☉ Basauri
Mikel Iturbe: “Zure zaletasuna jendearekin partekatzea eta alde biek gozatzea opari ederra da”
Fatty Martin ezizenarekin, telesailei eta filmei buruzko analisiak, sketchak eta film laburrak egiten ditu Mikel Iturbe basauriarrak. 10.000 jarraitzaile ditu Youtuben.
Fatty Martin ezizenarekin, telesailei eta filmei buruzko analisiak, sketchak eta film laburrak egiten ditu Mikel Iturbe basauriarrak. 10.000 jarraitzaile ditu Youtuben eta beste 12.000 Twitterren
Ospetsua eta ezezaguna izan, biak aldi berean. Hori izan daiteke, agian, Interneten alderik ederrena. Mikel Iturbe (Basauri, 1992) 25 urteko basauriarra da, San Migelen bizi da eta ingurumen ingeniaritza ikasketak bukatu berritan, ingurumen eta energia kudeaketari buruzko masterra ikasten ari da orain. Herrikoek eta lagunek Mikel bezala ezagutuko dute, baina badira beste asko, 22.400 erabiltzaile inguru esaterako, Fatty Martin ezizenez ezagutzen dutenak.
Mikel Iturbe da Basaurin eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikusiko duzuna. Fatty Martin, aldiz, Youtube edo Twitterreko profiletan aurkituko duzuna. Telesailen eta zinemaren aktualitateaz eta bitxikeriez mintzo da Fatty Martin bere kanaletan. Tarteka umore sketchak eta film laburrak ere egiten ditu. Kamera, mikrofonoa, lagunak, familia eta… sormena eta denbora. Liburu bat idatzi berri du Iturbek, laster argitaratzeko asmoz. Azken batean, duen zaletasuna bideo, argazki edo tweetetan itxura eman eta bere kanalen bidez zabaltzen du basauriarrak. Mikel Iturberekin batu gara Fatty Martinen nondik norakoak ezagutzeko.
Zelan jaio da Fatty Martin?
‘Juego de Tronos’ telesailarekin batera hasi nintzen Interneteko mundua deskubritzen duela bospasei urte. Istorioarekin erabat harrapatuta, Twiterren profil bat sortzea erabaki nuen ‘Juego de Tronos’en liburuak idatzi dituen George R.Martinen omenez. Loditxo dagoenez, Fatty Martin ezizena hautatu nuen. Telesailari buruzko memeak eta bromak egiten hasi nintzen denborarekin baina konturatu nintzen Twitterrek, bere egituragatik, ez zidala telesaila nahi nuen bezala komentatzen uzten. Youtuben aurkitu nuen orduan buruan nituen ideiak plazaratzeko leku aproposena, baita jendearekin harreman zuzenagoa izateko aukera ere. Hala ere, ez dut Twiterreko kontua itxi eta gaur egun bata bestearen osagarriak dira.
Zer aurki dezakegu Fatty Martinen profiletan?
Egia da profilen oinarria ‘Juego de Tronos’ telesaila dela, kanalaren izena irakurri edo duela gutxira arte erabili izan dudan introa ikusi duen edonork jakingo du hori. Ikus-entzunezko mundua ezagutu dudan heinean baina, jarraitzaileek ere eduki berria deskubritu ahal izan dute kanalean. Egun orotariko telesailen analisiak eta umorezko sketchak aurki ditzake ikusleak. Hala ere, aitortu beharra daukat fantasia dela gehien nabarmentzen dena.
Fantasia nagusi, beraz.
Bai. Gaur egungo fantasia ez da lehengoa bezalakoa. Egungo fantasia eta errealitatea ez dira hain ezberdinak. Genero honek aukera ederra eskaintzen du edozein istorio ingurugiro zein baldintza aproposetan txertatzeko eta bertan egiazkoak izan daitezkeen tramak garatzeko. ‘Juego de Tronos’ek, adibidez, egiazkoak izan zitezkeen thriller politikoa eta amodio istorioak kontatzen ditu, fantasiazko mundu batean, baina errealitatetik ez oso urrun. Egungo fantasiazko film edo telesailak aztertzen baditugu, ez ditugu gure egunerokotik hain urrun imajinatuko. Bitxia eta ederra iruditzen zait hori, eta izugarria iruditzen zait nire interes eta jakingura milaka pertsonekin partekatzea.
Telesailek pisu handia dute zure bideo blogean eta badirudi egunerokoan ere telesailak nagusitu direla zinema tradizionalaren gainetik.
