Sareak

☉ Basauri

Basauritik Cannesera

Madrilen bizi da egun Nagore Mieres basauriarra. Cannes Lions Kreatibitatea jaialdian izan da aurten eta bigarren postua eskuratu du.

|

basauri nagore mieres 2016 elkarrizketa berezia

Nagore Mieres (Basauri, 1991) Madrilen bizi da gaur egun. Argazkian ezkerrean dugu. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, Marketing espezializazioan, eta ikasteko zenbait programetan parte hartu ondoren, Madrilera joan zen lan egitera. Aurten, bigarren aldiz, Nazioarteko Cannes Lions Kreatibitate jaialdiko astean izan da lankide batekin batera eta Munduko herrialdeen artean, zilarrezko domina lortu du.

Zer egiten du Madrilen zu bezalako basauriar batek?

Oso istorio luzea da, baina egia esateko, nolabait patuaren kontua dela esango nuke. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza EHUn ikasi nuen. Ikasketak Bruselan bukatu nituen Erasmus programaren barruan, eta Belgikatik bueltatu bezain laster, SEPI Fundazioaren beka bat jaso nuen Espainiako beste 50 gazterekin batera eta Madrilera lan bila etorri nintzen.

Hain zuzen ere, Madrilen aurkitu duzu lana…

Hala da. Interpublic Publizitate Taldeko IPG Mediabrands nazioarteko komunikabide-agentzian lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta ez nuen inolako zalantzarik izan. Bertan hasi nintzenetik, orain dela bi urte baino gehiago, ikerketa taldearen parte izan naiz, Johnson & Johnson, Amazon, Warner Bros, Tous, Pascual, Mapfre edo Famosa bezalako bezeroek euren kontsumitzaileak hobeto ezagutu ditzaten laguntzen.

Lanaren bitartez, Cannes Young Lions lehiaketan parte hartu duzu. Zertan datza horrek?

Nazioarteko Cannes Lions Kreatibitate Jaialdiko astean zehar talentu gazteentzat antolaturiko lehiaketa bat da, zeinetara herrialde bakoitzak nazio-mailan txapelketa bidez aukeraturiko bikote bat bidaltzen duen. Behin Cannesen, gobernuz kanpoko erakunde batek proposaturiko ariketari erantzuna emateko hogeita lau ordu eta bost minutuko aurkezpena dute bikoteek. Epaimahai aditu bat lanak ebaluatzeaz eta sariak banatzeaz arduratzen da.

Aurten, gainera, bigarren postua lortu duzue…

Bai! Cannes Lions munduko publizitate jaialdirik ospetsuena da, beraz, imajina ezazu zer nolako poza horren guztiaren parte izatea! Lehia eta eskakizun maila izugarri altuak dira bertan eta horregatik, beste 30 herrialderen artean bigarren postua eskuratzea oso lorpen garrantzitsua izan da guretzat.

Zein izan da aurkeztu duzuen lana?

Gure bezeroa Nazio Batuen Erakundea izan da eta ariketa, Milurtekoko 17 Garapen Helburuen arteko laugarren helburuari buruzkoa: hezkuntza. Aurkezturiko proposamena, 'leku eta momentu egokian egotean' oinarrituta zegoen. Gure ideiak, zelan munduko herrialde batean edo bestean jaiotzeak zure bizitza osoa eta pertsona bezala nor izango zaren baldintzatzen duen azaltzea du helburu.

Iaz ere Cannesen izan zinen. Aldaketarik sumatu al duzu lehen eta bigarren edizioen artean?

Bai, noski, batik bat gure jarreran esango nuke. Aurten gauzak lasaitasun gehiagorekin hartu ditugula uste dut. Urduri jartzea saihetsezina da, baina aurrez aurre geneukan erronka nolabait ezagutzen genuen eta lehenbiziko aldian egindako akatsen jakitun izanda, hauek zuzentzen saiatu gara bigarren edizio honetan. Eta zera, ez dirudi txarto atera denik.

Ikasketen harira, Becas Europa delakoan ere parte hartu zenuen…

Hala da. Becas Europa, Madrilgo Francisco de Vitoria Unibertsitateak Estatu osoan zehar banaturiko berrogeita hamar ikasleei eskainitako bekak dira. Goi-mailako ikasketak hasi baino lehenagoko udan, hau da, Batxilergoa behin bukatuta, Europako unibertsitaterik prestigiotsuenak bisitatzean datza bekak. Besteak beste, Bolonia, Ox- ford, Heidelberg edo La Sorbona ezagutzeko aukera izan nuen. Erakunde horien hastapenak eta esentzia ezagutzeko helburua du programa honek.

Basaurira inoiz bueltatzeko intentziorik ba al duzu?

Oraingoz ez. Basaurik milaka gauza eskaintzen dizkit, haien artean nire lagunak eta familia, eta hori konpara ezina da, baina haiek ezagutzen naute eta beren laguntza daukat edozertarako, badakite pertsona bezala handitu, esploratu, mundua eta kultura desberdinak ezagutu nahi ditudala, eta uneren batean, zergatik ez?, etxera bueltatu. Baina oraingoz ez dago nire planen artean, agian aurrerago bai, auskalo!

☉ Basauri

San Migeleko eta Kareagako pediatria zerbitzuen egoera salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur

Elkarretaratzea San Migeleko Taberna Nagusiaren aurrean egingo dute. Gaur osoko bilkura bertn ospatuko da 18:00etan

|

San Migeleko anbulatorioa // Geuria

San Migeleko anbulatorioan lan egiten duen pediatrak erretiroa hartuko du datorren astelehenean, eta horrek pediatria zerbitzuan eragina izango duelakoan ezinegona sortu du bizilagunen artean. Ez bakarrik San Migelgo herritarren artean, Kareagan eta Basozelain ere. Horregatik gaur elkarretaratzea deitu dute zenbait herritarrek San Migeleko Taberna Nagusiaeren aurrean 18:00etan (ordu horretan da osoko bilkura Taberna Nagusian bertan).

Herritarrek GEURIAri adierazi diotenez, elkarretaratzea deitu dute: "Egoera honek gure seme-alaben arreta medikoan izango du eragina. Kareagako eta Basozelaiko auzo elkarteak, San Migel, Gaztelu-Basozelai eta Kareaga Goikoa ikastetxeetako guraso elkarteak eta herritarrak batuko gara gaurko elkarretaratzera. Indarrak batzen ari gara egoera ez dadin okerrera joan ez San Migelen ez Kareagan", diote.

Basauriko Udalak San Migeleko auzotarren kezkak entzun zituen Auzo Elkartearen eskutik eta uztailean Osakidetzari eskatu zioten astelenenetik ostiralera pediatria zerbitzua izan dezatela San Migelen, 11:00etatik 15:00etara bitartean.

Barrualde-Galdakao ESIko ordezkariek Basauriko Udalaren eskaera kontuan hartu zuten, eta udal ordezkariek argitu dutenez, "San Migeleko anbulatorioak pediatria zerbitzu iraunkorra izango du 11:00etatik 15:00etara, egun dagoen pediatra jubilatu eta gero".

Basauriko Udalak zehaztu duenez, pediatra bat izango da San Migeleko anbulatorioan lanaldiaren bi herenetan. Guztira 508 haur artatzen ditu San Migeleko pediatrak.

Kareagan bi pediatra

Bestetik, Basauriko Udalak ziurtatu du Kareagako osasun zentroak bi pediatra izaten jarraituko duela: "San Migeleko egungo pediatrak erretiroa hartzen duenean, Kareagako anbulatorioan bi pediatra egongo dira, bata lanaldi osoan, orain arte bezala, eta bestea 08:00etatik 10:30era", diote udal arduradunek.

Kareagako anbulatorioan 1.073 haur artatzen dituzte bi pediatrek: "Lanaldi osoan dagoenak 817 haur artatuko ditu eta lanaldiaren herena duen pediatrak 256 umeri emango dio zerbitzu", diote.

"Osakidetzak ezarritako pediatra bakoitzeko haurren ratioa 800 eta 1.000 artekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bai Kareagan bai San Migelen pediatra-haur ratioak Osakidetzako batez bestekoaren azpitik daude, eta horrela jarraituko dute", diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute bi osasun-zentroetan etengabeko erizaintza-zerbitzua egongo dela.

"San Migeleko eta Kareagako haurren arreta pediatrikoa egunero izango da, astelehenetik ostiralera, eta kalitate parametro berberetan bermatuta jarraituko du, pediatra bakoitzak artatuko duen haur kopurua EAEko batez bestekoa baino txikiagoa izango baita", diote.

Jaiegunetan eta oporraldi garaietan San Migeleko haurren arreta Arizko anbulatorioan izango da. Orain arte Kareagako osasun zentrora jo behar zuten. Kareagako haurren kasuan, jaiegunetan eta oporraldietan euren osasun zentroan artatuko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migeleko eta Kareagako pediatriak "kalitate parametro berberetan bermatuta jarraituko" dutela dio Basauriko Udalak

San Migeleko pediatrak astelehenetik ostiralera lan egingo du, 11:00etatik 15:00etara. Kareagan bi pediatra egongo dira: bat lanaldi osoan eta beste 08:00etatik 10:30era

|

San Migeleko anbulatorioa // Geuria

San Migeleko anbulatorioan lan egiten duen pediatrak erretiroa hartuko du datorren astelehenean, eta horrek ezinegona sortu du bizilagunen artean jasoko duten zerbitzua dela eta. Basauriko Udalak San Migeleko auzotarren kezkak entzun zituen Auzo Elkartearen eskutik eta uztailean Osakidetzari eskatu zioten astelenenetik ostiralera pediatria zerbitzua izan dezatela San Migelen, 11:00etatik 15:00etara bitartean.

Barrualde-Galdakao ESIko ordezkariek Basauriko Udalaren eskaera kontuan hartu zuten, eta udal ordezkariek argitu dutenez, "San Migeleko anbulatorioak pediatria zerbitzu iraunkorra izango du 11:00etatik 15:00etara, egun dagoen pediatra jubilatu eta gero".

Basauriko Udalak zehaztu duenez, pediatra bat izango da San Migeleko anbulatorioan lanaldiaren bi herenetan. Guztira 508 haur artatzen ditu San Migeleko pediatrak.

Kareagan bi pediatra

Bestetik, Basauriko Udalak ziurtatu du Kareagako osasun zentroak bi pediatra izaten jarraituko duela: "San Migeleko egungo pediatrak erretiroa hartzen duenean, Kareagako anbulatorioan bi pediatra egongo dira, bata lanaldi osoan, orain arte bezala, eta bestea 08:00etatik 10:30era", diote udal arduradunek.

Kareagako anbulatorioan 1.073 haur artatzen dituzte bi pediatrek: "Lanaldi osoan dagoenak 817 haur artatuko ditu eta lanaldiaren herena duen pediatrak 256 umeri emango dio zerbitzu", diote.

"Osakidetzak ezarritako pediatra bakoitzeko haurren ratioa 800 eta 1.000 artekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bai Kareagan bai San Migelen pediatra-haur ratioak Osakidetzako batez bestekoaren azpitik daude, eta horrela jarraituko dute", diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute bi osasun-zentroetan etengabeko erizaintza-zerbitzua egongo dela.

"San Migeleko eta Kareagako haurren arreta pediatrikoa egunero izango da, astelehenetik ostiralera, eta kalitate parametro berberetan bermatuta jarraituko du, pediatra bakoitzak artatuko duen haur kopurua EAEko batez bestekoa baino txikiagoa izango baita", diote.

Jaiegunetan eta oporraldi garaietan San Migeleko haurren arreta Arizko anbulatorioan izango da. Orain arte Kareagako osasun zentrora jo behar zuten. Kareagako haurren kasuan, jaiegunetan eta oporraldietan euren osasun zentroan artatuko dituzte.

Herritarren protesta

Gaur osoko bilkura egingo du Basauriko udalbatzak San Migeleko Taberna Nagusian (18:00). Herritarrek GEURIAri adierazi diotenez, elkarretaratzea deitu dute ordu berean, leku berean.

"Egoera honek gure seme-alaben arreta medikoan izango du eragina. Kareagako eta Basozelaiko auzo elkarteak, San Migel, Gaztelu-Basozelai eta Kareaga Goikoa ikastetxeetako guraso elkarteak eta herritarrak batuko gara gaurko elkarretaratzera. Indarrak batzen ari gara egoera ez dadin okerrera joan ez San Migelen ez Kareagan", diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

'2024 Kirolaren Europako Hiria' hautagaitza aurkeztu du Basaurik ACES Europe erakundearen epaimahaiaren aurrean

"Basauriren hautagaitzak positiboki harritu gaitu. Kirola gizartea eraldatzeko tresna dela ikusi dugu", adierazi du Hugo Alonso ACES Europe erakundearen epaimahaikideak

|

ACES Europe erakundearen epaimahaikideak Asier Iragorri alkatearekin eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziarekin // Geuria

Basauri '2024ko Kirolaren Europako Hiria' izateko hautagaia dela adierazi zuen pasa den astean Basauriko Udalak. Bada, atzo, irailak 27, hautagaitza bera aurkeztu zion Udalak ACES Europe erakundearen epaimahaiari. Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak Basauri '2024ko Kirolaren Europako Hiria' izendatzeko arrazoiak azaltzeko dosierra eman zieten.

"Basaurin 48 kirol klub ditugu, guztiak gizartean oso errotuta daudenak. Harro gaude gure kirol asoziazionismoaz. Basaurik oso lotura estua du kirolarekin eta argi ikusten da herritar askoren gizarte-bizitzaren parte dela", adierazi zuen atzo aurkezpenean Asier Iragorri alkateak, eta gaineratu du Udaletik kirola sustatu egiten dutela, "eta are gehiago euskal kirola; gure kulturaren parte dena". "Haztegi ezin hobea sortu dute kirol klubek -batzuk 100 urtetik gorakoak-, basauriarrek kirola egin dezaten eta helburu handienetaraino aurrera egin dezaten", adierazi du Iragorrik.

Epaimahaiko ordezkariak Basaurin daude eta gertutik ezagutuko dituzte herriko kirol mugimendua eta instalazioak. Besteak beste, Artunduagako kiroldegia, Soloarteko eta San Migeleko futbol zelaiak, Lapatzako atletismo zirkuitua eta San Migeleko frontoia ezagutu zituzten irailaren 27ko bisitan, eta taekwondo erakustaldia, zesta-punta erakustaldiak ikusteko aukera izan dute epaimahaikideek.

Hautagaitzaren aurkezpena San Migeleko Taberna Nagusian egin zuten atzo, eta bertan izan ziren ACES Europe erakundearen epaimahaikide hauek: Antonio Garde, Hugo Alonso, Maria Luisa Garcia eta Gabriel Perez. "Basaurik jarduera fisikoaren alde egiten duen apustua ikusi ahal izan dugu. Kirolaren sustapena liluragarria da Basaurin. Gainera, kirol inklusiboaren aldeko apustua gustatu zaigu, gizarteratzeko tresna gisa", dio Hugo Alonso ACES Europe erakundearen epaimahaikideak.

"Eskola-kirolean eta jarduera fisikoaren bidez ematen diren balioek ere liluratu egin gaituzte. Basauriren hautagaitzak positiboki harritu gaitu. Kirola gizartea eraldatzeko tresna dela ikusi dugu", dio Alonsok.

Klub bat, 800 biztanleko

Maria Luisa Garcia ACES Europe erakundearen epaimahaikideak ere hitza hartu zuen Taberna Nagusiko agerraldian: "Basauriko elkarte-sareak atentzioa eman digu. Kirolari dagokionez, 800 biztanleko klub bat dago, eta hori oso garrantzitsua iruditu zaigu. Gainera, Basauriko genero-arrakala Espainiako batez bestekoa baino txikiagoa da, eta hori ere oso positibo hartu dugu", dio Garciak.

"Hiri-mugikortasunaren alde Udalak egiten duen sustapena ere eskertzekoa da. Hala nola, bidegorriak, Metrominutu ekimena, hiri-zirkuituak… sekulakoak iruditu zaizkigu", gaineratu du Garciak.

Asier Iragorri alkateak azaldu du Basaurik presentzia nabarmena duela kirol-federatuan eta lehen mailako lehiaketetan zenbait diziplinatan: "Basauri herri bizia da, eta oso zabala da kirol-ekitaldien egutegia, maila guztietako ekitaldiak antolatzen baitira, eta parte hartze sozial handia izaten baita haien antolaketan. Aipatzekoa da Basauri Meeting Paralinpikoa, duen maila handiagatik eta hedabideetan oihartzun handia izateagatik, ezaugarri horiek dituen Estatuko proba zaharrena baita eta kirol maila handienekoa", dio alkateak.

15.800 kirol-lizentzia

Basaurik Kirolaren Udal Institutu bat du, Udalaren mendeko administrazio erakunde autonomoa. 1988. urteaz geroztik herrian kirol-arloko politika publikoak garatzen ditu. Gaur egun 10.000 herritar daude abonatuta Basauri Kirolakera, udal ordezkarien arabera.

Bestetik, 15.800 kirol-lizentzia ditu, 1.250 haur daude izena emanda eskola-kirolean, 2 kiroldegi, 35 kirol-instalazio, 11 kirolgune aire zabalean, 7 parke bioosasungarri eta lau bidegorri ditu Basaurik.

"Udalerrian urtean batez beste 6 milioi euro inbertitzen dira kirolean", azpimarratu du Asier Iragorrik. "Arrazoi asko daude gure udalerria '2024ko Kirolaren Europako Hiria' izendatzeko. Eta ondo merezitako errekonozimendua izango litzateke klubentzat, Basauriko oinarrizko kirolarentzat eta Basauri Kirolakeko instalazioak erabiltzen eta bizirik mantentzen dituzten kirolari eta erabiltzaile guztientzat", dio Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak.

'2024ko Kirolaren Europako Hiria' izendapena ACES Europek ematen du, Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko elkarteak, Europako Batzordeak aitortua.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migeleko eta Basauriko jaietako barraketan ez da musikarik egongo egun eta ordu mugatuetan

Irailaren 29an San Migelen eta urriaren 11n eta 16an Basaurin, bakarrak "musikarik eta bestelako soinu zaratatsurik gabe" funtzionatuko dute, hiru orduz

|

Barrakak Basauriko jaietan // Udal artxiboa

San Migeleko jaiak ekuatorera heldu dira, eta datorren astean hasiko dira Basauriko jaiak. Egun horietan ohikoa da zarata, batez ere barraketan. Bada, Udalak jakinarazi du zenbait egunetan eta hiru orduz  barrakak "musikarik eta bestelako soinu zaratatsurik gabe" funtzionatuko dutela, "autistek horietaz gozatzeko aukera izan dezaten".

Hain zuzen ere, irailaren 29an, San Migel egunean, eta urriaren 11n eta 16an, Basauriko jaietan, ez da musikarik eta zaratarik egongo barraketan, 17:00etatik 20:00etara.

"Pixkanaka, jai inklusiboagoak egiten ari gara, pertsona guztiek, eta bereziki txikienek, ondo pasatzeko aukera izan dezaten, kasu honetan barraketaz", dio Berta Montes Udaleko Jaietako zinegotziak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Agertu da atzotik Basaurin desagertuta zegoen 78 urteko emakumea

|

Vost Euskadi Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkarteak adierazi duenez, atzotik Basaurin desagertuta zegoen 78 urteko emakumea agertu da.

Sareetan zabaldutako argazkiak ezabatzea eskatu dute Larrialdi zerbitzukoek.

Osorik irakurri