☉ Arrigorriaga
Eñaut Barandiaran: “Egunerokotik urrundu eta fokua kirolean eta kirolariengan dugu”
Euskal Herriko lehen kirolezko aldizkaria jarri dute martxan Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta Aitor Manterolak. Urtean bost ale kaleratuko dituzte.

Euskal Herriko lehen kirolezko aldizkaria jarri dute martxan Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta Aitor Manterolak. Urtean bost ale kaleratuko dituzte. Lehena eta bigarrena badituzte kalean eta dagoeneko ehun harpidedunek eman dute izena
Prentsak gainbehera dagoen garaian, kirolarekin zerikusia duenak bizirik jarraitzen duela ematen du. Are gehiago, Panenka, Volata edo Libero bezalako aldizkari espezializatuak sortu dira azken urteetan. Eta Euskal Herrian? Galdera horri bueltaka hasi ziren orain bost urte Aitor Manterola (Zumaia, 1974) eta Eñaut Barandiaran (Zaratamo, 1982), eta geroago Iñaki Berastegi (Urdiain, 1994) gehitu zitzaien. Bakoitza hamarkada ezberdin batean jaiotakoa, bata nafarra, bestea gipuzkoarra eta hirugarrena bizkaitarra, bakoitza bere belaunaldiarekin lotuta. 0. zenbakiaren ondotik, badituzte kalean lehen eta bigarren ‘Harmaila’, Euskal Herriko kirol aldizkaria. Noski, euskaraz.
Iazko uztailean sortu zenuten Harmaila aldizkaria 0. zenbakia online ateraz. Nola jaio zen kirol aldizkari bat sortzearen ideia? Nola elkartu zineten Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran?
Egia esan, aspalditik datorren kontua da. 2012an Aitor Manterola eta biok ideia honen inguruan hasi ginen hizketan. Hasiera batean futbol aldizkari bat egiteaz hitz egin genuen, baina gerora, euskal prentsan kirolarekiko zegoen hutsunea ikusita planteamendu orokorrago bat behar genuela konturatu ginen. Hainbat saiakera antzuren ondoren, iaz Iñaki Berastegi batu zitzaigun, eta hiruron artean aurrera egitea erabaki genuen. Gure asmoa zen 0.zenbakia sarean jartzea jendearen harrera ikuste aldera. Egia esan, hasieratik nabaritu genuen kirolzale eta euskaltzale askok gure analisi bera egina zutela.
Aldizkaria euskara hutsean argitaratuko duzue. Zein da helburu nagusia? Uste duzue hori izango dela gazteak euskaraz irakurtzera eta kontsumitzera erakartzeko modua?
Helburu nagusia kirola, kirolariak eta euskara bera uztartuko dituen leiho bat irekitzea da. Euskara gailua izango da, jendeak kirolaz patxadaz irakurri eta gozatu ahal izateko. Gazteei arreta berezia eskaini nahi diegu, azken finean, euskarak hizkuntza normalizatua izatea badu helburu, garrantzitsua da oraina eta etorkizuna diren gazteak erakartzea, eta uste dugu kirola horretarako tresna ezin hobea izan daitekeela.
Zein eduki landuko dituzue aldizkarian?
Gure asmoa kirol guztiei arreta eskaintzea da, izan handi zein txiki. Argi dago gure herrian badaudela ia hegemonikoak izatera heldu diren kirolak, baina uste dugu garrantzitsua dela egunerokotasunik zertxobait urrundu eta fokua kirolean eta kirolariengan jartzea. Daramagun ibilbide laburrean zerbait ikasi badugu zera da, kontatzeke dauden milaka historia eta bizipen interesgarri daudela kirol txiki eta ezezagunean ere. Saiatuko gara, ahal dugun neurrian, horri tamaina hartzen.
Nabarmendu duzue lehenengo zenbakian emakumearen presentzia handia izan dela. Gaur egun oraindik ere nahiko ikusezina da emakume kirolarien presentzia hedabide kontsumituenetan. Zuen apustua izango al da egoera hori aldatzea?
Aldizkari parekidea izatea gure helburu nagusienetako bat da. Ez dugu nahi lehen zenbakian gertatu dena zerbait puntuala izatea, aitzitik, egiteko modu baten hasiera izatea bilatzen dugu. Emakumezkoen kirolari dagokion tokia eman nahi diogu, kirolariari eta mamiari lotuz, paternalismorik gabe.
Lehenengo zenbakia abenduan jarri zenuten salgai, Durangoko Azokan. Irakurleengandik zein erantzun jaso zenuten? Zein hausnarketa egin duzue Azokan lortutakoaz?
Oihan handia da azoka, eta gu oso txikiak, baina egia esan oso balorazio positiboa egiten dugu. Aldizkaria ezagutarazteko balio izan zigun, baita jendea ezagutzeko ere, eta handik hainbat ikasgai atera genituen.