Teknologiaren berrikuntzek eta telebista kontsumitzeko ohitura aldaketek pelikulak eta telesailak ikusteko modua erabat birmoldatu dute. Egun “telebista nahieran” eta “streaming” kontzeptuak dira jaun eta jabe. Hau da, Interneti esker nahi beste eduki kontsumitu dezakezu ordutegirik gabe eta etxetik mugitu gabe. Orain arte ordenagailua erabili behar izan da horretarako, orain baina, egongelako telebistek bere egin dituzte zerbitzu horiek guztiak, errazagoa bihurtu dute oraindik. Ondorioz, jendea zorrotzagoa bihurtu da zer eduki ikusi nahi duen erabakitzeko orduan. Lehiakortasun egoera horretan, telesailak bihurtu dira garaile.
Twiterren eta Youtuben ez zara Mikel Iturbe, Fatty Martin baizik. Zein alde dago bien artean?
Nire kasuan ez dago ezberdintasun handirik. Twitterren Fatty Martinen tweetak irakurtzea Mikel Iturbe irakurtzea bezala da. Izan ere, Fattyk egiten duen edukia niri gustatzen zaidan edukia da, baina bera arduratzen da sareko erabiltzaileei helarazteaz. Egia da, beraz, Mikel ez dela guztiz azaltzen, jarraitzaileek Fatty Martin ezagutu dutelako, umorea lagun duen fantasia eta telesailei buruzko zale eta aditu bezala. Badirudi Fattyk erraztasun handiagoa duela gauzak kontatu eta ulerrarazteko, baina Mikel Iturberen bozgorailua baino ez da.
Bien arteko elkarlana ondo doala dirudi: Youtuben 10.000 harpidedun eta Twiterren 12.000 jarraitzaile dituzu ia. Nola erakartzen duzu jendea zure profilera?
Kanala gehien hazten den unea ‘Juego de Tronos’ telesailaren denboraldia emititzen denean da. Hori izaten da bideo bloga eta Twitterra gehien eguneratzen ditudan garaia ere. Ikusleen jakingura eta zalantzak zeintzuk diren asmatzen saiatzen naiz, kapituluei buruz duten iritziak irakurtzen ditut eta horri guztiari nire hausnarketekin erantzuten dion bideoa egiten ahalegintzen naiz. Zalantza horiei erantzuten dien bideoa egiten asmatzen badut, biralizatu egiten da bideo hori eta jende asko sartzen da nire kanalean. Telesaila emititzen ez denean, hazkuntza askoz ere motelagoa da.
Bideo horiek egiteko telesailak irensten dituzu, jakina. Non kontsumitzen dituzu eduki horiek?
Netflixeko bazkidea naiz eta nire aitak Movistar plus du etxean, beraz, plataforma digital erraldoi hauek eskaintzen dituzten eduki guztietara irits naiteke. Eta noski, bertan ikusten dut guztia. Telebista kontsumitzeko era berria da eta oso bide egokia da nire ustez. Ez zaizkit oso garestiak iruditzen Netflix edo HBO bezalako plataformak trukean jasotzen dituzun edukiak eta hauen kalitate bikaina kontuan hartzen badituzu. Jakina, Internetek duen beste abantaila handienetako bat da ez duzula zertan plataformen bazkide izan behar edukiez gozatzeko. Egun edonork ikusi edo deskargatu dezake bere telesail gogokoena Interneteko sarbidea edukita. Ezagutu dugun telebista formatua hiltzen doa apurka-apurka bide berri horren mesedetan.
Gaztelania erabiltzen duzu zure bideoetan. Euskarari buruz galdetu dizute noizbait?
Youtuben ez hainbeste, baina Twitterren jendeak badaki nongoa naizen eta baita euskaraz hitz egiten dudala ere. Badaude jarraitzaile euskaldun batzuk nirekin euskara erabiltzen dutenak eta nik euskaraz erantzun diet, noski. Aukera dudanean ere euskara pixka bat erakusten saiatzen naiz. Gaztelugatxe nazioartean ospetsu bihurtu zenean hura nola ahoskatu erakusten nien eta nire azken bideoetan Berri Txarrak taldearen ‘Spoiler!’ abestiaren zati bat jarri dut. Gustatuko litzaidake bideoak euskaraz ere egitea, baina momentuz ez dut denborarik euskarazko kanal bat zabaltzeko.
Erraza al da mundu horretan errentagarritasun ekonomikoa lortzea?
Diru asko irabazi daiteke, enpresek ez baitute galtzen publiko zabal batera mezuak bidaltzeko aukera, baina ez da nire kasua. Hilean 10 euro irabazten baditut, pozik. Hala ere, irabazitako guztia telesailekin edota filmekin zerikusia duten edukiak jarraitzaileen artean zozkatzeko erabiltzen dut. Bisita fluxu handia behar da benetan dirua egiteko.
Espero duzu inoiz horretara iristea?
