajoi guztiak zabaltzen ditugu, ahalik eta informazio gehien eskuratzeko.
Alde batetik eraikina behatzen duten teknikariak daude lantaldean, eta bestetik altzariak eta bestelako elementuak arakatzen ditugunok: eskulturak, erretaulak… askotan elkarrekin egiten dugu lan bera, begi gehiago dagoelako ikerketan. Juan Manuel Gonzalezekin batera Olabarrietako Santo Tomasen lan egiten ari ginela, eraikina ikertzen ari ginen eta biltegi baten antza duen gela txiki bateko horman marka batzuk aurkitu genituen. Arin batean jabetu ginen ganga batzuen diseinuak zirela. Hormako zarpiatua zaharra da berez eta horien gainean egin ziren gaur egungo gangen diseinuak. XVI. mendekoak dira.

Raquel, Ermitabarriko Santo Tomas eleizako erretaularen aurrean // Geuria
Zer dela eta mantendu izan dira hain ondo denbora honetan zehar bertan? Biltegi txiki batean egin zituztelako, inori axola ez dion leku batean, hain zuzen ere. Diseinu horiek eleizako nabe nagusian edo sakristian egin izan balituzte, urteetan izandako eraberritze-lanak direla eta bertan galduko ziren, zalantza barik. Gelaxka horri inork ez dio kasurik egin mendeetan zehar eta hasieratik eman dute bertan diseinuek. Benetan harrigarria da aurkitu izana.
Azaldu zehazki egin duzuen aurkikuntza. Nolako diseinuak dira? Gangak eraikitzeko diseinu bi dira: lehenak 13 giltzarri eta hainbat tertzelete ditu. Ganga nahiko konplexua da arkitektura ikuspegitik eta tentu handiz diseinatuta dago: ematen du erregela eta konpasa erabili zutela diseinua egin ahal izateko. Bigarren diseina, ordea, sinpleagoa da: eskuz egin zuten eta elementu gutxiago ditu. Diseinu bien artean bigarrena aukeratu zuten. Gure hipotesiaren arabera, XVI. mendean lehiaketa bat antolatu omen zuten eta diseinu bat aukeratu behar zen Olabarrietako Santo Tomas eleizako sabaian eraikitzeko. Bertan hargin batzuek hartu zuten parte. Diseinu proposamen horiek zarpiatuan bertan egin zituzten. Gure ustez sinpleena aukeratzearen arrazoia kostua zen: zenbat eta sinpleagoa, orduan eta merkeagoa.
Nolako garrantzia dauka non eta Zeberion egindako aurkikuntza honek? Bizkaia mailan aurkitu diren arkitektura-plano zaharrenak dira, eta litekeena da Euskal Herri osokoak ere. Aurkikuntza benetan garrantzitsua izan da.
Zaragozakoa zara baina 2003tik bizi zara Ermitabarrin. Zer da zuretzat Olabarrietako Santo Tomas eleiza? Landa-eremuko parrokia-eliza da, eta hasiera-hasieratik harritzen du, bere tamaina handiagatik. Bertara iristean, errepidetik mendixka batean nola altxatzen den ikusten da. Bereziki, landa-ingurune bateko eliztar komunitate txikia harritzen du.

Olabarrietako Santo Tomas // Geuria
Bere monumentu-mailagatik eta barruan duen erretaulagatik ere harrigarria da. Izan ere, XVI. mendeko egile onenetako batek eraiki zuen: Martin Ruiz de Turiatek. Badakigu elizan 11 erretaula ere egon zirela. Denboraren poderioz, hondatu egiten dira, desmuntatu… Gaur egun, egungoaren berri baino ez dugu. Denboraren igarotzea gainditu ez zuten gainerako erretaulak, pieza batzuk geratzen dira eta gaur egun sakristian gordeta daude, museo txikitzat har daitekeen leku batean: barruan irudi eta objektu pila aurki daitezke, batez ere XVI. mendekoak, eliza altzariz bete zen garaikoak, alegia.
Eleiz Museoa Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoan lan egiten ari dela azaldu duzu hasieran. Zer da zehazki lan hau eta zein da helburu nagusia? Monumentuen Katalogoa 80-90. hamarkadan jaio zen Deustuko Unibertsitateko katedradun baten eskutik: Jose Angel Barrio Loza. Lehen Monumentuen Katalogo bat sortu zuten garai hartan eta bertan Bizkaiko parrokietan eta zenbait monumentu-baselizatan dagoena dokumentatu zen. Oinarri modura lan hori oso ondo dago, baina zaharkituta geratu da. Beraz, Eleiz Museoa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, katalogo horren berrikusketa eta eguneratze lanak egiten ari da. Izan ere, lehen katalogoak dokumentatutako 400 tenplu baino gehiagotik 785era igaro gara. Kopurua bikoizteko gutxi falta zaigu!
Zergatik igoera nabarmen hori? Bertan baseliza guztiak dokumentatu ditugulako, ez bakarrik monumentalak. Parrokia guztiak ere kontuan hartu ditugu (garaikideak barne: ezker eta eskuinaldekoak, Bilbo Handikoak…) eta hasieran esan moduan, tenplu bakoitzean ikerketa sakona egiten dugulako. Informazio guztia garrantzitsua da guretzat.

