☉ Basauri
Iñaki Garcia: “Euskadiko Antzerki Eskola Basaurin izateko aukera izugarria galdu zen”
2020an hogei urte beteko dira Basauriko Antzerki Eskolak ateak itxi zituenetik. Bi hamarkada luze igarotzear daude, baina Iñaki Garciak (Basauri, 1961) ondo gogoan ditu itxieraren ingurukoak.

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan
2020an hogei urte beteko dira Basauriko Antzerki Eskolak ateak itxi zituenetik. Bi hamarkada luze igarotzear daude, baina Iñaki Garciak (Basauri, 1961) ondo gogoan ditu itxieraren ingurukoak. Hogei urtetik gora egin zituen martxan antzerki eskolak, eta 90. hamarkadan edonon aurki zitezkeen Basaurin antzerkiarekin harremanen bat zuten herritarrak. Udalak antzerki eskolarekiko urteetan izan zuen jarrera beti eskertuko dutela dio Iñakik, baina pena galanta izan zela hain bat-batean jarrera aldatu eta ixteko erabakia hartu izana, “aparteko aukera alferrik galdu baitzen itxierarekin”.
Berrogei urte pasatu dira Basauriko Antzerki Eskola jaio zenetik. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Eskola 1977ko udazkenean jaio zen. Garai hartan bazen Durangon beste antzerki eskola bat, baina hura urrun samar geratzen zen Bilbo Handitik. Bilbo inguruan eskola bat martxan jartzeko aukerak aztertzen hasita, basauriar batzuek herrian bertan egitea proposatu zuten. Kontuan hartu behar da militantzia handiko garaiak zirela haiek, aldaketa politiko handikoak, eta kultura zintzilik geratzen den ikasgai hori bezalakoa zen: gauzak esateko behar handia zeukan jendeak, kasu honetan agertoki baten gainean, eta horrela sortu zen eskola. Klaseak iluntzeko 20:00etatik gaueko 23:00etara izaten ziren, beraz, garai hartan tailer antzeko bat zela esan liteke. Unibertsitatetik diru-laguntza bat jaso genuela gogoratzen naiz, unibertsitatetik kanpoko ekintzei emandako laguntza moduan; hura izan zen lehenengo laguntza ekonomikoa. Kaleroko eskolan hasi ginen, jende gazte mordo bat, unibertsitateko ikasleak asko, eta irakasle onak ekartzen saiatzen ginen, baita Madrildik edo Bartzelonatik ere, garai hartan adituak zirenak. Horrek eskolako jendeari pentsarazten zion, “ba agian honetan lan egin dezaket…”. Ikasturte amaieran, ekainean, ikuskizun bat prestatzen genuen hurrengo kurtsorako dirua lortzeko. Jendea gogo izugarriz etortzen zen eskolara. Gogoratzen naiz tailer edo ikastaro baten berri emateko iragarkia jartzen genuenean berehala betetzen zirela plazak, eta orduan ez zegoen sare sozialik.
Zein ziren eskolaren finantziazio iturriak? Unibertsitatetik zetorren diru-laguntza hura aipatu duzu, ikasturte bukaerako ikuskizuna ere bai…
Ikasleen kuotetatik, unibertsitateko diru-laguntza hartatik eta udan egiten genituen funtzioetatik jasotzen genuen dirua. Baina gastu handirik ere ez genuen. Gure gastu handia izan zen 8x8ko moketa granate bat, garai hartan 80.000 pezeta kostatu zitzaiguna, eta toki guztietara eraman genuena urteetan zehar. Gure langunea zen, nolabait esateko. Udalak utzi zigun lokal bakoitzera eraman genuen. Udalak ez zuen inondik ere jarduera galarazi, beti pentsatu izan zuen modu egokian garatzen zen jarduera bat zela, arazorik sortzen ez zuena eta jendearen artean arrakasta zuena, eta ahal zuen neurrian lagundu egiten gintuen lokalak utziz. Zentzu horretan beti oso ondo tratatuak sentitu ginen garai hartan.