Bisita kopuruak asko handitzea bai, noski, baina beti ere gaur dudan helburu berarekin: nik neuk gozatzea eta nik egindakoarekin besteak entretenitzea. Estatuko film edo telesailen analistarik onenek ere ez dute aparteko diru kantitaterik irabazten. Milioika jarraitzaile behar dira honetaz bizi ahal izateko. Hori lortu nahi duenak badu eduki zehatz batzuk lantzerik, ‘clickbite’ edukiak sortzea alegia. Zalantzak ditut baina, batzuetan haien duintasuna kolokan jartzen duten. Hala ere, gozatzen baldin badute, aurrera, ahaztu gabe jarraitzaile kopuru handi batek ardura jakin bat ere eskatzen duela.
Youtuberrak gaur egungo rock izarrak bihurtu direla esan genezake. Zer puntutaraino dira eredu?
Milioika jarraitzaile horien artean, milioika ume edo adin txikiko daude, noski. Nire ustez Youtuber asko ez dira konturatzen ume horientzat guztientzat eredu direla, eta hezitzaile edo irakasle lana egin beharko luketela behin baino gehiagotan. Tamalez, jarrera matxista eta diskriminatzaile askoren ispilu dira hauetako asko.
Zein aholku emango zenioke sarean kanal bat sortu nahi duen pertsona bati?
Konstantea izatea eta benetan gustuko dituen edukiak egitea. Badaude arin hazteko bideak ere, arin zabaltzen diren eduki zehatzak eginez, baina horrek ez luke izan behar kanal edo bideo blog baten helburua. Nire aholku nagusia, beraz, gozarazten dizun zerbait abiaraztea da, zure pasioa landuz eta deskubrituz. Ez dago zure zaletasuna jendearekin partekatzea eta horrekin alde biek gozatzea baino opari ederragorik.
Bukatzeko, esango diguzu zerbait bukatu berri duzun liburuari buruz?
Bi urte igaro ditut liburu bat idazten, ikasketek tartetxo bat utzi didatenean, gauez ia beti. Zuzenketa fasean dago orain. Ondoren liburua argitaratzeko prest azaltzen den argitaletxea topatu beharko dut, eta ezin bada, ni neu argitaratzen saiatuko naiz. Ez dizuet izenbururik aurreratuko, baina fantasiazko istorioa izango da. Bartzelonan hasiko da nerabe baten abentura. Egun batean ezezagun baten eskutitza jaso, tren geltoki batera joan eta hortik aurrera dimentsio ezberdinak zeharkatuko dituen bidaia hasiko du honek. Gazteentzako liburua izango da.
Adi egongo gara hortaz. Eskerrik asko.
☉ Basauri
Bideoa / Jon (Los Gambas): “Playbackean pailazoarena egitea da gehien gustatzen zaiguna”
San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatu dute eta txapeldun izan da Los Gambas kuadrilla. Jon Salguero eta Maialen Barredo Los Gambas kuadrillako kideekin berba egin dugu.
☉ Basauri
Argazkiak / San Migeleko jaietako Playback lehiaketan ere txapeldun Los Gambas kuadrilla
San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatzen du Mikelatsek. Aurten lau kuadrillak hartu dute parte: Los Gambas (txapeldunak), Uholdeak, Los Tenderetes eta Las Maris (aurten La Mari).
☉ Basauri
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan
Urriaren 6an, igandez, izango da txapelketa eta Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu ditu Bidebieta Pilota Taldeak
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da, eta urtero bezala, Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu dituzte: Etxegarai, Soloarte, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa, San Jose eta Basauri Ikastetxea.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa: “Partida laburrak izango dira, sei edo zazpi puntura. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, eta ligaxka formatuan kanporaketak egongo dira, 5. mailako eta 6. mailako txapeldunak izan arte”, azaldu dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebideta Pilota Klubeko ordezkariak.
Txapelketa 10:00etan hasiko da 5. mailakoekin, eta 12:00etan 6. mailakoekin. “Espero dugu ikastetxe guztiak animatzea. Umeek oso ondo pasatuko dute eta gainera esku pilota eta kirola sustatzeko aukera ezin hobea da”, dio Karrillok.
☉ Basauri
Etxe Maitiako azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela dio Basauriko Udalak
Azterketa beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezakeela argudiatu du Basauriko Udalak
Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek.
Basauriko Udalak adierazi duenez, prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dago: “Hau da, hautagai guztiek egun berean egin behar dute proba bera. Pertsona batek beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezake, emakume erreklamatzailearentzat barne, izangai guztiak ez baitziren parametro berberekin baloratuko”, diote udal ordezkariek.
“Epaimahaiak, Osakidetzak aplikatzen duen protokolo bera jarraituz, azterketa ospitalean bertan egiteko aukera eskaini zion emakumeari, baina berak uko egin zion, eta sine die atzeratzeko eskatu zion, azterketa egiteko moduan egon arte”, diote.
