☉ Basauri
Oihane Lopez: “Ahalduntzeko, lagunak egiteko edo parte hartzeko lekua da Marienea”
Berdintasun eragile masterra eta feminismoari buruzko beste bat egin ditu Lopezek. Gaur egun, Equitrukeko koordinatzailea da.

Berdintasun eragile masterra eta feminismoari buruzko beste bat egin ditu Lopezek. Gaur egun, Equitrukeko koordinatzailea da
Oihane Lopezek (Basauri, 1986) Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zituen unibertsitatean. Gero Feminismoari buruzko master bat egin zuen eta bitartean Marieneako proiektu batzuetako partaide izan da. Gaztetatik feminista zela bazekien, “baina esango nuke nire buruan ez zegoela feminismo hitza idatzita”.
Noiz izan zenuen zure lehenengo harremana Marienearekin?
19 urterekin hasi nintzen Jabekuntza Eskolako ikastaroetara joaten. Unibertsitatean nengoela, “Jendaurrean hitz egiteko teknikak” ikastaroa Marienean emango zutela jakin nuen. Izena eman nuen eta hortik aurrera nire ikuspuntua zabaldu eta feministatzat hartu dut. Feminismoaren aldeko aktibista izan nahi nuela argi ikusi nuen eta Marienean ikasi eta lan egin dut harrez geroztik.
Ordutik hamar urte baino gehiago igaro dira…
Bai! Hasieran tailerretara etortzen nintzen. Ez dakit zenbat ikastarotara etorri naizen ere! Gero, unibertsitate ikasketak bukatu nituen eta Feminismoari buruzko masterra egin nuen. Tarte horretan Marieneako hainbat proiektutan hartu nuen parte. Eta iaztik lanean nabil Marienean.
Esate baterako, zein proiektutan hartu duzu parte?
1era 2kain ekimenean hezitzaile moduan aritu naiz (gaur egun ere proiektuan laguntzen dut), baita Equitruken ere. Aldi berean, master amaierako tesina ari nintzen prestatzen: Basauriko 11 emakumeri egindako epaiketak abortuaren inguruan 1976 eta 1985 urteen artean. Gai interesgarria, are gehiago Basaurikoa izanda. Pena da bertako gazteek horren berri ez izatea. Istorio hori jakitea oso garrantzitsua da.
Azaldu zertan datzan lan horrek.
1976ko irailaren 9an, goizaldean, Basauriko 11 emakume atxilotu zituzten abortatzeko praktikak burutzea leporatuta. Emakume-elkarteek Bilboko kaleak hartu zituzten beren absoluzioa eskatzeko: eraikinak hartu zituzten, adierazpenak idatzi zituzten, mobilizatu ziren eta gelditu gabe lan egin zuten.
Tesina egiteko Marienean laguntza jaso al zenuen?
Bai. Anabelen eskutik jaso nuen laguntza. Emakumeen Informazio Zentroan hiru hilabete eman nituen dokumentazioa biltzen eta emaitza txosten potente bat izan zen. Gero, “Emakumeen Aztarnen Mapa Basaurin” jardunaldietan aurkeztu nuen.
Zure ustez, zer da Marieneak herritarrei eskaintzen diena?
Gauzarik garrantzitsuena niretzat Jabekuntza Eskola da. Aukera asko ematen ditu ahalduntze prozesu horretan aurrera egiteko. Bestetik, lagunak egiten dituzu Marienean, adin guztietakoak. Hainbat ekintza eskaintzen ditu, denak parte-hartzaileak eta aberasgarriak. Pertsona bezala burua irekitzen laguntzen dizu.
Puntu beltz bezala, emakumeenganako indarkeria oraindik ere errealitate bat da…
Hala da. Marienean baliabide asko eskaintzen dizkiegu indarkeria matxista jasan edo jasaten duten emakumeei. Aholkularitza judiziala eta psikologikoa ematen diegu bertatik. Era berean, dinamizatzaile moduan saiatzen gara emakume horri ‘biktima’ hitza aldatu eta ‘aktbista’ bihurtzen. Hala ere, uste dugu baliabide gehiago jarri behar direla instituzioen aldetik.
Amaitzeko, hitz gutxitan nola definituko zenuke Marienea?
Feminismoa aldarrikatzeko gune nagusia. Kontuan hartuta feminismoa ez dela hitz bat soilik, baizik eta bizitzeko modu bat. Mundua beste prisma batetik ikusten duzu.
☉ Basauri
Matxitxako kaleko zubia eraitsiko dute Sarratuko metro geltokia eraikitzeko: obrak bi urtez luzatuko dira
Basauriko sarbide nagusietako bat da eta horregatik behin-behineko desbideratze alternatiboak ezarriko dituzte: besteak beste, Pozokoetxe kalea bi noranzkokoa izango da datozen bi urteetan

Metroaren 5. Lineako lanek aurrera darraite eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak urrats berri bat emango dute obretan: Sarratuko geltoki berria eraikitzea, hain zuzen ere (L5 eta L2 lineak hartuko ditu).
Geltoki berria eraikitzeko Matxitxako kaleko zubia eraitsi egingo dute eta urtarrilaren 19tik moztuta egongo da bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat.
Jarduketa hori bi urtez luzatuko da, zubia eraisteaz gain, Sarratuko geltoki berria egin aurreko lanak hasiko baitituzte.
ETSko eta Jaurlaritzako ordezkariek adierazi dutenez, obrek etorkizuneko geltokiaren estalkia amaitu arte iraungo dute, izan ere, gaur egun zubia dagoen leku berean egongo baita. Eraisteko lanak gauez egingo dituztela zehaztu dute.
“Oso obra konplexua da, errepide-lotune baten eta Euskotrenen trenbideen eta merkantzien trenbideen artean egin behar delako. Horregatik, beharrezkoa da zenbait egitura gauzatzea eta trenbideen fase desberdinak egitea. Horregatik izango da luzea eragina”, diote.
Desbideratze alternatiboak
Matxitxako kaleko zubia eraisteak eragin handia izango du. Izan ere, Basauriko sarbide nagusietako bat da —Baskonia zubiaren ostean dagoena, Txarraska Gaztetxearen ondoan—.
Hori dela eta, behin-behineko desbideratze alternatiboa ezarriko dute bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat: Matxitxako kalearekin lotu arte Cervantes etorbidetik eta Larrazabal, Pozokoetxe eta Sarratu kaleetatik izango dira desbideratzeak.
Desbideratze horiek egokitu ahal izateko beste aldaketa bat egingo dute: Pozokoetxe kalea bi noranzkoetan gaituko dute, eta bertako biribilgunea Sarratu kalerako biraketak errazteko egokituko dute. Gauzak horrela, aste honetan debekatuta egongo da Pozokoetxe kalean aparkatzea.

Pozokoetxe kalea eta pasarela bi noranzkokoa izango da datozen bi urteetan // Geuria
Urtarrilaren 19ko astean sarbideak moztuko dituzte, eta zubian eragina duten barandak, espaloiak eta aglomeratuaren fresatzea kenduko dituzte.
“Bitartean, aldi berean, mikropilotez osatutako pantaila bat egingo da Matxitxako kalean bertan, zubia eta estribuak kendu ondoren lurrei eusteko. Ondoren, gauez, taula eraisteko lanak egingo dira”, diote.
Hurrengo pausoa Basurtutik datorren merkantzien trenbidea hartuko duen kaxoia eraikitzea izango da. Kaxoia amaitu ondoren, bertara eramango dituzte merkantzien zirkulazioak, egun erabiltzen duten espazioa libre uzteko. “Horrela, geltokia eraikitzeko lanak hasi ahal izango dira, faseka”, diote.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatutako proiektuak 360 milioi euroko aurrekontua du. Bost geltoki berri izango ditu L5 lineak: Sarratu (L2 linea ere izango du), Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.
☉ Basauri
Sinadura bilketa martxan jarri du San Migeleko Auzo Elkarteak lanzaderak udaletxeko geltokia mantendu dezan
Gobernu taldeak zerbitzu berriaren balantzea egingo du hilabeteko epean, eta udaletxearen aurrean beste geldialdi bat egitea baloratuko dute

San Migel eta Basauriko metro geltokia lotzen dituen lanzaderak zerbitzu berria du urtarrilaren 1etik: udaletxeko geltokia Kareagara lekuz aldatu dute eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa da.
Udaletik eman duten arrazoia da Kareagako metro sarbidea (Bidasoa) udaletxekoa baino irisgarriagoa dela. Izan ere, udaletxeko sarbideak (Basozelai) ez du igogailurik, eta Bidasoako sarbideak arrapala du, eskailerarik gabe.
Hobekuntza hori eman den arren, San Migeleko auzotarrak ez daude pozik. Sare sozialetan hainbatek euren kexa helarazi dute: eguneko lehen metroa ezin dutela hartu eta maiztasuna txikitu dela, adibidez.
Ildo horretan, San Migeleko Auzo Elkartearekin berba egin du GEURIAk eta sinadura bilketa martxan jarri dute. “Auzotarren benetako inplikazioa bilatu nahi dugu sinadura bilketarekin”, esan digute Auzo Elkarteko ordezkariek.
Sinadura bilketa asteartetan eta ostegunetan egingo dute San Migeleko Auzo Elkartearen egoitzan, 19:00etatik 20:00etara (Hernan Cortes plaza).
Udaletxeko geltokia, “ezinbestekoa”
San Migeleko Auzo Elkarteak eta auzotarrek udaletxeko geltokia mantentzea eskatzen dute: “Udaletxeko geltokia kendu ez dezaten nahi dugu. Ezinbestekoa da”, diote, eta gaineratu dute: “Badakigu Basauriko bi geltokiak mantenduko badituzte —udaletxekoa eta Kareagakoa—, frekuentzia ez dela 20 minutukoa izango, baina nahiago dugu udaletxean geldialdia egitea”.
Basauriko udal arduradunekin ere hitz egin dugu GEURIAn: “Zerbitzuaren maiztasuna handitu gabe beste geltoki bat sartzeko eskaerak autobus gehigarri bat zirkulazioan jartzera behartuko luke, eta horrek aurrekontua bikoiztea ekarriko luke 1.022.622 eurora iritsi arte (oraingo kontratua 511.311 eurokoa da). Gure ustez, inbertsio hori ez litzateke proportzionatua izango, ez lieke baliabide publikoen kudeaketaren eraginkortasun-irizpideei erantzungo, eta ez litzateke koherentea izango arrazionaltasun-printzipioekin”.
Gobernu taldeak zerbitzu berriaren balantzea eta berrikuspena egingo du hilabeteko epean, eta udaletxearen aurrean beste geldialdi bat egitea baloratuko dute: “Baina horrek lanzaderaren igarotze-maiztasuna handitzea ekarriko luke nahitaez”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Autobus berria, laster
Zerbitzuaren beste hobekuntzen artean dago autobus berria jarriko dutela. “Momentuz ez dugu autobus berriaren arrastorik eta Udalari galdetu nahi digu noiz ipiniko duten”, esan dute. Udal arduradunen arabera “laster” jarriko dute martxan autobus berria.
Sinadura bilketaz gain, San Migeleko Auzo Elkarteak bilera eskatu du udal ordezkariekin: “Bi email bidali dizkiegu, baina ez dugu oraindik erantzunik jaso”, salatu dute.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, urtarrilean bertan bilera egitea aurreikusi dute: “Auzo Elkartearekin bilera izan aurretik lanzaderari buruzko zenbait puntu kontrastatu nahi ditugu zerbitzua ematen duen enpresarekin, bizilagunekin egingo dugun bileran atera baitaitezke, eta produktiboa izatea nahi dugu”.
☉ Basauri
San Migelen hiri-altzariak berritu, iturri berriak jarri eta oinezkoen pasabideak egokitu ditu Basauriko Udalak, herritarrek eskatuta
117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten, eta horietatik hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak. Lanak dagoeneko bukatu dituzte

