Sareak

☉ Basauri

Ibai Magdaleno Palacios:«Goi mailan egoteko sufritu behar da, gorputzak nahikoa dela esan arte»

Denboraldi bikaina egin du Ibaik, eta lana borobildu du orain Munduko txapelketarekin.

|

Munduko Virtus txapelduna izan da Magdaleno / Geuria

Ibai Magdaleno Palacios (Bilbo, 1996) Basauriko Bertako-Javi Conde Klub Paralinpikoko atleta da eta apirilean Munduko Virtus txapeldun bihurtu da, 10 kilometroko lasterketan. Txapelketa Kazakhstaneko Almaty hirian (Asia) jokatu zen apirilaren 19tik 21era. “Lehiaketa zirkuitu bihurgunetsu batean egin zen, 700 metrotik gorako altueran, eta zaila izan da proba egitea”, adierazi dute Javi Conde klubeko ordezkariek.
Magdalenok 33 minutu eta 15 segunduan egin zuen 10 kilometroko proba, eta mendean hartu zituen Daniel Bosy poloniarra eta Victor Karadzhov bulgariarra. “Lehiakide gogorrak”, adierazi dio GEURIAri Magdalenok. “Denboraldi bikaina egin du Ibaik. Laredon 10 kilometroko ibilbideko lasterketan errekorra egin zuen (33’05”), Reimseko (Frantzia) munduko txapelketetan pista estaliko 3.000 metroetako proban laugarren postuan bukatu zuen, eta orain Munduko txapelduna da!”, diote Javi Conde klubeko ordezkariek.

Lehenik eta behin, zorionak, Ibai! Munduko Virtus txapelduna zara 10 kilometroko lasterketan! Ez da marka makala, gero!
Eskerrik asko, Maider! Oso pozik nago, liluratuta! Ez nuen espero txapelketa irabazterik. Pozagatik eta urte hauetan guztietan egin dudan ahalegin guztiagatik negar egin nuen! Orain urrezko domina leku guztietara eramaten dut, ezin dut gainetik kendu!

Zelan joan zen txapelketa? Javi Conde klubetik adierazi dutenez, proba zaila izan zen txapelketa zirkuitu bihurgunetsu batean egin zelako eta 700 metrotik gorako altueran.
Lasterketa bikaina izan zen. Ni ez nago ohituta altitudean korrika egitera, baina dena ondo joan zen. Egia esan, ez nuen lehiaketa irabazterik espero, beraz, zoriontasuna bikoitza da!

Zelan bizi izan zenuen txapelketa eguna?

Goiz jaiki eta logelan genuenarekin gosaldu behar izan genuen. Gero gosaria eman ziguten bidean, baina ez nuen goserik. Txapelketa ospatzen zen lekura 05:00etan iritsi ginen eta 06:00etan beroketa lanak hasi nituen. 06:45erako lehen irteeran geunden. Lehentasuna genuen, beraz, lehenengo ilararaino eraman gintuzten eta denak, korrika egitera. Edaria eta janaria genituen hirugarren, seigarren eta bederatzigarren kilometroetan: indarrak hartzeko, ezinbestekoa. Egia da altitudean arnasa hartzea kosta egiten zitzaidala, logale nintzen, baina txipa aldatu eta motibatu egin nintzen. Ura hartu nuen lasterketan, eta berriro indarrak berreskuratu nituen, eta lasterketaren amaieran, maldan behera, estadiora iritsi nintzen. Ikaragarria izan zen!

Txapelketa Kazakhstaneko Almaty hirian jokatu zen. Kazakhstan zoragarria da. Almaty oso hiri anitza da, herrialde desberdinetako eta leku guztietako jendea dago. Eta bizi dudan esperientzia, zirraragarria! Oso ondo tratatu gaituzte eta bertako jendearekin bazkaldu genuen. Hiria oso polita da. Asko gustatu zait, Maider.

Almatyn edo inguruan turismoa egiteko aukera izan zenuen?
Ostiralean mendietara bisita antolatu zuten, bertako hegaztiak ikusteko, baina guk hirian egotea erabaki genuen, bidaiarekin nekatuta geundelako. Almatyko alkateak bisitatu gintuen eta irabazleoi opari bat eman zigun. Zorionak eman zizkigun kazakhstanderaz eta errusieraz, eta oso ondo tratatu gintuen. Oro har, Almatyn eta Kazakhstanen topo egin dugun guztiek bikain tratatu gaituzte.

Zer da Kazakhstanetik gehien gustatu zaizuna?
Berotzeko eta entrenatzeko egon ginen parkea asko gustatu zitzaidan, eta jende guztiarekin bazkaltzen egon ginen jauregia ere zoragarria zen. Dortsala hartzeko tokia, merkatua eta hotela ere gustatu zitzaizkidan. Janaria ere gustatu zitzaidan; osa ona zegoen.

Eta gutxien?

Gutxien gustatu zitzaidana lasterketako ordutegia da. Goiz zen.