“Ebazpen loteslea”
Enplegua egonkortzeko Etxe Maitiako epaimahaia organo “burujabea eta autonomoa” dela gogorarazi du Basauriko Udalak: “Eta mota horretako prozesuak arautzeko orduan dagoen ordenamendu juridikoan oinarritutako ebazpenak emateko balio du”, diote.
“Politikoen jarraibideen mende ez dauden profesional teknikoek osatutako organoa da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak 2007an erabaki zuen ordezkari politiko edo sindikal bakar batek ere ezin zuela parte hartu horrelako epaimahai batean, prozesuaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta profesionaltasun teknikoa zaintzeko. Hori dela eta, gobernu-organoek ezin diete jarraibiderik eman hautaketa-epaimahaiei, ezta beren erabakietatik aldendu ere. Administrazio-errekurtsoren bat jarriz gero bakarrik berrikusi ahal izango dira, administrazio-prozedura erkidearen araudiaren bidez”, azaldu dute udal ordezkariek.
Ildo horretan, epaimahaiak ematen duen edozein ebazpen organo politikoentzat loteslea dela adierazi dute Basauriko udal arduradunek, eta gai horri buruzko informazio zehatza Etxe Maitia Egoitzaren hurrengo Kontseilu Errektorean emango duela adierazi dute.
☉ Basauri
Etxe Maitiako EPE azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek
LAB sindikatuaren ustez, “zuzeneko diskriminazio” kasu bat da, ez ziotelako beste aukerarik eman, eta kexa jarri du Arartekoan
Basauriar batek ezin izan du bere lanpostua egonkortzeko azterketarik egin, azterketa eguna bere erditze egunarekin bat egin zuelako, eta LAB sindikatutik salatu dutenez, ez ziotelako beste irtenbiderik eman: “Zuzeneko diskriminazio kasu bat da”.
Z.G.G. basauriarra Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesura aurkeztu zen; azken urteetan aldi baterako kontratuak bete izan ditu egoitza horretan, eta lanpostua egonkortzeko azterketa egiteko izena eman zuen.
“Nire bikoteak izena eman eta azterketa erditze-egunarekin bat egiteko aukera zegoenez (azkenean hori gertatu zen) Auzitegiari eskatu genion neurriren bat har zezan, azterketan parte hartu ahal izateko. Eskaini zioten irtenbide bakarra izan zen azterketa ospitalean bertan egitea, erditze egunean bertan. Noski, ezetz esan zuen”, adierazi dio GEURIAri Z.G.G.-ren bikotekideak.
LABek adierazi duenez, emakumeak bi aldiz jakinarazi zion epaimahaiari bere haurdunaldiaren egoera, baita erditzearen balizko data ere, azterketa egunarekiko (irailak 12) denbora gutxiko aldea zegoela aintzat hartuta, eta informazioa eskatu zuen hautaketa-prozesuan parte hartuko zuela bermatzeko har zitezkeen neurriei buruz.
Irailaren 10ean, azterketaren data baino bi egun lehenago, epaimahaia bildu zen, eta erantzun zion azterketa eta erditzea aldi berean gertatuz gero, epaimahaia ospitalera joan zitekeela proba gainerako izangaien ordutegi berean egin zezan.
Epaimahaiak irailaren 10ean erantzun zionerako, Z.G.G.-ri irailaren 12rako eman zioten erditzea eragiteko data. “Kontua da egun horretan bertan egin behar zela Erizaintzako Laguntzailearen azterketa. Beraz, Z.G.G.-k egoera horren berri eman zion berriro ere Auzitegiari. Eta epaimahaiak, berriz ere, aukera bakarra eskaini zion: azterketa ospitalean egitea, azterketaren ordua aldatuta. Egoera horren aurrean, proba modu duinean egina ahal izateko alternatibarik ematen ez ziotela ikusita, ez aurkeztea erabaki zuen Z.G.G.-k”, diote LABetik.
“LABen uste dugu egoera hori zuzeneko diskriminazio kasu argi bat dela. Sindikatu honen ustez, azterketa bat egitea erditu behar duzun egun berean aukera bakar bezala ematea neurri diskriminatzailea da sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiarekin edo amatasunarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz”, salatu dute.
Ildo horretan, kexa jarri du LABek Arartekoan, “Z.G.G.-ri urratu zaizkion eskubideak berrezartzeko neurri egokiak har ditzan”.
“Neurri egoki horiek dira deialdi bakarraren ondoren hautaketa-prozesuaren azterketa egin ahal izatea, egiaztatu delako ezin izan duela deialdi horretara joan haurdunaldiagatik eta amatasunagatik. Neurri horiek hartu ezean, hautaketa-prozesuan plaza bat lortu ahal izateko eskubidea urratuko litzaioke. Halaber, Lan Poltsan sartzeko eta Etxe Maitia Udal Egoitzan aldi baterako lan-eskaintzetarako deitua izateko eskubidea ere urratuko litzaioke”, diote LABetik.