Harmailako 2. zenbakia martxoan kaleratu dute. Azala Dani Maiz ilustratzaileak (eta Geuriako kolaboratzaileak) egin du // Harmaila
Urtarrilean gainera, Argia Saria jaso duzue. Zer suposatu du horrek zuentzat?
Alde batetik sorpresa handia, eta bestetik poz izugarria. Azken finean, orain arte ibilbidea saritu izan da, egina, nolabait esatearren, eta gure kasuan ekina saritu dute, arriskatu izana. Bultzada handia suposatu du.
Harpidetza kanpainaren bitartez banatuko duzue Harmaila. Zenbat harpidedun dituzue gaur egun?
100 harpidedun inguru ditugu. Gehienak gizonak dira. Emakumeen kopurua %25etik gorakoa den arren, hor badago lanketa bat egiteko. Udal liburutegietan ere lanketa egiten ari gara, eta erantzuna ona ari da izaten.
Urtean bost ale kaleratuko dituzue. Zehazturik baduzue noiz argitaratuko dituzuen aleak?
Gure asmoa patxadaz lan egitea da. Argi daukagu epeak bete egin behar ditugula, baina astebete behera edo gora, horrek ez gaitu kezkatzen, baldin eta bost aldizkariak egiten baditugu.
Azken urteetan kolokan jarri dute hainbatek papera desagertu eta sarean dagoela kazetaritzaren etorkizuna. Nola ikusten duzue zuek ikuspuntu hori?
Egia esan, Harmaila egunkaria balitz apustua ezberdina litzateke, baina aldizkariaren filosofia ikusita, paperera eramatea eskatzen zigun. Irakurleak eskuan izatea, argazkiak eta artikuluak patxadaz begiratu ahal izatea… Hori paperak soilik ematen digu.
☉ Arrigorriaga
‘Emakumeok plazara’ ekitaldiak eta erromeriak jendez bete du Arrigorriagako udaletxeko plaza, M8an
‘Emakumeok plazara!’ izeneko kontzentrazioa eta Berdintasun Kontseiluaren adierazpenaren irakurketa egin zuten, eta jarraian erromeria

Joan den Martxoaren 8an elkarretaratzea egin zuten Arrigorriagako udaletxearen plazan. Bertan ‘Emakumeok plazara!’ izeneko kontzentrazioa eta Berdintasun Kontseiluaren adierazpenaren irakurketa egin zuten.
Jarraian ‘Emakumeon eskubideen alde dantzan’ erromeria egin zuten leku berean, Aritz Berri dantza taldearen eskutik.
Hurrengo egunetan jarduera gehiago antolatu dituzte herrian.

Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna Arrigorriagan 2026
Martxoak 11, asteazkena
17:00 Umeentzako ipuin kontalaria (Virginia Imaz): ‘Bigarren printzesa’, Lamiaena
Euskara eta Berdintasun Saila
Martxoak 21, larunbata
19:30 Antzerkia: ‘R&J’ La dramática errante, Lonbo aretoa
Kultura Saila
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak eta Foru Aldundiak Abusuko babestutako 50 etxebizitzen arazoari irtenbidea eman gura diote, elkarlanean
David Cidre zinegotziaren arabera, helburua da lursailaren jabetza erabat udalarena izatea, Eusko Jaurlaritzarekiko kudeaketak arintzeko