Auzoegin proiektuaren barruan, obra txikiak egin ditu Basauriko Udalak San Migelen herritarrek hala eskatuta.
Zehazki, honako jarduketak egin ditu Udal Brigadak: bi zaborrontzi jarri dituzte Gernika eta Ramon Kareaga kaleak lotzen dituen igogailuaren pasealekuan; txakurrek edateko ontziak ipini dituzte parke-eremuen iturrietan; kendu egin dute San Migeleko sarreran zegoen erloju-panela; eserleku bat jarri dute futbol zelaiko aldagelen atzealdean; kaleko eserlekuak konpondu eta barnizatu dituzte; frontoi ondoko saskibaloi kantxako saskien uztailak berritu dituzte; iturriak jarri dituzte saskibaloi kantxan eta anbulatorio ondoko haur-parkean; egokitu egin dituzte Gernika eta Kebrantebarri kaleetako zebra-bideak; eta seinalizazio horizontala hobetu dute San Migeleko 70 oinezkoen pasabidetan.
Prozesu parte hartzailea martxan jarri zuen Udalak ekainean eta 117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten.
“Jaso ziren 243 proposamenek zerikusia zuten, nagusiki, kaleen konponketa, garbiketa eta irisgarritasunarekin eta errepideen zaintzarekin, eta, neurri txikiagoan, kirol-instalazio, parke, hiri-altzari edo ingurumenarekin”, diote udal ordezkariek.
Guztira hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak eta dagoeneko lanak bukatu dituzte. Udal arduradunek zehaztu dutenez, egindako esku hartzeen berri emango diete auzotarrei, “azalpen-orri bat bidalita etxe guztietara”, diote. Gainera, ados.basauri.eus plataforman ere informazio guztia jarriko du Udalak.
“2013. urtean, Basauriko Udalak martxan jarri zuen Auzoegin Auzoetan Eragiteko Ekintza Plana, hobekuntza, modernizazio eta hiri-berroneratze lanak egiteko udalerriko hainbat lekutan, kontuan hartuta beti herritarrek, elkarteek eta taldeek parte-hartze kanalen bitartez eginiko eskaerak. Egitasmo horren bidez, beste urrats bat egin nahi izan du Udalak, herritarren parte-hartze bidezko prozesu espezifikoak sustatzeko, udalerriko auzo edo leku jakin batzuei begira, horiek hobetzeko, bizilagunekin elkarlanean”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
Soloarte parkeko estalki berria aurten eraikiko du Basauriko Udalak
Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek. Gainera, zakarrontzi eta banku gehiago jarriko dituzte

Soloarte parkeko atzealdeko banku-eremu berria estali egingo du Basauriko Udalak. Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek.
Zehazki, futbol zelaiaren atzealdean dagoen eremua da estali egingo dutena, zubi gorriaren aurrean dagoena. Herritarrek herriko gune gehiago estaltzea eskatu zuten aurrekontu parte-hartzaileetan.
Gainera, zaborrontziak eta zenbait eserleku berri jarriko dituzte parkearen sarreran eta estalkia joango den gunean.
Soloarteko futbol zelaia eta Mercabilbaora arteko ibaiertzeko horma egonkortzeko lanak bukatu ostean jarriko dituzte zakarrontziak eta banku gehiago, eta gune hori estaliko dute.
Horma indartzea
Soloarteko pasealekua eta horma Mercabilbaotik futbol zelairaino doan zatian birgaitzeko lanak amaitu zituen Udalak abenduan, hamar hilabeteko lanak eta gero.
2023an luizia antzeman zuten horman, esku hartutako zatian, eta Udalak erabaki zuen horma indartzeko eraikuntza-obraren proiektua idazteko lanak kontratatzea, narriadura lehenbailehen gelditzeko. Horrez gain, prebentzio- eta segurtasun-neurri gisa, Udalak pasealekuaren zati hori itxi zuen oinezkoentzat, eta lurra kentzeko lanei ekin zien, hormaren zama arintzeko.
“Proiektua idazten ari ziren bitartean, ordea, Plan Hidrologikoaren aldaketa bat sartu zen indarrean, jabetza publiko hidraulikoaren gaineko instalazioei buruz. Bada, Planaren testu berriak xedatutakoarekin bat, URAk ebatzi zuen ezin zuela baimena eman horma berreraikitzeko, eta xedatu zuen Basauriko Udalak horma berria eraiki behar zuela, harri-lubetazkoa. Arau-aldaketak ez zuenez ahalbidetzen proiektua hasierako baldintzen arabera idaztea, Udalak birmoldatzeko eskatu zuen, betebehar berrietara egokitu zedin”, diote udal arduradunek.
Proiektuaren birmoldaketa egin ostean, horma berria eraiki du Udalak. Harri-lubetazkoa da horma berria, eta hobekuntza estrukturalak, hidraulikoak, ingurumenekoak eta estetikoak ekarri ditu.
Obra egiteko 1,3 milioi euro bideratu dituzte: Basauriko Udalak % 60 finantzatu du eta URAk % 40.
☉ Basauri
Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Basaurin urtarrilaren 15ean

Martxoaren 19tik29ra bitartean izango da 24. Korrika, Atharratzetik Bilbora. Hego Uriben hilaren 27an igaroko da [hemen eskualdeko ibilbidea].
Eta aurtengo Korrikaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo du Hego Uribeko AEK Basaurin. Urtarrilaren 15ean, ostegunez, izango da Ibaigane Kultur Etxean, 18:30ean.