Eleiza Ermitabarriko muino batean kokatuta dago, ipuin batetik ateratakoa balitz // Geuria
Izan ere, argazkiak egiten egon garenean Zeberioko eleizan tamaina handiko karraka bat topatu duzuela esan didazu. Hala da! arkupetik gertu dagoen gelaxka batean zegoen eta lan egiten ari ginela XVI. mende hasierako tamaina handiko kristo baten ondoan aurkitu genuen. Ikusi izan dugunez, Euskal Museoak soilik dauka Zeberion aurkitutakoa baino tamaina handiagoko karraka bat. Ez dago antzeko besterik!
Zeberioz gainera, eskualdeko beste leku batzuetan egin duzue lan. Ugaon, urrutira joan gabe. San Bartolome eta Udiarragako Amabirjinaren tenpluetan izan gara. Lan mota berbera egin dugu bertan, baina esan beharrekoa da: Ugao ez da udalerria, hiribildua baizik. Hala eta guztiz ere ez dauka Zeberiok besteko ondare-aberastasunik. Dokumentazio-lanak egin ditugu eraikin bietan, horien erretauletan eta bertan egin diren obretan.

Gangen diseinu konplexua. Albo batera utzitakoa // Geuria
Eleiz Museoko zuzendari modura. Nolako lanak burutzen dituzu, Raquel? Jende askok uste du museoetako zuzendariak museoetan gaudela katalogazio lanak egiten soilik, eta gure kasuan ez da horrela; Eleiz Museoa museo batetik harago doa. Bizkaiko elizetako ondare higigarri ororen kudeaketa daukagu, pintura, eskultura, urregintza, metalistika, erretablistika, ehun-apaingarriak… barne. Hori guztia gure eskumena da. Katalogoaren berrikusketa eta eguneratzeaz gainera Bizkaiko elizetako ondare higigarri osoa babesten, zabaltzen eta ikertzen dugu.
Eta lan horiez gainera landa-lana egitea ere gustuko duzu. Kaskoa ipini eta tenpluetako dorreetara igotzea gustuko dut! Bai noski! Edozer gauza egiteko prest gaude beti, gure lanaren parte delako (barreak).
Zeintzuk dira katalogoaren hurrengo erronkak? Urte hau Monumentuen Katalogoa eraberritzearen lehen izan da Nerbioi Garaiko eskualdean. Esperimentatzeko balio izan digu eta baita lan-metodologia zehazteko ere. Gauza asko deskubritzeko aukera eman digu. Orain Arratiaren txanda da eta gure lana 2026ko martxoan aurkeztuko dugu, ondo bidean. Arratiatik Uribera lekualdatuko gara… Asmoa urte bakoitza Bizkaiko eskualde batean lan egitea da, eta 2030ean lan guztia amaitzea.

Diseinuak horman ikus daitezke gaur egun // Geuria
Elkarrizketak
Nagore Ugarriza Kortazar: «Amesten hasita, ederra litzateke Da Caporen eta Galdakaoren izena Europan zehar eramatea»
Ospakizun betean harrapatu ditugu Da Capo talde galdakaoztarreko kideak. Euren hamargarren urteurrena ospatzen ari dira, eta gabonen atarian kontzertu ezin bereziagoa eskainiko dute Torrezabal Kultur Etxean, hainbat gonbidaturekin batera

Aurten, Da Capo taldea bere hamargarren urteurrena ospatzen ari da. Hamarkada bat igaro da Galdakaoko Udal Banda desagertu zenetik, eta proiektu horren errautsetatik bertako hainbat kidek bide berri bat abiatzea erabaki zuten, musikarekiko grinak bultzatuta, eta Galdakaorekiko zeukaten lotura sendoari jarraipena emateko asmoz.
Nagore Ugarriza Kortazar (Galdakao, 1996) kide horietako bat da, eta Da Capo elkarteko egungo presidenteak elkarrizketan bertan azaltzen duen bezala, taldearen izenak lotura dauka hasierako une horiekin, eta orduko hartan aurre egin behar izan zieten zailtasunekin eta komeriekin: talde berriaren osaketa, gainditu beharreko burokrazia, entseguak egiteko lokal baten beharra…
Gaur egun 42 musikarik osatzen dute taldea, eta Gabonen atarian Torrezabal Kultur Etxean egingo duten kontzertu bereziaren atarian taldearen iraganaz, orainaz eta etorkizuneko erronkez aritu gara bere izenean baino, talde osoaren ordezkari gisa erantzuten du Nagorek, Itxaso Arana taldekidearekin batera.
Hasieratik hastea onena… Nondik dator Da Capo izena? Badu esanahi berezirik zuentzat? Da Capok, musikan, “hasieratik” edo “berriro hasi” esan nahi du, beraz izen ezin aproposagoa da, orain dela hamar urte gertatu zitzaiguna kontutan hartzen badugu. 2015. urtean, urtarrileko larunbat goiz batean, udaleko teknikari batek berri txar baten truke bi eman zizkigun: gure orduko zuzendaria, Juan Carlos Irizar, ez zen bueltatuko, eta Galdakaoko Udal Banda desagertu behar zela. Harri eta zur utzi gintuen albisteak, eta eman ziguten aukera bakarra elkarte moduan izena ematea eta gure kabuz hastea izan zen.

Argazkia: Da Capo
Berriro hastea erabaki zenuten, beraz… Hori da, abentura hau martxan jarri genuen. Zaila izen aproposagorik aurkitzea taldearentzat, ez?
Nolakoak izan ziren hasierako aste edo hilabete horiek? Ez zen bide erraza izango. Inondik inora. Oztopoak aurkitu genituen bata bestearen atzetik, eta etsigarria izan zen hainbat momentutan. Burokrazia handia egin beharra zegoen udalarekin, eta horretan eman genuen denbora nahikotxo. Dena zen berria guretzat, eta zailtasunak zailtasun, eta oso gogotsu heldu genion erronkari.
Arlo musikalari dagokionez, Juan Carlos Irizarrekin egon ginen gehienok jarraitzea erabaki genuen, baina hala ere musikari berri asko deitu genituen, eta zorionez, etorri ziren. Zentzu horretan, artisten erantzuna oso ona izan da hasiera-hasieratik, eta horrek asko erraztu zizkigun bidea hasieran.
Egun, zenbat musikarik osatzen dute Da Capo? Hain talde handia izanda, anitza izango da zuen taldea adin eta ibilbideari dagokionez, ezta? Gaur egun 42 musikari gaude, eta oso talde heterogeneoa garela esan dezakegu. Adin guztietako partaideak ditugu eta oso aberasgarria da guztion artean lan egitea.
Izan ere, nahiz eta pertsona eta adin-tarte oso ezberdinak izan, pasio bera partekatzen dugu: musika egitea, alegia. Horrekin batera, irteerak, elkartrukeak, kontzertu bereziak.. egin ostean, taldea batuago ikusten dugu, eta oso pozgarria da guretzako benetako talde bat, eta azken finean, familia bat, sortzea.
Familia horrek hamar urte bete ditu aurten. Data borobila eta azpimarratzeko modukoa, zalantzarik gabe. Data honek hainbat sentimendu piztu ditu taldeko kideen artean, gehienbat hasieratik gaudenongan, baina hitz bakarrarekin definitu beharko banu hitz hori hunkigarria litzateke. Azken hamar urte hauetan hainbat musikari, lagun, historia eta bizipen partekatu izan ditugu, eta horiek guztiek Da Caporen parte garrantzitsua, ezinbestekoa, izan dira. Taldea sortu genuen egunetik gaur arte asko ikasi dugu eta asko borrokatu dugu amets honen alde, gaur egun garena izateko.