Martxoaren hasieran GEURIAn iragarri lez, joan den astean Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Etxebizitza zinegotzia Bizkaiko Foru Aldundiko Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiarekin batzartu ziren helburu zehatz batekin: Abusuko babestutako 50 etxebizitza berrien proiektuan aurrera egitea.
Bilera hartan “desberdintasun teknikoak gainditzeko borondatea berretsi dela” azaldu dute Arrigorriagako Udaletik. Izan ere, lurraren jabetzaren auzia konpontzeko hainbat aukera aztertu ziren.
Joan den urtarrileko Osoko Bilkuran Arrigorriagako Udal Gobernua Abusun babestutako 50 etxebizitza eraikitzeko proiektua jasaten ari den atzerapenaren inguruan aritu zen: Arrigorriagak 2024an onartu zuen HAPOan etxebitza babestua eraikitzeko hainbat lursail lagatzen zizkion Eusko Jaurlaritzari, horien artean Abusukoa. Egitasmo honek, baina, urtebete baino gehiago darama geldirik.
David Cidre zinegotziak Osoko Bilkuran zehaztu zuenaren arabera, “lurraren jabetzea osoa ez da udalarena, erdibana dauka Aldundiarekin. Lurzorua lagatzeko Aldundiak etxebizitza kopuru bat eskatzen du trukean, guk bete ezin duguna. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, eta Denis Itxaso buru duenetik, lursaila doan ematea eskatzen du”.
Joan den asteko bileran, Udalak gaur egun Aldundiarena den zatiaren doako lagapenaren aldeko lehentasuna helarazi zuen, “baina foru erakundeak ez zuen aukera hori onartu. Hala ere, Aldundiak prestasuna agertu du proiektua bideragarri egingo duen akordio batera iristeko baldintzak malgutzea ahalbidetuko duten formulak aztertzeko”, gehitu dute Arrigorriagako udal ordezkariek. “Fase honetan oraindik ez dago akordio itxi bat mekanismo zehatzari buruz,
ezta inplikatutako lursailen inguruan ere. Bi aldeak bat etorri dira lanean jarraitzeko, bai
teknikoki bai politikoki, aurrera egitea ahalbidetuko duten alternatibak arakatzeko”.

Blokeotik irteten
Bilera positibotzat jo arren, Udaletik azaldu dute lana dagoela gogorarazi dute. Eta datorren fasean bi erakundeetako zerbitzu teknikoek bi aldeentzat asebetegarria izango den akordio bat gauzatzea ahalbidetuko duten aukerak aztertuko dituztela iragarri dute.
“Urrats garrantzitsua eman dugu, borondate politikoa badagoela ikusi baitugu”, izan dira Maite Ibarraren berbak. “Orain, lanean jarraitzea dagokigu lurraren titulartasuna ebatziko duen formula bat zehazteko eta gure gazteek eta familiek behar dituzten 50 etxebizitzak lehenbailehen bideratzeko”.
Maite Ibarra: “Lanean jarraitzea dagokigu gazteek eta familiek behar dituzten 50 etxebizitzak lehenbailehen bideratzeko”
“Topaketa honek lan-esparru bat irekitzen du akordio baterantz joateko. Helburua da jabetza erabat udalarena izatea, Eusko Jaurlaritzarekiko kudeaketak arintzeko. Oraindik bidea badago ere, bide hori elkarrekin egiteko konpromisoa dugu”, azaldu du Cidrek.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Padura Futbol Taldea: “Guk dakigula ez dago gure jokalarien kontrako salaketarik”
Futbol klubetik adierazi dute Urruma Talde Feministako eta Bidaure elkarteko komunikatuak “frogarik eta egiaztatu gabeko informazioa” duela