Ilustrazioa: Alejandro Prieto // Argazkia: Amaia Goikoetxea
Udalak utzitako lokal askotatik pasatu zineten, beraz.
Kaleroko eskolatik hainbat tokitara joan ginen: Cervantes ikastetxera, Pozokoetxeko gimnasiora, Social Antzokira oraindik berritzeko zegoenean… Administrazioak antzokia berritzea erabaki zuenean, gure aholkularitza eskaini genien, eta gogoan dut ni neu Mikel Hurtadorekin elkarlanean aritu nintzela antzokiaren lehenengo bertsioa egiten. Berritze lanak egin bitartean Pozokoetxera joan ginen, eta amaitutakoan Socialera itzuli ginen.
Eskolaz gain, antzerkia herrira zabaltzea ere lortu zenutela esan liteke.
80. hamarkadan Basaurin Nazioarteko Antzerki Jaialdia antolatzen hasi ginen eta hamar edizio izan zituen. Antzerki asko ekarri genuen kalera, pilotalekuetara, kultur etxeetara… Arrakasta itzela zeukan jaialdiak. Eskolak, batetik, hezkuntzan parte hartzen zuen, zentro publiko guztietan antzerki tailerrak eskaintzen ziren; beraz, 90. hamarkadan zaila zen ume batek antzerki jaialdian antzerkiren bat ikusi ez izana edo bere ikastetxean antzerki tailerren batean parte hartu ez izana. Esan nahi dudana da Basauri mailan antzerkia oso oso sartuta zegoela, Basauri eta antzerkia eskutik helduta zihoazela.
Une batean, gaueko tailerrak eskaintzetik ordutegi ohikoagoa duen eskola izatera pasatu zineten.
Garai hartan antzekoak ginen hiru eskola geunden hemen inguruan: Getxokoa, Gasteizkoa eta Basaurikoa. Gure kasuan gaueko 20:00etatik 23:00etara eskaintzen ziren tailerrak izateari utzi eta ziklo profesional bihurtzea erabaki genuen: eskolak 9:00etan hasi eta 15:00etan amaitzen ziren, lanbide heziketako edozein institututan bezala bazegoen irakasleen klaustro bat… Institutu horiengandik bereizten gintuen bakarra zen ez genuela Eusko Jaurlaritzaren errekonozimendurik, ez zegoela erregulatuta, nolabait esateko. “Egiten duzuena oso ondo dago, baina ez daukagu zuena erregularizatu dezakegun pentsatzeko astirik ere”, hitz horiekin esan ziguten. Gertatu zena zen eskola profesionalizatu egin zela, hau da, ikastera zetorren jendeak horretan lan egin nahi zuela, medikuntza ikastera doanak bezalaxe. Lau urteko ikasketak ziren. Eta ikasketak amaitutakoan guk ziurtagiri bat ematen genien ikasleei, egin zuten guztia ikasi zutela baieztatzen zuena. Eusko Jaurlaritzako teknikariek honela ikusten zuten kontua: “Utzi egingo diegu jarraitzen, hutsune bat betetzen baitute, eskaera garrantzitsu bati erantzuten baitiote”. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza txiki bat ematen zuen, baina ez zen nahikoa irakasleei ordaintzeko. Egin zen, gainontzeko bi eskolekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin, ikasketak erregularizatzeko ahalegin bat, baina bertan behera geratu zen azkenean.
Eta gerora arazoak etorri ziren herrian bertan.
Administrazioak eta guk geuk egin genuen akatsetako bat antzerki eskola eta kultur etxeko bulegoak toki berean elkartzea izan zen. Gure ikasleek, dantza eskoletan zeudenean, esaterako, zarata ateratzen zuten, normala den bezala. Horregatik, ezin duzu dantzako gelaren azpian bulego bat jarri, eta horixe egin zen: eskola antzokian martxan zegoenean, kultur etxeko bulegoak bertara ekarri zituzten. Eskolak bere ordutegia zuen egunez, baina Arteari buruz hizketan ari gara, sormenari buruz, eta horri ordutegiak jartzea ez da erraza. Lerro gorri batzuk jar diezazkiokezu, noski, baina ezin duzu kultur etxeko bulego batzuen kasuan izan dezakezun zurruntasuna aplikatu. Antzokian jarduera asko zegoen, eta kultur etxeko bulegoetakoak sartu zirenean ez genuen asmatu lan protokolo bat ezartzen. Oso kontuan hartu behar da ez garela enpresa ikasketa batzuei buruz hizketan ari, antzerki eskola bati buruz ari garela.
Hortik etorri al zen eskola ixteko erabakia?
Gaur egun oraindik ezagutzen ez dudan arrazoiren batengatik, udaletxeko talde politiko guztien adostasuna lortu zuten eskola ixteko erabakia hartzeko. Trintxeretan bi gela utziko zizkigutela esan ziguten, eta orduan zera pentsatu nuen: “Edo ez duzue ezer ulertu edo ez dugu behar bezala azaltzen asmatu proiektu hau zer den”. Antzerki Jaialdia ere bertan behera geratu zen: jaialdi hartan egiten zena urtean zehar programatuko zutela erabaki zuten, eta hori akats handia izan zen, ez baitzuen lehen bezala funtzionatu. Baina uste dut harro esan dezakegula Basauriko antzerki ikusleak sortzen erru asko izan dugula: eskola eta jaialdia martxan ziren garai hartan zuk kafetegi batean norbaitek antzerkia egiten edo ikusten ote zuen galdetzen bazenuen, seguru asko hiruzpalauk baietz esango zizuten. Beraz, ikusleak hezteko geneukan proiektu hura guztia, musika, antzerkia, azken finean kultura kontsumi zezaten, bertan behera geratu zen. Eta Euskadiko Antzerki Eskola Basaurin izateko aukera izugarria galdu zen.
Eta behin erabakia hartuta, ez zen atzera egiteko inolako modurik egon, ezta?
Ez, eta egin ziren protesta ekitaldiak, baina ez zen modurik egon. Eskola desagertu egin zen eta kito. Eta hortik aurrera bakoitza bere motxila bizkarrean zuela geratu zen. Nik uste dut oso motxila garrantzitsu eta erakargarriarekin geratu naizela. Beti eskertuko diogu Basauriko Udalari urteetan zehar erakutsi zuen jarrera eta pena ematen digu jarrera hain bat-batean aldatu izanak. Gogoan dut udaletxeko pleno aretora deitu gintuztela, eta talde guztiak bertan zeudela, gertatutakoa guri azaltzeko. Uste dut horrek adierazten duela antzerki eskola garrantzitsua zela. Zerbait inportantea izan behar zuen, alderdi politiko guztiak hartara biltzeko. Gu jabetzen gara arduraren zati bat geurea izan zela. Tarima antzerki konpainia osatzen genuenok nonbaitetik bizi beharra geneukan. Eskolan irakasle edo koordinatzaile ginen alde batetik. Horrez gain, antzezpenarekin lotutako beste aspektu batzuetan ere egiten genuen lan: pelikuletan, esaterako, edo antzokiak berritzen eta hornitzen laguntzen genuen, Basaurin, Santurtzin, Leioan edota Arrigorriagan egin genuen bezala. Errealitate hartatik jaiotako jarduera ekonomikoa zen hura, garai hartan ez baitzegoen inor antzokiak egiten eta hornitzen zekienik, ez zegoen antzokietako teknikaririk, eta guk horixe eskaintzen genuen. Beharbada ez genuen jarduera hura eskolatik behar bezala banatzen jakin. Edonola ere, hori iradoki genuen: “Gu bagoaz, baina jarrai ezazue eskolarekin, ez gaitzazue 25 metro karratuko gela batera bidali, mesedez”. Ez zuten etorkizunera begiratzen jakin.
Izan ere, aipatu duzun bezala, eskolaz arduratzeaz gain beste jarduera batzuk ere bazituen Tarima taldeak.
1983an hasi ginen, bai, eta antzerki asko egin genuen, ehunka, 98an geratu ginen arte. Geratu egin ginen dena aldatzen ari zelako. Antzokietako logistika, azpiegitura teknikoak, horretan gabiltza orain, eta horretan sartu ginen hori egiten zekien jendea falta zelako. Antzoki asko irekitzen hasi ziren momentu batean, eta orduan sortu zen behar hori. Horregatik sartu ginen horretan. Alderdi tekniko hori gero eta handiago egiten joan zen, eta baliteke hori izatea arrazoietako bat batzuek esateko gu dirua egiten ari ginela antzerki eskolarekin. Inondik inora ere ez, gu ez ginen eskolaren kontura aberasten ari, ezta gutxiago ere. Baina eskola martxan jarri genuen mutil jatorrak izanagatik ere guri beste edonori bezainbeste kostatzen zitzaigun eguneroko ogia erostea, hau da, jan egin behar genuen eta, beraz, jarduera ekonomiko bat behar genuen. Eta beharrezkoa izaten hasi zenean gauza bat eta bestea banatzen hasi ginen. Baina gero gauzak joan ziren bezala joan ziren.
Zuk zer egin zenuen itxieraren ostean?
Antzerkian, telebistan eta zineman jarraitu nuen, eta horrez gain aipatu ditudan zerbitzu tekniko horiek eskaintzen jarraitu genuen Tarimatik. Gaur egun operetako argiztapenak, hainbat antzokitako zerbitzu teknikoak, ferietakoak, kontzertuetakoak, ekitaldietakoak… eskaintzen ditugu. Gustatuko litzaidake berriz antzeztea, baina oraintxe bertan Tarimak, TRM Soluciones Técnias Creativas deiturikoak, oso egitura handia dauka: ikus-entzutekoak, produkzio handiak, eta jende askorekin ari gara elkarlanean. Baina esan dizudan bezala, nire familiako baserria antzerkia da, antzerki eskola. Garai hartan galdetzen zizuten: “Antzerkiaz aparte, zertan lan egiten duzu?”. Eta guk hori duindu egin nahi genuen: “Ez, nik antzerkian lan egiten dut”. Orduan oso arraroa zen hori.
Eta orain?
Orain ez hainbeste. Baina edonola ere, aktoreen profesionaltasuna normalizatua egotetik oso urrun dago. Edozein lanbidetan guztiz normala da urtean 1000 euroko 14 paga jasotzen dituen langileak aurkitzea. Aktoreen munduan, aldiz, esku bakarreko hatzekin konta ditzakezu egoera horretan daudenak. Horregatik, beti esaten dut aktoreok beste jende asko baino pribilejiatuagoak garela: aktore lana gustatzen ez zaion inork ez du aktore bezala lan egiten, denek lan egiten dute gustatzen zaielako, kontrakoa erabat antagonikoa bailitzateke. Barrearekin, negarrarekin, kontaktuarekin, lan egiten dugu, egungo bizimoduan gero eta zailagoa dena. Kultura hitza, hain prostituitua eta erabilia, apurtu egiten da gaur egungo zurruntasunarekin. Kultura da gizakiak printzipio eta balore bezala izan behar duen guztia bizitzan garatu ahal izateko. Hori apurtzen baduzu, auto bat apurtzea axola ez zaion umea agertzen da, tu egitea axola ez zaiona, lehena izateagatik ikaskideari ostiko bat ematea axola ez zaiona… Ume horrek baloreak izango balitu, musikak, dantzak, antzerkiak, pinturak, literaturak ematen dituztenak, ez luke hori egingo. Hori da, nire ustez, Basauriko hainbatek sekula argi izan ez zuten proiektu kulturala, gu arte eszenikoei buruz ari ginenean buruan genuena. Ez zuten argi izan eta sekulako aukera alferrik galdu zen.
Di-Da
Estimu handitan dut… Nire familia
Eguna libre dudanean… Brikolajea egiten dut
Zure bertute bat? Zintzotasuna
Zure akats bat? Nagikeria
Egin duzun azken bidaia? Almagrora
Eta egin nahi zenukeena? Argentinara
Irakurtzen ari zaren liburua. La huelga de Bandas, nire lagun basauriarrena. Nire senitartekoek parte hartu zuten bertan, gainera
Eta ikusten ari zaren telesaila. Merlí
Abesti bat? Nacha Popen Una décima de segundo eta Los Rodriguezen La copa rota
Pelikula bat? Los lunes al sol
Besteengan miresten duzun bertutea? Adiskidetasuna eta konpromisoa
Non eta noiz zara zoriontsu? Antzokian. Agertokiaren aurrean bakarrik. Imajinatzen eta sortzen
Miresten duzun pertsonaia. Tierno Galván
☉ Basauri
‘Emakumeak eta industria musikala’ solasaldia antolatu dute gaur Marienean, MAZ Basauri jaialdiaren baitan
Musikaren industriako emakumeek euren esperientziak partekatuko dituzte gaurko topaketan

Aurten, iaz bezala, hirugarren jardunaldi bat ere izango du MAZ Basauri jaialdiak bere 13. edizioan: azaroaren 6an, ostegunez, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren edizioa antolatuko dute Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak elkarlanean.
Topaketa Marienea Basauriko Emakumeen Etxean izango da 18:00etan. Musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea bilatzen du ekimenak, sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko helburuarekin.
Aurten, La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira protagonistak. Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia, eta doakoa izango da.
MAZ Basauri Basauriko Udalak sustatzen du. Aurtengoa 13. edizioa da eta aurreko hamabi edizioetan, udalerria erreferente musikal gisa kokatu du, eta Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako pizgarria izan da.
☉ Basauri
Selton eta Hierro basauriarrek debuta egin dute Txapeldunen Ligan Athleticekin

Basauritik mundura. Horrela definitu daiteke atzoko gaua St James’ Park estadioan, egun berean bi basauriarrek egin baitzuten debuta: Selton Sanchezek (18 urte) eta Asier Hierrok (20 urte). Ez zen debut gozoa izan, taldeak 2-0 galdu baitzuen, baina zalantzarik gabe ahaztuko ez duten eguna izango da bi lehoientzat.
Selton Sanchez, 18 urteko erdilaria da, bere irudimen eta maila teknikoagatik nabarmentzen dena. Durangon jaiotakoa den arren, Basaurin bizi da aspalditik. Asier Hierro, aldiz, 20 urteko aurrelaria, amaierako minutuetan atera zen eta gola bilatu zuen etengabe, ausardiaz eta lotsa izpirik gabe. Biek ibilbide luzea egin dute Lezaman, Hierroren kasuan kimua zenetik ari baita zurigorriekin.
Partidaren ondoren, Unai Simonek gazteen lana txalotu zuen: “Selton eta Hierro Txapeldunen Ligako mailan aritu dira”, adierazi zuen atezainak.
Basauriko bi futbolariek amets bat bete dute: Lezamako harrobia eta Basauriren izena Europako eszenatokirik handienetara eramatea.
☉ Basauri
68,8 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2026an Basauriko Udalak
Gobernu taldeak aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur eta oposizioak azaroaren 19ra arte dute zuzenketak aurkezteko epea zabalik

Basauriko udal gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur. Guztira 68,8 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, aurten baino 3 milioi gehiago (% 4,6 gehiago).
Besteak beste, aurrekontua handitu da diru-sarrerak, oro har, handitu egingo direlako. Besteak beste, Udalkutxatik 36,1 milioi euro jasoko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 2,1 milioi gehiago.
Inbertsioetara 2,7 milioi euro bideratuko ditu Udalak 2026an. Eta, inbertsioen arten bi narbamendu ditu gobernu taldeak. Alde batetik, haurreskola berria eraikitzea eta bestetik, hiri-ortuak sortzea.
Martxoan aurreratu bezala, haurreskola berria eraikiko dute herrian, Arizko Ikastolaren ondoan dagoen berdegune batean. Basauriko hirugarren haurreskola publikoa izango da, Basozelaikoaz eta San Migelekoaz gain. Gutxienez 42 plaza izango ditu eta 0-1 eta 1-2 urte bitartekoentzako lau gela izango ditu. 2026ko aurrekontuan milioi bat bideratuko du Basauriko Udalak haurreskola eraikitzeko.

Asier Iragorri alkateak eta Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak aurkeztu dute gaur 2026ko aurrekontu proposamena // Geuria
Hiri-ortuei dagokienez, Iruaretxeta parkean jarriko du martxan proiektua Udalak datorren urtean. Aurreikuspenen arabera, 80 ortu inguru egokituko dituzte, bakoitza 35 eta 40 metro karratu arteko azalerarekin. Udalak 400.000 euro gordeko ditu aurrekontuan hiri-ortuak sortzeko.
Inbertsioen atalaren barruan, hezkuntza-zentroetan hobekuntza lanak egiteko 310.000 euro erabiliko ditu Udalak.
Eta, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua ere inbertsioen baitan sartu du gobernu taldeak: hartara 400.000 euro zer egiteko erabakiko dute herritarrek. Irailean herritarrek euren proposamenak egiteko epea zabalik izan zuten eta laster bozkatzeko epea irekiko du Udalak.
Garapen jasangarrirantz
2026rako proposatutako kontuen ezaugarri azpimarragarrienetako bat da aurrekontuaren % 42 erabili nahi dutela 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) loturiko gastu sozialean, helburua izanik desberdinkeria murriztea eta herritar guztiei aukera ematea oinarrizko eskubideak baliatzeko: hezkuntza, osasuna, aukera-berdintasuna eta gizarte-babesa.
“Aurrekontuaren ia erdia GJHen gastu sozialean erabiltzeak agerian uzten du gure konpromisoa pertsonekin eta basauriarren bizi-kalitatea hobetzearekin. Inbertsioen helburua da inor ez uztea atzean, eta herritar denek eskubide eta aukera berberak izatea”, adierazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Helburu horietan giltzarri den Gizarte Zerbitzu eta Gizarte Sustapen Arloak “inoizko aurrekontu handiena” izango duela nabarmendu dute udal ordezkariek. Guztira, 10,8 milioi euro; aurten baino % 3,9 gehiago.
“Adinekoentzako aurrekontua % 4,9 handituko da, 5,1 milioi euroraino (2025ean, 4,8 milioi); eta Berdintasun aurrekontua % 4,5 haziko da (2025ean, 519.000 euro; 2026an, 540.000 euro). Hezkuntza Atalaren aurrekontua, berriz, % 151 igoko da (2025ean, 623.000 euro; 2026an, 1.564.000), haurreskola berrirako partida milioi batekoa izango delako”, azaldu du Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak.
Zor publikoari dagokionez, 2026an 806.000 euroko zorra izatea aurreikusi du gobernu taldeak: “Doitasun eta gestio eraginkorreko politikak etengabe aplikatzeak maila ia sinbolikoan utziko du Udalaren zorra”, dio Montesek.
“2024. urtea amaitu genuen 1,6 milioi euroko zorrarekin, eta urte hau amaituko dugu 1,2 milioiko zorrarekin. 2026. urtean, 806.000 eurora murriztuko dugu; hau da, sarrera guztien % 1,2era. 2012an, Udalaren zorra 12 milioi eurokoa zen, eta horrek agerian uzten du egin dugun ahalegin handia, Basauriko bizilagunen euro bakoitza eraginkortasunez eta erantzukizunez administratzeko”, nabarmendu du Montesek.
Oposizioan dauden udaltaldeek azaroaren 19ra arte dute zuzenketak egiteko. Ondoren, asmoa da azaroko osoko bilkuran eztabaidatzea 2026ko aurrekontua.
☉ Basauri
Maialen Ibarra DA! PRO topaketan kontzertua emango du azaroan Durangon
Uxue Kerejeta abeslari gipuzkoarrak ere parte hartuko du topaketan: bere ‘Amaiera’ diskoan Beñat Armentia galdakoztarrak kolaboratu du teklatuan

DA! PRO topaketaren zazpigarren edizioa helduko da azaroaren 25ean eta 26an, Durangoko Azokaren atarian. Musika eta familia ikuskizunak antolatuko dituzte eta horien artean Maialen Ibarra sanmigeldarrak kontzertua emango du.
Maialenen kontzertua Durangoko Plateruena aretoan izango da azaroaren 26an, asteazkenez.
Era berean, Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Euskal Barrok Ensemble, Maider eta Uxue Kerejeta arituko dira Plateruenan.
Aipatzearren, Uxue Kerejeta musikari zumarragarraren ‘Amaiera’ diskoan Beñat Armentia Arriandiaga galdakoztarrak kolaboratu du teklatuan.
Durangoko Azokako jarduna Azokako egunetatik haratago hedatzeko asmoz sortu zuen Gerediaga elkarteak DA! PRO topaketa.
☉ Basauri
Basauri Pintxo Festa antolatuko dute datozen bi asteburuetan: aurten 42 tabernak eman dute izena
Moluskuak, tomatea edota patata izango dira Basauri Pintxo Festako osagai protagonistak, azaroaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra

Pintxoen hiriburu izango da Basauri azaroaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra bitartean: Pintxo Festa antolatuko dute.
Aurten 42 tabernak hartuko dute parte, iaz baino bost gehiago. Horiek dira: Maybe, Valhalla, Edudoga, Luna, Bai Horixe, Coffee; El Cruce, Rymari, Toison de Oro, Nastase, Uribarri, Zutarri; Neure, Boxes, Dafne, Izarra Berria, Itxina Berria, La Zona, Berezi, Geltoki; Bonboi, Herriko Etxea, Arume, Haizebarri, Apolo XII, Erretoki Arin, New Magic; Nervion, Katilu, Irati, La Sede, Beitia Zaharra, 7 Calles, Galizia, Xuroi; Fission’s Berria, Ganeko, Thomas, Batzoki Central, Excelsior Berri, Nagusia eta Uribarri 22.
Horiek guztiek pintxo lehiaketan hartuko dute parte eta taberna bakoitzak bere miniaturazko jakia salgai jarriko du Pintxo Festa egingo den egun guztietan zehar. Pintxoek moluskuak, tomatea edota patata osagaiak izan behar dituzte.
Lehiaketan Urrezko Pintxoa, Zilarrezko Pintxoa, Brontzezko Pintxoa, Fusio-pintxoa, Soiltasuna eta Zaporea Pintxoa eta Pintxo Herrikoia sariak banatuko dituzte. Epaimahai profesional batek aukeratuko ditu irabazleak.
Urrezko Pintxoaren saria irabazten duenak 300 euroko txartela jasoko du, herriko hiru saltokitan, gehienez, gastatzeko. Zilarrezko Pintxoaren irabazleak 200 euroko txartela jasoko du, herriko bi saltokitan, gehienez, gastatzeko. Eta Brontzezko Pintxoari 100 euroko txartela emango diote, gehienez herriko bi dendatan gastatzeko.
Bestalde, bi lagunentzako bost menu zozkatuko dituzte pintxo gogokoena hautatzeko botoa eman, eta boto-paperean bost taberna desberdinen zigilua duten herritarren artean.
Pintxo Festa izango den bitartean kale animazioa egongo da Basauriko kaleetan: Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak, Sama Siku fanfarrea, Danbayan batukada, Danbolin Txistulari Elkartea, Basauri Koral Elkartea eta Kilometrokantu.
Eta aurrekoetan bezala, Helmuga-Basauri-Pintxo Festa Gida publikatu eta banatuko du Udalak. Gida horrek pintxo lehiaketan parte hartuko duten 42 tabernaren izena, helbidea eta kokapen geografikoa jasoko ditu, eta kanpainan zehar kalea girotzeko egongo diren jardueren berri ere emango du.
Liburuxka parte hartuko duten tabernatan eta Basauriko erreferentziazko tokietan banatuko dute.