Argazkia: Da Capo
Hainbat ekitaldi berezi egin dituzue urte honetan zehar, baina abenduan Torrezabal Kultur Etxean egingo duzuen kontzertua berezienetako bat izango da, ezta? Zalantzarik gabe! Hainbat sorpresa izango ditugu, baina horren gainetik emanaldi honen helburu nagusia zera da, Da Caporen parte izan dire partaide guztiak gogoratu eta horiei gorazarre egitea. Azken hamar urte hauetan hainbat musikari, zuzendari eta gonbidatu berezi izan ditugu, eta hauei guztiei aitortza egin nahi diegu egun horretan. Saiatuko gara nola edo hala guztiak ordezkatzen eta hori gure publikoari helarazten. Beste sorpresatxo batzuk ere izango ditugu, noski, baina hobe Torrezabalera hurbiltzen bazarete eta bertatik bertara ikusten baduzue, mereziko du eta!
Emanaldi horretarako prestaketa nolakoa ari da izaten; entseguak, gonbidatuak, antolakuntza? Erantzukizun berezia da etxean egitea? Emanaldi honetarako hainbat gonbidatu berezi izango ditugu, eta aurretiko prestaketa nahitaezkoa da emanaldi ondo ateratzeko. Gure denboraldiko azken kontzertua hain berezia izateak prestakuntza handia dakar, eta detaile guztiak ondo lotuta utzi nahi ditugu publikoak ahalik eta gehien goza dezan. Erantzukizuna handia da, kontzertu ahaztezin bat egin nahi baitugu eta guztion elkarlana beharrezkoa dugu.
Etxean egoteaz ari garela… Zer nolako lotura daukazue gaur egun Galdakaorekin? Zer ematen dizue bertako publikoak? Galdakaorekin gaur egun dugun lotura oso estua da, eta esan beharra dugu, oso babestuak sentitzen garela bertako jarraitzaileekin. Azken urte hauetan gero eta publiko fidelagoa izatea lortu dugu, eta kontzertuetako sarrera ia guztiak saltzen ari gara. Publikorik gabe Da Capo ezingo litzateke gaur egun dena izan, gure jarraitzaileak baitira gure erregaia eta sostengu nagusia.
Eta herriko musikariekin, badaukazue harremanik? Herriko musikari ugari ditugu Da Capon, eta herriko gazte berri batzuk ere etorri dira gurekin; beraz, oraina eta geroa bermatuta dago Galdakaon!
Behin baino gehiagotan aipatu izan duzue publiko gaztea erakarri nahi duzuela. Lortu duzue? Nabaritu duzue aldaketarik zentzu horretan? Egia esan, ez da batere erraza, baina ari gara lanean: Alde batetik, urtean behin (gutxienez) haur eta nerabeentzat propio prestatutako kontzertu bat antolatzen dugu, kontzertu bat antolatzen dugu, eta oso erantzun ona izaten du.
Gazteen kasuan erronka zaila da, baina kontzertu batzuk interesgarriagoak izan daitezke haientzat (rocka, euskal musika edo artista berezi batzuk) eta gure ustez, apurka apurka bada ere, gehiago hurbiltzen ari dira. Hala ere, ez dira momentuz gure publikorik fidelena kar, kar, kar.

Argazkia: Da Capo
Hainbat proiektu ezberdin landu dituzue hamarkada honetan: diskak, kolaborazioak, emanaldiak.. zeintzuk izan dira berezienak eta zergatik? Asko dira egia esan, eta zaila da aukeratzea…baina batzuk aipatzekotan, lehenik eta behin diska aipatuko nuke: diskoa ekoiztea eta gabatzea ametsa izan zen! Prozesu guztia barrutik bizitzea, abestiak sortzea, moldatzea.. eta bukaeran gure musika spotify bezalako plataformetan ikustea… kristona izan zen! Hortaz aparte, egin ditugun kolaborazio eta elkartrukeak ere nabarmenduko nituzke: Mieres, Valentzia edo Eivissa bezalako tokietara eraman gaitu gure musikak, eta harro gaude horretaz. Bandarekin parte aritu diren artista guztiekin kontzertu horiek partekatzeak eta eskaintzeak xarma berezia du.
Kontzertuetan gonbidatuak izaten dituzue. Nor gustatuko litzaizueke igotzea oholtza gainera zuekin, eta zergatik? Zein galdera konplexua! Oso zaila da artista bakar bat aipatzea. Gonbidatzeko pertsona asko ditugu buruan, baina Galdakaon ditugun artista guztiekin ikuskizunak antolatzea helburu bat izan daiteke. Herri honetan luxuzko lehengai daukagu eta!
Musikari dagokionez, hainbat estilo jorratu izan dituzue orain arte: tradizionala, gospela, sinfonikoa, berritzailea.. non ikusten duzu zuen burua etorkizunean? Ez dugu etiketa edo genero batera mugatu nahi. Gure helburua ahalik eta askatasun handienarekin lan egirea da, musika estilo desberdinetan mugitzea, probatzea, ezagutzea… formula bera behin eta berriz errepikatuz gero aspergarria bilakatuko litzateke, bai guretzat eta baita entzuleentzat ere.
Oso kontzertu desberdinak eskaintzen ditugu urtean zehar, momentu edo lekuaren arabera, eta gauza berriak eta zailak egitea erronka polita izaten da guretzat.
Egun badirudi ez dutela nahikoa musikariek musika egitearekin. Teknologia, sare sozialak… kontutan hartu beharreko aldagaiak dira. Zuen kasuan, txertatu dituzue zuen egunoroko jardunean, garrantzitsuak dira zuentzat? Teknologia gure egunerokotasunean sartzen ari gara pixkanaka. Orokorrean sare sozialen bitartez egiten ditugu kontzertuen iragarpenak, hala nola, Facebook eta Instagram bitartez.
Etorkizuneko erronka nagusia web orrialdearen garapena izango litzateke, bertan gure urteko kontzertuez gain, argazki, bideo eta bestelako baliabide digitalak igo ahal izateko. Pausoz pauso ari gara, gauzak patxadaz eta tentuz eginez.
Azken galdera. Hamar urte bete dituzue oraintsu. Hurrengo hamar urteetan pentsatzen jarriko bagina, zein amets edo erronka irudikatzen dituzue Da Caporentzat? Hain ikuskizun bereziak antolatu ditugu jada… zaila izango da zeozer bereziagoa egitea, saiatuko garen arren! Baina ametsetan hastekotan, ederra litzateke Euskal Herriko eta Espainiako mugak zeharkatzea eta gure herriaren izena Europara edo haratago eramatea, Da Caporen musikaren bitartez.
Gustatuko litzaiguke, baita, banda lehiaketaren batean parte hartzea, gure maila neurtzeko eta esperientzia hori bizi ahal izateko. Dena den, gure helburu nagusia, orain arte bezala, hain eroso eta maitatua sentitzen garen gure herria harritzen jarraitzea izango da, horretarako ikuskizun profesional, irudimentsu eta hunkigarriak plazaratuz.
☉ Ugao
Bideoa | Naiara Barcenas Perez: «Trena nahitaezkoa da C3 lineatik igarotzen den Ugao bezalako herri batentzat»

Renfeko C3 lineako gaur egungo segurtasun neurriak ez dira nahikoak, herritar batzuen arabera. Naiara Barcenas Perezek (Ugao, 1983) esperientzia traumatikoa bizi zuen 2024an. Urduñako jaietatik bueltan, C3 lineako tren batera igo zen bikotekidearekin eta umeekin batera, Ugaora itzultzeko.
Trenetik jaistean, ikusgarritasun faltagatik, ateak itxi egin ziren eta Naiara eta bere haurra harrapatu zituen hainbat alditan. Bere esperientzia ezagutu dugu eta Hego Uribe eskualdea zeharkatzen duen garraiobide nagusiaz mintzatu gara beragaz.
Nolako garrantzia dauka trenak Ugao bezalako herri batentzat? Trena nahitaezkoa da Ugao bezalako herri batentzat. Azken batean, C3 linea igarotzen den herrietan ez dago bestelako aukerarik hiriarekin konektatuta egoteko.
Nolakoak dira herritarrek C3 lineako trenetan dituzten arazoak? Arazo ugari eta ezberdinak izaten ari gara: alde batetik frekuentziaren arazoa dago. Tren piloa galdu ditugu azken boladan eta ordutegi puntetako trenen artean 30 minutuko denbora tarteak dituzte. Maiztasun oso eskasa da mugitzen dituzten jende kopurua ikusita. Herri jakin batzuetan alternatiba ia bakarra da trena.

Urduña noranzkoa duen tren bat, Arrigorriagan // Geuria
Beste alde batetik harrapaketen kontua dago. C3 linean harrapaketa ugari gertatzen dira ateak itxi egiten diren momentuan: trenak beteta datozenean gertatu ohi den arazoa da. Gainera, batzuetan tren geltokiak kurbetan kokatuta daude, Ugaon esaterako. Makinistek ez dituzte ondo ikusten atzeko bagoiak. Ni neu horren lekuko izan naiz: nik neuk horrelako harrapaketa bat jasan nuen behin. Eta arazo horiek ez dira segurtasunaren esparruan gertatzen; baita irisgarritasunarenean ere: Ugao bezalako geltokiak kurba batean eraikita egotean, trena eta nasaren arteko tartea handitu egiten da. Egia da azken hilabeteetan obrak egin dituztela eta egoerak hobera egin duela: nasak igo egin dituzte eta ondorioz egoerak hobera egin du. Hala ere, arazoa ez da guztiz konpondu: tarteak handiak izaten jarraitzen dute, trenetik jaisteko eskailerak erabili behar dira… ume txikiekin bidaiatuz gero kontu handiz ibili behar da, mugikortasun arazoak badaudelako.
Irisgarritasunari dagokionez, eskualdeko zenbait geltokitan obrak egin dituzte: nasetara heltzeko igogailuak ipini dituzte, baina esan beharrekoa da askotan matxuratuta daudela. Igogailua hondatuta badago eskailera piloa jaitsi eta igo behar da eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira bere kabuz trenera iritsi.

Zein izan da C3 lineako trenekin izan duzun arazorik handiena? Renfeko webgunearen kexen atalean iradokizun eta mezu ugari idazten ditut arazoak ditudan bakoitzean. Hala ere, arazorik larriena 2024an gertatutako harrapaketa bat izan zen.
Gau batean Ugaoko hiru familia Urduñatik gentozen bueltan. Azkenengo bagoiko azken atean egin genuen bidaia. Ugaora heltzen lehen bi familiak jaisten hasi ziren: lehen familiak ume ertain bat zeukan. Arazo barik jaitsi ziren nasara. Bigarren familia trenetik jaistera zihoanean aita izan zen lehena jaisten. Ondoren 7-8 urteko alabaren txanda izan zen. Jaisten hasi zenean ateak seinale akustikoak egiten hasi ziren. Neskak, izututa, laban egin eta tren eta nasaren tarte horretatik jausi zen. Aitak arin batean atera zuen zulotik. Neskatxoak mina hartu zuen bizkarrean.

446 serieko unitate bat, Arrigorriagara bidean // Geuria
Ni, bitartean, atean nengoen, lau urteko umearekin. Momentu horretan ateak ixten hasi ziren eta besoak erabili behar izan nituen, haurra eta ni harrapatzea ekiditeko. Ateak behin eta berriro itxi eta zabaltzen hasi ziren, guk botoi berdea sakatzen genuen bitartean. Oso frustrantea izan zen. Ohikua hasi ginen eta bagoian zegoen jendea begira hasi zen. Bidaiari batzuk makinistaren bila joan ziren, azken honek ez zuelako ez egin momentu horretara arte. Ateak lau aldiz itxi ziren nire besoetan. Azken saiakeran, bidaiari batek emergentziako palankari eragin zion eta, orduan bai, trena guztiz blokeatu zen.
“Ia ez nuen kalte fisikorik izan, baina harrapaketen ondorioz, haurrek bereziki susto handia hartu zuten”
Makinista trenetik jaitsi zen ateak guztiz blokeatuta zeudelako eta berarengana joan ginen, errieta egitera. Lehen harrapaketan ezer ez egitea ez da arraroa, baina lau kolpe izan ziren eta gidariak ez omen zuen begiratu ere egin. Erantzun modura, berak esan zigun botoi berdeari eman izan bagenio ateak zabalduko liratekeela. Baina, esan bezala, guk hori bera egin arren, horrek ez zuen inolako eraginik izan. Ia ez nuen kalte fisikorik izan, baina haurrek bereziki susto handia hartu zuten. Haurraren sustoak egun batzuk iraun zuen, eta hurrengo egunetan trenera igotzeko beldurra izan zuen.
Handik egun batzuetara, kexa idatzi nuen Renfeko webgunean eta enpresako erantzuna honakoa izan zen: alde batetik, Renfek ez zuela inolako intzidentziarik erregistratu: haien arabera ez zen inolako atzerapenik ez eta ezbeharrik gertatu egun hartan. Beste alde batetik, hurrengo batean makinista dagoen bagoian bidaiatzeko gomendioa eman ziguten, makinistak ondo ikusi ahal izateko. Nik ez dakit guk hau bidaiariek jakin beharreko zerbait den, egia esateko. Azkenik, seinale akustikoa dagoen bitartean ateetan egotea debekatuta dagoela esan zidaten. Beste hitz batzuetan: gertatutakoa gure erruagatik izan zela leporatu ziguten, azalpen guztiak batere gustatu ez zitzaidan doinu txar batekin.

Madrilera doan Alvia bat, Ugaotik igarotzen // Geuria
Bestelako kasurik ezagutzen al duzu? Kasu ugari daude, zoritxarrez. Ugaon, esaterako, duela hilabete batzuk tren baten ateek jakatik harrapatu zioten edadeko emakume bati. Trena martxan ipini zen eta horrekin batera emakumea arrastaka eraman zuen nasan, jakatik libratzea lortu arte. Zorte txarra izan zuen emakume hark: kolpeak hartu zituen eta besoa apurtu zitzaion ezbeharraren ondorioz. Erietxera eraman behar izan zuten. Bere egoera benetan larria izan zen.
Noiztik existitzen dira era honetako arazoak C3 lineako trenetan? Harrapaketak eta irisgarritasun arazoak betidanik egon dira eskualdeko linean. Egia da ezbehar horien ondorioz irisgarritasun obrak egin direla, baina arazoa hor egon da beti. Gainera, pandemiatik gaur egun arte, beste arazo batzuk areagotu dira: maiztasunari dagokionez, gero eta tren gutxiago ditugu gure trenbideetan edo iragarrita dauden trenen ordez merkantzia trenak igarotzen dira batzuetan eta “arazo tekniko baten ondorioz trena atzerapenarekin datorrela” iragarri izan dute geltokiko bozgoragailuetatik.
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ere GauJaia zerbitzua desagertu zen. Ordu erdiro eta bi orduro trenak genituen asteburuetako gauetan, gazteak Bilbotik bueltatu ahal izateko. Gaur egun tren horiek desagertu dira eta gazteak 23:30ean Abandotik irteten den azken trenean itzuli daitezke herrira. 04:00ak arte ez dago inolako zerbitzurik. Nola joango dira Bilbora gazteak kotxe barik lehen geneukan alternatiba bakarra kendu badigute? Ez da bidezkoa.
Nolako trenak dira zehazki irisgarritasunari begira? Nahiko zaharkituta dauden trenak dira, azken boladan ukitu batzuk eman dizkieten arren.

Bidaiariak, C3 lineako aldirietako tren batera igotzen // Geuria
Egoera ikusita, zer egin dute herritarrek arazoari irtenbidea emateko? Kexak ipintzen, etengabe: Renferen webgunetan, bestelako medioetan eta eskualdeko geltokietako bulegoetan. Edonon, egia esateko. Ugaori dagokionez, Udaleko ordezkari batzuek batzarrak egin dituzte Renfeko arduradunekin, egoerari irtenbide bat emateko. Hitzak oso onak izan ziren, eta harrapeketn inguran neurri jakin batzuk hartzeko eskaera egin zieten enpresako ordezkariei: geldialdi bakoitzean gehiago begiratzeko eta trena nasan denbora gehiago egotea, tartean. GauJaiaren inguruan, zerbitzua berrezartzeko eskaera kontuan hartuko zutela esan zuten ere. Momentuz ez dute ezer egin. Irisgarritasunaren esparruan, Ugao, Arrigorriaga eta Basauriko geltokietako lanak aipatu zituzten. Esandakoa: hitz politak baina momentura arte ez dute ezer egin.
Nolakoa izan da orain arte egindako lana? Momentura arte geltokietan egindako irisgarritasun lanak dauzkagu. Entzun dugu Madriletik tren berriak ekarriko dituztela gure eskualdera eta treneko sarbidea errazteko arrapalak izango dituztela. Ikusi beharko dugu.