Padura klubeko zuzendaritza batzordeak jakinarazpen ofiziala egin du mutil adingabeko batzuek emakumezkoen taldeko jokalari adingabeko bati egindako sexu eraso baten haritik. Guztira bost mutil adingabe salatu dituzte gertaera honen haritik. Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen eta kasua Adingabeen Fiskaltzara bideratu du.
Berriak bazterrak astindu ditu eta Arrigorriagako Urruma Talde Feminista eta Bidaure elkarteak egindako komunikatuaz gainera Udalak ere babesa eskaini die erasotutako neskari zein bere familiari. Gainera, Udaletik “beharrezko neurriak hartzea” eskatu diote Padura futbol klubari.
Erantzun modura, Arrigorriagako futbol taldeak jakinarazpen ofiziala argitaratu du martxoaren 6an, ostirala, 21:00ak aldera.
“Lehenik eta behin, klubak gogor gaitzesten du edozein eraso mota, bai eta egoera hori eragin duen bideoaren hedapen arduragabea ere”, izan dira lehen hitzak, eta material horren zabalpenak, bereziki adingabeei eragiten dienean, “ekintza guztiz arduragabea” dela azaldu dute.
“Era berean, Padura klubak irmo gaitzesten ditu Bidaure elkarteak eta Urruma elkarte feministak zabaldu dituzten funtsik gabeko akusazioak”, jarraitu du iragarpenak. “Informazio faltsua edo kontrastatu gabea zabaltzeak errealitatea desitxuratzeaz gain, kalte larria eragiten die adingabeei, haien familiei eta kirol-komunitate osoari”, gehitu dute eta Bidaurek zein Urrumak egin duten komunikatuak “frogarik eta egiaztatu gabeko informazioa” duela seinaleztatu dute.
Bestalde, hainbat kontu argitu nahi izan dituzte Arrigorriagako futbol taldetik: “Bideoa ez zuen Padura klubeko jokalarik zabaldu; Ez dago jasota gure instalazioetan inolako sexu-erasorik -jazarpenik edo indarkeriarik- gertatu denik; Klubak gaur egun ez du gure jokalarien aurkako salaketarik egiaztatu izanaren berririk; Aipatutako gertakariak ez ziren klubaren jardueren esparruan gertatu, ezta haren ikuskaritzapean ere”.

Azarotik, jakitun
Klubeko ordezkarien arabera, iazko azaroan izan zuten jokalari bat inplikatzen zuen bideo baten berri: “Egoera horren aurrean berehala aktibatu ziren babeserako barne-protokoloak eta prebentzio neurri zehatzak hartu ziren ingurune zehatz bat bermatzeko”. Neurri horien artean entrenamendu-ordutegien aldaketa partziala ageri da, Bidaure elkarteak lehen momentutik gaitzetsi duena.
Futbol taldetik ere adierazi dute gertaeren berri izan zenetik klubak “familiarekiko elkarrizketa eta lankidetza bide guztiak” ireki dituela, “etengabe komunikatuz eta informazio zehatza eskatuz, lege esparruaren barruan eta adingabeen eskubideak errespetatuz”.
Komunikatuaren azken lerroetan, klubetik dagozkion lege-akzioak abiarazteko eskubidea beretzat gordetzen dituztela adierazi dute, “informazio faltsua zabaltzen duten edo gertaera horien erabilera desegokia egin duten pertsona fisiko edo juridiko guztien aurka”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak “hainbat gaztek” eduki sexualeko bideo bat baimenik gabe zabaldu izana deitoratu du
Udalak neskari eta bere familiari babesa eskaini die eta Padura Futbol Taldeari beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio

Arrigorriagako Udalak “kezka eta erabateko gaitzespena” adierazi ditu ustez “hainbat gaztek” eduki sexualeko bideo bat baimenik gabe zabaltzearekin eta horren ondoren biktimak jasan duen jazarpenarekin lotuta.
“Halako jokabideek pertsonen intimitatea, duintasuna eta eskubideak urratzen dituzte, eta
indarkeria matxistaren adierazpen gisa ulertu behar dira. Gainera, horrelako ekintzek
ondorio larriak izan ditzakete biktimentzat, batez ere adingabeak tartean daudenean”, adierazi dute udal ordezkariek.
Guztira bost mutil adingabe salatu dituzte. Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen eta kasua Adingabeen Fiskaltzara bideratu du.
“Arrigorriagako Udalak argi adierazi nahi du: ez dugu onartzen indarkeria matxistaren
adierazpenik, ez espazio publikoan, ez pribatuan, ezta ingurune digitalean edo kirolesparruan ere”, diote.
“Beharrezko neurriak hartzea”
Udal arduradunek adierazi dutenez, gertaeren berri izan duten momentutik bitartekaritza-lanak egin dituzte neskaren familiarekin eta Padura Futbol Taldearekin.
“Bilera horien helburua izan da egoera hau gaitzestea, familiari babesa eskaintzea eta futbol taldeari beharrezko neurriak hartzeko eskatu zaio”, diote.
Kirol eta Berdintasun arloak elkarlanean daudela jakinarazi dute Udaletik, eta elkarrekin “hainbat ekimen” ari direla sustatzen esan dute: “Emakumeen kirolari benetako babesa eta ikusgarritasuna emateko ekintzak, aholkularitza juridiko zein teknikoa eta emakume taldeentzako autodefentsa feminista tailerrak, besteak beste”.
“Ildo horretan lanean jarraituko dugu, kirolean ere berdintasunezko jarrerak sustatuz eta indarkeria matxistaren aurkako politikak bultzatuz”, gaineratu dute.
“Udal honek, bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legeria aplikatuz, gero eta
bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzen laguntzeko
ekintzak sustatzen jarraitzeko erantzukizuna hartzen du bere gain”, diote.
Gaitzespena eta babesa
Emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen gaitzesten duela adierazi dute Arrigorriagako Udaletik: “Ez dugu onartu behar, ez dugu isilik geratu behar, eta gure babesa adierazi behar diegu indarkeria jasan dutenei edo jasaten ari direnei. Azken batean, banakako zein kolektiboki erantzukizuna hartu behar dugu eraso matxisten aurrean”.
“Udalak, halaber, babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktima eta familiari, eta gogorarazi nahi du biktimaren errua edo erantzukizuna bilatzea indarkeria berriro errepikatzea dela. Horregatik, herritar guztiei dei egiten zaie arduraz jokatzeko eta zurrumurruak ez elikatzeko, bereziki, biktima izan daitezkeenekin zerikusia duten informazioari dagokionez”, adierazi dute.
Indarkeria matxista gizarte osoari eragiten dion egiturazko arazoa dela esan dute udal ordezkariek.
☉ Arrigorriaga
Ertzaintzak Adingabeen Fiskaltzara bideratu du Arrigorriagako sexu-erasoaren kasua
Bost adingabe salatu dituzte Arrigorriagan, beste adingabe baten aurka sexu-jazarpena leporatuta

Sexu-eraso bat salatu dute Urruma Arrigorriagako Talde Feministak eta Bidaure genero indarkeriaren biktima diren haurrak babesteko elkarteak, atzo GEURIAn publikatu bezala.
Padura Futbol Klubeko mutil adingabe batzuek emakumezkoen taldeko jokalari adingabe baten aurka egin dute sexu-jazarpena: “Jokalari horiek adingabea jazarri dute entrenamendu saioetan eta horrek adingabeak jasaten duen egoera larriagotu baino ez du egin”, salatu dute bi elkarteek, eta “irmotasun falta” leporatu diote kirol erakundeari.
Guztira bost mutil adingabe salatu dituzte. Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen eta kasua Adingabeen Fiskaltzara bideratu du.
Padura Kirol Klubak otsailean iragarri zuen genero-berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortuko duela, baina Urrumak eta Bidaure elkarteek salatu dute “ez dutela eman kasu hauetan espero zitekeen erantzunik, indarkeria matxistaren aurkako protokoloetan eta sustatu nahi omen dituen printzipioetan oinarrituta”.
“Eskura dauden neurri guztiak ez aktibatzea eta biktimari bizkarra ematea onartezina eta umiliagarria da emakume guztiontzat, eta gizartearentzat, oro har. Gainera, Klubaren ekintzek eredu izan beharko lukete Kluba osatzen duten pertsona guztientzat, gehienak adin txikikoak izanik”, adierazi zuten Bidauretik, eta haurrak babestea eta indarkeria matxista desagerraraztea ezin direla irudi-kanpainak izan nabarmendu dute: “Erantzukizun etikoa, soziala eta legezkoa dira”.