Noiz hasi zinen atletismoan, Ibai?
2017an hasi nintzen atletismoan, aire zabalean egin zitekeen banakako kirol bat bilatzen nuelako. Banakako beste kirol batzuetan ere pentsatu nuen, baina atletismoa aukeratu nuen. Bakarkako kirolean hobeto moldatzen naiz, taldean baino. Txikitan futbola egin nuen, baina utzi nuen. Frontenisean ere hasi nintzen, baina hori ere utzi nuen. Eta azkenean atletismoan zentratu naiz. Azkarra izatea eta amets bat betetzea gustatzen zait: jolas paralinpikoetara nola edo hala joatea. Espainiako selekzioarekin egotea ere gustatzen zait, futbol taldeek egiten duten bezala, hautatua izatea, eta telebistan nire burua ikustea. Ea noizbait telebistan futbola ikusten dugun bezala, kirol egokituko txapelketa handiak ere ikus ditzakegun! Eta ahal dela, ni ikustea txapelketa handietan!

Zer ematen dizu atletismoak zure bizitzan?
Denetarik, egia esan. Gustuagatik, distrakzioagatik, hobby bezala, dibertsioagatik, osasuntsu egoteagatik, lagunak egiteagatik, lekuak bisitatzeagatik, egin behar dudan ahaleginagatik eta iraunkortasunagatik praktikatzen dut atletismoa. Nire bizitzan dena dago atletismoari lotuta.

Gaur egun Basauriko Bertako-Javi Conde Klubean zaude. Bai.
Hasiera batean Artunduaga Atletismo Taldean hasi nintzen. Gaur egun oraindik ere Artunduaga klubari lotuta nago, baina aldi berean Javi Conderen taldean ere banago, kirol egokituan zentratzen dena.

Zure entrenamenduez galdetuko banizu.
Nire entrenamenduak zorrotzak eta gogorrak dira. Goi mailan egoteko sufritu behar da edo zure errendimendua hobetu behar duzu gorputzak nahikoa dela esan arte.

 

Ibai Magdaleno (erdian), entrenamendu saioan

Noiz entrenatzen duzu?
Astean sei egunetan entrenatzen dut, egunero bi orduz. Normalean ostiraletan hartzen dut atseden, baina ostegunengatik aldatu izan dut. Entrenatzeaz gain, jarraitzen duzu dieta espezifikoren bat errendimendu hobea eta emaitza hobeak izateko? Ez. Denetarik jaten dut. Ez daukat egutegi bat egunero zer jan behar dudan zehazten duena. Denetarik jaten dut, osasuntsu.

Aurten Joko Olinpikoak eta Joko Paralinpikoak dira Parisen. Inoiz amestu al duzu joko batzuetan parte hartzea?
Ez naiz oraindik joko paralinpikoetara joan, baina bai Munduko, Europako eta Espainiako txapelketetara. Eta esan diezazuket asko gustatzen zaidala horietan lehiatzea. Beraz, Joko Paralinpikoetan parte hartzeak izugarria izan behar du!

Ametsa egi bihur daitekeela uste duzu? Joko Paralinpiko horietara joatea gustatuko litzaidake, noski, baina nire kategoriarako, T-20rako, proba gehiago jartzea bikaina izango litzateke. Kategoria honetan, adimen-urritasuna dugun atletok lehiatzen gara, eta proba gehiago jarriko balituzte, agian, Joko Paralinpikoetan parte hartzeko aukera izango nuke. Ea ametsa egi bihurtzen den eta Joko batzuetara joan eta irabazten dudan!

Aurten Basauri Kirolaren Europako hiriburua da. Zer espero duzu aurten Basaurirengandik? Urte ona izango da Basauriko kirolarentzat, asko baitago, gainera. Nik espero dudana da Espainiako txapelketa Basaurin irabaztea. Lapatzako zirkuituan jokatuko da. Ilusio handia daukat erronka horri begira.

Etorkizunean atletismoan jarraitzen ikusten duzu zeure burua?
Oraingoz, bai. Urtetik urtera noa. Gustatzen zait atletismoa, ondo sentiarazten nau eta urtetik urtera neure burua gainditzen saiatzen naiz atleta hobea izateko.

Entrenatzaile izan nahi duzu?
Agian entrenatzaile izan naiteke hemendik urte batzuetara. Auskalo. Baina, oraingoz, atletismoa egiten jarraituko dut atleta gisa. Etorkizunak esango du.

☉ Basauri

Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean

Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

|

Bihar egingo du debuta Igor Ocak, Cordobaren aurka // Utzitakoa

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.

Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.

Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.

Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra

44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.

Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.

Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.

Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin

|

Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!

Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

|

Fernando Goitia 2011n Bilduren agerraldi batean // Bidebieta

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.

Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.

Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.

Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du

Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

|

Apirileko osoko bilkuran agerraldia egin zuten Basauriko udal langileek // Basauriko Langileen Batzordea

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.

Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.

“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.

Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.

2026an mobilizazio gehiago

“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.

Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.

“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.

Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.

“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.

Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna