Sareak

☉ Arrigorriaga

Fernando Diez: «Salba dezagun ondarea, pelikulan Ryan soldadua salbatu behar zen bezala»

Fernando Diez Moyano betidanik ibili izan da kultur-kudeatzaile lanetan. Frankismoaren ostean, Kultur zinegotzia izan zen Udalean; orain, sare sozialetatik egiten du ondarea berreskuratzeko lana Arrigorriaga Antxxineko Projecten

|

Fernando Diez, Arrigorriaga Antxxineko Project-en sortzailea // Geuria

Atzean daukan pantailan kalitate hobea dutela esango du geroago, baina, Facebook orriko argazki galeriak azkarrago ikus daitezke ordenagailu eramangarrian. “Hauek tomavistas delakoarekin atera nituen”, dio Fernando Diezek (Santurtzi, 1956), 1983an egin zituen irudi digitalizatuak banan-banan pasatzen dituela. Bat-batean altxatu eta bulegoko apalategietan bila hasten da; 20 segundotan, bueltan da ordenagailuaren mahaitxo biribilean. “Hau da filmagailua”, dio, kamera eskuetan. “Lagunak autoa gidatzen zuen bitartean, martxan, ni leihotik grabatzen nenbilen uriolek nola utzi zuten Arrigorriaga”.

Bideo horretaz gain, Arrigorriaga Antxxineko Projecten sare sozialean herriaren XX. mendeko historia fotogramekin laburtzen duen trailer bat eta uholdeei buruzko beste bat dauzka Diezek. “Hamar minutuko iraupena zeukan bateriak, eta ahal beste aprobetxatu nuen uriolen bezperako egunean: goizeko zortzietan, itsasoa zirudien guztiak”. Abuztuaren 27 hartatik 40 urte igaro ondoren, berreskuratu egin ditu arrigorriagarrak argazkiok, grabaketak, dokumentuak, hemerografia eta herritarren testigantzak: “Hautsez betetako kartoizko kaxetatik irten nahi duten oroimenak dira, gure arbasoei berreskuratzea gustatuko litzaikeenak”.

Udal hauteskundeak eta gero egin zituen grabaketak Diezek, EAJrekin Arrigorriagako Kultur zinegotzia bihurtu eta hurrengo egunean. “Ez nengoen afiliatuta ere, baina zerrendetan izena eman nuen, hainbat urtez [1970-1980] herriko elkarte kulturaletan ibili nintzenez, Arrigorriagan zer egin zitekeen banekielako”. Garai gogorrak izan ziren 1991ra arte Udalean egin zituenak, Frankismoa eta gero “urte oso politizatuak” bizi izan zituztelako: “Kultura demokratizatzeko beharra zegoen”. Esan eta pantailara begiratzen du, 50etako jaietako kartelari so: bandera gorri-horiaren ondoan iragartzen dira Madalenak, “Programa de fiestas, 1950”.

“Aurkitu nuen jaietako programa horretatik hasi nintzen hariari tiraka, argazkien bila eta jendeari galdezka”, azaldu du. Historia bat kontatzen duenean, testuinguru sozial, politiko eta kulturalean kokatzea beharrezkoa del iritzio dio, eta jubilatu zenetik, orduak eta orduak igarotzen ditu materiala biltzen, formatu digitaletara pasatzen eta sailkatzen. Bulegoko kutxak gainezka ditu herritarrek eman dizkioten zuri-beltzeko argazkiekin. Gordeta dituen azken oroitzapen pertsonalak kutxa batean eraman zizkion bere emaztearen izeba batek, Karmele Albizuak. “Arrigorriagako familia askorekin hitz egin dut, batez ere adineko jendearekin, maitasun handiz eta errespetu osoz” —dio Diezek— “Eta guztiei egin nahi diet omenaldi bat proiektu honetan”.

Jaietako albumean egun herrian bizi diren hainbat lagunen arbasoak agertzen dira. 1949ko argazkian, adibidez, Diezen aitaginarreba dago, lagunekin. “Bazkalostean igelaren jokora jolasten zuten, galaz janzten ziren eta herrira etortzen zen argazkilari batek guztiei batera ateratzen zien eguneko argazkia”. Urteek aurrera egin ahala, “modernizatzen” joan ziren ohiturak, baita Madalenetan ere. Eta 1969an, herritarrek jai paralelo eta ez ofizialak antolatu zituzten, diktadurak zikindutako garaietan. Karrozen desfilean parte hartu zuten denek, Eurovisión lehiaketa irabazi zuen Masielen mozorroarekin, batzuk; estatubatuarrak ilargira heldu zirenean jantzi zituzten astronauten jantziekin, beste batzuk.

Baina Madalenen historia Diezek bildu dituen 17 kontakizunetako bat baino ez da: Uriolek desagerrarazi zuten Ugertzako eskola eta Papelerako haurtxoena, fabrika bera, Baruako jauregi etxeak, Epifania eta beste hainbati buruz egiten du hitz kapituluetan. Mahaitxoko ordenagailuari ere kostatu egiten zaio hainbeste datu kargatzea, 906 irudi baitauzka Diezek sare sozialetan, bakoitza bere azalpenarekin. “Bisuala izatea nahi nuen”, onartu du egileak. Horretarako, narrazio soila baino zerbait gehiago erabili du, “antzerkia, zinema, eta orokorrean, bizitza oinarri duen egitura”. Eszenatokiak, aktoreak eta ekintzak lotuta daude, eta osotasunean egiten dute XX. mendeko Arrigorriagaren irudikapen fidela, ezer galdu ez dadin.

Garai hartako herriarekin alderatuta, “beharbada, orain modernoagoa eta erosoagoa izango da Arrigorriaga, praktikoa, LED argiekin eta zerbitzu hobeekin”, dio Diezek. “Baina, tamalez, nortasun historiko eta balio kultural handiko ondareak ematen zigun identitatea galdu dugu”. Horren adibideak dira Artiach familiak Madalenerrotan zeukan etxearen galera eta Aixarten zegoen monumentu oroigarria herritik kanpo lekualdatzea, eskultorean Jesús Larraza futbolari arrigorriagarra omentzeko beren-beregi herrirako prestatutako artelana izanda.

“Larrazak Athleticekin arrakasta izango zuela esaten zuen jendeak”, gogoratu du Diezek. 1929an berak ezagutu ez bazuen ere, artxiboetako dokumentu guztiek horrela biltzen zuten futbol jokalari gaztearen ibilbidea, merezimenduz josia. “Larrazak motorrak gogoko zituenez, merkatura irten eta jarraian erosi zuen Davidson bat, 16.000 pesetagatik; imajinatu, gaur egungo futbolariek daramatzaten luxuzko autoen parekoa zen orduan”, dio Diezek, prentsako ebakinei begira. Egunkariko zatien artean, 24 urteko futbolariaren eskela ere agertzen da.

Cosme Olabarrieta jokalariarekin zihoala, motorraren kontrola galdu eta Arrigorriagako zementu fabrikatik hurbil izan zuen istripua Larrazak. Bertan hil zen. Athleticek bere izenean monumentu bat egiteko enkargua egin zion eskultore bati, eta Arrigorriagan bertan jarri zuten. “Jendeak argazkiak ateratzen zituen oroigarrian, egunero, baina goizetik gauera, kamioi bat etorri, monumentua hartu eta Lezamara eraman zuen”. Historiaren zati txikia edo ez, galdu egin zen betiko. “Pentsatu nahi dut gaur egun ez litzatekeela horrelakorik gertatuko”, zalantza egin du Diezek. Ez dago seguru.

Zinegotzi zegoen garaian, oraindik gogoan dauka Madalenerrotako Artiach familiaren fabrika mantendu ahal izateko egindako lana: ez zuen lortu. 1704. urtean, errota bat existitzen zen udaletxearen eta errekaren arteko lursailean, eta hori izan zen Juan Cruz Artiach hirin ekoizlearen eskuetara heldu zen eraikina. 1937an, Gerra Zibilaren garaian, familiak Jaurlaritzari utzi zion errekuperazio ospitale gisa erabil zezan: operazio gela zeukan, 120 ohe, erizainak, medikuak eta sukaldariak. “Arkitekturaren aldetik, ez zeukan ezer berezirik, beirategi polit bat bazuen arren”, azaldu du Diezek; dena den, familia bakarraren industria izan zenez, interesgarria zen historiaren museo bilakatzeko.

1987an, Bizkaiko Foru Aldundiak jarri zuen martxan birgaitze proiektua, eta Diez bera bildu behar zen instituzioko ondarearen zuzendariarekin dena hitzartzeko. Baina bezperan, su hartu zuen fabrikak. Edo su eman zioten. “Inoiz ez dugu jakingo zer gertatu zen, edo nork egin zuen, baina seguraski interesen bat zegoen hor atzean: lursail horretan parke bat egiteko, edo batek daki”. Garapen izenean edo hirigintza espekulatiboa bultzatzeko, askok egiten dute ondarearen kontra; beste batzuek ezjakintasunarengatik, bai orain, baita lehen ere.

“Ni udaletxera heldu nintzen garaian, birmoldatu egin zuten eraikina, eta obren artean, argazkiak zituen kaxa bat aurkitu nuen”, dio. “Horiek ere bota egin nahi zituzten”, baina Diezek errekuperatu eta erakusketa bat antolatu zuen haiekin, 1983an bertan proposatu eta inauguratu zuen Kultur Etxean (egun, Lamiaena Emakumeen Etxea). “Uste dut gogoeta estrategiko eta sakona behar dela gelditzen diren ondarearen txatalak (materialak eta ez materialak) babesteko”. Kultur-kudeatzaile lanetan hainbat urtez jardun ondoren —tartean, bere enpresa propioan—, ondo daki eman beharreko pausoak zeintzuk diren: “Salba dezagun ondarea, pelikulan Ryan soldadua salbatu behar zen bezala: kosta ala kosta”.

Diezek eman du lehen horretarako lehen urratsa, Arrigorriaga Antxxinetik Project lanarekin. Momentuz, Facebooken baino ez dago ikusgai, baina etorkizunean, hedatzeko asmoa dauka egileak. “Hasieran, lagun izateko eskaerak banan-banan begiratzen nituen”, dio, barrez. Baina herritar askok erakutsi duten interesa ikusita, publiko egin du perfila, eta 300 jarraitzaile baino gehiago ditu. Orain, blog baten diseinuan ari da lanean, eta Instagram kontua zabaltzea ere ari da aztertzen. “2023an 6 istorio berri eta 3 bideo argitaratzeko asmoa daukat, baina noski, halako bolumena hartzen dutenez, lanez gainezka egongo naiz”.

☉ Arrigorriaga

40. urteurrena herri bazkariarekin ospatuko du Adiskideak Arrigorriagako emakumeen futbol taldeak

Larunbatean, umeen futbol partidak, nagusienak eta beteranoenak jokatuko dituzte. Igandean, herri bazkaria eta kontzertua egongo dira

|

Adiskideak klubaren lehen taldea eta Maria Torres presidentea // @adiskideakollargan eta Geuria

“Dena hasi zen senarrek egindako apustu batengatik”, dio Maria Torres CD Adiskideak taldeko presidenteak, klubarentzako egindako elkarrizketa batean. Montefuerteko (Oiargan) futbol zelaian zeudela, gizonek emazteei txantxetan esan zieten ez zeukatela ausardiarik belarretara praka motzetan irteteko. Baina emakumeek, egin. Eta horrela hasi zen, 1982an, Arrigorriagako emakumeen futbol taldearen ibilbidea, Torresek, eta zuzendaritzan Begoña Gallego eta Lourdes Teomiro jokalariek, lagunduta. Lau hamarkadaren ondoren, hastapen horiek oroitzeko eta ospatzeko elkartuko dira ekainaren 3an eta 4an.

Larunbatean, haur mailako futbol 11ko txapelketa jokatuko dute Montefuerte zelaian, 09:00etatik hasita. Igandean, berriz, triangular motako lehiaketa jokatuko dute Adiskideak taldeak, SD Lagunak taldeak eta CD Aurrera Vitoriak (10:00etan). Ondoren, 13:15ean, beteranoen futbol 7 partida egongo da. Kirol ekitaldien bukaeran, herri bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 17:00etatik aurrera Alberto Cowboyren kontzertua egongo da.

Maria Torres Maite Ibarra alkatearekin “Kirolariak plazara” omenaldi ekitaldian // Geuria

Apustutik sortua

Taldeak herritar guztiak eta jokalariak gonbidatu ditu ospakizunera. Egun, klubak 45 jokalari eta 12 entrenatzaile dauzka, kategoria txikietan eta nagusienetan banatuta. Beteranoenak Lehen Erregional mailan jokatzen dute, eta horraino heltzeko bidean, hainbat lorpen egin dituzte, Maria Torresek berak Arrigorriagako Udalari azaldu dion bezala. Bizkaiko Kopan “96-97 denboraldian Txapeldunorde geratu ziren, penaltietan galdu eta gero, eta 98-99 denboraldian txapeldun izan ziren; 2012-2013 denboraldian Liga irabazi zuten; 2017-2018 denboraldian multzoko txapeldun izan ziren, eta 2019-2020 denboraldian, txapeldun, bigarren fasean”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Porrotx eta Marimotots Arrigorriagan egongo dira pailazo taldearen 35. urteurrena ospatzeko

Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da

|

Marimotots eta Porrotx Basaurin eskainitako ikuskizunean // Geuria

Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi! antzerkia ekarriko dute Arrigorriagara ekainaren 9an (ostirala). Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da.

Pailazoen taldeak 35. urteurrenaren harira egingo du ospakizuna. “Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan”, esan dute artistek. “Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea. Eta hori izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Maite Ibarra (EH Bildu Arrigorriaga): “Emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”

2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin, aurreko urteko marka hobetzeaz gain, EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu ditu EH Bilduk

|

Bukatu dira udal hauteskundeak Arrigorriagan. Eta emaitzak espero baino hobeak izan dira EH Bildurentzat. Maite Ibarrak beste behin jaso du herritarren babesa, 2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin aurreko urteko marka hobetzeaz gain (6 zinegotzi izan zituzten), EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu baititu.

EH Bildu ospakizunetan Arrigorriagan / Geuria

“Oso pozik gaude: emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”, onartu du Ibarrak. “Eskerrik asko Arrigorriagako auzokide eta biztanle guztiei gugan konfiantza osoa jarri duzuelako”. Zerrendaburuak “urte zail” hauetan gobernuaren kargu egin duten lana ere ekarri nahi izan du lehen planora: “EH Bildu akordioen eta kontsetsuen aldeko alderdia dela erakutsi dugu, eta herritarren kezkei erantzuteko indar guztia jarri dugula”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Alberto Ruiz de Azua (EAJ Arrigorriaga): “Guztion helburua da zinegotzi gehiago lortzea, baina gu pozik gaude datuekin”

42 boto behera egin du Arrigorriagako EAJk aurtengo udal hauteskundeetan

|

Aurtengo hauteskundeetan behera egin du Arrigorriagako EAJk. 1.871 boto lortu ditu gaurko bozetan; 2019an baino 42 gutxiago. EH Bilduren igoerarekin, gainera, 6 zinegotzi mantendu arren, koalizio ezkertiarrak baino bat gutxiago dauka.

“Guk errepikatu egin ditugu emaitzak; hori izan da gure asmoa”, azaldu du Alberto Ruiz de Azua zerrendaburuak. “Guztion helburua da zinegotzi gehiago ateratzea, baina gu pozik gaude datuekin”. Oraindik ezin da esan udal gobernua nola antolatuko den Arrigorriagan: “Ez dugu pentsatu zer egin behar dugun, baina datozen astean edo egunetan ikusiko dugu”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra (EH Bildu) bigarrenez aukeratu du herriak

#M28 | Arrigorriaga | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Arrigorriagako EH Bildu emaitzak ospatzen / Geuria

Osorik irakurri